martes, 16 de noviembre de 2004

Biolinaren jatorria

Heterodoxia, pluraltasuna eta zehazgabetasuna gabezia askoren mozorro izaten dira maiz. Gauza hutsal ugari egiten dira interdisziplinitatearen izenean. Horregatik, Jon Aiastuiren Biolinaren jatorria lana, ipuin, marrazki eta poesia bilduma izaki, arrisku horri aurre egin beharrean egon da . Bi arrazoi ordea aski dira liburuak arrisku hori arazorik gabe uxatzen duela jabetzeko. Nabaria da idazleak ez duela bolbora asmatzeko inongo pretentsiorik, ez du ezer bereziki apurtzailerik egin nahi; marrazki txukun batzuk, poesia ulerkor batzuk, ipuin eder batzuk; besterik ez, eta ez da gutxi. Bestalde, liburuko poesia, ipuin eta marrazkien maila onak ez du mozorrorik behar itxurak egiteko. Ez du inor engainatzen, liburu honen balioa poesia, ipuin eta marrazki bakoitzean dago, ez liburuaren kontzeptu edo hermeneutika ponposo batean.Hala ere, zerbait nabarmentzekotan, poesien balioa nabarmenduko genuke. Batzuk "Nongo Nor" atalean aurki genitzake. "Nongo Nor" hori duela urte batzuk argitaratu zuen idazleak, ia lagun mailako argitalpen txiki batean. "Argi eta itzalen artean" ikusiko ditugu liburuko gainontzeko poesiak. Poesia bilduma aberatsa da, esperimentaziorako bidea irekitzen du batzutan, poesia narratiboa darabil beste zenbaitetan, joko linguistikoak, abesti bihurtu diren poesiak ere badira ("Belarri Garbiketan"). Irakurlea ez da aspertuko manera errepikakor eta obsesibo baten aurrean, aitzitik, mundu poetiko zabal hori eskertuko du, ohartzerako poesia guztiak segidan irakurrita izango dituela. Hiru ipuinetatik "Eguzkiak jotzen duen aldetik" iruditzen zaigu aipagarriena. Psikiatriko batean bizi den Vitasen "bidaiak" dira kontagai bertan, eta efektismoan eror badaiteke ere, ipuin ederra osatzen du idazleak. Azkeneko kontakizun motza ("Biolinaren jatorria") aldiz, ijitoei buruzko kondaira baten itzulpena da, ijitoek duten biolina jotzeko abileziaren jatorria argitzen diguna. Marrazkiei dagokionez, kutsu minimalista dute denek ere eta absurduarekin nahiz ironiarekin jokatuz, marrazkiak poesiaren zein gertu egon daitezkeen gogoratzen digu.


Poesia gustatzen ez zaiola dioen lagun horri erregalatzeko liburu behinena da hau, ezer ezkutatzen ez duelako, eta liburuko pieza bakoitza mimo handiz zainduta dagoelako. Eta tira, deskuiduan lagun tematiak berean jarraitzen badu, ez da ez Jon Aiastuien errua izango.

Karmele Jaio:"Gaur eguneko hainbat emakumeren bizitza ikusi eta ez zait burura "aske" hitza etortzen"

Igartza saria eskuratzearekin batera ezagutu dugu askok Karmele Jaio. Idazle gaztea, askoren iritziz euskal literaturan bide oparoa izango duen ibilbidea hasi du Amaren eskuak proiektu sarituarekin eta argitaratu berri duen Hamabost zauri ipuin liburuarekin. Idazle gazteentzako Igartza saria eskuratu duzu. Nola sentitzen zara?




Oso pozik nago epaimahaiak nire proiektua aukeratu duelako noski, baina aitortu beharra daukat pozarekin batera, arduraren pisua sentitu dudala lepo gainean, ez delako berdin bukatutako lan batekin sari bat irabaztea edo oraindik arestian dagoen proiektu batekin egitea. Dena den, uste dut ardura horrek lagunduko didala nobela idazten. Hori espero dut.


Sari hau irabazi dutenen artean gerora oso irakurriak izan diren nobelak aurki ditzakegu. Zer nolako harrera espero duzu Amaren eskuakentzako?



Egia da orain arte Igartza saria eskuratu duten lanek oso harrera ona izan dutela eta oso lan onak atera direla. Honek lehen aipatu dudan arduraren pisua oraindik gehiago handitzen du. Ez dakit zer nolako lana aterako den, baina nik ziurtatu dezakedan gauza bakarra da ahalik eta lan txukunena egiten saiatuko naizela.



Zure nobela-proiektuan emakume moderno eta tradizionalaren arteko talka ageri da. Zertan desberdintzen da zure ustez gaur egungo emakumea garai bateko emakumetik?



Nik nobelan erakutsi nahi ditudan emakumeak bi testuinguru ezberdinetan daude kokatuta eta bereziki azpimarratu nahi dudana da bi gizarte, garai eta testuinguru horien arteko ezberdintasuna, baina erakutsi nahi dut ere, azken finean zein berdintsuak garen gizakiak, kasu honetan emakumeak, garai batean zein bestean. Orain dela 50 urteko emakume gazteek ez zuten izan guk orain ditugun hainbat gauza eta aukera. Askotan atzera begiratu eta esaten dugu asko aurreratu dela emakumeen egoera eskubide eta askatasunari dagokionez. Baina nik gaur eguneko hainbat emakumeren bizitza ikusi eta ez zait burura "aske" hitz hori etortzen. Bereziki lan munduan sartuta eta seme-alabak dituzten emakumeen kasuan. Heroiak dira. Gure amak ere heroiak izan ziren, garai latzak bizi behar izan zituztelako eta abar, baina hauek ere heroiak direla ez daukat zalantzarik. Ez dakit nola egiten duten.


Nerea, protagonista, zu zeu bezala kazetaria da. Nobelaren zati bat autobiografikoa dela esan liteke?


Ez. Protagonista kazetaria izateak arrazoi nagusi bat du. Ezagutzen ditudan gauzez idatzi nahi dut eta nik emakume kazetari baten mundua ezagutzen dut eta aprobetxatu nahi dut esperientzia hori. Nerea erizaina izango balitz, niretzat zailagoa izango litzateke azaltzea erizain baten eguneroko jarduna. Oso garrantzitsua da niretzat ezagutzen ditudan gauzez idaztea.

Epaimahaiak "sentiberatasuna eta xehetasunekiko ardura" azpimarratu ditu saria ematerakoan. Nobela intimista al da Amaren eskuak?


Sentimentuetan oinarritutako lana da. Edozein istoriak aurrera egiteko behar duen intriga eta trama du, baina sentimentuetan dago oinarrituta. Eta gai unibertsalak ditu zutabe: bizitza, heriotza, maitasuna...

Igartza saria irabazteaz gain aurki kaleratuko da Hamabost zauri zure lehenengo liburua. Kontaiguzu, zer aurkituko dugu liburu honetan?


Hamabost ipuinek osatzen dute liburua eta guztietan agertzen da zauriren bat, bizitzak protagonistei egin dien zauri bat. Gehienetan gizakien arteko inkomunikazioa agertzen da eta kasu askotan gure barnean esan gabe geratzen diren gauza horiek eragiten duten zauriak azaltzen dira. Askotan bikoteak dira protagonistak, baina ez da nik bilatu dudan gauza bat. Gertatu zaidana izan da inkomunikazio arazoei dagokienez bikoteetan aurkitu dula harrobi emankor bat. Sentimentuak irudi bihurtzeko saiakera egin dut ipuin hauetan.

Hamabost ipuin eta hamabost zauri. Ipuinen amaieran zauriek irekita jarraitzen dute?

Hasieran baino nabariago agertzen dira bukaeran. Baina horrek ez du esan nahi orbain bihurtu ez daitezkeenik denborarekin.

sábado, 13 de noviembre de 2004

Behin egon nintzen Bilb(a)o deituriko leku batean.

Behin egon nintzen Bilb(a)o deituriko leku batean. Asteburu pasa joan nintzen, baina nire txokoa bertan topatu nuela pentsatuz denboraldi batez geratu nintzen azkenean. Gaztea nintzen oso, eta ez dut ondo gogoratzen. Itogarria zela gogoratzen dut baina. Etxeak edonon ikusten ziren, edozein momentutan zure gainera erori behar zutela ziruditen. Eta bazegoen ere beste hiri batzuetan binaka egin izan diren eraikinen antzeko bat, bakarra berau, agian hiri honek historikoki izan duen gutxiagotasun konplexuagatik. Hala ere, hiriaren edozein puntutik ikusteko modukoa zen berau. Hori ondo gogoratzen dut.Bertan, Bilb(a)o hirian nahi dut esan, bazegoen euskara deituriko lengoaia zahar bat erabiltzen zutenak oraindik. Zaharrak ziren oso, nik gaur egun dudan adina edukiko zuten seguruena, baina oso zaharrak ziruditen niretzako garai hartan. Kontua da lengoaia horrek bazuela bere xarma. Misteriotsua zen, eta ez bakarrik jatorri ezezagunak ezartzen zion kutsu horregatik. Bidaikideak esan zidanez, euskaraz amets egiten nuen nik gauero. Berak hala ulertzen zidan.

Zahar horiei ulertu nienez, egon zen garai bat non beraiek "industralizazioa" deitzen zuten garai bati esker, hiri hark oparotasuna ezagutu zuen. Baina ez ekonomikoa. Gero gainbehera etorri zen. Soziala hau ere. Gazteak gozoki maltzur batez kutsatuak izan ziren, eta askok ezin izan zuten biziraun.

"- Gogoratzen al haiz Manoliren semeaz?
- Jexux... hori aspaldi erori zuan, motel. Erreka bazterrean aurkitu zuten itota bere neskalagunarekin. Kaka bat eginda zegoen gaixoa, ez zian hori merezi..."

Auskalo zer izango den zahar haietaz. Triste hilko ziren seguruena, ez baitago semea lurperatzea baino gauza tristeagorik. Orain, nire zahartasunean, dena ulertzen dut...