domingo, 20 de febrero de 2005

I?igo Muguruza

I?igo Muguruza pertsonai aski ezaguna da euskal musikaren munduan:Negu Gorriak, Delirium Tremens eta Joxe Ripiau bezalako taldeetan ibilitakoa, gaur egun Sagarroi egitasmoaren buru dugu. Egunotan Korrika Kulturalaren baitan Ezequiel antzezlanari musika jartzen dabiltza plazatik plaza, Antzerkiola Imaginarioko jendearekin batera. Ez dute lan erraza hartu Martxel Mariskalen izen bereko obra taularatzen. I?igo solaslagun izan genuen bat eta hutsen uholde baten bestalde:"Ezequielek globalizazioaren eragin bortitza eta egungo gizartearen adibide xume eta aldi berean kritikoa erakutsiko digu" dio promozio orriak, promo orriei kasu egin behar al zaie?


Kasu honetan bai behintzat. bizitza, sistema, maitasuna, laguntasuna, harremanak, globalizazioa, eta beste gai batzuei buruzko hausnarketa sakona eta kritikoa egiten du testuak.


Azaldu zertan datzan EZEKIEL antzezlana, alegia, zer aurkituko duen antzerkia ikustera joango den jendeak...


Ander Lipus eta Miren Gazta?aga Martxel Mariskal-en testu ederraren interpretazio izugarria, eta Sagarroi taldekideok zuzenean antzezlanaren soinu banda ipintzen. oso kontent gaude urte t'erdi kostatu zaigun lan honekin.


Erregistro musikal ohikotik atera zarete, edo Sagarroiren kantuak erabiltzen dituzue?


Apur bat atera gara gure ohiko erregistrotik. Sagarroi taldearen zenbait kanten bertsioen zati batzuk sartu ditugu, baina hauekin batera sorpresa batzuk, eta baita espreski giroak sortzeko zenbait melodia eta musika.


Anaiekin batera askotan elkarlanean ibili zarete, eta gaur egun bide ezberdinak jarraitzen badituzue ere, zeinengandik sentitzen zara hurbilen (musikalki)?


Jabier eta Ferminen jarraitzaile sutsua naiz. Oso disko ederrak grabatzen jarraitzen dute, eta zuzenean ere haien kontzertu oso ederrak ikusi nituen iaz. Ferminen musika hurbilagoa sentitzen dut, reggae eta mestizaiaren zaletasuna konpartitu egiten dugu.


Zer sentitzen duzu txoznetan Negu Gorriak edo Kortaturen abestiak entzutean? Zergatik "geratu" gara 80. hamarkadan?


Nahiz eta batzuetan nekagarria suertatu, gehienetan harrotasuna sentitzen dut Kortatu, Negu, Delirium, Joxe Ripiau edota Sagarroiren musika jartzen dutenean txoznetan edo beste toki batean.

Negu Gorriak ez zen 80. hamarkadan atera, 90.an baizik. ez nago ados 80.an geratu garela, onartzen dut oso garai bizia izan zela eta bizi genuenok ez dugula ahazten, baina nire betiko filosofia oraingoa dela hoberena da.


Zure "seme" bakoitzeko kantu bat (beno, edo bi...) aukeratu behar:


1.Kortatu: Revuelta en el Frenopatiko
2.Negu Gorriak: Itxoiten
3.Delirium Tremens: Laino Ilunak
4.Joxe Ripiau: Paradisu Zinema
5.Sagarroi: Ia Gainontzekoa Lez




Eta hau amaitutakoan biran ibiliko zarete Alemanian, kasu honetan Sagarroirekin, badakizue zer aurkituko duzuen bertan?


Ba ez dakit. abenduan Suitzatik ibili ginen eta areto txikietan baina izugarrizko jai giroan jo genuen. Alemaniara berriz ez naiz joan orain dela 10 bat urte. Kortatu eta Negurekin asko ibili ginen hortik, baina harrez geroztik ez naiz bueltatu. Lucha Amada erakundeak prestatu du bira eta oso jende jatorra omen da, birak oso ondo antolatzen dituena.



Ezequiel Antzezlana honako lekuetan ikus-entzun ahal izanen da:


Otsailak 24, osteguna: Bara?aingo auditorium-a.
Otsailak25, ostirala: Tolosako Leidor antzokia.
Otsailak 27, igandea: Gasteizko Iba?ez de Matauko ( Hegoalde zentro zibikoa ).

KARATE + YAKUZI (AZKENA BILBO 05/02/19)

Ikusmin handia sortu zuen Karate taldearen itzulerak Euskal Herrira hiru urte eta gero. Eta ez zuen inor hotz utzi. Yakuzi talde durangarra telonero moduan eduki zuten Bilboko Azkena aretoan, gerora Europa osoan murgilduko dien bira honetan.Jende ugari bildu zen larunbatean Yakuzi eta Karate taldeen kontzertura. Lehenengoak aski ezagunak ditugu: Durangaldetik datorren talde gaztea dugu, Pause Music diskoetxe espainiarrak ekoiztutako disko berria besapean dakartelarik: Ibai Lehorretan Itota. Tristea gero hauen kasua. Euskaraz abestu (gutxi, baina euskaraz) eta bertan egindako kasu eza ikusita, kanpora begiratu behar. Disko bikaina halere, kantu borobilez eta giro inguratzailez beteta, sortutako atmosfera iradokitzaileak edonora garraiatu zaitzakeela dirudi. Eta zuzenekoa ere bikaina, hasieratik amaieraraino gozarazten dizun horietakoa. Azkena aretoan bildutako kanpotar jende ugaria harrituta gelditu zen, "euskaraz abesten dute!" entzun zitekeelarik ("eta?" galdetu nion neure buruari). Ezin kexa daitezke Karatekoak horrelako taldeak giroa berotzen edukita, larunbatean Yakuzi eta ostegunean Ainara Legardon Madrilen. Ordubete eskas iraun zuen Durangarren ikuskizun bikainak, ziztu bizian pasa zena, esan beharrik ere ez dago. Jendea asebete zuen, txalo zaparrada jasoaz.


Eta orduan, 1,90 neurtzen zuen tipo bat aurrean jarri zitzaigunean (zergatik beti aretoko pertsonarik altuena aurrean jartzen zaizu?) hasi zen Karate, gaueko izarrak, jendetza hura erakarri zuen taldea. Eta ez ziguten hutsik egin, nahiz eta egia esan behar bada, beste gauza bat espero nuen. Agian ikuskizun "emo"-agoa espero nuen, nahiz eta azkeneko bi lanen ildoa ikusita (batez ere "Pockets") jazzarekiko atxikimendu latza adierazten duten. Hasierako diskoetako kantuak albo batera utzi zituzten, batez ere kontzertuaren lehen partean, eta kontzertua aurrera zihoan heinean emozionaltasunak bere lekua eskatu zuen, garai bateko kantuak berreskuratuz, jendearen gozamenerako. Publikoa irabazita zeukaten aldez aurretik 90. hamarkadako kantu emozionalekin, ingurura begiratzea baino ez zegoen: hardcore usaina zen nagusi bertan.


Boston-eko hirukoteak kontzertu borobila eskaini zuen esan bezala. Ordu t'erdi inguru egon ziren taulagainean kontzertua amaitutzat eman zutenean, baina publikoak berriz igotzea eskatu zien. Eta hala egin ere. Inprobisazioari ekin zioten maisuki, musika munduan urte dezente daramatzan jendeak egin dezakeen bezala. Horrela amaitu zen larunbat gaueko kontzertua, Bilbon errepikatzeko zaila izango den ikuskizuna.

METALITERATURA(*) GUREAN

Metaliteratura dugu XX. mendean erruz erabili den baliabide literarioetako bat. Jakina da postmodernitatearen etorrerarekin egitasmo positibista oro zapuzturik (edo modatik at, bederen) geratu zirena, horien barne sorkuntza artistiko eta literarioa genuinoaren ahalbidetasuna. Abangoardiak dekretatu zuen ezin zela idazle jainkotiar haiei inspirazioa noiz etorriko esperoan etengabe geratzea. Orijinaltasun klasikoa inozokeria bat zen eta sorkuntza literarioa ondare kulturalean (eta, jakina, literarioan) oinarritzea beste erremediorik ez zen geratzen. Metaliteratura sormena ulertzeko beste modu honi atxikitzen zaio eta bere ordezkari behinenak Jorge Luis Borges eta Ezra Pound/T.S Eliot bikotea ditugu, Borges narratibaren eta Pound nahiz Eliot poesiaren baitan.Gurean, halabeharrez-edo, idazle horien jarraitzaile sutsu izan ziren Pott Bandako kideak ditugu metaliteraturaren aldeko apustu garbia egin zuten lehenak (aipagarri da, halere, Gabriel Arestik lehenago ere metaliteratura egina zuela, batez ere bere aurreneko poemetan(**)). Atxagaren Etiopia metaposiaren adibide paradigmatikoa dugu, Sarrionandiaren intertestualitatea edo metaliteraturarako joera ezaguna da (adibide garbienetako bat "Enperadore Eroa" genuke) eta Jon Juaristik ere metaliteraturaren bidea hartu izan du sarritan. Adierazgarria da, bestalde, gure inguruko literaturetan metaliteraturak duen arrakasta; bereziki literatura hispanoamerikarrean (Enrique Vila-Matas, Leopoldo Mar?a Panero, Roberto Bola?o, Italo Calvino, Jos? Guti?rrez...). Honen arrazoia azaltzeko, Borgesen obraren eraginaz hitz egin dezakegu besteak beste, baina hori beste kontu bat da. Areago, mundu hispanoamerikarretik kanpo ere metaliteratura jorratzen duten aski adibide topa daitezke, azken bi literaturako Nobel Sariak esate baterako, JM Coetzee eta Elfriede Jelinek. Esan daiteke beraz, gaur egun metaliteratura landu, lantzen dela, eta interesgarriagoa dena, esperimentazio huts gisa baino sormeneko elementu lez erabiltzen dela gehiago. Atxagak esana da Borges dela metaliteraturako hamar liburu idazteko gai den autore bakarra; hortik aurrera ezin da metaliteratura, literatura ona egingo bada, tresna esperimental-mekaniko antzu bihurtu; honen aurrean, sormenaren makineria orokorraren eskura jarri beharko da. Gaur egun zentzu hau hartzen du arestiko autoreek jorratzen duten metaliteraturak. Jakina, ez da konparagarria Vila-Matas baten eta Jelinek-en obraren karga metaliterarioa, baina ezin esan genezake (ezta gutxiagorik ere) metaliteratura era obsesiboan jorratzen duelarik ere, Vila-Matas Borgesen kopia hutsa denik. Ausartuko nintzake esatera egungo idazle interesgarrienen ehuneko handi batek metaliteratura jorratzen dutela, edo jorratu izan dutela.


Esan izan da euskal literaturan esperimentaziorako joera berezia egon izan dela betidanik, nik egiazki, nire zalantzak ditut, baina metaliteraturari dagokionean bederen, honen erabilera eskasa egin dela nahiko nabaria da. Gure literatura ttipi eta estu honetan denetarako tokirik ez dagoela aitortuta ere, elementu metaliterarioen erabilera oso urria egin da azken aldian. Bestalde, egiten denean ere arrakasta handiegirik ez du izaten, ez irakurlego kopuruari dagokionean, ezta sariei dagokionean ere. Azken aldian metaliteratura gehien jorratu duten euskal idazleak Iban Zaldua eta Ur Apalategi izan daitezke eta ez bata eta ez bestea ez dira euskal literaturan idazle nagusi eta arrakastatsuen artean kokatzen. Poesian aztarnak baino aurki ez daitezke azken urteetako argitalpenetan (Harkaitz Cano Norbait dabil sute eskaileran; Kirmen Uribe Bitartean, heldu eskutik; kasualitatea-edo, azken urteetako poema libururik interesgarrienak, nire ustez), ez dago poetarik, momentuz, metaliteraturaren aldeko apustu garbirik egiten duenik. Eta, jakina, ez dago inor horretara beharturik. Baina kontua da, azken urteetan argitaratu diren liburuei erreparatuz, narratiba errealismo gris eta serio horrek itota eta poesia "ongi idazten duten" poetez josita topatzen dugula, eta honen aurrean metaliteratura emergentzia ate izan zitekeela. Euskal literaturaren azken urteetako entzefalograma planoari arestian aipaturiko autoreez gain, Paddy Rekalde, Pako Aristi eta Unai Elorriaga bezalako idazleek jarri dizkiote tontorrak, bakoitzak bere erara. Jakin badakit esperimentazioa, abangoardia eta abarrekoak (metaliteratura barne) mespretxuz begiratu ohi direla, nolabaiteko balio inflazionista dutelakoan-edo; eta egia da, denok eman ditzakegu esperimentazioaren izenean idatzitako itzelezko iruzur literarioen zerrenda luzea; baina gurean, gaur egun bederen, iruzurrak beste nonbaitetik datozelakoan nago. Metaliteraturaren urritasuna egoera honen sintoma dugu hain justu. Krisialdi edo asperdura garaietan inozokeria asko esan behar izaten dira; bada nik sakrifizio hori egingo dut gure literatura honetan "proposamen berritzaile eta rupturistak" plazaratzen dituzten eta "ahots propioa" duten idazle berrien falta sumatzen dugula esanez. Oraingo euskal idazle nagusiek bere garaian egin zuten lez. Nago diskurtso literario orokorraren aldaketa baten beharrean gaudela (noiz ez da egon halako beharrik?) eta metaliteraturak, egiazki, diskurtso berri bat proposa dezakeela.


(*)Barkatu, ezer baino lehen, hitz honek izua, zorabioak eta goragalea eragiten dion orori.

(**)Lehen poesiak, Gabriel Aresti, Susa, 1986.

martes, 15 de febrero de 2005

Artelanen artean atseden hartzen

I?aki Esteban, Pablo Ausucua eta Joseba Garraza, arkitektura ikasle gazteek sortu zuten aurtengo Arco erakusketaren atseden guneetako bat. 100metro karratu bainon zabalera handiagoa betetzen zuten haien lanarekin, Arco-ko bisitarientzako atseden leku izateko helburuarekin sortua. "Arcon gauza asko daude ikusteko, orduak ematen dituzu bueltak ematen eta leher eginda bukatzen duzu", aipatzen dute proiektuko sortzaileek. Enbalatzeko paperean oinarritu zuten haien lana, material honek dituen burbuilak abiapuntutzat harturik, proiektua garatzen hasi ziren, ? hasiera bateko burbuila txikiak, azkenean, metro terdiko diametroa zuten esferaerdi handietan bilakatu ziren ? azaltzen dute. Barrukaldea, poliestireno aparrarekin bete zuten eta latex-arekin bildu, honela burbuila bigun eta atsegina bat sortuaz, atsedenerako egokia. Gune honekin, erakusketaren eskina bat bete zuten, lurzorua eta paretak burbuila erraldoi hauekin estaliaz.



Lehiaketa irabaziz lortutako saria

Arco-n egoteko aukera, lehiaketa baten bitartez lortu zuten, Etxebizitza ministeritzaren, Arclab sailak antolatutako arkitektura ikasleen arteko sariketan hain zuzen ere. Arclab saila, arkitektura esperimentalean aritzen den atala da, unibertsitateetako ikasleekin gehienbat. Sail honek, bi atseden leku sortzeko deialdia egin zuen, bata aurtengo Arco-n gonbidatua izan den herrialdean, Mexikon, eta bestea estatu mailan. Nafarroako unibertsitateko ikasleak diren I?aki Esteban, Pablo Ausucua eta Joseba Garraza-k haien lana aurkeztea erabaki zuten, "klaserako lan bat bezala jaio zen egitasmo hau, bainan lortutako emaitza gustokoa genuela ikusita, Arco-ko lehiaketa honetara aukeztea bururatu zitzaigun" azaltzen dute arkitekto gazteek. Abendu aldean, aukeztutako lan guztien artean, haiena izan zen hautatua. Honela Arco 2005-erako gonbitea jaso zuten.


Lehiaketan sarituak izatearen garrantzia azpimarratu dute gazteek, "ez soilik curriculum-a hobetzen digulako, baita karrerako hirugarren mailan jadanik guk sortutako egitasmo bat eraikia ikusi dugulako ere eta hori ez da marka makala".


Arco-n bizitakoa
I?aki Esteban, Pablo Ausucua eta Joseba Garraza-k hiru egun eman zituzten Madrileko erakusketan, antolatzaileen gonbitearekin. Denbora horretan, haien lanak izan zuen onarpena eta arrakasta somatu izan zuten, "jendeak, gunea egunero bete zuen. Gainera burbuilek postura ezberdinetan atseden hartzeko aukera ematen zuten eta hori publikoari asko gustatu zitzaion", aipatzen dute egitasmoaren sortzaileek, komentario oso onak entzuten ziren jendartean". Beste atseden gunea, Mexikoko unibertsitate bateko ikasleek sortu zuten, eta kuriosoa bada ere, nafarren lanarekin antza handia zuen, "haien gunea gurearen kontrakoa zirudien, hau da, haien gunean hutsuneak zeuden pareta zein lurzoruan jendea bertan esertzeko, ematen zuen haiek kenduriko zati hoiek gurean jarri genitula burbuila moduan".


Haien lanaren arrakasta daztatzeaz aparte, erakusketaz gozatzeko aukera izan zuten. "gauza asko dago ikusteko bertan, bainan pare bat orduko bisitaldiaren ostean asetuta eta beteta bukatzen duzu", komentatzen dute, "azpimarragarriena, bertan ezagutu daitekeen jendea da, mundu osoko artista eta sortzaileak batzen baitira bertan eta oso pertsona interesgarriak ezagutzeko aukera dago".


Orain, erakusketa bukatuta, I?aki Esteban, Pablo Ausucua eta Joseba Garraza, haien lana Madrildik noiz bidaliko zain daude, Nafarroako Arkitektura eskolan ikusgai ipintzeko.

domingo, 6 de febrero de 2005

Tangatik pololoetaraino bidaia kitzikagarria

Iritsi da Euskal Herriak behar zuen heroia, iritsi da Patxi Gallegoren eskutik "Xabinaitor", komiki pertsonai berria, haren eskutik berreskura ditzagun poxpolinak!. Haurrentzat ez den komiki-liburua, euskaraz eta euskaldunentzat sortua. Xabinaitor eta Pololoak, Poxpoli?en lurrina.Azken sei urtetan erekziorik eduki ez duen gazte bat, penetratzaile deportiboak eta bere ingurua gorrotatzen dituen poxpolina gaztea, super heroi euskaldun bat, ...hauek dira Patxi Gallegok bere lanean batu dituen osagai bereziak.


Xabinaitor heroiak poxpolinen hankartea usaintzeaz lortzen duen dohainetaz baliaturik (gizonezkoen artean ikusiezintasuna sortu duen izugarrizko erekzioa tartean), hainbat euskal neskatila atera ditu arriskutik. Bainan potere horiek lortu arte, buruko min eta frustrazioz beteriko bidea burutu behar izan du Sabino gazteak. PNV-ko familia batean jaio eta hezitua izan arren, neska "Jarraitxuen" estetika zuen gustoko, bainan aitak ez zion Alderdikoa ez zen neskatilekin joaten uzten, horretaz aparte EAJ eta EA-ren arteko banaketak sortu zuen arazoa gehitzen badiogu korapilo ederra sortu zitzaion Sabino gazteari barrenean. Euskal gatazkaren beste biktima bat!


Bestaldetik Kari?e neska dugu, poxpolina gaztea. Mutil aunitz ezagutu baditu ere, oraindik ez du topatu hark esaten duen moduan "bere lili gorriari zuku guztie atera deutsonik", gainera haren inguruarekin nazkatuta sentitzen da jadanik, nazkatua dago lagunekin futbola ikustera joan behar izateaz, nazkatua dago mutilarekin erlazio sexual aspergarriak izateaz, nazkatua dago ETB-ren progamazioa ikusi behar izateaz,...Guztiarekin apurtu eta aske bizi nahi du hemendik aurrera, bainan aurretik lagun baten ezkontzan azken poxpolin dantza egin behar izango du. Zer gertatuko da bi protagonistak batzean?


Holako istorioa proposatzen digu Patxi Gallegok, "Xabinaitor"-en abenturen lehen ale honetan. Bi protagonista hauen ibilbidean, hainbat pertsonai kurioso topatuko ditu irakurleak komiki nobela honetan. Super-Heroi abentura soilaz bainon askoz gehiago. Euskal arazoaren humorezko begirada ere bada. Gatazkaren alde guztiak jorratzen ditu, PNV-koak, Jaraitxuak Ertzaintza...guztiak bat egiten dute Xabinaitor euskal heroiaren inguruan.


Estilo zinematografikoan idatziriko nobela grafiko baten aurrean gaudela esan genezake, detaile guztiak izan ditu kontutan egileak lana burutzerako orduan, irudiak, narrazioak eta baita soinu-banda ikusgarria ere, adi akzio eszenen musikari!. Irakurleak aski ongi sartuko da istorioaren erritmoan Patxi Gallegok markaturiko bidetikan. Telebistatik aldenduz, humorezko ikuskizunaz gozatzeko aukera paregabea dago lan honekin. Irakurle gazteek erraz hautemango dituzte gure inguruko hainbat klixee eta topiko.


Aspaldi ahantzita genituen komikiak, bainan "Xabinaitor"-ekin grina berezi berria piztuko zaigu. Zer izanen da hurrengoa? Galdera horren erantzuna Xabinaitorren hurrengo abenturan!

jueves, 3 de febrero de 2005

Logela Multimedia: "OHE HANDI BAT"

Ikuskizun honetan, musika, dantza, arte plastikoak, antzerki birtuala eta ikus-entzunezko sormena konbinatzen dira, Logela Multimedia kolektiboaren eskutik. "Ohe handi bat" showak, aktoreak, break dance egiten duen dantzari bat, graffitilari bat, musikariak eta bideo jartzaile bat biltzen ditu agertokian. Artearen diziplina horiek guztiak aldi berean gertatzen dira, ikusleei hiru bidaia oso ezberdinen historia azaltzen zaien bitartean. Ikuskizun paregabea, zalantzarik gabe, laburpen honek esaten duena baino askoz gehiago.Lehenengo bidaian, itsu bati lagunduko diogu Bilbon kokatzen den San Francisco auzoan barrena. Protagonistak, bere aldetik, entzumenaren eta usaimenaren "ikuspegi" berezia abiapuntutzat hartuta, aipatu auzoko bizitza nahiz bertan gertatzen diren aldaketak zein modutan bizi diteun azalduko digu.


Bigarren bidaiaren kasuan, protagonistak LO-2 eta LO-5 izango ditugu. Bi-biok bikote abenturazale nekaezina da; bikoteak Senegalera egindako bidaian zehar bizi izan dituen esperientziak azalduko dizkigu, eragozpenak barne, hau da, kotxe zahar baten eta beti aurkako norabidean bidaiatzearen ondoriozkoak.


Azkenik, azken bidaiaren oinarria graffitien mundua da. Oraingo honetan, graffitiak egiten dituen Daim alemaniarraren nahiz bere adiskide "Bada" bilbotarraren esperientziak agertuko dizkigute, Bilbo eta Hanburgo bezalako bi hiri bat eginez.



Otsailak 11, ostirala
Getxo Antzokia
20.00etan
Sarrera dohainik

miércoles, 2 de febrero de 2005

Pure Data

"Pure Data (Pd) audio eta bideo analisi, sintesi eta prozesurako ingurune programagarria da, edukiera multimedia sorta handiarekin. Ingurune grafikoan programagarria izateak, kode askekoa eta egituraketa modularrekoa, oso erreminta moldakorra izatea ahalbidetzen du, musika sorkuntzan, ikusentzunezko edota interakziozko instalazioetan eta baita ere VJ sesioetan edo antzerkian."Definizio hau irakurri eta gero ziurrena zuetako askori ez dizue ezer esanen Pure Data hitzak. Hau ez da musika, animazioak, bideoak eta antzerako multimedia materiala sortzeko erreminta bat baino. Adobe Premier bezalako beste antzerako programa batzuekiko ezberdintasun nagusia Pure Data inguruko elkarteak definitzen duen ikuspuntu artistikoa dugu, eta baita ere kode askeko erreminta dugula.


Azkeneko esalditik bi hitz azpimarratuko nituzke: "Elkarte" eta "Kode Askea", biek erlazio estua dutelarik. Kode askeko softwarea ez da libreki banatzen den iturburu-kodedun softwarea baino. Honek esan nahi duena zera da: edozeinek aldarazteko eskubidea daukala, bere nahietara programa aldatu edo eraldatu eta gero beste edonori banatzea, hauek libreki erabil dezaten. Garapen prozesu hauek ez dira modu isolatuan ematen, baizik eta pertsona multzoak badaude (Elkarteak) erreminta honen garapenean parte hartzen dutenak. Interes komertzialik ezean, elkarteak bere gustutan oinarritzen du garapena, hau da, artistaren gustura.Horregatik Pure Datak, kode askeak eta elkartearen eta jakintza konpartituaren kontzeptuek gero eta indar handiagoz ezartzen ari dira multimedia artearen munduan.


Pure Dataren erabileraren inguruan gehiago jakin nahi izan ezkero orain duzu inoiz baino errezago, izan ere Metabolik Biohacklab taldeak (Leioako Udondo Gaztetxean) ikastaro batzuk antolatzen ari ditu, zeintzuen artean Pure Datari buruzkoa topa dezakegun.


Informazio gehiago:
http://www.puredata.info/
http://metabolik.hacklabs.org/