viernes, 24 de junio de 2005

Zirriborro bat da? Graffiti bat da? Ez... Grafedia da!


Euskal Herrian oraindik oso ezaguna ez den arren, New York, San Frantzisko edo Sidney bezalako hirietan arrakasta handia lortu duen ekimena da Grafedia. Ideia oso sinplea da: kaleko hormetan, autobus geltokietan eta abarretan idatzitako link fisikoak (hau da eskuz idatziak, ez ordenagailu batean) dira, sakeleko telefonotik lotura horretara e-mail bat bidali ondoren argazki bat, kantu bat edo bideo bat oparitzen diguna.


John Geracik sortutako ekimena da Grafedia. New Yorkeko Unibertsitateko Telekomunikazio Interaktiboen Programan lan egiten du Geracik eta han burututako proiektuetako bat da hau. Graffitigileek bezala, Grafediagileek ere kalea dute eremu naturala: edozein gainazal egokia da beren mezua idazteko. Baina gehiago sakondu aurretik, Grafediaren funtzionamendua azaldu beharrean gaude.


Nola egin naiteke Grafediagile?


Lehenik eta behin www.grafedia.net gunera sartu eta irudi bat, bideo bat edo dena delakoa igoko dugu, gako hitz bat emanez (nik adibidez argazki bat igo dut eta ?zelakoarupegia? gako hitza eman diot; Bigarrenik kaleko hormetan, autobus geltokietan, komunetako ateetan eta antzeko lekuetan loturak idatziko ditugu, kolore urdinez eta azpimarratuta (komun batean ?zelakoaurpegia? hitza ikusten baduzu ez zaitez larritu beraz, ez da ezer pertsonala); komunean irakurtzen duenak bere sakeleko telefonotik e-posta bidez mezu bat bidaliko du hitz hori erabiliz (gure kasuan ?zelakoaurpegia@grafedia.net? helbidera); azkenik mezua bidali duenak bere sakelekoan irudi, bideo edo kantu bat jasoko du, kalean aurkitu duen link horri dagokiona hain zuzen ere (?zelakoaurpegia? bidaliz gero, argazki bitxi bat jasoko duzue beraz).


Eta honek zertarako balio du?


Asmakizun berriekin gertatzen den moduan, erabilera bat baino gehiago izan dezake Grafediak: Artista gazteek beren obra zabaltzeko erabili dezakete, izan argazkiak, koadroak, abestiak edo bideoak; aldarrikapenerako ere balio du nahi izanez gero; lagun bati opari berezi eta pertsonal bat egin nahi? Grafediak aukera hori ere ematen du. Elkartrukean dago gakoa, misterio puntu batekin gainera, ezin baitaitezakezu jakin autobus geltokian irakurri duzun gako hitza erabiltzean zer iritsiko den zure sakelekora. Botilan bidalitako mezua bezala, Grafediagileek ez dakite nori zuzentzen dizkieten beraien loturak.


Gainera, telekomunikazioen inguruan diharduten konpainia handiei aurre egiteko balio du. Izan ere, gaur egun korporazio erraldoiak dira nagusi komunikazio interaktiboaren munduan eta herritar xumeak parte hartzeko dituen aukerak oso mugatuak dira. Horren aurrean Geracik zera dio: ?Grafedia tipo txikien aukera da, elkarrizketan sartu ahal izateko?.


Proiektu arrakastatsua


2004ko abenduan abiatu zen ekimen hau eta geroztik 2000 artxibotik gora igo dituzte erabiltzaileek www.grafedia.net gunera. Kalean egindako link hauen galeria txiki bat eskaintzen du guneak eta bertan Seattle, Brooklyn, San Frantzisko eta abarretan topatutako loturak daude. Ea laster Euskal Herrian ere zirriborro urdinak azaltzen hasten diren...

jueves, 23 de junio de 2005

Eta Konfederatuek irabazi izan balute?


EREMU LAUAKen hitz egin genuen Harkaitz Canoren ?Belarraren ahoa? eleberriaz. Bertan, irakurleak jakingo duenez, II. Mundu Gerrak izan zezakeen amaiera hipotetiko bat azaldu zitzaigun: Europan gerra irabazi eta New Yorken konkistara abiatzen zen Hitler nobela hartan, Charles Chaplin komediantea torturatzen zuen bitartean. Tira, ba badirudi Lasarteko idazlearen bidetik abiatu dela Estatu Batuetan Kevin Willmott zinema zuzendaria ?CSA: Confederated States of America? filmean.


2004ko Sundance Film Festivalean estreinaturiko filme honek AEBko Sezesio Gerraren bestelako amaiera proposatzen digu: Imaginatu, kasu honetan, AEBko sezesio gerra konfederatuek irabazi zutela. Imaginatu Lincolnek Kanadara ihes egin behar izan zuela. Imaginatu esklabismoak gaur arte iraun izan balu eta Interneten esklabu beltzak erostea zilegi balitz. Ongi etorriak ?CSA: Confederated States of America? filmera.


Michael Mooren antzera ironia eta salaketa jorratu ditu filme honetan Kevin Willmottek, Estatu Batuen bihozgabekeria eta pentsamendu bakarra salatzeko. Horretarako fake (edo gezurrezko dokumentala) egin du, Amerikako Estatu Konfederatuen (CSA ingelesez) historia kontatuz. Arrazakeria eta esklabotzaren aldekoak nagusitu ostean bere bidea egingo du CSAk, baina apurka apurka Bush aita semeak, Nixon edo Reaganen Estatu Batuetatik gertuago egongo da herrialde konfederatua. Horren erakusle Hego Amerikako herrialdeetako diktadurei emandako babesa, gerra guztiak irabazi dituen herrialde baten harrokeria eta kapitalismoaren agintaritza mugagabea.


Ironia eta txisteak garraztasunarekin nahastuz protesta egin nahi izan du Willmottek. Emaitza: gezurrezko dokumental bat, errealitatearekin antz handiegia duena. Ideia probokatzailea dudarik gabe, probokatzioetara ohitua ez dagoen herrialde batean.

Dantza garaikideak Bilbo hartuko du datorren astean


Datorren astean izango dute zita dantza garaikidearen maitaleek. Bilboko Abandoibarran izanen da zehazki Lekuz-Leku jaialdia, datorren asteko ostegun, ostiral eta larubatean. Jaialdiaren ideia nagusia dantza eta hiri ingurua uztartzea da, dantza eta arkitekturak bat egiteko, eta pasealariak hiria berraurkitzeko.


La Fundici?n areto bilbotarrak aurrera eramandako jaialdian burutuko diren dantza erakustaldiak hiriko elementuez baliatuko dira, hala nola Guggenheim museoko ?Armiarma?, Euskalduna Jauregia, markesina bat edo kale-argi bat... Beste batzuk graffiti-a edo gastronomia izango dute lagungarri gisa. Umeentzako jolasak ere izango dira Guggenheim museoko jolasparkean jaialdiak irauten duen hiru arratsaldeetan zehar.


Parte hartuko dutenen artean Matxalen Bilbao, Blanca Arrieta, Eider Rodr?guez izango dira. Gainera, aipatutako Lekuz-Leku jaialdiak bideo-kreazio txapelketa antolatu du, sormen materiala dantza konposaketak izango direlarik.

domingo, 19 de junio de 2005

Kontzertu interesgarriak aurtengo Sanferminetan


Bai badakigu, Sanferminak ez direla kontzertuetara joateko festarik onenak, jaiak beste gauzetan duela oinarri: kaleko giroa, pe?ak, tabernak,...Bainan aurten kontzertu bereziak antolatu dira Burgos-eko enparantzan. Batzuen artean: Delorean, Big Menber, Kea, The Basque Country Paharaons?


Los Burgos Rock 05 izena jarri diote kontzertu sorta honi antolatzaileek. Egunero arratsaldeko 20.00etatik hasita, musika estilo ezberdinetaz gozatzeko aukera izanen da. Eskenatokia estalia izango da, Sanferminetan euria izaten baita urtero, horretaz gain edaria eta bokadiloak salduko dituen txozna ere jarriko da Burgos-eko plazan. Kanpotik bazatozte Sanfeminetara, jakin ezazue Burgos-eko enparantza, udaletxe atzean dagoen plaza dela.


Kontzertuak arratsaldeko 20.00etan hasiko dira, musika ezberdina jarriko duten hainbat DJ-ren sesioekin. 23.30ak aldera lehen taldearen kontzertua izanen da eta haren atzetik beste aldeak igoko dira eskenatoki gainera. Azkenik gaueko 02.00an DJ-ak berriz ere izanen dira protagonista.


Kartela

Uztailaren 6a

Big Menber + Delorean + Dj


Uztailaren 7a

S?k + Punto Cr?tico + Dj


Uztailaren 8a

Half Foot Outside + Hedtrip + Dj



Uztailaren 9a

Los Ni?os de los Ojos Rojos + Gualitxo + Dj


Uztailaren 10a

Adriana Olmedo + La Orquesta del Gato Cabez?n + Dj


Uztailaren 11a

Smoking Kills + The Basque Country Pharaons +Dj



Uztailaren12a

Kea + Khamul + Dj


Uztailaren 13a

Malankadaluma + Mr.Moshing + Dj

jueves, 16 de junio de 2005

Uztail poetikoa Ean


Poesiari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte uztailaren 15, 16 eta 17an Ean. Herrijeri Emon Arnasa kultur taldearen, Larrabetzuko Literatura Eskolaren eta Eako Udalaren eskutik ospatuko dira ?Poesia mailu bat da?? izeneko jardunaldiak eta bertan besteak bese Aresti, Lauaxeta edo Miranderen poesia aztertuko dute, errezitaldiak egongo dira eta baita gazteei zuzendutako poesia tailerrak ere. Parte hartuko dutenen artean Bernardo Atxaga, Edorta Jimenez, Txomin Peillen, Urtzi Urrutikoetxea, Jon Benito, Juan Luis Zabala, Xabi Borda, Igor Estankona, Gotzon Barandiaran edo Miren Agur Meabe, beste askoren artean.


Hona hemen egitarau osoa:


Uztailaren 15a, ostirala:

Mahai-ingurua: ?Lauaxeta, poesia eta nortasun nazionala?. Hizlariak Juan Luis Zabala, Igor Estankona eta Pako Sudupe. Moderatzailea Xabier Mendiguren. 19:00 Beletxen



?Poesia gaztea? tailerra
. 21:00 Beletxen.


Kantaldia: Bide Ertzean eta Arean. 23:00 moilan.


Uztailaren 16a, larunbata:

Mahai ingurua: ?Arestiren mailua?. Hizlariak: Jerardo Elorza eta Bernardo Atxaga. Moderatzailea: Karmelo Landa. 10:30 Beletxen.


Bazkaria: 14:30 Bedaronan.


Kafe-tertulia: ?Arestiren Etxean / En la casa de Aresti?. Hizlariak: Edorta Jimenez eta Jose Fernandez de la Sota. 17:00 Bedaronan.


Poesia irakurraldia: 19:30 Bedaronan.


?Poesia gaztea? tailerra. 21:00 Beletxen.


Errezitaldiak: Igor Aranbarri, Xabi Borda, Jon Benito, JL Otamendi, Kepa Urbieta, Ondarru eta Arantxi. 23:00 moilan.


*Egunean zehar polikiroldegian Alex Mendizabalen ?Meaberen begiak? performancea.


Uztailaren 17a, igandea:

Mahai ingurua: ?Jon Mirande eta nazionalismo ortodoxoa: Euskaldun zintzoen balada?. Hizlariak: Xabier Olarra, Txomin Peillen, Txeman Larrea. 10:30 Beletxen.


Bazkaria 14:30 Natxituko Bolatokian.


Kafe-tertulia: ?Aberriaren galera 1975-2005?. Hizlariak: Urtzi Urrutikoetxea, Jon Benito. Moderatzailea: Gotzon Barandiaran. 17:00 Natxitun.


Poesia irakurtaldia: 19:30 Natxituko Bolatokian.


Errezitaldiak: Mikelazulo / Icarus Jazz Trio, Juanra Madariaga, Miren Agur Meabe. Moilan.



miércoles, 15 de junio de 2005

Eremulauak.com gero eta interaktiboago


Ikusiko zenutenez, azkenaldian eremulauak.com webguneak berrikuntza nabariak izan ditu: alde batetik RSS teknologia gehitu dugu, gainera WAP bidez ere konekta zaitezke webgunera, eta azkenik komentarioak idazteko aukera duzu artikulu bakoitzean.


RSS teknologiari esker, zure ordenagailuan abisua jaso dezakezu eremulauak.com-en artikulu berri bat gehitzen den bakoitzean, horrela momentuan irakurri ahal izango duzu, eta ez duzu artikulu berrien bila ibili beharrik. Teknologia hau erabilgarria izateko programa bat jaitsi behar da, erabiliena feedreader da (www.feedreader.com, norbaitek beste eraginkorrago bat ezagutzen du komentarioa jarri dezala behean).


Bestalde, WAP teknologiak eremulauak.com zure mugikorretik jasotzeko aukera emango dizu. (wap.eremulauak.com)


Eta azkenik komentarioak gehitzeko aukera gaineratu diogu webguneari. Interaktibitatean urrats berri bat eman da horrela, edonork (kolaboratzaile izanda edo ez izanda) webgunean eskegitzen diren komentario, testu, kritika edo berriak komentatu ditzakeelarik. Parte hartzera animatzen zaituztegu. Gainera, kolaborazioak onartzen direla gogoratzen dizuegu, onartu baino, kolaborazioak behar-beharrezkoak zaizkigu webgunea aurrera ateratzeko, zuen partehartzea ezinbestekoa da. Esandakoa, eremulauak.com-en jorratzen diren gaiak interesatzen bazaizkizu, edo beste gairen bati buruz idaztea gustatuko balitzaizuke, esatea baino ez daukazu: eremulauak@eremulauak.com helbidera idatziguzu!


Kopyleft 2005: Sormena elkarbanatzen defendatzen da!

2003tik aurrera, Madrilen, Bartzelonan eta Malagan, Copyleft-aren eta jabetza intelektualari egindako kritikaren inguruan antolaturiko topaketak egin ondoren, datozen ekainaren 24an, 25ean eta 26an KOPYLEFT 2005 JARDUNALDIAK egingo dira Artelekun, Donostian.Besteak beste, honako ekimenak antolatu dira: SGAErekiko eztabaida, hitzaldiak, tailerrak, mahainguruak eta kontzertua, non azaldutakoek kontzertuaren zuzeneko grabazioa eskuratuko baitute. Bertan, gainera, material Kopyleft elkartrukerako esparrua jarriko da. Azken urteotan egindako lanatik abiatuta helburu hauek planteatu dira: dauden talde-sareak indartzea, euren funtzionamendua ezagutaraztea, eta, guztiok batera, eredu juridikoak eta teknikoak garatzea ekoizpen kulturala eta zirkulazio librea defendatzeko eta bultzatzeko asmoz. Horretarako, partaidetza-tailerrak gauzatzea izango da metodologia nagusia, non sormenaren hainbat alorretako zalantzak eta arazoak bidera daitezkeen, softwarrean, musikan, ikus-artean, bideosormenean eta argitaletxetan, hain zuzen ere. Jakintzen, zalantzen eta proiektuen bateratze-lan hau, geroago, copyleft gidaliburu praktikoan jasoko da. Honek edozeini bere sormena askatzeko eta komunaren elkartrukerako sareetan zirkulazioan jartzeko baliabideak emango dizkio.


KOPYLEFT 2005 ekitaldi irekia eta doakoa da, non edonork parte har dezakeen. Gonbidatuen artean, Jimbo Wales (Wikipediaren, munduko alegiazko entziklopediarik handienaren sortzailea), Pedro Farr? (SGAEren kidea), Carlos S?nchez Almeida, (jabetza intelektualean eta ziber-eskubideetan aditua), Nacho Escolar (musikaria eta kazetaria) eta Mireia Garreta (Creative Commons) izango dira. Garretak CC lintzentzien garapena aurkeztuko du eta, aldi berean, euskarazko bertsioaren egoera ere nola dagoen aztertuko da. Halaber, sormena librearekin, kopyleft sareekin, aktibismo digitalarekin, autogestio kulturalarekin edota software librearekin erlazionaturiko hainbat lagun ere hurbilduko dira jardunaldietara.
Copyright murriztailetik haratago bizitza dago...1

Naiz eta SGAE, BSA eta RIAA bezalakoek etengabe botatzen dituzten meatzuak eta mezu apokaliptikoak. Erakunde hauek gizakiaren burutazioak merkatugai biurtzen dituzte eta guztionak diren ondasun oparoekin etekin zikinak ateratzen dabiltza. Era horretan pentsamenduen lehortea eragiten dute, baina hala ere, ugaritasun printzak badira ekoizpen intelektualaren alorrean behintzat. Eta behar den indarra egin ezkero, lortuko dugu arrakala digitala apurtzea, ezagutza elkarbanatzea, etsa baita kultura eta arte ere; egun daukagun industria eraldatuz. Eta guzti hori, biztanleriaren oinarrizko eskubideak zapaldu gabe, kode penala gogortu gabe eta jakintza elkartrukatzea zigortu gabe noski.

Kopia-eskubidea murriztearekin mozkinak ateratzen dituztenak egia estali nahian badabiltza ere, jabego amankomunaren esparruan, beti izan dira sormen adierazpenak herriko kulturan. Eta kultura mota hau bizi-bizi dago gaur egun kultura digital eran. Globalizatuz doan ekonomia hontan, salgaiak gero eta maizago dira ukiezinak, eta hori eztabaida publikoaren lapikora eraman beharra dago hanbat arinen. Izan ere, izaera aldaketa honek kolokan jartzen ditu azken bi mendeetan erabilitako copyright eta patenteen legeak. Orain, trukatzen diren eduki kultural eta artistikoak ukiezinak dira eta ez dituzte ohiko fisikaren arauak jarraitzen. Mundu materialarentzako egindako sistema legala ziberespazioan nola edo hala mantentzea ez da bide zuzena. Zeregin horri burugogor eustea zekulako hankasartzea da, eta itsukeria horren ondorioak guztiok ordaintzen ditugu: enpresen gehiegikeriak, lege bidegabeak, bistanleriaren kriminalizazioa non denok ?pirata? potentzialak garen, etab. Patenteak dauzkatenei boterea ematen dien politika murriztaileekin ez da sormena bultzatzen, ezta gutxiago ere, elkarbizitza pozoitu besterik ez da egiten, berrikuntzaren iturriak lehortuz eta berrikuntza bera geldotuz. Baina hori bai, bidegabekeria guzti hauek jasaten ditugun bitartean korporazioek eta beraien abokatuek poltsikoak lasai lasai betetzen dituzte.


?Jabego intelektuala? dituen ezaugarriek besteak salgai arruntetatik desberdintzen dute. Alde batetik, iraunkortasun historikoa ematen dion komunitate baten beharra du, eta horrek ematen dio zentzua eta balioa obrari berari. Eta bestetik, ideiak beste gauzak salgai biurtzen dituen murriztasun printzipiotik at daudelako. Nolatan murriztu daitezke abesti, algoritmo, testu, software programa, etab. bezalako ?ondasun mugagabeak? ezin badira ?gastatu? ez agortu? copyright-a eta patenteak justifikatzen dituen kontratu soziala apurtu ondoren, lan intelektualen kopiak egiteari murrizketak ezartzea indarrez egiten da, eta lehiatze horrek arazo mordoak dakartza: mehatxuak, auziak, isunak, zigorrak, etab. Liburuen eta disken multinazionalek, eta orokorrean publikoaren eskubideak moztea defendatzen duten guztiek, denbora gelditu ahal izango balitz bezala jokatzen dute, murrizketa fisikoen aroa luzatu beharra egongo balitz bezala egiten dute, orainarteko eredu industrial eta kulturala gordetzeko. Baina gero eta eraginkortasun txikiagoa dauka bizi dugun ereduak; gero eta bidegabeagoa biurtzen ari da. Eta bitartean, orain eskura dauzkagun aukerei uko egin behar diegula suposatzen da, esparru inmaterialean behintzat handitzen doan oparotasunari eta askatasunari muzin eginez. Ugaltze honen primerako adibidea software librea dugu: bost kontinenteetan zehar barreiaturiko burmuin langileek elkarlanean dabiltza eta kalitaterik oneneko puskak askatzen dituzte, sekulako obra moldakor eta mugagabe bat burutuz. Bururik gabeko elkarlan hau eta beste edozein, ezinezkoak izango lirateke lehen aipatutako eredu jabedunak sormenaren lurralde guztietara helduko balira.

martes, 14 de junio de 2005

Aurten ere jazz-ak zipriztinduko du Euskal Herria


Aurten ere Getxo, Donostia eta Gasteizko jazzaldiak izango dira. Denboraldia Bizkaian hasiko da uda musikala, uztailaren 1etik 5era. Gasteizera egingo du salto 10etik 16ra eta Donostian amaituko da 22tik 27ra.


Uztailaren hasieran Bizkaiko kostaldean izango dute zita Euskal Herriko jazz zaletuek. Aurten Norvegia, Alemania, Frantzia eta Eslovaquiako taldeak izango dira Bihotz Alai enparantzan burutuko diren kontzertuetan. Maria Joao portugaldarrarekin hasiko da jaialdia, jazz-ak duen ahots esanguratsuetako batekin. John Scofield-en gitarrarekin gozatu ahal izango dugu baita ere, azken egunerako Richard Galianoren emanaldia gorde delarik.


Gasteizko jazzaldiak uztailaren 10ean izango du hasiera ekitaldia, eta 12an hainbat mintegi izango dira, iazkoei jarraipena emanaz: New Yorkeko Juilliard School-ekin batera antolatu dira. Bertan ikasleak nahiz musikari profesionalek hartu dezakete parte. Aurretik, uztailaren 10ean gau elektronikoa antolatu da: Ortophonk, De Phazz eta Us3 izanen dira zuzenean. Uztailaren 12, asteartean hasiko da kontzertua berotzen: Charlie Parker Legacy izango da Mendizorrotzako kiroldegian, eta baita Chick Corea & Touchstone ere. Bestela, Cassandra Wilson, Madelein Peiroux eta Taj Mahal Trio nabarmentzen dira kartelean. Halere, guztien artean letra handienak edukiko dituena Coco Taylor & His Blues Machine izango da, Europako bere kontzertu bakarra Gasteizen emango baitu.


Jazz denboraldiari amaiera emateko Donostiako jazzaldia izango dugu uztailaren 22tik 27ra. Izen handien artean Amos Lee eta Joe Cocker daude, Marlango, Van Morrison eta Brazilian Girls. Halere, guztien gainetik beti izango da Maceo Parker, jazzaldiari hasiera emango dion kontzertua hain zuzen ere.


Info +: www.jazzeuskadi.com

Donosti Sound (I)


Gaur egun, orohar, talde donostiarrek egiten duten pop musika etiketa honen pean ezarri ohi da. Zehaztuz, batez ere eszena independentean, pop musika xalo, bigun eta kurtsi ustekoa ?Donosti Sound?en barne sartzen da; Family, Le Mans eta La Buena Vida izan daitezke musika honen adierazgarri behinenak. Dena den, hastapenetan izen honek ez zuen musika mota hau adierazten, 70. hamarkada bukaera eta 80.aren hasieran Donostian gauzatu zen eszena txiki eta labur bati izenburua eman baitzion. Bada, nahiko baztertu eta ezjakina den eszena honen berri ematen saiatuko gara datozen lerro hauetan..


Mugimendu honen giltzarria Santi Ugarte izan zen (2005eko martxoaren 3an zendua). Santi, orduko Donostiako bi disko-denda nagusien jabea izateaz gain Shanti Records izeneko zigilua sortu zuen tipoa izan zen. Zigilu honen bidez Donostian sortutako pop-punk ikutuko taldeak sustatu nahi izan zituen ?Donosti Sound? izenpean. Terminoa hortaz, Santi Ugartek sortutakoa da garai batean erabili zen ?Liverpool Sound? kontzeptuan oinarriturik. Funtsean hiru izan ziren eszena honetako taldeak: Puskarra, UHF eta Mogoll?n. Musikalki Ingalaterratik iristen zen punk, new wave eta popetik edaten zuten; esan nahi baita, The Clash, Elvis Costello eta The Jam bezalako taldeetatik. Era berean, urte batzuk lehenagokoak ziren baina Donostiara urte horietan ailegatzen ari ziren Velvet Underground edo Lou Reed-en musikaren entzule sutsu ziren. Garai berean Madrilen sortzen ari zen ?Movida Madrile?aren? anai txikia izan zen ?Donosti Sound? hau; madrildarrek bezalaxe, punk ukituko pop musika egiten zuten-eta.


Garai horretan Donostian Santiren disko-dendak zeuden, musika-talde berriak zeuden (aipaturiko Puskarra, UHF eta Mogoll?n-ez gain, Asco edo gerora Derribos Arias izango zen La Banda Sin Futuro...), eta hainbat taberna edo pub berri ireki ziren halaber. Tanit, An?monas eta batez ere El Huerto ziren garaiko musikazaleen topagune nagusiak. El Huerton zuzeneko emanaldiak egiten ziren eta aipatutako taldeon habia izan zen bertan eman zituztelarik euren lehendabiziko urratsak eta zuzenekoak. Giro honetan Santi Ugarte bera, beste batzuen laguntzaz Tibur?n (oraingo Get In enpresa arrakastatsuaren hazia) enpresa sortu eta Donostiarako musika programatzen hasi zen nazioarteko zenbait talde esanguratsu Velodromora-eta ekartzeko asmoarekin. Honi esker, Ramones, The Clash, Rory Gallagher, ACDC edo Status Quo gisako taldeak Donostian ikusi ahal izan ziren. Donostia estatuko hiri garrantzitsu bihurtu zen musikari zegokionez, Bartzelona eta Madril ondoren garrantzitsuenetako bat zalantzarik gabe.


Shanti Recordsek Puskarra, UHF eta Mogoll?n-en kantu batzuk biltzen zituen disko bat atera ondoren bira txiki bat egitera ekin zioten hiru taldeek. Euskal Herriko hainbat herritan zuzeneko emanaldiak eskaini ondoren Madril aldera joateko aukera izan zuten. Eta a zer nolako aukera gainera! Non eta ?Movida Madrile?a?ko bihotzean jotzeko aukera izan baitzuten, Rockola izeneko kontzertu-areto famatuan hain zuzen. Madrilerako bidaia gainera, hiru taldeek eta gisa guztietako lagun, kide eta abarrekoek osatzen zuten autobus batean burutu zen. Rockola bi aldiz betetzeko gai izan arren taldeon azkena nahiko gertu zegoen.


Izan ere, Donosti Sound-en bizitza ez zen oso luzea izan, eta ez zuen sona handiegirik izan ere. Disko bat, bizpahiru EP, kontzertuak eta kitto. Eta ez da gutxi! esango dute batzuk. Neurri batean, garai berean Euskal Herrian sortzen ari zen punk eta rock gogorraren eszenak (gerora Rock Radikal Vasco izena jarriko zitzaiona) jan zuen Donosti Sound hau. Paradoxikoa badirudi ere, punk gordina egiten zuten Euskal Herriko aurreneko taldeetako bat donostiarra eta Puskarra, UHF eta Mogoll?n-en garaikidea izan zen; Negativo taldea alegia. Donosti Sound-ek ez zuen Rock Radikal Vascok izan zituen laguntza, sostengu eta egitura izan eta historian galdu zen zenbait single txukun behintzat bidean utzirik.


Talde hauen historia ahaztu eta beste talde batzuei eman zitzaien gerora Donosti Sound izenpea. Arestian esan dugun lez, Family, Le Mans eta gaur egun, La Buena Vida izan daitezke izenemate berri hau jaso duten talde garrantzitsuenak. Talde hauek, bide batez, ez dute musikalki aurrekoekin harreman handiegirik, baina hori beste historia bat da, Donosti Sound (II) izenburua izango lukeena... agian.




lunes, 13 de junio de 2005

Bertze musikak aurten ere Beran


Berako 2005.ko Ertz jaialdira hurbildu ginen larunbatean, zoritxarrez bakarrik bigarren egunera, baina bagenituen gogoak han biltzen diren ?bertze" musiketaz gozatzeko. Kultur etxean bildu zen jende nahikotxo, eta musika experimentalaren kasuan askotan gertatzen denez ez dut uste inor indiferente geratuko zenik.


Gaua hasteko Gaizka Sarasola eta Xabier Iriondo aritu ziren taula gainean. Oso nahasketa interesgarria atera zen. Sarasola lesakarrak euskal musika tresna tradizionalekin lan egiten du (txistua, alboka, ttunttuna...) eta egindako inprobisazioak Iriondo italo-euskaldunak jantzi eta hornitu zituen elektronika erabiliz. Euskal musika tradizionalaren ondarearen ikuspegi berri bat entzun ahal izan genuen, dudarik gabe.


Bigarren Astra izan genituen: Jason Kahn (Suitza) eta Ilios (Grezia) soinu-artistek osaturiko bikotea. Eskenatokitik at aritu ziren, aretoaren erdian, ordenagailu bat bakoitzarentzat eta argiak itzalita. Soinu muturrak hausnartzen ditu bikote honek. Zarata eta isiltasuna. Eta hori da han entzun genuena, niri belarriak ulertu ez zuten muturren arteko gatazka.


Gaueko momentua iristear zegoen oraindik Berako kultur etxean, eta hori iritsi zen Can taldeko Damo Suzuki kriston botea eman zuenean haien emanaldia hasteko. Abeslari japoniarrarekin batera Xabier Iriondo gitarra eta programazioetan eta Zu talde italiarra, bateria, baxua eta saxo baritonoarekin. Sekulako inprobizazio ostikada jaso zuen han bildutako jendeak. Taulagainean egin zutena, ez da free-jazza, ez da hardcore, baina biak badira. Sentsazioz beteriko emanaldia.


Jaialdia amaitzeko beste bikote bat aritu zen, frantsesak hauek, aurrekoak baino interesgarriagoak, ene ustetan. Eric La Casa eta Thomas Chartemant. Hantxe bertan Xabi Erkizia antolatzaileak azaldu zuenez musikari batek beste gela batean egon zen musika-tresna akustikoak jotzen eta bestea aretoan bertan zegoen tresna horren interpretazioa entzunarazten. Entzuleak aretoaren erdian egoteko eskatu zuten eta egia esan, soinu interesgarriak entzuteko parada izan genuen, nahiz eta emanaldia denbora gehiegiz luzatu zuten, agian.

domingo, 12 de junio de 2005

Entzun.com martxan da


www.entzun.com helbidean izango duzu gozagarri hemendik aurrera. Egileen arabera, ez da paperezko edizioaren on-line bertsioa, honen osagarria baizik. Helburua musikazaletasuna sustatzea eta Euskal Herriko ekoizpenei arreta berezia ematea da. Entzun.com atarian musika estilo guztiek daukate lekua, hogei azpiataletan sailkaturik: informazio andana hortaz.


Aurten hamar urte betetzen ditu aldizkariak baina informazio osagarri anitz aurkituko duzu aipatutako helbidean. Backstage atalean adibidez, Euskal Herriko talde, manager, kazetari, programatzaile, etab.en informazioa eta iritzia topatuko duzu. Dossierrak txosten mardulak izango dira, hainbat gai ezberdin jorratuz. Horretaz gain, agenda, maketak, iritzia (kazetari, musikari eta hainbat eragileena), disko kritikak, etab.


Gainera, paperezko aldizkarian ohikoak diren elkarrizketa, disko kritika, agenda, etab. Aurki foroa, ikusgai eta entzungai atalak izango dira gozagarri.


Baina hobeto zuk zeure kabuz ikertzen baduzu.


Info + : www.entzun.com

Kloratita + Selam + Inoren Ero Ni


Izugarria Getxoko Itzubaltzeta gaztetxean ikus-entzun genuena. Hiru talde: Selam, Inoren Ero Ni eta Kloratita. Egia esan azken hauen kontzertura berandu heldu ginen eta gauza gutxi daukagu esateko beraien inguruan. Talde gaztea, gainontzeko taldeekin musikalki zerikusi handirik ez zuena, baina gogo handiz aritu ziren. Bi abeslari, speech-erako joera handiarekin.


Gero Selam igo ziren eskenatokira. Experience taldeko bi kide zeudela jakiteak itxaropena sortarazi zigun, kontzertu polita ikusteko aukera izango genuela aurrikusi genuen. Gainera, Lisab?-ren azken diskan parte hartu dute ?Vielliard au Soleil? kantuarekin eta horrek oraindik ikusmira handiagoa sortu zigun. Eta ez zen gutxiagorako izan. Frantziarrek sekulako kontzertua eskaini zuten, eta ez ziren aipatutako kantua eta ?Toulouse vs. Tolosa? falta izan, gaueko momentu ikaragarriena. Aretoa atmosfera ilun batek inguratu zuen gu konturatu gabe, laukoteak sortutako itolarri sentsazioa areagotzen zioan heinean. Eta horrelako kasuetan gertatu ohi den bezala, gehien gozatzen ari ginen momentuan kontzertua amaitu zen, eta ahoa itxi genuen. Gure ingurura begiratu eta oso jende gutxi zegoen ?beste bat? eskatzeko, eta inork ez zuenez eskatzen, ez ziren gehiago irten.


Inoren Ero Ni-rena beste kontu bat izan zen. Bertakoak laukotea ikustera etorri ziren, eta nabaritzen zen: kitarra-frogak hasi orduko gaztetxea betetzen hasi zen. Enekok makuluekin hasi zuen kontzertua, dirudienez hanka batetan mina hartu duelako. Baina segituan ahaztu zituen (?a tomar por kulo las muletas!?), eta ohiko show-arekin hasi zen. Beteranotasuna gradu bat omen da: argi gelditu zen Erromoko Itzubaltzeta gaztetxean. Norbaitek BAP!-en ?Bota Pi?ue? eskatu zuen (?Bota Pi?ue gero kantatuko diat, komunean, biok bakarrik. Oraindik putamadre ateratzen zaidak!?) garai zaharrak gogoratu nahian.


Guztiz kaotikoa izan zen amaiera. Hainbat mehatxu zirela medio, beste hiru kantu jotzera irten ziren. Jendeak dena eman zuen azken momentu hauetan: edalontziak hegaz ikusi genituen, Drake bafleen gainean jotzen, Eneko gona igo eta barruko arropa erakusten... musika amaitu zenean mikrofonoa erabilera publikokoa bihurtu zen, eta edonork zuen edozer erreibindikatzeko aukera. Joateko prest geundenean norbaitek ?Borja, aki hay unos gabatxos que dicen que subas a tocarte algo ya!? bota zuen, eta kontzertua oraindik amaitu gabe zegoela pentsatu genuen, baina dirudienez Borjak ez zuen bateria jotzeko gogo handirik...


Info +: www.selam-selam.com


http://www.musikametak.com/grupos_1.php?uuid=86&grupo=Inoren%20Ero%20Ni


viernes, 10 de junio de 2005

Sonic Youth ere Santander Summer Festival-en egongo da


Aurten lehenengo aldia izango du Santander Summer Festival-ek, eta kartel ezinhobearekin gainera. Sonic Youth izango da bertara hurbilduko den taldeetako bat, uztailak 9an hain zuzen ere. Uztailaren bigarren asteburuan burutuko da jaialdia Santander hiriburuko inguruetan, lau eskenatoki nagusi izango direlarik.


?Escenario Santander 250? delakoak kontzertu nagusiak izango ditu bere baitan: arestian aipatutako Sonic Youth-ez gain, The Chemical Brothers, Ocean Color Scene, Morcheeba, Los Planetas, Rinocerose, eta Manta Ray izango dira besteak beste.


Doinu elektronikoek ere bere lekua izango dute SSF-en DJ Hell, Oscar Mulero edo Felix Da Housecat bezalakoekin. Pop doinuak El Columpio Asesino nafarrek, Sterlin eta The Fever-ek jarriko dituzte. Eskenatoki honetan bertan kantauriako bi talde aukeratuek joko dute: Fresh eta Hacia Donde. Dirudienez, kartela itxita dago jada.


Heineken eskenatokian bestelako doinuak izango ditugu Marc Houle, The Penelopes edo Smoking DeLuxe-ekin besteak beste. Kontzertu gunearen inguruetan kanpatzeko tokia egongo da, dohainik sarrerakin.


Bi egunetarako bonoak 70 ¤tan daude salgai, eta 75 ¤tan bertan.


Info +: www.santandersummerfestival.com

jueves, 9 de junio de 2005

FESTIMAD 2005: Hautsa, atzerapenak, azpiegitura txarrak... kontzertuak ahaztu al ditugu?


Seguraski entzunda izango dituzue festimad-en gertatutakoak. Atzerapenak larunbateko kontzertuetan, honen ondoriozko istiluak... guk hemen, bertan ikusitako kontzertuak aipatuko ditugu. Kontzertuak ere izan baitziren , eta ez edonolakoak gaitera.


Ostirala, 26:


12ak aldera iritsi ginen Madrilera. Dendak muntatu, bazkaldu ta kontzertuak ikustera. Ez zeukaten itxura txarrik egun hartakoek, are gutxiago larunbatekoek.


Kontzertu-gunera abiatu eta Legen Beltza euskaldunak ikusi genituen. Eskenatoki handian jotzen zuten, eta soinua ez zen izan zitekeen bezain ona, baina kontzertu nahiko ona eskeini zuten, heavi metal indartsua. Hau eta gero, inguruko dendatxo eta bestelakoak ikusten eman genuen denbora pixka bat (kontzertu-gunea zen mundu berri hori ezagutzeko) eta guretzako ezezagun ziren Estirpe ikusi genituen, beren kontzertuaren azken bi kantak jotzen. Itxura polita zuen, pena osorik ez ikusi izana.


Dena den, penak gutxi iraun zigun, Rip KC baitzetozen ondoren. Biluz-biluzik atera ziren madrildarrak: ?algunos se visten de heavys, otros de metaleros... nosotros...?. izugarrizko kontzertua. Rock-aren sustraien bila habitasen dira, 70 eta 60. hamarkadatara, eta era dotorean gaurkotu.


Hauek aho zabalik utzi bagintuzten, danbatekoa izan zen The Dillinger Scape Plan ikustea. Hardcore eta Noisecore-a, Converge-ren ikasle finak. Erritmo apurtuak, gitarra indartsu eta eroak, intentsitatea? ikusi beharrekoa.


Eta horrelaxe, ia konturatu gabe, iritsi zen The Hives en ordua. Hantxe agertu zitzaizkigun, beren traje txuriekin. Bata bestearen ondotik Tyranossaurus Hives diska bikaineko kantak jo zituzten, eta baita aurretikoak ere (Hate to say I told you so...). beren musika definitzeko onena, beren abeslari irrifartsu eta dantzalariak esandakoa: ?hasemos punk-rock, dos minutos!?.


The Hives-ek auzkeztu zizkiguten ondoren gainera zetozkigunak: Turbonegro. Beren mozorroekin (marineltxoa, homo-soldaduak?) eta beren punk-rock hereserkiekin. Gozagarria benetan, batez ere The age of pamparius eta Get it on kantuak. Oihuka kantatu zituen bertan bildutako ikuslegoak.


Kontzertua bukatu eta presaka abiatu ginen eskenatoki handietatik karpara, bertan jotzekoak baitziren Mastodon-eko mutilak. Diska (Leviathan, 2004) oso ona iruditu zitzaidan eta benetako gogoak nituen taldea zuzenean ikusteko. Eta diska ezer ez zela konturatu nintzen, zuzeneko itzela dute mutil hauek. Riff metaliko zorrotzak, ahots indartsuak eta batez ere bateria, inoiz ere gelditzen ez den bateria bat. Mastodon-en kontzertu bat ekaitza da, baina ekaitza eta gero sekulako bakea gelditzen zaizu barrenean. Froga eazue ahal izanez gero?


Ekaitzaren ondorengo barehaldia barrenean genuela, beste ekaitzaldi bat hasi zen: Slayer. Seguraski ez geunden horrelako beste jipoi bat entzuteko pretaturik... baina gauza da luze egin zitzaigula kontzertua, monokromoa. Taldearen fan sutsuek disfrutatuko zuten, baina guk egia esan, ez.


Eta gauaren bukaera iritsi zen, jada neka-neka eginda geundela: Marilyn Manson jauna. Ez dakit zehazki zer espero nuen beregandik, baina dakidana da ikusi nuena baino gehiago espero nuela. Estatu Batuarrak kontzertu zuzena eskeini zuen, ez dut ukatuko, baina antzoki batean ikusteko moduko emanaldia izan zela uste dut. Etengabeko arropa aldaketak, truko piroteknikoren bat... baina indarrik ez. Bolumena baju zegoen, taldeak diskan bezala sonatzen zuen, garbiegi, ongiegi, eta horrek guztiak freskotasuna kentzen zien. Gainera Marilyn inoiz baino lodiago ikusi genuen, ongi kantatzen, baina iragan denboretako erotasun punto hura gabe. Honi ere iritsi zaio heldu izateko garaia, hantza.




Larunbata, 27



Larunbatean jeiki eta dutxatzera abiatu ginen, baina ezinezkoa zen. Sekulako itxaron-lerroak. Iturrietan (hauetan ere itxaron beharra zegoen) burua garbitu eta besapeak freskatu eta zerbait bazkaldu ondoren, kontzertuak ikustera.


Hamlet-en emanaldira joan ginen, eguzki izugarri baten azpian. Soinu nahiko txarra izan zuten, eta ez zitzaien gustoregi ikusi, baina Festimadean ginen, eta euren klasikoak gogo onez jaso genituen.


Beroari aurka egiteko freskatu baten ondoren, Biok euskaldunak ikustera abiatu ginen. Karpan jotzen zuten eta bertako lehenengo lerroetan bildu ginen festimad-era animaturiko euskaldun gehienak. Giro ezinobea, beraz. Beren metal danbatekoak eskeini zizkiguten Biok-eko mutilek, nahiz eta gitarra batekin nahiko arazo izan. Ederki pasatu genuen.


Karpan jarraitu genuen ondoren ere, kanpoko eguzkitik babesturik. Bertan ikusi genituen NDNo Zaragozarrak eta euren rap-metala eta baita Hedtrip-en emo-core-a ere, jarraian. Kontzertu ederrak.


Baina hauek eta gero eskenatoki handian itxoiten genituenak rock-aren izen handi bat ziren: Hermano. Bertan dago kantari lanetan Kyuss talde mitikoko John Garcia. Kontzertu oso ona eskeini zuten, beren stoner-rock kantuak ederki joaz, gure gozamenerako. Azpimarragarria, batez ere, gitarristaren lana. Azkeneko bis-etan, gainera, Nick Oliveri taularatu zen, Kyuss-en Garcia-rekin batera aritutakoa eta orain dela gutxi arte Queens of the Stone Age taldeko bajista izan dena. Biek batera abestu zuten Kyuss-en Green machine kantua, Festimad-eko momentu onenetariko bat eskeiniz.


Dena den, ez zen hor bukatu stoner-rock erakustaldia, ondoko eskenatokian esperoan baikenituen Fu-Manchu taldeko mutilak. Soinu bikainarekin eta gogoz ekin zioten. Pena, ondoko eskenatokian gertatzen ari ziren arazo teknikoak zirela-eta, bertan behera utzi behar izana.


Hemen hasi zen, beraz, 2005eko Festimad-eko zatirik txarrena. Arazoak izan zituzten haizea zela eta (haizea ez zen beste munduko ezer... baina...) eskenatoki batekin. Ondorioa: kontzertuak atzeratu beharra, lau ordu inguru. Antolakuntzako jendearen komunikatua irakurtzeko www.festimad.es orrira sartzea duzue, tamalgarria, dena den.


Horrelaxe hasi zen, bada, Incubus-en emanaldia; 4 orduko atzerapenarekin. Jendea haserre zegoen ordurako eta californiarrek ere ez zuten duten onena eman. Besterik gabe, egokitu zitzaien kontzertu kaskar hura ahalik eta hoberen betetzen saiatu ziren, beren hit ezagunenak joaz. Kontzertu zuzena, besterik gabe.


Ordua iritsi zitzaien gero System of a Down-eko mutilei. Diska berria kaleratu berria zuten armeniar-amerikarrek eta, talde bezala, beren momenturik gorenenean daudela erakutsi zuten. Soinu bikaina, ahots joko zoragarriak, metala, funk-a, heavy-a, eromena... dena nahasten dute tipo hauek. Festimad honetan gehien espero zen kontzertua, eta kontzertu onenetarikoa.


Honenbestez, egun guztian zehar gelditu gabe egon ondoren, leher eginda geundela eta goizeko bostetan, hasi zen Prodigy-ren emanaldia. Askok pentsako dute erotuta nagoela, edo ez dudala lotsarik, baina, egia esan, ez nuen kontzertu osoa ikusi. Errua ez zen britaniarrena izan, ezta gutxiago ere, kontzertu oso ona eskeintzen ari baitziren. Baina nire gorputzak ezin zuen gehiago eta hurrengo egunean goizeko 8etan jeiki behar ginela jakinda, nahiago izan nuen ordutxo bat gutxienez lo egitea. Pena. Berez izan behar lukeen orduan jo izan balute (1:30) gauzak zeharo aldatuko lirateke, baina, dena ezin da.


Esperientzia nekagarria, baina zoragarria aldi berean. Nik behintzat umetxo batek bezala disfrutatu nuen (zer nahiz, bada, azken finean?) eta errepikatzeko intentzioa daukat datorren urtean. Iru?akoek esaten dugun bezala: ?Ya falta menos, ya falta menos...?


Eremulauak.com, parte hartu!


Jadanik urte erdi pasa da www.eremulauak.com web gunea sortu zenetik. Denbora horretan lan asko egin egin da atariaren lehen pausu hauetan laguntzen. Kolaboratzaileak dira web gune honen oinarriak, haiek ematen baitiote sustengua www.eremulauak.com web gunearen proiektuari.


Horrexegatik kolaboratzaileen beharra beste behin ere azpimarratu nahi da. Gaur egun gure inguruan ditugun arte zein kultur adierazpen ezberdinen zaleak eta interesatuak animatu nahi dira proiektuan parte hartzera. www.eremulauak.com atariaren eskaintza zabala da, literatura, musika, ikusentzunezkoak, arte adierazpen desberdinak...jorratzen baitira bertan. www.eremulauak.com ataria, egungo kultura zein arte garaikidearen erakusleiho zein sustatzaile izateaz aparte, arte zein kultur zaletuen topalekua izan nahi du ere.


Kolaboratu edo ta iradokizunen bat bidali nahi izanez gero eremulauak@eremulauak.com helbidearen bitartez kontaktua egin daiteke.


Animatu parte hartzera!

 

martes, 7 de junio de 2005

HAMLET-EN KONTZERTUAN IZAN GINEN, IRU?EKO ARTSAIA ARETOAN.


Pasa den ekainaren 3an Hamlet-ek Iru?an eman zuen beren birako kontzertuetariko bat, Materia euskaldunek telonero lanak egin zituztelarik.


Gaua ederki hasi zen, Materiako mutilek gogotsu ekin diotela ematen du hamletekin batera egin beharreko bira honi, jende ugariren aurrean ezagutzera emateko aukera itzelezkoa dela kontziente izanik. Formazio atipikoa dute oso, bajistaren faltagatik. Hiru dira hortaz, bi gitarrista eta bateria. Baina ez pentsa bajuaren falta hori gehiegi nabaritzen denik, ederki betetzen dute hutsunea gitarrek sortutako atmosfera dentso eta riff indartsuek. Beren azken laneko kantuak eskeinei zizkiguten batez ere (Forget the Music, Oihuka) eta esan genezake jendearen artean nahiko jarrera ona nabaritu zela euren musikarekiko. Estiloa definitzeko Ordu?a, esango nuke Refused-en fan sutsuak direla (euren bertsio bat ere jo zuten) eta Snapcase bezalako taldeak ere burura ekarriko dizkigute seguraski. Hurbiletik jarraitzeko moduko taldea, beraz.


Eta honenbestez hasi zen gaueko protagonisten emanaldia. Gogoak zeuden Hamlet taula gainean ikusteko. Madrildarren azken lanak iritzi kontrajarriak eragin ditu euren jarraitzaileen artean. Aurten argitaraturiko Syberia diskak melodiekiko jarrera irekiagoa erakusten du, batez ere ahotsetan, eta kantu ederrak sortu dituztela esan daiteke. Dena den, aldaketa melodiko horrek, euren fan metaleroenengan ez du onarpen handirik izan. Nola eutsiko zieten kanta hauei, bada, taulagainean? Nola erreakzionatuko zuen publikoak? Beste atentzio puntu bat bajista berria izango zen, ibilbide luzea eta gero, betiko bajistak bere postua utzi baitu. Kontzertu morbosoa beraz, ikustera gindoazena.


Boskoteak, ordea, duda guztiak argituz hasi zuen emanaldia: diska berriko hiru kanta joaz. Gogotsu, beren buruetaz seguru eta entzulego entregatu baten aurrean. Pikutara, beraz, duda-muda guztiak. Hamlet bizirik daude, inoiz baino biziago.


Hortik aurrerakoa gozamen hutsa izan zen. Beren klasikoak jo zituzten (Irracional, J.F., El color de los pa?uelos, Tortura-visi?n, Dementes cobardes, Denuncio a di?s...) eta baita beren diska berriko kanta gehienak ere (izugarria para toda una vida abestia, jendeak ere kantatu zuelarik).


Bajista berriari dagokionez, egoki bete zuen bere papera. Dena den, talde honetan begirada guztiak eta indar guztia bereganatzen dituztenak Molly eta Luis Tarrega dira, Augusto Sanchez-en bateriaren laguntzaz. Molly-k oso ongi bete zuen bere front-man papera, jendea berotuz eta ederki kantatuz. Luis, berriz, denbora guztian gelditu gabe, bere gitarra alde guztietara mugituz, saltoka. Energia hutsa taula gainean.


Honenbestez barrura sartu ziren, Artsaian bildu ginen guztiek ?beste bat!? eskatzen genien bitartean. Eta beste hiru eskeini zizkiguten, Antes y despu?s, no me arrepientoA, gauari amaiera ezin hobea emateko Lim?tate.


Haundiak dira Hamlet, edo hori sinestarazi zidaten behintzat, kontzertuak iraun zuen ordu eta erdian.

lunes, 6 de junio de 2005

Half Foot Outside: Iru?eatik (gezurra badirudi ere)


Half Foot Outside taldea Iru?ean sortu zen 1995 urte aldera. 10 urte pasa dira jada, eta disko mordoa. Edu Ugarte, taldeko bateriajolearekin aritu gara solasean, messengerr-ak ere horrelako kontuak errazten baititu:


Bostgarren diskorako lanean zaudete orain, zer aldatu da hamar urte hauetan?

Ba gauza asko, eta gutxi: Alde batetik ezer ez da aldatu, ilusio eta gogo aldetik, batez ere hainbeste denbora igaro ondoren egitasmoarekin jarraitzen dugula ikusita. Aldi berean gehien gustatzen zaiguna da, eta aurreko diskoetatik atera dugun esperientzia izugarria izan da, ez genuke inoiz imajinatuko horrela joango zenik kontua.

Bestalde, hasierako bi taldekide gaude bakarrik, baina denbora asko da batera gaudela eta ez da hain ezberdina. Orain ez ditugu gauzak hain itsuki egiten, azkar eta eraginkor izaten jakin dugu denborarekin, eta hori denboraren poderioz jakin dugu kontrolatzen.


Orain behintzat Carlos %100 duzue taldean, hobeto lan egiten al duzue Half Foot Outside-ekin buru-belarri arituz? Bete proiekturen bat al duzue?

Carlos Standstill-ekin zegoenean gauzak motelago joaten ziren, ez dago zalantzarik, baina oso ongi antolatzen ginen talde moduan jarraitzeko. Carlos Bartzelonan bizi da orain dela 6 urtetik hona eta Brian Madrilen bizi da, baina Bilbo eta Bartzelonan ere bizi izan da HFO-n zegoen bitartean. Muga geografiko hauek dira taldearentzat oztoporik handiena, baina urte t?erdi eta bi urtero diska kaleratu dugu eta astebururo aritu gara zuzenean jotzen. Gogoak badaude horrela egin daiteke, eta guk gogo asko ditugu. Brian Kidsgofree-n ere aritzen da eta diska bi urtero ateratzen dute ere, baina antolakuntza kontua da, esan bezala.

Suposatzen dut hobeto joango zitzaigula gurea egoera normala izango balitz, baina bakoitza leku ezberdinean bizi garenez oso zaila da gauza batetan kontzentrazioa mantentzea. Ongi doakigu horrela, Half Foot-en diska berria 8 hilabetero edukiko genuke hiri berdinean biziko bagina, astean birritan entsaiatuz. Ez dakidana da hori ona edo txarra izango litzatekeen, kar-kar-kar...


... Eta zergatik Bcore-n?

Hirugarren diska ateratzerakoan suertatu zitzaigun. Jordi oso tipo atsegina da, eta zigilua oso lagungarri suertatu da taldea ezagutarazteko. Talde batek bere kabuz biziraun behar duenaren sentsazioa daukagu, gero eta gehiago, zigilua bitartekoa baino ez delarik. Zigilu guztiek bezala gauza on eta txar asko ditu Bcore-k: leku batzutan bertan egoteagatik sartzen zara eta bestetan horrexegatik ez zara sartuko. Gu Half Foot Outside gara, gauza on eta txar guztiekin...


Kaki Arkarazo eta Hans Kruger izango dira grabaketaren arduradun, zer espero duzue haiengandik? Noiz izango dugu diska entzungai?

Asko espero dugu disko honekin eta noski, baita diska grabatuko duten bi maisuez eta nahasketak egingo dituen hirugarrenaz. Kakik esperientzia luzea du eta horrek konbentzitu gintuen. Estudio zoragarria du eta material oso ona, berarengana joateak beharrezkoa ikusten genuen soinu aldaketa handia ekarriko baitigu. Bestalde, Hans Kruger Half Foot-eko bostgarren kidea da. Taldean aritu zen hasieran, beste gauza batzuekin hastea pentsatu zuen arte, baina beti egon da hor, itzaletan, eta izugarria iruditzen zaigu berarekin grabatzea. Berak badaki zer nahi dugun eta lagun mina izatea oso onuragarria izan daitekeela uste dut. Produktore eta soinu teknikari moduan nahiko ezaguna egiten ari da, merezi duelako.

Azkenik, diskoari ukitu berezia emango diona John Agnello izanen da: oso handia da tipo hau. Musikalki gure influentzia nagusien artean dago, produktore moduan. New Jersey-tik ekarriko dugu diskaren nahasketak egiteko. Bostgarren diska honetarako handienekin grabatu nahi genuen.


Aurreko diskoan Start Acting Mean kantuaren bideoklip-a egin zenuten, honekin ere berdina egingo al duzue?

Bi bideoklip egitea pentsatuta daukagu. Bat ekainean bertan grabatuko dugu eta bestea aurrerago. Ideia asko daude bideoarentzat, argi dago modu ezin hobea dela taldearen lana osatzeko.


Nola definituko zenuke kantu sorta berria?

Ez nuke jakingo adjektibo bakar batekin definitzen, motz geldituko nintzateke. Aurreko diskoetan baino hobeto antolatu ditugu kantuak oraingo honetan, ez dakit, landuago daudenaren sentsazioa daukat. Baina nik esaten dizuedana motz geldituko da, hoberena entzutea izango da...


Eta gainera Underhill Record-en buru bezala zabiltza, zein da zure lana bertan? Zein ezaugarri daukate bertako taldeek amankomunean?

Bertako taldeetatik ezaugarri bat aipatuko nuke: lan egiteko gogoa. Musikalki definitzen oso zailak dira taldeok, asko gustatzen zaizkigun taldeak dira, eta jende zoragarria gainera. Hori da guzti honen ideia nagusia. Gure lana besteak beste taldeen lanak argitaratu, promo-a egin, eta birak antolatu da. Suposatzen da taldea arlo musikalaz arduratu beharko litzatekeela, beste guztia manager-aren edo zigiluaren lana da.


Zeintzuk izango dira zigiluaren hurrengo argitarapenak?

Moksha (Bartzelona) eta Kidsgofree-ren (Santander) diskak argitaratu berri ditugu. Eta oraintxe La Celula Durmiente (Bartzelona), Beewax (Norbegia), Ipanema (London) eta Arkanoid-en lanak aterako ditugu. Hau da aurten argitaratuko duguna, nahikoa lan izango dugu!



Pop-emo-rockaren inguruko mugimendua ikusten al duzu Iru?ean? Zein talde interesgarri ikusten dituzu zuen hirian?


Ez dago inolako mugimendurik! Ez nik dakidala behintzat... Badaude taldeak noski, eta entsegu lokalak ere bai, jende mordoa dabil lokalean ordu mordoa sartzen, baina jendeari eszenatokiak beldurra ematen diolako edo, kostatzen zaie taulagainera salto egitea.

Iru?ean El Columpio Asesino, Doubtful, Qwer, Souvenir, Leestones, Max Power daude, oso interesgarriak dira guztiak. Baina esan dizudan bezala, gutxi batzuk bakarrik ikusten dute argia.


Amaitzeko, norbait gurekin kontaktuan jarri nahi izan ezkero hemen kontaktua:


Hfo/Underhill Records

p.o. box 4220

31080 pamplona


Info +: www.underhillrcs.com

www.bcoredisc.com

jueves, 2 de junio de 2005

Argazki erakusketa interesgarria Getxon


Algortako Satistegi tabernan izango da gozagarri: Skatearen inguruko erakusketa fotografikoa. SK8UKN (Skate Uribe Kostan) izena eman diote, izan ere, UK aldizkariak antolatutako erakusketa dugu hau.


Carlos Terrero argazkilariak egindako irudiak ditugu gozagarri esan bezala uztailaren 18rarte Getxon. Egilea skate-argazkilari trebeenetarikoa da, hainbat aldizkari berezitutan argazkiak argitaratzen baititu sarri. Algortako San Nikolas enparantzan eta Arrigunaga hondartza inguruko ?La Kantera? skate-parkean ateratako argazkiak ditugu guztiak. Dozena bat, hain zuzen ere.


Dirudienez, argazkitan ageri diren skater-ak herriko profesional enblematikoak dira. Kirolak herrian, nahiz eskualde osoan aspaldidanik izan duen oihartzuna azaldu nahi da esposaketa honekin.

miércoles, 1 de junio de 2005

?Zaharregia, txikiegia agian? azken emanaldia larunbatean


Larunbatean izango da Bilboko Kafe Antzokian ?Zaharregia, Txikiegia Agian? proiektuaren azken emanaldia, 22:00etatik aurrera. Kirmen Uribe, Rafa Rueda, Bingen Mendizabal, Mikel Urdangarin eta Mikel Valverderen proiektuak agur esango digu hortaz bi urte luze hauek eskenatokiz-eskenatoki aritu ondoren. Ibon Saez de Olazagoitiaren laguntza izango dute azken emanaldi berezi honetarako, Bideo-DJ lanak hartuko dituelarik.


New York-en jaiotako proiektuak oihartzun handia izan du iparramerikan, iazko hamar audio-poesia diskarik onenen artean sailkatuz, BobHolman eta Margery Snyder idazle eta kritikari amerikarren aburuz. Gainera, Irlanda, Alemania, eta AEB-tan aritu dira taulagainean.


Azken emanaldia eta gero, taldekide bakoitzak bere bideari ekingo dio. Mikel Urdangarinek disko berria prestatzendirau eta Kirmen Uribe bere lehen eleberriaren idazketa-prozesuan murgilduta dabil. Bingen Mendizabalek, Rafa Ruedak eta Mikel Valverdek ere hainbat egitasmo dituzte aurrerantzean.


Boskotearen lana ez da hor amaitzen ordea, Arkaitz Basterra zinemagilea egitasmoaren inguruko dokumentala prestatzen ari baita.


Info +: http://www.hotsak.com/A/Zaharregia_txikiegia_agian