domingo, 30 de octubre de 2005

...eta nobelak maparekin egin zuen topo

Literaturak behar al du irudiaren laguntzarik? Zein neurritaraino da osasuntsua letretan irakurri duguna irudietan ikustea? Hau ez da pelikula bihurtzen diren eleberriei buruzko artikulu bat. Kontatzen duen istorioa hobeto jarraitu ahal izateko irudiak (planoak, mapak...) erabiltzen dituzten nobelei buruzkoa baizik.

Testu honek urtebete badarama gutxienez idazten ari den tipo honen buruko biltegian. Iazko Durangoko Azokan hasi nintzen gaiaz pentsatzen, Pamielako stand-ean liburu bat erosita Bernardo Atxagaren ?Lau aldiz elur? liburuxka eta Obabako mapa zeukan postal bat eman zidatenean. ?Soinujolearen Semea? eta ?Obabakoak? irakurri ondoren herri imaginarioa modu batera eraikia zuen artikulu hau sinatzen duenak, eta postal hori ikusteak, nola esan, munduko txinatar guztiek batera jauzi egin izan balute bezala izan zen niretzat: sekulako lurrikara. Postaleko hark nire Obaba ordezkatu zuen. Orain ez dakit irakurtzen ari nitzen bitartean Obaba imaginatu nuen edo ?A Beautiful mind? filmean Russel Croweri gertatu bezala, existitzen ez ziren gauzak imaginatzen ari ote nintzen. Norbaitek ?Zer ari haiz txo! Hori ez duk benetakoa, HAU duk Obaba!? esanda bezala geratu nintzen.


Hala ere, badira maparik gabe imaginatu ezin ditudan liburuak. Burura datozkidan batzuk R.L. Stevensonen ?Altxor uhartea?, Umberto Ecoren ?Arrosaren izena? edo gertuago begiratuz Sarrionandiaren ?Lagun izoztua? dira. Horietan guztietan mapak ez du irakurle honen gogoan tsunamirik sortu. Are gehiago, letren artean galdu gabe ibiltzeko beharrezkoak izan ditudala ere esango nuke. Liburuaren hasieratik eskura izan nituelako izango da agian, baina aitortu behar dut gaur egun ez nintzatekela ausartuko Adsorekin batera liburutegi-labirintoan sartzen planoa eskura eduki gabe. Erosotasun kontua izango da agian.


P.D.: Erosotasuna eta gehiegikeria. Probatu Tolkienen ?Eraztunen Jauna? eleberriko mapak Interneten bilatzen. Milioiak eta milioiak aurkituko dituzue...

jueves, 27 de octubre de 2005

Oraindik BAD gelditzen da!


BAD (Bilbao Antzerki Dantza) antzerki eta dantza garaikideen inguruko jaialdia da. Oraindik asteburua duzu honekin gozatzeko, Bilbon. Arriaga bertan, antzokiko ondoko karpan, Fundici?n aretoan eta Bilborock-en.


10 egun iraun duen jaialdi honi azken asteburua gelditzen zaio oraindik, azken traka. Gaur bertan, Galizako Matarile konpainiak ?Historia Natural? antzeztuko du, antzerkia eta dantza uztartzen dituen ikuskizunean. Arriaga ondoan kokatu duten karpa erraldoiean izango da (Karpaespazioa deitu diote). Leku berdinean Bilbo bertako bi talde arituko dira gau partean: alde batetik Juanjo Otero eta Itziar Barrio bikoteak ?Yo Tambi?n dudar?a? antzezlana taularatuko du, ikus-entzunezkoak eta antzerkia uztartzen duen ikuskizunean. Bestetik La Chusma Teatro konpainiak ?Poes?a Urbana? antzezlana taularatuko du.


Bestalde, Arriaga Antzokiak Animalario konpainiaren antzezlan berria izango du bere baitan: ?Hamelin?. Konpainia honetan Guillermo Toledo, Alberto San Juan edo Blanco Portillo aktore ezagunek hartzen dute parte. La Fundici?n aretoak bestalde Elena Cordoba madrildarraren ?Silencio? izango da ikusgai, dantza ikuskizun interesgarria.


Azkenik, Bilborock aretoak ?Todo es perfecto? antzezlana taularatuko du Roger Bernat konpainiaren eskutik.


Prezioak Arriaga antzokiko 18 eurotatik Karpaespazioko 6 eurotara doaz. Gainera, prezio bereziak daude ikasle etab.entzat. Aukera ezinhobea dantza eta antzerki garaikideaz gozatzeko...


Info +: www.badbilbao.com

domingo, 23 de octubre de 2005

The Evens: This is punk!


Ian MacKaye (Fugazi, Minor Threat?) eta Amy Farina-k (The Warmers) osaturiko taldea Bilbaoko Azkena aretoan izan ziren, aurten kaleraturiko lehenengo diska homonimoa aurkezteko.


Beharbada Fugazi bezalako talde baten itzal luzea gutxietsi nuelako-edo, ez nuen inolaz ere uste Azkena aretoaren aurrean horrelako jendetza aurkitzerik. Izan ere, The Evens-ek jorratzen duen musika nahiko aldendua da Ian MacKaye-ek aurretik jorraturiko estiloetaz. Gitarra baritonoa eta bateria dute soilik lagun, honek dakartzan limitazio eta berezitasunekin. Horrelako formazio mota batek The White Stripes ekarriko digu gogora seguru aski, baina hauek rockaren erroetara jotzen badute inspirazio bila, The Evens-ek hardcore-tik edo post-punk-etik edaten dutela esan daiteke. Gutxi gora behera irudika dadin, kantautore hardcore baten musika bezala deskribatuko nuke. Horrela bada, sartu eta, nola hala, lekutxo bat hartu eta gero, kontzertua ikusteko prest ginen.

Hortxe agertu zen Washington D.C.-ko bikotea. Ian-ek bere gitarra baritonoa ateraeta banketatxoan eseri zen, Amy-k, bere aldetik, bateriari azkenengo ikutuak eman zizkion. Ez dira ?rock star?-ak, ezta nahi ere. Hasi baino lehen jarri gintuzten jakinaren gainean: ?kanta batzuk nahiko lasaiak dira eta eskertuko genizueke isiltasuna mantentzea?. Jendearen erantzuna paregabea izan zen. Ez errespetuagatik, baizik eta entzuten ari ginenak merezi zuelako. Sara Lee, On the face of it eta batez ere Mindin ones business bezalako kantu lasai eta ambientalek giro berezi bat sortu zuten aretoan, momentu batzuetan aire girotuaren soinua ere entzun zitekeelarik, Ian eta Amy ahopeka kantari zeuden bitartean. Hunkigarria.

Dena den kontrapuntua ere bazuten. Shelter two, Around the corner edo Mr. Pleasant isn?t kantuekin. Ian bere aulkian kiribildu eta gogor jotzen zuen guitarra abesti hauetan, burua astinduz. Mr. Pleasant isnt kantuan, gainera, entzulegoak kanta zezan eskatu zuen, kantuaren zati bat irakatsi eta entsaiatu egin genuen, Ian-en animoek lagunduta ?are you fucking shy? Come on!?. Publikoa poltsikoratu zuen honekin eta erreflexio politiko zentzuzko batzuekin: ?Gobernua haginlaria bezalakoa da, zehozer sentitzen al duzun galdetzen dizu eta zuk baietz erantzunez gero, beste injekzio bat emango dizu. Ezer sentitzen ez duzun arte. Eta, momentu hau iristen denean, bidea libre du Irak edo Afganistanen nahi duena egiteko?.

Giro ederra beraz aretoan sortu zena, musika ederrez lagunduta. Ez nuke aipatu gabe utzi nahi, inolaz ere, Amy Farina-ren lana. Ian-ek itzal egin zion arren, bere lana bai bateria jotzen eta baita kantatzen ere oso ona izan zen. Kontzertu minimalistagorik ez dudala ikusi aitortzen dut: Emakume bat eserita. Bateria jotzen eta kantari. Gizonezko bat eserita. Gitarra jotzen eta kantari. Han ez zegoen beste ezer, ez soinu potenterik, ez talde haundi ikusgarririk? Baina, argi utzi zuen Ian-ek berak berarentzako punk-a zer zen: ?punk-a ez da jarrera, ez da estiloa, ezta janzkera ere. Niretzako dagoen gauzarik punk-ena entzulegoaren eta taldearen arteko elkartrukaketa hori da?.

Definizio hau aintzat hartuta, gau hartan The Evens-ek punk-kontzertu bikaina eskeini ziguten.

sábado, 22 de octubre de 2005

Modorrra: diseinatzaile gazteen lan berriak ikusgai


Bilboko Ensanche eraikin berriak, iaz egin bezala, Modorrra pasagela hartuko du hilaren 29 eta 30ean. Laugarren edizio honetako gaia ?Nola egiten da?? da.


Edizio honetan parte hartzen duten diseinatzaile gazteen mundua ezagutzeko abiapuntu bezala galdera ona iruditzen zaie antolatzaileei, beraien esperientzia, eta moda munduko zirrikituak hobeto ezagutzeko aukera paregabea. Gainera ekoizketa prozesua nolakoa den jakin ahal izango da, zergatik kamiseta batek 3 euro balio dituen eta beste batek 60, nola egiten duten diseinatzaileek arropa bilduma aurrera ateratzeko, nola egiten den Modorrrako casting-a...


Hona hemen Modorrra sarian lehiatuko direnen zerrenda:


Larunbata 29:


Mar?a Cle

Gorka Mendieta

Luxoir

Sin patr?n



Igandea 30:


Estibaliz Corral

Comentrigo

Fulanita y Menganita

Mario Rogel



Modorrra-ri buruz gehiago jakin nahi izan ezkero, hona hemen webgunea: www.modorrra.org


Neguko Zirkua


?Ez zaie errazegi jarri behar? izena du ipuin-bilduma honetako ipuinetako batek. Ez zaizue errazegi jarri behar, ematen du esaten diela Harkaitz Canok liburu hau eskuartean hartzen duten irakurleei. Bada, badirudi Canok bere irakurleak gaizki heziak eta gaizki ohituak zituela, eta hori aldatu beharra zegoela pentsatu zuela ipuin hauek idatzi aurretik; irakurleari traba gehiago jarri behar zitzaizkiola alegia.


Izan ere, txundigarria izan da Harkaitz Canok gazte-gaztetandik izan duen idazteko erraztasuna; prosa aberats baina ulerterraza, hunkitzeko gaitasun eta imajinazio ikaragarria. Liburu honetan, baina, zailagoa izango da horrelako ezaugarriekin topo egitea. Prosa aratz eta ulerterraz hark bidea ireki dio idazkera indartsu eta gordinago bati. Ipuin hauek, besteak beste, idazkera gogorra lexiko aberats eta ederraren etsai ez denaren froga garbia da, zeren, Canok beti izan duen hitzak mimatzeko joera oraindik gehiago landu, eta ortodoxiatik aski urrun dagoen sintaxi batekin uztartu du. Dotorezia adierazkortasunik galdu gabe. Esaldi luze bat eta gero hiru hitzetako beste bat, narrazio erritmoa bizkortuz eta motelduz; narrazio pusketaz osatutako ipuinak, elkarrizketak paragrafo artean txertaturik, marrarik gabe. Bestalde, amaiera borobil gutxiago ere bada; eta horrela, ipuin batzuetan irakurlea azkeneko orrialdearen bila ibiliko da, amaiera falta delakoan. Ez zaie errazegi jarri behar. Sinbologia exotiko gutxiago, gerra gehiago (Mundu Gerrak, Irailaren 11-a, Martxoaren 11a?), aipu literario gehiago (Cort?zar, Mirande, Carver, Kafka, Hemingway, Fitzgerald, Joyce, Vallejo?), zantzu autobiografiko gehiago (bost ipuinetan narratzailea idazlea da). Canoren ohizko irakurlea apur bat desengainatuta sentitu daiteke zenbaitetan, behialako magia eta erasateko ahalmena falta zaielako ipuin gehienei (lehen irakurrian bederen); narrazio hauetan gauzak ez baitaude lehen bezain agerian, letra artean gordeak baizik. Irakurleari egokituko zaio, honenbestez, arakatze lan hori (ez zaie errazegi jarri behar) eta ezkutuan lagatakoak kausitzea erdiesten badu (jakina, ez dena beti lortzen) zinez eskertuko du hauek hasi-hasieratik aurrez aurre eduki ez izana.


Ez da harritzekoa izango, beraz, tarteka sobera esanguratsuak iruditzen ez zaizkigun ipuinekin topo egitea. Gaitzerdi. Hor izango ditugu ipuin horiek etorkizunean ere, euren letren arteko horiek aurkitzen jarraitzeko esperoan. ?Argentinar lotsatia?, ?Elephant Terrible?, ?Aulkien Historiako une estelarrak?, ?Kare zurizko ormara itzuli? edota ?Berlin Monogatari? Canok inoiz argitara eman dituen ipuin onenen artean kokatzen dira ezbairik gabe.

martes, 18 de octubre de 2005

Kike Turmix: ?Bost axola zer pentsatzen duzuen nitaz?


Hau da Kike Turmix-ek (Bilbo, 1957ko ekainaren 24---- Madril, 2005eko urriaren 16) bere epitafioa izatea nahi zuena. Amaierararte xelebre. Gibel kantzerrak eraman du, baina askorentzat beti izango da hor, potroak ikutzen eta rock and roll ona gomendatzen.


Inoiz ez zuen inorekin konpromezurik hartu, beti bere munduan bizi zen, eta ROCK AND ROLL jaungoikoaren aurrean bakarrik erantzuten zuen. Bere bizitzan zehar lagunak eta arerioak irabazi zituen, jende askok oso begiko zuen, beste batzuk gorroto. Hurbil zutenek esaten dute beti halaxe izan zela. Kike Turmix (benetako abizena ez dugu hemen esango) herrialde honetako (eta hain hurbil dugun horretako) rock and roll-aren historian ezinbestesteko pertsonaia izan zen. Nacional 634 taldearekin abiatu zen Madril aldera, eta haien punk bortitzarekin klon moduan zebiltzan ?mobida?ko guztiak aztoratu zituen. N634-en aurretik beste proiektu batzutan ibilia zen, ?Kike y los Pasapures? kasu, baina Madrilen izan zen jendeari potroak ikutzen hasi zenean.


Hamarkadaren erdialdean 3 kanpotar ezagutu zituen, berak bezain aurpegi handia zutenak, eta rock and roll-aren makina handi eta eder bat muntatu zuen: The Pleasure Fuckers. Areto askotan lurra zuloz beteta utzi zuten Kike-ren sabelarekin egindako jokuengatik, baina horrez gain 3 edo 4 diskatako legatua utzi zuten, abiada biziz egindako punk-rockez hornituta. Norah eta Mike Sobieskiren kitarrak eta Barnabyren baxuak gure lagun potoloaren garrasiak lagunduta.


Europa eta AEB mailako birak egin zituzten, eta bertan oso ezagunak egin ziren. Orduan promotore moduan lan egiten hasi zen, eta Safety Pin Record & Tours sortu zuen. Berari esker Gluecifer, Hellacopter, Flaming Sideburns, Nomads edo Turbonegro ikusi ahal izan genituen. Talde guzti hauek familiarekin kontaktuan jarri dira bere heriotzaren berria heldu zaienean. Malasa?a inguruko taberna askotan disko jartzaile modura aritu zen azkenaldian, eta beti esaten zuen moduan, ?ez eskatu ezer hippy-rik?.


Nik ez nuen gehiegi ezagutzen, baina oso momentu onak pasatu nituen berarekin. Berarekin barreak ziurtatuta zeuden beti. Kapullo zoragarria zen egia esan, nahiz eta beti adarra jo, eta ni beti erortzen nintzen bere probokazio guztietan.


Agur Kike, faltan botako zaitugu. Azkarregi bizi izan zara kabroi hori...

jueves, 13 de octubre de 2005

Denok dugu Berlin bat gure baitan


Denok dugu Berlin bat gure baitan, bere mintzaira ulertezinekin, bere lurpeko pasadizo abandonatuekin. Denok dugu Berlin bat gure baitan, bere harresi eraitsiekin, erosotasunera eramaten gaituztenak, mediokritatea saltzen digutenak; bere harresi zatitzaileekin, tristezia eta oinaze aieneak isilarazten dituztenak, paternalista egiten gaituztenak.


Denok dugu Berlin bat gure baitan, bere bele beltzekin, jakina. Nork ez dauka bere ekialdea, bere mendebala? Nork ez du desiratzen ekimendebala? Bonbardaketa guztiek ere ez dute gure baitako Berlin hori suntsituko, ez dizkigute gure utopiak zapuztuko, gure Tacheles partikularrak desjabetuko. Denok dugu Berlin bat gure baitan, bai, bere emakume eder eta maitagarriekin, garelarik ohartzen instanteko maitemina dela maitemin berdadero bakarra. Instantekoa den bezala agurra, instantekoak diren bezala, zergatik uka, oroitzapenak. Denok dugu Berlin bat gure baitan, Berlin bat eta ez askoz gehiago, gure berreraikitze planekin, gure trazu guztietako biktimekin eta kabitu ere egiten ez zaizkigun hauen omenezko monumentuekin. Denok dugu Berlin bat gure baitan, aixkide, denok baitugu kontzentrazio-esparru bat gure baitan, denok dugu-eta judutar bat gure baitan, eta turkiar bat, eta errusiar bat, eta deskuidoan euskaldun bat ere, jakintzazu. Denok dugu Berlin bat gure baitan, amigo, U-Bahn, S-Bahn, bitte Friedrichstrasse, bitte. Denok dugula Berlin bat gure baitan, eta batzuek Berlin bat eta pare bat ipuin eta aitzakia, baina batzuek bakarrik amigo, batzuek bakarrik.

martes, 11 de octubre de 2005

Kontzertuak, Kontzertuak eta Kontzertuak


Kontzertu andana asteburu honetan Euskal Herri osoan, batez ere Bizkaia aldean. Gipuzkoan ere kontzertuak izango dira, eta baita Hendaian ere, Sorkun-en kontzertua izango baita Kanttu tabernan.


Nafarroan Nafarroa Oinez izango da igandean, eta beti bezala, kontzertu asko izango dira: Urgabe, Sagarroi, Karidadeko Benta, Mal de Ojo, Arima Beltza, etab. Bestalde, Mutriku herrian jazz kontzertua izango da Miren Aramburu Ensenble taldearekin: Kultur Etxean izango da, larunbatean, Debajazz jaialdiaren barruan.


Ostiralean Bcore disketxe kataluniarrak kontzertua eskainiko du Durangon 15 urteurrena ospatzeko. Bertan Half Foot Outside iru?earrak, Xmilk bartzelonarrak eta Nueva Vulcano izango dira. Plateruena Kafe Antzokian izango da kontzertua, ostiralean. Baina Durangotik atera gabe, hurrengo egunean, Metak disketxeko talde askok kontzertua eskainiko dute Landako gunean: Biok, Sorkun, Kuraia pi L.T eta Betagarri izango dira. Gero Dropez Frames kolektiboak musika eta irudiak uztartuz ikuskizuna eskainiko du, gaueko ordu luzeak bitartean.


Bilbon Wintercase jaialdiaren lehen eguna izango da larunbata: Adam Green estatubatuarra eta Jeffrey Lewis Band izango dira Kafe Antzokian. Igandean, leku berdinean, Massive Attack taldeko dj den Daddy G izango da.


Asteburu musikala hortaz, zalantza izpirik gabe. Badaukazu non aukeratu, ez dago aitzakiarik!

lunes, 3 de octubre de 2005

Lau talde lehian asteburu honetan, Debajazz jaialdiko talde berrien lehiaketan


Elgetako Espaloia Kafe Antzokiak aste honetan jasoko du Debajazz jaialdiak talde berriei eskaini dien lehiaketako finala. Larunbatean, urriak 8, El Eje Quintet donostiarrak eta High Grooving Estatu Batuarrak arituko dira. Igandean berriz, Zafari Project madrildarrak eta Karion kataluniarrak izango dira lehian.


Musikeneko artistek osatzen dute El Eje taldea, Carlos Bernal gitarristak, Jose Gallardo saxoak, Ivan San Miguel kontrabaxuak, Alejandro-Satxa Soriazu pianoak eta Francisco Gazol bateriak. 2002. urtean Donostiako altxerrin estreinaldia egin zutenetik gelditu gabe ibili dira eszenatokiz-eszenatoki beren dohainak erakusten. Besteak beste aipatzekoak dira taldeak 2004. urtean Zaragozako jazz jaialdian emandako kontzertua edo aurtengo Donostiako Jazzaldian eskaini zutena.


High Grooving taldea Estatu Batuetatik dator eta Gabriel Riesco (gitarra), Dennis Frehse (bateria), Alex Gordeev (saxoa), Demian Gabaud (kontrabaxua) eta Leo Genovese (pianoa) dira taldeko partaideak.


Igandean ariko diren taldeei dagokionean, Zafari Project talde madrildarra Marta Sanchez pianoak, Julio Botti saxoak eta Francisco Lopez kontrabaxuak osatzen dute eta besteak beste azpimarragarria da 2004. urtean Ibizako Injuve jaialdian Solid! taldearekin batera eskaini zuten kontzertua. Igandeko bigarren taldeari buruz, Karion taldeari buruz hain zuzen ere, esan Bartzelonatik datozela eta Marc Cuevas kontrabaxuak, Sergi Sirvent pianoak eta Ramon Prats bateriak osatzen dutela.

domingo, 2 de octubre de 2005

Aupa Etxebeste!


Asier Altuna eta Telmo Esnal-en eskutik, ETBren laguntzarekin, Aupa Etxebeste! Filma datorkigu, euskara hutsean grabaturiko lehen luzemetraia, hots bertsio originala euskaraz duen lehen filma.


Etxebestetarrak, Marbellara oporretan joateko asmoa duen txapela ekoizle familia , bidaiari ekitear zeudela jakinen dute zuten diru guztia galdu egin dutela. Jendeaurrean duten irudia zaintzeko asmoz, familia etxean izkutatuta egon beharko da hilabete luzez, haien herritarren artean susmorik zabaldu gabe.


Argumento horrekin, farrak ziurtatuta daude. Istorio xume eta arrunta, konplikazio askorik gabe, metraiaren 97minutuak originaltasuna eta kolpe eraginkorrekin betetzen dira.


Familia berezi hau, ETBko ikusleentzat ezagunak diren aurpegiek osatzen dute: Ramon Aguirra (aita), Elena Irurita (Ama), Paco Sagarzazu (Aitona) eta Iban Garate (Semea). Pertsonai nagusiez gain, beste hainbat aurpegi ezagun ikus ditzazkegu ere, hala nola Anjel Alkain, aktore eta humorista ezaguna. Honekin, ikusle euskaldunengan gertutasun sentsazio handia sortzen du.


Filme hau, Donostiako Zinemaldian estreinatua, kritikaren harrera beroa izan du, gogoz txalotu baitzuten filmaren estreinako emanaldia. Aupa Etxebeste! Euskal zinemaren egunean, IBAIA saria jaso zuen, urteko ekoizpen arriskatu eta berritzaileena delako.

sábado, 1 de octubre de 2005

Sorkun: Duna


Sorkun Sorkun da, eta ez besterik. Jada ez da bakarrik Kashbad taldeko abeslari ohia, edo Fermin Muguruzaren korista. Pertsonalitate propioa hartu duen ahotsa da, eta inoiz baino bakarlariago datorkigu bigarren disko honetan. Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu zuen.


?Duna? deitzen da, stoner ikutu nabaria baitauka. Ezin da beste modu batera izan, Neubat-eko lagunak ondoan edukita. Elektronikarekin jolastuz, eta honek eman ditzakeen ?abardura guztiak aprobetxatuz konposatu du oreretarrak disko berri hau.


Sekulako ikusmira sortu zuen Bilboko Kafe Antzokiko aurkezpen kontzertuak, bete-beteta baitzegoen, osteguna izan arren. Lehenengo single-arekin hasi zuten kontzertua, ikutu stoner nabaria duen ?Heldu Nazazu? horrekin. Gutxinaka-gutxinaka, eta jendetza berotzen hasi zen heinean, ?Onna? diskoko hainbat kantu jo zituzten, azken honetakoak baino indar handiagokoak, eta kitarraren presentzia handiagoarekin.


Kolaborazioen tartea hasteko Potemkin taldeko Tzutzi igo zen taulagainera ?Non Zaude?? kantuan koroak egiteko, diskoan egin bezala. Gero Aritz Lazkano izan genuen, Izaera taldekoa, Kashbad-en ?Zuen Eskaparateetan? kantuaren bertsio azeleratua egiteko.


Saxoak ikutu ezberdina ematen die kantu askori, bai ezagutzen genituenei eta baita berriei ere. Zuzenean elementu elektronikoen ezak hutsunea sortu lezake, baina ez da hala, baxuaren presentzia sekulakoa baita.


Konturatzerako kontzertua amaitu zen, eta etxera bueltatu ginen ahoan irribarrea genuela. Sorkun eskenatokia betetzen duen abeslari horietakoa da. Eta Euskal Herrian esku bakarreko hatzekin zenbatu ditzazkegu horrelakoak. Bira luzea izango dute. Aprobetxatu zure herritik pasatzen badira.