sábado, 31 de diciembre de 2005

Xabier Gantzarain: ?¤½Probintzikeria ikaragarri batek gidatzen du kultura gure herrian?¤


Urtearen azken hondarra heldu den honetan izan dugu Xabier Gantzarainek Nabarra aldizkarian idatzitako artikulu honen berri. Idazle azkoitiarraren iritziz, euskal literatura ez dute serio hartzen erakunde pribatuek eta sari emaileek. Artikulu osoa irakurtzeko Nabarra aldizkariaren paperezko ediziora jo dezakezue. Guk hemen zati bat eskegiko dugu:


"Euskal literatura ez da gauza serioa, ez baita serio hartzen. Euskal Literaturatik Euskal hori interesatzen baitzaie erakunde publikoetako goi kargu txit gorenei zein sari-emaile pribatuetako propaganda buruei. Ez idazten dena, ez munduaz ematen den ikuspegia, baizik eta euskaraz egotea. Probintzikeria ikaragarri batek gidatzen du Kultura gure herrian, eta gainera Kultura bera ez den beste helburu batzuekin".

martes, 27 de diciembre de 2005

Standstill ez da eremulauak.com jaian izango


Bartzelonako taldea ezin izango da urtarrilaren 7an izango den jaian izango, azken aldian taldean dagoen giro nahasiagatik. Dirudienez, taldekide batek Standstill uztea erabaki du, eta ordezkoa bilatzen duten bitartean ez omen dute kontzerturik eskainiko.


Halere, Bcore zigiluaren taldearentzat ordezkoa dugu jada: Split 77 bilbotarrak izango dira gure jaian. Mentura diskoko kantuak eta prestatzen ari diren lan berriko abestiren bat ere joko omen dute Deustuako lagunek.


Gogoratzen dizuegu Split 77 taldeaz gain, Zea Mays eta Atom Rhumba izango direla. Gainera, Txamankizuna ikuskizun poetiko-musikala izango da eta gaua luzatzeko DJ Tequierocomoamigo izango da.


Gogoratu: Durangoko Plateruena Kafe Antzokian, urtarrilaren 7an, 22:30tatik aurrera.

domingo, 25 de diciembre de 2005

Marlango: Inperfekzio automatikoa


Bilboko Arriaga Antzokia, astelehen arrats-gaua. Zortziak heltzen dira, eta behin ere Bilboko entzulegoa oso puntuala ez dela ikusi daiteke, jakina baita sarrera guztiak agortu direla, eta leku libre asko ikusten dira.


Orduan, aretoa ilunpean geratzen da areto-zainak eskuargia atera behar duelarik jendea gidatzeko. Musikarekin bat doazen argiak pizten dira, agian gisa horretako areto batentzat aproposena ez zen arren. Orain bai, iluntasun osoan gelditzen da Arriaga, eta hirukotea agertzen da, zuzenean seikote bihurtuta. Alejandro Pelayo, Leonor Watling eta Oscar Ybarrak osatutako taldeak ordu t?erdi pasatxoko emanaldia eskaini zuen, alderdi free-jazzena albo batera utziz eta popa bere gain hartuz. Publikoarenganako sekulako hurbiltasuna erakutsi zuten, abestien tartean txantxak eginez, nahiz eta hauek batzutan sinesgarritasun gutxi eduki. Aurreko biran erakutsitako gehiegizko posea alde batera utzi zuten, eta udan Donostiako Jazzaldian egin bezala, saltoka amaitu zuten, eta Automatic Imprefection diskoan baino intentsitate handiagoa eman zioten kantu gehienei, eta baita publikoak eskertu ere, amaieran txaloaldi luze batekin berriz ateratzera behartu baitzituzten.


Kontzertu magikoa izan zen, intimoa. Pelayok instrumentalizaziorako sekulako gaitasuna erakutsi zuen pianoa, kitarra eta xilofonoarekin maisuki arituz.


Askorentzat garrantzitsuena izan arren, taldeko abeslaria aktore famatua izatea anekdota hutsa da, taula gainean ezin hobeto aritzen baita. Norbaitek esan zuen bezala, askotan kontua ez da ondo abestea, baizik eta abesten jakitea.

sábado, 24 de diciembre de 2005

Sonny Rollins saxofoi jotzailea Gasteizen izango da uztailean


Duela 75 urte New Yorken jaiotako musikari ezagunak Europa osoan emango duen kontzertu bakarra Gasteizko Jazzaldian eskainiko du. Uztailaren 15ean dute zita Rollinsen zale guztiek, nahiz eta, jazz onaz gozatzeko lehenago ere aukera izango den Gasteizen, aurten Arabako hiriburuko Jazz jaialdia uztailaren 8an hasiko baita.


http://www.sonnyrollins.com/

martes, 20 de diciembre de 2005

Harold Pinter, 2005eko Nobel saria: Artea, egia eta politika


Urte honetan literaturako Nobel saria irabazi ondoren eskaini zuen honako hitzaldia Harold Pinterrek. Berandu samar bada ere, testua euskarara ekarri dugu, gaurkotasunarekin duen harreman estuaz gain, Pinterrek arteaz eta errealitateaz egiten dituen gogoetak biziki interesgarriak iruditu baitzaizkigu. Aldez aurretik barkamena eskatu nahi dugu itzulpena ez baldin badago jatorrizko testuaren mailan (hala ere, guk dakigula behintzat inork ez du orain arte hobeto egin). Hona hemen beraz Harold Pinterren hitzaldia:


1958an ondokoa idatzi nuen:


?Ez dago desberdintasun handirik errealitatea eta fikzioaren artean, ezta egiazkoa eta gezurrezkoaren artean ere. Gauza bat ez da ezinbestean egia edo gezurra; egia eta gezurra izan daiteke aldi berean.?


Uste dut baieztapen hauek oraindik zentzua dutela eta oraindik aplikatzen direla artearen bidez egiten den errealitatearen ikerketan. Beraz, idazle naizen neurrian, mantendu egiten ditut, baina hiritar moduan ezin dut; hiritar naizen neurrian galdetu behar dut: Zer da egia? Zer da gezurra?


Arte dramatikoan egia topatzea beti da gaitza. Inoiz ez duzu guztiz aurkitzen baina beti ari zara bila sutsuki. Bilaketa da argi eta garbi, eginahala bideratzen duena. Bilatze hori da zure lana. Noizean behin, egiarekin tupust egiten duzu iluntasunean, berarekin talka eginez edo irudi galkor bat edo egiarekin harremana duela dirudien irudi bat harrapatuz, egin duzunaz konturatu ere egin gabe sarritan. Baina benetako egia da arte dramatikoan inoiz ez dagoela horrelako egia bakarrik. Asko daude. Egia hauek elkarri desafioka ari dira, elkarrengandik banantzen dira, elkar islatzen dute, elkarri bizkar ematen diote, elkarri adar joka ari dira, itsuak dira bata bestearentzat. Batzuetan momentu batez egia eskuan duzula sentitzen duzu, atzamarren artetik ihes egin eta galdu egiten den arte.


Askotan galdetu izan didate nola jaiotzen diren nire antzezlanak. Ez dakit nola azaldu. Ez dakit, ezta ere, nire antzezlanen laburpenak egiten, ez badut haietan gertatzen dena kontatzen. Hau da esaten dutena. Hau da egiten dutena.


Obra gehienak esaldi batetik, hitz batetik edo irudi batetik jaiotzen dira. Hitzari irudiak jarraitzen dio segituan. Ezerezetik nire buruan azaldu ziren bi esaldiren adibideak emango dizkizuet. Haien atzetik etorri zen irudia eta irudiaren atzetik ni.


Obrak The Homecoming eta Old Times dira. The Homecoming-eko lehen esaldia ?Zer egin duzu guraizeekin?? da. Old Times-en lehen esaldia ?Iluna? da.


Bi kasuetan ez neukan informazio gehiago.


Lehenengo kasuan norbait guraizeen bila ari zen, noski, eta non zeuden galdetzen zion bere susmoen arabera ziurrenik lapurtu egin zituen pertsonari. Baina nik nolabait banekien galdera jaso zuenari bost axola zitzaizkiola guraizeak eta galdera egin zuen pertsona.


?Iluna?-n norbaiten ilearen deskribapena hartu nuen, emakume baten ilearena, eta galdera baten erantzuna zen. Bi kasuetan behartua ikusi nuen nire burua gaiarekin jarraitzera. Bisualki gertatu zen, oso astiro, itzaletik argira.


Pertsonaiei A, B eta C deituz hasten dut obra bat beti.


Geroago The Homecoming bihurtu zen obran gizon bat ikusi nuen gela soil batean sartzen eta bere galdera luzatzen sofa itsusi batean zaldi lasterketen aldizkari batekin zegoen gizon gazteago bati. Nolabait susmoa izan nuen A aita zela eta B bere semea, baina ez neukan frogarik. Hala ere hau baieztatu nuen apur bat beranduago B-k (geroago Lenny izango zenak) A-ri (geroago Max) zera esaten dionean: ?Aita, inporta dizu hizketa gaia aldatzen badugu? Zerbait galdetu nahi dizut. Lehen afaldu dugunak nola du izena? Nola deitzen diozu zuk? Zergatik ez duzu txakur bat erosten? Txakurrentzako sukaldaria zara. Benetan. Janaria txakurrentzako prestatzen ari zarela uste duzu.? Beraz B-k A-ri ?aita? esaten dionetik arrazoizkoa iruditu zitzaidan aita-semeak zirela onartzea. A sukaldaria zen argi eta garbi eta ez zuen ematen bere janariak begirune handirik sortzen zuenik. Esan nahi al zuen horrek ez zegoela amarik? Ez nekien. Baina, orduan nire buruari esan nion moduan, gure hasierek inoiz ez dakite gure bukaerez.


?Iluna?. Leiho handi bat. Arratsaldeko zerua. Gizon bat, A (gero Deeley izango zena), eta emakume bat B (gero Kate bihurtuko zen) eserita edari batzuekin. ?Lodia edo argala?? galdetzen du gizonak. Nori buruz ari dira? Baina gero emakume bat ikusten dut, C (gero Anna bihurtuko zena), leihoan jarrita, bestelako argi batekin, beraiei bizkarra emanez, bere ile iluna.


Momentu arraroa da, ordura arte existitzen ez ziren pertsonaia batzuk sortzeko momentua. Ondoren datorrena etenka dator, zalantzazkoa da, haluzinagarria eta guzti nahiz eta batzuetan elur-jausi geldiezina izan daitekeen. Egilearen posizioa bitxia da. Zentzu batean pertsonaiek ez diote ongietorria ematen. Pertsonaiek kontra egiten diote, ez da erraza haiekin bizitzea, definiezinak dira. Egia esan, ezin diezu agindurik eman. Neurri bateraino amaigabeko partida bat jokatu dezakezu beraiekin, katua eta sagura, itsumandoka, gorde-gordeketan. Baina azkenean zure eskuetan hezur-haragizko pertsonak dauzkazula aurkitzen duzu, borondate eta sentsibilitate propioekin, aldatu, manipulatu edo distortsionatu ezin dituzun zatiz osatuak.


Beraz artean mintzaira anbizio handiko elkartruke bat da, harea mugikorrak, tranpolin bat, edozein momentutan zure oinen, egilearen oinen, azpian ireki daitekeen izoztutako urmael bat.


Baina esan dudan moduan, egiaren bilaketa ezin da inoiz gelditu. Ezin da gibeleratu, ezin da atzeratu. Aurre egin behar zaio, hortxe bertan, berehala.


Antzerki politikoak erabat desberdina den arazo multzoa erakusten du. Sermoiak sahiestu behar dira kosta ala kosta. Funtsezkoena objetibitatea da. Pertsonaiei beren kasa arnas hartzen utzi behar zaie. Egileak ez ditu giltzapetu behar, ezta mugatu ere, bere gustuak, gogoak edo aurreiritziak asetzeko. Prest egon behar da beraiengana angelu anitzetik hurbiltzeko, inhibiziorik gabe eta perspektiba aukera zabal batetik, ustekabean harrapatuz, agian, noizean behin, baina hala ere nahi duten bidetik joaten utzi gabe. Horrek ez du beti funtzionatzen. Eta noski, satira politikoa ez da arau hauetara lotzen. Egiaz, kontrakoa egiten du hain justu, hori baita bere benetako funtzioa.


Uste dut nire The Birthday Party lanean abagune sorta zabal batek funtzionatzeko bidea ematen dudala, aukeren oihan trinko batean, dominazio ekintza batean arreta jarri aurretik.


Mountain Language-ek ez du horrelako funtzionamentu zabaltasunera iristeko asmorik. Basatia da, laburra eta desatsegina. Baina obrako soldaduak ondo pasatzen dute horrekin. Batek ahaztu egiten du batzuetan torturatzaileak erraz aspertzen direla. Barre piska bat egin behar dute goiari eusteko. Gertakari hau, noski, Bagdadeko Abu Graib-eko gertakariekin baieztatu da. Mountain Language-ek 20 minutu baino ez du irauten, baina orduak eta orduak jarraitu zitzakeen, behin eta beste behin eta beste behin errepikatuz, gauza bera etengabe, behin eta beste behin, orduak orduen atzetik.


Ashes to Ashes, bere aldetik, ur azpian gertatzen dela iruditzen zait. Itotzen den emakume bat, bere eskua olatuen artetik ur gainera ateratzen, hondoratu eta desagertzen, norbaiten bila, baina inor topatzen ez duela, ez ur gainean ez azpian, itzalak bakarrik aurkituz, isladak, flotatzen; emakumea, figura galdua hondoratzen ari den paisaian, emakume bat, besteei bakarrik eragiten ziela ematen zuen hondamenditik ihes egin ezinik.


Baina, besteak hil ziren moduan, bera ere hil egin behar da.


Hizkuntza politikoa, politikariek erabiltzen duten moduan, ez da lurralde hauetako bakar batean ere sartzen, politikarien gehiengoak eskura dauzkagun ebidentzien arabera, ez baitu interesik egian, boterean eta botere horri eustean baizik. Botere horri eusteko beharrezkoa da jendea ezjakintasunean mantentzea, egia ezagutu gabe bizi daitezela, beren bizitzei buruzko egia bada ere. Inguruan duguna gezur sare erraldoia da eta hortik elikatzen gara.


Mudu guztiak dakien moduan Irak inbaditzeko arrazoi nagusia Sadam Husseinek oso arriskutsuak ziren suntsipen handiko armen biltegiak edukitzea izan zen, horietako batzuk 45 minutuan jaurtitzeko prest egon zitezkeenak, izugarrizko suntsipena sortzeko indarrarekin. Egia zela ziurtatu ziguten. Ez zen egia. Irakek Al Kaedarekin harremana zuela esan ziguten eta New Yorken 2001eko irailaren 11n izandako basakeriaren erantzule zela neurri batean. Egia zela ziurtatu ziguten. Ez zen egia. Irakek munduaren segurtasuna mehatxuan jartzen zuela esan ziguten. Egia zela ziurtatu ziguten. Ez zen egia.


Egia erabat desberdina den zerbait da. Egiak zerikusia du Estatu Batuek munduan bere papera ikusteko duten moduarekin, eta paper hori hezumamitzeko aukeratzen duten moduarekin.


Baina orainera itzuli aurretik iragan hurbilera begiratu nahi nuke, esan nahi dut, Bigarren Mundu Gerraren bukaeraz geroztik Estatu Batuen kanpo politikara. Uste dut gure eginbeharra dela garai honi nolabaiteko azterketa ezartzea, nahiz eta modu osagabe batean izan, hori baita hemen daukagun denborak utziko digun bakarra.


Mundu guztiak daki zer gertatu zen Sobiet Batasunean eta ekialdeko Europa osoan gerra ondoko garaian: basakeria sistematikoa, era askotako ankerkeriak, pentsamentu independientearen jazarpen erruki gabea. Hori guztia luze eta zabal dokumentatu eta ziurtatu dute.


Baina nik uste dut AEBren krimenak garai berean azaletik baino ez direla bildu, are gutxiago dokumentatu edo onartu edo krimen modura aitortu. Honi heldu behar diogula uste dut eta munduaren gaur egungo egoerak baduela harremanik gai honen inguruko egiarekin. Sobiet Batasunaren existentziagatik neurri bateraino mugatuta badaude ere, Estatu Batuek munduaren luze-zabalean egin dituzten ekintzak argi utzi zuten baimen osoa zeukatela nahi zutena egiteko.


Herrialde subirano baten inbasio zuzena inoiz ez da Estatu Batuen metodo gogokoena izan. Kasu gehienetan, nahiago izan dute beraiek ?intentsitate baxuko gatazka? moduan definitu dutena. Intentsitate baxuko gatazkak esan nahi du milaka pertsona hiltzen direla baina beren gainera bonba bat botata kolpean hilko liratekeenak baino mantsoago. Esan nahi du herrialdearen bihotza zornatzen duzula, tumore gaizto bat ezartzen duzula eta haratustelaren garapenari so egiten diozula. Herria menperatua izan denean ?edo hiltzeraino egurtua ?gauza bera da? eta zure lagunak, militarrak eta korporazio handiak boterean eroso esertzen direnean, zu kameraren aurean jartzen zara eta demokrazia gailendu dela esaten duzu. Hau izan zen normalena AEBen kanpo politikan hitz egiten ari naizen urte haietan.


Nikaraguako tragedia oso adibide adierazgarria izan zen. Hemen azaltzeko aukeratu nuen, munduan Estatu Batuek beren burua nola ikusten duten adierazteko adibide garbi moduan, bai orduan eta bai orain.


Ni Londreseko AEBko enbaxadan izan nintzen bilera batean laurogeiko hamarkadaren amaieran.


Estatu Batuetako Kongresua Nikaraguako estatuaren aurkako kanpainarako Contrari diru gehiago eman edo ez erabakitzekotan zegoen. Ni Nikaraguaren izenean hitz egitera joan zen delegazioko kidea nintzen, baina delegazioko pertsona garrantzitsuena Aita John Metcalf zen. AEBko taldearen burua Raymond Seitz zen (orduan enbaxadorearen laguntzailea, gero bera izango zen enbaxadorea). Aita Metcalfek zera esan zuen: ?Jauna, parrokia bateko zuzendaria naiz Nikaraguaren iparraldean. Nire eliztarrek eskola bat eraiki zuten, osasun zentru bat, kultur etxe bat. Bakean bizi ginen. Duela hilabete gutxi Contraren talde batek parrokia erasotu zuen. Dena sutsitu zuten: eskola, osasun zentrua, kultur etxea. Erizainak eta irakasleak bortxatu zituzten, medikuak erail, modurik basatienean. Basapiztien moduan portatu ziren. Mesedez, exijitu ezazu AEBko gobernuak jarduera terrorista nazkagarri honi ematen dion babesa erretira dezala?.


Raymond Seitzek gizon arrazional, arduratsu eta sofistikatua izateagatik oso izen ona zuen. Giro diplomatikoetan asko errespetatzen zuten. Entzun zuen, tarte bat hartu zuen eta ondoren handitasunez hitz egin zuen. ?Aita? esan zuen, ?utzidazu zerbait esaten. Gerran jende errugabeak beti sufritzen du?. Isiltasun hotz bat etorri zen. Begiratu egin genion. Ez zituen begiak kliskatu ere egin.


Errugabeek, egia esan, beti sufritzen dute.


Azkenean norbaitek esan zuen: ?Baina kasu honetan ?pertsona errugabeak? zure gobernuak diruz lagundutako ankerkeria izugarri baten biktimak izan dira, bat askoren artean. Kongresuak Contrari diru gehiago ematen badio mota honetako ankerkeria gehiago izango dira. Ez al da hala? Ez al da beraz zure gobernua herrialde subirano bateko herritarren aurkako erailketa eta suntsipen ekintzak babestearen erruduna??


Seitz ez zen larritu. ?Ez dut uste gertakariak aurkeztu diren moduan ikusita zure baieztapenekin bat egiten dutenik? esan zuen.


Enbaxadatik joaten ari ginen bitartean laguntzaile estatubatuar batek nire lanekin gozatu zuela esan zidan. Ez nion erantzun.


Gogoratu behar dizuet orduko presidenteak, Reaganek, ondoko adierazpena egin zuela: ?Contra gure Aita Fundatzaileen baliokide morala da?.


Estatu Batuek Nikaraguan Somozaren diktadura basatia babestu zuten berrogei urtez. Nikaraguako herriak, sandinistek gidatuta, erregimen hori garaitu zuen 1979an, sekulako iraultza herritarra.


Sandinistak ez ziren perfektuak. Harrokeria puntu argi bat zuten eta beren filosofia politikoak zenbait elementu kontraesankor zituen. Baina inteligenteak ziren, arrazionalak eta zibilizatuak. Jendarte egonkor, zintzo eta plurala lortzeko helburua zuten. Heriotz zigorra abolitu zuten. Ehundaka mila nekazari pobre halabeharrezko heriotzetik libratu ziren. 100.000 bat familiari lurren jabetza tituluak eman zitzaizkien. Bi mila eskola eraiki ziren. Hezkuntza kanpaina nabarmen bati esker herrialdeko analfabetismoa zazpirena baino gutxiatora jeitsi zuen. Doako hezkuntza eta osasun zerbitzuak ezarri ziren. Haurren heriotza-tasa heren batera jeitsi zen. Polioa errotik desagertarazi zen.


Estatu Batuek iraultza marxista/leninistak bailiren salatu zituzten lorpen hauek. Adibide arriskutsua ari zen ezartzen Estatu Batuetako gobernuaren ikuspuntutik. Nikaraguari justizia sozial eta ekonomikoaren oinarrizko arauak ezartzen utziz gero, osasun eta hezkuntza mailak haztea eta batasun soziala eta errespetu nazional propioa erdiesteko aukera emanez gero, aldameneko herrialdeei galdera berak sortuko zitzaizkien eta gauza berberak egingo zituzten. Momentu hartan noski, El Salvadorreko status quoaren aurkako erresistentzia bortitza zegoen.


Lehenago inguruan dugun ?gezur sare erraldoiaz? hitz egin dut. Reagan presidenteak normalean ?ziega totalitario? moduan deskribatzen zuen Nikaragua. Hedabideek eta noski, britaniar gobernuak, azalpen zehatz eta impartziala bailitzan hartu zuten hau. Baina egiaz ez zegoen gobernu Sandinistaren agindupeko heriotz-eskuadroien inguruko agiririk. Ez zegoen torturari buruzko agiririk. Ez zegoen militarren bortizkeria sistematiko edo ofizialaren inguruko agiririk. Ez zuten apaizik hil Nikaraguan. Izan ere, hiru apaiz zeuden gobernuan, bi jesuita eta eta Maryknoll-eko misiolari bat. Ziega totalitarioak oso gertu zeuden benetan, El Salvadorren eta Guatemalan. Estatu Batuek 1954an Guatemalak demokratikoki aukeratutako gobernua azpiratu zuen eta 200.000 pertsona inguru aurrerantzeko diktadura militarren biktima izan zirela uste da.


Munduko sei jesuita bikainenetarikoak doilorki erail zituzten 1989an Georgian, Fort Benning-en, AEBen entrenatutako Alcatl erregimentuko batailoi baten eskuetan San Salvadorren, Ertamerikako Unibertsitatean. Izugarri adoretsua zen gizon hura, Romero artzapezpikua, jendeari hitz egiten ari zen bitartean izan zen eraila. 75.000 pertsona hil zirela uste da. Zergatik hil zituzten? Bizimodu hobea posiblea zela eta erdietsi behar zela uste zutelako hil zituzten. Sinesmen horrek segituan komunista bilakatu zituen. Oinordetzan jaso zituzten statu quo-a, amaigabeko pobrezia egoera, gaixotasuna, beheratzea eta zapalkuntza ezbaian jartzen ausartu zirelako hil ziren.


Estatu Batuek azkenean gobernu sandinista azpirarazi zuten. Urteak eraman zituen eta nahiko lan eman zuen erresistentziak, baina jazarpen ekonomiko gupidagabeak eta 30.000 hildakok azkenerako nikaraguako herriaren adorean azpijana egin zuten. Akituta eta berriro ere pobreziara kondenatuta. Kasinoak itzuli ziren herrialdera. Doako osasuna eta hezkuntza amaitu egin ziren. Negozio handiak gogotik itzuli ziren. ?Demokrazia? nagusitu zen.


Baina ?politika? hau ez zen inola ere Ertamerikara mugatu. Munduaren alde guztietara zabaldu zen. Ez zuen amaierarik. Eta inoiz gertatu izan ez balitz bezala da.


Estatu Batuek lagundu eta kasu batzuetan sortu egin dituzte Bigarren Mundu Gerraz geroztik munduan izan diren diktadura militar eskuindar guztiak. Indonesiaz, Greziaz, Uruguaiz, Brasilez, Paraguaiz, Haitiz, Turkiaz, Filipinetaz, Guatemalaz, El Salvadorrez eta nola ez Txilez ari naiz. Estatu Batuek Txileri 1973an ezarritako izugarrikeria ezingo da inoiz garbitu eta ahaztu.


Ehundaka mila hilketa izan ziren herrialde hauetan guztietan. Izan al ziren? Estatu Batuen kanpo politikari egotzi ahal zaizkio heriotz horiek kasu guztietan? Erantzuna bai da, heriotz horiek izan ziren eta Estatu Batuen kanpo politikari egotzi ahal zaizkio. Baina zuek ez zenukete jakingo.


Ez zen inoiz gertatu. Inoiz ez zen ezer gertatu. Gertatzen ari zenean ere ez zen gertatzen ari. Ez zuen axola. Ez zuen interesik. Estatu Batuen krimenak sistematikoak, etengabekoak, doilorrak, gupidagabeak izan dira, baina oso jende gutxik hitz egin du haiei buruz. Trebetasuna onartu behar zaio Amerikari. Mundu zabalean boterearen manipulazio ia klinikoa burutu du, ongi unibertsalaren aldeko indarra izatearen maskara ipini duen bitartean. Hipnosi ariketa bikaina izan da, buru argikoa eta arrakasta itzela izan du.


Esaten dizuet Estatu Batuak direla dudarik gabe ikuskizun ibiltari handiena. Basatiak izan daitezke, axolagabeak, destainariak, ankerrak baina oso azkarrak ere badira. Saltzaile moduan ez dute parekorik, eta hoberen saltzen duten produktua beren buruentzako maitasuna da. Arrakasta handia da. Entzun itzazue Estatu Batuetako presidente guztiak telebistan, ?herri amerikarra? hitzak erabiltzen, honako esaldian bezala: ?herri amerikarrari esaten diot otoi egiteko eta herri amerikarraren eskubideak defendatzeko garaia dela eta herri amerikarrari eskatzen diot bere presidentearekin fedea izan dezala, herri amerikarraren onerako hartuko duen ekintzan?.


Amarru bikaina da. Hizkuntza pentsamentua kontrolatuta mantentzeko erabiltzen da gaur egun. ?Herri amerikar? hitzek lasaitasun kuxin oso sentsuala sortzen dute. Ez duzu pentsatu behar. Kuxinaren gainean etzan besterik ez. Kuxinak zure inteligentzia eta zure gaitasun kritikoa ito ditzake, baina oso erosoa da. Honek ez du funtzionatzen, noski pobreziaren mailatik behera bizi diren 40 milioi pertsonekin eta Estatu Batuen luze-zabalean hedatzen den kartzeletako ?gulag?-etan dauden gizon eta emakumeekin.


Estatu Batuak ez dira dagoeneko intentsitate baxuko gatazkekin kezkatzen. Ez dute inolako interesik ikusten zuhurra eta maltzurra izatean. Mahai gainean jartzen dituzte beren kartak beldur eta faborerik gabe. Besterik gabe bost axola zaizkio Nazio Batuak, nazioareko legea edo disidentzia kritikoa, indarge eta hutsalak iruditzen baitzaizkio. Bere gona txakur propioa du gainera atzean uzkurtuta, Britainia Handi patetiko eta nakarra.


Zer gertatu zaio gure sentsibilitate moralari? Izan al dugu inoiz? Zer esan nahi dute hitz hauek? Egunotan hain gutxi erabiltzen den hitz bati buruz ?kontzientzia? ari dira? Kontzientzia bat, ez bakarrik gure ekintzekin erabiltzeko, besteen ekintzetan dugun erantzukizun partekatuarekin erabiltzeko baizik. Dena hilda al dago? Begira Guantanamoko badia. Ehundaka lagun kargurik gabe atxilotuta hiru urte baino gehiagoz, lege-ordezkaririk eta beharrezko epaiketarik gabe, teknikoki betirako atxilotuta. Erabat legez kanpokoa den egitura hau Genevako Konbentzioaren aurka mantentzen da. Hau onartzeaz gain nekez egin du galderarik ?Nazioarteko komunitatea? deitzen denak. Bere burua ?mundu librearen lider? moduan ikusten duen herrialdea ari da ankerkeria kriminal hau egiten. Pentsatzen al dugu Guantanamoko badiako biztanleetan? Zer diote hedabideek haiei buruz? Noizean behin agerrarazten dituzte ?aipamen txiki bat seigarren orrian. Inorenak ez diren lurretara igorri dituzte, eta esan dezakegu agian ez direla inoiz itzuliko. Gaur egun asko gose-greban daude, indarrean elikatuta, biztanle Britaniarrak barne. Ez dago fintasunik elikadura prozesuetan. Ez lasaigarri eta ez anestesiarik. Zure sudurrean eta ahoan jarritako hodi bat besterik ez. Odola botatzen duzu oka. Hau tortura da. Zer esan du honi buruz Kanpo Arazoetako idazkari Britaniarrak? Ezer ez. Zer esan du Lehen Ministro Britaniarrak honi buruz? Ezer ez. Zergatik ez? Estatu Batuek zera esan dutelako: Guantanamoko badiako gure jokabidea kritikatzea ez da adiskidantzazko ekintza. Gurekin edo gure aurka zaude. Eta beraz Blair isildu egiten da.


Iraken inbasioa gaizkileen ekintza izan da, estatu-terrorismo ekintza argia, nazioarteko legeen kontzeptuari erabateko erdeinua erakutsiz. Inbasioa ekintza arbitrarioa izan zen, gezurren gaineko gezur andana batek eta hedabideen (eta hortaz publikoaren) manipulazio nazkagarri batek bultzatua; Ekialde Hurbilean Estatu Batuen kontrol ekonomiko eta militarra sendotzeko ekintza, askapen ekintza modura maskaratua ?azken baliabide gisara? beste justifikazio guztiak bakar-bakarrik erori dira. Ehundaka eta ehundaka errugaberen heriotza eta mutilazioaren erantzulea den indar militarraren adierazpen izugarria.


Tortura, zatikatze bonbak, uranio pobretua, ausazko hilketa, miseria, degradazio eta heriotza-ekintza zenbaezinak ekarri dizkiogu irakeko herriari eta ?Ekialde Hurbilera askatasuna eta demokrazia eramatea? deitzen diogu horri.


Zenbat pertsona hil behar dituzu masa-hiltzaile eta gerra kriminaltzat har zaitzaten? Ehun mila? Nahikoa eta gehiago, pentsatuko nuke nik. Horregatik da bidezkoa Blair eta Bush Nazioarteko Zigor Auzitegian auzipetzea. Baina Bush azkarra izan da. Ez du Nazioarteko Zigor Auzitegia onetsi. Horregatik soldadu edo politikari amerikar bat atxilotua izanez gero Bushek marineak bidaliko lituzkeela ohartarazi du. Baina Tony Blairrek Auzitegia onetsi du eta horregatik jazarri dezakete. Auzitegiari bere helbidea eman diezaiokegu, interesa badute: Downing Street-eko 10. zenbakia da, Londresen.


Heriotzak garrantzia gutxi du testuinguru honetan. Biek, Bushek eta Blairrek urrun ipintzen dute heriotza, atzealdeko aleetan. Gutxienez 100.000 irakiar hil ziren amerikarren misil eta bonbengatik, irakeko matxinada hasi aurretik. Pertsona hauek ez dira existitzen orain. Beren heriotzak ez dira existitzen. Zuriguneak dira. Ez dira hildako moduan azaltzen agirietan. ?Ez ditugu gorpuak zenbatzen? esan zuen Tommy Franks general amerikarrak.


Inbasioa baino lehen egunkari britainiarren azaletan Blairren argazki bat argitaratu zen ume irakiar baten masailean musu ematen. ?Esker oneko umea? zioen argazki oinak. Egun batzuk beranduago besorik gabeko lau urteko ume baten kontua azaldu zen argazki batekin, barruko orrialde batean. Misil batek harrapatu zuen bere familia. Bera izan zen bizirik atera zen bakarra. ?Noiz berreskuratuko ditut nire besoak?? galdetzen zuen. Kontu hura desagertu egin zen. Ongi, Tony Blairrek ez zeukan besoetan, ezta beste mutilatutako edozein haur ere, ezta odoleztatutako beste edozein gorpu ere. Odola zikina da. Zure alkandora eta gorbata zikintzen ditu telebistan hitzaldi zintzo bat egiten ari zarenean.


Hil diren 2.000 estatu batuarrak lotsaizuna dira. Iluntasunean eramaten dituzte hilobira. Hiletak diskretuak dira, arriskutik urrun. Mutilatuak beren oheetan usteltzen dira, batzuk bizi guztirako. Honela biak, mutilatuak eta hildakoak, usteldu egiten dira, hilobi mota desberdinetan.


Hemen daukazue Pablo Nerudaren ?Gauza batzuk azaltzen ditut? poemako aipu bat:


Eta goiz batez dena sutan zegoen

eta goiz batez suak

lurretik ateratzen ziren

izakiak irentsiz,

eta geroztik sua,

bolbora geroztik,

eta geroztik odola.

Lapurrak hegazkin eta mairuekin,

lapurrak eraztun eta dukesekin

lapurrak fraide beltz bedeinkariekin

zerutik zetozen umeak hiltzera

eta kaleetan umeen odola

korrika soilik, umeen odola bailitzan


Txakalek baztertuko lituzketen txakalak

kardu lehorrek ttu eginez hozka egingo lioketen harriak,

sugegorriek gorrotatuko lituzketen sugegorriak!


Zuen aurrean ikusi dut Espainiaren

odola altxatzen

harrokeria eta labanen

olatu bakar batean zuek itotzeko


General

traidoreak:

ikusi nire etxe hila

ikusi Espainia apurtua:

baina etxe bakoitzetik sutan dagoen metala ateratzen da

loreen ordez

baina Espainiako tarte bakoitzetik

Espainia ateratzen da

baina hildako ume bakoitzetik begidun fusil bat ateratzen da

baina krimen bakoitzetik balak jaiotzen dira

egun batean bihotzaren lekua

aurkituko dizuetenak


Galdetuko duzue: Zergatik haien poesiak

ez digu ametsaz, hostoez hitz egiten

sorterriko sumendi handiez?


Etor zaitezte odola kaleetan ikustera

etor zaitezte

odola kaleetan ikustera

etor zaitezte odola

kaleetan ikustera!


Argi utzi nahiko nuke Nerudaren poema aipatzean ez naizela inola ere Espainiar Errepublika Sadam Husseinen Irakekin konparatzen ari. Neruda aipatzen dut poesia garaikideko beste inon ez nuelako zibilen kontrako bonbardaketari buruz hain deskribapen indartsu eta erraietakoa irakurri.


Lehenago esan dut Estatu Batuak argi eta garbi ari direla orain kartak mahai gainean jartzen. Hau da kasua. Bere politika ofiziala gaur egun ?espektro guztiaren gaineko nagusitasuna? bezala definitzen da. ?Espektro guztiaren gaineko nagusitasuna?. Hauek ez dira nire hitzak, beraienak dira. ?Espektro guztiaren gaineko nagusitasuna?-k lurra, itsasoa, airea eta espazioaren kontrola esan nahi du eta baliabide guztiena.


Estatu Batuek mundu osoko 702 base militar okupatzen dituzte 132 herrialdetan, Suitzaren ohorezko salbuespenarekin, noski. Ez dakigu oso ondo nola iritsi den hor egotera baina egiaz hor dago.


Estatu Batuek 8.000 buru nuklear aktibo eta erabilgarri dituzte. Bi mila beren tiro lekuetan daude alertan, ohartarazpen bat jaso ondoren 15 minutuan jaurtitzeko prest. ?Bunker suntsitzaile? izeneko indar nuklearreko sistema berriak garatzen ari da. Britainiarrak, beti laguntzeko prest, bere Trident misil nuklearra ordezkatu nahiean ari dira. Nori, galdetzen diot nire buruari, ari dira apuntatzen? Osama Bin Ladeni? Zuri? Niri? Joe Dokesi? Txina? Paris? Nork daki? Badakiguna da ume-erokeria hau ?arma nuklearren jabetza eta mehatxu moduko erabilera? gaur egungo amerikar filosofia politikoaren bihotzean dagoela. Geure buruei gogorarazi behar diegu Estatu Batuak etengabeko entrenamentu militarrean daudela eta ez dutela erlaxatuko direnaren zeinurik adierazten.


Milaka jende Estatu Batuetan, milioiak ez badira, egiaz nazkatuta, lotsatuta eta haserretuta daude beren gobernuaren ekintzekin, baina gauzak dauden moduan ez dira indar politiko koherente bat ?oraindik. Baina ez da probablea Estatu Batuetan egunero hazten ikusi dezakegun kezka, ezinegona eta beldurra gutxituko direnik.


Badakit Bush presidenteak oso diskurtso idazle trebeak dituela baina lan horretarako nire burua aurkeztu nahiko nuke bolondres moduan. Ondoko hitzaldi laburra proposatzen dut berak nazioari telebistaz irakurri ahalko liokeena. Serio ikusten dut, ilea kurioso orraztuta, serio, irabazle, zintzo, seduktore sarritan, batzuetan irribarre ironiko bat erabiliz, harrigarriro erakargarria, gizon-gizona.


?Jainkoa ona da. Jainkoa handia da. Jainkoa ona da. Nire jainkoa ona da. Bin Ladenen jainkoa gaiztoa da. Berea jainko gaiztoa da. Sadamen jainkoa ere gaiztoa zen, nahiz eta ez zuen bat ere. Bera barbaro bat zen. Gu ez gara barbaroak. Guk ez ditugu jendearen buruak mozten. Guk askatasunean sinesten dugu. Jainkoak ere bai. Ni ez naiz barbaroa. Ni askatasuna maite duen demokrazia bateko burua naiz, demokratikoki hautatua. Nazio gupidatsua gara. Elektrokuzio eta injekzio gupidatsuak ematen dizkiogu jendeari. Nazio zoragarria gara. Ni ez naiz diktadore bat. Bera bada. Ni ez naiz barbaroa. Bera bada. Eta bera ere bai. Haiek denak dira. Nik aginte morala daukat. Ikusten duzu ukabil hau? Hau da nire aginte morala. Eta ez ezazu ahaztu?.


Idazle baten bizitza izugarri zaurgarria da, ia jarduera biluzia. Ez dugu horregatik negar egin behar. Idazleak bere hautua egiten du eta bertan gelditzen da. Baina egia da haize guztietara zabalik dagoela, horietako batzuk benetan izoztuak. Bakarrik zaude, zure kontura. Ez duzu aterperik topatzen, ezta babesik ?gezurra esaten ez baduzu? kasu horretan, noski, zure babesa eraiki baituzu eta, esan liteke, politikari bihurtu zarela.


Heriotza nahikotxo aipatu dut arratsalde honetan. ?Heriotza? izeneko nire poema bat aipatuko dut orain:


Non aurkitu zuten gorpua?

Nork aurkitu zuen gorpua ?

Gorpua hilda al zegoen aurkitu zutenean?

Nola aurkitu zuten gorpua?


Nor zen gorpua?


Nor zen hil eta baztertutako gorpuaren

Aita edo alaba edo anaia

Edo osaba edo arreba edo ama edo semea?


Hilda al zegoen gorpua bazterrean utzi zutenean?

Baztertu al zuten gorpua?

Nork baztertu zuen?


Biluzik zegoen gorpua edo bidaiarako jantzia?

Zerk eraman zintuen gorpua hildakotzat jotzera?

Hildakotzat jo al zenuen gorpua?

Zenbat ezagutzen zenuen gorpua?

Nola jakin zenuen gorpua hilda zegoela?


Garbitu zenuen gorpua

Bi begiak itxi zenizkion

Gorpua lurperatu zenuen

Bazterrean utzi zenuen

Musu bat eman zenion gorpuari


Ispilu bati begiratzen diogunean eskeintzen digun irudia zehatza dela pentsatzen dugu. Baina milimetro bat mugitzen bazara irudia aldatu egiten da. Orain bertan, amaigabeko isladen zirkulu bati begira gaude. Baina batzuetan idazleak ispilua apurtu behar du ?egia ispiluaren beste aldetik ari zaigulako begira.


Uste dut, dauden zailtasun izugarriak egon arren, gure bizitza eta jendarteen benetako egia definitzeko erabakimen irmo, apurtezin eta atzera bueltarik gabekoa denoi eragiten digun ezinbesteko beharra dela. Eginbeharra da, izan.


Gure ikuspegi politikoaren baitan horrelako borondaterik ez badago, ez daukagu ia galdu zaiguna berreskuratzeko esperantzarik: pertsonen duintasuna.


Jatorrizko testua eta bideoa:




sábado, 17 de diciembre de 2005

Bilboko Kafe Antzokia: 10 urteurrena


Abenduaren 15ean Bilboko Kafe Antzokiak 10 urte bete zituen, eta ospatzeko jai erraldoia zegoen iragarrita. Hala izan zen.


Beti bezala berandu heldu ginen, baina momentu horretan jendez lepo zegoen Kafe Antzokia, esango genuke momenturik jendetsuena izan zela jaia hasi eta luntxa hasi bitartekoa. Orduan janaria etorri zen, eta aizue, pintxo ederrak! Halere, guk jada begirada eskenatokian jarrita geneukan, txori-txiki batek sorpresa ugari prestatuta zeudela kontatu baitzigun.


10 kandela zituen pastel handiak bete zuen eskenatokia, eta baita txanpainarekin busti bertan bildutakoak. Barra librea: zoramena. Jendea normala baino altuago hitzegiten hasi zen, eta noski, aurkezlea isiltzeko eskatu. Euskaltegiko talde asko somatu zitekeen, baita 40 urtetik gorako taldeak ere. Kafe Antzokia husten hasi zen, gero eta jende gutxiago zegoen lehenengo artista taularatu zenean, eta oso eroso geunden, kontzertu askotan baino erosoago. Mikel Urdangarin izan zen taularatzen lehenengoa Tapia eta Leturia eta gero, garai bateko bi abestirekin, eta gero Kirmen Uribe eta Rafa Ruedak hartu zuten lekukoa, olerki musikatu batekin. Rueda inoiz baino bakarlariago agertu zen Kafe Antzokiaren eskenatokian, bere lehenengo diskoari izena ematen dion kantua abestuz: Kea.


Gerora, Ander Lipusek jarraitu zuen, bertso-monologo bat botaz. Asier Serrano, Txuma Murugarren (Rafa Acebes eta Ekaitz Hern?ndez lagun zituela), Gari (ahots soilarekin) eta Anje Duhalde izan ziren gero, Pettiren laguntzaz. Honek eman zion amaiera musika emanaldiei, Lauaxetaren hitzetan oinarrituta egindako abestiarekin.


Gaua berotzen hasi zen, eta luzatzeko itxura zuen. Gu etxera joan ginen, aurpegian irribarrea genuela behin ere.


Urte askotarako.

miércoles, 14 de diciembre de 2005

Durangon ospatuko dugu lehen urteurrena !


www.eremulauak.com webguneak bere lehen urteurrena ospatzeko jaialdi ikusgarria antolatu du datorren urtarrilaren 7an. Durangoko Plateruena Kafe Antzokira hurbiltzen direnek Zea Mays, Standstill eta Atom Rhumba taldeen doinuez gozatzeko aukera paregabea izango dute. Gainera Txamankizuna ikuskizun poetiko-musikala ikusgai izango da talde bakoitzaren emanaldiaren ondoren eta DJ Tequierocomoamigok kontzertuen ondoren eskeiniko duen plater saioarekin ere ederki pasako dugu.


Webgune honetan ibiltzen direnek elkar ezagutzeko eta gure atari honetako testuetan inoiz harrapaturik geratu ez dena guregana hurbiltzeko aukera paregabea izango da urtarrilekoa. Gainera (taldeak ikusi besterik ez dago) kontzertua sekulakoa izango da. Etorri eta gozatu!

Eraso!:?Disko hau gogorragoa atera zaigu?


Amaiur baxujoleak taldea utzi eta gero, hemen ditugu Eraso!-ko mutilak, gogoz beterik. Gogo hori berriki kaleraturiko Kontra diskoan islatzen da, disko indartsua egin baitute zarauztarrek. Taldekide berriari buruz, Kontrari buruz eta Japoniara joateko aukeraren inguruan hitz egin zigun Sergio abeslari eta gitarristak. Hona hemen:


Eremu Lauak- Komentatuko al zenuke zerbait ?Kontra?-n aurki dezakegun kanta bakoitzaren inguruan?


1. Aurrera


Hirugarren diskoa bukatu eta gero egin genuen lehenengo kantua. Laugarren diskoari hasiera emateko oso interesgarria iruditu zitzaigun. Melodia eta intentsitatea oso ondo nahasten duen kantua, diska islatzen duen kantuetako bat da; Kantu gogorra baina errez entzutekoa.


2. Egunak:

 

Ikutu thrasheroagoa duen kantua da. Buelta asko eman genion kantu honi horrela geratu arte. Oso ongi plasmatu nahi genuen kantu hau. Agresibitate handikoa eta melodia askoko kantua, bi ahotsetan lortutako melodia asko gustatu zitzaigun.



3. Kontra:


Diskari izena ematen dion kantua dugu. Alde batetik, gogortasun maila izugarria duen kantua, bai estrofetan eta baita mamian ere, baina, gero lasaitasaun eta emotibitate puntu altu batekin nahasten da. Bukaeran ahotsa suabe eta bortitz egitean lortzen duen magia asko gustatzen zitzaigun eta horrela utzi genuen. Kantu honen hitza adierazpen askatasunari oihu eta garraxi bat da. Euskal talde batzuek jasan izan duten zentsuraren aurrean ez genuen isilik geratu nahi eta kantu hau idatzi diegu gure lagun diren musikari hauei: Soziedad Alkoholika, Berri txarrak, Su ta Gar, Materia?



4. Errebelazioa


Kantu atmosferikoa, gogorra eta riff bortitzez jantzia aurkitzen duguna. Egan egiteko aukera ematen duen kantu horietako bat da, azken finean.

Hitzak AEBek duen boterearen ingurukoak dira, honek epe laburrera emango dizkigun arazoak azaltzen saiatzen gara.



5. Laztanak/oihuak


Diskoko kanturik azkarrenetariko edo eta azkarrena. Kantuaren hitzak Gasteizeko San Fransziskoko elizan gertatutakoaz hitzegiten du. Eta nahiko gogorra da bai hitzetan bai musikan ere.



6. Hitzik esan gabe


Eraso!?ren kantu bat bere osotasunean, bi alderdi desberdin dituen kantuak eta bata besteari itsatsita izugarrizko jokoa ematen duena. Kantu rockeroa baina baita oso metaleroa ere. Kantu kuttuna dugu.



7. Sosegu eza


Kantu azkarra eta estribillo gogorra. Hitzak gogorrak dira, sistemaren aurkakoak, eta musikak ez zuen bestelakoa izan behar! Tempo aldaketak egiten ditugu, bizkortasun eta trinkotasunarekin jolastuz.



8. Odola ta malkoak


Diskoko kanturik gogorrena, bai hitzetan eta baita musikaren ejekuzioan. Oso metaleroa da eta gaur egungo metalaren barnean ere kokatu genezakeena. Emakumeei tratu txarrak zirela medio idatzitako kantua da.



9. Haur denborak:


Melodiarekin jolastu nahi genuen kantu honetan. Musikalki nahiko lineala da, baina, ahots jokoak ematen dio honi bere ezaugarririk emankorrena.



10. Ilargia egunez:


Diskoko kanturik lasaiena ez bada , lasaienetarikoa. Estribillo polita duen kantua eta hitzetan ere hitz joko politak dituena. Kantu motza da, 3 minutu eskasekoa. Gure garai mistikoena gogoratuarazten duen kantua izango litzateke.



11. Belaunaldi zauritua


Diskoa ixteko erabili dugun kantua. Nahiko bortitza da musikalki, baina hitzen melodiek ez dute apenas inongo agresibitaterik. Bukatzeko bere puntua du eta nahiko polita atera zitzaigun kantua. Gure belaunaldiari buruz hitz egiten dugu eta nahiko interesgarria den ikuspuntu batetik dihardu.



EL- Diska entzun eta geratu zaidan inpresioa zera da, azkenengo bi diskak baina gogorragoa dela, metaleroagoa. Ados honekin?


Sergio- Egia da diska hau trinkoagoa edo gogorragoa atera zaigula. Batzuek metalzaleago esango dute, beste batzuk gogorragoa eta beste batzuk betiko Eraso! dela esango dute. Kantu desberdinez beteriko diskoa dugu eta betiko moduan bihotza eta amorrua uztartuz eginiko lana dugu. Jende askori interesagarriago egingo zaio eta beste batzuei beharbada ez hainbeste. Ez da guk jarri dugun helburua, guk gure musika egiten dugu beti bezala. Gu izaten gara normalean gure musikarekiko kritikoen sentitzen garenak, nahiz eta jendearen iritzia entzuteak izaugarrizko poza ematen digun. Lehen eginiko lana eta gaur egun egiten dugun lanaren konpentsazio bat bezala ikusten dugu.



EL- Gitarren afinazioa ere aldatu duzuela ematen du. Hala bada, zergatik? Zeren bila zenbiltzaten?


S- Egia da afinazioa aldatu dugula, lehen hiru diskoak Do?n afinatzen genituen eta laugarren diskorako, agresibitate eta sendotasuna emateko, pixka bat jeitsi dugu afinazioa, La?ra hain zuzen. Erosotasun kontua izan da, kantu batzuk afinazio horrekin atera genituen eta asko gustatzen zitzaigun, erregistro berriak ematen baitzituen. Brutalitate pixka bat bilatu nahi genuelako egin genuen. Horrelako afinazioetan azkartasuna asko nabarmentzen da, bestela oso hilda bezala gelditzen baita soinua.



EL- Grabazio hau berezia izanen zen zuentzat, Amaiurrek taldea utzi eta gero grabatutako lehenengoa baita. Nolatan utzi zuen taldea Amaiurrek? Nola moldatu zineten baxujole berria lortzeko eta zer moduz egokitu da taldera?


S- Oso berezia izan zen egia da. Amaiurrekin zortzi urte generaman musika egiten. Lau partaideen lehenengo talde serioa izan zen eta, egia esan, kontrabaxu ikasketek, kontzertuek etabarrek asko lagundu zioten Amaiurri erabakia hartzeko orduan, guztia uztartzea zail egiten baitzitzaion. Amaiurrek esan zigunean taldea utzi behar zuela izugarrizko zaplastekoa jaso genuen eta ez genuen jakin zer egin, komentatu genuen beharbada izenez aldatzea edota taldea uztea... baina, hitz egiten genuen heinean, konturatzen ginen ezin genuela taldea utzi, gure bizitza baitzen. Baxujole baten bila hasi behar genuela komentatu genuen eta gure koadrilan gitarrista den Ander aurkitzen zen. Amaiurrena jakin zuenean komentatu zigun ea berak probatzerik bazuen. Egia esan Amaiurrekin azken kontzertua egin eta hortik bi astetara Anderrekin hasi ginen probak egiten eta.... orain arte.



EL- Kanten artean ?Ilargia egunez? azpimarratuko nuke, ikutu desberdin bat duela iruditzen zaidalako, estribilloaren melodiarengatik etab. Nola sortu zen kanta hau? Zer prozesu erabiltzen duzue kantak konposatzeko orduan?


S- Kantu hau, egia esan, kantu berezia da zeren estribilloak badu xarma bat, baina, gainera, ez du intentsitatea jaisten, beste intentsitate puntu bat ematen dio. Asko gustatzen zaigu kantu hau, desberdina delako diska honetan eta beste errejistro batzuk ematen dizkigulako. Kantua lokalean egin genuenean, Nestorren riff batetik hasi ginen lantzen eta, poliki-poliki, egitura nahiko erraza eta polita garatu genuen. Hortik aurrera, kantua musikalki egina zegoenean ahotsa sartu genuen eta oso interesgarri atera zen. Normalean guk horrela egiten dugu lan. Entsaioan riff politen bat ateratzen denean eta gustatzen bazaigu, aurrera egiten dugu kantu horrekin. Beste askotan, etxetik ekartzen dugu ideiaren bat, baina, kantua hasieratik bukaerara entsaiatzeko lokalean egiten dugu.



EL- Diska honen grabaketa Mikel Kazalis-en laguntzaz egin duzue, zuen aurreko grabaketan bezalaxe. Zerk eraman zaituzte bera berriro aukeratzera? Nola egiten du lan?


S- Mikelekin lan egitea guretzako garrantsitzua izan zen, betidanik ezagutzen dugulako. Disko guztietan egon da produkzio lanetan eta honetan nahasketak eta dena berarekin egiteko aukeratu genuen. Mikel guk dugun guztia ateratzen saiatzen da eta hori, azken finean, berriro bera aukeratzera eraman gaituen arrazoietariko bat da.

Erosotasun asuntoa ere ezin dugu ahaztu, Zarauztarrak izanda eta bere estudioa Zarautzen egonda bada.... Momentu batean gaizki baldin bazaude etxera joan zaitezke esaterako. Estudio txiki batean lan egitea guri ongi datorkigu nahiko perfekzionistak baikara zentzu batzuetan eta estudio txikietan denbora gehiago egoten da gauzak bere lekuan uzteko. Arrazoi nabarmenenak hauexek dira.



EL- Diska atera eta egun batzuk pasa direnean, nolakoa izan da jendearen jarrera kanta berrien aurrean? Nolako harrera izan duzue kontzertuetan?


S- Jarraitzaile batzuk hasi dira kantu berriak abesten eta, egia esan, burua astindu, astintzen du jendeak. Zuzenean asko irabazten dute kantu hauek, zeren askoz ere bortitzago ateratzen dira kontzertuetan.Oso pozik gaude jendearen erantzunarekin. Hiru kontzertu egin ditugu atera denetik eta gero eta hobeto ari gara zuzenean. Askoz ere gustorago ari gara eskenatokian eta jarraitzaileak ere askoz hobeto kontzertutik kontzertura.


EL- Nola ikusten duzue metalaren egoera Euskal Herrian? Eta kanpoan? Gaur egungo taldeen artean zein dira gustokoen dituzuenak?


S- Talde metalero berri asko ari da ateratzen aurten Euskal Herrian Disko batekin eta pozten gaitu, zeren, azken bi urte hauetan talde metalero garrantzitsu askok utzi dute (Jousilouli, Ekon, Spezial guest...). Baina beno, talde berri asko ari da ateratzen gustatzen zaizkigunak: Bide Bat, Neu, Biok, Kudai, Lor, etab...

Kanpoan, berriz, egia da beste kultura bat dagoela. Oso momentu metalero baten aurrean aurkitzen gara Erresuma Batuan eta baita Ameriketan ere. Metala bere zentzu berrienean azkartasuna, bortizkeria eta melodia ongi nahastu eta uztartzean datorkigu edo gutxienez hori ikusten dugu, metalaren jarraitzaile bezala. Killswitch Engage, 36 Crazyfists, Mastodon, The Dillinger Escape Plan, Blood Bhrothers etab. Baina, denetarik entzuten dugu generalean, guk musika irensten dugu. Ez gara metalean bakarrik geratzen musika entzuteko orduan, rocka gustatzen zigu bere zentzu guztietan.


EL- Zer moduz daramazue kontzertuen agenda? Bira luzea izanen al da? - Ba al duzue Espainia edo Europan zehar kontzertuak emateko asmorik?


S- Bira hasi dugu, baina, Urtarrilera arte Euskal Herrian egingo dugu bira eta gero nahi duguna estatu espainiolean kontzertu bira txiki bat egitea da. Madrilera eta Bartzelonara joango gara otsailean eta gero ikusiko dugu zein dinamika nahiago dugun. Iritsi zaizkigu pare bat historia egiteko; bata Japonian kontzertu batzuk emateko eta bestea San Franciscon emateko. Egia esan udan edo eta aste santuan egin beharko genuke. Japonian jotzeko aukera, gure CDa hara heldu eta hango promotore bat gure bulegora azken urte honetan deitzen ibili delako sortu da. Nahiko gogo haundiak ditugu hara joateko. Ikusiko dugu zer egiten dugun.


Eraso!-ren inguruko informazio gehiago: [d0]www.erasomania.com

Lekuak


Atxagaren azkeneko lana, Lekuak izeneko hau, bilduma bat da; urtetan zehar han-hemenka argitaratu edo landu dituen artikulu, ipuin, elkarrizketa-zati eta abarren bilduma, hain zuzen ere. Liburua bi zatitan banaturik dago. Lehenengoan, saiakera kutsuko testuak topatuko ditugu, gai politiko, kultural eta literarioak jorratzen direlarik batik bat. Bigarren zatia, aldiz, fikzio karga handiagoa duten lanek osatzen dute, kutsu autobiografikoko ipuin eta enparauek.


Liburuko testuak biltzen dituen haria lekuena da, testu guztiak leku jakin batekin lotuak baitaude modu batera edo bestera. Haria, alabaina, finegia iruditzen zaigu. Liburua, helduleku tinko baten ezean, irregularregia egiten da. Liburu honek badu nolabaiteko antzekotasuna Groenlandiako Lezioa izeneko harekin, bertako testuak ere saiakera kutsuko testu autonomoak baitziren. Gai aldetik bi liburuak ezberdinak direna alde batera utzita, Groenlandiako Lezioan testuen arteko haria trinkoagoa dela uste dugu.


Liburuko lehenengo zatiko hausnarketa ugari ezagunak egiten diren arren, interesgarria da hausnarketa hauek zertxobait garatuago eta bata bestearen alboan irakurtzeko aukera izatea. Gozamenez irakurri ditugu bertako testuak, joko handia ematen duten adibideak erabiliz idatziak baitaude; inongo teoria ongi formaturik osatzeko asmorik gabe eta idazleak ohikoa duen ironia fin horrek zipriztindua. Hor aurkituko ditugu, besteak beste, ?Euskal Hiria? zorioneko horren gaineko argibideak, ?la cosa?-ren (euskal gatazka-edo delako hori, alegia) inguruko gogoetak eta abarrekoak. Bigarren zatia, ordea, ez zaigu hainbeste gustatu. Zaila egin zaigu artikulu politikoak eta saioak irakurtzetik ipuinak irakurtzera igarotzea. Gainera, ipuinon maila ez zaigu iruditu Atxagak idatzi ohi dituenen lakoa (salbuespenak: ?Lau aldiz elur?, ?Declaraci?n de Guillermo? eta ?Bilbografia?). Ipuinek, euren artean ere ez dute lotura handiegirik, sinbologia eta gai oso bestelakoak darabiltzate; eta nahiko nahasgarria egin zaigu, esaterako, ?Declaraci?n de Guillermo? irakurri ondoren ?Paris? irakurtzea (hizkuntza aldaketa ere tarteko).


Definitzeko zailak diren proposamen ugari, liburu hibrido ugari, lan gogoangarri bihurtzen dira molde estandarrak gainditzeko gai direlako. Liburu hau ordea, hibridotik dezente badu ere, ez dugu uste Atxagaren lan gogoangarri lez oroituko denik. Ez dugu uste, orobat, idazlearen asmoa halako lan bat egitea zenik; susmoa dugu idazleak urtetan zehar eginiko lantxo horiek hautsak akabatu ez ditzan nahi izaten duela, eta hauek plazaratzeko nolabaiteko beharra sentitzen duela. Lekuak hau behar horren ondorio da, bada. Honenbestez, atxagazale amorratu eta interes periodistikoak (zentzu zabalenean) dituen jendearentzat (liburuko lehenengo zatiari begira, batez ere) izango da, batik bat, liburu hau interesgarri.

martes, 13 de diciembre de 2005

?Shake the MARLANGO moon? sariketa


Lehiaketa berezia martxan jarri du Marlango taldeak, Heineken eta Subterfuge Records disketxearen laguntzaz. ?Shake the moon? Marlango taldearen single berriaren bertsio bat egitea proposatzen digute. Taldeko kideek aurkezturiko abesti guztien artean onena hautatuko dute eta taldeak kaleratuko duen single berezi batean argitara eramanen dute. Honetaz gain, taldearekin zuzenean aritzeko aukera ere emanen diote irabazleari, artista zein talde berriendako erakuslehio bikaina proposatuz. Gehiago jakiteko www.subterfuge.com web gunera jotzea besterik ez duzu.


Bertsioak mp3 formatuan bidali behar dira honako helbidera:


Subterfuge Records, S.L. (Concurso ?Shake the Marlango Moon: Do it your

way
?)

C/ Monte Esquinza, 18 5? Izq.

28010 Madrid


Bestalde gogoratu Marlango taldea Euskal Herrian izanen dugula aurki, abenduaren 19an Bilboko Arriaga Antzokian eta abenduaren 22an Donostiako Rock Star aretoan hain zuzen ere.

?Every breath you take? gogoratuz


Police taldea gogora ekarriko dute larunbat honetan Iru?ako Artsaia aretoan. 80.hamarkadako hirukote ezagunaren inguruko gau honetan, Synchronicity taldeak izanen du, Sting, Gordon Summer eta Copeland-en abestiak jotzeko aukera. The Police taldearen tributo bandarekin batera, La Isla taldea izanen da Artsaiako kontzertuan. Hauen emankizunaren ostean, The Police ez da albo batera utziko eta gau guztian zehar, bertako DJ-ak taldearen abesti onenak jarriko dituzte. ?Every breath you take?, ?King of Pain? edo ta ?Roxanne? bezalako kantuak ahaztuak bazenituen, aukera paregabea punk-pop eta reaggea nahastu zituen estilo berezi hau gogoratzeko...ile hori tintatuen itzulera!


Sarrerak jada salgai jarri dira, Artsaiako lehiatiletan eta baita Elkar, Chaston, Tipo eta Planet Rock dendetan ere. Aurretik erosita 10¤-ko salneurria du, larunbaterarte itxaroten baduzu berriz 12¤koa.

Kafe Antzokia 10urte!!


1995eko abenduaren 15ean, Bilboko Zenbat Gara Kultur Elkarteak, Kafe Antzokia ireki egin zuen. XX.mende hasierako antzoki zahar bat berriztatu eta egun ezaguna den gune berezia eraiki zuten. 10urte eman dituzte euskal kulturaren ingurukoei zabalik, baita nazioarte mailako adierazpen kulturalei ere. Urte guzti hauetan, ezin ukatu Euskal Herri mailako erreferente kultural garrantzitsuenetarikoa bilakatu dela Bilboko Kafe Antzokia, bertan 2500ekitaldi bainon gehiago antolatu direlarik; kontzertuak, bertso saioak, antzerkiak, haurrendako ikuskizunak, dantza saioak...ez dira geldirik geratu urte hauetan.


Honetaz gain, Bilboko eguneroko bizitzan bere lekutxoa ere egin du kafe antzokiak. Egunero egunero, ez dira gutxi bertan bazkaldu edo ta lasai asko kafea hartzen dutenak. Ostegunetan, festa gune nagusi da Kafe Antzokia, unibertsitateetako ikasleentzat baita larunbatetako gau giroko erreferente ere.


10urte hauek ospatzeko, festa eta ekitaldi mordoa prestatu dituzte Kafe Antzokian, ekitaldi nagusia ostegunean izanen da arratsaldeko 19.30tan, 10.urteurren jaia ospatuko baita.


Informazio gehiago: www.kafeantzokia.com

domingo, 11 de diciembre de 2005

Badoa Durangoko Azoka


Gaur bukatuko da aurtengo Durangoko azoka. Antolatzaile, argitaletxe eta disketxeen datu ofizialik ezagutu gabe, jada esan daiteke espero zena bainon jende gutxiago hurreratu dela aurtengoan Landako Erakustazoka?ra. Hala eta guztiz ere, atzokoan postuetan lanean dihardutenen iritzia entzun nahi izan genuen gure erosketak egiten genituen bitartean.


?Ezin gara kexatu, leku guztietan irten gara eta hori zen gure helburua, gure burua ezagutzera eman nahi baikenuen? komentatzen digu Nabarra aldizkariko Mikel Lizasok, eta ez da gutxigorako. Karikaturetan oinarrituriko promoa egin du hilabetekariak, eta horrek ikusmin handia sortu du erakustazokako bisitarien artean. Hala ere nekaturik daudela aitortu du, lantalde txikia izanik egunero izan baitira jardunean Barrenkale-ko postuan. Nabarrakoen lekutik oso gertu Entzun! Aldizkariko jendearekin topo egiten dugu. 10urte betetzen ditu aurten aldizkariak eta ale berezia atera dute Durangoko azokan. ?Harpidedun berriak bilatzen ditugu gure postuarekin, eta momentuz gauza ongi dihoa, nahiz eta aurrekoetan bainon jende gutxiago dagoen? komentatzen digute. Aurten ere euskal bideoklipen bilduma DVD-a kaleratu du Entzun!-ek Durangorako, irakurleak bereganatu nahiean, aurtengoan Surfin Kaos, Half Foot Outside edo ta Split77ren lanak ikusgai jarri dituztela.


Gaztesareko txokoa ere ez dago hutsik, eta jende piloa gerturatzen da bertakoak ikusi eta erostera. Iaz ?Gazte Matxinada? liburua izan zen haien apusturik indartsuena, aurten ?Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Gida?-rekin, txoko ezberdinetako gazteak gerturatzen ditu, honetaz gain musika ez da falta haien postuan, gazte talde ugariren lehen maketak biltzen baitituzte, baita ?Okupazioaren aldeko ohiuak? bezalako musika bildumak.


Aldizkari eta musika postuetatik aldentzen gara, argitaletxeen kaleetan sartzeko. Nabaritzen dugu, jende gutxiago dagoela aurreko urteekin alderatuta, ?duela bi urteko agobioarekin konparatuz gaur inor ez dagoela ematen du, jakin izan banu motxila ta guzti etorriko nintzateke erositakoa gordetzeko?, komentatzen dit nirekin batera etorri den lagunak. Eta egia da, azokako kaleetatik mugitzeko erraztasuna dagoela. Momentu horretan Pamielan Bernardo Atxaga liburuak sinatzen dagoenez, beste argitaletxeetako guneak lasai bisitatzeko astia dugu. Txalapartako txokoan, Jon Maia izaten ari da azokako errege, hori behintzat komentatzen digute bertakoek. Nik, etxera begira jarri eta Floren Aoiz-en ?El Jarr?n Roto, La Transici?n en Navarra una cuesti?n de estado? erosten dut (bai badakit gaztelaniaz dela, bainan interesa handia neukan horrekin). Nere laguna ere ez doa hurrunago eta Patxi Larrainzar-en ?Diario Suburbano de Pamplona? erosten du. Zapi gorria eta Iru?eako txorizoa eskuetan dugula, Kirola Euskaraz-eko postuan gelditzen gara atetik atera aurretik, bakarrik baitaude momentu honetan. Entrenamendu eta ariketa fisikoa egiteko txosten eta liburuak euskaraz egin dituzte talde honetakoek, bazen garaia! Txirrindularitza entrenamendu gida bat erosten dut, nere kadetetxoak izerditan jartzeko hamaika trikimailurekin, koittaduak. Honekin listo, bagoaz etxera.


Egilearen oharra:Hurrengo paragrafoak, prentsa arrosaren itxura har dezake, arren barkatu bainan komentatu beharrekoa iruditzen zait:

Durangoko Azokak ere, gure inguruko pertsona ezagunak parez parez ikusteko aukera ematen digu. Atzo arrastian ez ziren gutxi izan Landako Erakustazokan izan zirenak. Txalapartako postuan geundela, nire alboan ahots irrifartsu eta ezaguna entzuten dut, begibista liburuetatik aldendu eta albora begiratuz Arnaldo Otegi ikusten dut nere parean, gaurkoan erosle moduan, osteguneko ?masa bainua?-ren ostean. Stand-etan saltzen dauden artista eta idazle ezberdinez aparte, betse batzuek erosle moduan gerturatzen dira Durangora. Gari, edizio zaharren artean ikusten dugu. Anje Duhalde, gaueko kontzertuaren aurretik, azokatik bueltaxka ematen. Patxi Huarte ?Zaldi Eroa?-rekin ere topatzen gara, Nabarra aldizkariaren txokoan. Bestalde, eta esan bezala, postuetan hamaika artista dago, beren lanak sinatzen. Atzokoan, Jon Maia, Bernardo Atxaga, Eraso taldekoak eta Asgarth taldekoak ikusi genituen (bai, azken hauek itzuli dira...).


 

Abesti hau 'Ikasten' deitzen da eta riffa-k honela dio...


Aparta benetan Iru?eko Artsaia aretoan ikusteko aukera izan genuena. Berri Txarrak, estatu batuetatik berriki iritsiak, beren ?jaio, musika, hil? diskaren aurkezpena egitera etorri ziren artsaiara, Dubet taldea ondoan izan zutela.


Gauari hasiera emateko Dubet izan genuen. Sakanako laukoteak berriki grabaturiko lehenengo lana aurkeztu zigun eta giroa berotzen joan ziren beren punk-rockarekin. Gazte talde honen emankizunan bertsioetarako lekua izan zen, Blink 182 eta Negu Gorriak jadanik bertsionatu zuen Delirum Tremens-en Kaixo kantarekin ausartu zirelarik. Aipatzekoa ere Jon, Stupenda Jones-eko kitarra eta ahotsa, igo zenean Dubetekin abestera.


Jendea irrikiz itxaroten ari zena iritsi zen eta Berri Txarrak taula gainera igo zen bere azkeneko lana aurkeztera. Aipatzekoa Gorka Urbizuren anpliaren pantailan irakur zitekeena, ?UPN? siglak baitziren, alderantziz idatziak. Beti bezala lekunberriko hirukoteak, jadanik eroso asko ibiltzen delarik hiru izanik, gogotsu hasi zuen zuzeneko ikuskizuna, indar handia emanez eta soinu ikaragarriarekin. Aipatzekoa Gorkaren kitarra berria, Fender famatuetako bat baitzuen esku artean. Kontzertua ez zen azkeneko diskako emanaldi hutsa izan, baizik eta beraien ibilbide musikalaren errepaso zabala. Azkeneko diska aurkeztu ziguten eta aurreko lanetako abesti esanguratsuenak ere jo zituzten, honela aspaldi ahaztuak genituen kantak entzuteko aukera izan genuen, batez ere lehen diskatik ateratakoak. Nahiz bost diskatako abestiak jo zituzten bertsioetarako lekua ere egin zuten eta han egon ginenok Sistem of a Down-en Mezmerize diskako Intro Soldierside-kin gozatzeko aukera izan genuen. Kurt Covain ere gogoan izan zuten eta kitarrarekin soilik Nirvanaren ?Come as you are? abestiaren hasierako zatia jo zuten han bildu ginenon zoramenerako.


Zuzenekoari indar handia eman zioten argiak hartu zuten lekua, batez ere eszenatokiko bi alboetan lurretik ateratzen zirenak, ikuskizun handia izan baitzen Gorka eta Rubio argi hauen gainean jotzen ikusteak. Azken partean, argiek susto itzela eman zioten gure parean lanean zebilen teknikoari, momentu batean danak itzali baizitzaikion, estutasun batzuen ostean arazoa konpondu zuen, ederra bere lana!

 

Berriren zuzenekoa bi zati izan zituen eta pixkat luzeegia egin zen, bi orduetara hurbildu baitzen. Hala ere artsaian bildutako jendearentzat nahiko ez zela ematen zuen eta Berri Txarrak txalo artean eszenatokitik alde egin zuten.

martes, 6 de diciembre de 2005

?Vredaman? eleberriari buruzko zenbait kontu (nahiko nahaspilatuta jarriak)


Irrikaz itxaron dugu azkenengo bi urteetan Unai Elorriagaren nobela berria, eta joan den azaroaren 18an ?Vredaman? hau eskuartean izan genuenean, sekulako gosez irakurri genuen. Gosez, baina ez azkar, ez baitira bizpairu ordutan irakurri eta apalean uzteko liburuak izaten Elorriagarenak eta hau ere, ez dugu horietakoa.


Tomas izeneko ume baten ahotsa da liburuan azaltzen zaigun lehenengoa, eta haren eskutik ezagutuko ditugu hasieran nobelako beste protagonistak (umearen osaba eta errugbi zale amorratua den Simon, bere aitonaren bizitza ezagutu nahiean dabilen Mateo eta garai batean arkitekto ezagun baten andregaia izan zen emakume bat, Piedad izenekoa). Lau istorio beraz, linealak (denborarekin jokoren bat badago ere) eta sinpleak itxuraz. Itxuraz bakarrik, esaten denaren atzean mundu bat baitago.


Tomasen kontakizuna da eleberriaren pisua eramaten duena. Umearen begi xaloen bidez jakingo dugu bere aita ospitalean dagoela, eta horregatik eraman duela amak izekoren etxera. Momentu batzuetan Bernardo Atxagaren ?Gauero aterako nintzateke paseatzera? hartako umearen traza hartu diogu Tomasi, agian zorigaitzaren aurrean dramatikotasunik gabeko begirada eskaini digulako. Ia konturatu gabe egiten du jauzi Tomasek gai batetik bestera, eta horri esker, eleberriko beste istorioak josi egiten ditu (josi, imanarekin biltzen dituen orratz galduak bezala) istorio bakar bat osatzeraino.


Liburuko beste hiru kontakizunetan errealismo magikoaren eta surrealismoaren artean mugitzen da Elorriaga. Istorio bitxiak eta pertsonaje are bitxiagoak biltzen dituzte osaba Simon, Piedad eta Mateoren kontakizunek: errugbi zelai bat eraikitzeko lan klandestinoan ikusiko dugu osaba Simon, Gur izeneko lagunarekin batera; urteetan bere senargaia izandako arkitekto famatua ahaztu ezinda bizi den Piedaden sekretua ezagutu nahiean pasako dugu nobela erdia; Tomasen lehengusu Mateok bere aitonaren (Europako ebanistarik onenetarikoa) inguruko gauza gehiago jakiteko egingo dituen galdeketa saioak ikusiko ditugu.


Eleberriak irakurlearengan eragin dezakeen zalantzetako bat pertsonajeen sinesgarritasunaren ingurukoa da agian: Gur edo Aitite Julian bezalako jendea eguneroko bizimoduan aurkitzea zaila dela petnsa lezake norbaitek. Guk hala ere, ez dugu bat egingo kritika horrekin, iruditzen baitzaigu Aitite Julianen 16 misterioak sinesgarriak ez badira, ez direla sinesgarriak Oteitzaren 14 apostoluak ere. Gur izeneko pertsonajeari dagokionean, Xabier Mendigurenen blogean eginiko elkarrizketan Elorriagak berak azaltzen duenez, ?pertsonaia honen gauzarik ederrena da benetan existitzen dela: Algortako lagun bat da Gur. Herrian ?Guzur? esaten diote, atera kontuak hortik?.


Azkenik, ezin dugu alde batera utzi libelula urdina harrapatzearen kontua. I?es lehengusinak Tomasi esandakoaren arabera libelula urdina harrapatzen duena izango da munduko pertsonarik inteligenteena. Eta Tomasek harrapatuko du bai, libelula urdina eta orduan konturatuko da inguruan duenaren benetako dimentsioaz. Inteligentziarekin batera heriotza zer den jakingo du Tomas haurrak, nobelako momenturik hunkigarrienean.


Zer gehiago esango dizuegu... Hasiera batean umearen ahotsak ez gintuela konbentzitzen, ez genuela ikusten kontakizunaren norabidea, baina lehenengo irakurketa amaitzerako gure aurreiritziak gainditu dituela Elorriagak. Nobela ona. Benetan ona, lagunok.


(Mila kontu airean utzi ditugula konturatu gara testua bukatzean. Agian beste batean hitz egin beharko dugu luzeago eta sakonago liburu honetaz, Elorriagaz eta bere beste lanez. Izan ere, geu ere libelula urdinaren bila ari gara, eta ez digu denbora libre asko uzten)

sábado, 3 de diciembre de 2005

"Eta guk zer egiten dugu 16.000pertsonen aurrean musika jotzen?"


Iru?eatik datorkigu Se?or Ram?n taldea, Jarauta kalearen hasiera bajera txiki batetatik hain zuzen ere. ?El Chavo del Ocho? tele saio mitikoaren pertsonai batengatik jarri zioten izena taldeari, belaunaldi bateko sinbolo moduan. Ia ia kasualitatez daude musika munduan, bainan ezin uka orainarte gauzak ongi atera zaizkiela, Encuentros 2005 Nafarroako musika lehiaketa irabazita, eskenatoki handienetan hamaika kontzertu emateko aukera baitute orain Se?or Ramon taldekoak, M-Clan, Orishas edo ta Coti izan dituztelarik kartel lagun orainarte, musika ibilbideari ekiteko ez da makala!


Taldeko bi kitarrekin, Felipe eta Edmundorekin, solasteko aukera izan genuen. Jarraian, garagardo artean izan genuen hizketalditxoa.



Eremulauak. Arestian erran bezala, ia ia kasualitatez sartu zarete honetan ezta? Taldea nahiko berria dela esan genezake...


Edmundo.Ba bai hala da, duela bi urte eskas hasi ginela elkarrekin jotzen. Beno, egia esan, duela bi urte eskas hasi ginela instrumentoak jotzen. Haseran ez genekien ezta kitarra jotzen ere. Nire lagun bat, bateria klaseetan hasi zen, ta ni kitarra klaseetan eta horrela gutxinaka gutxinaka musika egiten interesatu ginen. Betiere nahiko modu xumean, norbaitek utzitako kitarrakin, ez dakit noren lagun baten anpliakin... Kuadrilako bat, kantatzera animatu zen, eta horrexegatik esaten dugu, lagun talde bat besterik ez garela, ez baitugu bilatu musika taldea osatzea leku ezberdinetatik etorritako musikariekin. Denak ikastetxe berberean ikasi genuen, beraz betiko lagun kuadrila gara.


Felipe.Beno zu txikitan nazka pisko bat ere ematen zenigun (farrak)


Edmundo.Bai beno jajajaja, ni hauek bainon urte bat zaharragoa naiz eta eskolan ez ginen oso ongi eramaten. Eskerrak gauzak aldatu diren. Jejejeje.


Felipe. Gauzak gutxinaka gutxinaka mugituz joan ginen, gehien bat gure bateria oso oso burugogorra zelako eta taldea sortzearekin tematu zelako. Hasera batean, kuadrilako bajeran hasi ginen entsaiatzen bainan oso gutxi iraun genuen auzolagunen denuntziarik jaso gabe. Horregatik Bara?aingo kultur etxeko lokaletara joan ginen entsaiatzera eta bertatik Artsaiara saltoa eman genuen.



Eremulauak. Musika xumea, erraza bainan dantzagarria da zuena, non dago zuen gakoa?



Edmundo. Esan dugun bezala, erabat amateurrak gara honetan. Instrumentoak jotzen badakigu, bainan ez gara birtuoso batzuk...ez dakit, jendeari gustatzen omen zaio zuzenean egiten ditugun tontakeriak, zenta bestela ez dut ulertzen.


Felipe. Egiten dugun musika estiloa ez da oso emankorra apaingarri eta zailtasunei dagokionez. Diskoko lehen bost kantak, hiru akorderekin egin ditugu, beraz...ia ia punkiak ematen dugu, azken finean rock doinua duten pop abestiak.


Edmundo. Oraindik ez diogu gure musikari etiketarik jarri, ateratzen zaiguna egiten dugulako. Kontua da, denak oinarri beretik irtetzen direla, rollo ona helarazteaz...nahiz eta azken aldian tristeziaren bidean gehiegi sartu naizen...bainan beti abestietan buelta ematen diogu horri, ondo pasatzeko helburuarekin.



Eremulauak. Oso xumeak oso apalak, bainan hau serio dihoa, behin Artsaian entsaiatzen egonda...


Felipe. Hau serio dihoa, musikarengatik kuadrilakoen artean eztabaidatzen hasi ginetetik, orduantxe jabetu ginen Se?or Ram?n aurrera zihoala.


Edmundo. Egia esan, inoiz ez dugu hartu ezta ere broma moduan. Zuzenekoetara dena ematera irtetzen gara, eta horrek jada seriotasun apur bat ere eskatzen digu. Gainera orain 'Encuentros'-a irabaztearekin, konpromezu piloa irten zaizkigu beraz serio harzteko modua da.


Felipe. Kontutan hartu, Coti edo ta M-Clan bezalako taldeekin jo behar dugula, beraz horrek jada eskatzen dizu 100%a ematea. Hala ere, kontzertu mordo honekin bukatzean, denbora tarte bat hartuko dugu, pisko bat lasaitzeko eta berriz gogoekin hasteko.


Edmundo. Bai, nekatu aurretik atseden hartuz ez gara erreko, eta orainarte bezain gustora arituko gara.



Eremulauak. Artsaia musika eskola eta entsaio gunea erreferente garrantzitsua da Nafarroako musika eszenan. Hasi berriak diren taldeei zer eskeintzen die Artsaian entsaiatzeak?




Edmundo.
Gure kasuan gauzak nola egin behar diren ikasteak suposatu digu. Artsaiak gauza on eta txarrak ditu, bainan ezin uka langile bikainak dituela. Musika taldeez arduratzen direnak modu bikainean egiten dute beren lana. Hasieratik, nola entsaiatu, abestiak nola egin edo ta kontzertuak nola egituratu erakusten dizute. Josu-k (Artsaiako musika teknikaria) kontzertuen egituraketaz arduratu denetik, aldaketa nabaria somatu dugu, askotan abestiak bata bestearen atzetik jozearekin ez baita nahikoa. Gu oso pozik gaude Artsaian.



Eremulauak. Encuentros 2005 komentatu duzue, Nafarroan talde txikiendako erakuslehio bikaina, zer suposatu du zuentzat garaile irtetzeak?



Edmundo. Garaipen honek batez ere, aurrerapauso bat ematea suposatzen digu. Manager bat bilatzen ari gara, kontzertuak lotu eta musika ez den guztiaz arduratzeko.


Felipe. Produktore bat ere bilatu nahi dugu, musikaren ekoizpenean ere laguntza izateko. Gainera nola ez, Encuentros 2005 irabazita, kontzertu piloa irten zaizkigu, bai hemen Nafarroan baita kanpoan ere, Madrileraino joan baikinen.


Edmundo. Ematen du, sari honen ostean, diskoa kaleratzeko aukera handiak izanen ditugula...bainan hori ikusteke dago oraindik, guk ez dugu agobiatu nahi.


Eremualauak. Maketa bat behintzat baduzue, Sonido XXIn grabatuta. Behin eta berriz entzun dut eta behin ta berriz Pereza taldea datorkit burura, zer iruditzen zaizue? Nola ikusten duzue Pop-rock honen ?Boom?-ak?


Felipe. Eskertzen da konparazioa! Ba bai, agian zedozer antzeko dugu, pop-rock-a gai informalak bainan era berean unibertsalak...olatu horretan sartu gaitezke bai. Agian horretan dago gure gakoa ez? Egunerokotasunean gertatzen direnak modu horretan kontatzeak, melankolia kendu eta beste kutsu bat ematen dio. Funtsean hortxe dago gure oinarria: pozik bizi eta beti berre egin.



Eremulauak. ?Pais Tropikal? abestiarekin irekitzen duzue maketa, Iru?eako ipar haizeaz ihes egin nahiean edo?




Felipe.
Ez ez ez, ez gera kexatzen gure ipar haizeaz ezta gutxiago ere. Irla bakarti batean zein gustora ibil zaitezkeen kontatzen du abestiak, inoren molestiarik gabe...eta gero zein gogorra den bizitza normalera buelatzeak.


Eremulauak. Deigarria benetan iruditu zait Smalville abestia, teletubiak, telekupoia, mandoaren errege...nondik jo nahi duzue abesti honekin? Hain teleadiktoak al gara egungo gazteak?


Felipe. Telepasiboak hobeto. Kike Gonzalez-ek elkarrizketa batean erraten zuen Play Station-a ezagutu izan balu ez zuela abestirik konposatuko. Bi jarrera nabari daitezke, edo pasiboa zara eta ez diozu ezer ematen zure inguruari, edo kontrakoa, lan egiten duzu eta zure tokea ematen diozu munduari. Jende gehiegi dabil konsolen aurrean denbora galtzen, Smalville-en esaten duguna da: esnatu zaitez, munduan gauza asko dago, martzianitoak hiltzen denbora galtzen ibiltzeko.


Eremulauak. Maketaren azken abestian, Lo, lo lo,...koro bereziak sartzen dituzue. Zuen forofismoari aterabidea topatu nahian?


Felipe. Jajajaja, ba egia esan abesti hori egin genuenetik Osasuna paregabe dabil jolasten! Gainera gure kontzertu guztietara datorren jendearentzako eginiko kanta da, haiek ere gure festan murgil daitezen.


Eremulauak. Arestian, zuen zuzenekoetan zedozer berezia ematen duzutela aipatu duzu, nik ikusitakoaren arabera dinamismoa eta zuen musikaren antzera festa nahia nabaria da. Zer eskeini nahi diozue zuen kontzertuetara joaten denari?


Edmundo. Garrantzitsua da zuzeneko on bat ematea. Gaizki jo dezakezu bainan oso jende gutxi ohartuko da,espreski horri atentu ez baldin badago behintzat. Aldiz, eskenatokia betetzen ez baduzu, ez bazara mugitzen, jendea ohartuko da, musika entzuteraz gain beste zedozer gehio ikustera etorri direlako.


Felipe. Musika entzuteko etxean gera zaitezke, soinu hobeagoa eta agobio gutxiago eukiko baituzu. Zuzenekoari gehio eskatzen dio ikusleak.


Edmundo. Encuentros-a irabazi dugu, batez ere zuzeneko ona dugulako. Honetan garrantzia dute, Donostiako lagun batek eman zizkigun interpretazio klase txikiek, berak erakutsi zigun esate baterako bakoitzak eskenatokian duen lekua benetan betetzera.


Felipe. Gainera gure oinarria ondo pasatzea denez, ez ditugu ezta ere gauza geldoak egiten. Ez dugu norbanakoaren luzimendua bilatzen, punteo batekin edo, gure helburua taldeak rollo ona helaraztea da.


Edmundo. Hala ere, gelditu nahi dugu, zenta badaramagu denboralditxo bat kontzertuz kontzertu gabiltzala eta danak nahiko potenteak izan direla. NUPeko Karpan 16.000pertsona zeuden eta gu haien aurrean jotzen!


Felipe. U2 ematen genuen!


Edmundo. Kontua da ez dugula jendea nekatu nahi. Horrexegatik atsedena hartzen dugunean, abesti berriak ere eginen ditugu, behintzat kontzertuetara datozenak zedozer berria entzun dezaten.




jueves, 1 de diciembre de 2005

British Pop


Oraindik aukera baduzu, Bilboko Arte Eder Museoan Britainia Handiko Pop arteari buruz Marco Livingstone-k prestatu duen erakusketaz gozatzeko. Marco Livingstone, estatubatuarra bada ere, Ingalaterrako artearekin oso loturik dugun eminentzia da, Oxford-ko arte modernoko museoaren zuzendari izatera iritsi zen. Egun, erakusketa antolatzaile eta sortzaile moduan dabil mundu osoan zehar, londresen, Madrilen edo ta Montrealen besteak beste egin dituela British Pop artearen inguruko erakusketak.


Marco Livingstonen solasaldiak argi uzten digu, British Pop-a, geroago nagusitu eta zabaldu den Pop Art estatubatuarraren aintzindari izan zela. Behin eta berriz errepikatzen digu ?amerikarrak bere artearekin protekzionistak izateaz gain, esklusiboak direla ere uste dute?. Eta arrazoia du Livingstonek, honela behintzat erakusten digu. Richard Hamilton autoreak, Warhol baino 5urte lehenago komikiaren erreferentziak erabiltzen zituen bere lanetan, harekin jaio zen British Pop artea, eta zergatik ez, mundu osoko tendentzia ere. Hamiltonek berak sortu zuen, Pop artearen inguruko lehen artista taldea eta baita eskola ere. Garaiko informalismotik aldenduz, haien nerabezaroan oinarrituriko lanak ekoizten hasiko dira, langile klase xumekoak izaki objektu arruntak izanen dira haien lanen oinarri...jaio da Pop artea.



?Ez zen mugimendu isolatu bat izan"
, azaltzen digu Marco Livingstone-k ?garaiko gazte mugimenduekin oso loturik joan zen Pop artea, horrexegatik ohikoak dira Mod ikurrak edo ta garaiko musika taldeen erreferentziak nonnnahi topatzea lan hauetan?. Peter Philips izan zen ikonografia berezi hau gehien eraili zuena. Pete Blake-k ostera musikariak bere lanetan islatuko dituen lehenengoa izango zen, bere lanetan Elvis Presley eta Beatles taldearen inguruko irudiak nagusi izan zirelarik.


Ez zen bakarrik gizonezkoen mugimendua izan British Por artearena. ?Pauline Boty eta Jan Haworth-en lanek oihartzun handia izan zuten, eta gerore estilo bereziak markatu zituzten? azaltzen digu Livingstone-k. Haworth-en lanak erakartzen du bereziki gure atentzioa, ?fan? mugimenduaren hastapenetan, izarra eta fan-aren arteko harremanak islatu baitzituen bere lanetan.


Artista guztiek ere, bat egin zuten oinarri berberean, bizitza arruntean erabiltzen diren gauzak islatu nahi zituzten, bainan estilo bereziarekin, diseinu zaindu eta goi mailakoarekin. ?Garaiko artistak, beren doaiak nahita ez zituzten erabiltzen? azaltzen digu Livingstonek artelanen sinpletasunaz galdetzen diogunean, ?Simpleak ematen badute ere, oinarria eta atzean dutena begiratuta antzemango duzu ez direla batere sinpleak? gaineratzen du.


60.hamarkadarekin batera, grabatuen moda hasi zen, eta horrekin batera Pop artearen zabalkuntza, ?horretan izan zuten estatubatuarrek tentu gehien, erraz asko jakin baitzuten arte moda berri hori publiko zabalera salduz? azaltzen du Marco Livingstonek.


Bilboko Arte Eder Museoan prestatutako erakusketan, artista aunitzen lanak jarri ditu Livingstonek ikusgai. Allen Jones, Richard Hamilton, Joe Tilson, Derek Brasier edo ta Peter Philips artisten lanik esanguratsuenak jarri ditu publikoaren begietara, ez aukerarik galdu.


Bada ez; Atxagak ez gaitu plagiatu


Bernardo Atxagaren lan berriak Lekuak izena izango zuela jakitean, asteasuarrak Eremulauak-en ideietako bat plagiatu zuelako hipotesia otu zitzaigun. Izan ere, jakingo duzuenez, Lekuak izena du web gune honetako ataletako batek; leku bat oinarri harturik ukitu literarioko narrazio motzak agertzen zaizkigun atala hain justu. Hori zen hori web gune hau promozionatzeko aukera ederra ?pentsatu genuen?; baina onartu beharra dugu, tamalez, Atxagak plagiatzekotan izenburua baino ez digula plagiatu (eta ez kontzeptua), eta hori ez zela taxuzko plagio bat. Nago, ezin izango dugula, honenbestez, izen handiko idazle hau salatu? oraindik.


Lan berri hau, Pamiela argitaletxeko Kontagintza sailean argitara eman den arren, saiakeratik gertu dagoen liburu bat dugula esan dezakegu; bertakoak, ?nire gogoeten memoriak? baitira Atxagaren hitzetan. Idazleak berak aitortu duen moduan, liburu hau ez zatekeen posible izango bera idazle profesional izateko jauzia eman izan ez balu eta denboraren poderioz bihurtu den pertsonaia publikoa izatera ailegatu izan ez balitz. Bada, honen ondorioz, hamaika lekutan eman dituen hitzaldi eta enparauen ondotik, hainbat gairen inguruan pentsatu eta (bereziki) idatzi behar izan du, eta beste hamaika idazki horien arteko sailkatze, atontze eta berridazte lanaren ondorio da Lekuak hau. Gogoeta hauek, antza denez, lekuekin loturik bururatu omen zaizkio gehienetan, kasualitate-edo, bere fikziozko lanetan (Etiopia, Ziutateaz, Obabakoak?) gertatu izan zaion antzera.


Gai askoren inguruko gogoetak aurkituko ditugu, honenbestez, liburu honetan, baina denak ere tratamendu serio eta soil batekin, testu gehienak galbahe anitzetatik (hitzaldiak eta bertako, erreakzio, galdera, kritikak eta abarrak) iragandakoak baitira. Ez dira, beraz, boteprontoan idatziriko testuak honako hauek, makina bat hausnarketa eta zuzenketa jasandakoak baizik. Aurkibideari begira ohartzen gara liburu honetan, besteak beste; tradizioari, nazioari, Miguel ?ngel Blancoren erahilketari edota Egunkaria auziari buruzko gogoetak topatuko ditugula. Aipatu beharra dago, azkenik, testu hauek guztiak ikuspuntu partikular batetik eginak daudena, hau da, idazlea gaion gainean abstraktuki teorizatzeko tentaldi oro ekiditen saiatu dela. Liburu honetan izango duzue, hortaz, Atxagak orain arte idatzi dituen ?testuen azpian zegoena?, idazlearen background ideologikoa, alegia.


Bidenabar, Bernardo Atxagak bere lan berria izango denaren berri eman du aurkezpenean. Hamabi etxe Frantzian izenburua izango duen fikziozko lan berria datorren urterako argitaratzea espero duela adierazi du asteasuarrak.