sábado, 30 de diciembre de 2006

Urteko onenak zein izan diren jakin nahi dugu: bozkatu!

Nazioarteko hainbat aldizkaritan urtea amaitzearekin batera sailkapenak egiteko ohitura izaten da: urteko diskorik onena, libururik esanguratsuena, artista berritzaileena... etab. Gero, kazetaritzan hedatzen ari den fenomeno gastronomiko bitxi bati esker, hedabide guztiek sailkapen horiek "prejitzen" dituzte berriro, eta horrela, koipe pilarekin zerbitzatzen dizkigute. Guk ez ditugu horrelako lanak hartuko. Askoz alferragoak gara. Horregatik, eta zu langileagoa izango zaren esperantzan, beheko erantzunen formularioaz baliatuz Euskal Herrian azken urtean kaleratutako liburu, disko, artelan eta filmerik hoberenak zein izan diren bozkatzera animatzen zaitugu, irakurle fidel hori.
Mezurik originalenak gure sari berezia irabaziko du: sugus poltsa bat!

sábado, 23 de diciembre de 2006

Astronomia ikasketak Durangoko Azokan

Hasieran puntu definiezin bat baino ez zegoen. Zientzialariei ez omen zaie sobera falta Big Bang-aren prozesu osoa lotzeko, baina hasierako partean dituzte zailtasun handienak. Edonola ere garbi dagoena da Elkar Banaketa gertatu zela. Sakabanaketa, batasunetik aniztasunera, hetereogeneitatea, pluraltasuna. Antzina uste zen Elkar Jainkoa zela, kosmosaren zentroa, beranduagoa Elkar mundu bihurtu zen (ikusi nola mugitzen diren gainontzeko elementuak bere inguruan), eguzki ere izan zen bolada batez. Gaur egun Elkar ez omen da deus finkorik, ez du zentro jakinik, sare gisa hedatu da mundu globalaren erronka berriei aurre egin nahian.
Elkar Fundazioa? Ez, hori ez da zentroa. Zientzilariek hor egiten dute lan hasierako inkognita horiek ebatzi nahian. Elkar Musika da goizaldean ikustatzen den lehena. Ekialdean agertzen da langileek eguneroko beharrerako prestatzen diren bitartean. Hiri handienetako argiak ez dira oztopo berarentzat, Los Angeles batean ere berau ikusteko problemarik ez da egoten adibidez. Elkar Liburuak da, bestalde, arratsean ikusten lehena. Jendearen faboritoenetako bat da "begira -esaten diote lagunek elkarri, gurasoek seme-alabei, behatzarekin seinalatuz- begira zeinen polita". Ordu laurden-edo egoten dira kontenplatzen, eta gero alde egiten dute zeregin hobeetara. Elkar Azokak delakoa ere badago. Elkar Merkatua izena izan zezakeen ere, baina hizkuntzaren eta politikoki zuzenaren garrantziaz jabetuz, azkenean Elkar Azokak deitura jartzea deliberatu zuten. Aldizka jazotzen diren eklipseekin zerikusirik ote duten zurrumurrua zabaldu da azken boladan; Fundaziokoek ordea, halako hipotesiak onartzeko inolako oinarri zientifikorik ez dagoela adierazi dute.

Badaude beste elementu batzuk ere (Elkar Estudioak, esaterako), baina ez errepikatze aldera-edo, ez ditugu Durango aldean ikusi.

jueves, 21 de diciembre de 2006

Corte Ingleseko gomendioei jarraituz...

Web gune honek azken aldian izan duen SPAM arazoa gaindituta liburu bati buruzko lerro batzuk idaztera animatu gara, Durangoko Azokaren ajeak oraindik sumatzen diren honetan (ikus bestela hau eta hau). Durangon ere SPAM asko aurki daitekeela esanda ez dugu jendea ilargia borobila dela esanda baino gehiago harrituko. Bego horretan. Beste batean heldu beharko diogu/ diote/ diozue gaiari. Gaurkoan ez gara irakurriko ez dugunaz arituko, irakurri dugunaz baizik.
Kontua da, Azokara joan aurretik Corte Íngleseko liburuen sailera joan nintzela, aurten euskaraz zer kaleratu zuten ikusteko, zerrenda bat egin eta gero Landakon zuzenean horien bila joateko. Bertan ere bazeuzkaten, noski, euskarazko liburuak, baina ez zara-ba, Durangotik liburu bat, disko bat, pin batzuk, rifa mordo bat eta kotxean jartzeko ardi itxurako pegatina gabe itzuliko ezta? Harira: Corte Íngleseko liburu saltzaileari aholkua eskatu eta honakoa esan zidan: "No lo dude, llévese el último de Ijela, es el libro más vendido después del Código da Vinci, creo que es una novela de misterio de lo más interesante". Eta argitaletxearen izena (Igela), liburuarena (Txakurrari gauean gertatutako istripu bitxia) eta idazlearena (Mark Haddon) idatzi zizkidan Agatha Ruiz de la Pradaren koaderno bati orria kenduta.

Bi egun beranduago han nintzen, Landakon, Igela argitaletxearen standaren bila. Han! Korrika hurbildu, liburua ikusi, erosi eta ospa egin nuen haurren irakurketa gelara, Corte Íngleseko adituak liburuari buruz esandakoak gogoan nituela:

No lo dude, llévese el último de Ijela,

Lehen pausoa bete nuen, zalantzarik egin gabe hartu bainuen liburua.

es el libro más vendido después del Código da Vinci,

Ez dakit juxtu bigarren salduena izango den, baina bai 35 hizkuntza baino gehiagotara itzuli dutela dagoeneko eta Ingalaterra, AEB, Espainia, Italia eta Frantzian asko saldu duela.

creo que es una novela de misterio...

Tira misterioa, misterioa... Egon, badago, (Shears andrearen txakurra nork hil duen etab.) baina alde horretatik Corte Íngleseko aditua tronpatu egin zela ikusi nuen liburua bukatu bezain laster. Edo misterio nobelaren definizioa asko zabaldu beharko litzateke bestela. Liburu honek misterio asko argitzen ditu, baina ez dute krimen antolatu edo inprobisatuarekin zerikusi handirik. Mundu honetako misteriotxo batzuk ageri zaizkigu Igelak argitaratutako lan honetan.

Christopher, Aspergerren sindromea daukan 15 urteko gaztea da nobelako protagonista. Bere desoreka dela medio, ez da bigarren zentzua duten esaldiak ulertzeko gai, ezta keinu bidez komunikatutako ia ezer ere. Bestalde, memoria fotografikoa du, eta matematikekin, logikarekin eta zientziarekin sekulako obsesioa.

Bere bizilagun Shears andrearen txakurra hilda agertu ostean hiltzailearen bila hasiko da Christopher eta bilaketa hori, autobilaketa bihurtuko zaio: familian izandako arazoak, bere aita eta amaren arteko harremana, integrazio arazoak dauzkan haurra hezteko zailtasunak edo jendarte garaikidearen doilorra ("Terryk (...) esan zuen supermerkatuko orgatxoak biltzeko lana izango zela nik inoiz lortuko nuen hoberena") dira, besteak beste, Christopherrek bere bizipenekin kontatuko dizkigunak.

...de lo más interesante.

Hori guztia ikuspuntu naïf samarretik kontatu du Haddonek. Xalotasun hori ordea, inozokeriatik urrun, kontrastea bilatzeko tresna da. Helduek ez dute Christopherren sindromea ondo ulertzen, eta ume txiki bati bezala hitz egiten diote. Heriotza azaltzeko zerua aipatzen diote, sexua azaltzeko "oso lagunak ziren" esapidea darabilte... Christopherren erantzun eta gogoetek gurasokeria horren patetikoa agerian utziko dute behin eta berriro.

Obra benetan bitxia suertatzen da lehen irakurketan (ilustrazioak, kapituluak zenbaki lehenen bidez ordenatuta egotea, narratzaile-protagonistak istorioa kontatzeko duen modua... nobela askotan aurkitzen ez diren ezaugarriak dira) eta bigarren, hirugarren eta laugarren aldiz (gehiago ere bai, nahi bada) bere orrialdeak bisitatzea merezi du, hiriko bizimodua, literatura, teknologia, denbora, zientzia eta abarren inguruan eskaintzen zaizkigun kabiar mokaduekin gozatzeko.

Eranskina:

Oraindik liburu dendan ez bazaude, zera jakiten duzunean korrika abiatuko zara ale bat erostera: duela gutxi itzulpen onenaren Euskadi Saria jaso duen eta web gune honetako kideon itzultzaile fetitxea den Xabier Olarrak ekarri du euskarara nobela. Eta orain, korri! Azkar!

lunes, 11 de diciembre de 2006

Figuig oasian galdurik

Atzean geratu dira Ujda hiri zaratatsua eta Tlemcen Hoteleko ehunka labezomorroak. Maroko ez-turistikorako gure bidean, helburu nagusia den Figuigera jarraituko dugu garai batean autobusa izan behar zuen tramankuluan. Tangerrek Andaluzia zirudien, eta beraz Europa eta Afrikaren arteko zubia. Ujda ordea, garai hobeak bizi izan dituen hiri ipar afrikarra da. Duela hamar urte Oranera pasatzeko irekia zegoen zeharka bidea, gaur egun itxia dago. Turismorako interes eskasekoa omen da Maroko ekialdeko hiri handiena. Interesa hor dagoelakoan gaude. 
Azkenean Figuig. 8 ordutako ibilbidea luzea; ez ordea bidea: 375 kilometro eskas. Gainera, kanpoaldeko 45 graduak, errepidean inor gutxi topatu eta ezer gutxi ikusteak bidaia astuna, oso astuna egitea dakar. Denboraren kontzeptua oso bestelakoa den oasi saharar hau ezagutzeko parada izango dugu azkenean. Marokora egindako gure lehen bidaietik bertara joateko ilusioa izan genuen. Marokora etorri ginen lehen aldian Todrako haitzartera egindako txangoan, bidean Tinerhir oasia ezagutzeko astia izan genuen. Esperientzia paregabea. Pasarte biblikoetako paradisuaren aurrean ote ginen?

Figuigen paradisuarekin ez, desolazioarekin egin dugu topo. Egunean zehar zerutik erortzen diren eguzki izpiek dena txigortzen dute, batez ere bertakoen altxor preziatuenak diren  300.000 palmondoak. Hemen ere, denbora asko igaro da Aljeriako muga irekita ikusi zuten azken alditik. Militarrak gogoz aspertzen dira muga ikusezina zaintzen. Makalak izan dira benetan betidanik Aljeria eta Marokoren arteko harremanak, nagusiki Aljeriak Fronte Polisarioari emandako babesagatik. Horrez gain, Marokoko alauita dinastia estatubatuarren aliatu historikoa dela gehitzen badiogu badirudi hobeto ulertzen dela bi estatuen arteko ezin ikusia.

Muga zabalik egon zen garaian, merkataritza aduanetan ohikoa den elkartrukatze ekonomikoetan sostengatzen zen. Muga itxi ondoren berriz, emigratzera beharturik ikusi zuten euren burua figuigtar askok. Ondorio horretara iritsi gara, herrixka honetako errepide eta kale bakarretik pasatzen diren kotxe eskasei erreparatuta. Izan ere, kotxe bakan horiek Europar Batasuneko matrikulak daramatzate.
     
Jendearen buruan Europa, baina hau Afrika da. 14.500 pertsona sakabanaturik bizi diren 30 kilometroko palmondo basoan barrena abiatu gara oinez. Zazpi Ksar (oasi gotorlekua) eta ureztatze putzuen ispiluetako paisaia magikoan murgildu gara. Labirintu marroi-berde honen erdian ametsetan ari garen momentuan, nekazari baten Salam Maleikum (bakeak lagun zaitzala) agurrak esnatu gaitu.

Turistak beti souvenirretan pentsatzen. Begien aurrean dugun paisai magiko horren parte bat etxera eraman nahiean akaso, patrikan datil batzuen hezurrak gorde ditut, etxean Sahara zati bat landatuko dudalakoan. 

Antzerkigintzan ez da Durangorik

Au revoir Triunfadoreak! antzezlanean Bala Gizona izeneko pertsonaiak esaten zuenez, gauzak ilusioarekin egin behar dira, edo bestela ez dira egin behar. Joan den astean Antzerkiola Imaginarioko kideak elkarrizketatu zituzten Argian eta ilusio horretan egunerokotasunak eragin dien higadura nabari zitzaien konpainiako kideei. Hona hemen elkarrizketako pasarte batzuk:
Ander Lipus: "Eusko Jaurlaritzaren politika kulturalaren barruan ez da aintzat hartzen 20 aktore herri txiki batera joatea teatroa egitera, eta militantziaz egin ditugu horiek guztiak. Horrek erre egiten zaitu azkenean eta konturatzen zara erabiltzen dituzun hitz horiek klixe bihurtzen direla: ikerketa, esperimentazioa... eta ni potrotaraino nago, ez dut gehiago ikertu nahi, ezta alternatiboa izan ere..."

"Egungo kultur politikak bi edo hiru antzerki talde besterik ez ditu bultzatzen. Eta horrek konpetentzia dakar eta horren ondorioz antzerki taldeen arteko komunikazio falta. Gauza guztiek izan beharko lukete lekua, baina eskuindar politika madarikatu honek egiten duena da guztia birrindu. Jende honek beldurra dio aldaketari, beraiek ikusi nahi dutena ikusi behar du publikoak ere. Arrisku handia dago, kostunbrismoan jausteko. Badirudi euskal antzerkia Todos nacemos vascos hori dela!".

Xabier Garai: "Antzerkian Eusko Jaurlaritzak ematen dituen laguntzak ekoizpenerako baino ez dira. Agian 20.000 euro emango dizkizu eta hori ondo dago, baina guk nahi duguna da emanaldiak egitea. Antzokia kudeatzen duena ez da pertsona bera, eta horren beharrak ezberdinak dira. Orduan Eusko Jaurlaritzan esaten dizute oso proiektu interesgarria iruditzen zaiela, muntatzen duzu kristoren obra esfortzu humano eta ekonomiko ikaragarriekin, eta gero udaletako teknikariak ez zaitu kontratatzen. Hor irizpide bat egon behar du. Nahiago dut dirulaguntzarik ez ematea baina emanaldiak egotea".

"Hezkuntzak ere garrantzia handia dauka. Jendea ez dago ohituta gauza ezberdinak ikustera, programatzen den antzerki guztia linea berean doalako. Jendeak aukera izango balu mota guztietako lanak ikusteko, beste jarrera bat izango luke gauza ezberdinen aurrean".



Elkarrizketa osoa Argiaren web gunean

miércoles, 6 de diciembre de 2006

Eremulauak Durangon...etorri bisitan

Durangoko Stand-a zabaldu dugu gaur goizean! debuta egin dugu jada! Pegatinak, diskoak, Barbye-ak, poltsak...mahai gainean jarri, jendea guregana erakartzeko. Nun eta Akatu taldeen estreinako lan luzeak dira gure katalogoko izarrak, bertan duzu beraz musikari gazte hauen diskoak eskuratzeko aukera. Oraindik egunak geratzen dira,  hurreratu beldurrik gabe Durangoko Azokako 62. txokora, zuen zai gaude eta!Gure salneurriak:

Nun taldearen Collage: 8euro
Akatu taldearen Utopiaren Indarra: 8 euro
Nun + Akatu taldeen diskak: 15 euro
Akatu taldearen kamisetak: 10 euro

Iganderarte talde hauek eta Eremulauak familia ezagutzeko aukera duzu.

sábado, 2 de diciembre de 2006

MEM: Bostgarren round-a

MEM hasi da, urtero bezala, eta gu konturatu gabe. Urtea amaitu arte proposamen asko izango dira Bilbon jaialdi honi esker, guztiak ohikoak diren performance, dantza edo antzerkiengandik aldenduta. Txema Agiriano da bertako zuzendarietako bat, berarekin hizketaldia izateko aukera izan genuen.Aurtengoa jaialdiaren bostgarren zita dugu. Baduzue zerbait ospatzeko?
Bai, bost urte gabiltza, eta aurrera. Honek pozez betetzen gaitu. Posible izan bada hasieratik lagundu gaituzte pertsona guztiei esker baino ez da. MEM ez da ohiko musiken jaialdia, eta gero eta garrantzi handiago du begietatik sartzen den arteak, gero eta performance, antzerki, dantza, etab. proposamen gehiago baitago. Aurten Peter Bosch eta Simone Simons (azken honi Golden Nika saria eman diote Linzeko jaialdian, teknologia berriak lantzen dituenen artean garrantzitsuena) bikote holandarra izango dugu, egitasmo garrantzitsu bezala. Bestalde, gure inguruko artista plástiko anitz izango ditugu, hauetako askok margoa erabiltzen dutelarik.

5 urte hauetan badago pertsonaia asko izendatzaile komun bezala lan egin dutenak: Txema Agiriano, Eduardo Gaviña, etab.
Hemengo eta kanpoko artista asko izan da, hasieratik lagundu digutenak, modu batean edo bestean. Aurten memoria egitea otu zaigu eta horietako batzuk gurera gonbidatu ditugu: Iñaki Saez, Alberto Lomas, Felipe Uribarri, Pilar Baizan eta zuk aipatzen dituzun biak egongo dira. Uste dut pertsona horiek MEM sentimendua hartu dutela eta hori oso gustuko dugu.

Baina guzti hau testuinguru oso (agian gehiegi) undergroundean mugitzen da. Ez da gutxi batzuentzat egindako jaialdia?
Bilbok badu historia, memoria underground oso garrantzitsua. Behetik hasi den mugimendu handia izan da betidanik Bizkaiko hiriburuan, beti egon da kultura aitzakia hartuta edozertarako bildu den jendea, eta hor jaio zen MEM. Gaztetxeetan, erakustoki alternatiboetan, autokudeatutako disziplina anitzeko guneetan MEM denaren memoria dira. Baina MEM ez da undergroundean gelditzen, Bidebarrietako liburutegira, Guggenheimera, Euskalduna Jauregira ere egingo baitu salto. Dena da kultura eta gure gaurkotasunaren parte da. Ez dugu uste minoritarioak garenik. MEMek egiten duena batzuentzat zein besteentzat balio dezake, eta guk oso gustuko dugu mota guztietako jendea guregana hurbiltzea. Iaz adibidez gauza asko egin genituen kalean, “tuneatutako” kotxeekin kontzertua adibidez, Areatzan. Edo Bilbao La Viejan egin genuen esposaketa, eskaparateetan artista gazteei esposatzeko aukera emanez. Bi minutu hartu behar dira programa irakurtzen, eta ziur gauza interesgarri eta hurbilekoak topatuko dituzula.  

 Agian aurtengo kontzertu interesgarriena abenduaren 22an izango da, Damo Suzuki, Rober! Rhumba, Xabel Vegas, Kaki Arkarazo, Galder Izagirre eta Mikel Abrego parte hartuko dutelarik. Zerbait aurreratzeko moduan zaude?
Itzela izango da, ziur. Horrelakoak eszenatoki gainean jarrita ezin da beste modu batean izan. Agian ustekabea hartuko du, inprobisazio dosi handiak izango baitira (baina ez zoroki, momentu hauetan entsaiatzen ari baitira).
Bestalde, abenduaren 15 eta 16an Bilborocken kontzertu handia izango da: noise delakoaren gailurrean kokatzen duguna: Merzbow.

Esango nuke gero eta jaialdi zaratazale eta urratzailea dela. Nora heltzeko asmoa duzue?
Beno, lehenengo urtean ere fuerte hasi ginen, Whitehouse taldea izan genuen orduan (basati hutsak). Ahal dugun tokirarte helduko gara, zalantza barik. Gure ideia ez da besteek egin nahi dituzten kontzertuak egitea, baizik eta besteek egin nahi ez dutena egitea, proposamen zailak edo muturrekoak direlakoan. Guk ez dugu biran dauden artistekin lan egiten, esklusiban ekartzen ditugu jaialdirako. Askatasun osoa ematen diegu nahi dutena egiteko, eta beraiek ere eskertzen dute, noski. Sonic Youth taldeko Lee Ronaldo ekarri genuenean, adibidez, jotzen zuen bitartean egin berri zuen filme bat jarri zigun eta kontzertu osoan ez zuen kitarra modu “ohikoan” jo.


Informazio gehiago, eta programa: www.musicaexmachina.com
 

viernes, 1 de diciembre de 2006

Hirukia jaio da Lekunberrin

Fever bilbotarra prgramatzen dutenen eskutik areto berria jaio da Nafarroan: Hiruki. Egia esan 31 aretoak baditu urte batzuk, baina oraingoan Bizkaiko hiriburuko aretoaren eredua hartu du. Horrela, hiru gune ezberdin izango dira astebururo aipatutako dantzalekuan: batak indie estiloa bilduko du, bestea Euskal Herrian zein kanpoko arrakastak, eta azkenak techno, electro eta minimal estiloak bilduko ditu.Gaur bertan izango da areto berriaren inaugurazio festa, techno jai berezi batekin: Koldo Zapatilla dj-a izanen da platerrekin jolasean. Asteburua hasteko Bartzelonako Damian, Nuria Ghia, James Ruskin, Kike Prada, Boris Divider edota Iñaki Kreator egongo dira besteak beste. Gehienak techno estiloan biltzen dira: horrelakoak gustoko dituenak, hor du aukera.

Halere, larunbatetan espero da jende gehien hurbiltzea, orduan irekiko baitira hiru gune ezberdinak. Betagarri talde gasteiztarrak parte hartuko du jai berezi honetan, "Hamaika gara" diskoaren aurkezpenean. Besteak beste Bilboko Kafe Antzokiko eta Split 77 taldeko DJ Tormento izango da, eta baita El Patio De Mi Casa edota Feverren izandako Optigan 1 ere. Chico y Chica taldeko DJ Madel ere izango da, Nancy Anoréxica eta Jet 7rekin batera (ezizen hauen atzean Mario Vaquerizo eta Nacho Canut izkutatzen dira), abenduaren 23an. Hilaren 30ean Euskadi Gazteako Elektro Radio Gramma saioko Arka! izango da, Entzun! aldizkariko Sagardantzarekin batera.

Hau da gehienbat 31 aretoan izango diren emanaldi garrantzitsuenak, baina ez guztiak, noski. Informazio gehiago www.3clubsen1.com helbidean duzue. Edo bertaratu, garraio publikoa jarri baitute Iruña eta Donostiatik.

sábado, 25 de noviembre de 2006

Durangoko Liburu eta Disko Azokan lekua izanen dugu

Oraingoan ere gure kontraesanetan erori gara, Eremu Lauak Kultur Elkarteak standa izango baitu Durangoko Azokan. Beno, stand erdi, dakizuenez erreferentzia bi baititugu momentuz gure “katalogoan”, horrela deitzerik badago. Gerora disko gehiago etorriko direlakoan gaude, baina gauza bakoitza bere denboran, urduritu gabe.

Euskal fetitxismoaren gailurrean kokatzen den Azokan lekua izango dugu hortaz, eta dakizuen bezala, gure erreferentzia nagusiak Nun talde bizkaitarraren "Collage" eta Akatu nafarren "Utopiaren indarra" izango dira.Gainera, gure erreferentzia ez diren arren, gure standean beste lan batzuk topatuko dituzue salgai. Ortots zigilu metalzaleak (www.mundurat.net/ortots), estilistikoki gurekin zerikusi handirik ez duen arren, filosofiari dagokionean oso antzera lan egiten dugu, hortaz lekua izango du gure alboan. Baita Napoka Iria talde eibartarraren maketa ere.

Besterik gabe, bertatik pasatzeko gonbitea luzatu nahi dizuegu.

Hernanirengatik mutur joka

Nostalgikoak izaten hasita XX. mendeko azken lau hamarkadetatik haratago begiratzea ez dago soberan, joandako garaietan kulturak zer nolako garrantzia zuen ikusteko bada ere. Demagun XIX. mendeari erreparatzen diogula, 1830. urteari adibidez. Lehen begiratuan O tempora, o mores! larri bat eztarriratuko zaio literatura eta antzerki zaleari Victor Hugoren  Hernani obra estreinatu zenean gertatutakoa ezagutzen duenean.
1829. urtearen bukaera aldera Hugok Marion Delorme idatzi zuen, garai hartako antzerki obra tradizionalen aurrean hainbat ekarpen berritzaile eginez. Zentsurak ordea ez du inoiz arteaz gehiegi ulertu eta ezin izan zuen jasan antzezlan horretan Luis XIII.-aren errepresentazio parodikoaren bidez idazleak Frantziako monarkiari egin zion kritika. Horregatik, debekatu egin zuten Marion Delorme antzokietara eramatea.

Haserrea bideratzeko terapia asko dago, baina Hugok nahiago izan zuen beste obra bat idaztea. Mendeku literarioa, mendeku bikoitza. Ez zuen denbora asko behar izan gainera: hilabete eskasean prest zuen Hernani, bost ataletan banatutako drama erromantikoa.

1519ko Gaztelako gortean girotua, Doña Sol noblezia giroan hezitako emakumea, Hernani izeneko bidelapurra, Carlos erregea eta Ruy Gomez de Silva dukea ditu protagonista. Doña Solek, azken horren emaztegaia izan arren, Hernani maite du. Eta hirukoteari gutxi iritzita Carlos erregea ere Doña Sol limurtzen saiatuko da. Heriotza eta ohorea, Gorteko gezur eta nahaspilak... oraindik ere gustura irakurtzen den lana utzi zuen Hugok.

Tradizioa vs. erromantizismoa

Tradizioaren aldekoak antzezlanaren berri izan eta berehala saiatu ziren Hugo geldiarazten. Akademiko talde batek erregeari "eskandalu" hura debekatzeko eskatu zion. Baina alferrik zen, berandu zebiltzan eta ez zuten ezer lortuko harrez gero. Hernani paperetik taulara jauzi egitera zihoan. 1830eko otsailaren 25a zen.

Hugoren aurkariak ez ziren, hala ere, isilik geratzekoak. Erregearen bitartez lortzerik izan ez zuten boikota antzokira joanda gauzatu nahi izan zuten. Hugo eta erromantikoak ez ziren makalak ordea. Gertatuko zena susmatzen hasiak ziren gainera, eta elkar hartuta joan ziren antzokira estreinaldi egunean, espainolezko "hierro" (burdina) hitza idatzita zuten txartelak aldean zituztela. Denen buru Théophile Gautier galtza berde eta txaleko gorriztaz jantzita agertu zen. Itxura bitxia. Edozer gauza klasikoak izorratzeagatik.

Antzezlana hasi eta berehala txistuka hasi ziren tradizioaren aldekoak; antzezleei patatak, limoiak eta eskura zituzten beste fruta eta barazki guztiak bota zizkieten; ukabilkadak izan ziren ikusleen artean; erromantizismoa klasizismoaren aurka, baina ez hori bakarrik: gazteak zaharren aurka, adierazpen librea eta konformismo estetikoa aurrez-aurre. Mundua ikusteko bi modu antzoki berean.

Garaiko kronikek kontatzen dutenez, matrailezurren bat edo beste puskatuta eta zalaparta handi samarrarekin amaitu zen gaua. Markagailuan 1-0 erromantikoen alde. Geroztik "Hernaniko bataila" izena eman diote antzerki gau hartan gertatuari.

Hugo eta Euskal Herria

Irakurleak nabarituko zuenez, antzezlanak Gipuzkoako herri baten izena du. Zergatik? Arrazoia Victor Hugok 9 urte zituenean Frantziara bidean Euskal Herritik egindako bidaian dago. Antza Victor gaztearen gogoan iltzatua geratu zen Urumea bazterreko herriaren izena hemendik pasatzean. Urteak joanda oroimenaren zokoren batetik atera zuen Hernani, bere obra bateko protagonista bihurtzeko.



Jatorriz Xirikan argitaratua

Lisboako euskaldun baten gogoetak

Lisboa, Luzboa, argiaren hiria. Zuria, epela, hurbilekoa, ederra. Hiriburu berezia daukagu penintsularen ertz honetan, herri-hiri fusio interesgarria, kontraesanduna. Noiz gelditu ote zen denbora kale hauetan zehar?
Emakumezkoa da Lisboa eta, historian zehar, hainbat zibilizazio maitemindu dira berarekin. Lurrak ere, pasio handiz orro egin zuen, itsasoak berarentzat nahi zuela esan zuenean, eta soilik suak lortu zuen azkenengo maitasun distirak lehortzea. Pasionalak dira, efektuz (edo defektuz) lisboatarrak.

Honen ederra izanen, denborak ere Lisboan bizitzen geratzea erabaki zuen inoiz bere maitasuna lortzeko desioarekin. Eta beste maitaleek lortu ez zutena lortu zuen. Denborak bere orratzak geldiaraztea erabaki zuen gaztetasun infinitua prometitu nahirik, denboran geldiarazten dena lehenago zahartzen dela jakin gabe.

Badaude hemen kale, katoi eta paseo ederrak, badaude gune misteriotsuak, non filmetako ilusioak egin ditzakezun, non beste hamarkadetako istoriak imagina ditzakezun, non beste milurteko zibilizazioak azter daitezkeen. Erromatarrek beren antzokia galdu zuten Alfamako kaleen azpian eta kolonialismo garaietako oroitzapenak oraindik ere nahastu egiten dira arte garaikidearen azkenengo berrikuntza arkitektonikoekin.

Zazpi muinoetatik paseatzerakoan hirian zaudela ahaztu eta errepublika garaiko herri batean egotearen sentsazioa barneratzen da, pausoka pausoka galtzada-harrizko ibilbideetatik.

Nahasketa bereziak, ausartak, bortitzak. Edertasuna miseriarekin ikus dezakezu eskutik behin baino gehiagotan, erotasuna eta umiltasuna, pobrezia eta azken generazioko telefono mugikorrak.

San Martin bezperatan Tejo ibaiaren kai batean jesarrita gaztainen usaina etorri zait bisitan, eta paregabeko itsadarrean murgiltzeko gogoak kasi geldiezinak bihurtzen dira. Pena Lisboan malda gorak ez dutela beti beherakada beste aldean.

miércoles, 22 de noviembre de 2006

Akatu, Utopiaren Indarra


2000. urtean taldea osatu zutenean, urruneko amets moduan ikusten zuten Akatu taldeko kideek diska luzea kaleratzea, utopia bat alegia. Bainan heldu da eguna. Eremulauak Ediziogunearekin batera Utopiaren Indarra estreinako lana karrikaratuko du Iruñeako taldeak. Melodiak, metala eta musika estilo ezberdinak nahasten dituzten 10 kantu grabatu dituzte Akatukoek, Fer Buitraker teknikari moduan lagun izan dutelarik.



Aurrerapausu handia eman du Akatu taldeak lan berri honekin. 2004-urtean kaleratu zuten maketako doinu zalantzatsuak alboratu eta soinu propioa garatzen jakin izan dute Iruñeakoek. Indarra dut oinarri haien musikan, bi ahots, kitarrak, baxua, bateria eta nortasuna ematen dien djembelaria plazaratzen du eskenatoki gainean Akatu-k. Utopiaren Indarra disko berrian, melodiek garrantzia hartu dute, hasierako ahots gordin eta gogorren aurrean, jatorrizko kaña galdu gabe beti.


 


Lehen lan luzea dute Akatukoek, ospatzeko moduko aurrerapausua. Horrexegatik lagunak alboan nahi izan dituzte grabazioan. Matxet-ek (Josilouli eta Naiz Roxa) kanta batean ahotsa jarri die eta Electric Child-ek (Sexty Sexers) gitarra soloa jo du beste abesti batean.


 


Durangoko azokan salgai jarriko da Utopiaren Indarra, Akatu taldearen diskoa. Ordutik aurrera, Eremulauak Ediziogunearen salmenta postu guztietan ere aurkituko duzue. Aukera bikaina Euskal Herriko musika zaleek, Iruñeakoen lana ezagutu dezaten. Mitomanoentzako oharra, azokako ostegunean abenduaren 7an, diskoak saltzen ibiliko dira Akatu taldekoak.


 


Aurki berrikuntza gehiago Eremulauak.com atarian!


martes, 21 de noviembre de 2006

Jurasikoko erreginak

Neubat boskoteak lan berria kaleratu du Stereosaurus izenburupean. Langile dabiltza gasteiztarrak, izan ere, taldekideetarik lau Sorkuni laguntzen dion bandaren partaide dira eta harekin aurkezpen bira amaitu berri badute ere, euren lana kaleratu eta aurkezteari eman zaizkio, atsedenerako tarterik hartu gabe.


Berrikuntza gutxi aurkituko ditugu aurreko diskoarekin alderaturik; gitarra astunak, Kanda eta Libe-ren arteko ahots-jokoak eta, finean, stoner-a oinarri duten hamalau kanta. Zerbait azpimarratzekotan, agian, Queens of the Stone Age taldeak disko honetan duen itzal luzea erritmo, gitarra eta koro askotan (Shanghai, Chupacabras…).


Orokorrean, gorabehera askodun diskoa dela esango nuke, bai intentsitateari dagokionez eta baita kalitateaz hitz egitean ere; Shangai, Carrandi edo Azal gorriak kanta borobilak dira, Pozoina edo Zapiaren dantza erdipurdikoagoen aurrean.


Aipatzekoa da ere kolaborazioen atala, Sorkun-en ahotsa eta Igor Ruiz-en Saxo baritonoa espero zitezkeen, elkarrekin jotzen ibili baitira azken aldian, baina horietaz aparte Surfin Kaos-eko Koldo agertuko zaigu kanturik rockeroenean, baita Joseba Ponce-ren ahotsa Naide-n, Dut-en garaiak gogora ekarriz.


Zapore gazi-gozoa uzten duen lan hau laburmetraia itxurako bideo batekin borobiltzen dute. Zapore gazi-gozoa diot, seguru aski lantzeko eta abestiei buelta gehiago emateko denbora hartuz gero, disko handiago bat eskaintzeko gai baitira. Bien bitartean nik, Stereosaurus honekin gozatzen jarraituko dut…


jueves, 2 de noviembre de 2006

250 e-mailukada eta opari sorta literatur zaleentzat

Euskal literatura eta Internet ahotan hartuz gero, armiarma.com gunea eta ostegunero hutsik egin gabe e-postan jasotzen ditugun Literatur Emailuak ezinbesteko erreferentzia bihurtu dira. 2002an hasi ziren Emailuak hara eta hona banatzen eta dagoeneko 250 aleko bilduma osatu dute. Gainera, irailetik emailukadak blogean ere paratzen ari dira. Baina (gauzak zer izaten diren) urtebetetze egunean ere besteei opariak egin nahian dabiltza. Opariak, horixe baitira  Literatur Emailuen blogetik osteratxoa egiten duen irakurleak han topatuko topatuko dituenak:
Edu Zelaieta, Paddy Rekalde, Xabi Borda, Gotzon Barandiaran eta Leire Bilbaoren poemak jarri dituzte entzungai, ospakizun modura. Sartu eta gozatu, idazleok beren poemak nola irakurtzen dituzten entzuten duzun bitartean.

Mugalarien azken kontzertuan

Urriaren 27an Bilbora joan ginen Ruper Ordorika & Mugalaris-en azkenengo kontzertua ikustera. Ostegunean ere emana zuen beste emanaldi bat eta bi egunetan Kafe Antzokia betetzea lortu zuen kantari oñatiar handiak. Bi kontzertu hauetan grabatutako materialarekin zuzeneko disko bat argitaratzeko asmoa du gainera.
Emanaldian garai guztietako kantuak entzuteko parada izan genuen; gehienak, Gaur zuzeneko diskoan sartu ez zituenak. "Halako Gau Batez"-ekin hasi zen, dudarik gabe, "rupertoriaren" kantu onenetarikoa dena, kadentzia bikainarekin eta Mugalariek ezin hobeto interpretatzen dutena. Hala ere, kontzertuaren xarma nagusietako bat kantu zaharren moldaketa berriak entzuteko aukera zen. Gaur hartan bezala, duela hogeitaka urtetako kantuak biziberriturik entzun ahal izan genituen. Batzuek beste batzuek baina emaitza hobearekin. Esaterako, "Egin Kontu" abestiaren moldaketa motelegia iruditu zitzaidan. Beste batzuekin, ostera, bete-betean asmatu zuen: "Herdoilarena" (erregistroz erabat aldatuta), "Etzanda", "Ene Herrian", "Agurraren Lezioa". Bestetik, kuriosoa "Gizona Endredaturik" kantuaren bertsioa. Azken urteetako diskoetatik, "Martin Larralde", "Bihotz Begiekin" eta "Zaindu Maite Duzun Hori"-k jaso zituzten txalo zaparradarik handienak.

Gaueko alderdirik negatiboena ordea, publikoko sektore handi baten jarrera izan zen. Kantuen bitartean eta Ruperren hizketaldietan zenbaitzuk isildu gabe ibili baitziren, tabernan-edo egongo balira bezala, eta bereziki desatsegina egiten zen kantu lasaietan hotsak entzutea musikaren gainetik. Errespetu gutxi taldeari eta kontzertura joan ginenei. Azken partean, "Ene Begiek", "Fas Fatum", "Crack (pipa bat)", "Aspaldian" gisako abesti klasikoak jo zituzten. Horien artean, baita "Zenbait Bertso Xelebre (erregalia)" ere, gaueko momenturik xelebreenetakoa, xelebre-enetakoa bai.

Izan ere, hirugarren bisaren ondotik, eta "Berandu Dabiltza" jo ondoren, jendeak emanaldia bukatutzat ematen zuenean, sorpresa batekin amaitu zuten Ruper eta Mugalariek. La Cucaracharen euskal bertsio batekin bukatu ere (Labexomorro, labexomorro, ezin dala ibili; eta abar.). Kafe Antzokiko argiak piztu zituztenean, euskal musikaren historiako banda handienetako baten agurrean izan ginelako sentsazioa izan genuen; Dominique A edo Wilco bezalako nazioarteko bakarlari handien enbidia handirik eduki behar ez duen banda baten despedidan.

Orain, Ruperren estudioko disko berriaren eta zuzenekoaren zain geratzen gara; baita etorkizuneko Ruperren egitasmo berrien zain ere.

Gora Mugalaris!

lunes, 30 de octubre de 2006

Grizzly Man

Grizzly man filmea ikusi gabe gelditu izanen nintzake zuzendaria nor zen jakin ez banu. Werner Herzog-ek bere garaian "Fitzcarraldo" edo "Aguirre, la colera de dios" bezalako filmeak gauzatu zituen Klaus Kinski-ren ero begiradaz baliatuz. Gaurkoan, dokumental bat dakarkigu bertze ero bat protagonista duela. Timothy Treadwell, Grizzly people hartzen babeserako elkarteko buruzagia genuen. Ameriketako Estatu Batuetan zelebridade bilakatu zen 90. hamarkadan 13 urte hartzen artean pasatzeagatik. Bere helburua, hartzak babestea zen, bai gobernuarengandik eta baita ehiztariengandik ere.
Urtero 6 hilabete igarotzen zituen bakardadean, bere ustetan hain maitagarriak ziren hartzen artean. Animalia hauek  babesean egotearen xedeetariko bat gizakiarengandik urrun egotearena da. Eta bera sobera hurbiltzen zen. Honek amaiera tristera eramanen gaitu, tipoa hartz batek janda hil baitzen bere neska lagunarekin batera.

Erran beharra dago tipo honek hobe zukeela bere etxean panpina tartean gelditzea, hartzen lurraldeko errege bilakatu baino. Fantasia mundu batean bizi zen Timothy, bera ere hartza bilakatu nahirik. Gobernu, kazetari eta ehiztariengandik babestu nahi zituen, humanitatea gorrotatzeraino iritsi zen, hartza bilakatu nahi izateraino. Baina, nork babestuko zituen hartzak beragandik?

Beharbada hau da Werner Herzog-ek lortu nahi zuena. Deseroso sentiarazten zaitu filmean zehar, tipo bitxi horren xelebrekeriekin. Ipurdian grano bat edukitzea baino okerragoa da, ipurdian grano berde bat izatea bezalakoa da! Hau bada Wernerrek lortu nahi zuena, orduan primeran lortzen du ikuslea deseroso sentitzea, protagonistaz errukia sentitzea... Wernerrek pelikula guztian zehar narratzaile lana egiten du eta momentu jakin batean argi uzten du, berak eztituela Timothy-k ikusten dituen izaki maitagarriak ikusten.

Bukatzeko, irakurleari pelikula hau gomendatuko nioke, kuriosidadez, pertsona bezala hobetzen lagunduko dizulako, edo Timothy bat munduan zehar biraka ikusiz gero ostiko bat emateko.

jueves, 26 de octubre de 2006

Viena eta artista "itsusi" horiek

Artean indarkeriak lekurik ba ote duen: horra gogoeta luzea eskatzen duen beste galdera bat, aurreko artikuluaren haritik tira eginez. Arte izena merezi al du animaliak zatitu eta beren errai beroekin jendaurreko ikuskizunak egiteak? Eta sexu-organoak zikiratzearen itxurak egiteak? Zilegi al da etikaren mugan dauden ekintzak burutzea, adierazpen artistiko berriak sortzeko? Europa zaharraren erdian baietz pentsatu zuen artista talde batek.
Hermann Nitsch, Otto Mühl, Günter Brus eta Rudolf Schwarzkogler. Lau izen eta mugimendu bat: Vienako Ekintzaileak. 1960. hamarkadako urte zoroetan ekintza-artea sustatzeko elkartu ziren lau artista horiek Austriako hiriburuan. Hamar urtez probokazioarekin, jendartearen tabuekin eta indarkeriarekin jolas artistikoak eginez bazterrak ederki nahasi zituzten, bide batez azken urteetan Europan sortu diren sorkuntza interesgarrienetakoak utziz.

Ordura arteko jarrerari aurka eginez, erosotasunera bideratutako edozein adierazpide baztertu zuten Vienako Ekintzaileek. Aditu askok bide horretan artelanak kontzeptu egonkorrak izatetik dinamikoago bihurtzeko egindako ahalegina nabarmendu izan dute. Ingurune jakin batean "ekintzak" eszenaratuz Performance artearen lehen oinarriak ezartzen lagundu zutela, alegia. Hala ere, hori ez da Nitsch eta bere lagunen sorkuntzetatik arreta gehien erakarri izan duena. Ekarpen horrek, arte kontuetan jantzi samarra den jendea erakarriko luke, baina Ekintzaileek jendartearen asaldura beste arrazoi batzuengatik eragin zuten.

Rudolf Schwarzkogler taldeko kideak azaldu bezala, artea bizi-erritual modura ikusten hasi ziren 60ko hamarkadan. "Ohiko artista bere estiloaren bila dabil; zerbait lortu nahi du baina ez daki zer. Horrela, agintean diren instituzioen zerbitzura jartzen da, instituzio horiek beren existentzia eraikitzeko erabili dituzten kontzeptuei men eginez. Baina artea batez ere eragiten duen atseginak justifikatzen du, eta ez estiloaren presioak". Presio hori saihestu nahiak zeresan handia du Vienako Ekintzaileen artelanetan.

Hermann Nitschek 1957an bere Orgia eta misterioen teatroa lanarekin ezarri zituen taldearen ondorengo obren oinarriak. Lehendabiziko jendaurreko ekintzetan animalien gorpuak eta erraiak erabili zituzten, odolez beteriko ikuskizunak osatuz. Hasiera besterik ez zen hori. Beranduagoko ikuskizunetan bizar-labanekin norbere buruari ebakiak egitea, jendaurrean txiza eta kaka egitea, sexu-organoak zikiratzea... etab. etorri ziren. Politikoki politaren itxura duen ezer ez tartean.

Probokazioak, noski, bere ondorioak izan zituen. Vienako taldeko kideek kartzela ezagutu behar izan zuten "garbitasun moralaren" aurkako ekintzak egiteagatik. Günter Brus adibidez, sei hilabeterako giltzapetu zuten 1968an, "estatuaren sinboloak iraintzeagatik". Irten ondoren ere Austriatik ihes egin beharrean aurkitu zuen bere burua, bigarrenez atxilotu ez zezaten. Otto Mühl ere ez zen zuloan egotetik libratu: Artea eta iraultza izeneko ikuskizuna antolatu ondoren hilabetez kartzelaratu zuten eta Munichen Txiza ekintza izeneko lana jendaurrean aurkeztu ondoren Mendebaldeko Alemaniako poliziaren jazarpena jasan zuen. Hala ere, Herman Nitsch izan zen kartzela zapaldu zuen lehendabizikoa, 1965ean naturalismo psiko-fisikoari buruzko jaialdi batean parte hartu ondoren.

Kontrako iritziak

Askorentzat oraindik ere arbuiagarri eta are, okaztagarriak izaten jarraitzen dute Vienako Ekintzaileek sortutako lanek. Eztabaida ugari izan da artearen mugen inguruan, talde honek nazioarteko arrakasta lortu zuenetik. Hala ere, eta Vienako artista taldean parte hartu zutenek modu independentean lan egiten jarraitzen badute ere, beren proposamenak pixkanaka aldendu egin dira 60ko hamarkadako muturreko jarrera haietatik.

Edo agian alderantziz izan da: ez ote da jendartea pixkanaka indarkeriara ohitu, Nitsch, Mühl, Brus eta Schwarzkoglerrek sortutakoa normaltasunez hartzeraino? Duela berrogei urte ekintza-artearen bidez eskandalagarri izan zena ez ote da gaur egun publiko jakin baten ohiko kontsumo gai bihurtu? Zalaparta bera eragingo ote luke gaur egun antzeko proposamenekin datorren artistak?

martes, 24 de octubre de 2006

Jamedo.com euskaratzen!

Jamendo.com, musikaren banaketa eta promozio askerako lanean diharduen webgunea euskaratze prozesuan dago. Lan taldea sortu da jada eta espero dugu gutxi barru webgunea euskaraz izatea. Itzulpen sistema google edo gmail-en erabiltzen den antzekoa da. Web-interfaze batek testuen itzulpena ahalbidetzen du eta gainera garapen kolektiboa onartzen du, era erraz batetan. Parte hartu nahi baduzue jamendo.com webgunean izena ematea baino ez duzue, eta gero txupete[abildua]mundurat[puntu]net epostara email bat bidali.

sábado, 21 de octubre de 2006

"Izugarri gozatu dut denborarekin izan dudan jolas moduko horrekin, hitzei arnas gehiago ematen"

Ixiar Rozas (lasarte-Oria, 1972), oraindik idazle aski gaztea izanagatik, gisa guztietako generoak landutako idazlea dugu (antzerkia, haur eta gazte literatura, nobela, narrazioak, poesia...). Gainera, Euskal Herrian urtero egiten diren jardunaldi kultural interesgarrienetako baten, Periferiaken, partaide da. Urte honetan bertan bere azken nobela argitara eman du, Negutegia, eta horren karietara hainbat gaiz mintzatzeko parada izan dugu elkarrizketa honetan.-Nolakoa izaten ari da dagoeneko urte erdiko ibilbidea izan duen zure azken lanaren, Negutegiaren, harrera?

Liburua bere ibilbidea egiten doa, astiro doa aurrera, ibai batera botila bat botatzen duzunean bezala. Maila pertsonalean oso pozik nago, inguruko eta ez hain inguruko jendearen iritziak iristen zaizkit. Eta hori satisfazio handia da. Eta maila ofizialean, kritika ona izaten ari da.

-Liburuak tonu lirikoa duela esan da eta badirudi, gainera, barru-barrutik idatzitako liburua dela,  ia gelditu gabe obsesiboki idatzitakoa. Nago, ordea, idazketa prozesua dirudien bezain espontaneoa ez dela izan…

Intentsitatea bilatu dut, hizkuntza poetiko jakin bat, egoera jakin batzuk, pertsonaien barne mundu bat. Eta hori bilaketa luzea izan da, bost urte baino gehiago iraun duena. Alde batetik, beste proiektuetan murgilduta egon naizenez liburuari ezin niolako nik nahi nuen denbora guztia eskaini; baina bestetik ere, luzea izan da prozesua liburuak berak denbora eskatzen zidalako. Denbora bilatzen egoteko, eta denbora bilatzen ari nintzen forma eta edukiarekin eman arte. Urte hauetan beste hizkuntza edo esparru artistikoetan egin ditudan lanak, dantzan, antzerkian, hainbat gauzetan, horiek ere liburuan daude, ez fisikoki, ezin dira ikusi, baina nik badakit hor daudela.

-Iruditzen zait eleberriaren bertute handienetako bat gatazka pertsonalak eta kolektiboak elkarloturik adierazteko modua izan dela. Lehenengo pertsona indartsuak dira idazten dutenak, baina atzean zibilizazio eta mundu oso baten drama ezkutatzen da.

Liburuko hiru pertsonaia nagusiak zentrorik gabe geratu dira. Eta zentro eza horrek etengabeko mugimendu batera bultzatzen ditu, bilaketa batera. Esango nuke, orokorrean hitz eginda, deserrotzea ez dela inoiz hautu bat. Negutegian deserrotze hori jaioterriak, heriotzak, desamodioak, egungo prekarietateak eta bizi baldintzak bultzatua dago. Ondorioz, pertsonaiek marrak egiten dituzte beren geografia pertsonaletan bilaketan dauden bitartean. Eta geografia pertsonal horiek, munduan, eta zehazki, Europan gertatzen ari diren eta historian zehar gertatu diren hainbat gertakizunekin gurutzatzen dira, besteak beste, beren aiton-amonen bizipenekin.

-Aipatzen duzun deserrotze hori egungo munduaren ezaugarritzat hartzen da (hor ditugu esaterako "ez-lekuak", "jendetza" bezalako kontzeptuak). Ez dugu hemen berehalakoan mundua konponduko, baina anabasa egoera honetan ikusten al duzu esperantzarako biderik?
Aipatzen dituzun bi gaietaz eztabaidatu izan dugu Periferiak-eko solasaldi eta hitzaldietan. “Jendetza”-ren kontzeptuak “masa”-ren kontzeptuari erantzuten dio, nolabait. “Jendetza” kontzeptuaren baitan biltzen dira gaurko subjektibitate heterogeneoak, alderdi jakin batean militatu gabe politikoki erantzun bat ematen dutenak. Ez nuke deserrotze-aren adibidetzat jarriko, kontrakoa baita, arazoei modu aktiboan erantzuteko beharra. Ez-lekuen gaiaz ere asko idatzi eta hitz egiten da. Ez-lekuek, memoria eta ezaugarri gabeko leku horiek, astiro, ez-leku bilakatzen dituzte gure gorputzak ere. Ondorioak bistan dira. Gezurren labirintoa dokumentalean, tunelaren amaieran argi bilakatzen diren esaldi horietako bat dago: gezurrez osatutako labirinto batean bizi gara, harresi altuak dituena, eta harresien kontra talka egiten dugu buruarekin, behin eta berriro. Egoerari aurre egiteko pentsatzea, pentsamendua lantzea da irtenbide bakarra, headwork. Horixe idatzi zion Marcos komandante ordeak John Bergerri eskutitz batean.

-Mundu "postmoderno" honetako tekla garrantzitsuak ukitu dituzu: Carlo Giulaniren hilketa, emigrazioak, globalizazioa… Egun-eguneko gaiak izanagatik, ez dira antza, euskal literaturan maiz jorratu diren gaiak.  

Niri guztiz naturala egiten zait gai horietaz idaztea, emakume euskaldun, idazle eta gazte bezala kezkatzen nauten gaietako batzuk direlako. Erronka hori dugu gure egunerokotasunean, eta jakina, ez literaturan bakarrik: nola uztartu maila globala eta lokala.

-Negutegia Creative Commons lizentzia baten pean argitaratu duzue. Gure web orriko foroan eztabaida interesgarri bat eduki genuen lizentzia hauek direla eta, eta batez ere, "Ez merkataritzako" balditzarengatik (laburbilduz, kritikoek zioten baldintza hau ezin dela Copileft-tzat hartu Copyrightak bezala funtzionatzen duelako). Ez dakit zer iritzi duzun guzti honen inguruan eta bereziki Copyleft mugimenduari buruz.

Sortzaileok egile eskubideekin egiten den negozioari aurre egin behar diogula iruditzen zait. Horrekin batera ideiak denonak direla ukaezina da. Nire idazketa aurretik irakurri ditudan eta bizitzan zehar irakurtzen joango naizen liburuetatik ere badator. Ikusten dudan zinematik, antzerkitik, entzuten dudan musikatik. Ez dakit Creative Commons-ek guztiz erantzuten dien kezka hauei, baina hein batean bai.



-Topikoak dio zure “belaunaldiak” literatura estetizistago bat egiteko joera izan duela orain arte, konpromisotik eta literatura “sozialetik” urrunago. Zure liburuetan, ordea, auzi sozial eta politikoen presentzia nahiko presentea da. Ba al dago halako belaunaldirik? Zentzurik al du belaunaldiez hitz egitea? Eta konpromiso santu horretaz?

Zaila egiten zait urte eta geografia beretsuetan jaio izanagatik belaunaldiaz hitz egitea. Bestalde, errazegia da etiketak jartzea eta idazten duzuna eskola, korronte, estetika edo poetika jakin batean lerratzea. Gerta daiteke, eta gertatzen da, alde handia egotea liburu baten eta bestearen artean, egile berdinaren uztaz ari naiz. Konprimisoa, literatura konprometitua. Beno, eztabaida luzea da eta ñabardura asko dituena gainera. Maiz lehenengo lerrotik kutsu politikoa duten liburuak dira eraginkortasun politiko gutxiena dutenak, moralistak direlako, efektistak. Eta alderantziz: sutila denak, iradoki egiten duenak, indar handiagoa du. Nire ustez, literaturaz ari naiz, gakoa ez da edukia, forma baizik: nola idazten duzun jorratu nahi duzun gaia, ze irtenbide formala ematen diozun.

-Ildo horretan, sentitzen al duzu zure liburuen artean ezberdintasun nabarmenik? halako eboluzioren bat ba al dago zure karrera literarion?

Karrera literario hitzak beldur pixka bat ematen du, atzera egiten dut gorputzarekin hori entzuterakoan. Errespetu handia diot idazle hitzari, idazle izatea ardura handiko lana delako. Baina aldi berean, idazlearen figura desmitifikatu egin behar dela uste dut, hau da, denok dugu barruan sormen ahalmena, Joseph Beuys-ek esaten zuena gogora ekarriz. Nire liburuetaz galdetzen badidazu, esango nuke, Negutegia-ko bilaketa modu konszienteagoan egin dudala, eta lehen esan bezala, luzeagoa izan dela prozesua. Izugarri gozatu dut denborarekin izan dudan jolas moduko hori, hitzei arnas gehiago ematen. Hitzak denborarekin nire belarrian aldaketarik ba ote zuten ikusteko aukera izan dut, ozen irakurtzerakoan hitzen doinua bilatuz.

-Ledig House International Writer Residency bekari esker New York-en egon zara bolada batez munduko beste bazter batzuetako idazleekin batera. Zelako esperientzia izan da? Han ezagutu duzun inoren obrarik gomendatu al zenezake?

Lan egiteko, zure lanean zentratzeko, leku aproposak dira idazleen egonaldi hauek. Horretarako pentsatuak dira. Dena dela, ez da beka bat, egonaldi bat baizik. Esperientzia bereziak izan dira, bai New Yorkekoa eta baita Suizakoa ere. Aukera ona da beste idazleen prozesuak eta lanak gertutik ezagutzeko. Katharina Höckerren poesia eta Patricia Dunckerren lan batzuk gomendatuko nituzke.

-Beka, sariak eta abarrekoak direla-eta, inpresioa ematen du euskal literatura ez ote den, hein batean, subentzio-literatura bat. Nola ikusten dituzu sari eta beken kontu hau? Zertarako iruditzen zaizkizu baliagarri? Zein puntutaraino eragiten dute literatura eta idazleen autonomian?

Hau ere eztabaida luzea da. Eta ezagutzen al duzu diru-laguntzik behar ez duen kulturarik? Erakunde publikoetatik kultura bultzatzea guztiz beharrezkoa da. Estatu Batuetan beste muturra dugu, hau da, kultur ekimen gehienek finantziatzio pribatua dutela. Multinazionalak eta hainbat enpresa pribatuetatik jasotzen dute dirua han. Eredu neoliberala litzateke hau. Ez dut gehiegi luzatu nahi, baina zerbait argitu nahi nuke: idazle gutxi batzuk dute salmentetik bizitzeko aukera. Besteok, idatziko badugu, bi aukera ditugu: beste lan batean aritu eta geratzen zaigun denbora literaturari eskaini, bikoizketa horrek batzuetan dakarren nekearekin; eta bigarrengo aukera diru-laguntzak dira, literatur lan bati behar duen denbora eskaini ahal izateko. Eta laguntza hauek ez dute idazleen autonomia baldintzatzen, nire kasuan ez behintzat.


-Periferiak proiektuaren bultzatzaileetako bat zara. Nola definituko zenuke proiektu hau? Zeintzuk dira bere helburuak? Nola sortu zen Periferiak antolatzeko ideia?

Seigarren topaketak amaitu berri ditugu. Donostian izan dira, “Humano caracol: pentsamendua mugimenduan” izenburupean. Hiru urte daramatzagu topaketak Bilbon eta Donostian egiten. Pentsamendua, artea (zentzu zabalean) eta ekintza uztartzen ditugu. Gogoeta eta pentsamendu guneak sortzen dira topaketetan zehar proposatzen diren hitzaldi, tailler, laborategi eta antzerki ekintzekin, eta horrek esperientzien trukaketa bat ahalbideratzen du. Hizkuntza hibridoen laborategi bat sortzen da. Lehenego edizioa Livornon egin genuen, Italian. Behar bat izan zen orduan, eta orduz geroztik, merkatuaren ereduetatik kanpo dauden eta edukiak sortzen dituzten proposamenak egiten ditugu. Lantzen diren edukien artxibo lanari ere garrantzia handia ematen diogu.

-Orain arte Periferiak burutu dituen jardueretatik zeintzuk nabarmenduko zenituzke?

Zaila egiten zait bat nabarmentzea. Dena dela, Joaquín Jordáren prozesuak gertutik bizi izana azpimarratuko nuke. Pertsona, sortzaile, pentsalari, inteligentzia handi bat izan da. Zendu den arte borrokatu duena. In memoriam. Jordárekin batera John Berger, Gianni Celati, Paolo Virno, John Holloway, Giovanni Arrighi, Belén Gopegui eta abar luze bat ezagutu izana aberasgarria izan da oso. Eta esate baterako, antzerki eta dantza taldeekin egin dugun Zubiak laborategia ere emankorra da. Beraz, Periferiak-en modu batean edo bestean parte hartu duten pertsona guztiak azpimarratuko nituzke.

-Ba al duzu egitasmo berririk esku artean?

Emine Sevgi Özdamar eta Dionisio Cañas idazleekin grabatutako bidaiekin dokumentala egingo dugu, eta horri heldu behar diot. Material ugari dugu edizio lana egiteko.

Bukatzeko, zeintzuk izan dira azken aldian gehien bete zaituzten obra eta idazleak? Euskaldunen artean?

Pessoaren Il libro dell´inquietudine liburuaren edizio batekin ibili naiz denbora luzean, tarteka hartzen eta zatiak irakurtzen. Inoiz amaitzen ez den liburu horietakoa da, bueltatzen zarenero irakurketa berriak egiten dituzulako. Emine Sevgi Özdamarren obra ere irakurtzen ibili naiz. Euskaraz Bernardo Atxagaren Lekuak eta Karlos Linazasororen Denbora aleak poema liburuarekin izugarri gozatu dut.

viernes, 20 de octubre de 2006

Gure kriterioari jarraituz, Zaldua eta Olarra irabazle Euskadi Sarietan

Bai lagunok, azken urte honetan web gune honetako literatura atalean (hemen eta hemen zehazki) protagonista izan diren Iban Zaldua eta Xabier Olarrak Euskadi Saria irabazi dutela jakin ahal izan dugu gaur. Ez dugu esango gure eragiteko gaitasunak harritu gaituenik, bagenekien bi literato gazte hauek behar bezala promozionatuz gero erantzuna berehala etorriko zela. Eta hala izan da. Blogosferaren indar mediatikoa erakusten ote du honek? Ez. Aurten talentu eta umorez betetako bi lan bikain kaleratu direla adierazten du.
Zoritxarrez denentzako ez da saririk iristen. Izendatuta zeudenen artean Koldo Izagirreren Sua nahi Mr. Churchill?-ek edo Monika Etxeberriak itzulitako Danilo Kisen Hildakoen entziklopedia-k utzi diguten aho zaporea ez zaigu berehala joango. Orain, izendatutako beste lanak ezagutzeko gogoz gaude. Emango ote digu denbora Durangoko Azokako nobedadeak heldu baino lehen?

martes, 17 de octubre de 2006

Baga-Biga disketxeak udazkenerako nobedadeak aurkeztu ditu

Baga-biga musika ideiak diskoetxeak, lau argitalpen berri burutuko ditu 2006.eko udazkenera begira: NoizeanBehin, Basaki eta Korrontziren diskoak udaberrian kaleratu ondoren, Linea 2, Bidebat, Itaka eta The Kill Ministers taldeei dagokie disko berriak aurkeztea.
LINEA 2 taldeak bere bigarren lana prest du jada, kaleko rock urbanoa jorratzen duelarik Basauriko laukote honek.

BIDEBATekoek Boluetako gure estudioetan ari dira grabatzen egun hauetan beraien bigarren lana izango den hau, oraingoan metala eta rocka uztartuko dituztelarik kantu berri hauetan.

ITAKAri dagokionez, Zumaiako laukote honek Euskadi Gazteko pasadan urteko maketa lehiaketan urrun heltzea lortu zuten eta orain bere lehengo lana izango denarekin datoz, Rock indartsua jorratuz kantu
berrietan.

THE KILL MINISTERS hirukote Bakiotarrak ere maketa lehiaketa honen hautatuen artean egon ziren eta aitzaki ederra izan da hau beraien lehengo diskoa kaleratzeko orduan, inglesez kantatuz eta The Doorsen edo Animals kutxua daukaten kantuak guregana ekarriko dituztelarik.

Informazio gehiago: www.baga-biga.com

jueves, 12 de octubre de 2006

Lotsati, poeta atsekabetua

Igandeak, martxoko igandeak, zerbaiten bukaeraren itxura hartzen du poetaren begietan. Trenbide gorrira hurbildu da eta zalantza egin du, edo agian hori ere ez, bere buruari emango dion erantzuna ederki ezagutzen duelako: ezin du gehiago, ez du lanbro, itzal eta errautsez haratago ezer ikusten. Ezin. Eta burdinbidera bota du bere burua, trena pasatzen ari zela.
1936ko martxoaren 22a da, igandea. Gurutz Sarasolak behin betiko agur esan digu oraintxe bertan, baina konturatu garenerako 70 urte joan dira. Donostiako burdinazko zubian inor ez da hogei poemako arrastoa eta historia iluna utzita joan zen gazte harekin gogoratzen. Lotsati izenez ezagutzen zuten poeta ez da itzuliko, baina bere hitzak hor geratu dira eta izan zuen bizitza laburrak ere merezi du arreta apur bat.

1915eko maiatzaren 3an egin zuen lehen aldiz negar Itsasondoko bere etxean mundua ikusi zuenean. Familia abertzale eta dirudunekoa, Lekarozen eta Donostian merkataritza eta hizkuntzak ikasteko aukera izan zuen. Aitaren arbel negoziorako trebatu nahi zuten semea, baina Gurutz gazteak, Lotsatik, bestelako bidea hartu zuen. Literatura, pianoa, biolina... bere kezkak adierazteko bideak behar zituen Sarasolatarren semeak. Senideek geroago kontatu bezala, bera izaten zen etxeko ospakizunen antolatzailea. Antzezlanak idazten zituen, anai-arreba bakoitzari jokatu beharreko papera eman eta apuntadore aritzen zen.

Ordurako barruan zizare iluna zebilkion ordea, ustez beste edozein bezain zoriontsua zen Lotsatiri.

Hogei urterekin ikusi zuten argia bere lehen poemek, El día eta El Pueblo Vasco egunkarietan. Bost hilabeteko tartean (1935eko irailetik 1936ko urtarrilera) hogei poema kaleratu zituen. Horietatik batzuk abertzaletasunaren ingurukoak edo umorezkoak diren arren, Gurutz Sarasolaren idazki gehienak bere bihotza pixkanaka zatitzen joan zen amodiozko historia batek hartzen ditu. Poemen kolorea geroz eta ilunago agertzen da gainera denborak aurrera egin ahala, idazlearen patua iragarriko balute bezala.  

1935eko azaroaren 2an kaleratutako Bizitza eta maitasuna izeneko poeman hasten da heriotzaren itzala azaltzen, bere maitearen ezetza jaso ondoren: "¿Zeure naimenaren ezetz aul bategaz/ Deuseztera al goaz/ Etorkizunaren aurka/ Irabazi gendun burruka?/ Dasazu ikaragarrizko "ez" itza!/ Ta zailtasun oiek irixteko bizitza/ Alper alperrak izan dira.../ Eta nere gogo berbera/ Eriotzak daramake beste ludira!". Hala ere maitasuna oraindik bizitzarekin lotzen du Lotsatik.

Hilabete beranduago ordea, Maitasuna eta heriotza poeman "Gure urteak ordea ba'dijoazte/ Gure eriotzak ere ba datozte.../Ba'dijoazte gure urteak/ ta ba'datozte gure eriotzak./Ba'dijoazte/ ta ba'datozte/ Bai! ba'dijoazte ta ba'datozte" aurreratzen du. Hurbilago dago azken geltokia. Orain ezkondu zera idazterako etsipenak hartuta dago, beretzat nahi zuen hura besteren besoetan ikusita: "Zeran eta ziñana/ Eta izango zerana,/ Den dena,/ Guzti guztia/ ¡Beste batentzat!/ ¿Eta neuretzat?/ Neuretzat begiaren negarra/ Ta biotzaren tristura legorra".

1936. urte beltzean bi poema bakarrik eman zituen argitara behin betiko isildu aurretik. Azkenengoan, Ankea ebakiko nuke izenekoan, oinazeak itota honela dio: "Basamortuan/ Arkituko baziñake,/ Gosez ill bearrean,/ Janik gabe,/ Ta ni zure aldamenean/ Egongo banintzake.../Aizkorea artuko nuke,/Ankea ebakiko nuke.../ Eta jana emango nizuke". Hortik aurrerakoa ezaguna da.

Dena dela, eta bizitza badoan arren, idatzitakoa geratzen zaigu. Gurutz Sarasola, Lotsatiren poema guztiak irakurri nahi dituenak www.armiarma.com web gunera jotzea besterik ez du, poeta ezezagun hura uste baino biziago dagoela jabetzeko besterik ez bada ere.

martes, 10 de octubre de 2006

Gasteizko Irakurle Klubak ikasturte berrirako programa aurkeztu du

Gasteizko Irakurle Klubetik ikasturte berrirako programa helarazi digute. Hilero-hilero solasaldiak antolatu dituzte, euskal literaturako azken nobedadeak eta duela zenbait urte kaleratutako liburu gogoangarriak tartekatuz. Hasierako ekitaldia gainera, kontuan izateko modukoa da: bihar, urriak 11, Raymond Queneauren Estilo Ariketak liburua aurkeztuko baitute Arabako hiriburuan, Mireia Gabilondo, Patxo Telleria eta Karlos Zabalaren irakurketa dramatizatuek lagunduta eta itzulpen onenaren Euskadi Saria irabazteko izendatu berri duten Xabier Olarraren azalpen betiere argigarriekin. Donostia, Bilbo eta Iruñean egindako aurkezpenetan erdietsitako arrakasta borobila kontuan hartuta, pentsatzekoa da Olarra eta konpainia sorbalden gainean hartuta eta bibaka aterako dituztela aretotik. Programa osoa jarraian:
Urriaren 11, asteazkena
Aurkezpen-ekitaldia: Raymond Queneauren Estilo ariketak, Xabier Olarra, Mireia Gabilondo, Patxo Telleria eta Karlos Zabalaren eskutik.

Urriaren 26a, osteguna
Uxue Apaolaza, Umeek gezurrak esaten dutenetik, Erein 2005.

Azaroaren 29a, asteazkena
Paul Auster, Brooklyn-go erokeriak, Alberdania 2006.

Abenduaren 21a, osteguna
Juan Luis Zabala, Galdu arte, Susa 1996.

Urtarrilaren 25a, osteguna
Irene Nemirovsky, Dantzaldia, Txalaparta 2006.

Otsailaren 22a, osteguna
Pruden Gartzia, Lazarraga, Ernazimentua euskaraz, Pamiela 2005.

Martxoaren 29a, osteguna
Robert Walser, Jacob von Gunten, Erein 2005.

Apirilaren 26a, osteguna
Koldo Izagirre, Non dago Basques' Harbour, Susa 1997.

Maiatzaren 24a, osteguna
Truman Capote, Odol hotzean, Igela 1993.

Ekainaren 28a, osteguna
Jose Luis Otamendi, Euri kontuak, Susa 1999.

martes, 3 de octubre de 2006

Kreazionismoari buruzko eztabaida

Komunean aurkitu nuen Huidobro, Rimbaudi Lizardi non zebilen zazpigarren aldiz azaldu ondoren.

-Aupa!
-Aupa!

Eta gertatu ohi denez, begira gelditu zitzaidan. Niri edo nireari, oraindik ez dut hain argi, poetek ere halakoei begiratzen diete eta, hala uste dut nik, ez? Gainera, igarri zuen ezagun egiten zaitzaidala haren arupegia, ohi baino gehiago begiratzen nuela, banuela bere berri, edo gustuko nuela, agian. Zerbait bai, larri ikusi bainuen. Nire begiradari nola erantzun asmatu ezinik edo. Zerbait esan edo ez esan egon nintzen une batez. Eta azkenean...
-Zer, orduan, hor jarraitzen duzu Creacionsimoaren  kontu horrekin ez?
-Bai, bueno, bai, hil nintzenetik gutxiago baina... bai, bai. Hor gabiltza.
-Eta?
-Ba gustora...
- hum hum. Poema naturak zuhaitza egiten duen bezala egin behar da, eh?
-Bai, bai.
-...
-...
-Orduan zer, komunetik zakilera pix-errekak salto egin duela esatea zuzena da?-Esan nion nik, erdiz-broman, erdiz bere teoria ongi ulertzen nuen konprobatu nahian.

Kasualitatez, arratsalde hartan bertan irakurri bainuen bere gaiari buruzko manifestua. Poetaren eginbeharra errealitate berriak eraikitzea da, bere ustez; hau da, ez natura erreproduzitzea, baizik eta errealitate berriak sortzea poemaren bidez, nolabait ere poetaren begiak, sentiberatasunak, eraikitako munduaren berri ematea. "No seré tú esclavo, Madre Natura, seré tu amo", dio berak, eta "Hazte hombre te digo como yo a veces me hago mar", esaten dio itsasoari beste olerki batean.. Poeta batek esistituko ez bailtz esango ez liratekeenak esan behar ditu. Bazegoen, eraikuntza hori azaltzen zuen Gerardo Diegoren poema bat, ez dut zehazki gogoan, esango nuke orrialde honetan. Eta era berean, oso esanguratsua da poema hau  -alferrek jo bezate lehen Cantoaren 645. lerro ingurura, adibidez-.
Salto egin du pixerrekak komunetik zakilera. Bai, nahiko pozik gelditu nintzen esaldiarekin. Isilik gelditu zen bera tarte batez, harrituta, uste nuen.

-Beno,...
-Zer?
-Oso sormen maila txika da hori. Azken finean ordena, kausa-efektua, eta kronologia aldaketa txiki bat besterik ez da izan. Ez nuke esango benetan ezer sortu duzunik...
-Bai?












Idatzita ezer ez duten lerro hauek guztiek azaltzen dutenez, isilik gelditu ginen denbora luzez -ikaragarria zerbezen eragina-. Eta azkenean, eskuak garbitzen ari nintzela zer edo zer esan zidan.

-Ortzadarrak batzen ditu hondakinak eta estatuak. Hori hobetsiko nuke nik, edo zubi txiki bat gehiago jaurti dio heriotzak bizitzari, ortzadarra aipatu nahi ez bada...
-Tira...
-Zer?
-Ez dakit...
-Nik behintzat, nahiago dut... Halere, ez dakit, anekdotikoegia da, ez du balio handirik...
-...
-...

Ba nik nahiago nuen nirea, no te jode! Tira... Azkenean lortu nuen Neruda eta Reverdy aipatzeko tentazioari eustea... azkenean...
-Eta, Tzara ongi?
-Bai, bai, hor dabil.
-Ba ongi segi, bai?
-Bai, ongi pasa. Aio
-Aio.

domingo, 1 de octubre de 2006

ArtFutura 2006. Artea, teknologia eta kultura digitala

Artea, teknologia eta kultura digitala. Oso ikusgarria eta publiko ororentzat ulerterraza. Nahiz eta ofizialki Bartzelonan burutzen den, guztira zortzi hiritan taularatuko da, hainbat erakustaldi eta jarduera izango direlarik urriaren 26tik 29ra. Adierazpen artistiko ezberdinen artean "Media-Arkitektura" delakoa nabarmendu daiteke, eraikinak eta batez ere fatxadak informazioa hedatzeko eta sentsazio interaktiboak sortzeko erabiltzen dituena.Realities:United deituriko estudioan esaten duten bezala, "eraikinak beraien artean komunikatzen dira: arkitekturari esker eta fatxaden bitartez. Goreneko teknologiak definitutako garai honetan, arkitektuek ere geroz eta komunikazio teknika gehiago erabiltzen dituzte, eraikinak alderdi publikoa izan dezaten".


Proposamen art?stico oso interesgarria da, ikusgarria eta publiko ororentzat egina.


Informazio gehiago: http://www.artfutura.org/

sábado, 30 de septiembre de 2006

Arteak humanizatzen al du?

Ezaguna da George Steiner-en galdera hori: arteak humanizatzen al du? Nola liteke SSetako sarjento batek goiza konzentrazio-esparru batean igaro ondoren arratsaldean Shakespeare edo Mozart-en obrekin gozatzea? Norbaitek esan dezake: Izan ere, sarjentook ez ziren Shakespeare edo Mozarten ikasgaiak jasotzeko gai, ez zuten haien obra ondo ulertzen. Steiner berak aipatzen duen lez ordea, arazoa ez da hori, sarjento hauek ez zituzten obrak gaizki interpretatzen, Alemaniako ikastetxe eta unibertsitate onenetan ikasitakoak baitziren, batzuk bederen.Badirudi, antza, goi kultura eta moralki ona izatearen artean ez dagoela erlazio zuzenik, kulturak ez duela inor on bihurtzen. Eta hor ditugu adibideak: Quevedo antisemita zela, Heideggerrek naziekin flirteatu zuela, Picasso ere ez omen herritar eredugarri bat presezki; edo alderantziz, begira zeinen atsegina eta ona den ene auzoko eskale analfabeto hori. Ohartu behar gara, haatik, idea honek artearen inguruko beste ondorio batzuk dituena, akaso horrenbesterako grazia egiten ez dizkigutenak. Izan ere, honen arabera, arteak libertimendurako besterik ez du balio: Wagner entzunda gozatu egiten dut eta ez da besterik, gozamen estetiko soil bat. Hots, arteak ez du zer esanik ez epistemologia ez eta etikaren esparruan; artea autonomoa da and so and so. Esaten denez, artearen kontzepzio hau Platonekin jaio zen. Presokratikoak artearen ahalmen epistemologiko eta zibikoez konbentziturik zeuden, hortik Homeroren garrantzia, besteak beste. Platonen "biraketa antipoetikoa" deitzen denarekin ordea, poetak eta artistak egiaren eremutik kanporatuak geratzen dira, ez dute zer eginik Errepublikan. Egia eredu logiko-zientifikora mugaturik geratzen da. Honen kontra, zenbait pentsalarik idatzi izan dute: zenbaitentzat (horien artean esango nuke, gainera, arteak humanizatzen ez duela pentsatzen duten asko eta asko) hain maitatua den Nietzsche, Schopenhauer, Heidegger, Deleuze eta abar.

Horrela, artea libertimendu soil bat baldin bada, nola berezi goi-artea behe-arteaz, nola bereizi Shakespeare irakurtzea eta Play Stationean jokatzea? Akaso ez da berezi behar ere; baina nago, zenbaitzuk ez daudela hori onartzeko prest. Beste galdera batzuk ere egin litezke: Idazleak edozer idatzi al dezake baldin eta gozamena eragiten badu? ez al du idazten duenarekiko erantzunkizun moralik? Demagun onartzen dugula, bada, artea ez dela libertimendu soil bat, badituela epistemologikoki eta etikoki gauzak esateko; horrek baina, ez du inplikatzen arteak gizakia on egiten duenik. Bai, egia da, baina gutxienez onar dezakegu arteak libertimendutik haratago eragiten duela, ezagutzaren ikuspegitik, moralki, "existentzialki", nahi bada. Izan ere, kontua da ez dugula benetako arazoa ebatzirik, hots, zer demontre da ongia? Eta ulertuko duzuenez, ez nago halako ur handitan sartzeko prest. Akaso arteak ez du gizaki ona egiteko balioko, baina balio al dute ikastolako etikako klaseek? testu liburuek? psikosoziologoek? katekesiak? pedagogoek? Testua galdera batekin hasi eta birekin bukatu dugu, barkatu eragozpenak. Arteak humanizatzen al du? Ezer arraiok humanizatzen al du?

jueves, 28 de septiembre de 2006

Milaka pertsona Buenos Airesen inpunitatearen aurka

Begizta.net atariarian eskegitako argazkiengatik ezagutzen dute askok Axier Lopez. Web gune horretan iragarri bezala Buenos Airesen dabil azken aldian eta handik bidali du Eremu Lauetara ondoko kronika hau:

20 mila pertsona inguru bildu ginen atzo Buenos Aireseko kaleetan Julio Lopezen agerpena exijitzeko. Miguel Etchecolazi bizitza osorako kartzela zigorra ezarri zion epaiketaren lekuko nagusietako bat da Lopez.
40 urte zituelarik, 1976an, Videlaren diktaduraren aginduz bahitu eta torturatu egin zuten. 30 urte eta gero berriz ere Etchecolaz aurrez aurre topatu zuen, baina oraingoan epaileen aurrean legez kanpo atxiloturik egon zeneko egunetan bere torturatzailetako bat izan zela deklaratzeko.

Astelehena, hilak 18, Jorge Julio Lopezek, Miguel Osvaldo Etchecolaz, diktadura garaiko genozidaren aurkako epaiketan parte hartu behar zuen lekuko eta akusatzaile gisa.Lopez ez zen ailegatu ordea eta harrez geroztik, familia zein lagunei abisurik eman barik, inork ez daki non dagoen.

Honen aurrean giza eskubideen taldeak, erakunde sozial zein politikoak bere desagerpena salatzen hasi ziren bai eta La Plata herriaren inguruak miatzen ere.
Gaur egun Lopezen argazkia leku gehienetan ikus daiteke, kaleetan, komunikabideetan, futbol partidetan.... baita jende gehienen ustez errudunak diren polizien autoetan ere.

Hau guztia gertatzen ari den bitartean aipatu behar da Argentinako presidenteak, Kirchnerrek, Estatu Batuetako bere birarekin jarraitzen duela, lehengo egunean New Yorkeko burtsan izan ondoren.

Gobernutik zein hurbileko sektoreetatik bahiketa hitza ez da orain arte aintzat hartu eta posibilitate hau aurreikusten dutenek aldiz zera diote "Argentinako historiaren iragan ilunaren praktika errepresibo zaharrak dira. Giza eskubideak bermatzen dituen gobernu honekin erabat bateraezinak direnak".

Correpi errepresioaren aurkako erakundeak dioen moduan, "hau bezalako kasuak azaltzen direnean Gobernuaren giza eskubideen inguruko hipokresia argi eta garbi ikusten da. Gertaera hauek kasu isolatu gisa aurkeztera mugatu eta pisua kentzen die diktadura garaiko aztarna txikiak lez definituz. Ez dutelako benetan gertatzen ari dena argitzeko intentziorik. Segurtasun indarrak giza eskubideak urratzen jarraitzen dutela eta demokraziara itzuli zenetik inoiz baino biolentzia handiagoz gainera".

Epaiketako abokatuetako batek zioen moduan "errepresioaren egiturak bere horretan darrai eta berarekin batera bere ezaugarri nagusia dena, inpunitatea. Kasu berri honi orain erantzunik ematen ez badiogu, terrorearen legea bere horretan dagoela onartzea bezala izango litzateke".

martes, 26 de septiembre de 2006

Thom Yorke: Borragomarik ez

Radioheaden hurrengo diskoa izan zitekeena (estilistikoki taldeak jarraitu duen ibilbideari dagokionean, behintzat) bakarka kaleratzea erabaki du Yorkek. Horregaitik ez dut ulertzen diskoaren izenburua (The Eraser).

Ez dago aurretik egindakoa ezabatzen duenik. Thom Yorke izaten jarraitzen du, bere testuinguru osoan, eta bere jarraipen logikoa baino ez da hau. Halere, ustekabean harrapatzen zaituen diskoa dugu honakoa.


Ez gara Radioheadi buruz ariko testu honetan, gehienontzako taldea soberan ezaguna izango delakoan. Wellingborougheko bakarlaria doinu elektronikoetan murgildu da oraingo honetan, taupada ilun baina sotilez betetako abestietan.


Diskoari izena ematen dion kantuak ematen dio hasiera diskoari, pianoa oinarri hartuta. Ez naiz bereziki elektronika zalea, ezta Radiohead zalea ere, baina disko honek zerbait dauka. Diskoak baino, bertan azaltzen diren kantuek dute zerbait. Tempo erdiko abestiak, abesti elektronikoak, baina ez elektronikan oinarritutakoak. "The Clock" kantua entzunda Yorke imajina dezakezu, etxeko ordenagailuaren aurrean, burua albo batera eta bestera mugituz. Trantzean. "Harrowdown Hill" da disko honetako abestirik borobilena, nire uste apalez, amaieran kitarrak ere antzeman daitezkeelarik. Xuxurlatu dezake Yorkek, arima zauritu arte, berak eta gutxi batzuk bakarrik egiten dakiten bezala.


Melodiak jorratzeko maisulana eskaintzen digu lan honetan Yorkek. The Eraser da, baina ez da taula rasa.

lunes, 25 de septiembre de 2006

Azkena 2006, eskerrak grunge-ari!

Azkena beti izan da rockero petoenen babesleku eta gerizpe, baina argi dago horrelako jaialdi handietarako masak mugitu behar direla. Aurtengo kartela eta formatoa baieztatu zirenetik hasi ziren kritikak: Hiru egun gehiegi zela, talde handien falta, taldeen orokorreko kalitate eskasa… Eskerrak, beraz, aurten Pearl Jam mendizabala-an izan genuen, jaialdiko kontzertu borobilena eskaini, jendetza erakarri eta, azken finean, aurtengo azkena ere arrakastatsu izan zedin lortu baitzuen…Ostegunean ezin izan ginen bertaratu, baina kontzertuei buruz entzun genuena espero zitekeena izan zen. Iggy eta bere Stooges-ak ondo, beti bezala. Misfits-ek ordea Jam-en azken bisitaldian ikusi genuenaren antzeko zerbait eskeini omen zuen… zirenaren karikatura txar bat.


Ostiralean Marah-k hasieratik erakutsi zuen horrelako kartel batekin beranduago jotzeko meritu guztiak zituztela. 5etan jotzea suertatu zitzaien, eguzkiak bete-betean aurpegira ematen zielarik, baina hala ere jendea berotu eta kontzertu polita eskaini zuten The Who-ren Baba O’Riley klasikoaren bertsio eta guzti.


Eguneko beste kontzertu azpimarragarri bat Eagles of Death Metal taldeak eman behar zuena zen. Dena den, Josh Homme etxean geratu zen eta zuten morbo hori berarekin batera geratu zen Kalifornia aldean. Ongi pasarazteko banda bat da eta momentu batzuetan behintzat lortu zuten euren nahia, ez da gutxi.


Kartel-bururik eza zen ostiral honek jaso zituen kritiken ardatza, baina horren ordainetan hiru talde indartsuk osaturiko azken txanpa izan genuen. Redd Kross izan zen hiruetan lehena, eta beraiekin batera iritsi zen ostiraleko kontzerturik onena. Lumadun freaky hauek ahozabalik utzi ninduten, kantuak ezin hobe interpretatu eta indarra eta nortasun berezia transmitituz.


Nortasuna da hain zuzen ere Buckcherry-ri falta zaiona. Kantak era zuzenean jotzen dituzte, irudia dute… baina batzuetan zalantzak sortzen dira zuzenekoan zehar. Irrati formuletarako balada pare batek eta gehiegizko pose horrek izango du errua seguruenik.


New York Dolls ziren eguna amaitzeko ardura zutenak eta espero baina hobeto bete zuten euren lana. 1971tik urteak pasa dira, baina argi utzi zuten ez direla eskenatokietan arrastaka ibiltzeko itzuli. Dena den, David Johansenek hobe luke bere tirantezko kamiseta estu eta laburrak janzteko zaletasuna alde batera utziko balu…


Larunbatean Berri Txarrak-en kontzertua hasia zegoenean iritsi ginen. Nik behintzat jakinmina nuen entzulegoak nola erantzungo zuen ikusteko eta egia esan harrituta geratu nintzen, askotan kantak bazekizkiela erakutsi baitzuen publikoak.


Supagroup azken momentuan batu zen aurtengo ediziora, Diamond Dogs erori eta gero. Aurten euskal herrian behin baino gehiagotan jo izan dute Lee anaiek eta argi geratu zen horrek fan batzuk irabazteko balio izan diela, jendeak gogoz kantatu baitzituen euren ACDC zaporedun hereserkiak.


Morbo edo jakinmin berezia sortzen zuen beste taldeetariko bat Wolfmother zen. Hiruko australiarrak aurten ezerezetik agertu eta sekulako interesa piztu du komunikabideetan, Black Sabbath gogora ekartzen duen estraineko diska batekin. Aukera bikaina beraz mutil hauek zuzenean zer moduz dabiltzan ikusteko, eta egia esan era itxurosoan aritu ziren, bat baino gehiago aho zabalik utzi eta poltsikoratuz, jaialdiko irabazle handiak. Jendea Pearl Jam-en kontzerturako prestatzen hasi zen beraz, beste eszenarioan My Morning Jacket-ek jotzen zuen bitartean.


Han agertu ziren azkenik seattle-koak, Eddie Vedder franelazko koadrodun alkandora eta guzti, grungea hedu zen! Handik aurrera mendizabalen gertaturikoa izugarria izan zen; talde eta publikoaren arteko erabateko koneksioa, musiko izugarriak taula gainean (Cameron bateria jotzen ikustea gozamen hutsa da) eta Pearl Jam-en kanta onenak entzungai.


Ez zen deus ere faltatu izan, Neil Young-en Keep On Rocking jo zuten, mundu guztiak kantatu zuelarik. Aipamen berezia merezi du Eddie-k bere lagun izandako Joey Ramone-ri kanta bat eskeini zion momentuak, zein joko eta Ramones-en I believe in miracles. Organizazioko asko ere mirakuluetan sinesten hasiko ziren gau hartan…

sábado, 23 de septiembre de 2006

Urrian hasiko dira berriro Donostiako literatur solasaldiak

Hirugarren urtez jarraian literatur solasaldiak izango dira Donostiako San Jeronimo kaleko Udal liburutegian. Urriaren 2an izango da lehengoa eta Eider Rodriguezek itzuli duen Irène Némirovskyren Dantzaldia izango dute hizketagai. Urriaren 30ekoan, bigarren solasaldian alegia, Ixiar Rozasen Negutegiaren inguruan ariko dira. Iban Zalduaren Etorkizuna eta Itxaro Bordaren Zeruetako erresuma ere bertan izango dira azaroaren 27an eta abenduaren 18an hurrenez hurren. 
Saioen gidaria Harkaitz Cano izango da eta arratsaldeko 19:30etan hasiko dira guztiak.



Informazio gehiago (nola ez!) Sustatun

miércoles, 20 de septiembre de 2006

Garagarra astintzen duen haizea

72 ordu joan dira Ken Loachen The wind that shakes the barley ikusi genuenetik. Denbora nahikoa kritika moduko honi buelta pare bat emateko beraz. Pelikula ikusi ondoren lehendabiziko erreakzioa isiltasuna izan zen. Hori da agian lan honen lehen ezaugarri nabarmenena: gordina da, gerra bera bezain gordina.
Filmaren izena 1798ko Irlandako erreboltari buruzko kantu batean oinarritua dagoen arren, Loachen azken lanak 1921. urtean Irlandaren hegoaldeak independentzia lortu zuen garaiaz hitz egiten du, eta IRAko kide diren bi anaia (Damien eta Teddy O'Donovan, Cillian Murphy eta Padraig Delaney hurrenez hurren) ditu protagonista. Sarrera honetan esan behar dugu biopic-ak hain modan dauden honetan eskertzekoa dela Loachek pertsonaia fiktizioak erabili izana garaiko figura politiko baten bizitza 90 minutuz loriatu ordez, aspertu samarrak baikaude gure historia hurbileko pertsonaien erretratu azukreztatuak ikusteaz.

Filmaren lehen erdian errealismo handiz azalduko dira gatazkaren ondoriorik larrienak: hilketak, atxiloketak, tortura... baita tiro artean sortzen diren kontraesanak ere. Jaun aberats batentzat lan egiten duen IRAko kide gazte batek bere lagunak salatzen dituenean ikusiko dira errepublikarren lehen pitzadurak. Kartzelatik ia kasualitatez ihes egin ondoren salataria eta bere nagusia mendira eraman eta hil egiten dituzte. Damien O'Donovanek egiten dio tiro lagun izandakoari, baina aurretik "borrokatzen ari garen Irlanda honek merezi izatea espero dut" esaten du, ondoren etorriko denaren aurrekari gisa.

Handik gutxira Irlanda eta Ingalaterrako ordezkari politikoek sinatutako akordioa etorriko da, irlaren zati bati independentzia ekarriko diona, iparraldea ingelesen menpe utziz. Pelikularen muina da hori, sortu nahi duen gogoetaren abiapuntua, baina baita Loachek aurretik egindako lanak ikusita gutxien harritu gaituena ere.

Teddy, anaia zaharrena, akordioaren alde azalduko da eta Irlandako estatu berriko polizian izena emango du. Damien gazteak berriz, ez du akordioa ontzat emango eta IRArekin borrokan jarraituko du. Irlandako gerra zibilaren hasiera da.

Esan bezala, Loachen beste zenbait film ikusita -batez ere Espainian 36ko altxamentu faxistaren ostean izandako gerran girotuta dagoen Land and freedom- askapen mugimenduaren alderdi idealista eta pragmatikoaren arteko eztabaida ezaguna egiten zaigu: Land and freedomen POUM eta estalinistak; The wind that shakes the barley honetan hitzarmen anglo-irlandarraren aldeko eta kontrakoak.

Etsaiak -ingelesak gaur mintzagai dugun filmean, faxistak Land and freedomen- nor diren argi izatetik lausotzera, askapen borrokatik gerra fratizidara. Eta noren alde jarri? Loachek argi samar uzten du bere jarrera, Cillian Murphyren pertsonaiak -idealismoak alegia- duen protagonismoa ikustea besterik ez dago.

Bada ordea bizi dugun testuinguruari erreparatuta egin daitekeen bigarren irakurketa bat ere: Loachek herrialde baten okupazio militarraren kontra egiten du eta okupazio horren ondorengo gerra zibilaren krudeltasuna erakusten. Aldatu urteak eta indar okupatzaileak: 1921aren ordez 2006. urtea jarrita ez al da antzeko zerbait gertatzen ari Iraken?

Hain urrutira joan nahi izan ez duenik ere bada* hala ere. Erresuma Batuko eskuineko prentsak filma egurtu egin du terrorismoaren alde egiten duela salatuz. Ez genuen besterik espero egia esan. Frantzian berriz, ingelesei historian behin eta berriz erakutsitako maitasunaren adierazgarri, saritu egin dute Loachen azken lana, Canneseko jaialdian Urrezko Palma emanez.

Sariak (eta egur mediatikoak) beti ere oso eztabaidagarriak izaten diren arren, guk filma ikustea gomendatuko genioke testuaren amaieraraino aspertu gabe iritsi den balizko irakurleari. Azken finean, behin honaino irakurtzeko ahalegin titanikoa egin baduzu, ez zaizu asko kostako kaleko arropa jantzi eta zinemara joatea ezta? Horixe ba...

Aretoak: Gasteiz (Florida, Yelmo Gorbeia), Bilbo (Capitol, Renoir), Barakaldo (Max Ocio), Basauri (Bilbondo),Getxo (Lauren), Donostia (Principe), Irun (Txingudi), Iruñea (Golem Baiona, Carlos III), Miarritze (Royal (JBA))**



*Gogoa ere behar da horrelako espekulazioetan ibiltzeko motel
**Espainolez El viento que agita la cebada eta frantsesez Le vent se lève itzuli dute pelikularen izenburua. Euskarazko itzulpenak jartzen ez dituzten bitartean horrelako argibideak ematen nekatu beharko dugu, zer egingo zaio...

jueves, 14 de septiembre de 2006

Ttan-Ttakun irratiak ez du txosnarik jarriko Egiako Porrontxoetan

Ttan-Ttakun irratiak ez du aurten txosnarik jarriko Egiako Porrontxo jaietan. Donostiako irrati librearen arabera, gainontzeko txosnetako taldeek erabaki dute "arbitrarioki" txosna jartzea galaraztea. "Festa bizi eta ulertzeko modu desberdinak ditugunez baztertuak sentitzen gara" adierazi dute, azken bederatzi urteetan jaietan egin duten lana azpimarratzearekin batera. "DJak, bideoproiekzioak, kontzertuak... mota guztietako jendea erakarriz" antolatu izan dituzte Ttan-Ttakun irratiaren txosnan.
Bestela ere nahikoa arazo sortu da aurtengo Porrontxo jaietan, txosnen itxiera ordutegia dela-eta Udalak jarri dituen mugekin.

Info +: www.ttanttakun.com gunean eta Donostiarrek 106.8 FM sintonizatuta

martes, 12 de septiembre de 2006

Euskal Herria 2.0 jardunaldiak antolatu dituzte Donostian

Lokalizazioa eta internazionalizazioa gai nagusitzat hartuta antolatu dituzte Artelekun Euskal Herria 2.0 jardunaldiak. Euskal Herriak Interneten dituen erronkak izango dituzte hizpide irailaren 22 eta 28an bertara hurbiltzen direnek. Web 2.0 kontzeptuak bilkura honetan izango duen garrantzia nabarmena da, besteak beste blogak, wikiak eta software soziala mintzagai izango baitituzte. Gainera, Euskal Herriko esperientziak eta atzerrikoak izango dituzte aztergai Donostiako mintegian.
Informazio gehiago: Bi Puntu Zero blogean

lunes, 11 de septiembre de 2006

Eguneroko zaunkaren erretratuak

Badira kasualitate hutsez aurkitzen diren gauzak. Izan liteke badaezpada kafe makinan eskua sartu eta zure zain dagoen bost xentimokoa, aurkitu zenuenetik zeure egin duzun taberna hori edo, gaur esku artean dugun bezala, Interneteko gune bat. Ez dakigu nola otu zitzaigun bilatzaile batean "zaunka" hitza sartzea, ez eta nola jarraitu genion lorratzari. Kontuak kontu www.zaunka.com ezagutzeko parada izan dugu, eta ikasturte berriari ongi etorria emateko gaia badugu dagoeneko.
Gertutik inor ez da normala egiten du aldarri zaunka.com atariak sartu eta berehala. Euskarazko izena badu ere, gaztelaniaz dago idatzita blog itxurako atari hau eta egileek eurek azaltzen dutenez ikerketa kultural garaikidea egitea da bere helburua. Horretarako elkartu dira Quique Corrales eta Dani Castillo.

Quique Corralesek urteak daramatza argazkilaritzan lan egiten. Aldizkari independienteetan lan egin izan du eta besteak beste Eseté agerkarian ari da sortu zenetik. ARCO arte garaikideko erakusketako egunkari ofizialean ere badute bere berri eta azken aldiko lanen artean Coches y otros animales dokumentala edo Hyperreligión metraje erdiko filmaren argazki arduraduna izatea nabarmentzen dira. Proiektu honetan kide izan duen Dani Castillo ere ez da atzean geratzen: El País egunkarian edo Eseté eta NEO2 bezalako tendentzia aldizkarietan aritutakoa da.

Zaunka.com atariak egunerokotasunari beste ikuspuntu batetik begiratzeko hainbat proposamen eskaintzen dizkigu. Horrela "Mi coche y yo" atalean hainbat lagun bildu eta beren autoarekin duten harremana ulertzeko zenbait gako emango dizkigute argazkiak eta bideoa erabiliz. "Anarqui-tectura" proposamenean hirigintzaren negozio modernoa aztertzen dute: "Parisen, Madrilen, Bartzelonan gertatzen da (...) Eraikin zaharrak bota egiten dituzte bizitegi auzoak eraikitzeko. Eraiki, eraiki eta eraikitzeko". "Idealistas" proiektuan berriz, bulego bateko lankideak hartu dituzte gai nagusitzat, minutu eskaseko bideoan haien aurpegiak paratuz, musikaz lagundurik. Metroan eginiko argazki esperimentuak eta Kixote modernoen moduan Gaztela Mantxan barrena Vespa motorra lagun egindako bidaiaren dokumentalak osatzen dute web gunea.

Esan dugu kasualitatez egin dugula topo zaunka.com-ekin. Zuk ere, irakurle, agian kasualitatez aurkitu duzu eremulauak.com hau. Horregatik ez zaizu asko kostako pausu bat gehiago ematea. Egin aproba, ikusiko duzu nola azkenean atari osoa goitik behera bisitatzen duzun, batere zaunkarik egin gabe.