viernes, 31 de marzo de 2006

Sexy Sadie...Translate

Hiru urte pasa dira, Sexy Sadie taldeak estudioko azken lana kaleratu zuenetik,  "Lost & Found". Europako eszena Indie-an handienetarikoa den taldea bueltan da orain Translate diska berria aurkeztuz, 11.lan luzea haien ibilbide zabalean. Apirilaren 3an aurkeztuko dute, eta segituan, apirilaren 6an, zuzeneko aurkezpen birari ekingo diote. Momentuz Euskal Herrian ez dute kontzerturik lotu, beraz Santander Summer Festibala izanen da Mallorkakoak ikusteko aukerarik gertuena.
Translate (Itzuli) izenburua jarri diote diskoari haien esanetan, horrenbeste eskatu arren ez dutelako ingeleraz kantatzeari utziko, betidanik egin duten moduan, "norberak bere barruan egin dezala itzulpena, nahi duen moduan, nahi duen esannahia emanez" gaineratzen dute taldekideek. 11urte eman dituzte jada eskenatoki gainean eta hori ere lan egiteko moduan eta emaitzan nabaritzen da. Diskoaren aurrerapenak entzunda, soinu helduagoa, landuagoa eta lehunagoa nabari zaio taldeari, distorsioa eta gorroto pittin hori galdu gabe.

Formazio aldaketak ere izan dira urte guzti hauetan, hala eta guztiz ere Jaime Garcia (ahotsa eta kitarrak) eta Toni Toledo (bateria), taldearen muina izaten jarraitzen dute. Disko honetan, Jaime-k kitarra guztiak grabatu ditu bakarka, dena den, zuzenekoetan, Satellites taldeko Michael Young-en laguntza izanen du. Honetaz gain, lan berri honetan, azkeneko diskoetan nabari zena areagotu egin da, piano gehiago sartu dutelako. Horretarako, Jet Lag taldean ibilitako Sergio Molina sartu da taldean. Baxulari lanetan, Jaume Gross-ek jarraitzen du.

Hurrengo asteetan, bira eta diska berri honi buruz informazioa luzatzen saiatuko gara. Bitartean: www.sexy-sadie.com web gunean informazio guztia topa dezakezue.

jueves, 30 de marzo de 2006

Rafa Rueda tximeleta ehizan

Gaur aurkeztu du Rafa Ruedak Saredun Eskua bakarkako bigarren lana.  Musikari bizkaitarraren esanetan lan berri hau "txikitasunaren apologia" da. Hortik datorkio diskoari izena hain zuzen ere: tximeleta ehiztariaren irudia erabili du txikitasuna bilatzen duen pertsonaren metafora gisara.
Otsailean grabatu zuten diska berria Azkarate Estudioetan eta Jonan Ordorika aritu zen teknikari lanetan. Azken emaitzan nabaritzen den aldaketa nagusia teklatuen presentzia da. Ruedak berak azaldu duen bezala, "aurreko diskoa (Kea, Metak 2004) gitarretan oinarritua zegoen, eta oraingo honetan teklatua erabili dut, beste instrumentu melodiko bat bezala".  Hala ere badira antzekotasunak duela bi urte kaleratutako lanarekin. Rafa Ruedak pop musika egiten jarraitzen du, eta bere esanetan alor horretan "oraindik garapenean" dagoen artista da.

Diskan parte hartu dutenei dagokionez, David Gonzalez (baxua), Rufo Urbina (bateria) eta Mikel Azpiroz (teklatuak) aritu dira. Bestalde, Chris Kase tronpeta jolearen eta Alos Quartet taldearen lanaren emaitza ere entzun daiteke Saredun Eskua diskoko zenbait kantutan.

Hori musikari dagokionez, izan ere letrak osatzerako orduan luxuzko kolaboratzaileak izan ditu Ruedak: 10 kantutik bostetan hitzak Jon Benito, Edorta Jimenez, Unai Iturriaga, Gotzon Barandiaran eta Kirmen Uribek jarri dituzte. Gainera, konpaktuaren liburukia Mikel Valderderen akuarela batek edertzen du eta bertan, diskoaren kontzeptuari jarraituz, tximeleten ehiztari bat ageri da.


Metak-etik Gaztelupeko Hotsak-era

Urte honen hasieran Metak disketxea ixtearekin lan berri hau norekin kaleratu ez zekiela geratu zen Rueda. Zentzu horretan Gaztelupeko hotsak disketxeari bereziki eskertu nahi izan dio berarekin izandako konfiantza. "Normalean disko bat kaleratu aurretik hiru hilabetetik urte betera luzatu daiteke negoziazioa eta kasu honetan 15 egun besterik ez genituen behar izan" azaldu du Ruedak.

Info +: www.rafarueda.com
            www.hotsak.com

martes, 28 de marzo de 2006

Julen Gabiriak bloga itxi du

Bere bitakoran bertan jakinarazi duenez, Julen Gabiriak bere bloga ixtea erabaki du. Idazlearen esanetan blogak bete du bere funtzioa eta orain hain publikoa izango ez den fase batean sartzeko gogoa adierazi du.

Guk gure aldetik, blogen eta literaturaren inguruko eztabaida hartan hitz egin genuen Julen Gabiriaz, eta penetan gaude (behin hitz egingo eta horrela, ai ama). Bitakora interesgarria osatu du Galdakaokoak eta ezin dugu albiste hau eman irakurleari artxiboan geratuko diren testuak gomendatu gabe.


Bisita ezazue: www.eibar.org/blogak/gabiria

Telebistako Gatazka

Pasaden asteazkenean ETAk su-eten iraunkorra iragarri zuen. Telebista kate guztiak eten zuten euren programazioa albistea emateko eta saio bereziak, elkarrizketak eta eztabaidak egon ziren edonon. Konponbide garaian gaudenez, nik nire bidai orri (hoja de ruta) partikularra plazaratu nahi dut, beti ere telebistaren ingurukoa.
Telebistan, saio askok iragarri beharko lukete su-etena, baina ez iraunkorra, betierekoa. Horretarako, Maria Teresa Camposen jokabidea erabat txalogarria iruditzen zait. Bere proposamena ez du gizartean behar bezalako eraginik izan. Izan ere, ikusentzuleak nekatu dira egunero berdina entzuteaz, inora eramango gaituen harrokeriaz nazkatuta daude. TVEn hasi zenean ideia berritzaileak ekarri zituen, magazinen mundua eraldatu zuen goitik behera, baina urteak joan ahala, zaborra pilatzen joan da. Diruzale porrokatuekin koalizioa egin zuen (Paolo Vasile Tele5n edota Murizio Carlotti Antena 3n) eta azkenik pertsonalitaterik gabe geratu da, ideia propiorik gabe, gizon boteretsu hauek zuku guztia zurgatu diotelako. Esan daiteke, Euskadiko Ezkerrari gertatutakoa sufritu dugula Campos anderearekin, guztiok ikusten genuen hartzen zuen norabidea, hartu daitekeen txarrena zela eta desagertuko zela. Eta noski, guztiok poztu gara “Lo Que InTeresa” saioa kenduko dutela irakurri dugunean.

Carlos Soberari su-etena iragartzea eskatuko nioke. Izugarrizko zorabioa sentitzen dut, eguerdian ETB2ko “Date el Bote” saioan ikustean eta gauean “Quien Quiere ser Millonario” lehiaketan Antena 3n. Gainera hain ezagunak egin diren esaldi nazkanteak errepikatzen ditu etengabe: “Eres bueno…muy bueno”, “Positibo”… Sobera jauna, horrela ezin duzu jarraitu. Garbi dago, zuk botere guztia hartu nahi duzula, baina zaindu itzazu formak. Oso gaizki dago, bi kateren artean mugitzea, bi kate hain desberdinekin ondo eramatea oso zaila da. Azkenean, biak nazkatuko dira eta ez dute zure laguntzarik nahiko. PNV bezalakoa da Sobera, hor dabil PSOEra hurbiltzen (Josujonistak) edota ezkerrera keinuak egiten (egibarristak).

Carolina Ferre. Oso emakume jatorra eta atsegina fisikoki. Ikusten denez emakume honek ez du kontseilaririk, inork ez dio esaten zein den jarraitu behar duen ildoa eta noski emakumea erdi galduta dabil. Denboraldiaren hasieran, Antena 3era joan behar zela zirudien, ondoren Tele5n “Plan C” izeneko memelokeria aurkeztu zuen, hiru saio baino iraun ez zuena eta azkeneko hilabetean “La cocina del Infierno” realitya aurkeztu zuen. Hau ere kendu dute audientzia txarra zuelako. Nik uste dut Barbara Rey ez zutelako agoantatzen kendu dutela. Carolina, etengabeko irribarrearen emakumea. Lehenik eta behin burkoarekin kontsultatu beharko zenuke nondik jo behar duzun hemendik aurrera. Alderdi batek baino gehiagok egin beharko luke hori. Askok oso galduta daude, eta are galduagoak su-eten iraunkorraren iragarpena eman zenetik. Ez ditut aipatuko, buruan izango ditugu denok seguruenik.

El Rondo”, La2eko futbol saioko Quique Guash eta Lourdes Garcia Campos aurkezleak ere behin betiko isildu beharko lituzkete euren mikrofonoen hots beldurgarriak. Lourdes beti okertzen da jardunaldiko emaitzak ematen dituenean, edota kiniela errepasatzen duenean. Ustez saioaren gidaria da baina inoiz ez du hitz egiten, inoiz ez du mahai gainean kolpe bat ematen gainontzeko guztiak isiltzeko eta horregatik saio horretan parte hartzen duten solaskideek izugarrizko oilategia sortzen dute. Aldiz, Quique Guashek oso garbi ditu gauzak. Berehala altxatzen da eta denak isilarazten ditu. Bere iritziak oso errespetatuak dira. Urduritzen naiz bere esku-jokoekin eta bere potezko azal beltzaranarekin. Lourdes, zu zara saioaren gidari nagusia, baina Quique da benetan kontrolatzen zaituena. Rajoi eta Acebes dira, PP alderdiaren antzerakoak dira. Mesedez, behin betiko isildu zaitezte, ez nahastu gauzak.

Eta horrela, bukaezina da su-etena iragarri beharko luketen saioen izenburuak. Ez dira guztiak sartzen, baina fabore bat egingo ligukete desagertzen. Behintzat euren jokabidea aldatu beharko lukete. Gizarteak du hitza. Agintailuak ere bai. Telebistaren gatazkaren konponbidea orain.

sábado, 25 de marzo de 2006

Gazte Topagunean...musika!

Ezagutuz goaz, 2006ko Gazte Topagunean izanen den egitaraua ezagutuz goaz gutxinaka gutxinaka. Etxarrin bilduko diren gazteek jarduera piloa izanen dituzte egiteko apirilaren 14tik 17ra, eta nola ez tartean musikarako beta izanen da noski! Edizio guztietan gertatu den moduan, Euskal Herriko plazetan ohikoak diren taldeez gain, kanpoko musikariak ere izanen dira Topagunean. Aurtengo sorpresa Macaco, fusio taldea izango da. Igandean joko du, Gazte Topaguneko karpa erraldoian eta ziur publiko aunitz beregantuko duela.
Rumba, Ska, Hip-Hop-a,funk-a, doinu brasileiroak....ekarriko dituzte Macaco taldekoek mundu zabaletik Euskal Herrira. Ez da apostu makala, izan ere Macaco-k egun kultura fusio panoraman dagoen talde ezagunetarikoa baita, argitaratu dituzten 3 diskekin hainbat jaialdi erraldoietan parte hartu dutelarik. Haiekin batera, igandeko gau horretan Kuraia, Def Con Dos eta Mouss et Hakim taldeak izango dira.

Informazio eta berrikuntza gehio:

www.gazte-topagunea.org


jueves, 23 de marzo de 2006

Kokeinek bi kontzertu akustiko eskeiniko ditu asteburuan

Musikak, gertatzen dela gertatuta ere, ez du su-etenik ematen eta Kokein taldekoek asteburu honetan bi kontzertu akustiko eskeiniko dituzte. Lehena ostiralean, Debako Kasinoan 22:30etatik aurrera. Bigarrena igandean, Zarautzeko gaztelekuan, 19:30etik aurrera.
Eibartarrak urte berriarekin batera hasi ziren kontzertu akustikoak ematen. Taldearen soinua inoiz baino biluziago azaltzen da emanaldi hauetan eta abestiek bestelako forma hartzen dute.

Info +: www.kokein.com

martes, 21 de marzo de 2006

Fosilak eta dinosauroak telebistan

Nork ez du entzun noizbait edo askotan, jada XXI. mendean gaudela, teknologia berrien eta informatikaren garaian gaudela, konkista espazialaren atarian gaudela edota XX. mendeko gaixotasun larrien kontrako sendagaiak asmatzeko gero eta hurbilago gaudela? Supersonikoak edota Futurama telesailek erakusten zizkiguten gizarte berriaren atarian omen gaude. Telebistaren alorrean ere, "aurrerapauso" handiak eman direla esan digute: TDTaren sorrera, telebista kate interaktiboak sortzear... Baina telebista kateetako programazioari begirada bat botatzen badiegu, kontrakoa gertatzen ari dela nabarituko da, hau da, pausoak aurrera eman beharrean, atzera ematen ari direla. Izan ere, telebista kateetako parrilak saio eta telesail nostalgikoez betetzen ari dira.
TVEk 50 urte betetzen ditu aurten. Urtemuga hau ospatzeko, kate berezi bat atera dute TDTn, Canal 50 años. Kate honetan, Espainiar estatuko telebista publikoan bota dituzten saiorik "onenak" emititzen dituzte: Un, dos, tres, Historias para no dormir, La bola de Cristal, Aplauso, España 12 Malta 1 futbol partidua (baina zergatik uste du jendeak partidu hori espainiar selekzioko garrantzitsuena izan zela, inoiz ez baldin badute ezer irabazi?), Cantares, Los mundos de Yupi... TVE1ek ere Cuentame telesaila botatzen du noizbehinka. Telesail ona iruditzen zait, baina Alcantara familiari dena tokatzen zaio telesail horretan: Carrero hiltzen dutela (eup!) Antonio Alcantara and family hortxe ziren, Carreroren kotxetik hamar bat metrora. M30 errepide ospetsua egin nahi dutela, Alcantaratarren auzotik pasa beharko da eta gure familia maitagarriaren etxebizitza desagertzeko zorian egongo da. Eta horrela, gertakizun garrantzitsu guztiekin. TVE2 katean Oliver eta Benji marrazki bizidun telesaila botatzen hasi dira aurreko astean. Orain falta zaigun bakarra ETB1en Dragoi Bola botatzen hastea da.

Cuatro kate berrian ere saio eta batez ere telesail nostalgikoak ditugu edonon: Pantera Arrosa, Melrose Place, 7 en el paraiso, Padres Forzosos, Los Roper, Beakmanen mundua, Parker Lewisek ez du sekula galtzen, Juzgado de Guardia, Kriptako istorioak... Hemendik gutxira, V telesaila ere botatzen hasiko dira. Lehiaketak ere kutsu nostalgikoa dute. Soy el que mas sabe de televisión del mundo (mesedez, nork jarri dio izen hau saioari, tituloa hain luzea izanik, ez da sartuko TP aldizkarian) lehiaketan, telebistari buruzko galderak egiten dituzte eta beti laurogeiko hamarkadako saioak izaten dira protagonista. Berdin esan dezakegu Alta Tensión lehiaketari buruz. Duela hamar bat urte bota zuten Antena 3 katean eta orain Cuatrok berreskuratu du. Eta azkeneko traka, Humor Amarillo. Mama Chicho garaiko lehiaketa japoniarra telebistara itzuli da Cuatroren eskutik.

Antena 3 eta Tele 5 ere nostalgikoak dira. Hortxe ditugu adibidez Maria Teresa Campos edota Barbara Rey dinosauroak, egunero telebista aurrean agertzen zaizkigun fosilak. Eskerrak aste honetan jakin dugun Camposen saioa apirilaren 7an bukatuko dela eta Barbara Reyren realitya ere kenduko dutela audientzia kaxkarra duelako. Bai, badakit albiste hau nahiko txarra dela askorentzat, baina lasai, beti geratuko zaigu Estepan Aldamiz Etxebarria. Bakarrik, edo.

sábado, 18 de marzo de 2006

Zorionak Entzun!

Gaur gauean ospatuko ditu Entzun! aldizkariak gure artean eman dituen 10 urteak. Atarrabiako Totem aretoan bat eginen dute, euskarazko musika aldizkari honen inguruan biltzen diren hamaika lagunek. Eta musika? noski ez da musikarik faltako, Kuraia eta Basque Country Pharaons taldeen kontzertuak izanen baitira ikusgai, sugeak eta herensugeak!!
Entzun! aldizkariaren 10.urteurrenaren festarako sarrerak 8euro balio ditu. Animatu oraindik garaiz zaude eta!

www.entzun.com

viernes, 17 de marzo de 2006

Mosaikoak, banderak, bengalak,...tifoetaz ari gara

Denok ikusi ditugu noizbait, bai zuzenean edo telebistaren bitartez, futbol zelai askotan, bertako zaleek, artelan erraldoiak zabaltzen dituzte harmailetan haien taldeak animatzeko helburuarekin. Gehienetan efimeroak izaten dira guretzako bainan batzuetan gure arreta bereganatzen dute, lanaren kolore, diseinu edo ta tamainarekin. Tifoetaz arituko gara oraingoan, eta horretarako bidelagun egokiena izanen dugu, Biris taldeko “artelan” hauen arduradunetarikoa den Pedro laguna.
Duela bost urte hasi zen Pedro, Biris Norte, Sevilla futbol taldeko animazio taldean lan egiten. Egun, estatu espainiarreko ligan dagoen talderik mugituenetarikoa da Biris Norte, urtero urtero hainbat tifo ikusgarri zabaltzen dituztelarik haien harmailetan. Futbol gaietaz haratago, animazio arte honi buruz hizketan egon ginen harekin.

Eremu Lauak: Hasteko ta behin, defini ditzagun kontzeptuak. Zer da Tifo bat eta zertaz osatzen da?

Pedro: Gauza ezberdin eta kontzeptu ezberdin asko batzen dira Tifo esaten dugunean. Italiatik datorren mugimendua da, bertako zaletuak munduko koloretsuenetarikoak baitira, ikusgarrienak. Tifo bat, zure taldea zelaira irtetzean egiten den animazioa da, hots, bengalak, banderak, bufandak, kantuak...Beste kontu bat da, koreografia bat egitea, bertan mosaikoak, bandeoirak edo harmaila estaltzen duten pankartak erabiltzen baitira. Azken hauek dira lan gehien eskatzen dutenak. Bertan, mezu ezberdinak jartzen dira, normalean taldearen aldekoak, bainan baita zure zaletu taldeaz edo ta aurkariei buruzkoak. Partidaren arabera, ezberdinak izan ohi dira.

E.L.: Mundu korapilotsua eta ezezaguna askotan. Tifo edo koreografiak ekoizten ibiltzen zaren neurrian, zer baloratzen duzue zuek horrelako bat ikusten duzutenean?

P: Hori norberak eta bere inguruak baloratzen du. Azken aldian, europan geroz eta lan txukunagoak egiten ari dira, artistikoagoak nolabait, horrek noski kritikak eta balorazioak zorrotzagoak egitera behartzen gaitu. Normalean, tamainaz gain, azken emaitza izaten da baloratuena, kokapena, koloreak, errellenoak, mezua ondo ulertzen den eta nola ez, originaltasuna, oso itsusia bailitzateke beste talde batek zabalduriko koreografia bat kopiatzea.

E.L.: Galdu naiz, kokapena esan duzu?

P: Bai noski, gurea ez da soilik ekoizpen lana, marrazkia egin eta punto. Harmailan ondo kokatua eta zabaldua izan behar du. Gure artean, oraindik ere, ez zaio garrantzi askorik ematen eta askotan oso emaitza pobreak lortzen direla ikusi izan dugu zelai askotan, bainan Italian garrantzi handia ematen zaio kokapenari. Horretarako, partida aurreko egunean zabaltzen ditugu banderoiak harmailan, jendez beteta dagoenean oso zaila izanen baitzen. Denborarekin lan eginez gero, ez da arazorik izan behar hortan. Banderoiak prest utzi, mosaikorik bada, kartulinak banatuta eta kokatuta utzi. Azkenean, disziplina asko betetzen ditugu.

E.L.: Disziplina askotan jardun eta gainera gutziak menperatu. Eskuarekin trebeak izan beharko duzute honetan aritzen zaretenak, nolakoa da zuen jarduna?

P: Guk ez diogu dedikazio esklusiboa eskeintzen taldeari, guztion modura ikasketak eta gure lanpostuak baititugu. Normalean arratsaldetan, lanostean lan egiten dugu. Talde txikia gara koreografiak prestatzen ibiltzen garenak, beraz konpenetrazio handia dugu. Normalean, denborarekin lan egiten dugu. Zein partidurako izanen den zehaztu, ideiak botatzen hasi eta gero ekoizpena, hilabete bateko lana. Gure marrazkiak egia esan denetarik islatu dute, komikietako pertsonaiak, telebistakoak, geure hirikoak, taldekoak...armarria hamaika modutan marraztu dugu jada!

E.L.: Marraztu, marraztu...noizbait pankarta bat marrazten ibili denak jakinen du teknika berezia behar dela. Bainan nola moldatzen zarete dimentsio horietako pankartak marrazteko?

P: Denak trukoa dauka. Irudi proiektore batekin lan egiten dugu, zelaiko pasabideetan. Irudia pankarta gainean islatu ta guk gainean marrazten dugu. Teknika erraza eta eramangarria.

E.L. Bukatzen joango gara eta Tifoaren nazioarteko eskenari begiratuko diogu. Zein talde izaten dira erreferente edo nagusi panorama honetan?

P: Geure ligan, onartu beharra dago Ultras Sur taldea nagusi dela lan horretan. Atzerrian aldiz, Italiako taldeak izan dira nagusi orain arte, batez ere Ultras Tito eta desagertutako Fossa dei Lioni. Bainan geroz eta tifo ezberdin aunitz egiten ari da europako bestelako ligetan, neretzako azpimarragarriena Frantziako ligan azken bi urtetan egin den lana.


Jarraian, artelan erraldoi hauetaz gozatzeko zenbait helbide luzatzen dizkizugu irakurle.
Sampdoria taldeko zaletuen ataria, Tifo mailan handiak eta ikusgarriak.
www.ultrastito.it

Europa guztiko harmailen argazkiak batzen dituen foro berezia:
www.mundoultra.foro.st

Nola ez, mundu berezi honetan bidelagun izan dugun Pedroren taldearen ataria:
www.magiconervion.com

Azkenik, eztabaidarako galdera: Tifogintza arte moduan sailkatu genezake?

Europako underground panoraman ondo gordetako sekretua

Kontzertu interesgarriaz gozatzeko aukera izan genuen Barakaldoko Edaska aretoan joan den igandean. Getxoko Nun taldea telonero zutelarik, Alemaniatik etorritako Monochrome entzuteko aukera izan genuen, europako underground panoraman ondo gordetako sekretua. Ilusio handiz itxarondako kontzertua izan zen, Alemaniako taldeak jarraitzaile asko batzen baititu bizkaiko hardcore zaleen artean. Horrexegatik, aretoa erabat beteta topatu genuen, txapak, pintxodun gerrikoak, gafapastak eta flekilloak nonnahi ikusten zirelarik.
Getxoko Nun taldeak zabaldu zuen gaua, aurki aurkeztuko duten Collage lehen lan luzearen zuzeneko emanaldia eskeiniz.  5taldekide gripearekin gaixo egon arren, haien profesionaltasunak bultzatuta kontzertua aurrera atera zen, ohi bainon geldoagoa  aurkeztuz taula gainean. Oso emanaldi beroa, nahiz eta noiz behinka geldiuneak burutu behar izan zituzten, abeslariaren eztulengatik, momentu hauetan publikoaren txaloek taldearen esfortzua eskertzen zuten. Hala eta guztiz ere, bertan bildutakoek bat egin zuten, soinu eta ahots potentea positiboki baloratzeko orduan.

Nun taldearen ostean, Monochrome-ren txanda heldu zen, beraien bi abeslariekin. Mutila, oso altua eta ezagutzen zituen gaztelaniazko esaldi apurrekin interpretazio bikainak burutuz; eta neska, berehala guztion arreta bereganatu zuen ilehoria, ez solik ahotsaregatik, baita kontzertu aurretik egin zituen luzaketa kuriosoengatik.

Eskenatokira igo, eta automobilismoan esaten den moduan "hutsetik ehunera segundu batean" igo zen soinuaren potentzia. Publikoak, tranzean balego bezala, musikarekin bat egin zuen dantzan. Gainera, bi abeslarien koreografiak, soinuak lortzen zuen intentsitatea areagotu eta bikoiztu egiten zuela ematen zuen (mikrofonoetako bi oinek ordaindu zuten, etengabeko dantza saio hau). Oso ongi lortutako soinua,  zuzen zuzena, abesti izugarriekin, "Series of catastrophes and celebrations" edo ta haien azken diskoko "Gegenstrück".

Kontzertu osteko komentario eta aurpegiek, emanaldi bikaina izan zela baieztatzen zuten.

Monochrome taldeaz gozatzeko hurrengo aukerak, Euskal Herritik hurrun geratuko dira, haien "The Art of Traveling 2006" bira, Frantzia ta Alemanian barneratuko baita.

Azkenik gogoratu, Nun taldeak laster aurkeztuko duela Collage, lehen lan luzea, eta Euskal Herri guztian zabalduko den aurkezpen bira hasiko duela.

martes, 14 de marzo de 2006

Euskal antzerkigintzak bi Max sari lortu ditu

Nasdrovia Chejov antzezlanak ezustean ikuskizun errebelazioaren saria jaso du Arte Eszenikoen Max sarietan. Euskal Herriko Yo, Leonor eta Espainiako hamalau lan izan ditu lehiakide Nasdrovia Chejovek. Fernando Bernuesek Anton Chejov idazle errusiarra omentzeko idatzitako antzezlanak Jose Ramon Soroiz eta Naiara Arnedo ditu protagonista. Chejovek irudikatutako pertsonaien larruan sartuta ironiaz eta umorez beteriko antzezlana taularatu du Vaiven etxeak.
Bestalde, Yolanda Arrietak eskuratu du Grau antzezlanarekin Euskarazko Antzerkigile Onenaren Max saria. Bere lehiakideak Anartz Zuazua eta Klaus Groten (Bizitza lorontzian), Emilio Fernandez (Txaribari) eta Aitzpea Goenaga (Euskararen zazpi bekatu nagusiak) izan dira.

lunes, 13 de marzo de 2006

Kirola? Ez eskerrik asko. Nik House dut nahiago

Gustoko dut kirola telebistan ikustea, baina ahal bada ahotsik gabe, mp3aren musikarekin edota emanaldiaren nondik norakoak aldamenekoarekin komentatzen. Izan ere, ez dago gauza gogoangarriagorik kirol esatarien komentarioak baino. Penagarria da TVEko edota Tele5-eko esatarien hitzak entzutea.
Eskerrak aurten Real Madrileko jokalaria izandako Michelen komentarioak jada ez ditugula entzuten. Komentarista baino txorramentarista zen gure Michel. Nork ez du bere esaldi mitiko horietako bat edo beste buruan. "Ez da gola izan baloia kanpora joan delako", "nola nabaritzen den hegalekoa ezustean sartzen denean, nola harrapatzen dituen denak ezustean", "partidu honetan gerta daiteke... baita edozer gauza ere", "oilarrei gandorra trikua bezala jartzen ari zaie", "Shakaren izena Sakazak bandatik izan beharko litzateke, hori da egiten ari den bakarra", "horrelako partiduetan defentsek beren atea defendatu behar dute", "partidua 0-0 amaitu da eta atsedenaldian ere emaitza bera zegoen", "Limak sarrera bat egiten duen bakoitzean igeltsuaren prezioa igo egiten da". En fin, ez zait arraroa egiten Ruiz Mateos familiako Rayo Vallecanon entrenatzaile bukatzea, izan ere pailazoak zirkuan baino ez dira eroso sentitzen.

Baina ez da horrelako harribitxiak uzten dituen bakarra. Tele 5 kateko Formula 1ko esatariak ere kartzelan sartzeko moduko esaldiak botatzen ditu. Gehien sutzen zaidana Antonio Lobatok (XXI. Mendeko Krilin) proba guztiak hasi baino lehen esaten duena da: "Begiak ixten badituzue, ikuskizuna galduko duzue". Jua, jua. Hala eta guztiz ere lasai, karrera guztiak errepikatzen dituztenez, bigarren emisioa ikusita, arazoa konponduta.

Baina dudarik gabe kirol esataririk eroena Canal Plusen NBAko partidak kontatzen dituen Andres Montes da. Amerikarren eredua kopiatu eta kirol esataria baino, show-mana bihurtu da. Eskerrak aldamenean duen sositoak kontrastea egiten duen, bestela guk ere erotuta bukatuko genuke.

Baina telebistan entzundako esaldiez hitz egiten ari garela, ezin dut aste honetako kolaborazioa amaitu bi telesail aipatu eta gomendatu gabe. Lehenengoa Nip Tuck, a golpe de visturi. Denboraldiaren hasieran ETB2n bota zuten eta orain Digital Plusen ikus dezakegu. Telesail horretan dena da arraro. "Zure amonarekin larrua jo dut" bezalako esaldiak edota gizon bat zurezko maniki batekin sexu harremanak izaten ikustea gauza arrunta da.

Bigarrena, astearte gauetan botatzen duten House mediku bordearen telesaila dugu. Telesail horretako gidoiarekin berehala sentituko duzu non duzun zure G puntua. Bestela irakurri:

Cuddy doktorea: "Gaixo bat ikusteko itzuli zara?"
House doktorea: "Ez, puta bat ikustera nator, hemen etxean baino askoz morbo gehiago ematen dit"

House doktorea: "...Zure mutil ohiak zure senarraren antza du? Ba eduki ezazu umea, Ez da enteratuko. Maitia, familia onenetan ere gertatzen da, zergatik ez zurean?"

Haurdun dagoen emakume bera: "Opari bat egin behar dut"
House doktorea: "Batzuetan oparirik onena zu berriz ez ikustearen poza da"

House doktoreak moja bati: "Hira, harrokeria, inbidia, sabelkeria... Bi minutuan zazpi bekatu nagusietatik lau egin dituzu. Errekorrak gordetzen al dituzue? Katolikolinpiadarik badago?"

Housek ospitalean dagoen amona baten semeari: "Zure amak pertsonalitate aldaketa bat jasan du, ikuskatu egin behar dugu. Erizain bat bidaliko dut, nik guapoegia naiz".

Housek sexu grina pizteko pastilak eman dizkiolako harrituta dagoen gaixo bati: "Zergatik ez? Diabeteak zure bihotzari eragin badio hil egingo zara. Bestela gora gu ta gutarrak..."

Housek Foreman doktoreari: "Gu guztiok batera baino eskale gehiago ezagutzen duzu. Xaxa txakurra! Segi bila!".

House, bere lankideak esteroiderik ez duela hartzu esaten duen gaixo baten barrabilei begira dauden bitartean: "Zure ezpainek ezetz diote eta zure gerezitxoek baietz."

Mediku batek dio ume baten gaixotasunak aurrera jarraitzen badu elbarrituta geratuko dela, eta House doktoreak dio: "Ai ama! Eskerrak astebete baino lehen hilda egongo dela".

Kirofanoaren ondoan, gaixo baten lagunak Houseri galdetzen dio ea seinale ona den ebakuntza oso motza izan izana: "Edo ebakuntza oso ondo joan da, edo jo-ta garbitu egin dute".

Hau bai, hau ikuskizuna da eta ez kirol emanaldietan ikusten duguna. House, asteartero gaueko hamarretan Cuatro katean.

* "House" telesaileko esaldiak Cuatro.com webgunean daude irakurgai. Han gehiago topatuko dituzue (espainolez).

jueves, 9 de marzo de 2006

Urte honetako jaialdi nagusien kartelak ezagutzen hasi gara

Benicassim, Bartzelona edo ta Santanderren izanen dira Euskal Herritik kanpo arreta gehien pizten duten musika jaialdi erraldoiak. Sorpresa askorik izango ez den arren apuntatu izen batzuk: The Strokes, Mogwai eta Madness.Urtero moduan, Benicassim-eko nazioarteko jaialdiak eratu du kartelik ikusgarriena eta publiko kopururik handiena bereganatuko duena, eta ez gutxigorako. Uztailaren 20tik 23ra luzatuko den festibalean aurtengo talderik pontenteena izango dena egonen da, The Strokes taldea hain zuzen ere. Itxorandako "First Impressions of earth" hirugarren lan luzea aurkezten izanen dira taula gainean. Egia esan, ez dute oso lan borobila lortu bainan tira...The Strokes taldea da eta horrek beti arreta pizten du. New York-eko bostkoteaz gain, Depeche Mode, Franz Ferdinand eta Morrisey-k osatzen dute Benicassim-go kartel burua. Hala eta guztiz ere, "lehen ilarako" talde horietatik at jarri duten Madness-en kontzertua azpimarratuko genuke...beteranoak bainan dena den oraindikan ere jaia pizteko bikainak...ziur zale asko eta asko hurreratuko direla haien kontzertura.

Benicassim aurretik, udaberriarekin batera, Catalunyan egiten den jaialdi handiena izanen dugu, Primavera Sound, ekainaren 1, 2 eta 3an. Bertan estilo ezberdinek bat eginen dute, horrexegatik kartel zabalagoa eta anitzagoa sortu dute bertan. Honela, Bartzelonako eskenatokian bat eginen dute, La Buena Vida, Yeah Yeah Yeahs, Xiu Xiu edo ta Motorhead taldeek. Hala eta guztiz ere, kartel buru bat bilatu beharko bagenu Mogwai taldea aipatu gabe ezin genezake utzi, egungo eskena abangoardistan erreferente nagusietako bat.

Euskal Herritik oso gertu, Santander Summer Festibala izanen dugu ekainaren 22tik hasita. Oraindikan kartela zehaztu gabe dagoen arren, iazko kartelari erreparatuz, ez dago dudarik eskaintza deigarria luzatuko dutela antolatzaileek. 2005ean Beck, Jamiroquai edo ta Morcheeba izan ziren eskenatoki gainean.

Azkenik ezin ahaztu Euskal Herrian dugun jaialdirik handiena. Azkena Rock Festibala, abuztuaren 31n hasiko da da aurten oraindik kartela zehaztu gabe da, beraz adi jarraitu beharko dugu hurrengo asteetan jakinen baitira zein taldeek osatuko dute jaialdi honetako kartela.

Hauek dira jaialdi hauetako web guneak, informazio gehiago eskuratu nahi izatekotan:
www.fiberfib.com
www.primaverasound.com

www.santandersummerfestival.com
www.azkenarockfestival.com

miércoles, 8 de marzo de 2006

Leire Bilbaok "Ezkatak" poesia liburua aurkeztu du

Gaur goizean aurkeztu du Leire Bilbaok Ezkatak poesia liburua. Lehenago ere irakurriak genituen bere zenbait lan Linterna Gorrian (http://bbk.armiarma.com/linterna) eta Berria egunkariko zutabeetan, eta orain lehenengoz liburu batean bildu ditu.  Susa argitaletxeko webgunean ere irakur daitezke liburu berrriko zazpi poema.
  Info +: Susa argitaletxearen webgunean: http://www.susa-literatura.com

         

sábado, 4 de marzo de 2006

Paul Austerren berriena inoiz baino lehenago euskaraz

Martxoaren 14an aurkeztuko du Alberdania argitaletxeak Paul Austerren Brooklyngo erokeriak nobela berria. Urtarrilean kaleratu zen AEBetan eta inoiz baino lehenago euskaratu du Oskar Aranak: espainolez eta katalunieraz ere garai berdintsuan kaleratuko da adibidez.  

Informazio +: www.alberdania.net eta Berrian


 

viernes, 3 de marzo de 2006

MusikHerria jaialdia bihar Durangon

Bihar, martxoak 4 ospatuko du Musikherria disketxeak bere jaialdi erraldoia. Goizeko 11etatik aurrera nahi adina musika eta jarduera izango dira Durangoko kaleetan. Honezkero ezaguna denez, egitasmo herritar eta kulturala da Musikherria, musika sorkuntza, produkzio, ediziorako eta zabalpenerako tresna. Copyleftaren bidez eta autogestioa bultzatuz 70 talde baino gehiago bildu dira dagoeneko proiektura.
Informazio gehiago nahi duenarentzat: www.musikherria.org/m4

Egitarau osoa:

KALE ANIMAZIOA goizeko 11:00etatik aurrera
Txosnak, kontzertuak kamioietan, zirkua, kale antzerkia, Elektrotuna, Txaman, trikitilariak, BJ, txalaparta, sound system mugikorra, txistulariak, fanfarreak, DJ, dantzariak, zanpantzarrak, egun osoko irratia, tinbaleroak, albokalariak, zankoak...


ALDE ZAHARRA gunea
11:00 Bakarlariak Ttipi Ttapa tabernan: Jonas, Jabi, Sagardole, Iratxe, Jonu eta Mantala No

a) Santana

12:00 Kloratita, Korumbà eta Gatazka
16:00 Gaitz, Arkada, More, Konter eta beste talde bat

b) Andra Mari

12:00 Ihesbide, Gartzen eta Txakurrak
16:00 Zartako (Iruñea), Lukas Prest!, Banda Batxoki, Kuenta Atrás eta BKBO

c) Herrikoa

12:00 Adikune, SKT Sekuentzia eta Maz Mon Kis
16:00 Gatazka Oi!, Lur Jota, Sarkor, Anger eta Eigen System

GAZTETXE gunea
goizez Bertsolariak: bertso-saio musikatua
Bokatak, erakusketak...
16:00 Akatu, Ozen, Itaka, Sysmo eta Zartako (Bilbo)

LOTUREN gunea
Azoka, graffittiak, multimedia, koffe&txok, poesia, BJ, DJ, folk, antzerkia, musika esperimentala, break dance, Bihotz Bakartien Kluba...

KALEJIRA MUSIKATUA EZgae, sacem EZ
21:00 Kalejira musikatua Durangoko kaleetan zehar

AZOKA kontzertua + aurkezpena
21:30 Mix6t, Anplitude, Kasu!, All Jazz Era, FDLN, Oliba Gorriaken emanaldi berezia, Tuboskapiren agurreko kontzertuetako bat eta berbena Amaiurrekin

-----------------------------------------------------------------------

PD: Barkatu Unai, batzuetan ez gara denetara iristen (lana, lana, lana). Beste batean animatu eta idatzi zerorrek!

Optikak: 35 emakume, 35 ikuspuntu

Martxoaren 2az geroztik Bilboko Rekalde aretoan (Rekalde 30) ikusgai dago "Optikak" erakusketa. 35 emakumeren begiradak dira, denak ere Bilbon jaio edo bizi direnak. Lanean, sexualitatean, etxean, esparru publikoan zein pribatuan sortzen diren galderei erantzuten dieten argaziak dira. Emakumea begiratzen dakien subjetu moduan erakusten dute irudiek. Guztira 700 bildu dituzte eta postaletan Bilboko 1.000 etxetara bidaltzeko asmoa ere badute.

jueves, 2 de marzo de 2006

R.I.P.

Gauza pentsaezina zirudien, askok uste genuen ez zela inoiz pasatuko, baina nahiz eta bertsio light batean gertatzen ari den, errealitate bat da: Telecincok duela sei urte martxan jarri zuen reality-programazioa pixkanaka hondoratzen ari da. Berriro diot, oraindik ere modu light batean gertatzen ari dela. Telecincok ez du urritik hilabeteko lidergoa eskuratzen eta kate horretako nagusiak urduritzen hasi dira. Egia esan, ez da harritzekoa. Denboraldia hasi denetik asko dira audientzia txarrarengatik kendu dituzten saioak.
Abuztuaren bukaeran El pasado es mañana espainiar telenobela jarri zuten martxan. Hiru aste baino ez zuen iraun. Egia esan, telenobela hori berehala hilko zela argi geratu zen. Hasieran udaran bota behar zuten baina produktua ez zen kateko nagusien gustokoa. Gauza batzuk aldatu eta emititzen hasi ziren. Badaezpada abuztuaren bukaeran hasi zuten botatzen, hau da, benetako denboraldia hasi aurretik (normalean irailaren erdialdean hasten da denboraldi berria). Audientzia txarra zuela ikusita 15 atal bota eta gero programaziotik desagertu zen.  Okerrago izan zen Amor en custodia telenobelaren kasua. Hiru atal baino ez zuten bota, %8ko audientziarekin. Orain diote, udan botako dutela osorik. Baina zer uste dute, tontoak garela?

Arratsaldeko A tu lado magazina ere ez dabil batere fin. Normala, Gran Hermano da saioaren gai bakarra. GHri buruz hitz egiten ez dutenean, GHko partehartzaileen bizitzei buruzko gatazkak izaten dira mintzagai. Egoera zailari buelta emateko, saioa fintzeko ahaleginak egin zituzten eta Txumari Alfaroren errezetak eta Aqui cocinamos todos izeneko sukaldaritza saioa emititzen hasi ziren. Hauek ere ez ziren lehen hilabetera ailegatu. Jendeak badaki A tu ladon kaka baino ez dutela botatzen eta zuzenean ez du ikusten. Pena da, behin zerbait interesgarria egin ostean ez funtzionatzea. Badakit Txumari Alfaro nahiko pitzatuta dagoela, baina bere erremedio askok funtzionatzen dute.

Esta noche cruzamos el Missisipi eta Cronicas Marcianas saioek lidergoa eman diote Telecincori gauerdiero azkeneko hamarkadan. Behin Javier Sardaren saioa bukatuta Telecinco saiatu da tankera horretako saioak egiten, baina porrot egin dute. Adibiderik garbiena, Plan C saioa da. Carolina Ferrek aurkeztu zuen, baina honek ere hiru kapitulo baino ez zituen izan. Nahiko tamalgarria zen saioa. Platoa pinball erraldoia zen (hori zen agian saioaren gauzarik interesgarriena) eta umorea zen ikur nagusia. Lehen saioan Ester Arroyori Euskal Herriko gatazkari buruzko txiste nazkagarriak entzun eta gero, niretzat saioa non grato zen, eta ikusten denez audientziarentzat ere hala izan zen.

Kolpe garrantzitsuena Vientos de agua telesailarekin eraman du Telecincok. Berriro ere, lau kapitulo baino ez. Ustez, denboraldiko apusturik garrantzitsuena izan zen. Gainera, telebistako historiako telesailik garestienetakoa izan zen. Kalitate handikoa eta serioegia Telecincon emateko, izan ere, ohituta gaude La Juani (Médico de familia) edo Diego (Los Serrano) bezalako “espezimenak” Telecincoko telesailetan ikusten.

Azken astean, beste bi saio erori dira, Engaño eta Morancos Channel nº 5. Engaño putetxearen antzekoa zen. Gizon bat sartzen zuten etxe batean emakumez inguraturik. Emakumeen artean bat aukeratu behar zuen. Aukeratzen zuen emakumeen artean hiruk bikotea zuten eta batek ez, eta gizonak bikotea ez zuen emakumea zein zen asmatu behar zuen. Antena 3n antzerako saio bat bota zuten duela bi edo hiru urte, Confianza ciega. Esan beharrik ez dago, eta barka nazatela gure emakume irakurleak, baina saioan sartu zituzten emakumeak V telesailekoak baino “lagarta”goak ziren. Los Morancosen saioari dagokionean, esan behar dut gehiago espero nuela haiengandik, oso kutrea iruditu zitzaidan bere saioa. Duela urte batzuk asko gustatzen zitzaizkidan, baina Telecincon ikusi ditudan bi saioak oso pobreak iruditu zaizkit.

Hauek dira momentuz erori diren saioak baina hemendik aurrera gehiago izan daitezke. Esta cocina es un infierno saioak nahiko audientzia txarra du, gaueko informatiboa ere nahiko gaizki dabil (horregatik Juan Pedro Valentin bota eta Pedro Piqueras sartu dute), Siete Vidas telesaila ez da %20ko audientziara ailegatzen…

Telecinco, goian bego.