jueves, 27 de abril de 2006

Bob Dylan Donostian dohainik!

Uztailaren 11an izanen da, Zurriola hondartzan. Donostiako Jazz Jaialdiak antolatutako bakearen aldeko kontzertu batetarako gonbitea onartu egin du Dylan-ek. Beste talde batzuekin batera izanen da taula gainean, bainan oraindik kartela zehazteke dago. Hala eta guztiz ere, hurrengo egunetan kontzertu handi honen berri eta albiste gehio eskeintzea espero dugu.
Bob Dylan-en doako emanaldi honetan 30mila ikusle izatea espero dute antolakuntzakoek.

Ametsen Remake-a

Gaztaroan izandako amets eta utopietara itzultzea, horixe proposatzen digu Roger Gual zuzendariak Remake filmean; aspaldi izandako idealak errepasatu eta gogoratu, eta egun direnak egiaztatu. Guzti hori, ez soilik aburgesatutako zahar malenkoliatsu batzuen  iritzi eta sentipenetatik, baita bertan eta haiekin bizi ziren umeen ikuspegitik. Berezia. Interesgarria.

Hotel bat eraikitzeko saldu behar dutelako, berriro elkartzen dira mendi puntan isolatutako baserrian bertan bizi zirenak. 70.hamarkadan, Masia hori, ezberdin pentsatu eta bizi nahi zutenen babesleku izan zen, gizartetik at, soziedade paralelo bat eriki zuten bertan. Urteak aurrera egin ahala, etxea utzi eta hirietara jeitsi ziren bertakoak, Max idealista izan ezik. Ia 40 urte pasa direnean itzuli egiten dira asteburu bat pasatzeko eta garai zaharrak gogoratzeko. Haiekin batera, jada helduak diren semeak ere itzultzen dira.


 Istorio honen atzean, idealak, sentimenduak eta utopien gaineko erreflexioa topatzen du ikusleak. Komuna horren sortzaile izan zirenak, jada zaharkituak eta aburgesatuak, hasiera batean malenkoliaz begiratzen badituzte ere, “tontakeriz” beteriko uneak bezala gogoratuko dituzte garai zaharrak. Max idealista ere, utopiak alde batera utzi eta zenbait eredu onartu dituela jakinen da inkluso. Depresioak, stresa, dibortzioak, amoranteak...haien bizitzak borrokatu zuten guzti horren paradigma bihurtu dira.


 Bainan haien semeak izanen dute protagosnimo handiena, garai haiek gogora ekartzeko orduan. Gizartetik isolatuak 4urte luzez, garai aspergarri eta beltz moduan gogoratuko dute, “helduen bizi alternatibek inoiz ez dituzte umeak kontutan hartzen”. Sexua, hezkuntza...gizartearen gaineko idei guztietan ezberdin hezituak izan ziren eta kanpotik ikusita positiboa eta ederra dirudien arren, geroxeago, hirietako gizarteetara itzulita arazoak emanen dizkie. “Zergatik uste zenuten, besteak bainon hobeagoak zinetela gu hezitzeko?”. Haien gurasoek, heziketa aske horren bitartez, haien aurrekoek hezkuntza katoliko eta kontserbakorrarekin egindakoa errepikatu zuten, inposizioa.


 Pelikula oso interesgarria, fotografia oso zainduarekin, irudi digitalaren eredu; eta soinu banda ederrarekin. Pelikulak erreflexioaz gain, umorearentzako tartea uzten du, sekuentzia oso barregarriekin (nirekin zineman zeuden batzuendako barregarriegiak...mesedez isiltasun apur bat). Ikusleari erraz etorriko zaio burura “El Sueño de Ibiza” filma, idei berdinen inguruan (ezerdin kontatua noski) erakia baitago Remake filme hau.


Informazio gehiago, aktoreak, musika eta filmaren bloga: www.remakeonline.com



Eta zu eremulak-eko irakurle zer uste duzu?

miércoles, 26 de abril de 2006

Iban Zaldua gezurretan ariko da Bilbon

(Baina albiste honetan esandakoak egia dira)
Bihar (edo agian gaur, goizez irakurtzen ari denarentzat) aurkeztuko du kapitalean Iban Zalduak bere Mentiras, mentiras, mentiras liburua, 2000. urtean euskaraz kaleratu zen Gezurrak, gezurrak, gezurrak haren gaztelerazko itzulpena. Urkixo kaleko 9 zenbakian dagoen Casa del Libron izango da, arratsaldeko 19.30etik aurrera.
Duela gutxi ikusi zuen argia Mentiras, mentiras, mentiras-ek, Lengua de Trapo argitaletxearen eskutik. Zalduaren ondorengo lanetan hain ezaguna egin den estiloaren lehen erakusgarria izan zen eta orain erdal irakurleen esku ere egongo da itzulpen honi esker.

Gogoratu, 19.30ak, Casa del Libron, Bilbo, Iban Zaldua, Mentiras, mentiras, mentiras.

domingo, 23 de abril de 2006

Pearl Jam Azkena Rock Festivalen ariko da

Seattleko talde ezagunak Europan egingo dituen kontzertuen datak argitaratu ditu eta Euskal Herrian ere egingo dute osteratxo bat Eddie Vedder eta lagunek. Irailaren 2an izango da, Gasteizko Azkena Rock Festival jaialdian. Oraingoz 2006ko ARFen konfirmatuta dagoen talde bakarra da. Bestalde jaialdiaren aurkezpeneko kontzertuetan The Cult ariko da, ekainaren 4 eta 5ean Madril eta Bartzelonan.
Piskanaka bagoaz udako jaialdien kartelak konfirmatzen, nahiz eta baten batek sekretutxoak gordetzea nahiago duen oraindik (esango diguzu bai!).

Info +: www.azkenarockfestival.com

jueves, 20 de abril de 2006

Aste Santua


Aste Santua. Kutsu erlijioso handia duen astea batzuentzat, hondartza edota mendi egunak beste batzuentzat, lagunekin TOPA eta desfasatzeko egunak besteontzat eta telebista kateentzat urte osoan zehar pilatutako zaborra emititzeko garaia. Gaurkoan, ETBko Aste Santuari erreparatu nahi diot. Froga garbiak ditut, ETB, baina batez ere ETB1, ikusleak nahita galtzeko programazioa prestatu zuela ziurtatzeko. SEGI irakurtzen.


Haurrak, gazteak eta unibertsitarioak gara Aste Santuan opor gehien ditugunak. Horregatik ETB1 gugan pentsatzen du eta egunero 11 orduz marrazki bizidunak eta haurrentzako saioak botatzen dituzte, guztion gozagarrirako. Horrela programazioaren eskema hauxe litzateke: marrazki bizidunak 11 ordu, errepikamenak 8 ordu, informatiboak eta saioak 2 ordu eta prime timeko programazioa 3 ordu.


 


Goizeko zortzietatik eguerdiko ordu bietara, arratsaldeko 3etatik 5,30etara, 6etatik 8etara eta 9etatik, 9,30etara marrazki bizidunak: Tik-Tak Circus (mila aldiz errepikatu duten zirku ikuskizun saio aspergarri eta gorrotagarria), Adi Espazioan, Vitaminix, Doraremon Katu Kosmikoa (90eko hamarkadatik egunero botatzen duten marrazki bizidun telesaila), Jim Zizare, Maskara, Lasterketa Zoroak, Xiaolin erronka, Nonochan, Doremiren magia, Martin Mistery, Berebiziko espioiak, Popeye, Yogiren taldea, Mite Kuttuna (haurrentzako telenobela!!!!), Kochikame, Pokemon, Pipi Kaltzaluze, Vicky Vikingoa, Yo Yogi, marrazki bizidun filmeak eta haurrentzako “aproposak” omen diren dokumental telesailak. Benetan penagarria da euskaraz dugun telebista kate bakarrak marrazki bizidun kate tematikoan bihurtzea, adin desberdineko jendearentzat pentsatutako programazioa egin beharrean.


 


Prime timeko saioak ere ez dira VIA CRUCIS honetatik libratzen. Astelehenetan, Goenkaleko atal luzearen ostean, Ero eta Bero botatzen jarraitzen dute. Porro batzuk erre eta gero, lokalean hamar minutuz ikusteko eta koadrilan barre batzuk botatzeko ondo dago, baina telebista kontsumo goreneko orduan saio hori jartzea ez da kasualitatea, euskarazko katea inporta ez zaiela erakusten du.


 


Ostegun “santuan”, “Erromatar inperioaren hondamena” pelikula bota zuten gaueko hamarretatik ordu batetara. Filme zaharra eta gaizki bikoiztua, oso astuna ikusteko. Jakin nahiko nuke zenbatek ikusi zuten osorik. Igandean ere auto-GURUTZATZEKO moduko pelikula bota zuten, “Beethoven 2”. Baina erromatarren aurretik Trikiti Jaialdia Jose Mari Iriondoren omenez. Noren omenez egiten duten ez zaigu interesatzen, kontua da, oporraldi guztietan Trikiti saioren bat bota behar dutela. Berriro ere trikiti eta pandero joleen PROZESIOA, hamaikagarrena. Pentsatzekoa da, ETBko estatutuetan horrelako saioak botatzea derrigorrezkoa dela jarriko duela, bestela…


 


Udaran eta Gabonetan bezala, ezetz asmatu zein den Aste Santu honetan bota duten beste klasikoa? Bai!!!!! Pastorala. Kasu honetan Bereterretx Pastorala. Hortxe ibili dira pastoralaren aktoreak TIPI TAPA beraien makilekin. Ordu bat, bi, hiru, lau, bost, sei... Ez du inporta zenbat ordu egon diren, hori baita ETB1ek ikusentzuleoi jartzen digun PENITENTZIA.


 


Urteko asterik erlojioso honetan, ezin falta, euskaldun fededunek gehien espero dituzten emankizunak: Ostegun Santuko eta Ostiral Santuko elizkizunak, Pazko igandeko meza eta Urbi et Orbi bedeinkapena zuzen-zunean Erromatik, Euskal Herrirako Garaia eta Egi Bidean erlijio saioak… Baina ez pentsa eliz emankizun oparo hauekin konformatu zirenik: “Aste Santua Euskal Herrian” dokumentala bi aldiz jarri zuten egun berean (dokumental berbera goizeko zazpietan eta gaueko ordu batetan bota zuten), Dokugune saioko “Monasterioa” eta “Eliza krisian” kapituluak errepikatu zituzten, baita Euskal Herritik telesaileko “Heriotza erritoak” eta “Pazko loratua” kapituluak ere.


 


Ezin falta, noski, musika saio errepikatuak edota errefritoak. Besteak beste, Niko Etxarti buruzko saioa berezia, Akelarreren azken kontzertua (hau ETB2n izan zen), Montrealgo jazzaldia, Gazte Sariak emanaldiaren errepikamena, Mikel Urdangarinen “Dana” diskoaren aurkezpena (Etb1en sei aldiz aurkeztu digute jada diskoa) eta Euskal Kanturik Onenan ikusi genituen aktuaziorik onenen errepasoa (aktuazio onak Euskal Kanturik Onena saioan??).


 


Gero esaten dute telebista modernoa eta INDEPENDENTEA egiten dutela. Has zaitezte telebista egiten eta gero ikusiko dugu modernoa den edo ez. TELEBISTA DUIN BATEN ALDEKO PLATAFORMA behar dugu.


 


AMEN

Leihatilatik begira

Leihatilatik begira, honela pasa zuen kontzertu guztia Red Hot Chili Peppers taldearen zuzeneko aurkezpena ikustera joandako publikoaren erdiak. Argazki kamera zein mugikorren leihatiletatik begira. Penagarria. Besteok aldiz, emanaldi bikainaz gozatzeko aukera izan genuen, dantzak, saltoak, abesti berriak, zaharrak...Californiako taldearen konztertuetan izan ohi den moduan.
Sentsazio ezberdinak batu zituen kontzertua izan zen astearte gauekoa. Handia zen, ikusgarria, Red Hot Chili Peppers taldearen tamaina bezain handia, bainan estutasunik gabe sartu ginen eta bigarren ilaran jartzeko aukera izan genuen, gure inguruan izaten ditugun ohiko kontzertuen moduan. Beroa izan zen Bilboko emanaldia, jende artean taldea ikusteko gogo handiak zeudelako, bainan hotza aldi berean arestian aipaturiko paparazzi bokazio zabalduegiagatik.

Stadium Arcadium diska berriaren kantak eta abesti ezagunak (Californication eta By the way diskokoak gehien bat) tartekatu zituzten kontzertu guztian zehar. Zuzeneko entzunaldiari so eginez gero, lan berria funky-agoa ematen du, aurreko lanekin alderatuz gero, nolabait "blod sugar sex magic" arrakastatsuaren ildotik doala ematen du, bainan John Frusciante inspiratu eta musikagile bikain baten presentzia nabariarekin. Diska berrian Fruscianteren gitarrek eta Flea-ren baxuak kantuen oinarri eta protagonista izanen dira,
Anthony Kiedis abeslariaren gainetik. Single argi eta handiak izanen diren zenbait kantu antzeman genituen, estribillo oso oso itsaskorrekin,...aurki gure radioformuletan.

Flea-ren solo batekin hasi zen gaua (gehien bat Frusciantek gitarraren pedalarekin zituen arazoak konpontzen ari zirelako) eta horrek jada erotu gintuen. Can´t stop abesti ezagunarekin talde guztia batu zitzaion eta hortik aurrera kantuak bata bestearen atzetik etorri ziren, 13 totalean eta gero bis-ak. Ez nuen espero, dohainik zen emanaldi batean horrenbeste kanta entzutea. Halere agian horregatik, edo biraren hasieran besterik ez gaudelako, taldea ez zen ohi bezain fin aritu. Fruscianteren punteoek normalean duden indarra eta amorrua ez zuten izan, nahiz eta gogo handia eta bere rotura tipikoa erakutsi zigun. Kontzertuak aurrera egin ahala, indar gehio hartzen joan zen eta bukaerako Give It Away-en izan zen seguruenik soinu eta energia potenteena helaraztea lortu zuten unea. Pena bat hain goiz bukatzea.

Bukaeran, izerditan egindako dantza eta saltoengatik balorazioak: zuen belaunaldia pena bat da komentatzen digu La Jungla Sonora irratsaioko lagunak, danak mugikor eta kamerekin. Amen. Guk behintzat, kontzertua animatzeko gure saiakera egin dugu, bainan jendea ez zegoen horretarako, ez dakit, agian argazki lehiaketa bat zegoen kontzertuan eta ez nintzen enteratu, kaguenla...Fruscinate jainkoa da esaten dit Algortako lagunak, berriz ere Amen. Arestian esan bezala, ez zen fin ibili, bainan hala ere izugarria da taula gainean helarazten duena. Askarrakasko esaten du Chad Smith bateriak, eta beti bezala euskaltzale guztien barruko arropak busti egin ziren. Nolakoak garen...




miércoles, 19 de abril de 2006

207. logela

49 urterekin ezagutu dut Esti, Bartzelonan eginiko seminario batean. Azken aurreko egunean ezagutu dugu elkar, begirada gurutzaketak aurreko bi egunetatik izan arren. Seminariotik irtetean elkar begiratu eta hitz egiten hasi gara. Berarekin hitz egitea bizkotxo bat jatea lakoa da eta beno, hor amai ez dadin nire gelara gonbidatu dut. Gau zoragarria izan da. Altxatu, elkarrekin gosaldu eta Esti Toledora abiatu da, bere senarrarengana eta ni Donostiara, nire emaztearengana, Leirerengana. Asko maite dut Leire, munduan gehien maite dudana da Leire. Bi hilabete igaro dira Estiri deitzera ausartu naizen arte, baina ezin izan dut besterik egin. Zita bat jarri dugu. Nik hegazkineko billetea bidali diot eta hotel eta logela berdinean geratu gara. Eguna heldu denerako koartada prestatuta izan dut. Leireri seminario batera joan behar dudala esan diot. Maletak egin, musu luze bat eman, ohikoa-baino-luzeagoa eta Sondikara abiatu naiz hegazkina hartzera. Abioira igotzeko lehen abisua eman dute. Nik jarrita jarraitzen dut itxaroteko gela handi honetan, geldi, izoztuta. Bigarren abisua eman dute. Hirugarren abisua eman dute. Nik jarrita jarraitzen dut. Azkenean nire izena esan dute megafonotik, mesedez enbarkatzeko atean ager nadin. Nik jarrita jarraitzen dut, isilik, aurrera begira.
Hegazkinak pista osoa igaro eta aireratzen ikusi dudanean maleta hartu eta etxera abiatu naiz, egunero bezala Leirerekin afaltzera.

martes, 11 de abril de 2006

Artedrama Euskal Laborategia Aulestian apirilaren 17tik 23ra

Antzerkiola Imaginarioaren web gunean irakurri ahal izan dugunez Artedrama Euskal Laborategia antolatu dute apirilaren 17tik 23ra Aulestian. Topaketa hauen helburua aipatutako web gunearen arabera "dramaren hizkuntza unibertsalaren barnean aurki daitezkeen euskal forma eta edukinen inguruan" gogoeta egitea da.
Mintegian irakasle lanetan ariko direnen artean izen ezagunak: Maite Agirre, Antton Luku, Aitor Agiriano edo Ander Lipus besteak beste. Denek ere galdera berari erantzuna emateko bideak sortu nahi dituzte: dramaren hizkuntza unibertsalari euskal antzerkigintzak eman diezaiokeen begirada partikularrak zein ezaugarri izan behar dituen.

Parte hartu nahi dutenentzat, ikastaroen prezioa 350 eurokoa da eta prezio horren barruan ikastaroaz gain egun guztietako otorduak eta lo egiteko tokia ere  sartzen dira.

Info+: www.antzerkiola.com

miércoles, 5 de abril de 2006

Zirku Mundiala

Pasa den astelehenean telebista kate berri bat jaio zen Bartzelona inguruan: La Sexta. Eguerdiko ordubatak emateko minutu gutxi falta zirenean, Digital+eko 86. katea jarri eta hasi nintzen ikusten. Susto galanta hartu nuen hasiera-hasieratik, izan ere ikusi nituen lehendabiziko aurkezleak Emilio Aragon pailazoa (ez da iraina, bere aita eta osaben lanbideari keinu maitagarria baizik) eta Florentino Fernandez pailazoa (hau bai, hau iraina da) izan ziren. Eskenatoki baten gainean agertu ziren eta uda honetan Alemanian jokatuko den futbol mundiala La Sextak botako zuela iragarri zuten, eta hori esan eta gero kanibalen moduan hasi ziren dantzan Mundial "osoa" emango zutela esatean sortu zitzaien poztasun faltsuaren ondorioz. Faltsua poztasuna eta baita iragarpena ere.
La Sextak "interes orokorreko" partiduak emango ditu, hau da, inaugurazio ekitaldiaren osteko partidua, finala eta Espainiaren partidu guztiak, hau da, lau bat partidu soilik. Gainontzekoak Canal +ek emango ditu. Horrek zer esan nahi du? Polancoren estrategiak berriro ere gailendu direla. Mundiala osorik eskainiko duen katea Digital + telebista plataforma izango da. Zergatik? La Sexta eta Canal + kateak Digital +en ikusi daitezkeelako. Pinochori luzatzen zitzaion bezala, Emilio Aragoni sudurra gorritu zitzaion (pailazo on guztiei bezala) egindako iragarpen horrekin. Hurrengo egunean, ikusentzuleen elkarte bat kexatu zen, kate berria ez delako Espainia, Katalunia, Galiza eta Euskal Herria osoan ikusiko Mundiala hasten denerako. Soilik herrialde hauen %70ean ikusiko delako, beraz, beste %30ak "interes orokorreko" partidu horiek ikusi gabe geratuko dira. Eta hori legez ezinezkoa da. Beraz, gainontzeko lurralde horietan Cuatrok edo TVE2k eskaini beharko dituzte partiduak. La Sexta jaio eta bi egun geroago, TVE ere kexatu egin zen. Telefonicak (Mundialeko eskubideak zituen enpresa eta Digital +ekin akordio eta harreman oso ona duena) ez omen zuen TVEren eskaintza ekonomikoa kontutan hartu. Piruliaren telebistak, La Sextak egindako eskaintza ekonomiko berbera egin omen zuen, baina Polancoren estrategiak funtzionatu zuen: Mundiala La Sextak erosi 100 milioi pezeta ordainduta eta Digital + plataformak 50 milioirengatik osorik emango du. Espainiar estatuko telebista publikoari berriro ere tontoaren aurpegia geratu zaio.

Baina kate berriaren programazioaz ari nintzen. Lehen saioa Eva Argiñanok aurkeztu zuen. ETBko iragarki zentsuratu batean esaten zuten moduan zozo-zozoa da neskato hau. Baina Karlos Argiñanoren telebista produktorak  kateko akzioak dituenez, arrebak kate berrian ordu bateko saioa du egunero. Gora Entxufismo askatua!! Kate honen pisuzko bi aurkezleak Florentino Fernandez eta Miki Nadal izango direla ere garbi geratu zen lehen egunean. Florentinok lehenengo agurra eman zigun, Emilio Aragon pailazo eta piano joleak aurkezten duen saioan gonbidatu moduan aritu zen eta bukatzeko bidaia saio bat aurkeztu zuen. Gainera ostiraletan El Club de Flo izeneko saio bat aurkezten hasi da. Pertsona ezagunei monologoak egiten irakasten die Flok. Eta pertsona famatuen artean... Alfredo Urdaci!! Ole, ole eta ole. Pirritx, Porrotx, Mirri, Txiribiton eta gainontzeko pailazoak erne egon, konpetentzia atera zaizue: Aragon, Florentino eta Urdaci. Miki Nadalek bidai saioa aurkezten du pailazo lodikote eta betaurrekodunarekin, baina gainera egunero lehiaketa bat ere aurkezten du. Pena ematen du gainera. Ezetz asmatu zer nolakoak ziren galderak sasi lehiaketa horretan... kaka asmatu duzue: "a quien pican mas las abejas a los rubios o a los morenos" eta era horretako memelokeriak.

Oraindik ere saio asko ditut ikusi gabe, eta aste batzuk igaro beharko dira benetako programazioa ikusteko eta balorazio serioago bat egiteko, baina nik jada kateko saiorik onena hautatu dut. Larunbatetan, gaueko ordubatean botatzen dutena: Manga erotikoa. Zur eta lur geratu nintzen zapinga egiten nengoela, La Sexta jarri eta marrazki bizidunak txortan ikusi nituenean. Bero-bero jarri beharrean barrez hasi nintzen hori ikustean. Nire alboan zegoen 7 urteko lehengusua era barrez hasi zen, zergatik ote? La Sexta baino, nahiago dut Cirque du Soleil ikustea.

lunes, 3 de abril de 2006

Eremu Lautarrak Iban Zalduari buruz gezurretan

—Aupa Beñat! Aspaldiko.
—Koño! Aupa
—Zer moduz gauzak?
—Bah... hainbestean...
—Triste ikusten zaitut...
—Tira...
—Zer duzu ba?
—Ez, ezer ez...
—Zer, dagoeneko zuri ere jendeak ez dizu kasurik egiten Atxagaren kontuarekin ezta? Niri ere ez...
—Orain modan dagoena su-etenarena da eta... Nik uste gure 15 minutuko fama bukatu dela. Beste zerbait bilatu beharko dugu.
—Bai, beharko... Badakizu kolaboratzaileak dirua eskatzen hasi zaizkidala?
—Bai zera!
—Artikuluko 100 euro aizu! Eta beraiek adostuta gainera. Sindikatu bat ere sortu nahi omen dute, izorrai...
—...
—Eta ulertuko duzunez kolaboratzaileak behar ditugu. Haien kontura bizi gara eta!
—Aizu, oraintxe ideia bat eduki dut
—Kolaboratzailerik gabe funtzionatzeko?
—Ez ba! Dirua lortzeko.
—Kontatu
—Begira: badago idazle bat, Iban Zaldua, ez dakit ezagutuko duzun...
—Zer hasiberriei dirua kendu nahiean?
—Et, et, et, tipo hau ez da hasiberri bat, azkenaldian famatzen hasia ere bada.
—A bai e? Eta zergatik?
—Funtsean, euskal literaturako boutade-teorizatzaile nagusia izateaz gain -poeten kontra, belaunaldi gazte-arrakastatsuaren kontra, Sari Nazionala irabazitako idazlearen kritikari zorrotz etab.-, bere lanen abantaila nagusia motzak direna da. Ipuin motzak idazten ditu batez ere, mikroerrelatoak deitzen dizkiete eta ez dakigu oso ongi zergatik, baina bere ipuinen gainean hitz egiten den bakoitzean beti azaltzen da Borgesen aipamenen bat alde batetik edo bestetik (ez dugu makurki pentsatu nahi halere, ez gara hain zitalak). Eta jakina, Borges Borges da, batez ere Euskal Herrian. Orain, kontua da tipoak bere liburu baten gaztelaniazko itzulpena atera behar duela.
—Mmm, segi kontatzen...
—Xabier Olarrarekin egin zenituen planak ikusi nituen, eta antzeko zerbait egitea ez legoke gaizki. Guk Zalduari bonboa, txindata eta orkestra guztia ematen diogu, eta berak trukean kanon bat ordaintzen digu
—Baina zuk uste onartuko duela? Idazleak ia zubipean bizi dira hemen eta gainetik diru eske joatea... Ez dakit ba...
—Hor dago koska. Tipo honek idazlea izateaz gain lan duin bat dauka: unibertsitateko irakaslea da
—Ba hauek ere azken aldian hor dabiltza diru eske, gutxi kobratzen dutelakoan!
—Baina Ekonomiaren Historia erakusten du!
—Ah, bale. Akaso, horregatik...
—Zer iruditzen orduan?
—Beste arazo bat ere badago...
—Zer duzu orain?
—Gaztelaniaz izate hori... Niri berdin zait, baina azken aldian funda mentala jantzita daramaten irakurle gehiegi ikusten dut
—Baina jatorrizko liburua euskaraz idatzia dago, eta gainera, erdal publikoa ere euskarara hurbiltzen du... Eta zer arraio, esango didazu: Cortázar, Vila-Matas, Bolaño... Horiek denak baztertu behar ditugu gaztelaniaz idazten zutelako?
—Ezetz ba. Baina ez pentsa kritikarik jaso gabe geratuko garenik... Hala ere, pentsatzen jarrita, su-eten garaian gaude, abertzale erradikalak eta konstituzionalista baskistak elkarri airera muxutxoak ematen dabiltzalarik (badakizue, esku ahurrera muin egin, eskua zabaldu eta putz egin, beti ere distantzia prudentzial batera, zer gerta ere), nor ausartuko da guri ezer leporatzen?
—Behintzat jendearen ahotan izango gara. Garrantzitsuena ez da gutaz ongi ala gaizki hitz egitea, gure izenak ahoz aho ibiltzea baizik...
—Arrazoi duzu. Eta nola izena du liburu berri horrek ba?
Mentiras, mentiras, mentiras. Euskaraz Gezurrak, gezurrak, gezurrak izena duena.
—Behintzat izenburua bere horretan utzi dute, detaile bat. Jo, baina ipuingintza... Ez al da pixka bat bigarren mailako generoa?
—Aizu, esan dizut lehen ere motzak direla ipuinok, eta gainera nekez topatuko duzu bertan inolako zailtasun gramatikal edo lexikalik. Hau da gure pagotsa!
—Kritikarik edo badugu eskura?
—Ba oraintxe nator Koldo Mitxelenako hemerotekatik.
—Eta?
—Hau atera dut...
—Mmmm... Felipe Juaristi... "gaztea arren edo horrexegatik beharbada, ofiziodun idazlea dugu". Jo tipo hau beti gaztetasuna gora eta behera. Baina nahiko ondo jartzen du ezta?
—Esan dizut ba, tipoa famatzen hasia dela. Zerbaitengatik izango da.
—Ez baina benetan, liburua erosteko gogoa sartu zait.
—Bai zera! Orain esango didazu irakurri egingo duzula kritika egin aurretik.
—Ba agian bai aizu...
—Nik ere apalean daukat aspaldi honetan. Badakizu, Durangoko Azokatik liburu bat erosi gabe ez itzultzeagatik erdi-konpromisoz erosten diren horiek.
—Hala ere ezer egiten hasi aurretik kanonarena konpondu beharko genuke.
—Ez dut uste horretan arazo handiegirik izango dugunik. Imaginatu, tipoak Epeleko Etxeberrin eta Obabako Alaska Hotelean egiten zituen familiako bazkariak.
—Bueno, Epeleko orain itxita dago, baina Fagollagan bazkaritxo bat ere... Gosea sartzen hasi zait...
—Bai bazkalordua ere badugu eta gu hemen tertulian.
—Zer, Arzakera joango gara?
—Berriro?
—...
—Bueeeno, baina oraingoan nik ordainduko dut eh!
—Ezta pentsatu ere! Hau kolaboratzaileen diru kutxatik. Zer uste dute horiek?

Oharra: Hemen esandako gauzaren bat GEZURRA bada, ez gara gu izan, Iban Zalduaren errua da. Argibide gehiago Gezurrak, gezurrak, gezurrak liburuan. Mentiras, mentiras, mentiras liburuan, alegia.

Sexty Sexers, Rock??™n??™Roll-a bizimodu bezala.

Talde nafarreko Joseba “Electric child” Baleztenarekin hizketan izan ginen, beren “Iluntze berri baten bila” lan berria aitzakiatzat harturik. Ideiak argi ditu zuzeneko bortitzdun boskoteak…


[EremuLauak] Gazteak zarete, baina jadanik demo eta disko bat duzue kaleratua, izenez aldatu duzue…

[Joseba Baleztena] Bai, dena hagitz azkar pasa da. Bueno, egia esan azkar pasa zaigu, baina gibelera begira jarriz gero, lau urte daramatzagu proiektuarekin!

[EL] Gazte hastearen ondorio, orduan, bide guzti hau ibilia izatea?

[JB] Bai, hori da. Lehen aldiz instituto garaian elkartu ginen eta hortik aintzinerakoa prozesu natural baten ondorio izan da; hasieran denborapasa gisan jo, bertsioak egiten hasi, kanta propioak konposatu, zuzeneko batzuk eman eta maketa grabatzera sartu arte.

[EL] Maketa Maikel-ekin grabatu zenuten Beran bertan, 2004ko neguan. Nola ikusten duzue orain begiratuta grabazio hura?

[JB] Ba kanta bat aditu nuen orain dela guti ostatu batean eta ezusteko ona hartu nuen, oraindik indartsu eta fresko sonatzen baitu.  Momentu hartan ginena erakusten du maketak. Ez da sobera heldua, baina gustora gaude lortutakoarekin.

[EL] Kontzertu asko eman dituzue, ia gelditu gabe. Zuzeneko taldetzat ikusten al duzue zuen burua?

[JB] Dudarik gabe. Diska aitzakia bezala ikusten dugu kontzertu gehiago eman ahal izateko. Maketak bezala, garai honetan garena erakusten du diskoak, heterogeneoa dela uste dut.

[EL] hainbeste kontzerturen artean Misfits eta Gloucifer bezalako taldeekin jotzea azpimarratuko nuke. Nolakoa izan zen esperientzia?

[JB] Ba amets bat betetzea izan zen guretzako. Taldea sortu baino lehen zale ginen eta gero eskenatokia talde horiekin partekatzea izugarria da. Misfits-ekin kontzertu ona atera zitzaigun. Gloucifer-ekin berdin, baina nik pertsonalki ez nuen aunitz disfrutatu, presioa agian… 900 pertsona ziren gure aurrean eta… esperientzia izugarria izan zen.
Dena den, ez nituzke bi kontzertu horiek bakarrik azpimarratuko, Potemkin, Dirties, Sufin Kaos etab.-ekin jotzeko aukera izan dugu eta hori ere izugarria izan dan.

[EL] Diskoa orain dela hilabete bat kaleratu zenuten, baina badu bere denbora, ezta?

[JB] Bai. 2005eko abuztuan burutu genuen grabaketa. Kanta batzuk garai horretakoak dira, baina beste batzuk maketa eta berehalakoak. Diskoa kanta bilduma bat bezala ikusten dugu, ez dugu disko-kontzeptu batekin grabatzen, kantak egiten baititugu, ez diskoak. Musika aunitz aditzen dugu ere… eta kanta egiteko momentuan aditzen dugunaren arabera izaera desberdineko abestiak ateratzen zaizkigu. Ideia berriak ditugu jadanik, baina hurrengo diskorako gehiago landu nahiko genuke disko-kontzeptua, hasieratik bukaerara.

[EL] Musikazale amorratuak zarete, ezta?

[JB] Bai, dena antolatzen dugu musikaren inguruan. Asteburuetan  entsaiatu, kontzertuak jo edo ikusi egiten ditugu, eta astean zehar musika entzun!

[EL] Beste musika talde batzuei erreferentzia argiak aurkitzen ditugu hitzetan. Hala nola, Bon Scott-ekin hitzegindakoak aipatzen dituzue, Johnny Cash-en bila ibiltzen zarete…

[JB] Bai, ez dugu bat ere lotsarik gure influentziak adierazteko orduan.

[EL] Influentzia musikal zuzenak ere nabari dira diskoan zehar…

[JB] Bai, kanta batzuek badute Scandinavia-ko “high energy” eszenaren ikuturik, bertze batzuek 80. hamarkadako hard rockaren bidetik doaz. 70. hamarkada ere agitz gustoko dugu eta bertatik ere edaten dugu.

[EL] “Hiltzen naizenean” kanta berezia egin zait beste kantuekin alderatuz…

[JB] Pila bat kostatu zitzaidan kantaren eskema eta ideia denei buran sartzea. Bi zati dituela esan daiteke; Lehenengo zatian abesti konbentzional bat da baina bigarren zatian psikodeliarekin jolastu nahi genuen, bukaera errepikakor batez, “bidaia” bat. Diska bukatzeko “amaiera gabeko kanta bat” nahi genuen.

[EL] “Heart full of soul” bertsioa da, ezta?

[JB] bai, betidanik gustatu izan zaizkigu bertsioak, eta gure gusto horren adierazgarri diskoan hau sartzea erabaki genuen. Gouldman-ena da kantua berez, baina guk The Yardbirds-en moldaketarekin ezagutu genuen. Bertsio nahiko pertsonala atera zaigula uste dugu, kanta gure terrenora ekarriz.

[EL] Bukatzeko, bideoklip bat ere grabatu duzue. Nolatan?

[JB] Bideoklipak ikustea gustoko dugu, onak direnean, eta gure lagun Joxevisky-k (Arkatzbakar Studio)  grabatzeko aukera eman zigun. Berak, gainera, gure musika ezagutzen du taldeko beste edozeinek bezain bertze. Gidoi bat egin zuen, eta berak grabatu eta ekoiztu du. Txukun geratu da.