martes, 30 de mayo de 2006

Bingen Ametzagaren poemak eta poesia itzulpenak

Bingen Ametzaga Algortarraren lanen bilduma bat kaleratu berri du Susa argitaletxeak. Itsaso aurrean izena jarri diote liburuari eta edizioa Xabier Irujoren (Bingen Ametzagaren biloba) esku egon da.

1901an jaio eta 1969an zendu zen Ametzaga bere bizitza erdia erbestean igaro ondoren. Hain zuzen, exilioa eta bere inguruan sortzen diren auzien inguruan mintzatu da Koldo Izagirre,  liburuaren hitzaurregilea, gaurko aurkezpenean. Hizkuntza minorizatuetako erbesteratuentzako erbestea arazo identitario bihurtzen ohi dela azpimarratu du Izagirrek, baina 36ko gerraondoko euskal exilioa horretan salbuespen dela adierazi du. Nekez aurki daiteke exilioaren zantzurik Ametzagaren poemetan. Bestetik, Ametzagak euskararen hizkera astuna gainditu nahi duela seinalatu du Izagirrek, literaturara (unibertsalera) hurbilduko duen poetika berri bat eraiki, ez soilik euskal literaturarako baliagarri zatekeena.


 


Besteak beste, horrexegatik aritu zen Ametzaga literaturako klasiko handienen (nagusiki ingeles klasikoen) lanak euskararazten (Shakespeare, Whitman, Chaucer, Milton, Wilde etab.), eta Izagirre beraren aburuz, itzulpengintzan eginiko lan hau da, hain justu, Ametzagaren ekarpen interesgarriena. Hitz bitan, Ametzaga idazle “zeharraldatua” baita; “ez naiz hau, hura izan nahiko nuke, hura naiz nire egiten dudanean.” Izagirreren hitzetan.


 


Xabier Irujok, bere aldetik, Ametzagaren zenbait datu bibliografiko eman ondotik, Itsaso aurrean liburua zergatik izan daitekeen interesgarri azaldu du. Bada, Azkue, Orixe, Zaitegi eta Ametzaga euskara batuaren hazia ereindakoak izan zirelarik, euskara batu horren oinarri gipuzkera izan behar zuela defendatu zuten. Horrela, gipuzkera osotu horren adibide izango lirateke Ametzagaren testuak. Gainera, Orixek ez bezala, Ametzagak euskararentzako semantika kultu bat nahi zuen, eta hau dela eta itzuli zituen autore ingeles barrokoak edo prosa poetikozko lan aberatsak (esate baterako Juan Ramón Jiménezen Platero eta biok). Gipuzkera osotu horretatik euskara baturako igarobidearen eredu behinena izan daiteke, beraz, liburu hau.


 


Badira, halaber, oraindik argitaratu ez diren Ametzagaren makina bat itzulpen, baita galdutakoak ere. Horien artean, Shakespearen lau antzezlanen  (Hamlet, Uda gau bateko ametsa, Juli Kaisar eta Macbeth) itzulpenak argitaratzea espero du Irujok urte honetan bertan. Bestetik, Danteren Infernua-ren itzulpenetik zati bat baino ez da iritsi gugana, eta zenbait autore alemanen testuak itzuli zituela uste da orobat.


 


Azkenik, Ametzagaren bi alaba aurkezpenera bertaratu direla aprobetxatuz, horietako batek liburu honetan “Ametzagaren arimaren hoberena” aurkitu daitekeela adierazi du, baita bere idazkeraren ulerterraztasuna azpimarratu ere.

Aste Kulturala Burlatako Axular elkartean

Urtero moduan, Burlatako Axular Kultur Elkarteak, aste kultural zabal eta anitza antolatu egin du. Kontzertuak, hitzaldiak, argazki erakusketak, bideo emankizunak...Iruñerriko elkarte kultural aktiboenetarikoaren eskutik.
Elkartearen aste kulturala atzo hasi egin zen, "Gure ohiturak" argazkilaritza lehiaketaren erakusketaren eta "Artearen bidez dispertsioaren kontra" Etxerat erakundearen erakusketaren zabaltzearekin. Arratsalde partean Izeia taldeak musika doinuekin lehen jardunaldia alaitu egin zuen.

Ekitaldi eta emanaldiak aste osoan zehar luzatuko dira, astebururako jarduera nagusiak utzi direlarik, publiko gehien erakarriko baitute. Herri bazkaria, Mus lehiaketak, tailerrak eta baita kontzertu interesgarriak ere, ostiral arratsaldean Javier Muguruza, Anjel Unzu eta Mireia Otzerinjauregi izanen baitira taula gainean.

Mahai inguru eta hitzaldiek protagonismo handia izanen dute, gai ezberdinak jorratuz. Gaur bertan, Josune Bereziartu eskalatzailea izanen da bertan. Bihar berriz, Musika eta Globalizazioa hari moduan harturik, Fermin Muguruzarekin solasteko aukera izanen da. Ostegunean, Kike Amunarriz, Asisko Urmeneta eta Anton Olariaga izanen dira mintzalagun, "Laster Master: inkomunikazio ikastaro azkarra" izenburua daraman mahai inguruarekin.

Izen emateko eta informazio guztia eskuratzeko: Axular Elkartea

Bilbo, ixteko ordua

Medikuarenean errutina hutsezko analisi bat egitera joan eta auskultazioa egiterakoan hasi zen dena. Entzun, harritu eta elektro bat egingo dizut esan zuen bata zuri, buru soil distiratsu hark. Ezin da izan gero. Honen arabera bihotza geldirik daukazu. Grabea ote zen jakin nahi izan nuen eta oso esan zuen metro eta berrogeita hamar, zigarro erretzen. Zer kontseilatu behar zidan ere ez zeukan oso argi eztakitpa, agian egun batzuk mendi aldean...
Ekaina gainean genuen arren kalera atera eta euria hasi zuen zaparradaka. Albiako lorategi inguruetako luxuzko autoen kristalek kris krask egin zuten zerutik erortzen ziren botila berdeen erruz. Periodikoa aterki bihurtu nuen prestidigitazio ariketa sotil baten bidez eta Gran Via aldera jo, agian eguraldi horrekin gaztain batzuk edo behintzat CD piratak salduko zituztelakoan, bihotz goxagarri. Atso asaldatuek kontrako norabidean egiten zuten korrika -Highway to Jel- eta atzetik segika, lepotik haginka egin nahiean Corte Ingleseko saltzaile uniformatuek azken beherapenenak eskeintzen zizkieten. Aterkiak apurtuta, perlak galdu beharrean eta izerdi perfumatuzko arrastoa utziz atso gaixoek, Visa juxtu gaur ahaztea ere! madarikatu zuten.

Tren estazioaren inguruetara iristean jendea agur, agur esaten hasi zitzaidan. Ez nuen oso ondo ulertu eta ohitura izango dute esan nion nire buruari. Azken finean zertarako daude tren estazioak agur esateko ez bada? Artean zorabiaturik nengoen, klima aldaketaren eta buruan lehertu zitzaizkidan kristalen kontuak, beraz kaleek nire orkatiletan sortu zuten korapiloa askatu nuenerako zubiaren bestaldean nengoen esfera huts bati begira. Hutsunea. Isiltasuna. Hau une traszententala duk bizitzan. Ez ezak ezer esan.

Baina une traszendentalak ihes egin zuen semaforoa berde jarri zitzaiola ikusirik eta nik ibaiean gora jarraitu nuen, milioi bat pertsonaren hondakin organikoen artean bi gazte ustez osasuntsuk -ganbaraz ari naiz- piraguismoa irrifartsu nola egiten zuten ikusiz. Zubi zuri bat.  Sei urteko ume batek ur-pistola bat gerrian kokatu eta emaidak gainean daukaan guztia esan zidan eta ni poztu egin nintzen, azpitik neramana emateko eskatuta lotsa handia pasako bainuen. Batere beldurrik gabe eman nizkion jaka, kartera eta nire lau urterik onenak.

Gero, pisuz arinago eta apur bat harrituta, banku batean eseri nintzen hondoa jotako latorrizko itsasontzi bat parez-pare nuela. Han, zigarro bat erretzeko denboran, ilea zuritu, aurpegia zimurtu eta hankak ziztrindu zitzaizkidan. Ez nintzen dagoeneko lehengo bera. 

Ez nion, horraatik, ibaiertzean luzatzen zen estratari ezetz esan. Jarraitu beharreko untxi zuririk ez nuenez zuri gorriz jantzitako prozesio bati lotu nintzaion Deustuko zubian barrena, bide batez denda itxi berri zuen negoziogizon txiki eta adardunari suizidioa baino alternatiba atsegingarriagoak bazeudela erakusten saiatzen nintzen bitartean. Ez zidan kasu egin nahi izan, eta bereak handienak zituela erakusteko inoiz ikusi dudan irribarrerik handiena atera zuen zubitik harriz kargaturik salto egin aurretik. Ez zuen ba tipoak denbora askoz gozatu bere arrazoi puta horrekin.

Zahartu, ostu, eta arrazoirik gabe utzi ninduten beraz: arte ederren museoak zertarako balioko ote zidan galdetzen nion nire buruari txartela ordaintzen nuen bitartean -ohar mentala: galderak beti beranduegi etortzen zaizkizu burura- baina barrura sartu eta jaten ari nintzen izozkia eskuetan urtu ondoren paretean nola-hala txokolatezko arrastoak marraztu nituenean ulertu egin nuen. Nik artista bat neraman barruan. Hala erabaki zuten museoan zebiltzan besteek ere, eta laster hasi zen jendea eta jendea etortzen eta kamarak, flashak...

Horrela, puztuta eta inportantea sentitzen nintzelarik, Kasilda Anderearen parkea gurutzatzea erabaki nuen.

Berriro ere bakarrik nengoen ordea, famak ez zidan hamabost minutu iraun eta bere horretan ez zuen balio handirik. Piska bat soberan sentitzen nintzen gainera, piska bat kanpotar kanpotar horien guztien artean. Paseoan baino taberna batean hobeto agian. Han inor ez dago soberan. Ez aurkitzen ordea lasai egoteko moduko bakar bat ere, ibilian-ibilian ari ondoren parean tokatu zitzaidan zirku antzeko haren inguruetan. Denak leporaino. Prozesio zuri-gorriaren helmuga: Gurtu dezagun Mames Deuna esaten zuen seinale batek. Orduan ulertu nuen.

NI (pentsalari postura hartuta).- mmm...bai, ulertu dudala uste dut...
BESTEAK (harrituta).- aaaaaa...

Euria hasi zuen eta bestela ere buruko minez nenbilela kontuan hartuta nahiago izan nuen autobus estaziora joatea. Ez zen botila-euria izan ordea. Ke ba. Oraingoan hemen ohikoagoa den eztabaida-zirimiria hasi zen. Hor hasi ziren lehenbizi argudio gatzgabeak eta gero birao potoloak erortzen zerutik, aldameneko zirkuan epaileak penalti esan zuelako.

Estazioan, han bai, garagardo bat hartu nuen botila berdean. Bata bestearen atzetik esan nahi da, eta konturatu nintzenearako azken mozkorraren topikoa biziberritzen ari nintzen inork bereziki gogoko ez zuen tabernan. Zerbitzariari lau bider kontatu nion goizean medikuak esandakoa -nire arazo kardiologikoa eta hori guztia- hark ixteko ordua zela esan baino lehen.

Argibideak eskatu nizkionean ixteko ordua esan zuen berriro, azken garagardo hori bukatu eta mundura irten behar duzu. Ixteko ordua beraz, pentsatu nuen eta zerbitzariak ez duk zertan etxera joan, baina ezin duk hemen geratu argitu zidan, sinpatiko asko. Ea lagunen bat bilatzen duzun desiratu zidan bukatzeko, edalontziak lehortzen zituen bitartean.

Balantzaka atera eta lurrera hiru edo lau aldiz erori ondoren, autobus batera igo nintzen azkenik, ukabila altxata Ia guriak egin du abesten.

Ezer ez zen hain txarra modu batera begiratuta. Ilea ez neukan hain zuri, hankak ez zeuden hain maxkalduta eta mozkorrarena biharko egunerako atzean utzitako pasartea izango zen. Medikuari kasu egin eta mendi aldean egun batzuk pasatzea izango zen onena agian. Eta zerbitzariak ere arrazoia zuen. Zer demonio, ixteko ordua zen eta ni ez nintzen konturatu. Berak, ni bezalako jende asko ikusia baitzuen, bazekien erlojuari begiratu gabe Bilbo ixteko ordua noiz iristen zitzaion bakoitzari.

Eta Bilbok ordua iritsi denean bihotza gelditu egiten dizu, ez dizu bizitzen uzten harik eta urrutira, munduaren beste puntara alde egiten duzun arte. Ipurdian ostiko ematen dizu eta ospa, ospa, ospa esan. Orduan alde egin behar duzu, nik bezala, azken garagardoa alkondararen ezkerreko poltsikoan gordeta, erdi mozkorrik eta tristeziaz algaraka, koaderno txiki batean hiriari distira gutxiko epitafio bat idatzi bitartean.

Joan zaitezte hemendik edo zakurrak askatuko ditut adibidez. Aio.

domingo, 28 de mayo de 2006

On The Route Sexty Sex

     Sexty Sexers-eko mutilekin Bartzelonara joateko aukera izan nuen, artikulo hau idatzi, ahal zen guztian lagundu eta lagundu behar ez zenean beraiekin mozkortzeko. Baten batek almost famous filmea ikusi al du?
Goizeko hamarretan pasa zen Sexty-k Bartzelonara eramango zituen kotxeetako bat Iruñeatik, ni hartzera. Bideari ekin genion, Brant Bjork adituz, basamortuko musika, basamortuan zehar gidatzeko. Halako batean aurretik zihoan kotxetik dei bat jaso genuen:
      -Yeu! Martzillako peajean “pikoluk” kontrola in digute! Potroak ikutzen ta dena!kawen su puta madre! Ze nazka!
      Halako trantze batetik pasatzeko gogorik ez eta autopistatik aldendu eta nazionaletik abiatu ginen kilometro batzutan.
      Ordu biak aldera gelditu ginen bazkaltzeko, eta baita aurretik zihoan kotxearekin elkartu ere. 4€-tan kobratu ziguten bokata xixtrin bat jan eta bitartean “pikoluk”-ekin gertatutakoak kontatu zizkiguten, dirudienez guardia zibilak gozatzen omen zuen potro-arakatze lanetan!
      Nor topatuko Fraga-ko zerbitzugune hartan ta… Tapia ta Leturia! Haiek ere on the road egongo ziren! Hunkigarria halako mito batzuk halako leku batean topatzea! Horrenbestez aurrera jo genuen berriz, gelditzen zitzaizkigun kilometroak irensteko prest, gidari aldaketa egin eta aurrera!
      Bostetarako Bartzelonan ginen, eta gezurra badirudi ere 
batere arazorik gabe aurkitu genuen gauen Sexty-ek kontzertua eskeini beharko zuten sala(diruz ordainezina Strangelove-ek mapetarako duen habilezia…). Bueno, arazorik gabe gure kotxeak aurkitu zuen sala, beste kotxeari itxoiten ordu bete eman baikenuen zerbeza batzuen konpainian. Azkenerako agertu ziren haiek ere, bartzelonatik mila buelta eman eta gero. Gixajoak, lehenengo guardia zibilena eta gero bartzelonatik galdurik… kotxe zuzena aukeratu nuela argi zegoen!
      The Capaces-eko neska eta mutilak agertu ziren ondoren, haiek baitziren gau hartan Sexty-en telonero, Euskal Herrian gertatu zenaren kontrakoa. Sala-n sartu eta lehenengo sorpresa ona, kanpotik zirudiena baino askoz txukunagoa zen, eskenatoki polit batekin etab. Soinu probak egin eta afaltzera. Egun hartako bigarren bokata txarra! Hain zaila al da bokata bat ongi egitea?
      Berriro salara, gaua astear zegoen!
     
      THE CAPACES: Gasteizen ikusi nituen, Euskal Herritik bira egindakoan, eta orduan utzi zidaten inpresio ona berretsi zuten. Punk-rock azkarra eta bortitza, neska batek kantaturik. Hori da agian taldeko bereizgarria; Marta “Martillo”-ren ahotsa, ez naiz txantxetan ari Phil Anselmo gogora ekartzen dudala esatean. Kontzertu motza eta intentxoa eskeini zuten, entzulegoa bero-bero utziz.
      SEXTY SEXERS: Azkenik gure mutilen txanda iritsi zen. Kontzertu izerditsua, beroa, garagardo eta whisky zaporeduna eskeini zuten. Electric Child publiko artean lurrean botata soloak egiten, Strangelove barra gainean kantari, garagardo botila puskatuak… Rock and roll-a jaun andreok!
      …Kontzertua eta gero gertatutakoak neuretzako gordeko ditut, ez bazaizue inporta!

sábado, 27 de mayo de 2006

Friki TV

Maitzaren 25a, Frikien Eguna izendatu da. Modan daude tankera honetako egunak. Amarena, aitarena, gay eta lesbianena, urarena, Ihesarena... urteko egun guztietan zerbait ospatzen dugu. Normala izaten da telebistako kateetan egun horien inguruko albisteak ematea, batez ere informatiboetan eta gehienez jota erreportai edo dokumental baten bidez La2 edota ETB1en. Baina Frikien egunaren kasua desberdina izan da. Telebistako kate guztiek beraien programazioa egun garrantzitsu hau gurtzeko eta ospatzeko moldatu dituzte. Hau da hau, Frikiekin elkartasuna izatea, bai horixe!

Goizeko 9,30ak. Esnatu eta berehala telebista piztu nuen eta Los desayunos de TVE saioan Ana Pastor sudurluzea ikusi nuen hizketan eta barrezka. Frikien eguneko programazio berezia martxan zegoen jada. Ana Pastorren sudurra eski saltoak egiteko erabiltzen dituzten pistak bezain luzea dela konturatu nintzen. Tele 5ra pasa eta hor ere beste pertsonai arraro eta Frikia topatu nuen, Ramon Jauregi, abizen bereko Realeko defentsa baino txarragoa oraindik. Ez daki zer dioen, ez daki nora doan, galduta dago, Igor bezala. Cuatron, Soy el que más sabe de televisión del mundo saioaren errepikamena botatzen ari ziren. Ikaratzeko modukoa. Telebistaren inguruko galderak egiten ditu saioaren aurkezle motel eta gatzgabeak. Saioaren eserlekuak frikiz beteta daude. Heidi telesailaren musika jartzen dute eta mundu guztia hasten da  dantzatzen, diskoteka bat izango balitz moduan. Telebistako haurrentzako telesailen musikak bero jartzen ditu eta dantza friki eta itsusiak egiten dituzte. 70 urteko emakume bat ere dantzatzen. Gosariko gailetak kontrako eztarrira joan zaizkit.


Eguerdiko 12,30ak. Dantza kanibal horiek burutik kendu gabe, berriro pizten dut telebista eta..... VEREDICTO. 90ko hamarkadan Tele5n bota zuten saioa orain Antena 3n botatzen dute Veredicto Final izenburupean. Gaurko kasua: gela bat alokairuan duen 35 urte inguruko gazte batek, bost hilabeteko dirua zor dio etxeko emakumeari. Gaztea langabezian dago eta jada bost hilabete dira lana bilatzen hasi zenetik. Etxeko emakumeak dena ordaintzen dio: ura, elektrizitatea, arropa garbitzen dio, janaria zerbitzatzen dio... Dios!!!!! Hau da benetako Frikia, friki Standarra. Bitartean, Tele 5n Ana Rosa Quintana Supervivientes realityari buruz hizketan, Se ha escrito un crimen ETB2n eta etxe batera lapurtzera sartu eta harrapatu ostean barkamena eskatu duen lapur baten inguruko erreportaia TVE1n. ETB1n zer? Errepikapenak, zer bestela.


Arratsaldeko 17,30ak. Frikien orgiaren jarraipena. Siesta bota eta gero (ez dut ulertzen baina ez nuen amesgaiztorik izan), aurpegia garbitu, eta ausardiaz agintailua hartu eta berriro telebistara.

jueves, 25 de mayo de 2006

Laboa Dylanen aurretik ariko da Zurriolako kontzertuan

Ahoz aho zebilen zurrumurrua eta gaur azkenean baieztatu egin dute: Bob Dylanek uztailaren 11n Donostiako Zurriola hondartzan eskeiniko duen kontzertuaren kartela borobiltzeko Mikel Laboa ariko da aurretik.
Laboa ez da Xoriek 17 diska kaleratu zuenetik taula gainera igo, osasun arazoak direla eta. Besteak beste aurtengo apirilean Bartzelonan eskeini beharreko kantaldiak bertan bera geratu behar izan zuen azken momentuan.

Ez ote du honek antolatzaileen aurrikuspena gaindituko? Dylanekin bakarrik 30.000 pertsona inguru espero bazituzten, ez ote da beharrezkoa izango leku handiagoa bilatzea? Sartuko ote dira Dylanzale eta Laboazaleak Zurriolan?  Bestela berdin dio. Galtzak gora bilduta uretatik ikusiko dugu.

martes, 23 de mayo de 2006

Musika maratoia antolatu dute Leioako Arte Eder fakultatean

Urtero egin ohi duten bezala, Arte Ederretako fakultatekoek musika kontzertu andana prestatu dituzte udaberriari (eta kurtsoari) agurra emateko. Ostiralean izango da jaialdia, hilaren 26an, Leioako kanpuseko fakultatean bertan. 11tatik hasi eta arratsaldeko seirak bitartean hainbat talde eta dj arituko dira.Honatx kartela:

11:00 Quaoar (Metal progresiboa)
11:40 Speedy Chicken In The Kitchen (Velocitatrix Hardcore)
12:20 Defecal Fight (Down-tempo zarata)
13:00 Midnight Road (Rock/Metal)
13:40 Baba Llaga (Noise elektronikoa)
14:20 Driven (Thrash metal progresiboa)
15:00 Loan (Rock bortitza ta psikodelia dosia)
15:40 Hamburguesa Vegetal (Tekno-rock friki)
16:20 Butronian (Black metal from hell)
17:00 Meido (Noise-rock bizia + delay ambients)

lunes, 22 de mayo de 2006

Izugarrizko kartela Lollapaloozak!

Lollapaloozza jaialdi mitikoak bere 2006 urteko edizioa aurkeztu berri du, eta kartela izugarria iruditu zaigu. Nahiko urruti gelditzen zaigun arren, Chicagon hain zuzen ere, aipatzeko modukoa da abuztuaren 4tik 6ra Grant Parken egingo dena.Hauek izen esanguratsuenak:

Red Hot Chili Peppers
Kanye West
Manu Chao
Wilco
Death Cab For Cutie
The Raconteurs
The Flaming Lips
Ween
Queens of the Stone Age
The Shins
Common
Matisyahu
Ryan Adams
Umphrey''s McGee
Sonic Youth
Calexico
Thievery Corporation
Sleater-Kinney
Nickel Creek
Blues Traveler
Broken Social Scene
The New Pornographers


Info +: www.lollapalooza.com

miércoles, 17 de mayo de 2006

ETB-TVE, agur eta ohore

Aurtengo telebistako denboraldiak sorpresa asko utzi ditu. Oso denboraldi luzea izaten ari da. Lehenik eta behin, Cuatro telebista kate berria sortu eta azaroaren zazpian jarri zen martxan. Geroxeago Espainiar estatuko telebista publikoaren erorketa hasi zen, TVE hilerrirako bidean jarriz. Ondoren, beste telebista kate berri bat sartu zen merkatuan, La Sexta eta honekin batera kate autonomikoek osatzen duten FORTA elkartea krisian sartzen hasia da. FORTAren barruan, besteak beste, ETB aurkitzen dugu.
Baina has gaitezen hasieratik. Cuatroren sorrerarekin batera, gainontzeko telebista kateek behera egin zuten. Gaur egun %5,8ko audientzia du Sogecableko telebista kateak. Kontuan izanda Canal +ek %2ko audientzia zuela, gainontzeko telebista kateei ia lau puntu kendu dizkio Cuatrok. Datuak begiratzea besterik ez dago:

















































Telebista kateak 2005eko urria 2006ko apirila
TELE 5 22,7 21,3
ANTENA3 21,9 20.6
TVE 1 20,5 18,8
TVE2 5,1 5
FORTA 16,9 15,6
ETB 2 17,7 16
ETB 1 4,8 5,2
CUATRO    - 5,8



Kate garrantzitsu guztiak nabarmen jaitsi dira Cuatro agertu zenetik, "kate minoritarioak" deitutakoak izan ezik. Ikus dezakegunez, La2 kateak hamarreko bakarra galtzen du eta ETB1ek berriz lau irabazi. Seguru asko, pilotako partidak edota futbolekoak garrantzitsuak izan direlako ikusi dezakegu igoera hau.

Jaitsiera honek, urduritasuna eragin du batez ere T5 eta A3 kate pribatuetan eta horregatik ulertu ditzakegu hainbeste saio eta telesailen porrotak: Vientos de Agua, Tirando a dar, Morancos Channel nº 5, Plan C, De vez en cuando la vida, Lo que InTeresa, A tortas con la Vida, El autentico Rodrigo Leal, Engaño...

TVE kate publikoaren heriotza ere zuzenean ikusteko aukera izaten ari gara aurtengo denboraldian. PPren aldekoek TVEri egiten dioten boikotaz gain, aurten estreinatu dituzten saio guztiak hondoa jo dute: Made In China, Objetivo: Gente de Primera, Mi abuelo es el mejor, Diario de una abuela de Verano, Sábado Noche, Rufus & Navarro, Fuera de Control, Extra, Con dos Tacones, Tan agustito, Odiosas, El Loco de la Colina...

Gainera audientzia gehien ematen dieten saioak galduko dituzte hurrengo denboraldirako. Mamen Mendizabal La Sextara joango da ekainean, beraz 59 Segundos bukatuko da, Txapeldunen Liga Antena 3k emango du hurrengo denboraldian, baita Munduko moto txapelketa, gainera futboleko eta saskibaloiko mundialak ere ez ditu botako. Gauzak gaizki egiten ditu TVEk eta hori heriotzera eraman ohi du zuzenean.

La Sexta ere martxan jarri zen martxoaren bukaeran, eta apirilean, %0,2ko audientzia egin zuen. Hala ere audientzia ez da garrantzitsuena momentuz katearentzat. Hurrengo ekainaren 9an hasiko den Munduko Futbol Txapelketa emango du zuzenean eta ia osorik La Sextak. Jokatuko diren 64 partiduetatik 35 zuzenean emango ditu, gainontzekoak Canal +ek emango ditu zuzenean eta La Sextak aurrez grabatuta. Beraz, ekainetik aurrera La Sextak orain ez dituen audientziak lortuko ditu, kopuru garrantzitsuak. Baina telebista katea oraindik beste aurrera pauso garrantzitsuagoa eman nahi izan du: Ligako taldeekin kontratuak sinatu 2008tik aurrera lehen mailako futbola zuzenean botatzeko. Momentuz Atlheticekin sinatu du jada akordioa eta badirudi Barça eta Real Madrilekin ere sinatuko dituela. Racing edo Atletiko Madrilekin ere negoziatzen hasia da. Akordio hauek sinatzen baldin baditu, ziurrenik FORTAko telebista kateak futbolik gabe geratuko direla, hurrengo denboraldian ez bada, 07-08 denboraldian. Bestalde, zer gertatuko da Digital +eko eskaintzarik ikusienarekin (futbola, alegia)? Momentuz Sogecableko akzioek burtsan ikaragarrizko jaitsiera izan dute.

Zer egingo du ETB 1ek futbolik gabe? Trikitixako liga zuzenean eman edota larunbat gauean ere pilota bota? Gainera, denboraldi honen bukaeran Asegarce eta Asperekin dituen kontratuak bukatzen dira eta negoziatu beharko dituzte hurrengo denboraldiko pilota emanaldiak. Lortuko dute akordioa berritzea edota enpresek diru asko eskatuko dute eta Frontiseko partiduak bota beharko dituzte? Ikusiko da.

Laburbilduz, denboraldi luze eta garrantzitsua izaten ari da aurtengoa, telebistako panoramaren iragana eta orainaren arteko mugarria jarriko duena.

www.blogak.com/gorbelegi edo nola zaborrak Gorbeia irentsi zuen

Axi Olanok bere azken proiektuaz hitz bi esan orduko artikulu bat idaztea beharrezkotzat jo dugu. Argazkilari interesgarria dugu: bere lana egunerokotasunarekin lotuta dago, hortik edaten du bere sorkuntzak egiterako orduan. 
Duela hilabete batzuk Elgetako Espaloia Kafe Antzokian egindako erakusketa bati buruz hitz egin genuen webgune honetan bertan; orduko hartan kaleetan topatu zituen zenbakietan oinarrituta erretratu ikusgarriak jarri zituen ikusgai. Oraingoan berriz, Gorbeia parke naturala zabortegi bihurtzen ari dela salatzeko sortu duen argazki-blog ikusgarriarekin dator.

Gorbelegi jarri dio izena blogari: Gorbeia Parke Naturalaren izenari, Gardelegi, Gasteizko zabortegiaren izena gehituta. "Parke natural baten ondoan bizi naiz eta egunero uzta narrats samarra egiteko moduan izaten naiz" azaldu digu Olanok. Gorbeia zabortegi bihurtzen ari da, eta bisitan joaten den jendearen errua da, zaborrak nonahi botatzeagatik. Hori horrela esatea ordea, aspergarria da. Ez du eraginik. Modu gordinagoan esan beharra dago.

Hori dela eta www.blogak.com/gorbelegi oso  proposamen interesgarria da, Txomingeroek ekosisteman eragiten duten kaltea salatzeaz gain zaborretik artea nola sortu daitekeen erakusten digulako, modu original eta umoretsuan erakutsi ere (bitakoraren azpitituluari begiratu bestela: Badakigu basoan zer "ahaztu" zenuten). Izenburu ironikoak eta hondoa beltza, ingurumenaren patua bezain beltza duten argazkiak.

Ikusi: www.blogak.com/gorbelegi

EremuLauak Ediziogunea aurkeztu dugu!

Bai, zurrumurru gehiegi entzuten ari ginen azkenaldian, eta orain baieztatzeko moduan gaude. EremuLauak-ek aurrerapausua eman du, eta diskoak zein liburuak (edo auskalo zer gehiago) argitaratuko ditugu. Gaur Bilboko La Bolsan izandako prentsaurrekoan aurkeztu dugu egitasmoa.Webgune honetatik sortutako edizioguneak Nun taldearen Collage izango du lehenengo erreferentzia, zazpi kantuz osatutako diskoa hain zuzen ere. Pop eta hardcore doinuen artean kokatzen da talde bizkaitarraren estiloa, "Urrun noa", "Azkenaldian" edo "Lehio Irekia" direlarik biltzen diren kantuetako batzuk.

Diskoa Ondarruko Santos Records estudioetan grabatu zen, iragan abendu eta urtarrila artean, Mikel Santos teknikari lanetan aritu zelarik.

Gainera, "(...)" deituriko kantua ingelesezko bertsioan sartu dute Collage-n, nahiz eta euskarazko bertsio Mundurat-ek kaleratu berri duen disko-bilduman topatu daitekeen. Hemendik zinez gomendatzen dugun diskoa.

Ekaina amaitzean zuzenekoekin jarraituko du boskote bizkaitarrak, hainbat aurkezpen burutuz Euskal Herri osoan zehar.

Diskoa bere osotasunean eremulauak.com webgunean jaitsi daiteke (ediziogunea atal berrian), copyleft lizentziapean. Halere, diskoa fisikoki ere erosi daiteke, Euskal Herriko hainbat dendetan eta baita Internet bidez zure eskaria eginez gero. Diseinu polita daukan CD-a da, digipack formatuan, hortaz, pena merezi duelakoan gaude.

Hurrengo egunotan disko berri hau topatu ahalko duzuen denden zerrenda gehituko dugu, baina ziurtatzen dugu Euskal Herriko hiriburu eta txoko guztietara heltzen saiatuko garela.

martes, 16 de mayo de 2006

Bartzelona

1714. urtean Gaztelako soldaduek Bartzelona konkistatu zuten.  Konkistatu esan dut? Barkatu. Espainia handiaren barnean dagoen errealitate kultural amankomunaren ondorioz gertatutako anexioa izan zen. “Anexio” horrek milaka kataluinarren heriotza suposatu zuen, foruen desagerpena, unibertsitatearen itxiera, kataluñako hizkuntzaren debekua… Baina gutxi batzu (hiritar gehienak) ez zeuden ados anexioarekin, eta erresumaren batasun sakratua kolokan jartzen zuten. Hiria kontrolatuta edukitzeko gotorleku bat eraiki zuten Ciudadellan. Ur biltegi bat eraiki zuten alboan, gotorlekuarentzat bakarrik

Eta gaur hor barruan nago ni, gizakiaren sorrera eta eboluzioa azaltzen omen duten apunteen aurrean. Ia 300 urte geroago ur biltegi hau Pompeu Fabra unibertsitatearen liburutegia da. Isila, lasaia, freskoa. Lehen ura zegoen lekuan orain CiUkume eta PPkumeak daude liburuen artean, urduri, zoratzeko zorian. Egun kafeinikoak eta gau anfetaminikoak. Eta haien artean ni. Nazkatuta eta aspertuta. Erlojua begiratu dut: zortzirak bost gutxi. Bokata triste bat eta hiru kafe. “Joan daitezela tximinoak porkulo hartzera” pentsatu eta gauzak batzen hasi naiz. Nire kideak begiratu nau. “Em vaig a casa, estic fart”, “Ens veiem dema” esanaz erantzun dit. Nik ia entzun ez dudan “adeu” esan ostean buelta eman eta irterarantz ibiltzen hasi naiz. Kaskoak jarri ta kalera.


Gaua Bartzelonaz jabetu da. Urrunean Sagrada Familia ikusten da, ondo legoke herrira itzuli baino lehen bisita egitea. Beste aldean Mafre dorreak. Handiak, erraldoiak, hiriaren jaun eta jabe. Joan Clos alkateak mila koloredun zakil erraldoia eraiki zuen arte. Alboan Ciudadellako parkea, egunez hippien erresuma eta gauez yonkien infernua. Eta zoologikoa, noski. Tximinoak nola masturbatzen diren eta bata besteari kaka nola botatzen dioten ikustera joan beharko naiz egunen batetan. Hondartzak, luxuxko hotelak, portu olinpikoa, kotxe garestiak, turistak… Bartzelona post-olinpikoaren erretratu ederra. Eta bide bazterrean, unibertsitate elitista eta kotxe garestien artean, beraien haragia oso merke saltzen duten emakumeak. Aste batzu barru negozioa bukatuko zaie eta ez bezero faltagatik. Udaletxeak ateratako gizabidearen legeak prostituzioa debekatu du.


50 urtetik gorakoak izango dira dauden emakumeak. Bizitzaren kolpeak azalean markatuta dituzte. Begiradan antzematen zaie zein gustoko duten Bartzelonako modernitatea eta kosmopolitismoa. Lurrera begiratu eta metrorantz zuzendu ditut pausuak. Bidean emakume gehiago. Urtarrila da eta gerriko baten neurriko gonak erabiltzen dituzte. Metro sarreraren alboan beste bat dago eserita. Erraldoia. Beltza. Bere titiak nire burua baino handiagoak dira. Ia zutik egon ezin bada, nola konponduko da ohean? Begirada gurutzatu dugu. Irribarre egin dit eta eskuak bere bular erraldoietara eraman ditu. “Te apetece probarlas mi amor?”. Hiltzeko modu polita, baina gaur ez, eskerrik asko. Eta pausu batzu aurrerago aurpegi serioz begiratzen nauen tipo bat dago, bere esklabuari ezetz esan diodalako haserre. Metroan sartu naiz miseria horretaz urrundu nahiean. Baina ahaztuta neukan Bartzelonako metroan hiriko miserable guztiak batzen direla. Hor ondo daude. Hiri moderno honen aurpegia zikindu barik, turistek ikusiko ez dituzten lekuan. Ghetto batetik bestera, lurpean eta isilik.

Musika askea Mundurat!! bildumak 22 talderen kantuak bildu ditu disko batean

Mundurat Sarea eta Musikherria disketxearen elkarlanetik sortu da Musika Askea Mundurat!! izeneko bilduma. 22 talderen abestiak batu dituzte guztira, denak ere azken aldi honetan Euskal Herrian musikak eman duen aurrerapauso garrantzitsuenetako baten aldeko apustua eginaz, lizentzia librearen alde alegia.
Bilduman parte hartzen duten taldeen artean estilo eta kolore askotako proposamenak aurki ditzakegu. Bitxikerien artean berriz, software librearen aldeko ereserkia azpimarragarria da: funkya, freskoa...

Maiatzaren 25ean Xirikarekin batera banatuko dute hiru euroren truke, baina diskoa beste modu batera lortu  eta lanaren inguruko informazio gehiago nahi duenak, aski du bildumaren webgunean klik egitea (www.mundurat.net/bilduma). Salmenta puntuak, prezioak, diskoa argitaratzeko egindako lana... etab. topatuko ditu bertan, diseinu zainduarekin eta gauzak modu argian azalduta. Gainera, Deskargak atalari esker kantu batzuen aurrerapenak entzuteko aukera ere badago.

lunes, 15 de mayo de 2006

Argitu digute (behingoz) Bilbao Liven kartelaren gehiengoa

Hilabeteak dira Bilbon jaialdi erraldoia burutu behar zela jakin genuela. Hilabeteak joan, hilabeteak etorri eta beste udako jaialdien (SummerCase, Primavera Sound, FIB, blablabla) kartela argitzen joan zen. Baina Bilbokoaren arrastorik ere ez. Egia esan, larritzen hasiak ginen jada, jaialdi hau egingo ez ote zen arduraz, baina ez, gaur goizean Bilboko udaletxean burututako prentsaurrekoan zalantzak argitu dizkigute.Izen asko entzun dira azkenaldian: Guns 'n Roses, The Cure, Placebo, James Blunt... Guztiek ez dute asmatu baina. Axl-en taldea bai izango da, baita Brian Molkorena ere, baina beste biek hurrengo edizio batera itxaron beharko dute. DJ-ek protagonismo handia izango dute Bilbao Liven, besteak beste Felix Da HouseCat, Derrick Carter, Cristian Varela edota Alex Under and Paco Osuna ikusi ahal izango dira zuzenean.

Halere, jaialdi rockzalea izango dela argitu dute antolatzaileek, Last Tour International-ekoek, Kobetamendin izango den jaialdian. Besteak beste The Pretenders, The Cardigans, Guns ' Roses, Placebo eta Ben Harper izango dira. Hona hemen orain arte eman diren izenen zerrenda (letra larriz guri gehien interesatzen zaizkigunak):

Alex Kowalski
Alex Under and PAco Osuna Live and Decks
Armin Van Buuren
BEN HARPER & THE INONCENT CRIMINALS
Capri
THE CARDIGANS
Cristian Varela
Der Dritte Raum
Derrick Carter
Donnacha Costello
FC Kahuna
Felix Da Housecat
Francesco Farfa
FRONT 242
GUNS 'N ROSES
Hash
HEAVY TRASH
EL INQUILINO COMUNISTA
John Lord Fonda
Junkie XL
LADYTRON
Markus Schulz
Matthew Dekay
The Mfa
OJOS DE BRUJO
Oxia
PLACEBO
LOS PLANETAS
THE PRETENDERS
Rex The Dog
<RINÔçÉRÔSE>
Silicone Soul
Todd Terry
Vitalic
Zodiacs

Halere, datorren asteotan talde berriak konfirmatuko omen dira, adi eremulauak.com-era! zerbait jakiten dugun momentuan hemen publikatuko baitugu...!

IBON EGA?‘AREN IRUZKINAK ETA LITERATURAREN HISTORIA

Ibon Egañak Aitor Aranaren Editorea antzerki-lanari egindako kritikak bide eman digu literaturaren historiari, eta oro har artearen historiaren gainean zenbait gogoeta burutzeko.


Kritika bera kritikatzea baino (ez dugu Editorea irakurri, eta beraz, ez gaude horretarako), iruzkinean azaltzen zaigun ideia bat kritikatzea da gure helburua. Ideia hau, gainera, Ibonek berak Pako Aristiren Gauza txikien liburua-a zela eta eginiko iruzkinean ere azaltzen zela uste dugu (modu inplizituagoan, akaso), eta honenbestez, kritikariak nahiko barneratuta daukan ideia dela. Hala ere, aurreratu dezagun segur aski guk ideia hau Ibonek berak aurkezten duen baino modu gordinagoan azalduko dugula, gure helburua ez delako hainbeste Ibonen ideiak halakoak edo bestelakoak ote diren zehaztea, ideia beraren gainean hausnartzea baizik. Barka gaitzala (apur bat behinik behin) Ibonek, beraz.  


Izan ere, bi iruzkin hauetan literaturaren historiaren gaineko ikuspegi teleologiko bat agertzen zaigula uste dugu; hau da, historiak (eta bereziki, literaturaren historiak) halako garai edo fase batzuk izango lituzkeela, fase bakoitzak aurrekoa “gaindituko” lukeelarik, fase batek bestea ekarriz eta abar. Hauek dira, besteak beste, Editorearen iruzkinean kritikariak egiten dituen galderak: “ez ote zen aspaldi joan naturalismoaren garaia? Ez ote zen aspaldi xamar adostu errealitatearen errepresentazio errealistena kimera bat dela, eta memoriarik zehatzena ere, birkreazio perfektuena ere fikzio bat dela, konbentziozko irudikapen bat?” Ados egon gaitezke fikzioari buruz dioenarekin, baina ez, ez da joan naturalismoaren garaia. Gaurko egunean Émile Zola edota Clarín-en obrak irakurri ditzakegu plazer handiz, eta honenbestez, ez, ez da joan naturalismoaren garaia. Ez naturalismoarena, ez erromantizismoarena, ez beste hamaika “ismo” aldrebesenak ere. Esate baterako, errealismoa XIX. mendekoa izanik, hamaika dira ildo horretatik jarraitu duten XX. mendeko idazleak (hor daude errealismo magiko, errealismo zikin eta enparauak). Artearen historia estilo (eskola, korronte, nahi dena) metatze eta gainditze gisa irudikatzea ez zaigu egokia iruditzen. Literaturan ez dira gaiak agortzen (zergatik ezingo da ba idatzi gaur “sufritzen duenaren aurrean jendeak, eta batez ere idazleak, trasuntu baten bidez, hartzen duen jarreraren” gaiaren gainean? 1), ez dira estilo eta manerak ganbaretako kutxa zaharretan zigilarazteko eta baztertzeko. Ez dago estilo on eta kaskarrik; obrak dira izatekotan, bikainak, erdipurdikoak, txarrak, zehaztugabeak. Literaturan, gaiak, estiloak, manerak berreskuratu egiten dira etengabe, idazle bakoitzaren eskarmentuaren, jarioaren, garaiaren galbahetatik igarotzeko. Sormenaren eremua ez da estutzen denboraren poderioz eta liburuen edizioak multiplikatu ahala, alderantziz, beti mantentzen da zabal, mugagabe.


Ikuspegi teleologikoaren bertsio muturrekoenek ideia hau azkeneraino daramate, artearen heriotza profetizatzera ailegatuz (Hegel da adibide garbiena, baina baita Oteiza ere gure artean), ohartu gabe, artearen historiak zer edo zer erakusten badu, bere birsortzeko ahalmena dela. Horixe baita paradoxa, infinitu liburu argitaratuta ere beti egongo da obra berriak sortzeko parada. Honek guztiak ez du esan nahi “everything goes”, dena da on, baizik eta agian kritikaren jo puntua beste nonbait jarri behar dela. Bada, sumatzen dugu Ibonen kezketako bat literaturaren baitan egon ohi den errepikatzeko eta tradizioari bizkar emanez idazteko joera hori dela, eta kritika horretan bat egiten dugu. Baina arazoaren muina ez datza, gure arabera, gai sobera “ustiatu” bat jorratu izanean ala estilo literario “gainditu” bat erabiltzean, arazoa arestian aipaturiko galbahetan dago; idazlea ez baldin bada tradizio literarioa koska bat gehiago estutzeko (eta horretarako, neurri batean bederen, ez dago tradizioa kontuan hartzea beste erremediorik) gai. Hau da, gaur egun ere idatz daitezke lan errealistak, naturalistak, erromantizistak, sinbolistak, modernistak, formalistak eta nahi direnak; baita nahi adina gai jorratu ere (bizitza, heriotza, maitasuna, zeinen zintzoak garen, zeinen maltzurrak, zer itsusia den zure jaka urdina eta abar.), baldin eta idazlea hori guztiarekin zerbait orijinala (barkatu hitza) eta interesgarria egiteko gai bada. Eta horretarako errezetarik ez eskatu inon eta inori, idazle eta artista bakoitzak bilatu beharko du bere bidea. Tradizio artistikoa ez da dagoeneko zer idatzi ezin daitekeenaren erakusgarri, aurrerantzean zer egin daitekeenaren adibide baizik. 


 


__________


1- “Hamaika galdera liburu baten aurrean”, Volgako Batelariak, Kritikak, 2005eko azaroaren 17a.

Anari + Atom Rhumba: doinu lasaiak eta rhumberoak gau berean

Asteburu honetan eskaintza musikala zabala zen, askotan bezala, Euskal Herri osoan. Egunkaria zabaldu eta kontzertu bat aukeratzea lan zaila zen. Guk bi bider pentsatu barik azkar batean erabaki genuen nora joango ginen. Ondarruko Kafe Antzokiak gaur egun taula gainean diharduten bi talde dotore ikusteko aukera ematen zigun. Anari eta Atom Rhumba taldeen emanaldia ikustea erabaki genuen. Oraingo honetan Bizkaiko kostara abiatu beharra izan genuen beraz.

Kilometro dezente egin ondoren, heldu ginen herri bizkaitarrera. Ongi afaldu eta kontzertura abiatzeko prest geunden. Anari izan zen taularatzen lehena. “Zebra” disko berria aurkezten dihardu kontzertuz kontzertu eta Ondarrun ere horrela defendatu zuen. Kantari azkoitiarrak berak dakien bezala, atmosfera berezia sortu zuen kantuz kantu kontzertua aurrera joan ahala. Hasieratik ikusteko aukera ez genuen izan, gau rhumberoa espero genuen eta Anariren doinuek lasaitasuna transmititzen zuten. Kimika berezia dago Anari eta Atom Rhumbaren artean eta azkoitiarrak berak ere aitortu zuen pribilegio bat izan zela Atom Rhumbarekin batera kontzertua ematea. Disko berriko zein disko zaharreko abestiak defendatu zituen.


Ez zen jende askorik hurbildu Ondarruko Kafe Antzokira, baina giro polita pizteko lain bazen jendea. Eta horrelakoa izan zen Atom Rhumbaren kontzertua. Bertara hurbildutako asko bilbotarrak taula gainera igotzeko irrikitan geunden. Kaki Arkarazo teknikoa bera ere han zebilen tekniko lanetan eta kontzertuan zehar horren isla izan zen, izan ere, oso kontzertu borobila egin zuten Atom Rhumbakoek eta soinu aldetik ere ederki entzuten zen. Kontzertua hasi orduko indarra eta sendotasuna transmititzen zuten. Urtarrilaren 7an Durangon ez bezala (Eremu Lauak-en jaia, gogoratzen?), larunbatean Firehead ere taularatu zen eta kontzertua hasi orduko publikora jaitsi eta bertakoak animatzen hasi zen, taula eta publiko artean sortzen den hutsune hori denon artean bete nahian. 


Taldeak erakusten duen heldutasunak eta soinu rockeroetatik haratago dauden akordeek Euskal Herrian egun dagoen talderik garrantzitsuena bilakatzen du. Berain Backbone Ritmo diskoak mugak apurtu ditu. Taula gainean ere izugarria da duten energia eta jendeari doinuak eta jarrera transmititzeko indarra. Ondarrun ere horrela egin zuten. Taldearen osotasuna transmititu zuten kontzertu osoan zehar.


Grabaketa estudiora sartu baino lehenagoko azkenetariko kontzertua izan zen larunbat honetakoa. Abesti berriak ateratzen hasi dira eta kontzertuan batzuk entzuteko aukera izan genituen. Gone, Gimme rock, Funky town eta beste asko ere dantzatu eta gozatu genituen. Abestiz abesti Rober!-ek argi utzi zuen euskara ikasten ari zela eta Firehead berak ere jendea hurbiltzeko eta animatzeko berdin egin zuen “hurbildu majos!” oihu eginez. Giro polita piztu zuten rhumberoek. Maraken soinu artean eta gitarra hots sakonen artean galdu ginen asko eta egindako kilometro guztiek pena merezi izan zutela ohartu ginen kontzertua amaitzean.

martes, 9 de mayo de 2006

Doinu ezberdinak kosta aldean

Disko berria kaleratu du Delorean talde zarauztarrak. Bosgarren disko honek, “Into the plateau”, intentsitate handiagoko doinuak bilatzen ditu; doinu dantzagarrietara joera du doinu poperoetatik alde eginez. Diskoa aurkeztu nahian eman zuten kontzertua pasa den ostiralean, maiatzaren 5ean, Zarautzeko Ketarri aretoan.
Bide luzea dute mutil zarauztarrek atzetik. 2000. urtean sortu zen taldea Tomas Palomo (guitarra), Ekhi Lopetegi (baxua eta ahotsa), Unai Lazkano (teklatuak) eta Igor Escudero (bateria) taldekideekin. Hasiera batean pop talde bat sortzea zuten xede, baina gerora beraien doinuak landu eta jorratzen zihoazen bitartean taldeak aldaketa izan zuen. 2001ean "Silohuettes" beraien lehendabiziko lana kaleratu zuten. Beraien sustrai poperoak antzematen ziren bertan. Nahiz eta Delorean taldeak etiketak eta beste talde batzuekin konparatzea gorrotatu, lehendabiziko diskoarekin New Order, The Cure edo Rentals taldeen influentziak nabari direla esan daiteke. 2003. urteko udan, Deloreanen diskorik beroena eta dantzagarriena kaleratuko dute. 9 abesti borobil aurki ditzakegu “Delorean” diskoan; The Cure, The Faint edo Radio 4 bezalako taldeei keinu eginez. Alemania, Italia, Noruega eta Mexikoko lurraldeetan ere kaleratu zen diskoa. Askok post-punk jarrerarekin azpimarratzen dute, baina taldekideak etiketak gorroto dituzte. Etiketok oso sinplifikadoreak eta salmentak bultzatzeko balio dutela uste dute. Bigarren diskoarekin izan zuten arrakastaren ondorioz,  beraien musika dantzagarria sakontzeko DJ eta lagunekin inguratu eta hirugarren disko bat grabatu zuten. Zortzi kantaz osatuta, 4 abesti eta beste lau remix-ak, 80. hamarkadako doinu dantzagarriena ekartzen dizkigu gogora “Metropolitan death” diskoak. 2006. urtean, beraien musika dantzagarriarekiko lotura erabat finkatu dute “Into the plateau” disko bero eta berriarekin. Bira batean murgildurik daude orain zarauztarrak. Estatu maila eta baita Paris eta Alemania aldean ere emango dituzte kontzertuak. Azken disko honetako eta abesti zaharragoekin ere gozatzeko aukera izan genuen Ketarrira hurbildu ginen guztiok.

    Ekaitzak eta euri zaparradak pasa ostean heldu ginen Getariko Ketarri aretora. Kontzertuak bazuen kutxu dotore eta ezberdina. Jendea bera ere denetarikoa zen. Zaharrak, gazteak… “Into the plateau” disko berriaren aurkezpen kontzertua zen, baina baita MUSIK-AKTS eragilearen azken kontzertua ere. 3 urtetan zehar talde ugari hurbildu dituzte Ketarri aretora. Jende ugari hurbildu ginen Deloreanen doinuak belarrietan gozatzeko nahiarekin. Baina Zarauzko talde gazte batek teloneatu behar zutela konturatu ginen. Irrikitan geunden doinu dantzagarri eta kaineroak entzuteko eta horren ondorioz edo, digestioa moztu zitzaigun punk-rock amerikar abestiak talde gaztearen ahotatik entzutean. Hiru ordu laurden bat jo zuten gazteek, eta taula gainean defendatzen bazekitela erakutsi ziguten, nahiz eta abeslariari bi aldiz gitarrako soka apurtu. Kontzertua eramaten jakin izan zuten.

    Baina heldu zen ordua. Delorean taula gainera igo zen. Jendea beraiengana hurbildu eta “Metropolitan death 1” abesti kaineroarekin zabaldu zuten kontzertua. Oso kainero. Ez dut uste kontzertu horretatik norbait atera ote zen hankak edo burua erritmoarekin bat egin gabe. Kontzertua aurrera joan ahala giroa berotzen joan zen eta bertako guztiok ipnotizatuta bezala beraiei so geunden bitartean doinuak eta erritmo biziak azaletik barruraino barreiatzen ziren. Igorren bateria erritmo kaxa baten antzera entzuten zen, indartsu zuen guztia emanez eta asko harrituta utziz. Tomasen gitarren delayarekin ipnotizatzen ginen guztiok. Unairen sintetizatzaile eta teklatuarekin bizitasuna hartzen zihoan kontzertua. Eta Ekhiren ahots urratu eta biziarekin eta baxu erritmikoarekin kontzertu ona ematea lortu zuten. Arazotxo batzuk izan ziren medio baina inongo axolarik gabekoak. Disko berriko abestiez gozatzeko aukera izan genuen “As time breaks off” edo “No name” bezalako abestiez hain zuzen. Baita “Delorean” diskoko abesti askorekin ere. Mario Bross-en katu mitikoaren ondoren denok bis bat itxaroten geundenean taula gainera igo eta bertsio baten ondoren “NYGaps” abesti dantzagarriarekin bukatu zuten emanaldia. Denok dantzan, zoraturik, erritmoa barruraino sarturik. Bizitasunez hasi eta bizitasunez bukatu. Doinu dantzagarriekin kutsatuta atera ginen bertara hurbildutako guztiok. Disko berria noiz aterako itxoiten eta irrikitan. Pazientzia gutxi dutenentzat Deloreanen weborrian primizia dago. Bertan dasta dezakezu “Into the plateau” diskoa. Gozatu ezazu!



No Use For a Name; Jam-a hankaz gora

Halaxe izan zen, kaliforniarrek Bergarako Jam aretoan eskainitako kontzertua latza izan zen, hasieratik bukaerara.
Dena den, gaua Versus the World taldeko mutilek hasi zuten, 30 minututan zuten hoberena emanez. Soinu kalitate eskasa alde batera utzita, itxura polita zuen euren emo-coreak, Boysetsfire-ren estiloa gogora ekarriz.

Lawrence Arms Chicago-ko hirukotea igo zen segidan punk-rock erakustaldi bat ematera. Bi ahotsen jokoak (bata zikina, bestea garbia) berezitasun puntu bat ematen die eta entzulegoarekin azkar asko konektatu zuten. Baina, argi zegoen, onena etortzeko zen oraindik…

Soinu proba labur baten ondoren (eskertzen da!) hor agertu ziren No Use-ko mutilak, lehenengo kantatik azkartasun eta melodia nola uztartu behar den erakusteko prest. Zirrikiturik gabeko set-list bat eskeini zuten, publikoak, ero moduan, kanta guztiak abesten zituen bitartean.

Gustora zebiltzala nabaritu zitzaien haiei ere kontzertu osoan zehar eta bis-etan luzatu ziren. Azkeneko kantan, Tony-k gitarra utzi eta publikora salto egin zuen, areto guztian zehar jendearen gainetik ibili zelarik taldekideek jotzen jarraitzen zuten bitartean.

Dena eman zuen talde bat, eta hori eskertzen da gaur egun!






viernes, 5 de mayo de 2006

Anarik igande batez zirrara sortu zigunekoa

Asteburu luzea izan da pasa den astekoa, asteleheneko aldarri-jai egunari esker. Batzuk manifetan pasa zuten astelehena, beste batzuk lanean (bizitzaren paradoxak), eta Andoain inguruko jendeak Santakruz jaietako ajea gainetik kendu ezinda. Guk denetik egin dugu (bai, lana ere bai). Kontua da astelehena jaia zela profitatuz kontzertu bikaina antolatu zutela Andoaingo gaztetxean: Anari lehenik eta Sorkun ondoren. Biak batera ere ikusiko genituen taula gainean gaua bukatu baino lehen.
Badira zuzeneko indartsuak, baina ez da hori bilatzen dugun hitza. Badira bakarlari onak, baina adjetiboa motz geratzen ari zaigu oraingoan ere. Badira, berandu bada ere, idatzi egin behar diren kronikak, nahiz eta, berriro esango dugu, hitzak ezer gutxirako balioko duen oraingoan. Bakarrik geratu ginen igandean musikaren aurrean, biluzik, eta hala ere Anariren kontzertu batek zerbait esatera apur bat derrigortu egiten gaitu.

Aingura Hegodunak abestuz hasi zena Minaren funtsarekin bukatu zen. Zebraren zuri beltzetik Habiak topatu arte, joan etorrian, erloju guztiak geldituz, geroz eta sakonago, geroz eta dotoreago. 1997an kaleratutako lehen diska hartako kantuak ere entzun genituen, taldearekin jotzeko moldatuta.

Azken laneko (h)egoak edo Desertua bezalakoak jotzean iritsi ziren momenturik bareenak: entzuleek beren buruei introspekzio bat egiteko momentuak, zigarroen keak, buruak astiro alde batera eta bestera. Kontrako aldean, Naufragoak eta Gu kantuekin lurrikara emozionala etorri zen, garrasi egin nahi genuen baina eztarrian ito zitzaigun geure buruari "gu ez gara dantzaldi honetako erreginak, gu ez gara dantzaldi honetako erreginak" errepikatzen genion bitartean.

Lehen bisean Dut taldearen Haize ezarekin batera Sorkun igo zen eskenatokira. 90etako oroitzapenak, izozkiak gara beraien ahotan, At, hura bai diskoa, bandera trapu bat da haizerik ez badabil. Trapu bat. Bi ahotsetara, dotore, bikain eta gu halako irribarre nostalgikoari ezin eutsirik, haurtzaro musikalaren Pandoraren kutxa irekita ordurako. Etxera joateko ordua heldu zitzaigun, horrenbestez. Ezin Sorkunen kontzertua ikusi (jakin ahal izan dugunez, izugarri hau ere).

PS: Ikusten duzue, hitzak ezer gutxirako balio du batzuetan. Han egon zirenek ulertuko dute gutxi gora behera zer esan nahi genuen, edo agian ez, baina berdin da, Anariren kontzertu bat ikustean ulertuko dute.

miércoles, 3 de mayo de 2006

UEU-ko udako ikastaroetara matrikulatzeko epea jada zabalik

Maiatzaren ean zabaldu zen eta ekainaren 18rarte zabalik izanen da aurtengo Udako Euskal Unibertsitateak eskaintzen dituen udako ikastaroetarako matrikulazio epea. Eibar, Baiona eta Iruñeako egoitzetan, kazetaritza, literatura, sexologia edo ta eskultura bezalako gaien inguruko ikastaro berezietan parte hartzeko aukera izango da. Baita UEUk antolatzen dituen bestelako  ekintza eta jarduera osagarrietan ere.

Uztailaren 3an hasiko dira ikastaroak Eibarren eta 21ean amaituko dira Iruñeako egoitzan burutuko diren kurso zein tailerrekin. Arestian esan moduan, eskaintza oso zabala prestatu dute urtero moduan. Aipagarrienak (beti ere nere ustez hauexek):  "Gu, besteak eta ni. Erdiguneak eta periferiak gaurko literaturan", "Tokiko telebistagintzaren ereduak eta programak. Euskarazko tokiko telebistaren azoka" edo ta "Autoeraketa (antropologikoa, soziologikoa eta politikoa) gaurko Euskal Herrian". Bainan esan bezala, eskaintza hau bainon zabalagoa da.


UEU-ko ikastaroek, ohiko hezkuntza sistematik haratago, irakaste-ikaste eredu ezberdin eta parte hartzailea frogatu eta martxan jartzeko aukera ematen dute. Baita jendea ezagutu, ikasi, erlazionatu eta etorkizuneko Euskal Unibertsitatea eraikitzeko lana egin ere.


Informazio guztia, matrikulazioa eta kontsulta guztiak: http://ikastaroak.ueu.org



Animatu parte hartzera


 


 

Bob Marley astea ospatzen ari dira Artsaian

Jamaikar giroa Artsaia aretoan barrena zabaltzen ari da aste honetan. Bob Marley abeslariaen heriotzaren 25.urteurrena gogoratzeko egun hauetan, dantza ta musika sesio bereziak antolatu dituzte Aizoaingo lokalean. Egunero, arratsaldeko 18.00etatik aurrera, Reggae musika, bideo emanaldiak, chill out gunea...guztia dohainik. Ostegunean, astea borobiltzeko kontzertua ere antolatu dute, Zaragozako Jahsta Reggae Band eta Iruñako Eureka Reggae taldearekin.


Kontzerturako sarrerak 8eurotan daude salgai,ohiko tokietan.