lunes, 29 de enero de 2007

Mazedoniako eguzkia Skopjen dago

Atzo gauez iritsi nintzen hotelaren funtzioak egiten dituen etxe pribatu honetara. Bertako andrearen ingeles eta alemanaren arteko dialekto berrian prezioa adostu ostean, leher eginda nire gorpua ohera erortzen utzi nuen. Egunsentiarekin batera begiak ireki eta arretaz begiratu dut logela. Goodbye Lenin! filmetik ateratako dekoratua nire begien aurrean azaldu da. Pareta horituetan Tito burkidearen argazkia bilatzen saiatu naizen arren ez dut topatu: lastima Iker itxaron egin beharko duzu!
Portaleko atea ireki eta denboraren tunela pasa dut. Kalean berriz ere XXI. mende gordinarekin tupus egin dut, edo hori iruditu zait kaleko umeak ikusi ditudanean. Mazedoniako Jugoslaviar Errepublika Ohiaren plazan musika jo eta tarteka kola esnifatzen dute haur ijito batzuek. Postalak atsekabetu egin nau eta alboko merkatal gunean sartzen diren pertsonak gorrotatu ditut une batez. Nire burua gorrotatu behar al nuen ba?

Kale eta elizetan barrena egin dut eta gaur egungo Mazedonia independientea Jugoslaviaz ahazteko prest ez dagoela konturatu naiz. Behintzat hori pentsa daiteke kaleko izenei erreparatuta; Karl Marx edo Maxim Gorki kaleak, Proletarioen bulebarra, Partisanoen etorbidea... eta Tito?

Astiro baina ohartu gabe igaro dut Vardar ibai gainetik pasatzen den zubi zaharra. Berriz ere, salto batean paisaia guztiz aldatu da eta auzo turkiar zaharreko kale estuetatik sigi-saga ibili naiz. Meskiten otoitzek ez dute denda txiki ugarien zarata isilarazi. Ni ordea mututu egin naute. Kale bazter batean jendearen joan etorriari so geratu naiz. Segidan hiri zaharra dagoen muinora igo naiz aberria irudikatzen duen emakumearen estatua ikusteko: bere alboan Mazedoniako bandera eta bandera gorria daude. Orduan konturatu naiz Mazedoniak bi eguzki dituela eta horietako bat Skopjen dagoela.          

Harresi zaharra inguratu eta jaisterakoan, Tito Brozen kalea aurkitu dut (azkenean!). Josip Broz hil zen eta berarekin Jugoslavia batuaren ametsa, horretaz jabetu naiz bere izena daraman kalean Kalkultako Ama Teresaren omenezko estatua bat dagoela ikusi dudanean. Barreari eutsi ezinik burura etorri zait: zer arraio egiten ote du Santu izendatutakoaren estatuak deskomuniatutako lider komunistaren kalean? Ez nuen gutxiago espero mazedonia bat den hiriburutik. 

Poesia ondo plagiatzeko metodoaren azalpen laburra, eta adibide bat

Berriro ere plagio kontuekin gatoz, eta bai, berriro ere Atxagarekin. Ez dugu deus bere kontra, garbi geratu zen aurrekoan ere, alderantziz, gure xumetasunean, berak irekitako bidea osatzera gatoz. Izan ere, jakina da bere Obabakoak liburuan, Atxagak “Ondo plajiatzeko metodoaren azalpen laburra” eman zigula, adibide batez ilustraturik eman ere. Metodo hau, ordea, testuan zuzenean adierazten ez zaigun arren, garbi dago prosari begira eginiko metodoa dela. Ez da baliagarri poesiarako. Ikus bestela lehenengo araua: “Plagiatzaile batek argumentu garbiko testuak aukeratu behar ditu”. Argumentua, bada, prosari dagokion kategoria da, ez da baliagarria poesia analizatzeko. Hirugarren arauarekin ere, beste horrenbeste: “Nobela edo ipuinek nonbait eta noizbait gertatutako istorioak kontatzen dituzte. Plagiatzailearen lana izango litzateke ereduaren bi xehetasun horiek aldatzea” Ez du komentariorik beharrik.
Honek guztiak galdera batera garamatza: zergatik ez zuen Atxagak  poesia sartu bere metodoaren barruan? Zer dauka poesiaren kontra? Erantzun estandarrak horrelako zerbait esango luke: Prosa plagiatzea, tira, ez da erabat grabea; baina poesia, mesedez, poesiarekin ez da jolasten. Poesia originaltasunaren eremu behinena da, genioaren leku naturalena, eta ez dago munduan metodorik poesia plagiatzeko balio duenik. Baina ez gaitezen utzi engainatzen, Atxagak lehenagotik bazuen poesia plagiatzeko metodoa, kontua da ez zuela publikatu; hori egin beharrean, praktikara eraman zuen bere poema-liburuetan. Ziutateaz edo Etiopia, bada, poesia ondo plagiatzeko bere metodo ezkutuaren emaitza baino ez dira. Metodo honen berri, honenbestez, ez digu mamu misteriotsu batek eman (demagun Lizardiren espektroak), Atxagaren poemen irakurketa adi eta konparatu batek baizik. Horrela dio metodoak:

Lehenengo araua: Etsai poetiko bat hautatu. Ahal bada, poetika instituzionalaren kontra egin. Gaztea zara eta ausartzat hartuko zaituzte medioek, “belaunaldi berri” eta horrelakoen buru jarriko zaituzte. Jakina, gero zuk ukatu egingo duzu belaunaldi baten parte zarena, zu munduan bakarra baitzara, errepika ezina. Jakina, plajiatu nahi duzun poetaren etsai bera ez hautatu, nabariegia litzateke.

Bigarren araua: Plagiatu nahi duzun poemen teknika jasotzen saiatu. Demagun, beste hizkuntzetako esaldiak txertatzeko joera, pop elementuak, testu publizitarioen eta horrelakoen erabilera…

Hirugarren araua: Sekula ez aipatu plagiatu behar duzun poeta, hura ez da zuretzat existitu ere egiten. Honen ordez, poeta honek maisutzat dituen poeta ilustreak zure egin, inork ez dizu poeta handi baten jarraitzaile zarela leporatuko.

Laugarren araua: Garrantzitsuena, eta prosarako metodoaren azkeneko araua dena halaber. Alegia, literatur teoria garaikidean jantzia egotea, metaliteraturaz, intertestualtasunaz-eta hitz aspertuak emateko gai izatea. Jakina da, kritika eta iruzkinek poemak baino gehiago balio dute.

Adibide bat:

Ikus dezagun Atxagak nola burutu zuen metodo hau, maisuki, dena esan beharra dago, bere liburuetan.

Lehenengo araua: Plagiatu nahi den poetaren etsai poetikoa: gerraondoko poesia sozial espainiarra (Gabriel Celaya, Victoriano Cremer eta horrelakoak). Atxagaren etsai poetikoa: euskal poesia soziala, bereziki, Gabriel Aresti. Hautsi da anphora, mila zatitan multiplikatu da; hautsi da harria, harea bilakatu da. 

Bigarren araua: Atxagaren ereduak idazten du: “del amor fox y sobre todo trot”, bada, Atxagak zera idazten du: “mila liburu erregalatu zituzten bankuek ora eta bereziki labora lemapean”. Atxagaren ereduak Conchita Piquer, Blas de Otero, Yvonne de Carlo, Superman edo Scott Fitzgerald aipatzen dituela, Atxagak Otis Redding, Jon Mirande, Humphrey Bogart, King Kong edo Cravan. Poeta plagiatuak manual batetako lerroak imitatzen ditu, Atxagak telegrama batetakoak. Ereduak “my dear” idazten badu, gure Atxagak “my darling”, hark “venden sentido común”, honek “zoriona gramoka saltzeari ekin zioten”, hark “San Lukács evangelista” bezalako hitz-jokoak, honek “klitxeak beti klitxeak, edo txikleak zapore guztitan”, “pippermint” eta “yougurt fantastikoak” “Palm Beach” eta “Canadako basoak” etcétera, etcétera eta abar.

Hirugarren araua: Atxagaren ereduak Pound eta Eliot aipatzen ditu bere “collage” estiloaren erreferentziatzat. Gogora ditzagun Pott aldizkariko zenbait artikulu: “T.S. Eliot gaurkotasunaz zenbait ohar”, Eliot beraren poemen itzulpenak edo “Barkatu, Cravan” poemako Ezra zaharra.

Laugarren araua: Elemental Mister Watson.

viernes, 26 de enero de 2007

The Who Euskal Herrian izanen da

Maiatzaren 19an izanen da, Barakaldoko BEC-en. Pete Townshend eta Roger Daltrey taldekideak soilik geratzen dira jatorrizko bandatik, bainan hauekin aski izanen da 60.hamarkadan jaiotako talde arrakastatsuaren zale andana biltzeko. Europan barna bira egiten ari dira The Who-koek, Endless Wire disko berria aurkezten, eta gaur konfirmatu egin denez Euskal Herrian ere izanen ditugu ikusgai.
24 urte zeraman taldeak estudioko diskorik atera gabe, bainan 2006.urteaz geroztik Townshend eta Daltrey berriz elkartu ziren, banda moduan, bira eta kontzertuetara itzultzeko.

Ez da izanen Euskal Herrian talde eta musikari klasikoekin gozatzeko izango dugun kontzertu bakarra. Hain zuzen ere, astelehen honetan, rock-aren aita den Chuck Berry izanen baita Bilbon.

jueves, 25 de enero de 2007

Rage Against The Machine bueltan da.

Talde estatu batuarra eskenatokietara bueltatuko da 2007 honetan, Lehenengo agerraldia Kalifornia-ko Coachella jaialdi erraldoiean aginen dutelarik.

Oraingoz argitu gabe geratzen diren duda aunitz sortzen du berri honek, izan ere Audioslave-en (R.A.T.M-eko musikariek Soundgarden-eko Chris Cornell-ekin batera zuten proiektua) geroari buruz ez dute ezer ere argitu oraingoz, ezta kontzertu data gehiagorik eman ere. Adi egon beharko dugu beraz!

domingo, 21 de enero de 2007

Nor arraio da Willis Drummond?

Ez galdetu nola iritsi zen diskoa nire poltsikora. Nik ere ez dakit oso ondo. Anthology. Willis Drummond. Besterik ez du jartzen letra beltzez azal horian. Atzealdealdean zortzi kanten izenak, www.willisdrummond.net helbidea eta kontakturako telefono bat. CD-ak ez dauka kaxarik ere, plastiko berde batean bilduta dago. Eta promo-orri bat dauka, honela dioena:
Kurt Cobain, Malcolm Young, Rory Gallagher... beraien gitarraren soinua eta Willis Drummonden harmonikaren artean lotura aitortzen dutenak asko dira. Zirkunstantzia trajikotan desagertu zenetik 4 urte pasa ondoren 8 abestiko album hau iristen zaigu. Gaur egun ezagun diren grabaketa bakar hauek biltzen, ederki berriztatzen eta CD formatoari erabat moldatzen hutsune hau betetzen da, azkenean. Drummond-en obraren ardatza den bukaeraren gaiaren inguruan bere sorgikeria ospetsu horiekin tarteka ebakitako tentsio sexual hutsa 3 ordu laurdenetan. Tira, entzun beharko da ba.

(45 minutu beranduago)

Eta ez dago batere gaizki. Grunge ukitua nabari zaie diskoa osatzen duten 8 kantei. Batzuetan Nirvanaren musikara hurbiltzen dira, baina 90. hamarkadaren hasiera hartako beste talde batzuei muzin egin gabe (Alice In Chains datorkit, baita Pixies eta Soundgarden ere) batez ere ahotsen melodiari dagokionean.

Hala ere ez dira grungean geratzen, eta beste zenbait eragin ere nabaritzen zaizkio disko honi. Behin argian ezarrita kantaren bukaerak Lisabören eta Bidasoa aldeko beste zenbait talderen uretatik edan duela dirudi. Berriz ere, diskoko seigarren kanta bizia da, zuzena. Usain epelak azkenaren ideiarekin jokatzen du eta nik neuk 70etako soinua somatu diot. Izan nahi nuen bainan... kantak berriz Queens Of The Stone Age-en No one knows-en itxura du entzule honen ustez.

Misterioa argitu nahian edo...

Igande honetako alferkeriari muzin egin eta Interneten begira hasi naiz. Ez zait gehiegi kostatu Garan talde honi buruzko kontu gehiago aurkitzea. Hasteko, Willis Drummond, taldea baita eta ez nik titularrean jarri bezala pertsona bakarra. Skunk, Los Cojonudos eta Berri Beltzak taldeetan ibilitako musikariek osatu dute eta diskoa azken hiru urteetan egindako lanaren ondorio da. Amanita Estudioetan grabatu zituzten zortzi abesti hauek eta datozen hilabeteetan kontzertuak eskainiko dituzte aurkezpen modura.

Baina, nork arraio sartu zidan disko hau poltsikoan? Ai, larunbat gauak...

www.willisdrummond.net

Primavera Sound jaialdiak lehenengo konfirmazioak aireratu ditu

Bartzelonako Primavera Sound jaialdiaren baitan kokatzen dugun All Tomorrows Parties deritzon eszenatokiak baditu lehenengo konfirmazioak. Batzuk ezagutzen ditugu, besteak ordea ez. Euskal Herriko jaialdiek oraindik ez dute ezer konfirmatu, noski.Band of Horses, Brightblack Morning Light, Built to Spill, Comets on Fire, Death Vessel, Dirty Three, The Durutti Column, Grizzly Bear, Isis, Low, Modest Mouse, Oakley Hall, Pelican eta Slint. Horra momentuz konfirmatu diren taldeen izenak. Eta esan bezala, All Tomorrows Parties eszenatiokikoak dira bakarrik, auskalo zer etorriko zaigun gainontzeko eszenatokiekin.

Izango duzue gainontzeko konfirmazioen berri webgune honetan. Sarrerak jaialdiaren webgunean erosi daitezke.

info +: www.primaverasound.com

jueves, 11 de enero de 2007

Ttan Ttakun Irrati Libreak 5. jaia ospatuko du larunbatean

Azken bost urteotan egin izan duten bezala Ttan Ttakun Irrati Libreak jaia ospatuko du larunbat honetan Egiako Gazteszena aretoan. Sarrera doakoa izanen da eta bi areto ezberdin izango dira, bi giro ezberdinekin (edo agian ez ezberdinekin)Alde batetik Punk-Rock Aretoa izango da, Hot Dogs, The Hop LA!, Sfinters eta Dune Buggy taldeen kontzertua izango delarik, DJ Kuolemaren aurretik. DJ Aretoan, ordea, Aritz Sound System, 12 Tribu taldearen kontzertua, Revolutionary Brothers Sound System eta Mr Snoiz eta Putxero izango dira. Gainera, Imanol Costas eta Anna Valentinaren bideo proiekzioak izango dira.

Antolatzaileek hiru taberna ezberdin izango direla gogoratu nahi digute, denen gustura, eta baita arropa gordetzeko tokia ere.

miércoles, 10 de enero de 2007

Welcome to Hayastan!

Ataturk Alani aireportua, Istanbul, goizeko ordubata. Egun guztia itxoiten eman ondoren Erevanera, Armeniako hiriburura eramango gaituen hegazkinera igo aurretik poliziaren azken kontrol zorrotza pasa dugu. Tentsio uneak agerikoak izan dira polizia turkiarraren eta bidaiari armeniarren artean. Antza, azken hauen artean askok ez du ahaztu Lehenengo Mundu Gerraren amaieran, otomandar inperioaren azken egunetan, euren senideek munduko beste herrialde batzuetara alde egin behar izan zutela genozidiotik ihesi.
Oraindik ere ilun dago Erevan aireportuan lur hartu dugunean. Ordutegi aldaketak direla eta, goizeko 6:30etan zapaldu dut lur armeniarra edo hobe esanda hormigoizko lur hotza. Lo askorik egin gabe, nahiko nahastua nabil aireportuko egitura zaharkituetatik. Poliziak bi ilaratan banatu gaituzte bidaiariok, alde batean bertakoak eta bestean turistak: ni bezain galdurik dabiltzan bi ilehoridun. Bat-batean, ilara bisarik ez dutenentzat dela ohartu eta salto batean niri dagokidan leihatilara hurbildu naiz. Orain bai, bakar bakarrik nago Sobietar Batasunaren garaiko kapela daraman polizia baten aurrean. Kapelako igitai eta mailuari bista kendu ezinik nenbilela emakumeak eskuartetik kendu dit pasaportea. Hasieran mesfidantzaz eta gero harriduraz begiratu nauela konturatu naiz. Seguruenik nire piurak izango dira: egunetako bizarra, safari moduko galtza motzak, eta batez ere ezpain azpian dudan piercina. 10 minutu pasa dira eta ordurarte hitzik esan ez didan emakumeak welcome to Hayastan! batekin pasaportea bueltan ekarri dit.

*   *   *


Herrialde honetan hamar egun daramatzat eta aspertuta nago munduko eliza zaharrenak bisitatzeaz. Gainera orain hobeto ulertzen dut nire etorrera egunean poliziak ipinitako aurpegi arraroa; Armenian umeek bakarrik janzten dituzte galtza motzak, nahiz eta udaran bero jasangaitza egiten duen; eta piercina, tira, gizonek neure kontura barre egiten duten bitartean emakumeek begikotasun misteriotsuz begiratzen didate. Kaleko begirada guztiak nireganatzen gustura ez nagoela konturatu naiz.

*   *   *


Azkenean gauzak aldatzera doaz. Amaigabea zirudien meseta kaukasiko zabala igaro ostean azkenean aurrez aurre Ararat mendi biblikoarekin egin dugu topo. Kondairak Noeren Arka uholde unibertsala igarota bertan pausatu zela dio. Armeniako zoko guztietatik ikusi daiteke 5.265 metro dituen nazioaren sinbolo hau, kutsadurak eta eguraldiak hala nahi duenean behintzat. Herri baten sinboloa beste estatu batean egotea paradoxikoa den arren, Armenian hala gertatzen da. Kurdistan turkiarrean aurkitzen den mendiak armeniarren psikologian eragin zuzena du; Ararat ikusten duten bakoitzean turkiarrek hildako 600.000 anai-arrebak gogoratzen dituzte, eta hori gutxi ez balitz Ararat inoiz ezingo dute ukitu. Portugaldarren malenkonia bera ekartzen didate gogora.

Ararat parez pare ikusten den begiratokira iritsi eta, bertan eliza-monastegi bat ere badagoela ikusi dut. Khor Virap-etik burua altxa eta mendiko tontor elurtuan utzi ditut neure begiak. Orduan bidaia prestatzen ibili nintzeneko asmoaz oroitu naiz. Hasiera batean Armenian Turkiatik sartzea pentsatu banuen ere, hori ez zela posiblea izango ohartarazi zidan batek baino gehiagok. Muga itxita eta nahiko militarizatua dago Kurdistango gatazka dela eta. Ohartu gabe muga marrazten duten hiru harresietako lehendabizikora hurbildu naiz. Nire atzetik Christoper, Fabrizio, Levan eta Samuel ere etorri dira. Harresiaren beste aldean ez dago herririk, bai ordea lurretik 25 metro gora altxatzen den militarren behatoki iluna. Handik irten diren tiro hotsek erakutsi digute ez dutela konpainiarik behar. Korrika egin dugu ihesi.

Armeniatik ez. Hemendik ez dugu ihes egin: penaz agurtu dugu. Bidaiak aurrera darrai eta Kaukaso berdera joateko unea iritsi dela pentsatu dut.

sábado, 6 de enero de 2007

40 galderatik gora Baroja modaz pasatzera doan honetan

2006. urtea Barojari buruz hitz egiten pasa dute askok. Bost hamarkada joan dira Donostian jaio, munduan idatzi eta Madrilen hil zen gizon hura hil zenetik eta gorbata estuenek ez dute aukera galdu kabiar eta xanpain arteko hitz aspertuetan Donostiako idazlea aipatzeko, betiere modako prentsaren aholkuei jarraituz. Baina zalantza asko egin gabe ikus daiteke 2007. urtean perfumatu koadrila horrek beste ospakizunen bat bilatuko duela. Barojaren trenetik jaitsi eta Indurainen bizikletari helduko diote adibidez, Atarrabiako txirrindulari handiak erretreta hartu zuenetik hamar urte igaro direla gogoratzeko; edo Elvis Presley duela 30 urte hil zela oroituko dute, batek daki. Eta Pío Baroja liburutegietako apaletan etzanda geratuko da, orain arte egon den bezala. Eta guk jakin-minez jarraituko dugu. Ondoko kontu hauek jakin nahian, besteak beste:
Nor zen Pío Baroja? Ba ote daki inork? Donostiako Okendo kalean dagoen autobus geltokian esertzen diren pertsonetatik zenbatek irakurtzen dute "Aquí nació Pío Baroja" dioen plaka? Nori inporta zaio gizon hori nor zen eta non jaio zen? Zergatik ez du "Pío Baroja hemen jaio zen" jartzen? Plaka erdara hutsean idatzi zuten eta... norbait kexatu al da?

Berak ere erdaraz idatzi zuen, zer dela-eta? Erdaraz aritutakoa beraz eta, Koldo Mitxelenak galdetu zuenez, gurea ote dugu Baroja? Eta erantzuna ezezkoa bada, izango ote da inoiz gure? Funtsean, maite al zuen Barojak Euskal Herria? Zergatik ez zen abertzalea? Federiko Krutwigen itauna ekarriz, zer egin zuen gaizki abertzaletasun zaharrak Baroja uxatzeko? Orain abertzalea izango litzateke? Eta euskaldunek, garaiko euskal hiztunek, maite al zuten bera? Maite al dugu orain?

Eta espainolek? On Píoren zein alderdi ezagutu zuten? Irakurri ote dute bi begiez Zalakain Abenturazalea? Zer iritzi ote dute? Eta Jaun Alzatekoaren Legenda? Eta Bidasoako Errepublika Independenteaz esan zituenak? Irakurri al dugu euskaldunok behar bezala Jakintzaren arbola? Zergatik bihurtu da azken hau hegoaldeko ikastoletan ia mundu guztiak irakurri duen nobela? Zergatik ez aurreko biak, gaiari erreparatuz gureak ditugunean?

Nolakoa zen bere estiloa? Ortega y Gassetek arrazoi zuen akaso, Barojaren pertsonaiek nobelako gertakizunekin erakusten duten interes falta kritikatzean? Edo horixe zen idazlearen helburua? Ez ote zuen arrazoi handiagoa Jorge Oteizak, Barojaren estiloa bertsolariarenarekin alderatzean? Ez al da berea euskal estilo tradizional baten adierazgarri eta kromletx-hutsunearen gorazarre, espainolez idatzita egon arren? Bizi dugun garaian inporta al du horrek batere?

Eta nola pentsatzen zuen? Eszeptiko hutsa izaki, nola da posible zientziarekin horrelako fedea eduki izana? Bere bizimodu buhame eta nahasiari erreparatuta, nola ulertu liteke bere germanofilia eta horrek XX. mendeko lehen erdian atzetik zekarren artefaktu ideologiko guztia? Nondik zetorren bere ezkortasuna? Zergatik hiltzen dira bere protagonista asko istorioaren amaieran? Nola hil zen bera? Francoren Espainia ultrakatolikoko apaiz beltz horiek zergatik egin zuten halako presioa bere azken borondatea bete ez zedin? Gurutzerik gabe lurpera zezaten eskatu zuelako agian? Nola lortu zuten bere senideek, hilberriak eskatu bezala Jainko eta apaizik gabeko hilerri zibilean hobiratzea?

Ernest Hemingwayk zer ikusi zuen Barojarengan? Eta John dos Passosek? Zergatik da Baroja irakurle gazteek (eskolan derrigortuta besterik liburuak hartzen ez dituzten horiek) gustura hartzen duten idazle bakarrenetarikoa?

Nor zen Pío Baroja? Inork ba ote daki?



Jatorriz Xirikan argitaratua

viernes, 5 de enero de 2007

Aina taldea bueltan

Kataluniako BCore diskoetxearen pean zegoen Aina taldeak agur esan zigun orain dela hiru urte (agur esateko bira bat egin zuten, baita Euskal Herritik barna ere). Errautsetatik Nueva Vulcano jaio zen (Euskal Herrian askotan ikusi ditugu), baina orain berriz bueltatzeko erabakia hartu dute, kontzertu bakar baterako eta elkartasunezko helburu batekin.Duela hilabete batzuk J. Robbinsen (besteak beste Jawbox, Burning Airlines edota The Channels taldeetan aritutakoa) semea jaio zen, baina endekapenezko gaixotasun hereditario arraro bat diagnostikatu diote. AEBetan Gizarte Segurantzaren egoera badakigu zein den, eta horregaitik bere taldekideek elkarte bat sortu dute, umearen gaixotasunak sortu ditzakeen gastuak betetzeko. Bere Bartzelonako lagunak batzea pentsatu dute elkarte honi laguntzeko.

Otsailaren 3 edo 9an izango da Bartzelonako Apolo aretoan: Aina eta No More Lies izango dira bertan. Sarrerak 10 euro balioko ditu soilik, eta irabazitakoen % 100a aipatutako elkartera zuzenduko da. Data zehatza jakiterakoan hemen jarriko dugu.

Ainaren inguruko informazio gehiago:

http://www.bcoredisc.com/bandasBD.php?id_grupo=13

http://www.myspace.com/ainarcelona

Ekitaldiaren inguruko informazioa:

http://www.desotorecords.com/cal/index.shtml