viernes, 30 de marzo de 2007

Nun Bilbao BBK Live jaialdian izanen da

Hasiera batean asteburu bateko iraupena izango zuela esan zen arren, orain bi asteburu izango direla aipatu dute Las Tour International enpresako antolatzaileek gaur izandako prentsaurrekoan: ekainaren 21 eta 22 eta hilabete bereko 28 eta 29. Gure ediziogunean "Collage" diskoa plazaratu duen Nun taldea 28an izango da, ostegunean hain zuzen ere.Oraindik datu gehiegi ez ditugun arren Nun taldea ekainaren 28an Bilboko Kobetamendin izango dela konfirmatu dezakegu. Oraindik ez dakigu zein talderekin arituko diren, baina besteak beste Metallica, Iron Maiden, Red Hot Chilli Peppers, Incubus, Mastodon, Fermin Muguruza & The Afro-Basque Brigade, Muchachito Bombo Infierno, Juliette & The Licks, Fito & Fitipaldis, Billy Talent eta Berri Txarrak aipatu dira prentsaurrekoan.

Nun taldea "Collage" diskoaren aurkezpen kontzertuekin aurrera darrai, nahiz eta abesti berrien konposaketa ez duen alde batera utzi. Ziurrenik kontzertu berezi horretan abesti berriak aurkeztuko dituzte.

Lau egunetako bonoak 180 € balio dituela ere badakigu, eta ekainaren 28rako 35 € izango da sarrera.

Info +: www.bilbaobbklive.com

jueves, 29 de marzo de 2007

Lau Granada ezberdin

Granada fruta gozoa da ondo heldua dagoenean. Ez ziren gozoak izan ordea 1983an Karibeko Grenada irla gorrian Amerikako Estatu Batuek erortzen utzitako bonbak. Gozo askoak berriz Washington Irving idazle estatubatuarrak Tales of the Alhambra (Alhambrako ipuinak) liburuan Granadako hiriaz idatzitakoak. Mairuen antzinako Alhambra edo "gotorleku gorria" gutxi batzuen paradisu eta otoitz lekua, gaur horda turistikoen lurralde bilakatu da. Jauregiak Sierra Nevada du zaindari atzean, Veleta eta Mulhacengo tontor zurituekin. Elurra bezain zuriak dira Albaycin auzoko etxeak ere. Andaluziar herri tipiko honetara ekarriko zaituzte aldapa malkartsuek. Baina baliteke bidean jasminen usainak zure burua horditzea eta beste garai bateko ametsetan ainguratua uztea.
Beste garai batean ainguratuak, seguruenik, Sacromonteko koba-etxeak daude. Ijitoen auzoa bezala ezaguna denak amerikar asko eta ijito gutxi ditu. Ingurua turismo folklorikoari begira dago. Tamalez XXI. mendeko ijitoen aingura hiriaren kanpoaldeko Los poligonos  auzo txiroan dago.

Goibeltasuna eta malenkonia barreiatuko dira Paseo de los Tristes delako Darro ibaiaren ertzetik. Zume negartien adar makurren malkoak erreka txiki eta txundigarri honetara isuriko dira. Genil eta Darro ibaiek Granadako kaleetan bidea irekiko dute. Alde zaharrerako ateak berriz Elvirako arkuak marraztuko du. Txiki sentiaraziko zaitu garai batean egurrezko atea zuen eraikin honek. Mairuentzat zoritxarrez porrotaren-arku bilakatu zen kristauek hiria indarrez hartu zutenean.

Kristauek elizak nonahi jartzearekin gustura gelditu ez eta musulman eta judutar erlijioetako fededunak erbesterazi zituzten. Nor etorri(ko) da kristauak botatzera? Izan ere, San Jeronimoen monasterioko laranjondoek aspaldian ez diote fraideren bati itzala ematen. Fruitu borobil distiratsuek euren gozotasuna lurrean mintzen dute usteltzeraino. Gerra erlijioso ustel horiek errepikatzea sahiesteko sortuko zuten beharbada Bakearen Zientziak gaia Granadako Unibertsitatean. Nork daki? Erlojuen orratzek erakutsiko digute nahi hori egi bilakatuko den.
    
Nik argi dudana zera da: Granada hitza, hiria bera bezala, gauza askotarako erabil daitekeela. Baina kontuarekin ibili behar da eskuetan leher ez dakizun.

miércoles, 28 de marzo de 2007

Leioa pop-rock lehiaketako irabazleak jakinarazi dira

Leioa pop-rock lehiaketako zazpigarren edizioaren irabazleak jakitera eman dira. Gogoratuko duzuenez, iaz Eremu Lauak edizioguneak kaleratu duen "Collage" diskoa irabazle suertatu zen, "Eraman Nazazu Bueltan" abestiak euskarazko abesti onenari saria irabazi baitzuen.Finalak maiatzaren 11 eta 12an izanen dira, Leioa bertako Aldapa Auditorioan, 21:00etatik aurrera. Finalistak honakoak dira: metal atalean Sevillako Falso Dogma, Nafarroako Eko 4 eta Bizkaiako Pog Mo Thon. Pop-rock atalean, berriz, Bartzelonako Sol Lagarto, Bartzelonako Monoxide Pills eta Sevillako The Baltic Sea taldeak izango dira azkenengo saria irabazteko arituko direnak.

Bestalde, bigarren mailako sariei dagokioenean Ezinean taldea izan da euskarazko abestirik onenari saria irabazi duena (ez dakigu zein abestirekin, egia esan) eta Leioako talderik onenari dagokionean Basaki suertatu da irabazle.

Gogoratu, maiatzaren 11 eta 12an (metal eta pop-rock ataletan) izango dira finalak, eta aukera baduzu ez galdu. Åntolatzaileek aipatu dutenez, aurten 224 taldek parte hartu dute lehiaketan eta hauek izan dira finalistak. Zerbaitegaitik izango da

Info +: www.leioa.net

lunes, 26 de marzo de 2007

Gizagaldu baten bilakaera

Jesse Malin izena entzuterakoan erreakzio desberdinak sor daitezke: sex, drugs & rock and rollaren filosofia muturreraino dastatu zuen rockeroaren irudia berpiztea eta "non egongo ote da?" norbere buruari galdetzea, ala MTVn agertzen diren ume -handi- bihurri horietariko batez oroitzea.

Jesse Malin (New York, 1968) izena entzuterakoan erreakzio desberdinak sor daitezke: sex, drugs & rock and rollaren filosofia muturreraino dastatu zuen rockeroaren irudia berpiztea eta "non egongo ote da?" norbere buruari galdetzea, ala MTVn agertzen diren ume -handi- bihurri horietariko batez oroitzea.


Biak izan daitezke erreakzio zuzenak, benetakoak, bi egoera horietan murgilduta aurkitu izan baita Malin. Baina, ez batak, ez besteak, isolaturik, ez digute balio izango Glitter in the Gutter (Adeline Records, 2007) -Distira Estolderian- disko berrian aurkituko duguna igarri ahal izateko. Diskoak merezi duelakoan, eta 16 Euro itsumustuka gastatzeak grazia handirik egiten ez duelako, eremu hauetara ekarri gura izan du Malin zerbitzari honek.


Musikariaren bizitzari gain begiradatxo bat emanez, esan behar da, 80. hamarkadan Sagar Handiko hardcore giroetan lekutxo bat egin zuela Heart Attack taldeko abeslari eta gitarra jole gisa. Taldea disko bat kaleratu ostean deuseztatu zen. Nerabezarotik atera eta 1991.ean milaka jarraitzaile bilduko zituen taldea sortu zuen: D-Generation. Garaiko kritikaren hitzetan taldeak punka, glama eta garage estiloak uztartzen zituen ikutu rockeroei muzin egin barik.


D-Genek aldizkari espezializatuetako kritikarien onespena eta begirunea lortu zuen bere estiloarekin: punk jarrera erradikala oholtza gainean eta potroak burua baino gehiago hitzak idazterako orduan. Hala ere, diskografien "aholku" eta mehatxu zuzenez beteta dago beren historia; Chrysalis Recordsen eta Columbia Recordsen zenbakiek ez baitziren aurreikuspenetara egokitzen. Alegia, ez zituztela behar adina disko saltzen. Eta betiko moduan, behartutako bira pare baten ostean, 1999an, behin betiko agurra esan zuen taldeak.


XXI. mendearekin batera, Malinek, bere disko zaharrei hautsa kendu eta gaztetatik gurtzen zituen Tom Waits, Steve Earle eta Neil Youngen soinu garbiagoen ildoetatik hasten da higitzen. Bide zidor hauek, idazten dituen hitzetan ere eragina handia izaten hasten dute, eta, bere kanta berriek, D-Gen garaikoen harropuzkeria alde batera utzi eta New York Cityko kronikari baten kutsua hartzen dute. Malinen hitzek formaz haratagoa doaz orain. Eta formak gainditu bakarrik ez, espazio mugak ere zeharkatzen dituzte Jessen kantek. "He writes locally but thinks universally", JW Bassett kritikariaren hitzetan.


VH1 telebista kateak duela gutxi egin zion elkarrizketa batean, Malinek, rocka bizimodu bat dela zioen, ez dela moda iragankor bat. Baina gaur egun egiten duen rockak aspaldikoa baino geruza gehiago ditu, sakonagoa da. Bilakatu egin da, nolabait esateko. Eta, agidanez, hori zen Malinek bilatzen zuena: "Ertz hotz eta zorrotz bat, abesti sakonak ezkutatzen dituena". Heldu egin da -behingoz- gure gizona eta barruan duen guztia ateratzen hasi da. MacKenzie Wilsonek ezin egokiago esan zuenez, bihotz samurreko punkia da Jesse.


Beraz, gitarra garbi eta zikinen arteko soinu jokoak aurkituko ditugu Glitter in the Gutter honetan. Abestien protagonistak, edozein izan zitekeen pertsonaiak dira, tokian tokiko bizipenekin kantei unibertsaltasuna emango dizkietenak. Eta urrea diamante bihurtuz, kolaboratzaileen artean Ryan Adams, Josh Home -Queens of the Stone Age-, Jakob Dylan eta Bruce Springsteen aurkituko ditugu.

domingo, 25 de marzo de 2007

Hamar idazle Europako Batasunari kontu eske

Europako Batasunaren sorreraren 50. urteurrenaren ospakizunekin bat eginez hamar idazlek azpiko idatzia kaleratu dute, The Independent egunkarian. Idazleek Sudanen gertatzen ari diren hilketen aurrean erantzuteko eskatu diete elkartea osatzen duten 27 herrialdeetako buruzagiei.
Europako Batasuna (EB) osatzen duten 27 herrialdeetako buruzagiei: nola ausartu gara europarrok asteburu honetan ezer ospatzera, hegoaldean, kilometro gutxira, babesgabeenak, behartsuenak eta ahulenak Sudanen erailtzen dituzten bitartean?

Europako Batasunak -ankerkeriatik jaioa, batasunaren bidez beste ankerkeriei aurre egiteko- ez al du esateko ezer? Ez al dauka sustatu beharreko printzipiorik? Darfurreko sarraskiei aurrea hartzeko ez al du inolako ekintzarik burutu behar? Srbrenicako koldarkeria berriz errepikatuko al da? Zer ari gara ospatzen?

Gure batasun politikoaren ahultasuna?

Gure klase politikoaren itxurakeria hutsalak?

Gure burokrazien indar eza eta baliogabetasuna?

Auschwitz onartu zuen Europak, Bosnian porrot egin zuen berak, ezin ditu Darfurreko hilketak eraman. Europa klase politikoen sarea baino gehiago da, munduko lehen elkarte ekonomikoa baino gehiago eta eskreszentzia burokratikoa baino gehiago. Gizakiaren balio eta duintasunean oinarritzen den oinordetza kulturala da, zeina denok partekatzen dugun. Kultura komun horren izenean eta partekatzen ditugun baloreen izenean, 27 buruzagiei dei egiten diegu Sudango erregimenari zigor zorrotzenak ezar diezazkioten.

Goazen gure kostaldeak, gure osasun zerbitzuak eta gure luxuzko gaiak debekatzera. Izoztu ditzagun gure banketxeetan dizuten ezarpenak eta sar ditzagun tartean parte hartu duten beste herrialdeak.

Ez dugu utzi behar, beste behin ere, gure europar zibilizazioa traditua izan dadin, Afrikako beste zibilizazio bat suntsitzen den bitartean begiratu eta itxaroteagatik.

Ekintza hau izan dadila geure buruarentzako oparia eta froga. Eta egina dagoenean, ospa dezagun elkarrekin harrotasunez.

Umberto Eco
Dario Fo
Günter Grass
Jürgen Habermas
Václav Havel
Seamus Heaney
Bernard Henri-Levy
Harold Pinter
Franca Rame
Tom Stoppard



Jatorrizko bertsioa: http://comment.independent.co.uk/commentators/article2387820.ece

sábado, 24 de marzo de 2007

Julio Boccak Bilbo agurtu zuenekoa

Lasai, urria aldera Donostia eta Gasteiz bisitatuko omen du Ballet Argentino mitikoak, baina momentuz Bilbo agurtu du dantzari argentinarrak, betirako uzten baitio dantzatzeari.

Aitortu behar dut nire lehenengo bisita zela horrelako dantzaldi batera. Ponposidadea espero nuen gau hartan Arriaga Antzokian, baina mito hutsean gelditu da dantzaren alderdi hori niretzat. Beno, Celsa eta Elisa deitzen ziren bi atso zeuden gure alboan, eta ez dakit zer egiten zuten han, agian ileapaindegian, hurrengo egunean lagunen artean Julio Bocca ikusten egon zirela komentatzeko. Dantzari aparta txalotzera ere ez ziren gelditu. Eta ez zen horren gaizki egon, alderantziz.


40 urte bete berri ditu gizonak, eta ez dugu geure burua engainatuko, nabaritzen da. Bere mugimenduak ez dira garai batean (bideoan) ikusi dizkiogunak. Baina alboan lagun bikain asko ditu, eta horrek multzoa benetan eder egiten du. Antzezlanaren trama honakoa: bi anai-arreben arteko amodio istorio ezinezkoa da, Marco eta Lucia. Familiak Lucia Francorekin ezkontzera derrigortzen du eta honek bien arteko amodiaz jakiten duenean Marco hiltzen du, aurretik Marcok Lucia hil zuelarik, borondate propioz.


Gizonen eta emakumeen arteko erlazioaz aritzean, bi figuren arteko interakzioa etengabekoa da, gizonezkoek emakumeak  nahi bezala mugitzen dutelarik. Aipagarria benetan Pedro apaizaren papera, Lucas Segovia dantzariak antzeztua. Handia, gihartsua, baina sentimenez eta teknikaz hornitua. Aipatzekoa baita protagonistaren, Cecilia Figaredoren papera, sekulakoa, agian gau hartako bikainena, mugimendu perfektuak eta gorputzaren erabilpen zehatz eta ikertua.



Ikusten duzuenez artikulua sinatzen duena ez da guzti honetan aditua, baina benetan gozatu zuela aitortu dezake.  Esandakoa, Donostiara edo Gasteizera joateko aukera baduzue, badakizue…


Info +: www.juliobocca.com

miércoles, 21 de marzo de 2007

Taperware Kolektiboa: "Ez dugu gutarrik nahi gure blogean. Beste guztientzat ateak irekirik daude"

E-postara spam itxurako mezu bat, Taperware Kolektiboak bloga zabaldu duela esanez. Zer nahi ote dute autobonbero hauek? Erantzunik ez. Mezua laburregia zen. Agian beraiek zerbait jakingo dutelakoan galdera batzuk egin nizkien. Beheko hori izan genuen elkarrizketaren transkribapen fidela da, mikrouhin labetik pasata noski.

Blog berria ireki duzue, kulturaren ingurukoa, antza. Konpetentzia egin nahi diguzue zerriok!
Konpetentziarena, nola esan... kontziente gara inork gutxik egin diezagukeela konpetentzia, beraz, alde horretatik lasai gaude, lasai egon zaitezkete. Eta bai, kulturaren inguruko bloga izan nahi du gureak, edo inguruko kulturarena, nondik begiratzen den. Badakigu kulturaren pastiza ez dela sobera handia, baina zer egingo zaio, apurrekin asetzen ez denari beti geratuko zaizkio kirolak edota burtsa bera.


Fotologa ere baduzue. Freaki samarra iruditu zait, onerako noski.

Fotologa irekitzeak bakarrik aitortzen dizu dagoeneko freakitasuna. Hortik aurrerako komentarioek ez liokete ezer gehituko gure kalaka honi. Fotologa blogaren propaganda aparatuaren beste tresna bat besterik ez da, bloga kolektiboarena den ber gisan. Hala ere, jendeari eskatuko genioke, mesedez, errespetatzeko fotologaren pribatutasuna eta beraz, ez bisitatzeko, ez bertaratzeko, arren (agian horrela esanda jendea gerturatuko da, bestela jai dugu).

Zuen sarrerako testuan ekimen baten inguruan bildu zinetela diozue. Zein izan zen?
Ekimen konkretu hori, argitu beharra dugu, oso ekimen konkretua da: Xirika Gazteon Kazetan tartetxo bat eskaini ziguten, astero, gaur egungo bizimoduaren kritika azido bat argitaratzeko. Horixe izan zen Taperware kolektiboaren iniziazio errituala, Leihatila beltza izeneko tartea. Baina sarrera testuan esan bezala, zabal-zabalik gaude aspaldion, eta blogean zintzilikatzeko asmoa dugu gure kolektibotik jaio daitekeen sorkuntza ekintza oro. Edozer gauza, alegia.

Zenbat pertsonak osatzen dute kolektiboa orain?
Bada, itxaron pixka bat... Listo, mila esker. Justu oraintxe bete du azken lagun batek kolektiboko partaide izateko sarrera-orria. Egia esango dizuegu, ilara oraindik orain nahiko luzea da, baina gaurkoz leihatila ixteko tenorea iritsi zaigu. Bestela, erreklutatze kanpaina bat egiten ari gara, geriatriko eta enparauetatik, kide kualifikatu berriak txaluparatzeko asmoz.

Zer lortu nahi duzue insubordinazio hutsa den bitakora horrekin?
Argi eta garbi esango dugu: fortuna egitea. Eta sosik ezin bada irabazi, bada, galbidean diren baloreen zabaltzea: Familia, Jainkoa eta Aberria. Bidenabar, gurekin bat egiten duten gizaseme guztiei dei egiten diegu, popatik hartzera joan daitezen. Ez dugu gutarrik nahi gure blogean. Beste guztientzat ateak irekirik daude. Are gimnasioan giharrak landu zaleak baldin badira, bistan da.

Insubordinazioak bere lehen fruituak eman ditu, orain arte zeneukaten .blogspot gunea itxuragabeki itxi baitute. Manifarik antolatu behar duzue?
Bart hitz egin genuen Raxoi jaunarekin eta, agenda nahikoa estu badu ere, alderdiko militantzia mugiaraziko duela ziurtatu zigun. Oraindik ere .blogspot guneko mandatarien barkamen eskakizunen esperoan gaude. Hirugarren ardo botila eskatu dugu dagoeneko.

Vascuencea, dialectoa eta la lengua del imperio erabiltzen dituzue. Behin bati poliglota deitu nion eta irain modura hartu zuen...
Gu ez gaituzu irainduko, poliglota hutsak baikara. Hori esaten digu, behintzat, gure amak. Dakizkigun hizkuntzak erabiltzen ditugu, ez besterik. Eta gure balizko irakurleek dakizkitenak ere bai. Etorkizunean, nolanahi ere, hizkuntza berriak erabiltzeari ez diogu iskin egiten. Ez Ronaldinhok bezain ongi behintzat.

Orain serio. Zergatik hizkuntz-hirutasun hori?
Bada, bizitza bera hirutasunez betea dagoelako: Aita, Semea eta Espiritu santua, Ronaldinho, Eto´o eta Messi, hanburgesa, gazta eta ketxupa... Orain serio: bizitza bera hirutasunez betea dagoelako.

Eta bukatzeko elkarrizketa hau egiteko motibo nagusia... Nola lortu duzue nire e-posta?
Oso erraz. Abaltzisketako izeba Mari Pilik eman zigun. Donostiyan egon ginen aurreko batean berarekin eta, portzierto, zure izebak kafesnea ordaindu gabe alde egin zuen txurro-dendatik.

Ah! Orain ulertzen dut zergatik ekarri zituen aurrekoan txurro batzuk taperware batean!



Bisita ezazu: http://taperware.mundua.com/

martes, 20 de marzo de 2007

El Columpio Asesino taldea Mexicon izango da

Iruñako taldea Vive Latino 2007 jaialdian izango da zuzenean, maiatzaren 5 eta 6 bitartean ospatuko dena Mexico Hirian.Hegoamerikako jaialdirik garrantzitsuenetarikoa da aipatutako Vive Latino eta besteak beste, Devendra Banhart, Sargento García, Volován edo Gustavo Cerati bezalakoekin arituko dira. Iaz 125.000 pertsona baino gehiagok hartu omen zuten parte aipatu jaialdian.

El Columpio Asesino taldea urtarrilan egon zen Mexicon "De Mi Sangre a Tus Cuchillas" diskoa aurkezten, bertako Astro Discos diskoetxearen eskutik. Orain, bueltan izango dira maiatzaren 5 eta 6an.

Bestalde, talde iruñarrak webgune berria dauka. Hobeto esanda, irekita zuen webgunea berriztu du, eta gehiagotan egitea agindu dute, "baina pasatu gabe".

Info +: www.elcolumpioasesino.com

lunes, 19 de marzo de 2007

Dacia: zibilizaziotik automobilera

Harluxet hiztegi entziklopedikoak honela definitzen du automobila: 1. iz. Motore batek eraginik dabilen ibilgailua, lau gurpilekoa eta lauzpabost bidaiari garraia ditzakeena. 2. izond. Berez, kanpoko laguntzarik gabe, higi daitekeena. Definizio honi kotxea kapitalismoaren ikurretako bat dela gehituko nioke nik. Maiz pertsonek erabiltzen ditugun auto markei esker zein klase sozialekoak izan gaitezkeen igarri dezakegu.  Telebistako iragarkiak ikustea baino gauza hobeagorik ez dago horretaz jabetzeko. Automobilen publizitateak kapitalismoak askatasuna ulertzeko duen modua deskribatzen digu: "libre izango zara zuk nahi duzun lekura joan zintezkeelako". Askatasuna noski, hori baino gehiago da, eta gainera beti erabil daiteke garraio kolektiboa. Baina tira, haria ez galtzeko: auto markak estatuen ikurrak ere badira. Ez da nire asmoa publizitatea egitea, baina nork ez ditu kotxe alemanak, suediarrak, japoniarrak, etab. marka jakin batekin identifikatzen?
Errumanian ere gauza bera gertatzen da. Dacia (euskaraz datsia ahoskatua) da automobil "nazionala", nahiz eta hori aldatzen hasia den. Bloke Sobietar ohiko herrialdeetan maiz topatzen dugun dualtasun historiko bera ematen da hemen ere. Adibidez errepublika "sozialistan" bizi ziren errumaniarrek kotxe marka bakarra erosteko askatasuna zuten, gaur egungo errepublika "demokratiko" eta kapitalistan berriz kotxe marka eskaintza handia duten arren, pribilegiatu gutxi batzuek bakarrik eros ditzakete atzerriko modelo horiek.

Errepidean Dacia ilarak ikustean beste garai batean nagoela imajinatzen dut, baina ez da ilusio apaletik pasatzen. Dena den, Hernanin nengoeneko Xabi eta Gariren gogo biziaz oroitzen naiz niri Dacia kotxeak zeintzuk ziren erakutsi nahian. Beldurrik gabe esan diezaket xarma berezia duen kotxe hau jada ezagutzen dudala.

Hala ere, Dacia automobil bat baino gehiago ere badela irakasten digu historiak.  Harluxet hiztegi entziklopediko miragarria berriz ere zabalduz gero Dacia kotxeari izena ematen dion Dazia zibilizazioaz gehiago jakin dezakegu: Europako antzinako eskualdea, gaurko Errumanian. Meategi aberatsen lurraldea, gatazka luzeak izan zituen Erromatar Inperioarekin. Trajanok menperatu (101-06) eta erromatar probintzia bihurtu zuen. Aureliano enperadoreak godoen esku utzi zuen (275).

Kasualitatea izan edo ez, historiak errepikatzeko joera du. Daziarren mundua inperio erromatarrak irentsi zuen, Dacia estatu enpresa frantsesek irentsi zuten bezala. Enpresa enblematiko hau jabetza atzerritarrera pasatu zen diktadura gori-gorian zegoenean. Nola zen posible bere burua sozialistatzat eta abertzaletzat jotzen zuen herrialde batek estatuko enpresa karismatikoenetako bat pribatizatzea?

jueves, 8 de marzo de 2007

BERRI TXARRAK, GERO ETA HANDIAGO

Atarrabiako Totem-en izan ginen, larunbateko betekadaren lekuko izateko

Libre C disko arrakastatsu eta borobila argitaratu eta gero, Aitor Orejak taldea utzi zuen. Ondorioz, iluntasun garai batean sartu zen talde nafarra, baina argi utzi zuten hau ez dela behin ere gelditzen. Hirukote bezala jarraitzeko erabakia hartu eta Jaio.Musika.hil argitaratu zuten, arrakasta errepikatuz. Horren ondoren estatu mailako birak, Rise Against-ekin Europan zehar ibiltzea eta aurtengo Azkena-n jotzea etorriko ziren.



Atarrabiako Totem-en izan ginen, larunbateko betekadaren lekuko izateko (igandean ere jo behar izan zuten, sarrera-eskaera zela eta).



Kontzertua irekitze lanetan Alacant-ekoVirgen taldea izan genuen, pasa den urteko Festimad arraroan jo eta Primera vez euren lehenengo diskoarekin estatuan zehar kontzertu ugari ematen ari direnak. Eta ez da harritzekoa, izan ere emanaldi interesgaria eskaini zuten, emo-core-aren zaku handian sar genitzakeen kantuak era indartsuan jo eta Glassjaw, Underoath edo Ionic spell-eko Standstill gogora ekarriz.



Berri Txarrak-en txanda iritsi zen hortaz, eta atzerriko talde handiren batek sortuko lukeen ikusmira bera nabaritu nuen inguruan, mota guztietako jendearen artean. Hardcore kontzertu batetara etorri zen jendea zegoen, Iruñeako talde askotako partaideak, hurrengo astean Kauta ikustera ere hurbilduko ziren neska-mutil gazteak...



Azken aldian ohikoa den bezala, Psicosis filmeko soinu bandarekin egin zuten taula gainean agerraldia. Kontzertua Rage Against the Machine-en Testify kantuaren riff-a joz hasi zuten, ondoren euren errepertorioan murgiltzeko. Handik aurrerakoa yankee-ek sing along deitzen duten horietako bat izan zen, karaoke bat, ikuslegoak kanta guztiak hasieratik bukaerara kantatu baitzituen. Dena den, kontzertuak bere alde kaxkarragoak ere izan zituen. Alde batetik, soinua ez zen espero bezain ona izan; indarrik gabe, bolumen faltagatik agian, entzun baitzitzaion taldeari. Bestetik, Gorka ez zen bere onenean, gaixo baitzegoen, nahiz eta nabari ez zedin ahaleginak egin zituen. Nirvanari ere omenaldia egin nahi izan zioten eta Something in the way hunkigarria eskaini ziguten, Gorkak izugarri ongi interpretatua.



Azpimarratzekoa Virgen-eko mutilekin erakutsi zuten hurbiltasuna, Denak ez du balio kantuan igotzera gonbidatu baitzuten abeslaria, Tim McClarath-en papera bete zezan.



Ona izan zen kontzertua, baina bikaina izan zitekeen beltzune horiek eta intentsitate handiagoa gehituz gero, entzulegoaren aldetik dena euren alde baitzuten. Seguruenik Asia eta Europan zehar eramango dituen hurrengo biran gau hobeak izanen dituzte.


 

Thessalonikki halabeharrez

Orient Expreseko geltokira lagundu didate Fabrizio eta Nicolak. Agurren unea iritsi da. Hemen Istanbulen bakoitzak bere bideari jarraituko dio. Iragan dira Turkia zeharkatzen elkarrekin emandako egunak. Fabriziok azken momentuko hegaldi bat eskuratu du Milanera, eta Nicola Varna izeneko Bulgariaren kostaldeko hiri turistikora doa nazioarteko auzolandegi batera. Nik Belgradera itzultzeko asmoa dut, txundituta utzi baininduen.
Txartelak saltzen diren leihatilara hurbildu gara eta azken orduko sorpresa batekin egin dugu topo. Dirudienez Bulgariako trenbideak obretan daude eta beraz Istanbul-Sofia-Belgrad linea ez dabil. Segituan urduri jarri eta gaizki esaka hasi naiz. Horrelakoak azken momenturarte itxaroteagatik gertatzen zaizkit! Fabriziok ni lasaitzea lortu du. Sofiara autobusean joatea baztertu eta Salonikara joan behar dudala erabaki dut. Beste behin inprobisatu behar! Handik Serbiarako trenak egongo dira seguruenik. Orain bi urte interrailean genbiltzala Greziar Mazedoniako hiriburua bisitatu genuen Gorkak, Xabatek eta nik. Garai hartan Ljubljanara zihoan trena galdu ostean derrigorrez geratu behar izan genuen gaua pasatzera. Han emandako 24 ordu luzeak ilunak izan ziren. Gogoan dut itsasontzi gabeko Paralia izeneko kai amaigabea, kotxeak eta bero heze itsaskorra.

Fabrizio eta Nicolari zorte ona opa diet eta elkarrekin Salonikara eramango nauen treneko bagoian argazki bat atera dugu oroigarri modura. Poliki-poliki urruntzen ikusi ditut beraien aurpegi tristeak.

Goizeko zazpietan Marcus jatorri greziarreko mutil alemanak hitzartu nau. Gauzak hartu eta geltokira irten baino lehen agurtu dut bera. Zaindegian motxila utzi eta greziarren Thessalonikki birdeskubritzeari ekin diot. Hirigunera zuzenean ibiltzen joan naiz aurretik ezagututako leku batek ematen duen lasaitasunari esker.

Hiri berri hotz baina sutsua da Salonika. Erromatarraren garaian hiri oparoa  izandakoa, gaur egun ere hala izaten jarraitzen du. Greziako bigarren hiri handiena eta kosmopolitena da. Zerikusi gutxi du Atenasekin. Athina handia monumentu ikusgarriez osatua dago, Salonika ordea ez: aztarna arkeologikoen egoerak ez dio irudimenari tarterik ematen. Dena den badira estilo bizantziar, otomandar edo judutarreko monumentuak eta hauen artetik lasai asko paseatu daiteke mediterranear itsasoko kresalak masailetan jotzen dizun bitartean.

Zentrora iritsi berria zerbait edatera gelditu naiz gazte koadrilak eserita dauden plaza batean. Pintadek goitik behera betetzen dituzte inguruko paretak. Bat-batean Salonikan duela bi urte ospatutako Europako estatu buruen Gailurrean izandako istiluetaz gogoratu naiz. Noski! ordukoak izan behar dute pintadek. Istiluetan 200 lagun baino gehiago atxilotu zituzten eta zazpi anarkistak oihartzun handiko gose grebari ekin zioten.

Plaza atzean utzi dut ez ordea duela bi urteko protesten oihartzuna. Aldarrikapen oihu horiek gauean tren estaziora nirekin eraman ditut bueltan. Irribarre batez neure buruari galdegin diot: zeinek dio bigarren parteak onak ez direnik?

Batz(wo)man eta Txomin, gure superheroiak

Aspaldi samar izan genuen Batzman eta Txominen berri, baina oker ez banago inoiz ez genituen eremu lauetara ekarri. Gaur aitzakia ederra dugu, prekarietatearen aurkako superheroiek DVDa kaleratu baitute
Donostiako Gelditu plataformak kaleratu du superheroiek Urchegi esplotatzailearen aurka izan dituzten borrokaldiak kontatzen dituen trilogia hau. Baliabide gutxirekin egindako lanak izan arren, ikusleak berehala igarriko du bideoek irudimena eta umorea soberan dituztela. Horiek izango dira gorbatadun banpiroen lan baldintza okaztagarriekin bukatzeko XXI. mendeko proletarioen tresnak.

DVDak dakartzan berrikuntzen artean azpimarratzekoa da prekarietatearen aurkako superheroiek hirugarren bideoa osatu dutela. Batzmanek ordezkoa aurkitu du laburmetraia berri horretan, izan ere, emakumeen lan baldintzak nolakoak diren ikusita, Batzwoman izango da  azken bideoko protagonista.

Lortuko ote du Batz(wo)manek prekarietatearekin bukatzea? Zer jukutria berri prestatuko du Urchegi banpiroak langileak esplotatzeko? Ez dakigu, egia esan. Badakiguna zera da, nazioartean lehenago ere antzeko esperientziek arrakasta handia izan dutela. Hor dago, besteak beste, Mexikoko Superbarrio Gómez, hango borroka sozialen ikono bihurtua.