lunes, 30 de abril de 2007

Unai Elorriaga: "Nahita bilatzen dut sinpletasuna, baina batzuek sinplekeriarekin nahasten dute."

Orain arte bi urterik behin argitaratu izan du nobela bat, eta aurten tokatzen zaio. Hala ere, laugarren nobela zertxobait luzatuko dela esan digu algortarrak, baina baduela lana esku artean. Itzulpengintzaz, literaturaz eta unibertsaltasunaz eman digu iritzia, besteak beste, etiketez nekatuta dagoen idazle honek.

Zertan zabiltza orain? Proiektu berririk?


Laugarren nobelan nago lanean: Londres kartoizkoa da. Aurreko hirurekin konparatuta desberdinena da. Estilo sinpleagoa eta egitura konplexuagoa. Bestalde SPrako tranbia (Elkar, 2001) zinera eramateko lanetan dihardute eta iritzia eskatzen didate zenbaitetan.


Denetarik egin duzu: nobelagintza, saiakeragintza, itzulpengintza... zein duzu nahiago?


Gauza asko egin ditut baina bakoitzetik gutxi. Denak dira diferenteak; batak duena ez dauka besteak.


Itzulpengintzaz, behin, esan zenuen, Euskal Herrian liburua itzultzen dela, ez literatura. Zelan ikusten duzu euskal itzulpengintza egun?


Sasoi batean euskal itzulpengintza oso eskasa izan zen. Liburuak itzultzen ziren literatura kontutan hartu gabe; eta ez da gauza bera testu administratibo bat eta nobela bat. Oinarrian dagoen arazoa ekonomikoa da, ez dago dirurik. Eta dirurik ez badago itzultzaileek oso denbora gutxian amaitu behar dute lana, eta horrela ezin da itzulpen onik egin. Egoera hobetzen doa baina oraindik asko falta da.


Zeure beste aipu bat hona ekarriz: "Itzulpena nobelek behar dituzten berridazketa dira, baina beste hizkuntza batean". Horregatik onartu zenuen SPrako tranbia zinera eramatea? Finean beste lengoaia bat da zinearena...


Gauza askogatik onartu nuen zinearena: Zuk asmatutako zerbait errealitatera eramatea, aktoreek zure testuak ikastea... hori pasada bat da. Zuk sortutako testu txiki batetik mundu bat sortzea ikaragarria da.


Gero gerta liteke zuk zeneukan ideia eta zuzendariarena bat ez etortzea.


Nik nire lana liburua bukatzerakoan amaitu nuen. Filma zuzendariaren lana da, ez nirea. Niretzat sari moduko bat da eta horregatik laguntzen diet ahal dudan heinean. Baina pelikula zuzendariaren lana da, berak dauka azken hitza.


Euskaraz izango da?


Ez, gaztelaniaz.


Lan bikoitza bada ere, zuk gazteleratu dituzu zeure nobela guztiak; zer dela eta?


Lan bikoitza edo laukoitza! Kar-kar. Baina kontua da zuk baino hobeto ez duela inork egingo. Lan handia da, baina egiteko aukera daukat eta egin egiten dut.


Zeure nobelak izanik, itzultzerakoan gazteleratu baino ez duzu egiten ala berridazten duzu testua? Asko aldatzen da hizkuntza batetik bestera?


Xehetasun txiki batzuk bai aldatzen dira, batik bat elkarrizketak. Eta horrek pertsonaien izaera pixka bat moldatzen du. Duela gutxi esan didate gaztelaniaz euskaraz baino azalpen gehiago ematen ditudala; inozoak balira bezala tratatzen ditudala gaztelaniazko irakurleak. Kontua da euskaraz oso zuzen esaten diren zenbait gauza gaztelaniaz zakarregi geratzen direla. Orduan azalpen gehiago eman behar dira eta esaldi luzeagoak idatzi. Baina funtsean nobela bera da.


(Elkarrizketaren bigarren zatia: 2007-V-3an, ostegunean)

viernes, 27 de abril de 2007

Bilbao Hiria pop-rock lehiaketa: azken saioak

Ia astero joaten gara Bilbao Hiriako zitara, Bilborock aretora, Bilbora. Eta ia astero sorpresatxoren bat hartzen dugu, batzutan ona bestetan txarra.  Kasu honetan sorpresa erlatiboa zen, hiru taldetatik bi ezagunak baikenituen: Le Noise, Hong Kong Dollar eta Los Tiki Phantoms.Egia esan ez genekien taldeen ordena, eta Hong Kong Dollar zenez a priori interesatzen ez zitzaigun bakarra arratsaldeko zortzietan abiatu ginen Bilborockera. Halere, berandu heldu ginen, eta Le Noisen emanaldia hasita zegoen jada. Bi galera garrantzitsu zeuden taldearen baitan (kitarrra-jotzaileetako bat eta teklatu-jotzailea) eta sei ziren bakarrik (bakarrik!) taulagainean. Eten taldeko Unai eta Ibon, The Boogie Punkers taldeko Carlos Beltrán zeuden besteak beste taula gainean. Gero kontatu zigutenez azken ordurarte zalantzan egon zirela jo edo ez, eta gu zinez pozten gara azken erabakia baiezkoa izatea, izan ere, ez zen batere gaizki egon. Nick Caven alderdi ilun eta errepikakorrena, pasarte instrumental luze eta basatiak, instrumentazio zoro batekin (xilofonoa, saxoa, tronpeta…) nahastuak. 10 minututik gorako abestiak, guztirako denbora ematen dutenak: kaosa, lasaitasuna, oihuak, inprobisazioa. Diskoa grabatu berri dute, baina beraiek ere ez dakite norekin kaleratuko dute. Denbora beharko dugu hortaz emaitza entzuteko.

Gero Hong Kong Dollar izan ziren taula gainera igo zirenak. Belgikatik zetozen, eta hain urrutitik datozen taldeek normalean beste modu bateko jarrera azaltzen dute. Ez dakit profesionalago diren edo teknikariek esfortsu handiagoa egiten duten, baina soinu izugarria atera zioten Bilborock aretoari. Wilco, The Shins edota The Flaming Lips handien influentzia nabari zitzaien, bi teklatu eta bi kitarra erabiltzen zutelarik. Gaztelania praktikatzeko aprobetxatu zuen abeslariak, frontman kanpotarrek egin ohi duten bezala (jakingo ote dute hemen euskara ere erabiltzen dugula? “eskerrik asko” hitza zailegia egiten zaie? “Gracias” baino gehiago? Txorakeriak aparte, asko gustatu zitzaigun taldea: belaunaldi berriko rock amerikarra, aipatutako taldeen itzalean, non hammond-ek pisu garrantzitsua duten, tempo erdiko riff-ekin, eta hegoaldeko ikutuekin.

Hirugarrenak Los Tiki Phantoms izan ziren. Hauek ikustera etorri ginen gehienbat, eta ez zuten inor epel utzi. Surf-a egiten dute, eta surf-a beti da surf: Los Coronasek, The Longboardsek, Los Tiki Phantomsek edo The Uskisek egin. Gero mailak eta mailak daude. Eta Bartzelonako taldea Estatu espainiar mailako gorenekoetan dago, batez ere zuzenekoari dagokionez. Burezurrak iradokitzen zituzten maskarekin eta jantzi eleganteekin taularatu zen laukotea. Koreografiak, dantza zoroak, eta showa, letra larriz.

Badakizue zer daukan zoragarri Bilbao Hiria lehiaketak? Kontzertu guztien bideoak ikusi daitezkeela. Bilborockera joateko aukerarik ez bada, etxean eroso-eroso kontzertua jeitsi. Baina noski, guk ez dugu hori gomendatuko, ez bakarrik xarma guztia galtzen duelako, kultura bertan bizitzeko jaio delako. Halere, hemen Bilbao Hiria lehiaketako kontzertuen bideoak

viernes, 20 de abril de 2007

Timisoara, loreen hiria

Timisoara Nord tren geltokia. Goizeko 5:03, ilun oraindik. Egunak dira udaberriko lehen zantzuak agertu zirenetik, baina hala ere gaurkoan hotza etorri da bisitan. Tren estazio kanpoko zero graduek beldurra ematen dute. Zer demontre egiten dut orduan nik hemen? galde egin diot neure buruari. Nire kalkuluen arabera oraindik ordu bat eta erdi falta da lehen eguzki izpiek bazterrak berotzeko. Hortaz, Errumaniako tren geltoki handi batek eskaintzen duen ikuskizun sozio-antopologikoaz gozatzeko prestatu naiz. Itxaron gelara bero bila hurbildu naiz baina gaur bezalako egun hotziletan etxebizitzarik gabeko pertsonek euren bizileku bilakatu dute eta leporaino dago. Telebistako zaratak gidaturik geltokiko kafetegi zuloan amaitu dut ciocolata calda goxo bat hartzen.
Txokolateak beroa eta kalera irteteko ausardia eman didan arren kanpoan berriz ere minutu gutxi batzuen buruan sudur puntatik behera isurtzen zaidan muki ura izoztuta geratu zait. Hotzarekin dardaraz nagoela konturatu naiz. Hankei eragitea da gelditu zaidan irtenbide bakarra. Katedral parera iritsi naizenean jendearen atzetik beste ardi bat banintz bezala tenplu erlijiosoan sartu naiz. Han, zutunik baina bero, meza ortodoxoa irensten hasi naiz. Apaizek otoitza abesti eder bilakatzen duten bitartean jendea etenik gabeko sartu-irtenean dabil. Errumaniako denda askoren antza hartzen diot nik honi. Badirudi elizak ere non stop zerbitzu mota gehitu diola bere programari. Elizatik irten eta oraindik hor jarraitzen zuten otoitz eztien oihartzunek.

Timisoara Balkanetako hiri atsegina da. Parkeak eta hiriaren arteko bat egite liluragarria. Izan ere, zentroan bederatzi berdegune handi daude. Horrez gain hiria zeharkatzen duen Bega kanalak aurreko guztiari bohemiar kutsua ematen dio. Urteko sasoi honetan gainera, aranondoen arrosa koloreko loreek hiria apaindu eta alaitzen dute. Zeruan eta sasitan dauden bele, zozo eta mikei esker ez balitz Errumanian nagoela ahaztuko nuke. 

Arratsaldeko zazpietan erabat gautu du. Egunsentitik iluntzera atsedenik hartu gabe bueltaka ibili naizela konturatu naiz. Energiak berritzeko garaia iritsi da. Lotara joan naiz bele segizio baten laguntzaz.

jueves, 19 de abril de 2007

25urte ta gero Barricada auzoan da

25 eta gero, leku berdinean eta ordu berdinean, Barricada taldea taula gainera igo egin zen. Sorpresaz emandako kontzertua izan zen, ahoz aho zabaldu zena. Giro paregabea sortu zen Txantreako Plazan, eguzkia, garagardoak, eskolako haurrak, garai bateko rokeroak, jubilatuak paseoan eta gutxinaka gutxinaka auzora gerturatu ziren ehunka zaletuak. 25urte geroago, zorionak Barricada.

Goizean goiz enteratu nintzen albisteaz. Barricadak bapateko kontzertua emanen duela Txantreako plazan. Azkar korrika eta presaka jeitsi nintzen Iruñeko auzo honetara. Jende gutxi oraindik bertan. Amonak eta jubilatuak erosketak egiten, pare bat haur plazan jolasean eta erdian kontzerturako prest zen ekipoa jada montaturik. Anpliak El Angel-en tabernatik ateratako mahaien gainean jarrita, Barricada-ko kideak banku batean eserita garagardoa edaten eguzkitan. Inguruan lagun aunitz, Marino Goñi Gor-ekoa, Kutxi Romero Mareakoa, Tonino Carotone...


Kontzertua puntual hasi zen, eguerdiko hamabietan duela 25urte bezala. Egun horretan, 1982an, azoka eguna zen Txantrea auzoa. Herri azoka, udaletxeak indarrez auzotik eraman zuena. Plaza erdian eta inolako baimenik gabe jotzen jarri ziren Barricadako gazteak. 25urte pasata, ekitaldi hura gogoratu nahi izan zuten taldeko kideek. Txantrea Barrio Conflictivo kantarekin zabaldu zuten kontzertua, nortasun handiko auzoari eskeinitako kanta. Haren atzetik etorri ziren No hay tregua, Okupazion eta Blanco y negro abestiak.


Gutxinaka gutxinaka eta ahoz ahoz berria zabalduta, jende andana bildu zen Txantrean. Eguzkipean, garagardoa edaten eta Barricadaren emanaldiaz gozatzen. Kontzertu motza izan zen, ordu erdikoa, udaletxeak jarritako traben ondorioz. Hala ere, zapore ezin hobeagoa utzi zuen jendaretan. "Auzokoak dira, betidanik. Gazte gazte hasi ziren jotzen bertan, haien ile luze eta kixkurrakin" komentatzen zigun bukaeran 70urteko Txantreako auzolagunak.


25urte bete ditu Barricadak. Nafarroak inoiz eman duen talderik handi eta ezagunena. Ospatzeko bira hasi du berriki taldeak. Aretoak eta eskenatokiak berriz ere beteko dira betiko abestiak gogoratzeko.

B. Sarasola: "Nire sentimentuak hitz bihurtzen, biluzten, saiatu naiz poema hauetan

Beñat Sarasola donostiar gazteak Kaxa Huts Bat izeneko poema-liburua aurkeztuko du ostiralean. Susak argitaratu du eta jada sarean irakur daiteke hemen. Eremulauakek inork baino lehen idazle gazte, berri eta gazte honekin egoteko parada izan du eta berari egindako elkarrizketa duzu eskura oraingoan. Taberna batean geratu gara elkarrizketa egiteko. Beñatek ebakia eskatu du, guk, kafesnea. Kamiseta berde bat eta galtza bakero beltz batzuk daramatza eta “egunon” esan digu elkar ezagutu dugunean. Off the record esan digu elkarrizketa hau, ematen duen lehenengoa denez, eredu gisa hartu dezaketela gainontzeko medioetako kazetariek, horrela ez dela aritu beharko gauza berberak etengabe errepikatzen. Banatu eta zabaldu, beraz.
Eremulauak: Noiz hasi zinen idazten?

Beñat Sarasola (1): Literatura esan nahi duzu?

Eremulauak: Bai… (zalantza egiten du) hori da, literatura; hau da, noiz hasi zinen sormen lanean?

B.S (1): Ez naiz gogoratzen.

Beñat Sarasola (2): Hamabost urterekin-edo, ikastolako euskarako irakasleak Urruzuno literatur lehiaketan lanen bat aurkezten bagenuen puntu erdia igoko zigula esan zigunean. Ez dut zinikoa izan nahi. Ez dut aurkitzen literaturan hasteko hori baino modu baztergarriagorik, makurragorik. Benetan diot.

Eremulauak: Zertarako idatzi?

B.S (1): Galdera ona.

Eremulauak: Zergatik poesia?

B.S (1): Garai batean poesiak iraultza burutzeko balio zuela uste zen. Beranduago, poesiak ezertarako balio ez zuela esaten zen. Gaur egun, poesia idaztea ekintza subertsibo bat da, ilegala ia, ñoñoa, lotsarazteko modukoa. Ezkerrekoak eta eskumakoak, abertzaleak eta munduko herritarrak (barkatuko didate baina euskaraz herritar esan behar omen da hiritar beharrean) ados daude horretan. Molotof koktel bat jaurtitzea sistemak arazo gabe jasan dezakeen ekintza burges-txikia da poesia idaztearen alboan.

B.S (2): Poesia arte espresio gorena da. Sari literario guztiak prosazko lanei ematen dizkiotena da horren froga garbiena.

Eremulauak: Sariei buruz diharduzula aprobetxatuz…

B.S (2); Ez, mesedez, ez; galdetu beste zerbait.

Eremulauak: (entzun ez duenarena eginez) zer iruditzen zaizu Euskadi Sarien inguruan sortu den eztabaida?

B.S (2): (…)

B.S (1): Funtsean, epaimahaikideak aldatu behar dira. Nire proposamena: epamahai permanente bat. Arnaldo Otegi, Patxi López, Begoña Errazti, Aintzane Ezenarro, Javier Madrazo, Maria San Gil eta Koldo Ordozgoiti. Epaimahaiburua, Ordozgoiti jauna, jakina (berdinketa egonez gero kalitatezko botoa bere esku).

Beñat Sarasola (3): Ondo legoke “Utikan”ekoek euren sari propio eta alternatiboa sortzea. Xakean urtetan egon den egoera edukiko genuke horrela, bi irabazlerekin, baina aldi berean, benetako irabazlerik gabe. Oraingo egoera baino askoz ere sanoagoa dudarik gabe.

Beñat Sarasola (4): Ez nago bat ere ados.

Eremulauak: Bon, bon, bon, alda dezagun gaia. Zeintzuk dira zure influentzia literarioak?

B.S (1): Ez dut influentzia garbirik.

B.S (2): Agha Shahid Ali, Anna Ajmátova, James Schuyer, Langston Hughes, Ágnes Gergely, Anselm Hollo eta Reiner Kunze baita ere apur bat, batez ere bere auf eigene hoffnung liburuan.

B.S. (4): Homero, Biblia, Virgilio, Petrarca, Dante, Shakespeare, Góngora, Goethe, Baudelaire, Mallarmé, Breton, Eliot, Montale eta Ashbery.

B.S (5): Telésforo Monzón eta Joseba Sarrionandia.

Eremulauak: Eta zergatik Kaxa Huts Bat?

B.S (1): Izenburu erredundantea da, egia esan.

B.S (2): Oteizaren omenez.

B.S (4): Harenak metafisikoak zituan, ez hutsak.

B.S (2): Horrexegatik, bere ideia jaso dut hutsaren beste ideia oteiztarrarekin konbinatuz urrunago joateko.

Eremulauak: Baina Marxek esan zuen bezala, historiako gertaerak bi bider jazotzen dira: tragedia gisa eta fartsa gisa.

B.S (1, 3, 4, 5 eta batez ere 2): (…)

Eremulauak: Zenbat du autobiografikotik liburu honek?

B.S (1): Asko, asko. Barru-barrutik ateratako liburua da honako hau, nire sentimenduak hitz bihurtzen, biluzten, saiatu naiz liburu honetan. Poetak, oroz gain, zintzoak eta egiatiak izan behar dira.

B.S (4): Hau da, bere penak kontatu behar ditu.

Eremulauak: Asko kosta al zaizu publikatzea?

B.S (4): Jende guztiak daki zeinen erraza den euskaraz publikatzea.

B.S (1): Bai. Urteak eman ditut literatur lehiaketetara lanak bidaltzen baina ezer ere ez. Ez didate kontsolaziozko sari ziztrin bat eman, ezta Txoritokietako Haiku Lehiaketan ere (errespetu guztia Txoritokietari, esan gabe doa). Editorial guztietan ate joka ibili naiz baina denek bidali naute antzarrak ferratzera (baita hain moderno, berritzaile eta irekiak ei diren Eremulauakeko horiek ere, ez omen zen bideragarria ekonomikoki). Susakoek hasieran esan zidaten ezetz, nire poemek ez zutela deus balio baina nahi banuen Spot bat egin nezakeela. Azkenean, ordea, pena emango nien eta publikatzea onartu zuten. Hori bai, ez dakit esan beharko nukeen baina egundokoa izan da editorearen lana.

Eremulauak: Zer iritzi duzu euskal gatazkaz?

B.S (4): Nola?

Eremulauak: Euskal gatazka, el conflicto vasco.

B.S (4): (…)

B.S (1): Orain ohartu naiz Euskadi Sarietako balizko mahai horrek normalizazio politikorako mahai gisa balio dezakeela ere… agian.

B.S (2): Ez zait politika interesatzen.

B.S: (5): Kontua erraza da. Eragile ezberdinen konpromiso errealen eta bakoitzaren erantzukizun politikoaren kudeaketaren araberakoa da Prozesuaren bideragarritasuna.

B.S (3): Ni Egibarren aldekoa naiz.

Eremulauak: Eta aurrerantzean idazten jarraitzeko asmorik?

B.S (1): Nobela bat dut amaiturik baina orain arte joan naizen editorialetan ez didate publikatu nahi.

B.S (2): Beka bat eman didate AEBetako MITen poesia posmodernoaren inguruan ikertzeko.

B.S (4): Ez dut berriro ezer idazteko asmorik.

Eremulauak: Bukatzeko…

B.S (2): Inpresioa dut ez duzula liburua irakurri.

Eremulauak: (gaiztakeriak egiten harrapatu duten umearen aurpegia jarriz) belaunaldi berri baten parte zarela uste al duzu?

B.S (1, 2, 3, 4 eta 5): Kontxo, gutxi garelakoan ala?




sarasola

Beñat Sarasola

miércoles, 18 de abril de 2007

Durangaldeko musika taldeek badute web gunea

Durangaldeko musika taldeen elkarteak web gunea estreinatu berri du: www.dmte.org helbidean eskualde horretako musikarien lanak, kontzertuen agenda, kaleratzen diren diskoen kritikak, berriak, bideoak... denetarik zintzilikatuko dute.
Info +: www.dmte.org

viernes, 13 de abril de 2007

Björk Bilbon izango da udan

Björk artista islandiarra gurean izango da udan. Zurrumurru anitz entzuten ari ginen azkenaldian honen inguruan, eta dirudienez, konfirmatu dezakegu Björk-ek disko berria, "Volta" izenekoa, Bilbon aurkeztuko duela.Segovian eta Madrilen ere izango da abeslaria, baina Euskal Herrian data bakarra eskainiko omen du, Bilboko Guggenheim museoko zelaigunean (Ez BEC-en, hasieran esan zen bezala). Uztailaren 13an izango da , eta momentuz hau da aipatu dezakegun guztia. Gehiago jakin orduko, beti bezala, hemen jakinaraziko dugu.

Kontzertu andana izango da uda honetan Euskal Herrian, jaialdiez gain.

Info +: hemen

martes, 10 de abril de 2007

Kritikariaren scusatio non petita

Literatur kritikariaren lana ez da begi onez ikusten den jarduna, gauza jakina da. Oro har, idazleek ez dituzte sobera estimatzen, adibidez, hamar urtetan burututako lan gogorra ordu erdian idatzitako kritika batek bidali ei dezake pikutara eta. Irakurleak, kritikarien jarraitzaile fidelenak izanagatik, ez dute inoiz onartuko euren iritziak aintzat hartzen dituztenik. Kritikariaren itzalean beti daude galdera bertsuak: nor zara zu halako judizioak egiteko? Zeren arabera diozu honako hau eta honako bestea? Ez al zara idazle frustratu bat izango ala? Hitz bitan, esan daiteke kritikaria dela literatur sistemako “maltzurra”.
Egoera honetan, sarritan kritikariek euren burua zuritzeko beharra sentitzen dute, horren maltzurrak ez direna aldarrikatuz. Horrelako zerbait gertatuko zitzaion berriki Noticias de Gipuzkoako Iker Zaldua kritikariari, Katixa Agirreren Sua Falta Zaigu liburuari egindako kritikan (Kritiken Hemerotekan duzue). Bertan galdetzen dio bere buruari, beste inork aurrez galdegin ez dion arren, ea zer ote den ona izatea; ona zentzu estetikoan esan nahi baita, hau da, zein irizpideren arabera esan daitekeen liburu bat ona dela. Eta bere irizpidea arras garbia da: liburu bat ona da baldin eta kritikariari gustatu bazaio. Iker beraren hitzetan: “Nire irizpidea sinplea bezain zehatza da, gustatu egin zait (liburua)”. Bere kausarekin solidarioa naiz ezbairik gabe, kritikariaren  jarduna duina eta beharrezkoa dela sinetsita nago, baina hemen kritikariak hanka sartu duelakoan nago. Umiltasun deklarazio bat dirudi Ikerren aitorpenak. Ez pentsa irizpide konplexu eta erudituetan oinarritzen direnik bere juzguak, Ikerrek kritikarien Olinpo partikularretik jaitsi nahi du, bere burua irakurle xehearen alboan ipini; gustua da bere irizpide xumea, besterik ez. Nire irudirako, ordea, kontrakoa lortzen du. Zeren, horrela, berehala galdetu beharko genioke zergatik bere gustua, irakurle xehearena ez bezala, azaltzen den islaturik Noticias de Gipuzkoako orrialdeetan edota Kritiken Hemerotekan. Zergatik jasotzen dituen liburuak, irakurle xumeak ez bezala, debalde. Eta abar. Kritikariaren juzgua ez da eta ezin da izan inondik ere xehea eta ez du merezi horregatik lotsarazita eta norberaren burua zuritzeko nekeak hartuta ibiltzea. Kritikariari, nik behintzat, bere gustu partikularra ematea baino gehiago eskatzen diot; osterantzean errazegia eta erosoegia izango litzateke bere lana.

Gainera, aitorpen horren kontraesana ere agerikoa da. Kritikariaren irizpidea bere gustu partikularra baldin bada, zertarako argudioz beteta idatzi dituen kritika sorta horiek guztiak? Zertarako Katixa Agirreren liburua gustatu zaiola esan ondoren idatzitako lerro horiek (ipuinen gertutasuna dela eta ez dela)? Gutxieneko karaktereko kopurua betetzearren baino ez?

lunes, 9 de abril de 2007

Gaztezulo aurkezten

Gaztetxulo-Gaztezulo. Gaztezulo-Gaztetxulo. Badakizu zertaz ari naizen ezta? Tradizionalki Donostia inguruan arrakasta itzela eduki duen aldizkariak bere aurpegi berriaren aurkezpena egin zuen. Bilbon. Kafe Antzokian. Kerobia eta Break dantzariak izan ziren oholtza gainean. Eta gainera sarrera doan zen...  Kontzertura berandu heldu ginen, irakurleari gehiegi interesatzen ez zaizkion gorabehera batzuk direla eta. Asuntua da areto bilbotarreko sarreran izaten diren mahai horietako batean Gaztezulo aldizkariaren ale andana topatu genuela. Lehenengo eta behin, izenaz gain maketazioa ere aldatu dutela somatzen dugu. Portadan Ilaski Serrano, Aitziber Garmendia, Sara Cozar eta Larraitz Arando, sexuaz ari omen dira. Gogoratu behar dugu Durangoko Azokarako azala ere gai horri eskaini ziotela, bale Euskal Herrian nahiko beharrean gabiltzala (eta artikulu bat egiteko gai OSO erraza dela), baina barruan gai interesgarriagoak aurkitu ahal dira. Mikel Agote surflariari egindako elkarrizketa, adibidez. Eta argazki eleganteagoekin gainera.

Publizitate instituzionalez hornitutako aldizkari honek (ez dugu hau kritika moduan esaten, datu bezala baino) bere aurrekariaren tendentzia jarraitzen du tematikari dagokionean, publiko nerabe-neounibertsitarioari zuzendutakoa (hau ere ez da kritika bat): ez-dakit-nongo parranda ezinhobea dela, Iñigo Agirrek Kortaturen abestiak kantatzen dituela dutxan... Baina maketazioa oso ondo dago, hori ere aipatu beharra dago, eta disko eta filmen kritikak ere bai.

Asuntua da kontzertu-emanaldi polita aukeratu zutela formatu berria aurkezteko. Heldu ginenerako Kerobiaren kontzertua bere ekuadorrera heldu zen, eta "Rose Escargot" fina orriultzen ari ziren. Egia esan ez geneukan talde honen inguruko erreferentzia onik zuzenean, izan ere, beraiekin gozatzeko aukera izan genuen azkenean Bilbao Hiria pop-rock lehiaketan, orain dela bi urte baino gehiago. Eta taldea ez zen oso fin aritu, gehienbat Xabi Hernandez abeslaria. Oraingoan oso-oso ondo aritu zirela aipatu behar dugu, guzti-guztiak gainera. Teklatu-jotzaileak diferentzia markatzen duen horietakoa da (denbora bere alde duenean Half Foot Outside lagunekin ere aritzen da). Bertan topatu nuen lagun batek aipatu bezala, "ez dute gurpila asmatu, baina egiten dutena oso ondo egiten dute", eta egia da, Keane, Coldplay edo Interpol bezalakoen soinuak hurbil baitituzte. Baina euskaraz.

Oso intentsua izan zen amaiera, eta ondoren Aritz Sound System (aldizkariko kolaboratzailea) eta DZ aritu ziren taula gainean. Reggae eta antzerako doinu pisutsuen inguruan mugitu ziren biak ala biak, eta bapatean, break dantzariak igo ziren eszenatokira. Batzutan ez da gehiegi jakin behar estilo zehatz batetaz: edo gustatzen zaizu edo ez. Eta gustatu zitzaigun. Jauziak, itzulipurdiak, bihurrikari batek bakarrik egin ditzakeen mugimenduak behin eta berriz errepikatuz, batzutan kaskoa buruan zutela. Kafe Antzokian gelditzen zen publiko eskasa animatzen saiatu ziren, eta gutxi horiek break-dancea gustoko zutela somatzen zen, gu bigarren plano diskretu batetan gelditzen ginen bitartean.

Info +: http://www.gaztezulo.com/

lunes, 2 de abril de 2007

Beñat Sarasolak aurki kaleratuko du bere lehen liburua

[Scoop bat]

Beñat Sarasolak aurki kaleratuko du bere lehen poesia liburua. Kaxa huts bat izango du izena eta Susa argitaletxearen eskutik ikusiko du argia. Web gune honek (ez galdetu nola) liburuaren azala lortu du beste inork baino lehenago eta artikulu honekin batera eskaintzen dizue. Bide batez, zera aurreratu nahi dizuegu: egileak bere buruari egindako elkarrizketa bat argitaratuko dugula hemendik gutxira.
Eremulauak.com atarian kritikari, plagio salatzaile eta polemista moduan nabarmendu da Sarasola azken urteetan. Orain beste jauzi bat egitera doa idazle donostiarra, inor indiferente utziko ez duen liburu honekin. Ez galdu bere poemekin gozatzeko aukera!