viernes, 27 de julio de 2007

Burlata Blues

Jazz jaialdi eta emanaldiak nagusi dira udara sasoi honetan. Nafarroa ezberdina da horretan, hemen Blues-az gozatzeko aukera dugu terraza eta garagardo fresko egun hauetan. Burlata izanen da musikazale guzion topagune gaur eta hurrengo ostiralean. Eskenatoki gainean banda lokalak eta nazioarteko Blues-aren erakusle diren talde mitikoak.


 

Epi Blues Band talde lokalak zabalduko du gaur gauean ziklo hau, taula gainean Bo Weavil frantziako banda mitikoa izanen du lagun, Udaletxeak eta Euskalherria Peñak antolaturiko ziklo honen lehen emanaldian. Paristik datoz Bo Weavil-ekoak, 3diska eta 11urteko ibilbidearen ostean, egungo europako Blues banda handienetarikoa da. Gaua borobiltzeko Slackwater Jack taldeaz gozatuko dute, Burlatako Kultur Etxearen aurrean jarritako eskenatokira urreratzen direnak. Estatu Batuetatik datorren talde honek (nahiz eta bateria euskalduna duten) Blues elektronikotik hasi soinu ilunetaraino eramango ditu musikazaleak gaueko saioan.


Hurrengo ostiralean, guztion ezagunak diren musikariak izanen ditugu taula gainean. Esquadron Buck Dharma, Green Manalishi eta Electric Riders taldeetan aritzen diren blues zaleak, Automatic Hand Dryer bandan elkartu dira, 70.hamarkadaren kutsu handia duen kontzertu oso rockeroa eskeintzeko. Haiekin batera Pariseko beste talde bat izanen da Burlatan, Big Dez. Musika azeleratua eta abesteko modu benetan berezia. Ikusi nahi izatekoan Burlatako Kultur Etxearen aurrean, dohainik eta nola ez edateko barra eta guzti!


Aurtengo ziklo hau proba moduan antolatu dute udaletxe eta Euskalherria Peñatik. Gauza ongi badihoa, datorren udaran zabaltzeko asmoa erakutsi dute Burlatatik. Zorte On!

viernes, 20 de julio de 2007

Summercasera joan ginenekoa (II)

Hurrengo egunean, nahi baino gutxiago lo eginda, modernoarenak egiten jarraitu genuen Bartzelonan, Summercase jaialdian.Arratsaldez heldu ginen, 19.30ak inguruan. Orduan The Sunday Driversen kontzertua amaitzen ari zen. Bi abesti inguru gelditu ginen, eta soinu oso polita atera zioten eszenatoki handiari. Aukeratu beharra zegoen, eta Miqui Puigekin gelditu ginen. Bai, Factor X programa nazkagarriko epaileetako bat da, baina kondaira bat da, edo hobeto, Los Sencillos kondaira bat izan ziren, eta Miqui Puig zen Los Sencillosen arima.

Baina gau hartan masak adoretzen zituen maniki bat baino ez zirudien, jendearen mirespenean itota. Ez gara kritika hutsekin hasiko: soilik esango dugu tipo honek gure errespetu guztia merezi zuela kontzertua ikusi aurretik.

Soulsaversen ordua zen, Mark Lanegan handiarekin (Screaming Trees taldekoa, beste hainbat proiektuetaz gain) diskoa grabatu eta zuzenekoetara ere ekarri zutelarik. Lehenengo abestia amaitzerakoan igo zen hau eszenatoki gainera, eta jendearen txalo, oihu eta neurtu ezinezko emozioaz jabetu gabe, esku batekin mikrofonoaren oina hartu, bestearekin mikroa bera, eta abesten hasi zen, bere kasuan ohikoa den tonu monokorde, ozen eta batere intentsitaterik gabekoa. Edo batzuen ustez, sentimendu gehiegi jartzen omen dio Laneganek, eta bere ahots urratuak barruak nahasten omen dizkio jendearik. Niri ez.

DJ Shadow ikustera joan ginen anfiteatrora. Nahiko nekatuak geunden jada, eta agian horregaitik edo agian horrelako sesioetara ohituta ez gaudela, aipatutako DJ-aren sesioa aspergarria iruditu zitzaigun. Hip-hop dosi handiak izan zituen, baina baita funk eta soula. Dibertigarria ere DJa mahai luzearen albo batetik bestera joaten ikustea. Halere, ez genion ordu erdia ere eskaini, izan ere Jarvis Cocker handiak emanaldia hasia zuen jada karpa-krematorioan. Sufrimendu gehiegi barrurarte sartzeko. Lastima beranduegi heldu ginela, eta azkenengo abestia entzuteko aukera izan genuen soilik, baina hori bai, jaialdiko momento gogoangarrienetarikoa izan zen: Eye of Tiger! Survivorren abesti mitikoa, Rocky sagako abesti ezagunena Pulp taldeko abeslariaren ahotsean! Sekulakoa…

Jada ez zeukan zentzu handirik albo batetik bestera ibiltzen egotea, oinek ez baitziguten erantzuten. Azkenak ematera The Gossip taldea ikusten gelditu ginen krematorioan, eta eskerrak. Ikusi hemen nola hasi zen kontzertua, nola amaitu zen imajinatu beharko duzu. Izugarria abeslariaren botere bokala, eta izugarria ere bere inplikazioa showarekiko. Ez zen gelditu! Eta jendeak eskertu zuen, noski. Gero OMDren kontzertua zetorren, batzuen ustez jaialdiko kontzertu interesgarrienetarikoa. Ezjakintasuna zer den: galdu egin genuen. Electralanen kontzertuan sartzen ere saiatu ginen, baina ezinezkoa izan zen, karpa txikian ezinezkoa zen jada.

Air frantsesen emanaldia ikustera joan ginen, behar baino espektatiba gehiagorekin. Daf Punk edo antzeko talde frantsesen antzeko zeozer espero genuen, dantzagarria. Baina ez zen horrelakorik egon, funky-dance doinu lasaiak, nahiko aspergarriak. Edo ez behintzat horrelako jaialdi batetarako aproposak. The Jesus and Mary Chain galdu genuen, hobeto, jakinda Scarlett Johansson handik zebilela eta eszenatokietara igotzea gustatzen zaiola jakinda.

Baina Kaiser Chiefs ezin genuen galdu, nahiz eta gorputza lo genuen jada. Last Minuteko lagunek (gure lagunak baino Javier Sardaren lagunak direla esango nuke nik) jarritako sofa handi batzuetan egon ginen lasai asko, kontzertua urrutitik entzuten, baina gustora. “Everything is Average Nowadays” eta hit guztiak azkarregi erre zituztelaren sentsazio handiarekin, baina pozik, kontzertu kitarrero bat ikusteko gogoa baikenuen.

Gaua Chemical Brothersekin amaitu zen, baina hiru abesti edo iraun genuen (justu momentu hau heldu arte). Proiekzioak? Sekulakoak. Muntaia? Espektakularra. Hit-ak? Asko. Baina hortik aparte, ezer kontatzeko.

Nekatuegiak geunden jarraitzeko, eta gaztelaniaz esaten den bezala, garaiz egindako atzeraldia garaipen bat izan daiteke. Bi ordu gelditzen zitzaizkigun, Bartzelonako beste puntan zegoen hostalerarte.

Datorren urtean ikusiko dugu: Madril edo Bartzelona? Mmmmmmm…..



Oharra: youtube-n jaialdiko kontzertu gehienen bideoak daude, kuriositatea badaukazu badakizu.

jueves, 19 de julio de 2007

Gaur bertan hasiko da Euskal Encounter

Gaur bertan hasiko diren jardunaldietan gure edizioguneko partaide den Nun taldeak hitzaldia burutuko du, larunbatean, Creative Commons lizentziek Interneten promozionatzeko ematen duten aukera ezberdinei buruzkoa hain zuzen ere.Goizeko lehenengo orduetatik mundu guztiko ordenagailuen munduko zaletuak hurbildu dira Barakaldoko BEC espaziora: Euskal Encounter hasi da. Aurten gainera, hitzaldi mordoa antolatu dituzte: Second Life deritzon mundu birtualaren ingurukotik hasita, Retroeuskal deituriko hitzaldiraino. Igandean, hilak 22, amaituko da guztia, eta han egongo garenez, argazkiren bat zeuenganatuko ahal izango dugu ziurrenik, Euskal Herrian egiten den informatikaren inguruko topaldi garrantzitsuenean ezin baikinen falta.

Esan bezala, Nun taldeak hitzaldia eskainiko du larunbatean, arratsaldeko 17:00etatik hasita. Gainera, 21:00 inguruetan, kontzertu akustiko berezi eta bakarra (hau da, printzipioz ez dute formatu murriztuko emanaldi gehiago eskainiko) izango da entzungai BECen.

Euskal Encounter jardunaldien inguruko informazio gehiago hemen topatu ahal izango duzu

martes, 17 de julio de 2007

Kartel polita Aste Nagusian Bilboko Kafe Antzokiak

Gaur bertan jakin dugu www.kafeantzokia.com helbidea bisitatuta aurten lehenengo aldiz kontzertuak izango direla Bilboko Kafe Antzokian Aste Nagusian zehar. Oso kartel ona lortu dute gainera, gu han izango gara ziurrenik.Abuztuaren 17an izango da lehenengo zita, Texas Terri Bomb! eta Lagartija Nick taldeekin. Hurrengo astelehenean, hilak 20, Delorean zarauztarrak izango dira zuzenean eta hurrengo egunean Standard getxotarrak. Dantza egiteko aukera handia orduan bi egun hauetan. Abuztuaren 22an Lisabö eta Standstill izango dira. Ez gara faltako, ziur.

Bestalde, magia saioak eta bertso saio didaktikoak ere izango dira.

Info +: www.kafeantzokia.com

Summercasera joan ginenekoa (I)

Bartzelonan jaialdi erraldoia izan da orain dela gutxi, ez dakit jakingo duzuen. Summercase izena jarri diote, eta bigarren edizioa izan da aurtengoa. Madrilen eta Bartzelonan izan da aldi berean (ostiralean Bartzelonan jotzen zuten taldeek larunbatean egiten zuten Madrilen, eta alderantziz). Gu Katalunian izan ginen.Ostirala. Arratsaldeko 19:30ak. Irakurleari interesatzen ez zaizkion kasualitate batzuk direla medio, espainiar Estatu mailako musika aldizkari ezagun baten erredaktore-buruaren laguntzarekin Parc del Forum delakora heldu ginen. Jendetza dago atean, eskumuturrekoa jartzeko zain. Eremu berdinean Primavera Sound jaialdia egiten da, eta aipatutako kazetariak ez omen du inoiz horrenbesterako jendetza ikusi ordu hauetan.  Ilara luzea, baina azkar egiten dugu. Eszenatoki handian (Terminal O deitzen diote) Editors taldea ari da, eta asko gustatzen zaizkigun arren ezin izan genion merezi duen atentzioa eskaini, nahikoa lana baitugu jaialdiaren esparruan geure burua kokatzen. Interpol eta Joy Division taldeen influentzia argipean, “Munich” edota “All Sparks” bezalako hit-ak entzun genituen barratik. Barraz ari garenez, erreibindikazio bat datorren urteko ediziorako: non ikusi da jaialdi bat katxirik gabe? Kaña tamainua ez da nahikoa guretzat!

Terminal E delakora abiatu ginen orduan, Lily Allen hastear baitzegoen. Espero baino hobeto, egia esan: soul, funk eta hip-hop doinuak uztartzen ditu bakarlarik, luxuzko taldea atzean duelarik. Ingalaterratik etorritako publikoari eskainitako taldea izan zen, eta bakarlaria ere konturatu zen (“Ba Espainiar Estatuan ez ditut horrenbeste disko saldu… zer egin duzue, Internetetik jeitsi ala? Niri berdin zait!”), lehenengo lerrotakoak ez baitira Barcelonetan bizi. Izugarria kanpotarren kopurua, oso merke ateratzen omen zaizkie Europa hegoaldeko zaizkie hemengo jaialdiak, geroago Klaxons taldeko abeslariaren itxura zeukan kopeta-iledun ingeles batek azaldu zigun bezala.

PJ Harveyren kontzertura abiatu ginen. Terminal S (esan beharra dago 1500 pertsona ingururentzat lekua zegoela bakarrik aipatutako karpan) txiki gelditu zen. Pertsona bakar batek eszenatokia bete dezakeela argi gelditu zen, kitarra edo programazioak erabilita. Agian momentu batzutan diskurtsoa hutsik gelditzen zen, instrumentazio falta dela eta.

Flaming Lipsen momentua heldu zen orduan. Jende asko Arcade Firen kontzerturako tokia hartzen zegoen, eta horregatik agian ez zegoen merezi zuten beste jende. Inoiz lerrook idazten ari denak ikusi duen kontzertu hasierarik izugarriena izan zen hura. Honatx adibidea. Lagun batzuek kontatu baziguten ere, ez sinestekoa zen hura: 20 pertsona eszenatoki gainean, Santa Claus, eta mila gauza ezberdinetaz mozorrotutako figuranteek Wayne Coyne handiari egin zioten ongietorria, burbuila erraldoi baten barruan azaltzen dena, eta jende tartera salto egin. Gero konfeti euritza etorri zen. Liluratuta, beste barik.

Orduan heldu zen jaialdiko momentu antologikoa: ARCADE FIRE. Horrela, letra larriz. Aurretik PJ Harveyren kasuan aipatutako gabezia bertute bihurtzen dute kanadiarrek. 10 pertsona eszenatoki gainean, bakoitza instrumentu bakoitzarekin, elkarrekin aldatuz (orain esku-soinua jotzen dut, orain bateria, orain kitarra, orain mandolina…) eta guztiari doinu izugarria ateraz. “Keep the Car Running” abestiarekin hasi eta “Wake Up” epikoarekin amaitu. Honek guk baino perspektiba hobea zuen. Guztiok elkar besarkatzen eta sekulako energiaz beteta amaitu genuen. Pozik, liluratuta. Ziurrenik inoiz ikusi dudan kontzerturik ikusgarriena izan zen uste osoarekin.

Gero LCD Soundsystem deituriko sauna batetan sartu ginen, Bloc Party sakrifikatu behar izan genuen, nahiz eta Banquet urrutitik entzutearekin nahikoa izan genuen. Lehen aipatu dugun karpa nazkagarri horietako batetan izan zen James Murphy eta konpainiaren kontzertua, eta denborarekin joan ginenez, nahiko aurrean izan ginen. Izerdia beroagatik eta etengabe dantzan izan ginelako. Hit handi bat dauka talde honek: “North American Scum”, orduan izan zen zoramena. Halere, aurreko diskoko hainbat abestirekin ere (“Daft Punk is Playin’ in my House”) dexente dantza egin genuen, nahiz eta Murphy jaunak desafinatu eta kitarra-jotzaileak “behar beste glamour” ez izan.

Orduan amaitu zen gure lehenengo jardunaldia, izerditan blai eta taxi bat ezin harturik. Nekatuegi geunden horrela jarraitzeko. Hurrengoan bigarren jardunaldia, baina jada interesgarriena gertatu zen jada.

viernes, 13 de julio de 2007

Somes ibaia

Cluj-Napoca zeharkatzen duen ibaiak Somes du izena. Isilik zeharkatzen ohi du Kolozsvar, ia ohartu ere ez gara egiten uraren joan-etorriaz. Egun hauetan ordea indusmakinen zaratak nire begirada erakartzen du. Azken obra plangintza batek ibai ertzak garbitu eta atondu behar dituela dirudi. Obren ondorioz ibaiaren jatorrizko ur berde iluna marroia dago. Uretan bizi direnetaz larritu naiz eta jakinaren gainean egongo ote ziren burutik pasa zait.
Ibaiaren parte hau XXI. mende hasieran gertatutako hondamendi ekologikotik salbatu zen. Horri esker arrantzaleak patxadaz belarretan eserita ikus daitezke arrainen batek noiz helduko zain. Baia Mareko Somes ibaiaren arro nagusiak ordea, oso bestelako patua izan zuen. Maramures eskualde idilikoaren hiriburuko ibai korronteak zianuroz beteta esnatu ziren 2000ko urtarrilaren 31n. Aurul SA atzerriko konpainiak ibaira 50 eta 100 zianuro tona inguru isurtzen utzi zituen. Metal pisutsuz osatutako nahasketa hiltzaile hori hilabete luze batez Somes, Sasar, Lapus, Tizsna eta Danubio ibaietatik barreiatu zen Itsaso Beltzera heldu baino lehenago. Gertaera hark bat-batean ehunka animaliaren heriotza ekarri zuen. Milurtekoak dituen ibai ekosistema mututu egin zen. Milaka izan ziren Errumanian edateko urik gabe geratu ziren pertsonak, baita Ukrainan, Hungarian, Serbian edota Bulgarian ere.

Tamalez, munduan gertatu diren beste hainbeste hondamendi ekologikoetan bezala biztanleek ahaztua dute jada sigi-saga hiria zeharkatzen duen zera berde horretan gertatutako amesgaiztoa.



Baia Maren gertatutako hondamendi ekologikoari buruz gehiago jakiteko:
http://www.rec.org/REC/Publications/CyanideSpill/ENGCyanide.pdf

jueves, 5 de julio de 2007

Bilbao BBK Live lehenengo pertsonan

Ziurrenik jakingo duzuenez, Nun taldea Bilbao BBK Live jaialdiaren bigarren edizioan aritu zen zuzenean. Ekainaren 28an izan zen hain zuzen ere, Maceo Parker, Fito & Fitipaldis, The Ellas, Muchachito Bombo Infierno edo I Love UFO bezalako taldeekin batera. Hau da gutxi gorabehera gertatu zen, taldekideetako baten hitzetanEguerdiko hamabietan gelditu gara Kobetamendin bertan. Javik, Claudioren lagun batek, lagunduko gaitu furgonetarekin. Hamaika t’erdietan Mikel Santosekin (gure teknikariarekin) nago geldituta Bilboko Termibusen, kotxez igotzeko (artistek horrelako probilegioak dituzte). Hamabietan, ezohikoa zaigun puntualtasunarekin, heltzen dira besteak baina denboraz oso ondo gabiltza eta bueltatxo bat emateko aprobetxatzen dugu. Fitoren soinu-frogarekin beldurtu, mahaiari begiradatxo bat eman eta kamerinoetara gauzak uztera joan gara. Osteguna da, Fito & Fitipaldis da eguneko kartel-burua eta ez du ematen inolako eskakizun inozorik egin duenik. Karpa batean, kamerino batzuk beraientzako, beste batzuk besteentzako, bat guretzako. Edariz (San Miguelaz, uraz, laranja zukuaz eta Coca-Colaz) betetako hozkailua, mahaia, aulki batzuk eta listo. Nahikoa guretzako. Kamerinoen karpa barruan dauden sofatan iazko Azkenako Iggy Popen kontzertua jartzen digute plasma pantaila erraldoi batetan. Barre batzuk eta gauzak eszenatokira igotzeko ordua heldu da. Fitok amaitu du. 13:30ak dira eta gure emanaldia 16:30etarako dago antolatua. Kirioak dantzan hasi dira.

Javik furgoneta hurbiltzen du eta ekarri ditugun gauzak igotzen ditugu. Jaialdia irekitzearen alde ona da: gauzak igo, frogatu eta hor gelditzen dira. Eszenatoki gainean oso liatuta daude: monitoreak eta argiak aldatu behar dituzte. Backlinea (uzten dizkiguten anplifikagailuak) ekartzen digute, aukeratzeko. DW bateria eta Ampeg baxu-anplifikagailua uzten digute. Izugarria. Komentatzen digute eszenatokia libre uzteko 15 minutuz, argiak eta monitoreak jartzeko. Bazkaltzera. Zeozer, pasatu gabe.

14:30etan soinua frogatzera. Baxuak zarata apur bat egiten du, baina bestela dena ondo. 15:30etan eszenatokitik jaitsi eta kamerinora, nerbioak elkarrekin pasatzera. Lauretan deitu gaituzte.

Eszenatokira igo eta lau t’erdietan, puntuan, hasi gara: “Lehio Irekia”, “Gu Gara Hiltzaileak”… eta konturatu orduko “Urrun Noa”, eta kontzertua amaitzen da, Eneko eta Xabiren oihu zaparradarekin batera. Listo, amaitu da. 40 minutu baino zertxobait gutxiago. Horren urruti ikusten genuen momentua pasatu da dagoeneko. Kontzertu hasieran 50 pertsona inguru zeuden, baina amaitu genuenean 100 baino gehiago egongo zen ziurrenik. Lagun batzuk, ezezagun asko eta handik pasatzen zen (eta ezaxola aurpegiarekin begiratzen zigun) jende pilo bat. Denak gustora, batez ere gu. Akatsez betetako kontzertua, baina pozik.

Jendeak oso soinu ona atera diogula (Mikelek soinu ona atera diola, alegia) diosku. Gauzak eszenatokitik ateratzen laguntzen digute bertako langileek. Furgoneta esparrutik kanpo utzi eta aldageletara. Erropaz aldatu eta lehenengo San Miguelarekin topa. 18:30etan kamerinoa utzi behar dugu, Pinkertones DJak orduan helduko baitira. Baina guk nahiago dugu kanpora joan zuzenean, oholtza jarri baitute artisten gunean, hauek kontzertuak eroso ikus dezaten. Gainera, eguzkia irten da. Oholtza alboko barran trago luze bana hartu eta bertan esertzen gara. I Love UFO amaitu da (psikodelia dosi handiegia guretzako horrelako egoera batetan) eta Los Ronaldos ikusteko aukera dugu, Coque Malla mitikoaren zuzendaritzapean. “Koño! Luis Tosar!”. Aitziber eta besteak gorritzen hasi gara. Muchachito Bombo Infiernoren ordua heldu da, behera jeisten gara, bakoitzak garagardo bat eskuan duela. Ez genuen dantza gehiegi egin, baina kontzertu bikaina izan zen, abiadura bizikoa eta erritmoak berebiziko garrantzia izan zuena.

Zenbat garagardo edan genituen ordurako? Muchachito amaitu, artisten barrara bueltatu eta oholtzara igo ginen Maceo Parkerren kontzertua ikusteko. Lehenengo filan gaude eserita, eta Fito eta konpainia zutik, gure atzean. Ia bi orduko kontzertua, azkenean nahiko aspergarria. Edaten jarraitzeko aprobetxatzen dugu. Barre, barre eta barre. Afaldu, horretarako jarri duten karpan. Ondo gainera. Fito eta Fitipaldiak hasten dira, soinu bikainarekin. “Soldadito Marinero” eta enparauekin nahiko hotz gelditzen gara, eta giro (eguraldia, alegia) hozten hasi da ere. Pentsatzen dugu hoberena “jende guzti hau” jetsi aurretik autobusa hartzea dela, eta Bilborako bidea hartzen dugu. Pozik eta barrez.

Hor amaitzen da gutxi-gorabehera “Artista” jartzen zuen karteltxo bat eramateko aukera izan genuen eguna. Sexua, drogak eta rock ‘n rolla, denetarik izan genuen. Beno, rock ‘n roll asko izan genuen, garagardoa droga bezala ikusten badugu ere asko egon zen eta sexua… beno, hau Euskal Herria da.


PS: youtubera emanaldiaren bideoren bat igoko dugu hurrengo egunetan, hortaz argi ibili.