jueves, 30 de agosto de 2007

Deabruak Teilatuetan berriz ere taula gainean

Abenduaren 29an, Bonberenean igoko da eskenatokira Tolosako laukotea. 9 urte dira, azkeneko aldiz elkarrekin ikusi ahal izan genituela. Eta ez hori bakarrik, disko berri baten prestaketan dihardute egunotan Deabruak Teilatuetan. 1973 jarri diote izenburutzat, haiek jaio ziren urte bera hain zuzen ere.

Askok ez genituen zuzenean ikusteko aukerarik izan, bainan haien diskoekin ederki gozatu genuen. Itsumutugor eta Zein da zein bezalako diskoak jada, Euskal Herriko rockaren historiako ezinbesteko izenburu bihurtu ziren. Punky-ak eta Heavy-ak nagusi ziren garaietan, zedozer ezberdina egiten saiatu ziren Deabruak Teilatuetan taldeko kideek. Melodia gehio, xuabeago agian...kontua da zaletu piloa lortu zutela. 1998an utzi zioten jotzeari, ikasketak zirela eta ezinezkoa baizitzaien taldeko erritmoari jarraitzea. Orain, jada 30urte bainon gehio dutela berriz ere bueltan dira. Bonberenean eta Anoetako Gaztetxean aritu dira entsaiatzen. Presiorik gabe, helburu handirik markatu gabe...soilik ongi pasatzeko eta elkarrekin aritzeko ilusioarekin. Azaroan karrikaratuko dute diska (Durangon badakigu jadanik zer erosiko dugun beraz) eta abendutik aurrera herriz herri ibiliko dira haien doinu berriak erakusten.


 


Informazio gehio: Berria


 

lunes, 20 de agosto de 2007

Akatu eta Nun lehendabidebizikoz elkarrekin eszenatoki gainean

Gure ediziogunearen parte diren bi taldeek eszenatokia konpartituko dute lehen aldiz Bilbon, bertako Aste Nagusian, bihar bertan. Triangune deritzon eszenatokian izango da, Mekauen eta Sin Kuartel txoznen alboan, Bilboko Areatzan. Gaueko 21.30etatik aurrera izango da, horrela, Akatu su artifizialen aurretik arituko da eta Nun hauen ostean. 23:00 aldera.Gogoratu bakarrik Akatuk "Utopiaren Indarra" diskoa aurkezten ari dela Euskal Herrian barna eta Nunek "Collage" diskoaren abestiak taularatuko ditu, eta baita kantu berri batzuk ere, prestatzen ari diren grabaketa berrira begira konposatu dituztenak.

Esandakoa, Eremulauak saio berezia bihar bertan Bilboko Areatzan, 21.30etatik aurrera.

Info +: www.myspace.com/nunsarean
          www.myspace.com/akatu

lunes, 6 de agosto de 2007

Etxekaltek estilo orotako sesioak antolatu ditu Aste Nagusirako

Donostiak gero eta jarduera gehiago biltzen ditu Aste Nagusian zehar. Piratek antolatutakoez gain, Etxekalte bezalako tabernek antolatutako ekitaldiak goraipatu behar dira. Sesio guztiak gaueko hamabi t'erdietatik aurrera izango dira, eta goizeko seiak arte luzatuko dira. Hona hemen kartela, abuztuaren 12tik 18ra luzatuko dena:Igandea 12: Revolutionary Dub Brothers
Astelehena 13: Maikol
Asteartea 14: El Nota
Asteazkena 15: Fribotik
Ostirala 17: K**O
Larunbata 18: Marek

Halere, guri ez zaizkigu Aste Nagusian burutuko diren sesio-ekitaldi-kontzertu ez-instituzionalen zerrenda osoa heltzen, hortaz, gomendagarriak iruditzen zaizun zerbaiten inguruan hitzegin nahi badiguzu, hementxe duzu aukera:

viernes, 3 de agosto de 2007

Poesia -vs- maitasuna...

...edo soneto apológico batzuk bete arrazoi irakurlea autobusean doala eskuartean poesia liburuak izan ditzan (ez dago zertan irakurri) nobela, ipuina eta genitalen kaltean, negarraren ederra!
Autobusa, oh autobusa! Hori bai leku salbaia, ederra, humanoa! Han daude jakintsuetan jakintsuenak liburutegietan baino maizago. Martinez de Lezea, Agatha Cristie, Aingeru Epalza ere, tarteka, Los Pilares de La Tierra, Sherlock Holmes, Da Vinci kodea, denak batera. Oh, autobusa zuk duzu zuk kupela!
    Baina bat batean argia hedatu da 32. eserleku inguruan –oh! 32. eserleku ingurua, hori bai ingurua, zabala, epela, emankorra, minigonadun begirada panpoxez betea– poesia liburu bat ireki du bidaiariak –oh La Unioneko profetak–, eta nola Jesusi denek begiratzen zioten, adi-adi, admirazioz, begiratzen dute bera ere. Poesiak badu zeraren zera hori.

I

Narratiba irakurrita normala
Poesiarekin interesgarri,
Eder, jakintsu, hain eredugarri!
Autobuseko intelektuala.

Hor, denbora etorri eta badoala,
Tenpus fugit, eres tú!, herria harri.
Hamaika topiko, oro aberasgarri,
Erdi-jainko edota jainko totala

Begirada eskapatzen zaie larri
–ohartu haiz minigona daukala!? –
bidaiakide gazte eta zaharri.

Hitz gutxi eta zurialde zabala
Olerkiak hain dira irakurgarri.
Ulertu ez duzula ez dadila igarri!

II

Hara horko horri, zer dabil irakurtzen?
“Catorce versos dicen que es un soneto”
ez al dira izango hamabost hobeto?
Aitor dut, ez dut poesia ulertzen.

Ez al nau bada atzemango begiratzen,
“y estoy a la mitad del cuarteto”,
sortzen dute nahikoa errespeto
poema idazten dutenek asmatzen.

“Por el primer terceto voy entrando”,
Zaldia irudi, baina ez ote mando?
jauregi irudi, baina ez ote etxetxo?

Fiatzerik ez da hemen poetekin
“Contad si son catorce, y está hecho”,
hain zaila ere ez baita instrukzioekin!


III

Ez zaio bada izoztu irrifarra?
Bidai luzeak, edo nik neronik
–Neskekin ez da igarriko duenik–,
itzali dugu neskatsaren garra?

Niganantza  begira dut izarra
Liburu xixtrinari ziurrenik,
Horregatik, ez du argirik jadanik,
Hain da iluna Lope Vegatarra!

Hau da hau poeton patu zantarra!
Arrotz zait honez gero lehen zena
Minigonadun Venus hain hurbila

Hau da mina, hau atsekabea , hau pena;
Zein handia ezintasuna, zein handi...
Zein txiki poesiaren indarra!


IV

Esana didate, beti negarrez,
Hala dabiltza munduan poetak,
Bailiran desertuetan profetak
Beti gaixo inspirazio sukarrez.

Albokoa ere, nahiko letra baldarrez,
Bailiran medikuen errezetak,
Kaiera atera du, utzi irakurketak,
izkiriatu beharraren beharrez.

“poesiarekin interesgarri”,
Hasia du bere kreazioa,
Poema bat da, Ez narrazioa!

Hau da dardara, hau da emozioa!
“Poesiarekin interesgarri”
Negartia? Ez bada, bai maitagarri!

V

Erraz da hastea, baina nola segi?
“Tenpus fugit, eres tú!, herria harri.
Hamaika topiko, oro aberasgarri”.
Nesketan, baina, hastea ere zailegi!

Poeta, argi dago, ez da abilegi,
“begirada eskapatzen zaie larri,
bidaiakide gazte eta zaharri”
bihurtu behar du gezurra egi.

 “–ohartu haiz minigona daukala!? –”
bistaz ez, ausardiz da makala!
Ikusi bai, baina hitzak ezin erditu

Mutu, ezinez, eskuak izerditu,
autobus hura hartu ez balu hobeto!
Beraz, hona bost malko, bost soneto.

jueves, 2 de agosto de 2007

Blas, bizikleta eta bloga: itzulera baten historia

Azken urte honetan Iker Blas hernaniarraren artikuluak irakurtzeko aukera izan dute eremulauak-en atal honetara hurbildu direnek. Errumaniako paraje ederrenen berri eman du Blasek bere kroniketan, eta senez bidaiaria izaki, ez du ekialdeko beste hainbat txoko bisitatu eta haien inguruan idazteko aukera ere galdu. Orain itzultzeko ordua iritsi zaio.
Baina aireportuak... amuarraina ere lokartzen da aireportu batean. Aspergarriak dira. Horregatik, eta bere bizi-zaletasuna erakusteko, bizikletaz itzuliko da Iker Errumaniatik.

Dagoeneko abiatua da azkeneko sei hilabeteetan bizileku izan duen Cluj-Napocatik. Distantzia handia denik ezin uka, eta horrek kezka handia sortu du senide, lagun eta noski (batez ere?), eremu-lautarron artean (Iker izan da azken denboraldiko gure fitxaketa izarra, atzerriko korrespontsal eta nazioarteko gaietan aditu izateaz gain). Kezka hori baretzeko, eta bide batez bidaiaren nondik norakoak kontatzeko, eguneroko bat atondu du sarean Blasek, http://www.transylvania2007.blogspot.com/ helbidean.

Eta bidaiarekin famatzen hasia ere bada. Ez duzuela sinesten? Begira Clujeanul izeneko egunkarian berari buruz idatzi dutena: http://www.clujeanul.ro.

Bidaia ona opa diogu Ikerri. Eta zuei bloga irakurtzeko gomendatzen dizuegu, Goran Bregovic ala Emir Kusturicaren musika (biak batera ere bai, zergatik ez) pixka bat apal entzuten duzuen bitartean. Ekialdeak eskatzen du. Udarako primerako irakurketa duzue, freskoa, road-movie tankerakoa, baina ukitu zingaro batekin. Gogoratu: http://www.transylvania2007.blogspot.com/

Iraultza akustikoa

Hamalau urte baino ez ditu behar izan Andy Mckee-k (Kansas, 1979) musika zale izatetik, bere atzetik, milioika zale izateraino. Hamairu urterekin, 1992an, hartu zuen lehenbizikoz gitarra bat esku artean; eta 2006an, YouTubeko musika bideorik ikusiena eskegi zuen: Drifting (Noraezean).

Candyrat Records diskoetxearen ideia izan zen Mckee iragartzeko YouTube erabiltzea, eta negozio ona egin zuten: bideoak 5 milioi ikustaldi izan ostean hirutan hustu baitzen diskoetxeko stocka. Aukeratutako grabazioa ez zen edozein izan. Drifting, bere abesti entzutetsuena, maisu gaztearen estilo xelebre eta ikusgarria agerien uzten duena da.


Driftingen arrakastaren ostean, beste bi kanta jarri zituen YouTube-n diskoetxe estatubatuarrak: Rylynn eta Africa. Biek ala biek lortu zuten bideo ikusienaren marka, eta aurtengo ekaina aldera, aipatu hiru kantak zeuden bideo-atariaren musika-clip ikusienen Top 3an. Rylynnek McKee-ren konposaketen alde xamurrena erakusten du, hasiera goxo eta melodia atsegin batekin. Africarekin, bestalde, bere gazte aroko garaiak berreskuratzen ditu, Toto talde estatubatuarraren kantaren bertsio ondo egokitu batekin.


Bere hitzetan, bera "interneten, kristoren arrakasta izan duen Kansasko tipo bat baino ez" da. Eta kristoren hori ez da gutxiagorako ere, YouTube-ko bideoen ondorioz, Andrew White Guitars enpresak bere irudia erabiltzen hasi baitzen ?beste musikari batzuenaren artean? gitarrak saltzeko. Hala ere, ez dira berak erabilitako A.W. gitarrak atentzio gehien ematen dutenak; Stephen Bennett-i erositako Harpa-Gitarra baizik. Into the Ocean (Ozeanoan barrena) eta The friend I never met (Inoiz ezagutu ez nuen laguna) kantetan erabiltzen du instrumentuen nahastura hau. Baina, zintzo eta umiltasun osoz, egiten duen ekarpena baino ikusgarritasun handiagoa du instrumentuak.


Hainbeste xelebrekeriaren artean, estilo klasikoaren edertasunak ere merezi du tartetxo bat. Art of Motion (Mugimenduaren artea) abesti ultra-erritmikoan, McKee-k, melodia ederrak eta erritmo oso biziak batzen ditu, bere kanta onenetariko bat osatuz.


Badira YouTube-n beste zenbait kanta entzungai, eta askoz gehiago dagoeneko kaleratu dituen hiru diskoetan: Nocturne (Nokturno), Dreamcatcher (Ametsen harraparia) eta Art of Motion. Zinez gomendagarriak. Benetako iraultza akustikoa.