Mostrando entradas con la etiqueta Albisteak. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Albisteak. Mostrar todas las entradas

miércoles, 10 de octubre de 2007

(Radioheaden ondoren...) Nine Inch Nails ere bere kontutik ariko da

Nine Inch Nails taldeak bere web gunean adierazi duenez, bere kabuz ariko dira hemendik aurrera, euren lanak diskoetxe batekin kaleratu beharrean. Cleveland-eko (AEB) taldeko abeslari Trent Reznor-ek honela azaldu du erabakia: "18 urte pasa ditut grabazio kontratuen bidez lanean eta negozioa erabat mutatzen ikusi dut modu batetik, erabat desberdina den beste batera; eta plazer handia ematen dit entzulegoarekin harreman zuzena edukitzeak, nik ikusten dudan modu egoki eta komenigarrienean".
Eremulauak-en aipatu genuen Radiohead taldeak ere antzeko erabakia hartua duela, eta bere disko berria www.inrainbows.com helbidetik doan deskargatzen ahal dela dagoeneko. Sustatun aipatu dutenez, blog batzuetan dagoeneko ari dira esaten Interneteko musikaren alorrean une garrantzitsua bizitzen ari garela. Ikusi beharko da zer ematen duen. Dena dela, eta Reznorren hitzak erabiliz, esan dezakegu garai "benetan zirraragarriak" datozela.

Info+: www.nin.com

martes, 9 de octubre de 2007

Kontuz iPod-arekin, zure galtzak erre ditzake!

Lehenago ere abisua pasa genizuen eta ez diguzue kasurik egin: iPod-ak eta mp3-ak entzuteko bestelako aparailuak biziki arriskutsuak dira. Atlantatik (AEB) dator oraingoan albistea: gizon batek salatu duenez bere iPod nanoa su ta gar hasi zen bere poltsikoan (eta ez musika heavya entzuten ari zelako preseski). 15 bat segundu iraun omen zuen suak eta golkoraino iritsi zitzaion.
Info + (ingelesez): http://www.networkworld.com

viernes, 5 de octubre de 2007

Zero 7 taldeko kideen egitasmo paraleloa Bilbon

Agian zuetako gehienontzat ezezaguna den talde baten kontzertua aurkeztera gatoz oraingoan: Zero 7. Beno, hauen proiektu instrumentala hobeto esanda. Zero 7 talde oso ezaguna da Erresuma Batuan, Massive Attack edo Portishead bezalako taldeek eztanda egin zutenean, trip-hoparen urrezko garaian hain zuzen ere, aipatu taldeak milioi kopia inguru saldu zituen. Ai, formatu fisikoari garrantzia ematen zitzaionean...!Asteartean, hilaren 9an izango da Ingrid Etoren kontzertua, Bilboko Kafe Antzokian. 2006an “The Garden” hirugarren diskoa kaleratu zuten, momentuz argitaratu duten azkenengoa. Bertan Sia Furler edo Jose Gonzales bezalakoen laguntza izan zuten ahotsak grabatzerako orduan. Orain Ingrid Eto talde paraleloarekin datoz, esan bezala. Doinu instrumentalak eskaintzen dituzte eta taldearen arrakasta handienak nahiz argitaratu gabeko doinuak eskaintzen dituzte. Azkenengo hamarkadan dowm tempoak izan duen erreferentzi nagusienetariko baten aurrean gaude.

Youtube-rako esteka batzuk:

hemen, hemen, eta hemen.

Eta myspace esteka batzuk ere:

hemen eta hemen

Esandakoa, datorren asteartean Bilboko Kafe Antzokian, Matti nafarrekin batera. Hemen hauen inguruko informazio piskat bat.

PS: Bai, estekak egiten ikasi dut...

lunes, 1 de octubre de 2007

Latzen berriro elkartuko da

Danbaka.com-en aurreratu zaizkigu albistea eman eta gogoeta egiten. Badirudi aurtengoan 1990eko hamarkadako taldeen itzulera masiboa datorrela: Deabruak Teilatuetan izan zen aurrena, Kashbad gero eta orain Latzen. Nostalgikoentzat urte aproposa beraz (edonola, izan al liteke inor nostalgiko aurreko hamarkadarekin?) Txintxarri managementak jakitera eman duenez, Latzeneko kideek bihar eguerdiko 12:00etan prentsaurrekoa eskainiko dute Donostiako FNAC-en xehetasun gehiago emateko.

domingo, 30 de septiembre de 2007

NOFX Bilbon: prestatu zuen patineteak

Bilboko Etxetxu pabilioian (barka garbizaletasun edo keria, La Casillaz ari naiz, ulertu ez duenarentzat) joko du NOFX talde kaliforniarrak azaroaren 15ean. Hardcore melodiko deitu zitzaion mugimenduko talde garrantzitsuenetakoa da NOFX. 1982an hasi zuten beren ibilbidea, eta ia hamabi urte beranduago, 1994an, kaleratu zuten mundu osoan ezagun egin zituen Punk in Drublic diskoa. Skater-ek bereziki gurtzen duten taldea da Fat Mike eta konpainiarena. 10 disko luze, 15 EP eta single ugari argitaratu dituzte eta sei milioi disko baino gehiago saldu dituzte mundu osoan.

viernes, 21 de septiembre de 2007

Rock the Kashbad!

Oreretarrak bueltan dira. Web gune honetako forotik dator notizia, eta Entzun! aldizkariaren web gunean berretsi dute: Kashbad taldea bi kontzertu eskaintzeko batu da. Horietako bat Bilboko Kafe Antzokian izango da.
Zer gehiago esango dugu... Deabruak Teilatuetan-en itzulera poz handia izan zela, eta hau ez dela txikiagoa. Zer arraio: Rock the Kashbad!

martes, 18 de septiembre de 2007

Woody Allen-en "Anarkia hutsa" euskaraz

Donostiako Meettok argitaletxeak euskaraz kaleratu du Woody Allen-en azken liburua. Anarkia hutsa izenburupean ikusi du argia ipuin bilduma berriak, ingelesezko jatorrizko edizioa argitaratu zenetik hiru hilabete besterik pasa ez direnean.
Bere-berezkoak dituen umore eta ironiaz beteriko 18 narraziok osatzen dute Anarkia hutsa. Hogeita bost urte pasa dira Woody Allenek bere azken umorezko antologia kaleratu zuenetik, eta albiste hau idazten ari dena oker ez badago, orain arte inoiz ez zen bere libururik euskarara itzuli. Zorionekoak gu, beraz.

jueves, 30 de agosto de 2007

Deabruak Teilatuetan berriz ere taula gainean

Abenduaren 29an, Bonberenean igoko da eskenatokira Tolosako laukotea. 9 urte dira, azkeneko aldiz elkarrekin ikusi ahal izan genituela. Eta ez hori bakarrik, disko berri baten prestaketan dihardute egunotan Deabruak Teilatuetan. 1973 jarri diote izenburutzat, haiek jaio ziren urte bera hain zuzen ere.

Askok ez genituen zuzenean ikusteko aukerarik izan, bainan haien diskoekin ederki gozatu genuen. Itsumutugor eta Zein da zein bezalako diskoak jada, Euskal Herriko rockaren historiako ezinbesteko izenburu bihurtu ziren. Punky-ak eta Heavy-ak nagusi ziren garaietan, zedozer ezberdina egiten saiatu ziren Deabruak Teilatuetan taldeko kideek. Melodia gehio, xuabeago agian...kontua da zaletu piloa lortu zutela. 1998an utzi zioten jotzeari, ikasketak zirela eta ezinezkoa baizitzaien taldeko erritmoari jarraitzea. Orain, jada 30urte bainon gehio dutela berriz ere bueltan dira. Bonberenean eta Anoetako Gaztetxean aritu dira entsaiatzen. Presiorik gabe, helburu handirik markatu gabe...soilik ongi pasatzeko eta elkarrekin aritzeko ilusioarekin. Azaroan karrikaratuko dute diska (Durangon badakigu jadanik zer erosiko dugun beraz) eta abendutik aurrera herriz herri ibiliko dira haien doinu berriak erakusten.


 


Informazio gehio: Berria


 

lunes, 6 de agosto de 2007

Etxekaltek estilo orotako sesioak antolatu ditu Aste Nagusirako

Donostiak gero eta jarduera gehiago biltzen ditu Aste Nagusian zehar. Piratek antolatutakoez gain, Etxekalte bezalako tabernek antolatutako ekitaldiak goraipatu behar dira. Sesio guztiak gaueko hamabi t'erdietatik aurrera izango dira, eta goizeko seiak arte luzatuko dira. Hona hemen kartela, abuztuaren 12tik 18ra luzatuko dena:Igandea 12: Revolutionary Dub Brothers
Astelehena 13: Maikol
Asteartea 14: El Nota
Asteazkena 15: Fribotik
Ostirala 17: K**O
Larunbata 18: Marek

Halere, guri ez zaizkigu Aste Nagusian burutuko diren sesio-ekitaldi-kontzertu ez-instituzionalen zerrenda osoa heltzen, hortaz, gomendagarriak iruditzen zaizun zerbaiten inguruan hitzegin nahi badiguzu, hementxe duzu aukera:

jueves, 2 de agosto de 2007

Iraultza akustikoa

Hamalau urte baino ez ditu behar izan Andy Mckee-k (Kansas, 1979) musika zale izatetik, bere atzetik, milioika zale izateraino. Hamairu urterekin, 1992an, hartu zuen lehenbizikoz gitarra bat esku artean; eta 2006an, YouTubeko musika bideorik ikusiena eskegi zuen: Drifting (Noraezean).

Candyrat Records diskoetxearen ideia izan zen Mckee iragartzeko YouTube erabiltzea, eta negozio ona egin zuten: bideoak 5 milioi ikustaldi izan ostean hirutan hustu baitzen diskoetxeko stocka. Aukeratutako grabazioa ez zen edozein izan. Drifting, bere abesti entzutetsuena, maisu gaztearen estilo xelebre eta ikusgarria agerien uzten duena da.


Driftingen arrakastaren ostean, beste bi kanta jarri zituen YouTube-n diskoetxe estatubatuarrak: Rylynn eta Africa. Biek ala biek lortu zuten bideo ikusienaren marka, eta aurtengo ekaina aldera, aipatu hiru kantak zeuden bideo-atariaren musika-clip ikusienen Top 3an. Rylynnek McKee-ren konposaketen alde xamurrena erakusten du, hasiera goxo eta melodia atsegin batekin. Africarekin, bestalde, bere gazte aroko garaiak berreskuratzen ditu, Toto talde estatubatuarraren kantaren bertsio ondo egokitu batekin.


Bere hitzetan, bera "interneten, kristoren arrakasta izan duen Kansasko tipo bat baino ez" da. Eta kristoren hori ez da gutxiagorako ere, YouTube-ko bideoen ondorioz, Andrew White Guitars enpresak bere irudia erabiltzen hasi baitzen ?beste musikari batzuenaren artean? gitarrak saltzeko. Hala ere, ez dira berak erabilitako A.W. gitarrak atentzio gehien ematen dutenak; Stephen Bennett-i erositako Harpa-Gitarra baizik. Into the Ocean (Ozeanoan barrena) eta The friend I never met (Inoiz ezagutu ez nuen laguna) kantetan erabiltzen du instrumentuen nahastura hau. Baina, zintzo eta umiltasun osoz, egiten duen ekarpena baino ikusgarritasun handiagoa du instrumentuak.


Hainbeste xelebrekeriaren artean, estilo klasikoaren edertasunak ere merezi du tartetxo bat. Art of Motion (Mugimenduaren artea) abesti ultra-erritmikoan, McKee-k, melodia ederrak eta erritmo oso biziak batzen ditu, bere kanta onenetariko bat osatuz.


Badira YouTube-n beste zenbait kanta entzungai, eta askoz gehiago dagoeneko kaleratu dituen hiru diskoetan: Nocturne (Nokturno), Dreamcatcher (Ametsen harraparia) eta Art of Motion. Zinez gomendagarriak. Benetako iraultza akustikoa.

viernes, 27 de julio de 2007

Burlata Blues

Jazz jaialdi eta emanaldiak nagusi dira udara sasoi honetan. Nafarroa ezberdina da horretan, hemen Blues-az gozatzeko aukera dugu terraza eta garagardo fresko egun hauetan. Burlata izanen da musikazale guzion topagune gaur eta hurrengo ostiralean. Eskenatoki gainean banda lokalak eta nazioarteko Blues-aren erakusle diren talde mitikoak.


 

Epi Blues Band talde lokalak zabalduko du gaur gauean ziklo hau, taula gainean Bo Weavil frantziako banda mitikoa izanen du lagun, Udaletxeak eta Euskalherria Peñak antolaturiko ziklo honen lehen emanaldian. Paristik datoz Bo Weavil-ekoak, 3diska eta 11urteko ibilbidearen ostean, egungo europako Blues banda handienetarikoa da. Gaua borobiltzeko Slackwater Jack taldeaz gozatuko dute, Burlatako Kultur Etxearen aurrean jarritako eskenatokira urreratzen direnak. Estatu Batuetatik datorren talde honek (nahiz eta bateria euskalduna duten) Blues elektronikotik hasi soinu ilunetaraino eramango ditu musikazaleak gaueko saioan.


Hurrengo ostiralean, guztion ezagunak diren musikariak izanen ditugu taula gainean. Esquadron Buck Dharma, Green Manalishi eta Electric Riders taldeetan aritzen diren blues zaleak, Automatic Hand Dryer bandan elkartu dira, 70.hamarkadaren kutsu handia duen kontzertu oso rockeroa eskeintzeko. Haiekin batera Pariseko beste talde bat izanen da Burlatan, Big Dez. Musika azeleratua eta abesteko modu benetan berezia. Ikusi nahi izatekoan Burlatako Kultur Etxearen aurrean, dohainik eta nola ez edateko barra eta guzti!


Aurtengo ziklo hau proba moduan antolatu dute udaletxe eta Euskalherria Peñatik. Gauza ongi badihoa, datorren udaran zabaltzeko asmoa erakutsi dute Burlatatik. Zorte On!

martes, 17 de julio de 2007

Kartel polita Aste Nagusian Bilboko Kafe Antzokiak

Gaur bertan jakin dugu www.kafeantzokia.com helbidea bisitatuta aurten lehenengo aldiz kontzertuak izango direla Bilboko Kafe Antzokian Aste Nagusian zehar. Oso kartel ona lortu dute gainera, gu han izango gara ziurrenik.Abuztuaren 17an izango da lehenengo zita, Texas Terri Bomb! eta Lagartija Nick taldeekin. Hurrengo astelehenean, hilak 20, Delorean zarauztarrak izango dira zuzenean eta hurrengo egunean Standard getxotarrak. Dantza egiteko aukera handia orduan bi egun hauetan. Abuztuaren 22an Lisabö eta Standstill izango dira. Ez gara faltako, ziur.

Bestalde, magia saioak eta bertso saio didaktikoak ere izango dira.

Info +: www.kafeantzokia.com

miércoles, 13 de junio de 2007

Udarako arratsaldeak Zaldi zurian

Ez, ez gara 80.hamarkadako aisialdiaz ari, Zaldi Zuria Iruñeako parte zahaharreko txokorik eder eta lasaiena da. Eguraldi ona heltzearekin batera, hiri inguruko harresien gainean, terraza bikaina montatu eta eguzkiaz gozatzeko musika kontzertuak antolatzen dira bertan. Aurten berrikuntzekin, asteazkenetan Chill Out sesioak programatu dituzte.

Grisak eta aspergarriak izan ohi dira Iruñeako udarak. Ekintzarik ez, jarduera gutxi, kanpora, hondartzara edo mendira egiten dute bertakoek. Bainan badira urte batzuk, egoera honi buelta eman nahi zaiola, kultura eta musika eskeiniz Nafarroako hiriburuko parte zaharrean. Ostegun, ostiral eta larunbatetan, Nabarreriako plazan, erdi inprobisaturiko kontzertuak ematen dituzte, reggae eta ska taldeek azkenaldian. Orain, Zaldi Zuriko musika zikloa batzen da, Iruñea dinamizatzeko bolada honi.


 


Ekainaren 14ean hasi eta irailerarte luzatuko dira Zaldi Zuriko kontzertuak. Urte batzuk dira jada, Iruñeako gazte askoren topagune bihurtu direla ostegun guztietako emanaldi hauek. Aurten, Pop, Folk, Soul eta Jazz doinuak izanen dira nagusi. Aurten lehendabiziko aldiz, musika elektronikoari zabaldu nahi izan da eskaintza hau. Asteazkenetan izanen dira emanaldi hauek, Chill Out sesio anitzekin.


 


Taldeen artean aurten, La Lengua de Trapo edo ta Kerobia-ko musikariak izanen dira taula gainean, ohizkoa dena bainon kontzertu lasaiagoak ematen, eguzkipean, garagardoaren laguntzaz gozatzeko modukoak. Urtero moduan, THC Iruñeako jazz eta funk taldearen kontzertuarekin amaituko da Zaldi Zuriko musika zikloa, irailaren 6an.


 


Programa osorik


Kontzertu guztiak arratsaldeko 20.00etan hasiko dira.


Ekainaren 14an: La Prima Janis


Ekainaren 20an: Txabi Fun-tsak (Nicolette Club)


Ekainaren 21ean: La Lengua de Trapo


Ekainaren 27an: Garcy Noise (Justified Cause, Bartzelona)


Ekainaren 28an: Los Impecables


Uztailaren 18an: Millán (Honyar2)


Uztailaren 19an: Folk Farandula


Uztailaren 25ean: Alain (Elektronische. Bilbo)


Uztailaren 26an: Marti-K


Abuztuaren 1ean: Aniana


Abuztuan 2an: Airam


Abuztuaren 8an: Martin Buddin


Abuztuaren 9an: Kerobia


Abuztuaren 15ean: Juan Bazz


Abuztuaren 16an: Gualitxo


Abuztuaren 22an: Dj/göo (Kantxa Kluba)


Abuztuaren 23an: Acido C


Abuztuaren 29an: The Txeringasn: dj Txabi Fun-tsak, Ion (Foralettes), Koki (THC), Youssef (Zaggit) Eva eta Alicia (THC)


Abuztuaren 30an: Cherokee Big Band


Irailaren 6an: THC


 

martes, 12 de junio de 2007

Izaera, Itaka eta Nuuk At larunbatean Xirikaren jaian

Xirika kazetak hiru urte bete ditu eta hori ospatzeko jaia antolatu dute larunbat honetan Zarauzko Putzuzulo Amets Fabrikan. Sextabaida izango da arratsaldeko bostetatik aurrera eta ondoren Uxue Alberdi eta Xamoa bertsolariak ariko dira Hamaika Bertuteren eskutik. Gauean berriz kontzertua, Itaka, Izaera eta Nuuk At taldeen eskutik.

viernes, 8 de junio de 2007

Le Noise talde bilbotarrak Bilbao Hiria lehiaketa irabazi du

Aurreratu genuen bezala (ze itsusi dagoen horrelakoak botatzea egia izan arren) Le Noise talde bilbotarrak sekulako kontzertua eskaini zuen Bilborock aretoan, orain dela ia bi hilabete. Eta orain saria izan du, atzoko finalean oraindik hobeto (eta talde osoarekin) aritu ostean6000 euroko saria irabazi dute, orain kaleratuko duten diskoa ordaintzeko oso ondo etorriko zaiena zalantza barik. Bigarren saria Las Furias gipuzkoarrek (Bartzelonan bizi diren arren) eraman zuten, 80 hamarkadako punk jario itzelari esker. Hirugarren postuan Ultraplack bartzelonarrak gelditu ziren, 3000 euroko saria eraman dutelarik. Gainontzeko sarien irabazleak jakiten ditugunean hemen bertan jakinaraziko dizuegu.

Info +: www.myspace.com/lenoise

viernes, 25 de mayo de 2007

Gernikan egingo dute Euskal Herriko IV. Graffiti Lehiaketa

Aurreko edizioen arrakasta ikusita, laugarren aldiz antolatu dute Euskal Herriko Graffiti lehiaketa. Gernikan izango da aurten, eta datorren asteartean zabalduko da izen emateko epea. Hain zuzen ere, datorren asteartean, hilak 29, aurkeztuko dute lehiaketa. Bilbon izango da, Kalderapeko gunean.
Iaz Tolosan antolatu zuten lehiaketan parte-hartzaile ugari izan ziren, eta kalitate handiko lanak ikusteko aukera egon zen.

Info +: www.topagunea.org

miércoles, 23 de mayo de 2007

Vermut musikalak Atarrabian

Ekaineko igande guztietan, Atarrabiako Sanchi VI Azkarra plazan, hitzordua dute musikazale guztiek. Asteburu eguerdiko vermut-a eta pintxoa musika doinuez lagundu nahi dute bertan. Swing Party, Lumidla Trio eta Duplex taldeak izanen dira protagonista, herri eta gizarte komunikazioa eta erlazioa bultzatu nahi duten ekitaldi hauetan.

Swing, Rythmin Blues eta Jazz doinuen laguntzaz, eguerdian pintxo eta vermouta daztatzea horixe proposatzen dute, Artsaia Eventos-etik, ekitaldi hauek antolatu dituzten enpresatik hain zuzen ere. "Jendea kalera atera nahi dugu, erlaziona dadin komunikatu dadin, eta horretarako musikaren doinuez deituko ditut" komentatzen du Jose Luis Uriz arduradunak. "Musika aditzeko ohiturak aldatzen ari dira" gaineratzen digu Urizek "orain oso ziala zaigu areto ed auditorio bat betetzea, horrexegatik kalera aterako dugu musika."


Eta ordua ezin aproposagoa, vermut-a, gure iganderoko elkarrizketa, kritika, txutxumutxu edo orain hain modan dagoen sinergia unea.


 


Ekainaren 3an: Swing Party Kataluniatik, 40 eta 50.hamardakado doinuak ekarriko dituzte


Ekainaren 10ean: Lumidla Trio Jazz eta Kubako erritmoak, karibetik zuzenean


Ekainaren 17an: Duplex talde nafarraren rock abesti klasikoenak.

martes, 22 de mayo de 2007

Bilbao BBK Livek kartela itxi du

Nebula, Bullet For My Valentine, New York Dolls, Zico Chain, Laia, The Ellas, I Love UFO eta The (International) Noise Conspiracy dira Bilbao BBK Live jaialdiaren bigarren edizioaren kartela itxi dutenak. Hortaz, 34 talderen kontzertuekin gozatu ahal izango da Bilboko Kobetamendin, ekainaren 21etik 29ra.Aurretik aipatu genuenez, lau egun (ekainaren 21 eta 22, eta hile berdineko 28 eta 29) izango dira aurten Bilboko jaialdia, eta Metallica, Iron Maiden, Red Hot Chili Peppers izango dira buru. Halere, bigarren mailako talde interesgarri asko ikusteko aukera izango da, The (International) Noise Conspiracy, Juliette & The Licks, Mastodon edo Maceo Parker kasu. Gainera, aurten talde euskaldunen bat ikusteko aukera ere izango da: Berri Txarrak, Fermin Muguruza & Afro-Basque Fire Brigade, Idi Bihotz, Biok, Nun...

Sarrerak salgai daude honako helbidean: www.bilbaobbklive.com.  Lau egunetarako bonoak 180 euro balio ditu, eta egun bakoitzekoak 65 eta 35 euro bitartean daude.

sábado, 19 de mayo de 2007

Agur, Eva

Eva Foresten heriotzaren berri izango zuen mundu guztiak honezkero, baina eremulauak-en ere horren berri emateko beharra sentitu dut. Heriotzak bizi izandakoa gogoratzeko balio beharko lukeenez, hona Eva Foresten bizitza eta obra hobeto ezagutzeko lagundu dezaketen lotura batzuk:


 Erreferentzia gutxi batzuk besterik ez dira. Eskertuko nuke behean, erantzunen tartean, aurkitzen dituzuen lotura gehiago jartzea.

viernes, 18 de mayo de 2007

Guggemheim gauean ikusteko aukera asteburu honetan

Miss Le Bomb eta DJ Mauri izango dira etzi Bilboko Guggenheim museoan musika "pintxatzen", doinu elektronikoz zipriztinduz museoaren atrioa. Gaueko hamarretatik aurrera, eta MEM jaialdiaren laguntzarekin, Bilboko museo arrakastatsuaren ateak irekiko dira, eta edonork ikusi ahal izango du bertako erakusketa, bai modu iraunkorrean dagoena eta baita momentu honetan "izarra" den Anselm Kieferren maisulana ere.Esan bezala, abangoardiako arte eta musikak bat eginen dute asteburu honetan Guggenheim museoan, 10 euroko sarreraren truke (5 Museoko lagunentzat). Miss Le Bomb Eskoziatik dator eta electro-pop freskagarria lantzen du, betiere elektronikari lotua. Bestalde, DJ Mauri ekoizlea besteak beste Sonar, MEM edo Betofar jaialdietan izan da.

Gainera, museoak argiztapen eta giro berezia izango omen du gau berezi honetan.

Info +: www.guggenheim-bilbao.es/