Mostrando entradas con la etiqueta Arkitektura. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Arkitektura. Mostrar todas las entradas

lunes, 4 de abril de 2005

Loft Morton: birziklapena arkitekturan


Birziklapena pil-pilean dagoen garai honetan, egitasmo honek elementuak berrerabiltzen ditu etxebizitza bat eraikitzeko; baina hau ez da goraipatu nahi dudana, arkitektura burutzerako orduan bestelako material eta elementuei so egitea baizik. Gaur egun dirudi etxebizitzen aukera zabala edozein egunkaritako gehigarrira mugatzen dela, burututako adibide eta tipologia ezberdinak baztertuz, gaur egun ere burutzen direnak, eta espero, etorkizun batean ere eginen direnak.


Loft Morton-i buruz ari gara kasu honetan, New York-en kokatua, 1999an LOK/EK Architects-ek burutua. Ez da lehen aldia Ada Tolland eta Giuseppe Lignanok gizarte postindustrialaren soberakinak erabiltzen dituztela bizitzeko espazio baten elementu garrantzitsu bezala. Autoak berebiziko garrantzia dauka egitasmo honetan, izan ere, etxebizitza sortu den eraikina solairu anitzetako aparkalekua zen.


Espazioa bi altueratara bilakatzea kamioi baten gasolina-ontziarekin egin zen. Ontzia bitan banatu zen, erdia goiko aldean jarri zen, hormatik hormara, bertan lo egiteko bi kapsula kokatzen direlarik. Ontziaren erresistentzia bi hormen arteko distantzia gainditzeko eta ez zen inolako euskarririk behar izan. Ontziaren beste erdia bertikalean kokatu zen, komunen nukleo bezala hartuta, bata gainean eta bestea azpian kokatuz. Lo egiteko kapsuletan atexkak trebatu dira, ur-mekanismo baten bidez eragiten direnak, sarbide nahiz aireztatze eta argiztatze prozedura bezala erabili daitezkeenak.


Giro industrialarekin jarraiki, instalazio elektriko, urezko eta bestelakoak kanpora begira jarri ziren, ureztodi euskarriekin, auto eta kamioietako hozteko sistemetan erabiltzen diren antzekoak hain zuzen ere. Goiko alderdira igotzeko, lo egiteko kapsulak dauden ontziak dauden lekuak, edozein fabrikatan ikusi daitezkeen burdinezko igarobideak erabili dira. Eraikinaren hasierako izaera zakarra mantendu da, hormen akabera eta zoru irregularra pintura industrialaz margotu delarik.


Bitan banatutako gasolina-ontzi bat nahikoa da egitasmo honetan etxebizitzaren espazioak banatzeko, zoritxarrez gaur egun hain erabiliak diren barruko hormak ekidinez. Etxebizitzak dauzkan erabilera ezberdinak oso modu ezberdinetan zatitu eta elkarlotu daitezke, gainera, kasu honetan arkitekturan ezohizkoak diren elementuak erabili dira, horrek gehiago aberasten duelarik.

martes, 15 de febrero de 2005

Artelanen artean atseden hartzen

I?aki Esteban, Pablo Ausucua eta Joseba Garraza, arkitektura ikasle gazteek sortu zuten aurtengo Arco erakusketaren atseden guneetako bat. 100metro karratu bainon zabalera handiagoa betetzen zuten haien lanarekin, Arco-ko bisitarientzako atseden leku izateko helburuarekin sortua. "Arcon gauza asko daude ikusteko, orduak ematen dituzu bueltak ematen eta leher eginda bukatzen duzu", aipatzen dute proiektuko sortzaileek. Enbalatzeko paperean oinarritu zuten haien lana, material honek dituen burbuilak abiapuntutzat harturik, proiektua garatzen hasi ziren, ? hasiera bateko burbuila txikiak, azkenean, metro terdiko diametroa zuten esferaerdi handietan bilakatu ziren ? azaltzen dute. Barrukaldea, poliestireno aparrarekin bete zuten eta latex-arekin bildu, honela burbuila bigun eta atsegina bat sortuaz, atsedenerako egokia. Gune honekin, erakusketaren eskina bat bete zuten, lurzorua eta paretak burbuila erraldoi hauekin estaliaz.



Lehiaketa irabaziz lortutako saria

Arco-n egoteko aukera, lehiaketa baten bitartez lortu zuten, Etxebizitza ministeritzaren, Arclab sailak antolatutako arkitektura ikasleen arteko sariketan hain zuzen ere. Arclab saila, arkitektura esperimentalean aritzen den atala da, unibertsitateetako ikasleekin gehienbat. Sail honek, bi atseden leku sortzeko deialdia egin zuen, bata aurtengo Arco-n gonbidatua izan den herrialdean, Mexikon, eta bestea estatu mailan. Nafarroako unibertsitateko ikasleak diren I?aki Esteban, Pablo Ausucua eta Joseba Garraza-k haien lana aurkeztea erabaki zuten, "klaserako lan bat bezala jaio zen egitasmo hau, bainan lortutako emaitza gustokoa genuela ikusita, Arco-ko lehiaketa honetara aukeztea bururatu zitzaigun" azaltzen dute arkitekto gazteek. Abendu aldean, aukeztutako lan guztien artean, haiena izan zen hautatua. Honela Arco 2005-erako gonbitea jaso zuten.


Lehiaketan sarituak izatearen garrantzia azpimarratu dute gazteek, "ez soilik curriculum-a hobetzen digulako, baita karrerako hirugarren mailan jadanik guk sortutako egitasmo bat eraikia ikusi dugulako ere eta hori ez da marka makala".


Arco-n bizitakoa
I?aki Esteban, Pablo Ausucua eta Joseba Garraza-k hiru egun eman zituzten Madrileko erakusketan, antolatzaileen gonbitearekin. Denbora horretan, haien lanak izan zuen onarpena eta arrakasta somatu izan zuten, "jendeak, gunea egunero bete zuen. Gainera burbuilek postura ezberdinetan atseden hartzeko aukera ematen zuten eta hori publikoari asko gustatu zitzaion", aipatzen dute egitasmoaren sortzaileek, komentario oso onak entzuten ziren jendartean". Beste atseden gunea, Mexikoko unibertsitate bateko ikasleek sortu zuten, eta kuriosoa bada ere, nafarren lanarekin antza handia zuen, "haien gunea gurearen kontrakoa zirudien, hau da, haien gunean hutsuneak zeuden pareta zein lurzoruan jendea bertan esertzeko, ematen zuen haiek kenduriko zati hoiek gurean jarri genitula burbuila moduan".


Haien lanaren arrakasta daztatzeaz aparte, erakusketaz gozatzeko aukera izan zuten. "gauza asko dago ikusteko bertan, bainan pare bat orduko bisitaldiaren ostean asetuta eta beteta bukatzen duzu", komentatzen dute, "azpimarragarriena, bertan ezagutu daitekeen jendea da, mundu osoko artista eta sortzaileak batzen baitira bertan eta oso pertsona interesgarriak ezagutzeko aukera dago".


Orain, erakusketa bukatuta, I?aki Esteban, Pablo Ausucua eta Joseba Garraza, haien lana Madrildik noiz bidaliko zain daude, Nafarroako Arkitektura eskolan ikusgai ipintzeko.

lunes, 10 de enero de 2005

Tony Garnier: hiri industriala


XX. mendeko hasierara egingo dugu salto, eta Lyon-era hurbilduko gara, non Tony Garnierrekin egingo dezakegun topo. Ez da oso arkitekto ezaguna gure garaietan, baina oso garrantzitsua arkitektura eta hirigintza garaikidean, baita hiria bere osotasunean (hutsetik) sortzearen ideia ulertzeko ere. Hau egitate ia utopikoa dela esan genezake, historian ia inoiz ez baita horrelakorik suertatu: jaiotzetik hiria osorik sortzea. Kasu gutxi hauek porrot egin zutela esan daiteke.


Kasu honetan, garrantzitsuena ez da hiria ez dela solidatuko, hiri bateratuaren kontzeptua ezagutzea baizik, hau bere osotasunean proiektaturiko egitura izatea. Eta hori oso argi zuen Tony Garnierrek. Bizitza osoa bere ikasketa kutunari eskaini zion: hiri industriala; izan ere, industrializazioaren pean aldaketa bortitzak jasaten ari zen gizartean bete-betean bizitzea egokitu zitzaion, eta garaian sortutako hiri gehienen jatorria industri interesen araberakoa izan zen.


Hiria asmatu zuen, hutsetik hasita: 35000 biztanle ingurukoa, kokapen asmatua baina ezaugarri jakin batzuekin (ibai batek igarotzen duen lautada, inguru malkartsuagoekin). Elementu bakoitza (fabrika, hiria, osasun-zerbitzuak, etab.) besteengandik bereizi behar zuen, beharrezkoa izatekotan gehikuntza bati aurre egiteko. Honek Garnierrek etorkizunera begirako hirigintzaz zuen ikuskera adierazten du, iraultza industrialaz geroztik eman diren hazkunde desordenatuen modukoak ekidinez.


Betiere hiri txukun eta ongi proiektatua du buruan, bai urbanistikoki eta baita higienikoki ere, gizabanakoaren behar material eta moralak asetu nahian. Aro Berriko Mugimenduaren hasieran amankomunak izango diren kontzeptu batzuk izenpetu zituen: faktore higienikoen ezaugarri arauemailea, etxegintza irekia, oinezko eta ibilgailuen arteko ibilbideen independentzia, lorategi-hiria (loruria), etab. Hiria ordenaturiko irazkia da, baina lurra mugatu dezaketen horma edo itxitura ezak, hiriaren lurrazala parke handi baten modura hartzea onartzen du, edozein norabidetan gurutzatu daitekeena. Gogoratu behar da halere, hiri hau utopia hutsa dela, gutxienez garai hartako gizartean (eta baita gaur egun ere): Garnierrek asmatu zuen hiria osoki sozialistatzat hartu daiteke, jabego pribaturik gabe, ez gartzelarik, elizarik, polizia edota epaitegirik. Egileak uste zuen zintzoki gizarte berria hark ez zuela honelako beharrik izanen. Eta hau guztitik oso urruti dagoela iruditzen zait...


Bere ezagutzak errealitatean aplikatzeko aukera izan zuen, E. Herriot ahaldun erradikalarekin, zein Lyon hiriko alkate izatera iritsi zen 1904ean, mantentzen zuen adiskidetasun eta afinitate politikoak zirela eta. Bere ideiak aro berriko hirien behar konkretuen pean jarri zituen. Bere obra, behin eraikia, ikerlan eta aurrekontuak berresten zituen. Hori da egileak Aro Berriko Mugimenduari egindako ekarpena: teoria eta praktikaren arteko lotura.


Garnierrentzat, eraikin baten bizitza eta etorkizuneko erabilpenaren araberako faktore guztiak present egon behar dute proiektua prestatzerakoan, eta hirian izango duen integrazioa kalkulatua du aurretik. Horregatik bere obrak funtzionamenduan darraiten organoak bailiran diraute Lyonen. Baina benetan interesgarri suertatzen zaiguna zera da: Garnierrek hiria eraikin handi bat bezala gauzatu zuen, bere osotasunean proiektatu eta errepresentatu daitekeena. Ez du inoiz eraikinean pentsatzen elementu isolatu baten moduan, alderantziz, jakin bazekien edozein esku-hartzeren emaitza hiria bera zela eta eraikinak zentzua hartzen duela bakarrik hiriaren bizitzari ekarpen bezala.


Esan beharra dago ere ikuspegi orokorrak ez digula egitasmo arautzaile garaikide bat gogorarazten, aukera ezberdinak gradu eta eskala ezberdinetan banatzearen ideia falta delako; substantzialki herri lan proiektu desberdinen bateraketa markoa dugu. Teorikoki hutsunea jasaten du errealitate dinamikoan, hiria kasu, antolatze egonkorren pean erregulatua geratu daitekeelarik; baina praktikan proiektuaren exijentzien bitartez, izaera dinamiko honetan esperimentatzera derrigortuta dago eta murrizketa teorikoak gainditzera.


Ziurrena osotasun marrazki hau behin eta berriz zuzendua izatea Lyongo udaletxeko bulegoetan, lanak aurrera eramaten ziren heinean, eta horrela, egitasmo arkitektoniko bakoitzean hazten ari den hiriarekin nahita nahiezko lotura somatu daiteke.