Mostrando entradas con la etiqueta Disko. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Disko. Mostrar todas las entradas

viernes, 18 de mayo de 2007

Mad Caddies: Ska baino urrunago

Mad Caddies Santa Barbarako musika taldeak ska musika baino urrunago doala erakutsi digu beste behin ere Keep It Going disko berriarekin. Kaliforniarrak sailkaezinak dira estilo aldetik; ska-core talde gisa definitzea izango da errazena eta zuzenena.
Duela hamar urte Duck and Cover disko miragarriak irakatsi bezala, ska-core etiketak ska eta punk melodien nagusitasuna azpimarratu nahi du. Ameriketako boskoteak skatik abiatuz hainbat musika estilo jorratzeko gai direla erakutsi dute ordea, beren bosgarren lanean. Punka, hardcorea, popa, rocka, dixiea, jazza, countrya, swinga, reggaea, rockabillia, polka edota mexikar musikaren tankerako erritmoak topatu ditzakegu euren diskografian.

Fat Wreck Chords disketxe independientearen atzean ezkutatzen diren mutilak maiatzaren 1ean bueltatu ziren. Jamaikar doinuek pisua duten lan hau Live from Toronto zuzenekoaren ondotik dator. Chuck (ahotsa), Sascha (kitarra), Keith (tronpeta eta koroak), Eduardo (tronboia) eta Brian-ek (bateriajolea) ia lau urte pasa dituzte kanta berriak taxutzen eta oraingoan ere lan txukuna burutu dute. 14 abestiz osatua dago eta ekoizpenerako Grammyko Wayne Jobsonen (Toots & the Maytals, Gregory Isaacs, No Doubt) laguntza eduki dute. 

Keep It Going
lanean Jamaika eta Kaliforniako kostaldeetako doinu gozo eta alaiak aurki ditzakegu State of Mind  kantuak erakusten digun moduan. Nahiz eta, diskoa aurrekoekin alderatuta nabarmen lasaia den, hezurrak mugitzeko moduko punk eta dixiearen artean diren kantuak ere prest ditu, esaterako Tired bones.

Horrez gain karibeko haizeaz bustitako lanak ekarpen berri bi dakartza. Alde batetik Duckie Simpson Black Uhuru reggae talde mitikoko partaideak bere ahotsa tartetakatzen du Delroy Wilsonen "Riding For a Fall" kantaren moldaketan eta bestetik Mad Caddiesen lehendabiziko abesti akustikoa Whatcha Gonna Do aurki dezakegu, country doinuez babestua.

Bestalde, Just One More aurreko lanean bezala gazteleraz mintzo direnentzat keinu bat egiten dute Coyote mexikar eta punk doinudun kantuan. Abesti sorta tentagarri hau espero zitekeenaren kontra reggae edo skarekin zerikusi gutxiko disko azal batekin dator apaindua. Beste behin Mad Caddiesek dixie munduaren aldeko apostua egiten dute euren lan berriko azala aukeratzerakoan. Benetan interesgarria beste behin Santa Barbarako mutilek proposatutako soinu bidaia.

lunes, 26 de marzo de 2007

Gizagaldu baten bilakaera

Jesse Malin izena entzuterakoan erreakzio desberdinak sor daitezke: sex, drugs & rock and rollaren filosofia muturreraino dastatu zuen rockeroaren irudia berpiztea eta "non egongo ote da?" norbere buruari galdetzea, ala MTVn agertzen diren ume -handi- bihurri horietariko batez oroitzea.

Jesse Malin (New York, 1968) izena entzuterakoan erreakzio desberdinak sor daitezke: sex, drugs & rock and rollaren filosofia muturreraino dastatu zuen rockeroaren irudia berpiztea eta "non egongo ote da?" norbere buruari galdetzea, ala MTVn agertzen diren ume -handi- bihurri horietariko batez oroitzea.


Biak izan daitezke erreakzio zuzenak, benetakoak, bi egoera horietan murgilduta aurkitu izan baita Malin. Baina, ez batak, ez besteak, isolaturik, ez digute balio izango Glitter in the Gutter (Adeline Records, 2007) -Distira Estolderian- disko berrian aurkituko duguna igarri ahal izateko. Diskoak merezi duelakoan, eta 16 Euro itsumustuka gastatzeak grazia handirik egiten ez duelako, eremu hauetara ekarri gura izan du Malin zerbitzari honek.


Musikariaren bizitzari gain begiradatxo bat emanez, esan behar da, 80. hamarkadan Sagar Handiko hardcore giroetan lekutxo bat egin zuela Heart Attack taldeko abeslari eta gitarra jole gisa. Taldea disko bat kaleratu ostean deuseztatu zen. Nerabezarotik atera eta 1991.ean milaka jarraitzaile bilduko zituen taldea sortu zuen: D-Generation. Garaiko kritikaren hitzetan taldeak punka, glama eta garage estiloak uztartzen zituen ikutu rockeroei muzin egin barik.


D-Genek aldizkari espezializatuetako kritikarien onespena eta begirunea lortu zuen bere estiloarekin: punk jarrera erradikala oholtza gainean eta potroak burua baino gehiago hitzak idazterako orduan. Hala ere, diskografien "aholku" eta mehatxu zuzenez beteta dago beren historia; Chrysalis Recordsen eta Columbia Recordsen zenbakiek ez baitziren aurreikuspenetara egokitzen. Alegia, ez zituztela behar adina disko saltzen. Eta betiko moduan, behartutako bira pare baten ostean, 1999an, behin betiko agurra esan zuen taldeak.


XXI. mendearekin batera, Malinek, bere disko zaharrei hautsa kendu eta gaztetatik gurtzen zituen Tom Waits, Steve Earle eta Neil Youngen soinu garbiagoen ildoetatik hasten da higitzen. Bide zidor hauek, idazten dituen hitzetan ere eragina handia izaten hasten dute, eta, bere kanta berriek, D-Gen garaikoen harropuzkeria alde batera utzi eta New York Cityko kronikari baten kutsua hartzen dute. Malinen hitzek formaz haratagoa doaz orain. Eta formak gainditu bakarrik ez, espazio mugak ere zeharkatzen dituzte Jessen kantek. "He writes locally but thinks universally", JW Bassett kritikariaren hitzetan.


VH1 telebista kateak duela gutxi egin zion elkarrizketa batean, Malinek, rocka bizimodu bat dela zioen, ez dela moda iragankor bat. Baina gaur egun egiten duen rockak aspaldikoa baino geruza gehiago ditu, sakonagoa da. Bilakatu egin da, nolabait esateko. Eta, agidanez, hori zen Malinek bilatzen zuena: "Ertz hotz eta zorrotz bat, abesti sakonak ezkutatzen dituena". Heldu egin da -behingoz- gure gizona eta barruan duen guztia ateratzen hasi da. MacKenzie Wilsonek ezin egokiago esan zuenez, bihotz samurreko punkia da Jesse.


Beraz, gitarra garbi eta zikinen arteko soinu jokoak aurkituko ditugu Glitter in the Gutter honetan. Abestien protagonistak, edozein izan zitekeen pertsonaiak dira, tokian tokiko bizipenekin kantei unibertsaltasuna emango dizkietenak. Eta urrea diamante bihurtuz, kolaboratzaileen artean Ryan Adams, Josh Home -Queens of the Stone Age-, Jakob Dylan eta Bruce Springsteen aurkituko ditugu.

domingo, 21 de enero de 2007

Nor arraio da Willis Drummond?

Ez galdetu nola iritsi zen diskoa nire poltsikora. Nik ere ez dakit oso ondo. Anthology. Willis Drummond. Besterik ez du jartzen letra beltzez azal horian. Atzealdealdean zortzi kanten izenak, www.willisdrummond.net helbidea eta kontakturako telefono bat. CD-ak ez dauka kaxarik ere, plastiko berde batean bilduta dago. Eta promo-orri bat dauka, honela dioena:
Kurt Cobain, Malcolm Young, Rory Gallagher... beraien gitarraren soinua eta Willis Drummonden harmonikaren artean lotura aitortzen dutenak asko dira. Zirkunstantzia trajikotan desagertu zenetik 4 urte pasa ondoren 8 abestiko album hau iristen zaigu. Gaur egun ezagun diren grabaketa bakar hauek biltzen, ederki berriztatzen eta CD formatoari erabat moldatzen hutsune hau betetzen da, azkenean. Drummond-en obraren ardatza den bukaeraren gaiaren inguruan bere sorgikeria ospetsu horiekin tarteka ebakitako tentsio sexual hutsa 3 ordu laurdenetan. Tira, entzun beharko da ba.

(45 minutu beranduago)

Eta ez dago batere gaizki. Grunge ukitua nabari zaie diskoa osatzen duten 8 kantei. Batzuetan Nirvanaren musikara hurbiltzen dira, baina 90. hamarkadaren hasiera hartako beste talde batzuei muzin egin gabe (Alice In Chains datorkit, baita Pixies eta Soundgarden ere) batez ere ahotsen melodiari dagokionean.

Hala ere ez dira grungean geratzen, eta beste zenbait eragin ere nabaritzen zaizkio disko honi. Behin argian ezarrita kantaren bukaerak Lisabören eta Bidasoa aldeko beste zenbait talderen uretatik edan duela dirudi. Berriz ere, diskoko seigarren kanta bizia da, zuzena. Usain epelak azkenaren ideiarekin jokatzen du eta nik neuk 70etako soinua somatu diot. Izan nahi nuen bainan... kantak berriz Queens Of The Stone Age-en No one knows-en itxura du entzule honen ustez.

Misterioa argitu nahian edo...

Igande honetako alferkeriari muzin egin eta Interneten begira hasi naiz. Ez zait gehiegi kostatu Garan talde honi buruzko kontu gehiago aurkitzea. Hasteko, Willis Drummond, taldea baita eta ez nik titularrean jarri bezala pertsona bakarra. Skunk, Los Cojonudos eta Berri Beltzak taldeetan ibilitako musikariek osatu dute eta diskoa azken hiru urteetan egindako lanaren ondorio da. Amanita Estudioetan grabatu zituzten zortzi abesti hauek eta datozen hilabeteetan kontzertuak eskainiko dituzte aurkezpen modura.

Baina, nork arraio sartu zidan disko hau poltsikoan? Ai, larunbat gauak...

www.willisdrummond.net

miércoles, 22 de noviembre de 2006

Akatu, Utopiaren Indarra


2000. urtean taldea osatu zutenean, urruneko amets moduan ikusten zuten Akatu taldeko kideek diska luzea kaleratzea, utopia bat alegia. Bainan heldu da eguna. Eremulauak Ediziogunearekin batera Utopiaren Indarra estreinako lana karrikaratuko du Iruñeako taldeak. Melodiak, metala eta musika estilo ezberdinak nahasten dituzten 10 kantu grabatu dituzte Akatukoek, Fer Buitraker teknikari moduan lagun izan dutelarik.



Aurrerapausu handia eman du Akatu taldeak lan berri honekin. 2004-urtean kaleratu zuten maketako doinu zalantzatsuak alboratu eta soinu propioa garatzen jakin izan dute Iruñeakoek. Indarra dut oinarri haien musikan, bi ahots, kitarrak, baxua, bateria eta nortasuna ematen dien djembelaria plazaratzen du eskenatoki gainean Akatu-k. Utopiaren Indarra disko berrian, melodiek garrantzia hartu dute, hasierako ahots gordin eta gogorren aurrean, jatorrizko kaña galdu gabe beti.


 


Lehen lan luzea dute Akatukoek, ospatzeko moduko aurrerapausua. Horrexegatik lagunak alboan nahi izan dituzte grabazioan. Matxet-ek (Josilouli eta Naiz Roxa) kanta batean ahotsa jarri die eta Electric Child-ek (Sexty Sexers) gitarra soloa jo du beste abesti batean.


 


Durangoko azokan salgai jarriko da Utopiaren Indarra, Akatu taldearen diskoa. Ordutik aurrera, Eremulauak Ediziogunearen salmenta postu guztietan ere aurkituko duzue. Aukera bikaina Euskal Herriko musika zaleek, Iruñeakoen lana ezagutu dezaten. Mitomanoentzako oharra, azokako ostegunean abenduaren 7an, diskoak saltzen ibiliko dira Akatu taldekoak.


 


Aurki berrikuntza gehiago Eremulauak.com atarian!


martes, 21 de noviembre de 2006

Jurasikoko erreginak

Neubat boskoteak lan berria kaleratu du Stereosaurus izenburupean. Langile dabiltza gasteiztarrak, izan ere, taldekideetarik lau Sorkuni laguntzen dion bandaren partaide dira eta harekin aurkezpen bira amaitu berri badute ere, euren lana kaleratu eta aurkezteari eman zaizkio, atsedenerako tarterik hartu gabe.


Berrikuntza gutxi aurkituko ditugu aurreko diskoarekin alderaturik; gitarra astunak, Kanda eta Libe-ren arteko ahots-jokoak eta, finean, stoner-a oinarri duten hamalau kanta. Zerbait azpimarratzekotan, agian, Queens of the Stone Age taldeak disko honetan duen itzal luzea erritmo, gitarra eta koro askotan (Shanghai, Chupacabras…).


Orokorrean, gorabehera askodun diskoa dela esango nuke, bai intentsitateari dagokionez eta baita kalitateaz hitz egitean ere; Shangai, Carrandi edo Azal gorriak kanta borobilak dira, Pozoina edo Zapiaren dantza erdipurdikoagoen aurrean.


Aipatzekoa da ere kolaborazioen atala, Sorkun-en ahotsa eta Igor Ruiz-en Saxo baritonoa espero zitezkeen, elkarrekin jotzen ibili baitira azken aldian, baina horietaz aparte Surfin Kaos-eko Koldo agertuko zaigu kanturik rockeroenean, baita Joseba Ponce-ren ahotsa Naide-n, Dut-en garaiak gogora ekarriz.


Zapore gazi-gozoa uzten duen lan hau laburmetraia itxurako bideo batekin borobiltzen dute. Zapore gazi-gozoa diot, seguru aski lantzeko eta abestiei buelta gehiago emateko denbora hartuz gero, disko handiago bat eskaintzeko gai baitira. Bien bitartean nik, Stereosaurus honekin gozatzen jarraituko dut…


martes, 26 de septiembre de 2006

Thom Yorke: Borragomarik ez

Radioheaden hurrengo diskoa izan zitekeena (estilistikoki taldeak jarraitu duen ibilbideari dagokionean, behintzat) bakarka kaleratzea erabaki du Yorkek. Horregaitik ez dut ulertzen diskoaren izenburua (The Eraser).

Ez dago aurretik egindakoa ezabatzen duenik. Thom Yorke izaten jarraitzen du, bere testuinguru osoan, eta bere jarraipen logikoa baino ez da hau. Halere, ustekabean harrapatzen zaituen diskoa dugu honakoa.


Ez gara Radioheadi buruz ariko testu honetan, gehienontzako taldea soberan ezaguna izango delakoan. Wellingborougheko bakarlaria doinu elektronikoetan murgildu da oraingo honetan, taupada ilun baina sotilez betetako abestietan.


Diskoari izena ematen dion kantuak ematen dio hasiera diskoari, pianoa oinarri hartuta. Ez naiz bereziki elektronika zalea, ezta Radiohead zalea ere, baina disko honek zerbait dauka. Diskoak baino, bertan azaltzen diren kantuek dute zerbait. Tempo erdiko abestiak, abesti elektronikoak, baina ez elektronikan oinarritutakoak. "The Clock" kantua entzunda Yorke imajina dezakezu, etxeko ordenagailuaren aurrean, burua albo batera eta bestera mugituz. Trantzean. "Harrowdown Hill" da disko honetako abestirik borobilena, nire uste apalez, amaieran kitarrak ere antzeman daitezkeelarik. Xuxurlatu dezake Yorkek, arima zauritu arte, berak eta gutxi batzuk bakarrik egiten dakiten bezala.


Melodiak jorratzeko maisulana eskaintzen digu lan honetan Yorkek. The Eraser da, baina ez da taula rasa.

domingo, 25 de diciembre de 2005

Marlango: Inperfekzio automatikoa


Bilboko Arriaga Antzokia, astelehen arrats-gaua. Zortziak heltzen dira, eta behin ere Bilboko entzulegoa oso puntuala ez dela ikusi daiteke, jakina baita sarrera guztiak agortu direla, eta leku libre asko ikusten dira.


Orduan, aretoa ilunpean geratzen da areto-zainak eskuargia atera behar duelarik jendea gidatzeko. Musikarekin bat doazen argiak pizten dira, agian gisa horretako areto batentzat aproposena ez zen arren. Orain bai, iluntasun osoan gelditzen da Arriaga, eta hirukotea agertzen da, zuzenean seikote bihurtuta. Alejandro Pelayo, Leonor Watling eta Oscar Ybarrak osatutako taldeak ordu t?erdi pasatxoko emanaldia eskaini zuen, alderdi free-jazzena albo batera utziz eta popa bere gain hartuz. Publikoarenganako sekulako hurbiltasuna erakutsi zuten, abestien tartean txantxak eginez, nahiz eta hauek batzutan sinesgarritasun gutxi eduki. Aurreko biran erakutsitako gehiegizko posea alde batera utzi zuten, eta udan Donostiako Jazzaldian egin bezala, saltoka amaitu zuten, eta Automatic Imprefection diskoan baino intentsitate handiagoa eman zioten kantu gehienei, eta baita publikoak eskertu ere, amaieran txaloaldi luze batekin berriz ateratzera behartu baitzituzten.


Kontzertu magikoa izan zen, intimoa. Pelayok instrumentalizaziorako sekulako gaitasuna erakutsi zuen pianoa, kitarra eta xilofonoarekin maisuki arituz.


Askorentzat garrantzitsuena izan arren, taldeko abeslaria aktore famatua izatea anekdota hutsa da, taula gainean ezin hobeto aritzen baita. Norbaitek esan zuen bezala, askotan kontua ez da ondo abestea, baizik eta abesten jakitea.

sábado, 1 de octubre de 2005

Sorkun: Duna


Sorkun Sorkun da, eta ez besterik. Jada ez da bakarrik Kashbad taldeko abeslari ohia, edo Fermin Muguruzaren korista. Pertsonalitate propioa hartu duen ahotsa da, eta inoiz baino bakarlariago datorkigu bigarren disko honetan. Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu zuen.


?Duna? deitzen da, stoner ikutu nabaria baitauka. Ezin da beste modu batera izan, Neubat-eko lagunak ondoan edukita. Elektronikarekin jolastuz, eta honek eman ditzakeen ?abardura guztiak aprobetxatuz konposatu du oreretarrak disko berri hau.


Sekulako ikusmira sortu zuen Bilboko Kafe Antzokiko aurkezpen kontzertuak, bete-beteta baitzegoen, osteguna izan arren. Lehenengo single-arekin hasi zuten kontzertua, ikutu stoner nabaria duen ?Heldu Nazazu? horrekin. Gutxinaka-gutxinaka, eta jendetza berotzen hasi zen heinean, ?Onna? diskoko hainbat kantu jo zituzten, azken honetakoak baino indar handiagokoak, eta kitarraren presentzia handiagoarekin.


Kolaborazioen tartea hasteko Potemkin taldeko Tzutzi igo zen taulagainera ?Non Zaude?? kantuan koroak egiteko, diskoan egin bezala. Gero Aritz Lazkano izan genuen, Izaera taldekoa, Kashbad-en ?Zuen Eskaparateetan? kantuaren bertsio azeleratua egiteko.


Saxoak ikutu ezberdina ematen die kantu askori, bai ezagutzen genituenei eta baita berriei ere. Zuzenean elementu elektronikoen ezak hutsunea sortu lezake, baina ez da hala, baxuaren presentzia sekulakoa baita.


Konturatzerako kontzertua amaitu zen, eta etxera bueltatu ginen ahoan irribarrea genuela. Sorkun eskenatokia betetzen duen abeslari horietakoa da. Eta Euskal Herrian esku bakarreko hatzekin zenbatu ditzazkegu horrelakoak. Bira luzea izango dute. Aprobetxatu zure herritik pasatzen badira.

jueves, 25 de agosto de 2005

Billy Corganen lehenengoa?


Beti esan izan da Smashing Pumpkins taldearen ?Mellon Collie & The Infinit Sadness? diska Billy Corganen bakarkako lehenengoa izan zela, berak egin zuela grabazioa alegia, beste taldekideen ezkutuan. Gainera, askok galdetu zuten bere garaian zerk zeukan Zwanek taldetik, izan ere, kantu guztiak Corganek sinatzen zituen, baita ekoizpena ere. Orain bere lehen bakarkako diska ofizialarekin dator.


?The Future Embrace? deitzen da, eta lanik pertsonalena dela esaten du berak. Pertsonala baino puntu eta aparte bat dela esan genezake, aurreko egitasmoekin egindako musikarekin zerikusirik ez duena jorratzen du oraingoan. Perkusiboa eta iluna, honela definitu genezake bere lana. Gozoa eta krudela, horrela baita Corganen ahotsa, edozein ahots femeninoren gozotasuna ekarri ahal digu gogora. Kontradiktorioa batzutan, bestetan ernegatuta dirudi, munduak gainezka egingo diola dirudi eta ezinegonak zoratu egingo duela. Baina beti burusoilari darion iluntasun horretan. Inoiz baino ilunago, inoiz baino harrigarriago.


Ez dakit pertsonalagoa den, baina bai pertsonalitate handiagokoa. Disko honetako kantuak, Walking Shade singlea kasu, Bristol iluneko taberna cool batetan edo Sopela hondartzako rave batetan pintxatu daitezke, esentzia galdu gabe. New Order-en garai hobeak gogorarazten dizkio askori, eta baita lerrook idazten dituenari ere. Sintetizadoreak eta bonboak aldiberean gustuko dutenentzat, kitarrekin lagunduta, eta baxu lerro sendo batekin. Euskal Herri mailan Split 77k Mentura diskan egindakoarekin antzekotasun ugari gordetzen ditu diska honek, lerro horretatik behintzat badoa. Benetan gomendagarria. Entzunaldi bat baino gehiago merezi duen diska horietako bat.

Berri Txarrak taldearen diska berria prest!




Berri Txarrak hirukoteak prestatua dauka bere bostgarren lana izango dena. JAIO.MUSIKA.HIL izenpean kaleratuko da urriaren hasierarekin batera. Diska Ed Rose-k nahastu du eta Mike Fogsemkemper ari da egun hauetan New York hirian masterizatzen. Gorka eta bereak, bestalde, Mexiko eta Nikaraguan zehar eramango dituen bira batetan murgilduta daude. Nahiko berotuta etorriko dira, beraz, diskaren argitarapenarekin batera hasiko den euskal herrian eta estatuan zehar egingo duten birarako.


Hurrengo egunetan albiste hau luzatuko dugu.

viernes, 22 de abril de 2005

Zea Mays: "Sortuz, grabitatearen aurka"


Bilbotarren laugarren lana itxaroten eman ditugu askok azken hiru urteak. ?Sortuz, Grabitatearen aurka? hartu du izena laukotearen lan berriak.


Lau diska, hiru diskoetxe ezberdinetan, egunerokotasunean erori gabeko lau lan. Aurrekoarekin gizakiaren jaiotzetik hiltzerako prozesua izan bazuten hizpide, oraingoan ?Elektrizitatea? diskoaren ildora bueltatu dira. Hitzak aurreko lanetan baino askoz positiboagoak direla esan genezake, eta halaxe dira melodiak ere, azkenaldian irratietan entzuten ari garen ?Besterik ez naiz? kasu. Kantu honetan, Rafa Rueda lagunaren kolaborazioarekin, taldean orain arte entzun ez ditugun melodiak ageri zaizkigu, orain arte agertu ez zaizkigun modu batean.


Aioraren ahotsa ez da (aurreko kasu askotan bezala) birtuosismotan erortzen, beste modu batetara jolasten du bere instrumentuarekin. Eboluzio koherentearen kasu argia dugu Zea Mays, melodietan oinarritutako taldea izaten jarraitzen duelarik. Bapatean, abisatu gabe hasten den diskoa dugu, bigarrenean aipatutako ?Besterik ez naiz? abestiak ustekabean hartzen gaitu, eta hortik aurrera dena erraz sartzen da: 12 kantu dira guztira, gozamenerako 53 minutu.


Aurreko lanetan baino kantu askoz linealagoak ditugu bertan, landuagoak agian, irekiagoak. Grabazioaren atzean entsegu ordu asko daudenaren irudikapena hartzen da segituan. Queens Of The Stone Age edo Mars Volta bezalako taldeei ikusmirak zabalduz, azkeneko lan izugarria dugu hau.


Aurkezpen birako lehen bi kontzertuak bertan behera gelditu eta gero (Gorlizeko Xurrut eta Hazparneko gaztetxean) hasiak dira jada zuzeneko emanaldiekin. Honatx datak!


Apirilak 23, Bukowsky (Donostia)

Maiatzak 6, La Kelo (Santurtzi) + Evirus 69

Maiatzak 12, Terminal (Iru?ea)

Maiatzak 14, Gaztetxea (Elorrio) + Evirus 69

Maiatzak 20, Gaztetxea (Eibar)

Maiatzak 21, Kafe Antzokia (Ondarru) + PI_LT

Uztailak 1, Jaiak (Errekalde)

Uztailak 2, EH ZUZENEAN


Informazio gehiago beraien webgune berrituan: www.zea-mays.com