Mostrando entradas con la etiqueta Lekuak. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Lekuak. Mostrar todas las entradas

jueves, 2 de agosto de 2007

Blas, bizikleta eta bloga: itzulera baten historia

Azken urte honetan Iker Blas hernaniarraren artikuluak irakurtzeko aukera izan dute eremulauak-en atal honetara hurbildu direnek. Errumaniako paraje ederrenen berri eman du Blasek bere kroniketan, eta senez bidaiaria izaki, ez du ekialdeko beste hainbat txoko bisitatu eta haien inguruan idazteko aukera ere galdu. Orain itzultzeko ordua iritsi zaio.
Baina aireportuak... amuarraina ere lokartzen da aireportu batean. Aspergarriak dira. Horregatik, eta bere bizi-zaletasuna erakusteko, bizikletaz itzuliko da Iker Errumaniatik.

Dagoeneko abiatua da azkeneko sei hilabeteetan bizileku izan duen Cluj-Napocatik. Distantzia handia denik ezin uka, eta horrek kezka handia sortu du senide, lagun eta noski (batez ere?), eremu-lautarron artean (Iker izan da azken denboraldiko gure fitxaketa izarra, atzerriko korrespontsal eta nazioarteko gaietan aditu izateaz gain). Kezka hori baretzeko, eta bide batez bidaiaren nondik norakoak kontatzeko, eguneroko bat atondu du sarean Blasek, http://www.transylvania2007.blogspot.com/ helbidean.

Eta bidaiarekin famatzen hasia ere bada. Ez duzuela sinesten? Begira Clujeanul izeneko egunkarian berari buruz idatzi dutena: http://www.clujeanul.ro.

Bidaia ona opa diogu Ikerri. Eta zuei bloga irakurtzeko gomendatzen dizuegu, Goran Bregovic ala Emir Kusturicaren musika (biak batera ere bai, zergatik ez) pixka bat apal entzuten duzuen bitartean. Ekialdeak eskatzen du. Udarako primerako irakurketa duzue, freskoa, road-movie tankerakoa, baina ukitu zingaro batekin. Gogoratu: http://www.transylvania2007.blogspot.com/

viernes, 13 de julio de 2007

Somes ibaia

Cluj-Napoca zeharkatzen duen ibaiak Somes du izena. Isilik zeharkatzen ohi du Kolozsvar, ia ohartu ere ez gara egiten uraren joan-etorriaz. Egun hauetan ordea indusmakinen zaratak nire begirada erakartzen du. Azken obra plangintza batek ibai ertzak garbitu eta atondu behar dituela dirudi. Obren ondorioz ibaiaren jatorrizko ur berde iluna marroia dago. Uretan bizi direnetaz larritu naiz eta jakinaren gainean egongo ote ziren burutik pasa zait.
Ibaiaren parte hau XXI. mende hasieran gertatutako hondamendi ekologikotik salbatu zen. Horri esker arrantzaleak patxadaz belarretan eserita ikus daitezke arrainen batek noiz helduko zain. Baia Mareko Somes ibaiaren arro nagusiak ordea, oso bestelako patua izan zuen. Maramures eskualde idilikoaren hiriburuko ibai korronteak zianuroz beteta esnatu ziren 2000ko urtarrilaren 31n. Aurul SA atzerriko konpainiak ibaira 50 eta 100 zianuro tona inguru isurtzen utzi zituen. Metal pisutsuz osatutako nahasketa hiltzaile hori hilabete luze batez Somes, Sasar, Lapus, Tizsna eta Danubio ibaietatik barreiatu zen Itsaso Beltzera heldu baino lehenago. Gertaera hark bat-batean ehunka animaliaren heriotza ekarri zuen. Milurtekoak dituen ibai ekosistema mututu egin zen. Milaka izan ziren Errumanian edateko urik gabe geratu ziren pertsonak, baita Ukrainan, Hungarian, Serbian edota Bulgarian ere.

Tamalez, munduan gertatu diren beste hainbeste hondamendi ekologikoetan bezala biztanleek ahaztua dute jada sigi-saga hiria zeharkatzen duen zera berde horretan gertatutako amesgaiztoa.



Baia Maren gertatutako hondamendi ekologikoari buruz gehiago jakiteko:
http://www.rec.org/REC/Publications/CyanideSpill/ENGCyanide.pdf

lunes, 4 de junio de 2007

Euriaren zapore gozoa

Egun motela, makala, arraro horietarikoa altxa da gaurkoan. Kaleak eguzki izpiek itsututa, zikinkeriaz estalita eta labezomorroz beteta ikusi ditut. Lanerako bidean kamiseta izerdiz busti dut nahiz eta goiza besterik ez izan. Azkenean, lantoki barruan, kanpoan zeuden 30 graduak 35 gradu pisutsu bihurtu dira. Hori nahikoa ez balitz haize korronte xume baten gabeziak ordenagailuen lehortasunarekin batera giroa jasangaitza egiten dute.
Nire burmuina gurina bezain urtua eta itsaskorra zegoen unean paseatu du bulegotik bere irribarre ederra Laurak. Gaur ordea irribarre hori marrazten duten ezpainak ez dira niretzako. Lauraren begi marroi argiak bilatzen nituen bitartean galde egin diot nirekin hitz egiteko tarterik duen. Zoritxarrez pikutara bidaltzen ninduten hitzekin egin dut estropezu. Triste eta burumakur pasa dut amaitezina egin zaidan azken lanordua.

Bulegotik Errumaniaren independentzia egunaren omenezko Bulevar 1 Decembrie 1918 etorbidetik egin dut ihesi. Calea Motilor jarraituta Ursus garagardo fabrika albo batetik pasa eta Manastur kaletik Kaufland supermerkatu alemanera iritsi naiz. Kaufland  hitzak “erosketen lurraldea” esanahi du alemanez, Klausenburgen dagoen supermerkatuak ordea hildakoen lurraldea dirudi. Ehunka kotxeren atzean enpresaren izena daraman afixari begiratuta ehunka hilobi ikusi daitezke. Ezleku handi honetan ia ordu bete eman dut naufrago. Poltsikoetako dirua xahututa kanpora irteten saiatu naiz. Momentu horretan ordea kazkabarra gogoz ari zuen. Izotz bolatxoek euri jasa beldurgarri bati eman diote txanda orduan. Une horretan mundua zatika erortzen zaidala sentitu dut. Ahituta nire gorputzaren izerdia hezetasun hotz bilakatu dela konturatu naiz.

Euriak sortutako amildegiaren azpian ibiltzen musika entzutea eta arpegian irribarre bat jartzea da geratu zaidan gauza bakarra. Aurpegitik behera irristatu zaizkidan euri tantak nire malkoak bilakatu dira. Estilo sobietarreko etxe bloke erraldoien artean tximisten txinpartek eta trumoi hotsek hiria bonbardatzen ibiliko balira bezala sentiarazi naute.

Beroa eta euria, supermerkatua eta hilerria, Laura eta ni. Dualtasun hauei azalpen bat bilatzen saiatzen ari nintzen unean The Story Of My Life Millencolin talde suediarraren kantu zahar bezain famatua entzuten hasi naiz kasualitatez. Eta hau? Zertara dator hau?


The Story Of My Life


The story of my life, well let's just say it's a fork and a knife
there is one thing on my mind, one thing all the time, I got to fill my mouth
got no favorite meal, I say every meal is clean if it fills me up for real
my belly's big and it's just a start, my appetite is my heart
and when I had enough I just through up and laugh.

This time, it's not a cow, it's kind of personal, can't explain to you why
this time, it's not a cow, so Mr. PC are you ready to bow.

Breakfast in bed, the bed's in the kitchen so it's easy to be fed
and when I'm fed, yes, when I'm fed, I go right back to bed
food and sleepwatch, the thing should keep me from having too much
sometimes it feels that I could kill for desert.

The story of my life, a big fork and the sharpest knife
I guess this solid bridge leads me on to the nearest fridge
not a pig, sheep, chicken, moose, duck, snake, horse or a frog.



Life On A Plate Millencolin

sábado, 26 de mayo de 2007

Oporretarako planik nahi? Bideak.info!

Ekaina gainean dugu eta ni bezala oporrak azken ordura arte planeatu gabe utzi badituzue, ondorengo lerroak irakurtzea gomendatzen dizuet (betiko estilo astun eta pedantean idatzita badaude ere). Bideak.info ezagutu berri dut, eta ezin izan dut pasatzen utzi lerro batzuk eskaini gabe. "Bidaiatzeko beste era bat" proposatuko dizute web gune horretatik. Horrela, euskaraz. Lehenengo gola sartu didate niri behintzat. Ea zer gehiago eskaintzen duten...
Hiru eskaintza desberdin ditu Bideak agentziak: Udarako bidaiak izenekoan, New York, Idaho, Quebec, Maroko, Polonia... etab. ezagutzeko aukera ematen da, herrialde bakoitzeko kulturan murgilduz (New Yorkeko eskaintzan gospel musikarekin girotutako meza batera joateko aukera dago, adibidez).

Basque-Eusk
izeneko eskaintza atzerritarrei zuzendua dago. Euskara eta euskal kultura ezagutzen laguntzeko eta euskal jatorriko jendeari beren sustraiak aurkitzeko aukera eskaintzen du. Horretarako, besteak beste, Euskal Herriko idazleekin, ikus-entzunezko munduko jendearekin eta abarrekin elkarrizketatzeko aukera emango zaie bidaiariei.

Azkenik, Literatur Bideak eskaintza dago. Gabriel Arestiren Bilbo, Hemingway eta Urdaibai, Pasaia eta Victor Hugo, Axular eta Sarako eskola eta Satrustegiren herri ipuinetan oinarritutako ibilbide gidatuak. Euskal Herritik mugitu gabe, bestelako ikuspegiak izateko aukera paregabea.

Propaganda lotsabako honekin bukatzen joateko, web guneaz ere hitz egingo dugu: baten batek Bideak.info ikusi eta flashean eginda dagoelako eztena sartu nahiko dio nonbaitetik. Horren inguruko eztabaidak gorabehera, niri izugarri gustatu zait diseinua, baita edukiak ere: laburrak eta zehatzak.

Ideia freskoa dela ezin uka. Arazo bakarra ikusten dut: artikulu hau argitaratu ondoren agentzian izango dituzten deiak eta eskaerak erabat neurriz kanpokoak izango direla kontuan hartuta, guretzako lekurik geratuko ote den.



jueves, 17 de mayo de 2007

Budapest: magiarren metropolia

Bigarrenez Budapestera iritsi naiz eta oraingoan ere gauak egin dit ongi etorria. Berriz ere eguneko lehendabiziko orduetan hiri honek duen mugimendu azeleratuak txunditua utzi nau. Argi dago azken urteetan gauzak ez direla nabarmen aldatu. Kale ertz guztiak okupatuta dauzkate etxerik gabekoek osatutako ejertzito ilun eta isilek. Magiarren metropolian zerbaitek oker funtzionatzen duela erakusten digute eskaleen aurpegi goibelek. Hauetariko askok gainera alkoholismo arazo larriak dituzte. Egunez lurrundu egiten diren pertsonak alkohola darabilte errealitate batetik bestera salto egiteko. Hungariako erregimen komunistak duela 18 urte errealitatetik salto egiteko erabakia hartu zuen. Erregimenaren deseraikuntza 1999-2004 urte bitartean gauzatu zen: lehenik NATO eta ondoren Europako Batasunaren sarrerarekin. "Askatasun demokratikoen aroa" zabaldu zen.
Hugo eta Joserekin goizeko hamarretan dut hitzordua, hortaz sei ordu luze inguru hirian literalki noraezan bakarrik ibiltzeko. Ibilbide jakinik gabe zuzen segi dut Bela Bartok kalea. Behin Danubio ibai mitikoaren gainean Kossuthl Rakoczi kalearekin topo egin eta oraingoan helburu argiarekin poliki eragin diet hankei. Astiro iritsi naiz Keleti Pu tren geltokira. Nekeak eta egunari altxatzeko falta zaizkion orduak lo kuluxka bat botazeko aitzakia bihurtu dira. Txarteldegiko izkin batean zakua zabaldu eta ametsetan murgildu naiz trenak iragartzen duen ahots baxu baina biziaren marmaraz. 

Ametsetatik goseak esnatu nauen arren ametsetan jarraitu dudala iruditu zait. Begiak zabaldu eta berriki argitutako Budapest koloretsuaren usainak gordetako begiak itsutu dizkit. Euro apur batzuk florintetan bertako txaponarengatik trukatu eta gosea asetzeko ogitarteko bat erosi dut.
 
Inperio Habsburgotarraren buru izandako hiri historikoa da Budapest. Eraikinen handitasuna nonahi aurkitzen da. Baliteke Danubio ibaiaren handitasunaren eraginez Buda erregeen gaztelua, Szechenyi Chain burnizko zubia, beldurra ematen duen parlamentua edota desagertutako heroien aldeko monumentua eraiki izana. Handitasun hori hiria ezagutu ahala izango duzu bidailagun beti. Hala ere, ikaratu beharrean maitemindu egingo zaitu zentzumenentzako egina dirudien ikuskizunak. Bikotekideaz paseatzeko museo-hiriak, gaur Estatu magiarraren sinbolo bilakatu da. Dena dela, ezin ahaztu ditugu beste kulturek hiriari egindako ekarpen-iposaketak, besteak beste: zelta, erromatar, otomandar, eslaviar edo alemanak. Kultur aberastasun honek Europa zentraleko hiri paradigmatikoa marrazten du.  

Hugo eta Joserekin batu naiz eta zuzenean lasaitasun bila Margaret irlaruntz abiatu gara. Danubioren erdian kokatutako lur zati berde honek modu magikoan batzen ditu Buda eta Pesteko ibaiertzeak. Bi herri zaharrak elkartzen dituen sinbolo honetan zemeztuzko oihana ahaztuko duzu. Patxadak ia ito egin gaitu eta denboraz urri gabiltzala konturatu gara.

Zementuzko ohianera bueltan, munduan zaharrenetakoa den metroan irten ezinik ikusi dugu geure burua. Azkenean lortu dugu Hungaria eta Europako bihotzetik urrun eramango gaituen garraiora igotzea. Koszonom! (eskerrik asko).

viernes, 20 de abril de 2007

Timisoara, loreen hiria

Timisoara Nord tren geltokia. Goizeko 5:03, ilun oraindik. Egunak dira udaberriko lehen zantzuak agertu zirenetik, baina hala ere gaurkoan hotza etorri da bisitan. Tren estazio kanpoko zero graduek beldurra ematen dute. Zer demontre egiten dut orduan nik hemen? galde egin diot neure buruari. Nire kalkuluen arabera oraindik ordu bat eta erdi falta da lehen eguzki izpiek bazterrak berotzeko. Hortaz, Errumaniako tren geltoki handi batek eskaintzen duen ikuskizun sozio-antopologikoaz gozatzeko prestatu naiz. Itxaron gelara bero bila hurbildu naiz baina gaur bezalako egun hotziletan etxebizitzarik gabeko pertsonek euren bizileku bilakatu dute eta leporaino dago. Telebistako zaratak gidaturik geltokiko kafetegi zuloan amaitu dut ciocolata calda goxo bat hartzen.
Txokolateak beroa eta kalera irteteko ausardia eman didan arren kanpoan berriz ere minutu gutxi batzuen buruan sudur puntatik behera isurtzen zaidan muki ura izoztuta geratu zait. Hotzarekin dardaraz nagoela konturatu naiz. Hankei eragitea da gelditu zaidan irtenbide bakarra. Katedral parera iritsi naizenean jendearen atzetik beste ardi bat banintz bezala tenplu erlijiosoan sartu naiz. Han, zutunik baina bero, meza ortodoxoa irensten hasi naiz. Apaizek otoitza abesti eder bilakatzen duten bitartean jendea etenik gabeko sartu-irtenean dabil. Errumaniako denda askoren antza hartzen diot nik honi. Badirudi elizak ere non stop zerbitzu mota gehitu diola bere programari. Elizatik irten eta oraindik hor jarraitzen zuten otoitz eztien oihartzunek.

Timisoara Balkanetako hiri atsegina da. Parkeak eta hiriaren arteko bat egite liluragarria. Izan ere, zentroan bederatzi berdegune handi daude. Horrez gain hiria zeharkatzen duen Bega kanalak aurreko guztiari bohemiar kutsua ematen dio. Urteko sasoi honetan gainera, aranondoen arrosa koloreko loreek hiria apaindu eta alaitzen dute. Zeruan eta sasitan dauden bele, zozo eta mikei esker ez balitz Errumanian nagoela ahaztuko nuke. 

Arratsaldeko zazpietan erabat gautu du. Egunsentitik iluntzera atsedenik hartu gabe bueltaka ibili naizela konturatu naiz. Energiak berritzeko garaia iritsi da. Lotara joan naiz bele segizio baten laguntzaz.

jueves, 29 de marzo de 2007

Lau Granada ezberdin

Granada fruta gozoa da ondo heldua dagoenean. Ez ziren gozoak izan ordea 1983an Karibeko Grenada irla gorrian Amerikako Estatu Batuek erortzen utzitako bonbak. Gozo askoak berriz Washington Irving idazle estatubatuarrak Tales of the Alhambra (Alhambrako ipuinak) liburuan Granadako hiriaz idatzitakoak. Mairuen antzinako Alhambra edo "gotorleku gorria" gutxi batzuen paradisu eta otoitz lekua, gaur horda turistikoen lurralde bilakatu da. Jauregiak Sierra Nevada du zaindari atzean, Veleta eta Mulhacengo tontor zurituekin. Elurra bezain zuriak dira Albaycin auzoko etxeak ere. Andaluziar herri tipiko honetara ekarriko zaituzte aldapa malkartsuek. Baina baliteke bidean jasminen usainak zure burua horditzea eta beste garai bateko ametsetan ainguratua uztea.
Beste garai batean ainguratuak, seguruenik, Sacromonteko koba-etxeak daude. Ijitoen auzoa bezala ezaguna denak amerikar asko eta ijito gutxi ditu. Ingurua turismo folklorikoari begira dago. Tamalez XXI. mendeko ijitoen aingura hiriaren kanpoaldeko Los poligonos  auzo txiroan dago.

Goibeltasuna eta malenkonia barreiatuko dira Paseo de los Tristes delako Darro ibaiaren ertzetik. Zume negartien adar makurren malkoak erreka txiki eta txundigarri honetara isuriko dira. Genil eta Darro ibaiek Granadako kaleetan bidea irekiko dute. Alde zaharrerako ateak berriz Elvirako arkuak marraztuko du. Txiki sentiaraziko zaitu garai batean egurrezko atea zuen eraikin honek. Mairuentzat zoritxarrez porrotaren-arku bilakatu zen kristauek hiria indarrez hartu zutenean.

Kristauek elizak nonahi jartzearekin gustura gelditu ez eta musulman eta judutar erlijioetako fededunak erbesterazi zituzten. Nor etorri(ko) da kristauak botatzera? Izan ere, San Jeronimoen monasterioko laranjondoek aspaldian ez diote fraideren bati itzala ematen. Fruitu borobil distiratsuek euren gozotasuna lurrean mintzen dute usteltzeraino. Gerra erlijioso ustel horiek errepikatzea sahiesteko sortuko zuten beharbada Bakearen Zientziak gaia Granadako Unibertsitatean. Nork daki? Erlojuen orratzek erakutsiko digute nahi hori egi bilakatuko den.
    
Nik argi dudana zera da: Granada hitza, hiria bera bezala, gauza askotarako erabil daitekeela. Baina kontuarekin ibili behar da eskuetan leher ez dakizun.

lunes, 19 de marzo de 2007

Dacia: zibilizaziotik automobilera

Harluxet hiztegi entziklopedikoak honela definitzen du automobila: 1. iz. Motore batek eraginik dabilen ibilgailua, lau gurpilekoa eta lauzpabost bidaiari garraia ditzakeena. 2. izond. Berez, kanpoko laguntzarik gabe, higi daitekeena. Definizio honi kotxea kapitalismoaren ikurretako bat dela gehituko nioke nik. Maiz pertsonek erabiltzen ditugun auto markei esker zein klase sozialekoak izan gaitezkeen igarri dezakegu.  Telebistako iragarkiak ikustea baino gauza hobeagorik ez dago horretaz jabetzeko. Automobilen publizitateak kapitalismoak askatasuna ulertzeko duen modua deskribatzen digu: "libre izango zara zuk nahi duzun lekura joan zintezkeelako". Askatasuna noski, hori baino gehiago da, eta gainera beti erabil daiteke garraio kolektiboa. Baina tira, haria ez galtzeko: auto markak estatuen ikurrak ere badira. Ez da nire asmoa publizitatea egitea, baina nork ez ditu kotxe alemanak, suediarrak, japoniarrak, etab. marka jakin batekin identifikatzen?
Errumanian ere gauza bera gertatzen da. Dacia (euskaraz datsia ahoskatua) da automobil "nazionala", nahiz eta hori aldatzen hasia den. Bloke Sobietar ohiko herrialdeetan maiz topatzen dugun dualtasun historiko bera ematen da hemen ere. Adibidez errepublika "sozialistan" bizi ziren errumaniarrek kotxe marka bakarra erosteko askatasuna zuten, gaur egungo errepublika "demokratiko" eta kapitalistan berriz kotxe marka eskaintza handia duten arren, pribilegiatu gutxi batzuek bakarrik eros ditzakete atzerriko modelo horiek.

Errepidean Dacia ilarak ikustean beste garai batean nagoela imajinatzen dut, baina ez da ilusio apaletik pasatzen. Dena den, Hernanin nengoeneko Xabi eta Gariren gogo biziaz oroitzen naiz niri Dacia kotxeak zeintzuk ziren erakutsi nahian. Beldurrik gabe esan diezaket xarma berezia duen kotxe hau jada ezagutzen dudala.

Hala ere, Dacia automobil bat baino gehiago ere badela irakasten digu historiak.  Harluxet hiztegi entziklopediko miragarria berriz ere zabalduz gero Dacia kotxeari izena ematen dion Dazia zibilizazioaz gehiago jakin dezakegu: Europako antzinako eskualdea, gaurko Errumanian. Meategi aberatsen lurraldea, gatazka luzeak izan zituen Erromatar Inperioarekin. Trajanok menperatu (101-06) eta erromatar probintzia bihurtu zuen. Aureliano enperadoreak godoen esku utzi zuen (275).

Kasualitatea izan edo ez, historiak errepikatzeko joera du. Daziarren mundua inperio erromatarrak irentsi zuen, Dacia estatu enpresa frantsesek irentsi zuten bezala. Enpresa enblematiko hau jabetza atzerritarrera pasatu zen diktadura gori-gorian zegoenean. Nola zen posible bere burua sozialistatzat eta abertzaletzat jotzen zuen herrialde batek estatuko enpresa karismatikoenetako bat pribatizatzea?

jueves, 8 de marzo de 2007

Thessalonikki halabeharrez

Orient Expreseko geltokira lagundu didate Fabrizio eta Nicolak. Agurren unea iritsi da. Hemen Istanbulen bakoitzak bere bideari jarraituko dio. Iragan dira Turkia zeharkatzen elkarrekin emandako egunak. Fabriziok azken momentuko hegaldi bat eskuratu du Milanera, eta Nicola Varna izeneko Bulgariaren kostaldeko hiri turistikora doa nazioarteko auzolandegi batera. Nik Belgradera itzultzeko asmoa dut, txundituta utzi baininduen.
Txartelak saltzen diren leihatilara hurbildu gara eta azken orduko sorpresa batekin egin dugu topo. Dirudienez Bulgariako trenbideak obretan daude eta beraz Istanbul-Sofia-Belgrad linea ez dabil. Segituan urduri jarri eta gaizki esaka hasi naiz. Horrelakoak azken momenturarte itxaroteagatik gertatzen zaizkit! Fabriziok ni lasaitzea lortu du. Sofiara autobusean joatea baztertu eta Salonikara joan behar dudala erabaki dut. Beste behin inprobisatu behar! Handik Serbiarako trenak egongo dira seguruenik. Orain bi urte interrailean genbiltzala Greziar Mazedoniako hiriburua bisitatu genuen Gorkak, Xabatek eta nik. Garai hartan Ljubljanara zihoan trena galdu ostean derrigorrez geratu behar izan genuen gaua pasatzera. Han emandako 24 ordu luzeak ilunak izan ziren. Gogoan dut itsasontzi gabeko Paralia izeneko kai amaigabea, kotxeak eta bero heze itsaskorra.

Fabrizio eta Nicolari zorte ona opa diet eta elkarrekin Salonikara eramango nauen treneko bagoian argazki bat atera dugu oroigarri modura. Poliki-poliki urruntzen ikusi ditut beraien aurpegi tristeak.

Goizeko zazpietan Marcus jatorri greziarreko mutil alemanak hitzartu nau. Gauzak hartu eta geltokira irten baino lehen agurtu dut bera. Zaindegian motxila utzi eta greziarren Thessalonikki birdeskubritzeari ekin diot. Hirigunera zuzenean ibiltzen joan naiz aurretik ezagututako leku batek ematen duen lasaitasunari esker.

Hiri berri hotz baina sutsua da Salonika. Erromatarraren garaian hiri oparoa  izandakoa, gaur egun ere hala izaten jarraitzen du. Greziako bigarren hiri handiena eta kosmopolitena da. Zerikusi gutxi du Atenasekin. Athina handia monumentu ikusgarriez osatua dago, Salonika ordea ez: aztarna arkeologikoen egoerak ez dio irudimenari tarterik ematen. Dena den badira estilo bizantziar, otomandar edo judutarreko monumentuak eta hauen artetik lasai asko paseatu daiteke mediterranear itsasoko kresalak masailetan jotzen dizun bitartean.

Zentrora iritsi berria zerbait edatera gelditu naiz gazte koadrilak eserita dauden plaza batean. Pintadek goitik behera betetzen dituzte inguruko paretak. Bat-batean Salonikan duela bi urte ospatutako Europako estatu buruen Gailurrean izandako istiluetaz gogoratu naiz. Noski! ordukoak izan behar dute pintadek. Istiluetan 200 lagun baino gehiago atxilotu zituzten eta zazpi anarkistak oihartzun handiko gose grebari ekin zioten.

Plaza atzean utzi dut ez ordea duela bi urteko protesten oihartzuna. Aldarrikapen oihu horiek gauean tren estaziora nirekin eraman ditut bueltan. Irribarre batez neure buruari galdegin diot: zeinek dio bigarren parteak onak ez direnik?

jueves, 15 de febrero de 2007

Transilvaniako negua Cluj-Napocan

Egunak dira termometroak zero graduak gainditzen ez dituela. Ur putzuak izoztu dira eta txolarreak bainua hartu ezinik saltoka dabiltza espaloietatik. Atzokoan hodeiek elurra mara-mara nola botatzen zuten ikusi nuen nire logelako leihotik. Gaur neguko hiri grisa txuri ageri da. Kalera buelta bat ematera irten behar dudala erabaki dut, ea bide batez pasa den ostiralean edandako Tuicaren ajea leuntzerik dudan.   
Etxetik irten baino lehen erritu bilakatu den prozesuari ekin diot, alegia, txanoa, bufanda, eskularruak eta berokia jantzi ditut. Manastur sobietar estiloko auzoko etxe blokeetatik irristaka igaro naiz Somes ibai ondotik doan bidea topatu dudan arte. Bidean eraikitzen ari diren eliza bateko eliztarrekin gurutzatu naiz. Dirudienez eraikuntza altxatzen duten bitartean mezak estalkirik gabeko oholtza baten gainean ospatuko dituzte. Fedeak nahikoa berotuko ote ditu?

Tranbiaren errailei jarraituz Parcul Centralera iritsi naiz. Gaur paseatzen dabilen jendea inoiz baino alaiago dagoela sentitu eta ikusi dut. Ez da harritzekoa, izan ere elurraren distira koloretsuek neguan ilun dagoen parkea zipriztindu dute. Aiton-amona bikoteak elkarri eskuak emanda dabiltza orekari eusteko, umeek han-hemenka elur bolak jaurtitzen dituzte trebetasun handiz.

Izoztutako parkea atzean utzi dut eta erdigunerako ibilbideari ekin diot. Ohiko moduan erresistenzia antikomunistaren aldeko monumentu aurrean geratu naiz, eta Errumaniako demokrazian egunero biziraun behar duten milaka pertsonen aldeko monumentua noiz eraikiko duten pentsatu dut segundu eskas batez. Bigarren segundurako nire senak pasa den eguneko parranda lekuetako batera eraman nau zuzenean. Unirii plaza ederraren izkinetako batean dago. Tabernak Insomnia du izena. Nik ordea ez dut insomniorik.Lo egiteko beharra bai. Zerbitzaria nigana gerturatu eta ideia-asoziazio batean edo, Ursus garagardo botila bat eskatu diot. Errumanieraz hartzari ursus esaten zaio. Neguan gaude, eta gure inguruko mendietan dauden hartzak ziur aski hibernatzen egongo direla etorri zait burura.

Edo agian ez? baliteke hori aldaketa klimatikoa baino lehenago gertatzen ziren gauzetako bat izatea. Udaberriari itxarongo diot zalantza argitzeko.

lunes, 29 de enero de 2007

Mazedoniako eguzkia Skopjen dago

Atzo gauez iritsi nintzen hotelaren funtzioak egiten dituen etxe pribatu honetara. Bertako andrearen ingeles eta alemanaren arteko dialekto berrian prezioa adostu ostean, leher eginda nire gorpua ohera erortzen utzi nuen. Egunsentiarekin batera begiak ireki eta arretaz begiratu dut logela. Goodbye Lenin! filmetik ateratako dekoratua nire begien aurrean azaldu da. Pareta horituetan Tito burkidearen argazkia bilatzen saiatu naizen arren ez dut topatu: lastima Iker itxaron egin beharko duzu!
Portaleko atea ireki eta denboraren tunela pasa dut. Kalean berriz ere XXI. mende gordinarekin tupus egin dut, edo hori iruditu zait kaleko umeak ikusi ditudanean. Mazedoniako Jugoslaviar Errepublika Ohiaren plazan musika jo eta tarteka kola esnifatzen dute haur ijito batzuek. Postalak atsekabetu egin nau eta alboko merkatal gunean sartzen diren pertsonak gorrotatu ditut une batez. Nire burua gorrotatu behar al nuen ba?

Kale eta elizetan barrena egin dut eta gaur egungo Mazedonia independientea Jugoslaviaz ahazteko prest ez dagoela konturatu naiz. Behintzat hori pentsa daiteke kaleko izenei erreparatuta; Karl Marx edo Maxim Gorki kaleak, Proletarioen bulebarra, Partisanoen etorbidea... eta Tito?

Astiro baina ohartu gabe igaro dut Vardar ibai gainetik pasatzen den zubi zaharra. Berriz ere, salto batean paisaia guztiz aldatu da eta auzo turkiar zaharreko kale estuetatik sigi-saga ibili naiz. Meskiten otoitzek ez dute denda txiki ugarien zarata isilarazi. Ni ordea mututu egin naute. Kale bazter batean jendearen joan etorriari so geratu naiz. Segidan hiri zaharra dagoen muinora igo naiz aberria irudikatzen duen emakumearen estatua ikusteko: bere alboan Mazedoniako bandera eta bandera gorria daude. Orduan konturatu naiz Mazedoniak bi eguzki dituela eta horietako bat Skopjen dagoela.          

Harresi zaharra inguratu eta jaisterakoan, Tito Brozen kalea aurkitu dut (azkenean!). Josip Broz hil zen eta berarekin Jugoslavia batuaren ametsa, horretaz jabetu naiz bere izena daraman kalean Kalkultako Ama Teresaren omenezko estatua bat dagoela ikusi dudanean. Barreari eutsi ezinik burura etorri zait: zer arraio egiten ote du Santu izendatutakoaren estatuak deskomuniatutako lider komunistaren kalean? Ez nuen gutxiago espero mazedonia bat den hiriburutik. 

miércoles, 10 de enero de 2007

Welcome to Hayastan!

Ataturk Alani aireportua, Istanbul, goizeko ordubata. Egun guztia itxoiten eman ondoren Erevanera, Armeniako hiriburura eramango gaituen hegazkinera igo aurretik poliziaren azken kontrol zorrotza pasa dugu. Tentsio uneak agerikoak izan dira polizia turkiarraren eta bidaiari armeniarren artean. Antza, azken hauen artean askok ez du ahaztu Lehenengo Mundu Gerraren amaieran, otomandar inperioaren azken egunetan, euren senideek munduko beste herrialde batzuetara alde egin behar izan zutela genozidiotik ihesi.
Oraindik ere ilun dago Erevan aireportuan lur hartu dugunean. Ordutegi aldaketak direla eta, goizeko 6:30etan zapaldu dut lur armeniarra edo hobe esanda hormigoizko lur hotza. Lo askorik egin gabe, nahiko nahastua nabil aireportuko egitura zaharkituetatik. Poliziak bi ilaratan banatu gaituzte bidaiariok, alde batean bertakoak eta bestean turistak: ni bezain galdurik dabiltzan bi ilehoridun. Bat-batean, ilara bisarik ez dutenentzat dela ohartu eta salto batean niri dagokidan leihatilara hurbildu naiz. Orain bai, bakar bakarrik nago Sobietar Batasunaren garaiko kapela daraman polizia baten aurrean. Kapelako igitai eta mailuari bista kendu ezinik nenbilela emakumeak eskuartetik kendu dit pasaportea. Hasieran mesfidantzaz eta gero harriduraz begiratu nauela konturatu naiz. Seguruenik nire piurak izango dira: egunetako bizarra, safari moduko galtza motzak, eta batez ere ezpain azpian dudan piercina. 10 minutu pasa dira eta ordurarte hitzik esan ez didan emakumeak welcome to Hayastan! batekin pasaportea bueltan ekarri dit.

*   *   *


Herrialde honetan hamar egun daramatzat eta aspertuta nago munduko eliza zaharrenak bisitatzeaz. Gainera orain hobeto ulertzen dut nire etorrera egunean poliziak ipinitako aurpegi arraroa; Armenian umeek bakarrik janzten dituzte galtza motzak, nahiz eta udaran bero jasangaitza egiten duen; eta piercina, tira, gizonek neure kontura barre egiten duten bitartean emakumeek begikotasun misteriotsuz begiratzen didate. Kaleko begirada guztiak nireganatzen gustura ez nagoela konturatu naiz.

*   *   *


Azkenean gauzak aldatzera doaz. Amaigabea zirudien meseta kaukasiko zabala igaro ostean azkenean aurrez aurre Ararat mendi biblikoarekin egin dugu topo. Kondairak Noeren Arka uholde unibertsala igarota bertan pausatu zela dio. Armeniako zoko guztietatik ikusi daiteke 5.265 metro dituen nazioaren sinbolo hau, kutsadurak eta eguraldiak hala nahi duenean behintzat. Herri baten sinboloa beste estatu batean egotea paradoxikoa den arren, Armenian hala gertatzen da. Kurdistan turkiarrean aurkitzen den mendiak armeniarren psikologian eragin zuzena du; Ararat ikusten duten bakoitzean turkiarrek hildako 600.000 anai-arrebak gogoratzen dituzte, eta hori gutxi ez balitz Ararat inoiz ezingo dute ukitu. Portugaldarren malenkonia bera ekartzen didate gogora.

Ararat parez pare ikusten den begiratokira iritsi eta, bertan eliza-monastegi bat ere badagoela ikusi dut. Khor Virap-etik burua altxa eta mendiko tontor elurtuan utzi ditut neure begiak. Orduan bidaia prestatzen ibili nintzeneko asmoaz oroitu naiz. Hasiera batean Armenian Turkiatik sartzea pentsatu banuen ere, hori ez zela posiblea izango ohartarazi zidan batek baino gehiagok. Muga itxita eta nahiko militarizatua dago Kurdistango gatazka dela eta. Ohartu gabe muga marrazten duten hiru harresietako lehendabizikora hurbildu naiz. Nire atzetik Christoper, Fabrizio, Levan eta Samuel ere etorri dira. Harresiaren beste aldean ez dago herririk, bai ordea lurretik 25 metro gora altxatzen den militarren behatoki iluna. Handik irten diren tiro hotsek erakutsi digute ez dutela konpainiarik behar. Korrika egin dugu ihesi.

Armeniatik ez. Hemendik ez dugu ihes egin: penaz agurtu dugu. Bidaiak aurrera darrai eta Kaukaso berdera joateko unea iritsi dela pentsatu dut.

lunes, 11 de diciembre de 2006

Figuig oasian galdurik

Atzean geratu dira Ujda hiri zaratatsua eta Tlemcen Hoteleko ehunka labezomorroak. Maroko ez-turistikorako gure bidean, helburu nagusia den Figuigera jarraituko dugu garai batean autobusa izan behar zuen tramankuluan. Tangerrek Andaluzia zirudien, eta beraz Europa eta Afrikaren arteko zubia. Ujda ordea, garai hobeak bizi izan dituen hiri ipar afrikarra da. Duela hamar urte Oranera pasatzeko irekia zegoen zeharka bidea, gaur egun itxia dago. Turismorako interes eskasekoa omen da Maroko ekialdeko hiri handiena. Interesa hor dagoelakoan gaude. 
Azkenean Figuig. 8 ordutako ibilbidea luzea; ez ordea bidea: 375 kilometro eskas. Gainera, kanpoaldeko 45 graduak, errepidean inor gutxi topatu eta ezer gutxi ikusteak bidaia astuna, oso astuna egitea dakar. Denboraren kontzeptua oso bestelakoa den oasi saharar hau ezagutzeko parada izango dugu azkenean. Marokora egindako gure lehen bidaietik bertara joateko ilusioa izan genuen. Marokora etorri ginen lehen aldian Todrako haitzartera egindako txangoan, bidean Tinerhir oasia ezagutzeko astia izan genuen. Esperientzia paregabea. Pasarte biblikoetako paradisuaren aurrean ote ginen?

Figuigen paradisuarekin ez, desolazioarekin egin dugu topo. Egunean zehar zerutik erortzen diren eguzki izpiek dena txigortzen dute, batez ere bertakoen altxor preziatuenak diren  300.000 palmondoak. Hemen ere, denbora asko igaro da Aljeriako muga irekita ikusi zuten azken alditik. Militarrak gogoz aspertzen dira muga ikusezina zaintzen. Makalak izan dira benetan betidanik Aljeria eta Marokoren arteko harremanak, nagusiki Aljeriak Fronte Polisarioari emandako babesagatik. Horrez gain, Marokoko alauita dinastia estatubatuarren aliatu historikoa dela gehitzen badiogu badirudi hobeto ulertzen dela bi estatuen arteko ezin ikusia.

Muga zabalik egon zen garaian, merkataritza aduanetan ohikoa den elkartrukatze ekonomikoetan sostengatzen zen. Muga itxi ondoren berriz, emigratzera beharturik ikusi zuten euren burua figuigtar askok. Ondorio horretara iritsi gara, herrixka honetako errepide eta kale bakarretik pasatzen diren kotxe eskasei erreparatuta. Izan ere, kotxe bakan horiek Europar Batasuneko matrikulak daramatzate.
     
Jendearen buruan Europa, baina hau Afrika da. 14.500 pertsona sakabanaturik bizi diren 30 kilometroko palmondo basoan barrena abiatu gara oinez. Zazpi Ksar (oasi gotorlekua) eta ureztatze putzuen ispiluetako paisaia magikoan murgildu gara. Labirintu marroi-berde honen erdian ametsetan ari garen momentuan, nekazari baten Salam Maleikum (bakeak lagun zaitzala) agurrak esnatu gaitu.

Turistak beti souvenirretan pentsatzen. Begien aurrean dugun paisai magiko horren parte bat etxera eraman nahiean akaso, patrikan datil batzuen hezurrak gorde ditut, etxean Sahara zati bat landatuko dudalakoan. 

sábado, 25 de noviembre de 2006

Lisboako euskaldun baten gogoetak

Lisboa, Luzboa, argiaren hiria. Zuria, epela, hurbilekoa, ederra. Hiriburu berezia daukagu penintsularen ertz honetan, herri-hiri fusio interesgarria, kontraesanduna. Noiz gelditu ote zen denbora kale hauetan zehar?
Emakumezkoa da Lisboa eta, historian zehar, hainbat zibilizazio maitemindu dira berarekin. Lurrak ere, pasio handiz orro egin zuen, itsasoak berarentzat nahi zuela esan zuenean, eta soilik suak lortu zuen azkenengo maitasun distirak lehortzea. Pasionalak dira, efektuz (edo defektuz) lisboatarrak.

Honen ederra izanen, denborak ere Lisboan bizitzen geratzea erabaki zuen inoiz bere maitasuna lortzeko desioarekin. Eta beste maitaleek lortu ez zutena lortu zuen. Denborak bere orratzak geldiaraztea erabaki zuen gaztetasun infinitua prometitu nahirik, denboran geldiarazten dena lehenago zahartzen dela jakin gabe.

Badaude hemen kale, katoi eta paseo ederrak, badaude gune misteriotsuak, non filmetako ilusioak egin ditzakezun, non beste hamarkadetako istoriak imagina ditzakezun, non beste milurteko zibilizazioak azter daitezkeen. Erromatarrek beren antzokia galdu zuten Alfamako kaleen azpian eta kolonialismo garaietako oroitzapenak oraindik ere nahastu egiten dira arte garaikidearen azkenengo berrikuntza arkitektonikoekin.

Zazpi muinoetatik paseatzerakoan hirian zaudela ahaztu eta errepublika garaiko herri batean egotearen sentsazioa barneratzen da, pausoka pausoka galtzada-harrizko ibilbideetatik.

Nahasketa bereziak, ausartak, bortitzak. Edertasuna miseriarekin ikus dezakezu eskutik behin baino gehiagotan, erotasuna eta umiltasuna, pobrezia eta azken generazioko telefono mugikorrak.

San Martin bezperatan Tejo ibaiaren kai batean jesarrita gaztainen usaina etorri zait bisitan, eta paregabeko itsadarrean murgiltzeko gogoak kasi geldiezinak bihurtzen dira. Pena Lisboan malda gorak ez dutela beti beherakada beste aldean.

jueves, 28 de septiembre de 2006

Milaka pertsona Buenos Airesen inpunitatearen aurka

Begizta.net atariarian eskegitako argazkiengatik ezagutzen dute askok Axier Lopez. Web gune horretan iragarri bezala Buenos Airesen dabil azken aldian eta handik bidali du Eremu Lauetara ondoko kronika hau:

20 mila pertsona inguru bildu ginen atzo Buenos Aireseko kaleetan Julio Lopezen agerpena exijitzeko. Miguel Etchecolazi bizitza osorako kartzela zigorra ezarri zion epaiketaren lekuko nagusietako bat da Lopez.
40 urte zituelarik, 1976an, Videlaren diktaduraren aginduz bahitu eta torturatu egin zuten. 30 urte eta gero berriz ere Etchecolaz aurrez aurre topatu zuen, baina oraingoan epaileen aurrean legez kanpo atxiloturik egon zeneko egunetan bere torturatzailetako bat izan zela deklaratzeko.

Astelehena, hilak 18, Jorge Julio Lopezek, Miguel Osvaldo Etchecolaz, diktadura garaiko genozidaren aurkako epaiketan parte hartu behar zuen lekuko eta akusatzaile gisa.Lopez ez zen ailegatu ordea eta harrez geroztik, familia zein lagunei abisurik eman barik, inork ez daki non dagoen.

Honen aurrean giza eskubideen taldeak, erakunde sozial zein politikoak bere desagerpena salatzen hasi ziren bai eta La Plata herriaren inguruak miatzen ere.
Gaur egun Lopezen argazkia leku gehienetan ikus daiteke, kaleetan, komunikabideetan, futbol partidetan.... baita jende gehienen ustez errudunak diren polizien autoetan ere.

Hau guztia gertatzen ari den bitartean aipatu behar da Argentinako presidenteak, Kirchnerrek, Estatu Batuetako bere birarekin jarraitzen duela, lehengo egunean New Yorkeko burtsan izan ondoren.

Gobernutik zein hurbileko sektoreetatik bahiketa hitza ez da orain arte aintzat hartu eta posibilitate hau aurreikusten dutenek aldiz zera diote "Argentinako historiaren iragan ilunaren praktika errepresibo zaharrak dira. Giza eskubideak bermatzen dituen gobernu honekin erabat bateraezinak direnak".

Correpi errepresioaren aurkako erakundeak dioen moduan, "hau bezalako kasuak azaltzen direnean Gobernuaren giza eskubideen inguruko hipokresia argi eta garbi ikusten da. Gertaera hauek kasu isolatu gisa aurkeztera mugatu eta pisua kentzen die diktadura garaiko aztarna txikiak lez definituz. Ez dutelako benetan gertatzen ari dena argitzeko intentziorik. Segurtasun indarrak giza eskubideak urratzen jarraitzen dutela eta demokraziara itzuli zenetik inoiz baino biolentzia handiagoz gainera".

Epaiketako abokatuetako batek zioen moduan "errepresioaren egiturak bere horretan darrai eta berarekin batera bere ezaugarri nagusia dena, inpunitatea. Kasu berri honi orain erantzunik ematen ez badiogu, terrorearen legea bere horretan dagoela onartzea bezala izango litzateke".

miércoles, 3 de mayo de 2006

UEU-ko udako ikastaroetara matrikulatzeko epea jada zabalik

Maiatzaren ean zabaldu zen eta ekainaren 18rarte zabalik izanen da aurtengo Udako Euskal Unibertsitateak eskaintzen dituen udako ikastaroetarako matrikulazio epea. Eibar, Baiona eta Iruñeako egoitzetan, kazetaritza, literatura, sexologia edo ta eskultura bezalako gaien inguruko ikastaro berezietan parte hartzeko aukera izango da. Baita UEUk antolatzen dituen bestelako  ekintza eta jarduera osagarrietan ere.

Uztailaren 3an hasiko dira ikastaroak Eibarren eta 21ean amaituko dira Iruñeako egoitzan burutuko diren kurso zein tailerrekin. Arestian esan moduan, eskaintza oso zabala prestatu dute urtero moduan. Aipagarrienak (beti ere nere ustez hauexek):  "Gu, besteak eta ni. Erdiguneak eta periferiak gaurko literaturan", "Tokiko telebistagintzaren ereduak eta programak. Euskarazko tokiko telebistaren azoka" edo ta "Autoeraketa (antropologikoa, soziologikoa eta politikoa) gaurko Euskal Herrian". Bainan esan bezala, eskaintza hau bainon zabalagoa da.


UEU-ko ikastaroek, ohiko hezkuntza sistematik haratago, irakaste-ikaste eredu ezberdin eta parte hartzailea frogatu eta martxan jartzeko aukera ematen dute. Baita jendea ezagutu, ikasi, erlazionatu eta etorkizuneko Euskal Unibertsitatea eraikitzeko lana egin ere.


Informazio guztia, matrikulazioa eta kontsulta guztiak: http://ikastaroak.ueu.org



Animatu parte hartzera


 


 

miércoles, 19 de abril de 2006

207. logela

49 urterekin ezagutu dut Esti, Bartzelonan eginiko seminario batean. Azken aurreko egunean ezagutu dugu elkar, begirada gurutzaketak aurreko bi egunetatik izan arren. Seminariotik irtetean elkar begiratu eta hitz egiten hasi gara. Berarekin hitz egitea bizkotxo bat jatea lakoa da eta beno, hor amai ez dadin nire gelara gonbidatu dut. Gau zoragarria izan da. Altxatu, elkarrekin gosaldu eta Esti Toledora abiatu da, bere senarrarengana eta ni Donostiara, nire emaztearengana, Leirerengana. Asko maite dut Leire, munduan gehien maite dudana da Leire. Bi hilabete igaro dira Estiri deitzera ausartu naizen arte, baina ezin izan dut besterik egin. Zita bat jarri dugu. Nik hegazkineko billetea bidali diot eta hotel eta logela berdinean geratu gara. Eguna heldu denerako koartada prestatuta izan dut. Leireri seminario batera joan behar dudala esan diot. Maletak egin, musu luze bat eman, ohikoa-baino-luzeagoa eta Sondikara abiatu naiz hegazkina hartzera. Abioira igotzeko lehen abisua eman dute. Nik jarrita jarraitzen dut itxaroteko gela handi honetan, geldi, izoztuta. Bigarren abisua eman dute. Hirugarren abisua eman dute. Nik jarrita jarraitzen dut. Azkenean nire izena esan dute megafonotik, mesedez enbarkatzeko atean ager nadin. Nik jarrita jarraitzen dut, isilik, aurrera begira.
Hegazkinak pista osoa igaro eta aireratzen ikusi dudanean maleta hartu eta etxera abiatu naiz, egunero bezala Leirerekin afaltzera.

lunes, 16 de enero de 2006

Behin aireportu batean lo egin nuen (ni ere aireportuen inguruan, Gorkaren baimenarekin)

Nekatuak iritsi gara Bergamoko aireportura. Gaueko hamaikak dira eta 6ak arte bertan lo egitea zen gure plana...koittaduak. Iritsi bezain pronto, aireportu fantasmaren itxura hartu diogu lekuari, hainbat gune jada itxita eta argiak itzalita, kafetegiak hutsik, barraren atzean inor ez. Bankuak gure antzera, jende gaztez beterik daude, baita itxura elegantea duen adineko bikotea. Batzuk zein besteek, egin dute jada, lokuluxka botatzeko tokia...azkenekoak gara. Motxiletatik toallak atera eta maindire moduan erabiliko ditugu, pare bat jertse batu eta hortxe burukia...Itxura polita du gure oheak. Polita bai, bainan desorosoa zeharo. Aluminiozko bankuak hotzak dira, hotzak eta deserosoak, eserita egoteko desatseginak badira, imaginatu zer den bertan etzanda lo egiten saiatzea.

Nere bi lagunek segidan hartu diote hariari ametsari...gozatzen daudela ematen du (badakit norekin ari zareten amets egiten...nik ere gustora hartuko nuke berriz ere garagardo bat bertan).Helmugen atearen parean jarri gara...gurea bai inteligentzia. Antza, eskola bateko umeak ailegatuko dira aurki, etengabe hizketan dauden gurasoz josita baitago gune hau...leku deserosoa, jendea hizketan, lorik ezin egin.

 

Iritsi dira umeak, futbol talde batekoak dira. Ordu erdiz, gurasoen besarkadak eta muxuak pairatzen egon ostean, badihoaz denak etxera...isiltasuna azkenean.Hurrengo hegaldia 4etan helduko da Bergamora. Orain ez daukat lorik ez hartzeko aitzakirik...kaguenla. Paseo bat ematera nihoa...ze txikia den aireportu hau...5minututan buelta guztia eman diot.

 

Lagunetako bat esnatu da, bera ere lorik hartu ezinik dabilela esaten dit. Kalera goaz..aparkalekua hutsik. Maletak eramateko karritoak topatzen ditugu, eta barruan dugun nerabe-hooligana atera zaigu bapatean. Bergamoko AIreportuko lehen goitibera txapelketa antolatzen dugu aparkalekuan...ups...caravinieriak...akabo jolasa...berriz barrura.

 

Ze luzea den gau bat, zer eginik ez dagoenean. Genoan hartutako fanzinea hamaika aldiz irakurrita, memoriaz errezita dezaket jada...eta gure laguna lotan goxo goxo. Zerbait mugitzen da. Kafetegi bat irekitzen da. Bokadillo (garestiegi) bat erosten dugu, ez dugu goserik bainan denbora pasatzeko aitzakia dugu.

 

6ak dira. Gure hegazkina aurki irtengo da. Bagoaz aireportu honetatik. Ilaran gaudela, gure lagun esnatu berriak Zaragozako aireportuan gosaria hartuko dugun galdetzen digu. Ez mesedez, nahiago autopistako atseden gune batean, bainan aireportuan ez.

martes, 10 de enero de 2006

Aireportuen inguruan

Bada nik aireportuak maite ditut dioen jendea. Destino ezezagunen izen distiratsuak, leku guztietako jendea hara eta hona, etxera itzultzen den jendea... gogoko ditut, esaten dute batzuek. Bai badira horrelakoak. Normalean automobila erabiltzen dute bidaiatzeko, baina kosmopolitismo itxura oso modan dago aurten udazken-neguko denboraldi bete-betean gaudenean, eta distantzia laburrak aldiz, nola esan, hain daude out.
Egiaz inork ez ditu aireportuak maite. Zuk baietz? Bizi zaitez zu aireportuan. Leku tristeak dira aireportuak. Tabakorik gabeko eremu idor eta diskretuak. Lurrin merke eta uniforme aseptikoz jantziriko azafaten baselinazko irribarre behartuak. Oteizaren eskultura izan nahiko luketen erabili-eta-botako bibelotak. Neo-nazi itxurako turista ingeles bat can you give me an euro to call home? Sorry I don't speak english. Bozgorailuetako mezu errepikakorra azken deia 0429 hegaldiko bidaiarientzat.

Dena madarikatu nahi duzu (hegazkinak, konpainiak eta kafetegiko zerbitzariaren paaaa...txaaaa...daaaa; maletak, lehiatilak eta taxiak; geratu eta batez ere joaten direnak) eta zure burua bertan lehertu, baina ez litzateke politikoki zuzena izango eta ez dago ondo atentzioa deitzea. Arnasa sakon hartu, hori bai, horregatik ez dizu inork arraro begiratuko.

Jendeari negar zikin eta ergela jaio zaio hesteetan, gora egin dio begietara eta laster itzuli zaitez diote, erantzuna panazea merkea izango dela jakinda.

Hegazkinak aireratu eta lur hartzen. Argiak, destino ezezagunen izen distiratsuak, leku guztietako jendea hara eta hona. Gernu koloreko hegazkin batek kutsatu egin du zeru nahasia pasaeran. Atzean utzi du aireportua, atzean ur zikinak gainezka egiten dion jende negarti ergela. Airportuak oso leku triste eta patetikoak dira.
 

miércoles, 4 de enero de 2006

Eremulauak Jaia: geroz eta gutxiago falta da!!!


Gaur aurkeztu dugu prentsaurrean Eremulauak.com web gunearen lehen urteurren jaia. Atom Rhumba, Zea Mays, Split 77, Txamankizuna eta Dj Tequierocomoamigo izanen dira larunbat honetarako prestatu dugun menuaren osagaiak. Badator badator!!


Gaur goizean Gorka Bereziartua eta Unai Lako izan dira Eremulauak.com web gunearen ahots eta aurpegi. Larunbat honetan, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian ospatuko dugun jaia aurkezteaz gain, web guneak egindako urtebeteko ibilbidea ere errepasatu egin dute. Balorazioa ezin hobeagoa izan, urtebetean, kultur elkartea, web gunea eta kolaboratzaile sarea sortzeaz gain, hainbat eta hainbat ekitaldietan izan gara orrian haren berri emateko. Etorkizunari begira...nork daki, momentuz goza dezagun larunbateko festaz, bainan argi dagoena, ez garela geldirik geratuko.


La Bolsa-ko prentsaurrekora hurbildu diren medioez gain, hainbat hedabideek eremulauak.com web guneraren berri eman dute azken egunotan.