Mostrando entradas con la etiqueta Web-Art. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Web-Art. Mostrar todas las entradas

miércoles, 21 de marzo de 2007

Taperware Kolektiboa: "Ez dugu gutarrik nahi gure blogean. Beste guztientzat ateak irekirik daude"

E-postara spam itxurako mezu bat, Taperware Kolektiboak bloga zabaldu duela esanez. Zer nahi ote dute autobonbero hauek? Erantzunik ez. Mezua laburregia zen. Agian beraiek zerbait jakingo dutelakoan galdera batzuk egin nizkien. Beheko hori izan genuen elkarrizketaren transkribapen fidela da, mikrouhin labetik pasata noski.

Blog berria ireki duzue, kulturaren ingurukoa, antza. Konpetentzia egin nahi diguzue zerriok!
Konpetentziarena, nola esan... kontziente gara inork gutxik egin diezagukeela konpetentzia, beraz, alde horretatik lasai gaude, lasai egon zaitezkete. Eta bai, kulturaren inguruko bloga izan nahi du gureak, edo inguruko kulturarena, nondik begiratzen den. Badakigu kulturaren pastiza ez dela sobera handia, baina zer egingo zaio, apurrekin asetzen ez denari beti geratuko zaizkio kirolak edota burtsa bera.


Fotologa ere baduzue. Freaki samarra iruditu zait, onerako noski.

Fotologa irekitzeak bakarrik aitortzen dizu dagoeneko freakitasuna. Hortik aurrerako komentarioek ez liokete ezer gehituko gure kalaka honi. Fotologa blogaren propaganda aparatuaren beste tresna bat besterik ez da, bloga kolektiboarena den ber gisan. Hala ere, jendeari eskatuko genioke, mesedez, errespetatzeko fotologaren pribatutasuna eta beraz, ez bisitatzeko, ez bertaratzeko, arren (agian horrela esanda jendea gerturatuko da, bestela jai dugu).

Zuen sarrerako testuan ekimen baten inguruan bildu zinetela diozue. Zein izan zen?
Ekimen konkretu hori, argitu beharra dugu, oso ekimen konkretua da: Xirika Gazteon Kazetan tartetxo bat eskaini ziguten, astero, gaur egungo bizimoduaren kritika azido bat argitaratzeko. Horixe izan zen Taperware kolektiboaren iniziazio errituala, Leihatila beltza izeneko tartea. Baina sarrera testuan esan bezala, zabal-zabalik gaude aspaldion, eta blogean zintzilikatzeko asmoa dugu gure kolektibotik jaio daitekeen sorkuntza ekintza oro. Edozer gauza, alegia.

Zenbat pertsonak osatzen dute kolektiboa orain?
Bada, itxaron pixka bat... Listo, mila esker. Justu oraintxe bete du azken lagun batek kolektiboko partaide izateko sarrera-orria. Egia esango dizuegu, ilara oraindik orain nahiko luzea da, baina gaurkoz leihatila ixteko tenorea iritsi zaigu. Bestela, erreklutatze kanpaina bat egiten ari gara, geriatriko eta enparauetatik, kide kualifikatu berriak txaluparatzeko asmoz.

Zer lortu nahi duzue insubordinazio hutsa den bitakora horrekin?
Argi eta garbi esango dugu: fortuna egitea. Eta sosik ezin bada irabazi, bada, galbidean diren baloreen zabaltzea: Familia, Jainkoa eta Aberria. Bidenabar, gurekin bat egiten duten gizaseme guztiei dei egiten diegu, popatik hartzera joan daitezen. Ez dugu gutarrik nahi gure blogean. Beste guztientzat ateak irekirik daude. Are gimnasioan giharrak landu zaleak baldin badira, bistan da.

Insubordinazioak bere lehen fruituak eman ditu, orain arte zeneukaten .blogspot gunea itxuragabeki itxi baitute. Manifarik antolatu behar duzue?
Bart hitz egin genuen Raxoi jaunarekin eta, agenda nahikoa estu badu ere, alderdiko militantzia mugiaraziko duela ziurtatu zigun. Oraindik ere .blogspot guneko mandatarien barkamen eskakizunen esperoan gaude. Hirugarren ardo botila eskatu dugu dagoeneko.

Vascuencea, dialectoa eta la lengua del imperio erabiltzen dituzue. Behin bati poliglota deitu nion eta irain modura hartu zuen...
Gu ez gaituzu irainduko, poliglota hutsak baikara. Hori esaten digu, behintzat, gure amak. Dakizkigun hizkuntzak erabiltzen ditugu, ez besterik. Eta gure balizko irakurleek dakizkitenak ere bai. Etorkizunean, nolanahi ere, hizkuntza berriak erabiltzeari ez diogu iskin egiten. Ez Ronaldinhok bezain ongi behintzat.

Orain serio. Zergatik hizkuntz-hirutasun hori?
Bada, bizitza bera hirutasunez betea dagoelako: Aita, Semea eta Espiritu santua, Ronaldinho, Eto´o eta Messi, hanburgesa, gazta eta ketxupa... Orain serio: bizitza bera hirutasunez betea dagoelako.

Eta bukatzeko elkarrizketa hau egiteko motibo nagusia... Nola lortu duzue nire e-posta?
Oso erraz. Abaltzisketako izeba Mari Pilik eman zigun. Donostiyan egon ginen aurreko batean berarekin eta, portzierto, zure izebak kafesnea ordaindu gabe alde egin zuen txurro-dendatik.

Ah! Orain ulertzen dut zergatik ekarri zituen aurrekoan txurro batzuk taperware batean!



Bisita ezazu: http://taperware.mundua.com/

martes, 12 de septiembre de 2006

Euskal Herria 2.0 jardunaldiak antolatu dituzte Donostian

Lokalizazioa eta internazionalizazioa gai nagusitzat hartuta antolatu dituzte Artelekun Euskal Herria 2.0 jardunaldiak. Euskal Herriak Interneten dituen erronkak izango dituzte hizpide irailaren 22 eta 28an bertara hurbiltzen direnek. Web 2.0 kontzeptuak bilkura honetan izango duen garrantzia nabarmena da, besteak beste blogak, wikiak eta software soziala mintzagai izango baitituzte. Gainera, Euskal Herriko esperientziak eta atzerrikoak izango dituzte aztergai Donostiako mintegian.
Informazio gehiago: Bi Puntu Zero blogean

lunes, 11 de septiembre de 2006

Eguneroko zaunkaren erretratuak

Badira kasualitate hutsez aurkitzen diren gauzak. Izan liteke badaezpada kafe makinan eskua sartu eta zure zain dagoen bost xentimokoa, aurkitu zenuenetik zeure egin duzun taberna hori edo, gaur esku artean dugun bezala, Interneteko gune bat. Ez dakigu nola otu zitzaigun bilatzaile batean "zaunka" hitza sartzea, ez eta nola jarraitu genion lorratzari. Kontuak kontu www.zaunka.com ezagutzeko parada izan dugu, eta ikasturte berriari ongi etorria emateko gaia badugu dagoeneko.
Gertutik inor ez da normala egiten du aldarri zaunka.com atariak sartu eta berehala. Euskarazko izena badu ere, gaztelaniaz dago idatzita blog itxurako atari hau eta egileek eurek azaltzen dutenez ikerketa kultural garaikidea egitea da bere helburua. Horretarako elkartu dira Quique Corrales eta Dani Castillo.

Quique Corralesek urteak daramatza argazkilaritzan lan egiten. Aldizkari independienteetan lan egin izan du eta besteak beste Eseté agerkarian ari da sortu zenetik. ARCO arte garaikideko erakusketako egunkari ofizialean ere badute bere berri eta azken aldiko lanen artean Coches y otros animales dokumentala edo Hyperreligión metraje erdiko filmaren argazki arduraduna izatea nabarmentzen dira. Proiektu honetan kide izan duen Dani Castillo ere ez da atzean geratzen: El País egunkarian edo Eseté eta NEO2 bezalako tendentzia aldizkarietan aritutakoa da.

Zaunka.com atariak egunerokotasunari beste ikuspuntu batetik begiratzeko hainbat proposamen eskaintzen dizkigu. Horrela "Mi coche y yo" atalean hainbat lagun bildu eta beren autoarekin duten harremana ulertzeko zenbait gako emango dizkigute argazkiak eta bideoa erabiliz. "Anarqui-tectura" proposamenean hirigintzaren negozio modernoa aztertzen dute: "Parisen, Madrilen, Bartzelonan gertatzen da (...) Eraikin zaharrak bota egiten dituzte bizitegi auzoak eraikitzeko. Eraiki, eraiki eta eraikitzeko". "Idealistas" proiektuan berriz, bulego bateko lankideak hartu dituzte gai nagusitzat, minutu eskaseko bideoan haien aurpegiak paratuz, musikaz lagundurik. Metroan eginiko argazki esperimentuak eta Kixote modernoen moduan Gaztela Mantxan barrena Vespa motorra lagun egindako bidaiaren dokumentalak osatzen dute web gunea.

Esan dugu kasualitatez egin dugula topo zaunka.com-ekin. Zuk ere, irakurle, agian kasualitatez aurkitu duzu eremulauak.com hau. Horregatik ez zaizu asko kostako pausu bat gehiago ematea. Egin aproba, ikusiko duzu nola azkenean atari osoa goitik behera bisitatzen duzun, batere zaunkarik egin gabe.

viernes, 2 de junio de 2006

Badator LarraBandBetzu

Blogek eta garagardoek konbinazio ona egiten dutela dirudi, denbora gutxian gure artean egingo den hirugarren Blogs & Beersa baita ostirlean hilak 2 Larrabetzuko Hori Bai Gaztetxean ospatuko dutena. Arrazoia ez da nolanahikoa hala ere: Bizkaiko herriak sarean orain artean izan duen presentzia hazi egingo da, zerbitzari propioa eta blog komunitatea estreinatuz eta gainera hitzaldiak, eztabaidak, zuzeneko reggae saioa... eta abar luze bat antolatu dituzte.
Informazio gehiago nahi duenak, ez du zailtasun handirik izango: www.larrabetzu.org bisitatu dezake, edo baita beste zenbait bitakora ere, azken astean euskal blogosferan ez baita beste ezertaz hitz egiten. Ikusi bestela Sustatun, Teketenen, Blogarin, edo Gaztelumendirenean. Hemendik ere bat egiten dugu azken honetan Magabilakoek egiten duten komentarioarekin: flipatu egiten dugu Larrabetzuko jendearekin. Animo!

miércoles, 17 de mayo de 2006

www.blogak.com/gorbelegi edo nola zaborrak Gorbeia irentsi zuen

Axi Olanok bere azken proiektuaz hitz bi esan orduko artikulu bat idaztea beharrezkotzat jo dugu. Argazkilari interesgarria dugu: bere lana egunerokotasunarekin lotuta dago, hortik edaten du bere sorkuntzak egiterako orduan. 
Duela hilabete batzuk Elgetako Espaloia Kafe Antzokian egindako erakusketa bati buruz hitz egin genuen webgune honetan bertan; orduko hartan kaleetan topatu zituen zenbakietan oinarrituta erretratu ikusgarriak jarri zituen ikusgai. Oraingoan berriz, Gorbeia parke naturala zabortegi bihurtzen ari dela salatzeko sortu duen argazki-blog ikusgarriarekin dator.

Gorbelegi jarri dio izena blogari: Gorbeia Parke Naturalaren izenari, Gardelegi, Gasteizko zabortegiaren izena gehituta. "Parke natural baten ondoan bizi naiz eta egunero uzta narrats samarra egiteko moduan izaten naiz" azaldu digu Olanok. Gorbeia zabortegi bihurtzen ari da, eta bisitan joaten den jendearen errua da, zaborrak nonahi botatzeagatik. Hori horrela esatea ordea, aspergarria da. Ez du eraginik. Modu gordinagoan esan beharra dago.

Hori dela eta www.blogak.com/gorbelegi oso  proposamen interesgarria da, Txomingeroek ekosisteman eragiten duten kaltea salatzeaz gain zaborretik artea nola sortu daitekeen erakusten digulako, modu original eta umoretsuan erakutsi ere (bitakoraren azpitituluari begiratu bestela: Badakigu basoan zer "ahaztu" zenuten). Izenburu ironikoak eta hondoa beltza, ingurumenaren patua bezain beltza duten argazkiak.

Ikusi: www.blogak.com/gorbelegi

domingo, 8 de enero de 2006

ESKERRIK ASKO!

Kostata baina esnatu gara. Oraindik hunkiturik gaude. Durangoko Plateruena Kafe Antzokia beteta, giro ederra, kontzertu bikainak, lagunak, mozkorrak, espontaneoak. Goiza argitu arte han izan ginen zuekin batera. Nola adierazi. Mila esker. Mila esker Plateruenakoei azken orduko txapuzak (gureak) konpontzeagatik (zuek). Mila esker Atom Rhumba, Zea Mays eta Split 77 taldeei, kontzertuaren intentsitateagatik. Mila esker Txamankizunari Laugarren Eremutik. Mila esker DJ Tequierocomoamigori (zure galtzak topatu genituen azkenean). Mila esker Lihom, Followill, Fumut, Thebiglieoflove, Emokumea, Ametsak Akatzen, Fotoborja eta hurbildu zineten beste eremuzale guztiei (baita hurbiltzerik izan ez zenutenei ere). Mila (1000) esker Gorka eta Albertori, gure takikardia baretzeagatik.
(Heineken enpresa pozik egongo da berriro ere horrelako jai bat antolatzen badugu. Eremu Berdeak izena jarriko genioke webguneari, baina ez dakit atzoko keak oso ekologikoak ziren.)

Hemendik aurrera ere, Laugarren Eremuan, Eremu Lau honetan, elkar ikusten jarraituko dugulakoan, adio eta jakin ezazue San Franzisko kalean mandarinak 1,50 eurotan saltzen dituztela goiz aldean (Euskal Herriko semeak: erosi fruta merkea amari)

martes, 3 de enero de 2006

RootMagazine


Fabricio eta Diego deituriko bi gaztek, hogei urte ingurukoak biak, e-zine berria sortu dute, beraien webgunetik doan jaitsi daitekeena. Rootmagazine aldizkari multimedia bat da, beste e-zine eta webzine guztiek ez dutena jorratzen duena; 360 gradutan egindako egitasmoa da, Internet-en potentzialitate guztia ustiatzen duelarik.


Aldizkarian diseinatzaile grafiko, idazle, kale-artista, ilustratzaile eta beste hainbaten lana ikusi daiteke, eta baita bideoren bat ere. Musika ere aurkitu daiteke bertan, lagun italiar hauen ezagunek sortua, aldizkaria ekoizkin multimedia bezala ulertu daitekeelarik.

Berrikuntza itzela da, eduki multimedia interesgarria eskaintzen baitu, audio eta bideoa sartzeko aukera alde batera utzi gabe. Artistei eskainitako ataletan link-a topatu dezakegu, bere webgune pertsonalera, horrela gehien interesatzen zaizkigun proiektuak hurbilagotik ezagutzeko.

Gazte hauek webzine asko bisitatzen dituzte, eta askotan kritikatzen aritzen ziren, beraiek nola egingo zuten beraien buruari galdetu arte. Magazine oso-osoa egin dute horrela, beraien benetako eginbeharra den diseinatzaile grafiko lanarekin jarraitzen duten bitartean.

Hasierako xedea Rootmagazine erreferentzi puntu izatea nahi zuten, beraien burua kreatibotzat hartzen dutenentzat bederen, eta nolabait espresio eta sormenaren munduan interesaturik daudenei munduan egiten dena erakustea. Ni interesaturik nago, eta italiar hauen arrastoa jarraitzeko asmoa dut. Beraien bigarren asmoa artista ezagun nahiz ezezagunei ahotsa ematea litzateke. Proiektuak kalitatearen arabera sailkatzen dituzte, ez jatorriaren arabera; horrela, ezagutzen ez duten norbaiten egitasmoa jasotzen dutenean, artista ezagunei eskaintzen dieten espazio berdina ematen diete. Eta hau aldizkarian ikusi daiteke, ez dago aurkibidean begiratzea baino.

Ordu asko eskaintzen dizkiote egitasmoari, eta noski, ez dute horren trukean inolako irabazi ekonomikorik jasotzen, baina bai bestelakorik, akaso garrantzitsuagoak. Orain arte diru gutxi xahutu dute, noizean behin publizitate apur batetan, propagandarik onena ahoz-aho doana baita hauentzat. Lehenengo alearekin konpaktoa argitaratu zuten, partehartzaileen artean banatzeko. Geroago 500 ale banatu zituzten, lagun eta merkatarien artean banatzeko, gehienbat atzerrian. Hau, pegatina batzuk, eta webgunearen domeinua izan dira orain arteko gastu guztiak.

Benetan neketsua izan dena hainbeste orduko lana izan da, egiten dutenarekiko poztasuna dute ordaina, ordea. Baina egitasmo honek mundu osoko pertsona interesgarri asko ezagutzea ahalbidetu die. Momentuz ez dute inolako sponsor, banner edo bestelakorik, baina guztiz irekita daude horrelakoetara eskaintza interesgarriren bat jasotzekotan. Oso aukera ona da, izan ere, bi alerekin 32.000 deskarga izan dituzte, eta nazioarteko presentzia dute zaletuen artean.

Produktu kulturala da hortaz, eta ez enpresariala. Rootmagazinek lanabes informatikoak erabiltzen ditu, baina batez ere gizatiarra da. Sarea sortzea bilatzen dute, kontaktu eta kolaboratzaile sarea, antzeko sektoreetan lan egiten duen jendea, egunen batetan jaiak, erakusketak, etab. sortzeko kapaz izango direnaren esperantzaz. Oraingoz poztasun pertsonala baino ez dute jaso, eta ez da gutxi. Beraiek artisten bultzatzaileak dira, eta Root erakuslehioa. Era berean, artisten webgunean RootMagazineren link-a ezartzen da. Aberastasun kiribila da, baina ez ekonomikoa, noski, bere burua elikatzen duena. Webgunea bisita ezazue eta momentuz argitaratu diren bi aleak jaitsi, pena merezi du eta.


Info+: www.rootmagazine.org

jueves, 17 de noviembre de 2005

Eremulauak.com bueltan da!

Eremulauak.com webguneko lankideok barkamena eskatzen dizuegu
bihotz-bihotzez azken egunotan izandako arazoengatik. Lanean ari gara
webgunearen zerbitzua hobetzeko, eta horrelakoak berriro ez gertatzeko.Eskerrak eman nahi dizkiegu ere sync.es-eko lagunei, beraien zerbitzuan
izandako eraginkortasun eta azkartasunagatik, beti laguntzeko prest (azken
komentario hau guztiz ironikoa da).

jueves, 15 de septiembre de 2005

Unai Bergarak diseinu berria egin digu


Azken egunotan ikusi ahal izan duzuen bezala, eremulauak.com webguneak diseinu berria dauka. Unai Bergara gazte santutxuarraren lana da, Txupete, gure webmasterraren hasierako diseinua kontutan hartuta.


Diseinatzaile gazteak, hainbat euskal talde eta egitasmoren diseinua burutu du azkenaldian, eremulauak.com azkenekoa da, momentuz. Esan bezala, aurpegia garbitu baino ez dugu egin, itxura aldatu alegia: aurretik landutako informazioa bere horretan jarraitzen baitu webgunean gozagarri.


Halere, hurrengo asteetarako berrikuntza ugari izango direlakoan gaude, besteak beste, bilatzailea eta artikulu zaharrak kontsultatzeko aukera ere izango duzue.


Unai Bergararen beste lanak www.mundurat.net/bergdiseinuak webgunean dituzue ikusgai, betiere mundurat zerbitzari euskaldunak bere martxari jarraitzen dionean, azkenaldian berritze lanekin baitabiltza.


Info +: www.mundurat.net/bergdiseinuak

  www.mundurat.net

viernes, 24 de junio de 2005

Zirriborro bat da? Graffiti bat da? Ez... Grafedia da!


Euskal Herrian oraindik oso ezaguna ez den arren, New York, San Frantzisko edo Sidney bezalako hirietan arrakasta handia lortu duen ekimena da Grafedia. Ideia oso sinplea da: kaleko hormetan, autobus geltokietan eta abarretan idatzitako link fisikoak (hau da eskuz idatziak, ez ordenagailu batean) dira, sakeleko telefonotik lotura horretara e-mail bat bidali ondoren argazki bat, kantu bat edo bideo bat oparitzen diguna.


John Geracik sortutako ekimena da Grafedia. New Yorkeko Unibertsitateko Telekomunikazio Interaktiboen Programan lan egiten du Geracik eta han burututako proiektuetako bat da hau. Graffitigileek bezala, Grafediagileek ere kalea dute eremu naturala: edozein gainazal egokia da beren mezua idazteko. Baina gehiago sakondu aurretik, Grafediaren funtzionamendua azaldu beharrean gaude.


Nola egin naiteke Grafediagile?


Lehenik eta behin www.grafedia.net gunera sartu eta irudi bat, bideo bat edo dena delakoa igoko dugu, gako hitz bat emanez (nik adibidez argazki bat igo dut eta ?zelakoarupegia? gako hitza eman diot; Bigarrenik kaleko hormetan, autobus geltokietan, komunetako ateetan eta antzeko lekuetan loturak idatziko ditugu, kolore urdinez eta azpimarratuta (komun batean ?zelakoaurpegia? hitza ikusten baduzu ez zaitez larritu beraz, ez da ezer pertsonala); komunean irakurtzen duenak bere sakeleko telefonotik e-posta bidez mezu bat bidaliko du hitz hori erabiliz (gure kasuan ?zelakoaurpegia@grafedia.net? helbidera); azkenik mezua bidali duenak bere sakelekoan irudi, bideo edo kantu bat jasoko du, kalean aurkitu duen link horri dagokiona hain zuzen ere (?zelakoaurpegia? bidaliz gero, argazki bitxi bat jasoko duzue beraz).


Eta honek zertarako balio du?


Asmakizun berriekin gertatzen den moduan, erabilera bat baino gehiago izan dezake Grafediak: Artista gazteek beren obra zabaltzeko erabili dezakete, izan argazkiak, koadroak, abestiak edo bideoak; aldarrikapenerako ere balio du nahi izanez gero; lagun bati opari berezi eta pertsonal bat egin nahi? Grafediak aukera hori ere ematen du. Elkartrukean dago gakoa, misterio puntu batekin gainera, ezin baitaitezakezu jakin autobus geltokian irakurri duzun gako hitza erabiltzean zer iritsiko den zure sakelekora. Botilan bidalitako mezua bezala, Grafediagileek ez dakite nori zuzentzen dizkieten beraien loturak.


Gainera, telekomunikazioen inguruan diharduten konpainia handiei aurre egiteko balio du. Izan ere, gaur egun korporazio erraldoiak dira nagusi komunikazio interaktiboaren munduan eta herritar xumeak parte hartzeko dituen aukerak oso mugatuak dira. Horren aurrean Geracik zera dio: ?Grafedia tipo txikien aukera da, elkarrizketan sartu ahal izateko?.


Proiektu arrakastatsua


2004ko abenduan abiatu zen ekimen hau eta geroztik 2000 artxibotik gora igo dituzte erabiltzaileek www.grafedia.net gunera. Kalean egindako link hauen galeria txiki bat eskaintzen du guneak eta bertan Seattle, Brooklyn, San Frantzisko eta abarretan topatutako loturak daude. Ea laster Euskal Herrian ere zirriborro urdinak azaltzen hasten diren...

jueves, 9 de junio de 2005

Eremulauak.com, parte hartu!


Jadanik urte erdi pasa da www.eremulauak.com web gunea sortu zenetik. Denbora horretan lan asko egin egin da atariaren lehen pausu hauetan laguntzen. Kolaboratzaileak dira web gune honen oinarriak, haiek ematen baitiote sustengua www.eremulauak.com web gunearen proiektuari.


Horrexegatik kolaboratzaileen beharra beste behin ere azpimarratu nahi da. Gaur egun gure inguruan ditugun arte zein kultur adierazpen ezberdinen zaleak eta interesatuak animatu nahi dira proiektuan parte hartzera. www.eremulauak.com atariaren eskaintza zabala da, literatura, musika, ikusentzunezkoak, arte adierazpen desberdinak...jorratzen baitira bertan. www.eremulauak.com ataria, egungo kultura zein arte garaikidearen erakusleiho zein sustatzaile izateaz aparte, arte zein kultur zaletuen topalekua izan nahi du ere.


Kolaboratu edo ta iradokizunen bat bidali nahi izanez gero eremulauak@eremulauak.com helbidearen bitartez kontaktua egin daiteke.


Animatu parte hartzera!