domingo, 6 de marzo de 2005

Handitasuna ulertzeko moduak

Adolf Hitlerri buruz dena esana zegoela uste genuen. Oker geunden. Ezin da inoiz zerbaiti buruz dena esan: hala erakutsi digu Harkaitz Canoren (Lasarte-Oria, 1975) Belarraren ahoa nobela berriak. Historia berridatzi eta diktadore handia (Gizon Txikia izena jaso du eleberrian) AEBren konkistara bidean irudikatu du Canok, Wagnerren musika eta guzti. Hori gutxi balitz, diktadoreak preso darama bere barku handian Charles Chaplin, Hitlerren lepotik barre egin zuen komediantea. Beste plano batean Olivier Legrand zamaketariak XIX. mendearen amaieran amerikara bizimodu hobearen bila egindako bidaia ("Askatasun anderea" daraman barkuan polizoi moduan egindakoa) kontatu digu lasartearrak. Legrand zamaketaria eta Hitler diktadorea. Zuria eta beltza. Bien artean zubi lana egingo du Chaplin komedianteak. Komedianteari emandako tratuan ikusiko da zenbateraino den batena handitasuna eta bestearena miseria. Izan ere, liburuan esaten den moduan belar artetik begiratzean hutsaren parekoa dirudi heroiaren estatuak eta erraldoia aldiz segalariaren lan xumeak. Ideia horrek eskaintzen dituen aukerak erabili ditu Canok eleberri original honetan.


Historia filme posible guztien artean bat baino ez dela erakutsi digu gainera. Chaplinek liburuaren hasieran argitzen duen bezala, "Beti daude bi film: egin zena, eta bidean geratu zena. Bigarrena izaten da onena , ia beti". Ideia horri helduta bigarren filme hori lapurtu dio iraganari. Baina iragana esaten den lekuan etorkizuna ere esan daiteke, eta zentzu horretan liburu honek amets egiteko aukera guztiak zabaltzen dizkigu. Originala, irakurterraza eta mami handikoa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario