miércoles, 20 de julio de 2005

Spielberg eta Cruiseren koloretako puxika


Normalean ez genuke webgune honetan ?War of the Worlds? bezalako filmeetaz hitz egin beharko. Hala ere, behingoagatik superprodukzioek gugan eragiten duten alergia alde batera utzi eta Tom Cruise eta Steven Spielbergen lan honi buruz ariko gara hurrengo lerroetan.


Jainkoak salba gaitzala


Filmearen hasierak harritu egingo du ikuslea. Cruise, langile-klaseko aita arduragabea da ?War of the Worlds?-en. Emaztearengandik bananduta bizi da New Yorken eta seme-alaben ardura utziko dio behinola bere bikotea izan zenak. Filmearen lehen fotogrametan seme zaharrenarekin duen harremana, bakarrik bizitzeko dituen zailtasunak eta estralurtarren erasoaren hasiera modu nahiko egokian nahasten dira kamera mugimendu interesgarriekin eta uste genuena baino sakonagoa izan daitekeen filmaren promesa ematen digu. Cruise, bere paperean ondo sartuta, nahiko arduragabeki ariko da lehenengo une hauetan: semeak ihes egingo dio, bere bizia arriskuan jarriko du... Bere pertsonaiak eskatzen duena egingo du: edozein pertsona arruntek egin ditzakeen akatsak. Gizaki gizarajoek ez dute zer eginik izango lehen momentu hauetan, eta ihesari ekingo diote.


?We can be heroes?


Tamalez, Tommy zintzoak ezin du bere burua pertsonaia baten atzean ezkutatu. Tamalez, estralurtarren inbasio bati buruz ari den filme yankee batek zor gehiegi ditu hasieratik. Honela, apurka apurka gizakia zena superman bihurtuko da, heroi anonimoaren topikoa enegarren aldiz berreskuratuz, eta estralurtarren herio-faktoriatik ihesean oztopo guztiak gaindituko ditu Cruisek. Bere semeak armadarekin bat egingo du ikaragarrizko sakrifizio pertsonala eginez (zein ausartak diren soldadu amerikarrak!) gizakia edo bere antza duen edozer ia desagertzear dagoenean. Filmaren bigarren zati hau zerbaitek salbatzen badu, noizean behin istorioarekin tartekatzen diren suntsipenezko paisaiak dira. Bestela ihesa, ihesa, ihesa eta ezkutatu beharra. Azken honek filmaren tentsioa antzarrak ferratzera bidaltzen du gainera.


Hain tontoak ere ez gara


Ez dakit irakurleak ?Evolution? izeneko ordu eta erdiko zerbait (ez naiz ausartzen horri pelikula izena ematera) ikusia izango duen. Ez badu ikusi hobe. Kontua da aipaturiko produktu horretan ere espazioko alien batzuen erasoa gertatzen zela eta azkenean, txanpu marka ezagun bati esker lortzen zuten Bilboren tamaina zuen zomorro bat akabatzea. Pitokeria galanta, ezta? Tira, egia da ?War of the Worlds? kalitate handiagoko zientzia-fikzioa dela ?Evolution?-ekin alderatzen badugu, baina bukaera ikusita gehiegi nabaritzen da urteko zein sasoitan atera duten (uda, produkzio erraldoien sasoia) eta zein publiko banderazaleri zuzenduta dagoen. Bestela ezin da ulertu nola ustez Lurra erraustear zeuden alienigenek mikrobioen erasoa ezin duten jasan. Gauza hoberik ez al zuten bukatzeko? Hain tontoak ere ez gara. Eta jainkoaren mirariei buruz hitz eginez off ahotsarekin bukatzearena? Mesedez!


Koloretako puxika da ?War of the Worlds?, hasieran deigarria, denbora aurrera joan ahala gogaikarria bilakatzen dena.

No hay comentarios:

Publicar un comentario