Ia astero joaten gara Bilbao Hiriako zitara, Bilborock aretora, Bilbora. Eta ia astero sorpresatxoren bat hartzen dugu, batzutan ona bestetan txarra. Kasu honetan sorpresa erlatiboa zen, hiru taldetatik bi ezagunak baikenituen: Le Noise, Hong Kong Dollar eta Los Tiki Phantoms.Egia esan ez genekien taldeen ordena, eta Hong Kong Dollar zenez a priori interesatzen ez zitzaigun bakarra arratsaldeko zortzietan abiatu ginen Bilborockera. Halere, berandu heldu ginen, eta Le Noisen emanaldia hasita zegoen jada. Bi galera garrantzitsu zeuden taldearen baitan (kitarrra-jotzaileetako bat eta teklatu-jotzailea) eta sei ziren bakarrik (bakarrik!) taulagainean. Eten taldeko Unai eta Ibon, The Boogie Punkers taldeko Carlos Beltrán zeuden besteak beste taula gainean. Gero kontatu zigutenez azken ordurarte zalantzan egon zirela jo edo ez, eta gu zinez pozten gara azken erabakia baiezkoa izatea, izan ere, ez zen batere gaizki egon. Nick Caven alderdi ilun eta errepikakorrena, pasarte instrumental luze eta basatiak, instrumentazio zoro batekin (xilofonoa, saxoa, tronpeta…) nahastuak. 10 minututik gorako abestiak, guztirako denbora ematen dutenak: kaosa, lasaitasuna, oihuak, inprobisazioa. Diskoa grabatu berri dute, baina beraiek ere ez dakite norekin kaleratuko dute. Denbora beharko dugu hortaz emaitza entzuteko.
Gero Hong Kong Dollar izan ziren taula gainera igo zirenak. Belgikatik zetozen, eta hain urrutitik datozen taldeek normalean beste modu bateko jarrera azaltzen dute. Ez dakit profesionalago diren edo teknikariek esfortsu handiagoa egiten duten, baina soinu izugarria atera zioten Bilborock aretoari. Wilco, The Shins edota The Flaming Lips handien influentzia nabari zitzaien, bi teklatu eta bi kitarra erabiltzen zutelarik. Gaztelania praktikatzeko aprobetxatu zuen abeslariak, frontman kanpotarrek egin ohi duten bezala (jakingo ote dute hemen euskara ere erabiltzen dugula? “eskerrik asko” hitza zailegia egiten zaie? “Gracias” baino gehiago? Txorakeriak aparte, asko gustatu zitzaigun taldea: belaunaldi berriko rock amerikarra, aipatutako taldeen itzalean, non hammond-ek pisu garrantzitsua duten, tempo erdiko riff-ekin, eta hegoaldeko ikutuekin.
Hirugarrenak Los Tiki Phantoms izan ziren. Hauek ikustera etorri ginen gehienbat, eta ez zuten inor epel utzi. Surf-a egiten dute, eta surf-a beti da surf: Los Coronasek, The Longboardsek, Los Tiki Phantomsek edo The Uskisek egin. Gero mailak eta mailak daude. Eta Bartzelonako taldea Estatu espainiar mailako gorenekoetan dago, batez ere zuzenekoari dagokionez. Burezurrak iradokitzen zituzten maskarekin eta jantzi eleganteekin taularatu zen laukotea. Koreografiak, dantza zoroak, eta showa, letra larriz.
Badakizue zer daukan zoragarri Bilbao Hiria lehiaketak? Kontzertu guztien bideoak ikusi daitezkeela. Bilborockera joateko aukerarik ez bada, etxean eroso-eroso kontzertua jeitsi. Baina noski, guk ez dugu hori gomendatuko, ez bakarrik xarma guztia galtzen duelako, kultura bertan bizitzeko jaio delako. Halere, hemen Bilbao Hiria lehiaketako kontzertuen bideoak
Oso kontzertu ona izan zen. Emanaldiak horren laburrak izateak dinamismoa ematen die kontzertuei. Nire gustokoenak Tiki Phantom izan ziren Hong Kong Dollaren baimenaz, hauek ere maila ona eskaini baizuten.
ResponderEliminarEta metal kontzertuak?!!! Blog ahaztu honetan ez zarete batere toleranteakblablablablablabarbarbar...
ResponderEliminar