jueves, 15 de febrero de 2007

Transilvaniako negua Cluj-Napocan

Egunak dira termometroak zero graduak gainditzen ez dituela. Ur putzuak izoztu dira eta txolarreak bainua hartu ezinik saltoka dabiltza espaloietatik. Atzokoan hodeiek elurra mara-mara nola botatzen zuten ikusi nuen nire logelako leihotik. Gaur neguko hiri grisa txuri ageri da. Kalera buelta bat ematera irten behar dudala erabaki dut, ea bide batez pasa den ostiralean edandako Tuicaren ajea leuntzerik dudan.   
Etxetik irten baino lehen erritu bilakatu den prozesuari ekin diot, alegia, txanoa, bufanda, eskularruak eta berokia jantzi ditut. Manastur sobietar estiloko auzoko etxe blokeetatik irristaka igaro naiz Somes ibai ondotik doan bidea topatu dudan arte. Bidean eraikitzen ari diren eliza bateko eliztarrekin gurutzatu naiz. Dirudienez eraikuntza altxatzen duten bitartean mezak estalkirik gabeko oholtza baten gainean ospatuko dituzte. Fedeak nahikoa berotuko ote ditu?

Tranbiaren errailei jarraituz Parcul Centralera iritsi naiz. Gaur paseatzen dabilen jendea inoiz baino alaiago dagoela sentitu eta ikusi dut. Ez da harritzekoa, izan ere elurraren distira koloretsuek neguan ilun dagoen parkea zipriztindu dute. Aiton-amona bikoteak elkarri eskuak emanda dabiltza orekari eusteko, umeek han-hemenka elur bolak jaurtitzen dituzte trebetasun handiz.

Izoztutako parkea atzean utzi dut eta erdigunerako ibilbideari ekin diot. Ohiko moduan erresistenzia antikomunistaren aldeko monumentu aurrean geratu naiz, eta Errumaniako demokrazian egunero biziraun behar duten milaka pertsonen aldeko monumentua noiz eraikiko duten pentsatu dut segundu eskas batez. Bigarren segundurako nire senak pasa den eguneko parranda lekuetako batera eraman nau zuzenean. Unirii plaza ederraren izkinetako batean dago. Tabernak Insomnia du izena. Nik ordea ez dut insomniorik.Lo egiteko beharra bai. Zerbitzaria nigana gerturatu eta ideia-asoziazio batean edo, Ursus garagardo botila bat eskatu diot. Errumanieraz hartzari ursus esaten zaio. Neguan gaude, eta gure inguruko mendietan dauden hartzak ziur aski hibernatzen egongo direla etorri zait burura.

Edo agian ez? baliteke hori aldaketa klimatikoa baino lehenago gertatzen ziren gauzetako bat izatea. Udaberriari itxarongo diot zalantza argitzeko.

sábado, 10 de febrero de 2007

Euskadi Sariak eta Ordozgoiti jaunaren ateraldiak

Zenbaitetan harrigarria ere bada, miresgarria, politikariek izaten dituzten une argigarri horiek. Ez dakit euren joera antropologikoki demokratikoaren edo euren lezio-emaile bokazioaren kausaz den, baina eskertzekoa da gauza hain konplikatuak hain argi lagatzea batzuetan populuari.
Oraingo honetan, Jon Alonsoren Argiako artikuluaren ajeek ekarri digute Koldo Ordozgoitiren esaldi antologiko bat. Jon Alonsoren artikulua ipuin bat dela. Hori esan du. Jende guztia hura iritzi-artikulu bat zelakoan, Euskadi Sarietako hainbat gauza salatzen zituen artikulua hain zuzen, baina bai zera! ipuin bat omen. Ipuin bat, hau da, kontakizun entretenigarri, denbora pasarako egoki, nahiko hutsal eta, batez ere, faltsu bat. Ipuinak asmakeria hutsak direla eta ez dutela mundu errealarekin erlaziorik, bada. Ordea, pentsatu nahiko nuke Eusko jaurlaritzako Kultura Sailean lan egitera iristen den norbaitek ez duela horrelako ikuspuntu zaharkitu eta topikoa ipuinen inguruan. Eta fede onez pentsatzen dut, Oleguerrek bezalaxe. Eta orduan imajinatzen dut Ordozgoiti jaunak beste zerbait esan nahi duela esaldi horrekin. Eta benetan, pentsatzen dut Ordozgoiti jauna XX. mendeko ipuin gorenen irakurle amorratua dena, goitik behera irakurri dituela Jorge Luis Borgesen ipuin liburuak, esaterako. Eta orduan aski ongi ikasi duela zeinen lausoa den errealitatearen eta fikzioaren arteko muga, literatur generoen artekoa, eta adibidez, saiakera bat egon daitekeela ipuin itxurako testu baten atzean, edo alderantziz. Eta honenbestez, Alonsoren artikulua, iritzi-artikulu itxurakoa bada ere, sakonean, eta orain arte inor konturatu ez den arren, ipuin bat dela. XX. mendeko ipuingintza tradizio onenetako bati jarraitzen dion ipuina, izan ere. Eta ez hori bakarrik, Ordozgoiti jauna, literatura irakurle amorratua izateaz gain, eta lan munduan geroz eta gehiago exijitzen den "birziklatze" politikei jarraiki, pentsamendu eta kultur arloko azkeneko ideien jakitun da. Eta irakurri du, horrela, Slavoj Zizek-en "gainidentifikazioaren" teoria, eta punta-puntako arte garaikideko lanak interpretatzeko erabiltzen den teoria hau Alonsoren artikuluan aplikatu duela; eta horrela, Alonsoren artikulua egungo abangoardia artistikoan kokatu duela. Pentsa, agian ipuinaren itzulpena egiteko subentzio bat (lehiaketa bat, esan nahi baita) kaleratzea pentsatu du eta guzti. Adi daude EIZIE eta itzultzaileak.

jueves, 8 de febrero de 2007

Bidebieta Irratiak 10 urte bete ditu

Bidebieta Irratiak, bere burua Euskal Herriko lehen irrati independiente bezala definitzen duenak, hamar urte beteko ditu hurrengo hilabeteetan. Ospatzeko jai potentea prestatu dute martxo ingururako.Bi data jarri behar dituzu gorriz egutegian, martxoan biak: 16a eta 31a. Lehenengoan Standard talde getxotarra Felix Daniel eta Lourdes Madow-rekin batera arituko dira. Standard "3000 w-40000w" diskoa prestatzen ari da hilabeteotan, Holanda eta Alemania bezalako herrialdeak ere bisitatu dituztelarik.

Bestalde, martxoaren 31an Anari eta Lisabören kontzertua aurkeztuko digute, irratiko kolaboratzaile den Optigan 1 Djarekin batera. Askotan hitzegin da atari honetan Lisabören itzulerari buruz, eta orduan izango dugu ikusteko aukera: Bilboko Kafe Antzokian, martxoaren azken egunean hain zuzen ere.

Irratiaren inguruko informazio gehiago (eta baita zinez gomendatzen dugun on-line emankizuna ere): www.bidebietairratia.com

martes, 6 de febrero de 2007

Hamlet, edo disko bakoitzarekin nola eguneratu

Talde madrildarrak disko berria du kalean, “Pura vida” izenpean argitaratua. Euren ibilbideko bederatzigarrena da eta taldearen aurkezpen birako kontzertuetariko batera hurbildu ginen, Aizoaingo Artsaia aretoan eskeini zutena hain zuzen ere, taldearen zuzenekoa berrikusteko.Hamleten zerbait bada azpimarratzekoa euren aldatzeko borondatea eta abilezia da, industriaren aurretik batzutan eta garaiaren araberakoa askotan. Dena den, aurreko “Syberia” lanetik honetara ez da aldaketa gehiegirik eman, hartan erabilitako formula erabili dute honetan ere, baina kanta biziagoak bildu dituzte, seguru aski buelta gutxiago emaniko konposizioen aurrean gaude, naturalagoak.

Vortex talde barañaindarrak ireki zuen gau metaleroa. Nu-metalaren apologia argia egiten du seikote nafarrak, riff astunak, teklatu eta scratch-ak eta rapeotik oihura eta oihutik estribilloetako melodiara doan ahotsa. Hamlet eta Ill Niño gogorrenen ikasle finak.

Ondoren irakasleen txanda iritsi zen. Pura vida lan berriko kantak jo zituzten lehen txanpan, baina argi geratu zen publikoaren gehiengoak ez zuela oraindik diskoa entzun eta hasiera motela izan zen. Dena den Molly eta gainerako taldekideak (Luis-ek emo talde berriren batetik aterea ematen zuen) saiatu ziren nola hala ikuslegoa berotzen.

Abeslariaren erakustaldi (bokala eta fisikoa, kamiseta gabe kantatu baitzuen azken hau) eta guzti bukatu zuten disko berriari errepasoa eta klasiko batzuekin jarraitu zuten, han ginenon gozamenerako.

Bisetarako gorde zituzten Irracional eta JF klasikoak, azken finean gau hartan jendearen gehiengo handi bat entzutera joan ziren kantuak. Sentsazio hori utzi baitzidan kontzertuak; zera, taldeak modan jarraitzeko duen nahi edo gogo hori ez duela euren entzulegoak berdin sentitzen, eta gau hartan Artsaiak jende kopuru eder bat jaso bazuen ez zela azken bi diskoetako melodiarantzako aldaketagatik  izan, Insomnio, Revolución... edo El Inferno bezalako diskoengatik baizik.

Pura vida edo Pura renta?

lunes, 29 de enero de 2007

Mazedoniako eguzkia Skopjen dago

Atzo gauez iritsi nintzen hotelaren funtzioak egiten dituen etxe pribatu honetara. Bertako andrearen ingeles eta alemanaren arteko dialekto berrian prezioa adostu ostean, leher eginda nire gorpua ohera erortzen utzi nuen. Egunsentiarekin batera begiak ireki eta arretaz begiratu dut logela. Goodbye Lenin! filmetik ateratako dekoratua nire begien aurrean azaldu da. Pareta horituetan Tito burkidearen argazkia bilatzen saiatu naizen arren ez dut topatu: lastima Iker itxaron egin beharko duzu!
Portaleko atea ireki eta denboraren tunela pasa dut. Kalean berriz ere XXI. mende gordinarekin tupus egin dut, edo hori iruditu zait kaleko umeak ikusi ditudanean. Mazedoniako Jugoslaviar Errepublika Ohiaren plazan musika jo eta tarteka kola esnifatzen dute haur ijito batzuek. Postalak atsekabetu egin nau eta alboko merkatal gunean sartzen diren pertsonak gorrotatu ditut une batez. Nire burua gorrotatu behar al nuen ba?

Kale eta elizetan barrena egin dut eta gaur egungo Mazedonia independientea Jugoslaviaz ahazteko prest ez dagoela konturatu naiz. Behintzat hori pentsa daiteke kaleko izenei erreparatuta; Karl Marx edo Maxim Gorki kaleak, Proletarioen bulebarra, Partisanoen etorbidea... eta Tito?

Astiro baina ohartu gabe igaro dut Vardar ibai gainetik pasatzen den zubi zaharra. Berriz ere, salto batean paisaia guztiz aldatu da eta auzo turkiar zaharreko kale estuetatik sigi-saga ibili naiz. Meskiten otoitzek ez dute denda txiki ugarien zarata isilarazi. Ni ordea mututu egin naute. Kale bazter batean jendearen joan etorriari so geratu naiz. Segidan hiri zaharra dagoen muinora igo naiz aberria irudikatzen duen emakumearen estatua ikusteko: bere alboan Mazedoniako bandera eta bandera gorria daude. Orduan konturatu naiz Mazedoniak bi eguzki dituela eta horietako bat Skopjen dagoela.          

Harresi zaharra inguratu eta jaisterakoan, Tito Brozen kalea aurkitu dut (azkenean!). Josip Broz hil zen eta berarekin Jugoslavia batuaren ametsa, horretaz jabetu naiz bere izena daraman kalean Kalkultako Ama Teresaren omenezko estatua bat dagoela ikusi dudanean. Barreari eutsi ezinik burura etorri zait: zer arraio egiten ote du Santu izendatutakoaren estatuak deskomuniatutako lider komunistaren kalean? Ez nuen gutxiago espero mazedonia bat den hiriburutik. 

Poesia ondo plagiatzeko metodoaren azalpen laburra, eta adibide bat

Berriro ere plagio kontuekin gatoz, eta bai, berriro ere Atxagarekin. Ez dugu deus bere kontra, garbi geratu zen aurrekoan ere, alderantziz, gure xumetasunean, berak irekitako bidea osatzera gatoz. Izan ere, jakina da bere Obabakoak liburuan, Atxagak “Ondo plajiatzeko metodoaren azalpen laburra” eman zigula, adibide batez ilustraturik eman ere. Metodo hau, ordea, testuan zuzenean adierazten ez zaigun arren, garbi dago prosari begira eginiko metodoa dela. Ez da baliagarri poesiarako. Ikus bestela lehenengo araua: “Plagiatzaile batek argumentu garbiko testuak aukeratu behar ditu”. Argumentua, bada, prosari dagokion kategoria da, ez da baliagarria poesia analizatzeko. Hirugarren arauarekin ere, beste horrenbeste: “Nobela edo ipuinek nonbait eta noizbait gertatutako istorioak kontatzen dituzte. Plagiatzailearen lana izango litzateke ereduaren bi xehetasun horiek aldatzea” Ez du komentariorik beharrik.
Honek guztiak galdera batera garamatza: zergatik ez zuen Atxagak  poesia sartu bere metodoaren barruan? Zer dauka poesiaren kontra? Erantzun estandarrak horrelako zerbait esango luke: Prosa plagiatzea, tira, ez da erabat grabea; baina poesia, mesedez, poesiarekin ez da jolasten. Poesia originaltasunaren eremu behinena da, genioaren leku naturalena, eta ez dago munduan metodorik poesia plagiatzeko balio duenik. Baina ez gaitezen utzi engainatzen, Atxagak lehenagotik bazuen poesia plagiatzeko metodoa, kontua da ez zuela publikatu; hori egin beharrean, praktikara eraman zuen bere poema-liburuetan. Ziutateaz edo Etiopia, bada, poesia ondo plagiatzeko bere metodo ezkutuaren emaitza baino ez dira. Metodo honen berri, honenbestez, ez digu mamu misteriotsu batek eman (demagun Lizardiren espektroak), Atxagaren poemen irakurketa adi eta konparatu batek baizik. Horrela dio metodoak:

Lehenengo araua: Etsai poetiko bat hautatu. Ahal bada, poetika instituzionalaren kontra egin. Gaztea zara eta ausartzat hartuko zaituzte medioek, “belaunaldi berri” eta horrelakoen buru jarriko zaituzte. Jakina, gero zuk ukatu egingo duzu belaunaldi baten parte zarena, zu munduan bakarra baitzara, errepika ezina. Jakina, plajiatu nahi duzun poetaren etsai bera ez hautatu, nabariegia litzateke.

Bigarren araua: Plagiatu nahi duzun poemen teknika jasotzen saiatu. Demagun, beste hizkuntzetako esaldiak txertatzeko joera, pop elementuak, testu publizitarioen eta horrelakoen erabilera…

Hirugarren araua: Sekula ez aipatu plagiatu behar duzun poeta, hura ez da zuretzat existitu ere egiten. Honen ordez, poeta honek maisutzat dituen poeta ilustreak zure egin, inork ez dizu poeta handi baten jarraitzaile zarela leporatuko.

Laugarren araua: Garrantzitsuena, eta prosarako metodoaren azkeneko araua dena halaber. Alegia, literatur teoria garaikidean jantzia egotea, metaliteraturaz, intertestualtasunaz-eta hitz aspertuak emateko gai izatea. Jakina da, kritika eta iruzkinek poemak baino gehiago balio dute.

Adibide bat:

Ikus dezagun Atxagak nola burutu zuen metodo hau, maisuki, dena esan beharra dago, bere liburuetan.

Lehenengo araua: Plagiatu nahi den poetaren etsai poetikoa: gerraondoko poesia sozial espainiarra (Gabriel Celaya, Victoriano Cremer eta horrelakoak). Atxagaren etsai poetikoa: euskal poesia soziala, bereziki, Gabriel Aresti. Hautsi da anphora, mila zatitan multiplikatu da; hautsi da harria, harea bilakatu da. 

Bigarren araua: Atxagaren ereduak idazten du: “del amor fox y sobre todo trot”, bada, Atxagak zera idazten du: “mila liburu erregalatu zituzten bankuek ora eta bereziki labora lemapean”. Atxagaren ereduak Conchita Piquer, Blas de Otero, Yvonne de Carlo, Superman edo Scott Fitzgerald aipatzen dituela, Atxagak Otis Redding, Jon Mirande, Humphrey Bogart, King Kong edo Cravan. Poeta plagiatuak manual batetako lerroak imitatzen ditu, Atxagak telegrama batetakoak. Ereduak “my dear” idazten badu, gure Atxagak “my darling”, hark “venden sentido común”, honek “zoriona gramoka saltzeari ekin zioten”, hark “San Lukács evangelista” bezalako hitz-jokoak, honek “klitxeak beti klitxeak, edo txikleak zapore guztitan”, “pippermint” eta “yougurt fantastikoak” “Palm Beach” eta “Canadako basoak” etcétera, etcétera eta abar.

Hirugarren araua: Atxagaren ereduak Pound eta Eliot aipatzen ditu bere “collage” estiloaren erreferentziatzat. Gogora ditzagun Pott aldizkariko zenbait artikulu: “T.S. Eliot gaurkotasunaz zenbait ohar”, Eliot beraren poemen itzulpenak edo “Barkatu, Cravan” poemako Ezra zaharra.

Laugarren araua: Elemental Mister Watson.

viernes, 26 de enero de 2007

The Who Euskal Herrian izanen da

Maiatzaren 19an izanen da, Barakaldoko BEC-en. Pete Townshend eta Roger Daltrey taldekideak soilik geratzen dira jatorrizko bandatik, bainan hauekin aski izanen da 60.hamarkadan jaiotako talde arrakastatsuaren zale andana biltzeko. Europan barna bira egiten ari dira The Who-koek, Endless Wire disko berria aurkezten, eta gaur konfirmatu egin denez Euskal Herrian ere izanen ditugu ikusgai.
24 urte zeraman taldeak estudioko diskorik atera gabe, bainan 2006.urteaz geroztik Townshend eta Daltrey berriz elkartu ziren, banda moduan, bira eta kontzertuetara itzultzeko.

Ez da izanen Euskal Herrian talde eta musikari klasikoekin gozatzeko izango dugun kontzertu bakarra. Hain zuzen ere, astelehen honetan, rock-aren aita den Chuck Berry izanen baita Bilbon.