jueves, 27 de enero de 2005

PI L.T: Game Over

Nahiko garai nahasiak ari dira Mungiako taldeko mutilak bizitzen. Diska prestatzen hasi eta aste batzuetara Aitor Abio teklatujoleak taldea utziko zuela esan zien. Halere, Rafa Rueda (ahotsa, gitarra), David Gonzalez (baxua) eta Xampe-k (bateria) aurrera jarraitzea erabaki zuten.
Horrela bada, Game Over diska hau hirukote moduan konposatua izan da, nahiz eta grabazioan Aitorrek bere teklatuak gehitu. Gainera, hemendik aurrera hirukote moduan jarraituko dutela adierazi du taldeak.


Diska honetan, 3-n jorratutako melodiarekiko gustu hori inoiz baino indartuagoa agertzen zaigu, agian Rafa Rueda-ren bakarkako lan "popero"-aren ondorioz, (Erreparatzen, Gaixoa). Minus diskako egitura luze eta landuak Kontu Okerra bezalako kantuan aurki genitzake (diskako hoberena?), baina salbuespen hau albo batera utzita, abestietan kontzentratu dira, kantu zuzenak sortuz. Hori da agian diska hau hoberen definitzen duen hitza, "zuzena".


Baina kantuek ez dute beren puntu esperimentala galdu, ezta gutxiago ere, denetariko ikutuak nabari dira. Stoner-a burura ekarriko diguten riff astunak edonon daude eta teklatuak beste diska batzuetako epikotasuna agian pixka bat galduz, Faith No More bezalako talde bat berehala ekarriko digute burura (Hamaika Banana, Lapurra).


Hitzei dagokienez, Minus-en egin zutenetik aldendu dira eta diska hartan hitz guztiak taldetik kanpoko jendearenak baziren, oraingo honetan Rafa Rueda-k hartu du lana, nahiko emaitza onarekin gainera.


Diska honetako zerbait kritikatzekotan, laburtasuna aipatuko nuke, entsaio lokalerako oso ongi dauden baina disko batean grabatzea txorakeria den improbisazio horiek kenduta, bederatzi kantutan gelditzen baitzaigu albuma.


Pi L.T.-ren etapa bat itxi da Game Over disko honekin, baina beraiek diskan bertan aipatzen duten bezala: insert coin?, nik behintzat, gustura sartuko nituzke beste txanpon batzuk...

miércoles, 26 de enero de 2005

U2 Donostian: Konfirmatuta

Hilabete bat inguru zebilen zurrumurrua guztien belarritan, baina orain konfirmatu da: U2 talde irlandarra Donostian izango da Abuztuak 9an.Zurrumurruak zurrumurru, badirudi azkenean U2 talde irlandarrak Euskal Herrian eskainiko duela kontzertua iragarri berri duen mundu mailako biran. "Vertigo" izanen da bira honen izena, "How To Dismantle an Atomic Bomb" diskaren aurkezpena izango dena hain zuzen ere. Euskal Herriko data bakarra Donostiako Anoetan izango da, abuztuak 9an. Sarrerak otsailaren 17an izango dira salgai ohiko lekuetan. Hona hemen Europa mailako emanaldiak:



Ekainak 10: Brussels - King Baudouin Stadium

Ekainak 12: Gelsenkirchen - Schalke Stadium

Ekainak 14: Manchester - City of Manchester Stadium

Ekainak 18: London - Twickenham Stadium

Ekainak 21: Glasgow - Hampden Park

Ekainak 24: Dublin - Croke Park

Ekainak 29: Cardiff - Millenium Stadium


Uztailak 2: Vienna - Ernst Happel Stadium

Uztailak 5: Katowice - Slaski Stadium

Uztailak 7: Berlin - Olympic Stadium

Uztailak 9: Paris - Stade de France

Uztailak 11: Zurich – Letzigrund Stadium

Uztailak 13: Amsterdam – Arena

Uztailak 19: Milan - San Siro

Uztailak 23: Rome - Olympic Stadium

Uztailak 27: Oslo - Vallehovin Stadium;

Uztailak 29: Gothenburg - Ullevi Stadium

Uztailak 31: Copenhagen - Parken


Abuztuak 3: Munich - Olympic Stadium

Abuztuak 5: Niza - Parc des Sports Charles Ehrmann

Abuztuak 7: Bartzelona – Camp Nou

ABUZTUAK 9: DONOSTIA: ANOETA ESTADIOA

Abuztuak 11: Madril - Estadio Vicente Calderon

Abuztuak 17: Lisboa - Alvalade

martes, 25 de enero de 2005

Slint: kontzertu bira eta betirako agurra

Slint, laurogei eta laurogeita hamarreko hamarkadetako talde esanguratsuenetarikoa, post-hardcoreari dagokionean behintzat, taulagainera bueltatuko dela iragarri du. Slint, laurogei eta laurogeita hamarreko hamarkadetako talde esanguratsuenetarikoa, post-hardcoreari dagokionean behintzat, taulagainera bueltatuko dela iragarri du. "Tweez" eta "Spiderland" bezalako diska borobilak kaleratu ostean Dave Paje eta Brian McMahan-en taldeak kontzertu-bira bati ekingo diola iragarri du, gerora proiektuari betirako amaiera emanez. Taldeak 1992. urtean agur esan zigun eta ordutik ez du kontzerturik eskeini, ezta diskorik argitaratu.


Horrela, martxoaren lehen egunetan "All Tomorrows Parties" jaialdi mitikoan izango dira, eta Martxoak 5ean Bartzelonako Apolo Aretoan izanen dira, Primavera Sound jaialdiaren aurkezpen jaian. Azkeneko honetarako sarrera jaialdirako abonoaren prezioaren barruan egongo da. Hauek dira zehazki Europan eskeniko dituzten kontzertuen lekuak eta datak, gero AEB-tara eginen dute salto, birari (eta taldeari) agur esango diotelarik:


Martxoak 1 London Kentish Town Forum

Martxoak 2 London Kentish Town Forum

Martxoak 3 Reims La Cartonnerie

Martxoak 4 Bolonia Link

Martxoak 5 Bartzelona Sala Apolo

Martxoak 6 Dublin Vicar Street

lunes, 10 de enero de 2005

Tony Garnier: hiri industriala


XX. mendeko hasierara egingo dugu salto, eta Lyon-era hurbilduko gara, non Tony Garnierrekin egingo dezakegun topo. Ez da oso arkitekto ezaguna gure garaietan, baina oso garrantzitsua arkitektura eta hirigintza garaikidean, baita hiria bere osotasunean (hutsetik) sortzearen ideia ulertzeko ere. Hau egitate ia utopikoa dela esan genezake, historian ia inoiz ez baita horrelakorik suertatu: jaiotzetik hiria osorik sortzea. Kasu gutxi hauek porrot egin zutela esan daiteke.


Kasu honetan, garrantzitsuena ez da hiria ez dela solidatuko, hiri bateratuaren kontzeptua ezagutzea baizik, hau bere osotasunean proiektaturiko egitura izatea. Eta hori oso argi zuen Tony Garnierrek. Bizitza osoa bere ikasketa kutunari eskaini zion: hiri industriala; izan ere, industrializazioaren pean aldaketa bortitzak jasaten ari zen gizartean bete-betean bizitzea egokitu zitzaion, eta garaian sortutako hiri gehienen jatorria industri interesen araberakoa izan zen.


Hiria asmatu zuen, hutsetik hasita: 35000 biztanle ingurukoa, kokapen asmatua baina ezaugarri jakin batzuekin (ibai batek igarotzen duen lautada, inguru malkartsuagoekin). Elementu bakoitza (fabrika, hiria, osasun-zerbitzuak, etab.) besteengandik bereizi behar zuen, beharrezkoa izatekotan gehikuntza bati aurre egiteko. Honek Garnierrek etorkizunera begirako hirigintzaz zuen ikuskera adierazten du, iraultza industrialaz geroztik eman diren hazkunde desordenatuen modukoak ekidinez.


Betiere hiri txukun eta ongi proiektatua du buruan, bai urbanistikoki eta baita higienikoki ere, gizabanakoaren behar material eta moralak asetu nahian. Aro Berriko Mugimenduaren hasieran amankomunak izango diren kontzeptu batzuk izenpetu zituen: faktore higienikoen ezaugarri arauemailea, etxegintza irekia, oinezko eta ibilgailuen arteko ibilbideen independentzia, lorategi-hiria (loruria), etab. Hiria ordenaturiko irazkia da, baina lurra mugatu dezaketen horma edo itxitura ezak, hiriaren lurrazala parke handi baten modura hartzea onartzen du, edozein norabidetan gurutzatu daitekeena. Gogoratu behar da halere, hiri hau utopia hutsa dela, gutxienez garai hartako gizartean (eta baita gaur egun ere): Garnierrek asmatu zuen hiria osoki sozialistatzat hartu daiteke, jabego pribaturik gabe, ez gartzelarik, elizarik, polizia edota epaitegirik. Egileak uste zuen zintzoki gizarte berria hark ez zuela honelako beharrik izanen. Eta hau guztitik oso urruti dagoela iruditzen zait...


Bere ezagutzak errealitatean aplikatzeko aukera izan zuen, E. Herriot ahaldun erradikalarekin, zein Lyon hiriko alkate izatera iritsi zen 1904ean, mantentzen zuen adiskidetasun eta afinitate politikoak zirela eta. Bere ideiak aro berriko hirien behar konkretuen pean jarri zituen. Bere obra, behin eraikia, ikerlan eta aurrekontuak berresten zituen. Hori da egileak Aro Berriko Mugimenduari egindako ekarpena: teoria eta praktikaren arteko lotura.


Garnierrentzat, eraikin baten bizitza eta etorkizuneko erabilpenaren araberako faktore guztiak present egon behar dute proiektua prestatzerakoan, eta hirian izango duen integrazioa kalkulatua du aurretik. Horregatik bere obrak funtzionamenduan darraiten organoak bailiran diraute Lyonen. Baina benetan interesgarri suertatzen zaiguna zera da: Garnierrek hiria eraikin handi bat bezala gauzatu zuen, bere osotasunean proiektatu eta errepresentatu daitekeena. Ez du inoiz eraikinean pentsatzen elementu isolatu baten moduan, alderantziz, jakin bazekien edozein esku-hartzeren emaitza hiria bera zela eta eraikinak zentzua hartzen duela bakarrik hiriaren bizitzari ekarpen bezala.


Esan beharra dago ere ikuspegi orokorrak ez digula egitasmo arautzaile garaikide bat gogorarazten, aukera ezberdinak gradu eta eskala ezberdinetan banatzearen ideia falta delako; substantzialki herri lan proiektu desberdinen bateraketa markoa dugu. Teorikoki hutsunea jasaten du errealitate dinamikoan, hiria kasu, antolatze egonkorren pean erregulatua geratu daitekeelarik; baina praktikan proiektuaren exijentzien bitartez, izaera dinamiko honetan esperimentatzera derrigortuta dago eta murrizketa teorikoak gainditzera.


Ziurrena osotasun marrazki hau behin eta berriz zuzendua izatea Lyongo udaletxeko bulegoetan, lanak aurrera eramaten ziren heinean, eta horrela, egitasmo arkitektoniko bakoitzean hazten ari den hiriarekin nahita nahiezko lotura somatu daiteke.

jueves, 6 de enero de 2005

Laukote izatetik hirukote izatera

Aito Orejak, gitarra joleak, Berri Txarrak utziko du. Halere, taldeak aurrera egiteko asmoa du hirukote gisa bada ere. Formatu berriarekin kontzertua eskaini zuen taldeak Txantreako Akelarre tabernan eta hantxe izan ginen gu ere.Duela gutxira arte zurrumurrua besterik ez zena ofiziala egin da: Berri Txarrak taldeko Aitor Oreja kitarrajoleak taldea utziko du. Taldea sortu zela hamar urte direnean hartu du erabakia. Aitorrek azaldu duenez taldearen erritmoa ?inoiz baino biziagoa da? eta ?zaila? egiten zaio oso hau bere bizimoduarekin lotzea. Hala bada, Berri Txarrak-ek laukote izateari utzi eta hirukote izatera pasa da. Izan ere, gainontzeko taldekideek hausnarketa sakon baten ostean taldearekin aurrera jotzea erabaki dute. Udan grabatzekotan diren diskorako kantak prestatzen hasiak omen dira gainera eta Txantreako Akelarre tabernan sorpresazko kontzertu bat ere eman zuten formatu berri honekin.

Hantxe izan ginen gu. Gu, eta baita jende piloa ere. Taberna baino gehiago fakirren hiltzez betetako taula horietako bat zirudien hark. Nahita ere esertzerik edo besoak luzatzerik ez. Burua mugitu eta abesteko lekua juxtu juxtu. Ulergarria bestalde, sorpresaz ematen diren kontzertuek izaten duten arrakasta ikusirik. Are gehiago Berri Txarrak-i buruz ari bagara, eta haien lehen kontzertuaz hirukote gisa. Zurrumurruek ez dutela ezertarako balio esango dute gero!

Gitarra bakarrarekin jo zituzten kantak bada eta hutsunea igerri igertzen bazen ere, kontzertu polita eta indartsua eskeini zuten. Bi gitarrarekin egindako detailetxoak alde batera utzi eta efektibotasunaren alde egiten asmatu zutela esan behar da. Gehienbat biran zehar jo dituzten kantak jo zituzten. Halere, Nirvana-ren bertsio bat ere izan genuen entzungai besteak beste. Lagunarteko giroa zen nagusi eta hala aurpegi ezagun bat baino gehiago igo zen eskenatokira Gorka laguntzera, Leihotikan-eko abeslaria haien artean.

Lagunarteko giro hark bultzatuta, kontzertua amaitutzat emanda ere bitan igo behar izan zuten berriz ere Berri Txarrak-ekoek eskenatokira. Jada jotako kantak berriz ere jotzea besterik ez zuten izan. Gorkak esan zuen bezala ?talde maketeroak bezala kar kar. Kanta gabe geratu gara. Jotako kantaren bat jo beharko dugu?.

Hirukote gisa ematen zuten lehen kontzertua izateko benetan kontzertu txukuna eskaini zuten eta erakutsi formatu horretan ere badutela zer esana. Ikusi egin beharko da hemendik aurrera nola ekiten dioten kanta berriak egiteari eta Aitor-en hutsak zer eragin izaten duen bosgarren diska izango denean. Kontzertuan eskeinitakoa baldin bada Berri Txarrak berri honek hemendik aurrera eskeiniko duena, beldurrik ez.

domingo, 19 de diciembre de 2004

The White Stripes taldearen lan berria bidean da

Detroit-eko bikotea geldiezinik dabilela ematen du, azaroan haien orainarteko arrakasta guztiak biltzen dituen ?Under blackpool lights? zuzeneko DVD-a argitaratu ostean, orain urtarrilerako diska berria kaleratuko dutela aurreratu dute. Jack eta Meg White bikotearen 5. lan luzea izango da honako diska berria, haien aurreko lanarekin, ?Elephant? lanarekin; lortutako arrakasta eta ia bi urte eman dituztela diska berria prestatzen ikusita, emaitza ezin hobea espero da lan berri honetan. Momentuz, urtarrilerarte itxaron beharko da.

martes, 7 de diciembre de 2004

Tristessa taldea, epaimahairik gabe solasean

2002.urtean sortu baziren ere, Tristessa, ibilbide luzeko taldea dela esan daiteke. Bi urte hauetan, Nafarroako "Encuentros" txapelketan bitan sartu dira finalean, hoietako batean garaipena eskuratuz; 2003an Euskadi Gazteko Maketa lehiaketaren finalera iritsi ziren, Festimad-eko txapelketa, San Adriango lehiaketa...hamaika lehiaketa, hamaika epaimahai, hamaika urduritasun. Presio hori gabe aritu nahi dute hemendik aurrera, epaimahaietaz ahaztu, eta musikaz gozatu. Diska grabatu behar dute bainan aurretik Victor, I?igo eta Ibanek, Tristessa-ko taldekideek, Eremulauak-ekin hitzegiteko beta izan zuten.- Motz-motzean, zein izan da taldearen historia eta ibilbidea?
Proiektu ezberdinetatik gentozen, beste musika estilo ezberdinetatik, bainan geldiunea izan genuen, tarte horretan musika asko eta desberdina entzun eta xurgatu genuen, eta 2002.urtean musika egiteko grina berriz ere sortu zitzaigunean, elkartu, entsegu lokalean sartu eta konposatzen hasi ginen. Urte horrean bertan, "Asto Pituak" taldeko Albertoren estudioan 5 abesti grabatu genituen eta horrekin Nafarroako "Encuentros" lehiaketan parte hartzeko aukera sortu zitzaigun, harrigarria bada ere, finaleraino heldu ginen eta "Artsaia" aretoan jotzeko aukera izan genuen, erabat izututa joan ginela holako areto handi batera jotzera. Hortik aurrera hainbat lehiaketetan parte hartu genuen, tartean Festimad-ko lehiaketan eta nahiz eta horretan ez irabazi, jaialdi horrek ekoizten duen diskan parte hartzeko aukera izan genuen. Horren ostean, beste maketa bat grabatu genuen, beste hainbat lehiaketa zein kontzertu eman ditugula ordutik hona. Dena den, lehiaketetaz nekatu gara, presiorik gabe jo nahi dugu hemendik aurrera.


- Horrenbesteko arrakastak, nonbaiten izan beharko du oinarria, zer eskeintzen tu Tristessa taldeak?
Oso soinu abanguardista dugula esan daiteke, hemen entzutera ohituta ez gaudena edo behintzat hemen ez dena ekoizten, oso soinu britanikoa dugula esan daiteke inkluso. "Piratas" taldearen antza daukagula esaten du jendeak, bainan egia esan guk ez dugu musika egiten talde baten antza izateko edo estilo jakin batean pentsatzen. Lehen esan bezala, musika estilo ezberdinak entzuten ditugu eta haien uztartzea egiten saiatzen gara. Egia esan, melodia gustatzen zaigu eta hori ustiatzen saiatzen gara, kitarraren distorsioarekin, bateria gogorrez eta baxu melodikoaz uztartuz.


- Mezu asko dituen musika ekoizten duzutela esan daiteke, zer helarazi nahi diozue publikoari?
Guretzako musika nasaialdi bat da, desahogo bat. Eguneroko bizitzaz eta errutinaz aldentzeko dugun medioa, bainan baita gure ideiak zabaltzeko dugun bitartekoa ere. Zuzenekoetan, entsegu lokalean sortutakoa helarazi nahi diogu entzuleari, bai gure musikan eta baita gure letretan ere. Giza sentimenduen munduan askotan sartzen gara, horretatik dator adibidez "Siento", maketako abestia, egunero nola hanka sartzen dugun azaltzen duena, beti barkamena eskatzen ibili behar dugula eta nahiz eta damutu, behin eta berriro egiten ditugula huts berdinak. Baita ere gure inguruan gertatzen ari denaren inguruko amorrua adierazten dugu, gauzak nola dauden ikusita jendeak ez duela ezer egiten, ez duela erantzuten somatzen dugu, eta horrek amorrua adieraztera eramaten gaitu. Amorru hori gainera zuzenekotan nabarmentzen dugu, entsegu lokalean lasaiago gaude, zuzenekotan aldiz, histeriko jartzen gara, dena ematen eta dena ateratzen saiatzen gara, gure mezua ahalik eta modu gogorrenean jendeari helarazteko. Gainera zuzenekoetan, musikaz aparte zedozer gehiago eskeintzen saiatzen gara, "Performance" txikiak, antzerkiak...gure musikarekin bat datozen beste adierazpen batzuk batzen ditugu eskenatoki gainean.


- Zuzeneko eszena, modu larrian begiratzen duzue...
Hala da bai. Gaur egungo agintariak kulturaren alde daudela esaten duten arren, hiri guztietan dauden sub-kulturak baztertzen ari dira gutxinaka. Tabernen giroan mugitzen garen taldeoi hainbat traba jartzen ari zaizkigu zuzenekoak ematerako orduan. Kontzertu aretoetara mugatu nahi dituzte zuzeneko emanaldiak, horretarako 1000pertsona mugiarazteko kapaza den taldea izan behar duzu, bestela jai daukazu. Gu bezala 100-200 ikusle izan ditzakeen taldeak, holako aretoetan ez du lekurik. Honetaz aparte, antolatzaileen jarrera leku askotan ez ditu bideak errazten, beti talde berdinen inguruan biraka dabiltza, talde berriei aukerarik eman gabe.


- Bukatzeko, eta ohikoa den bezala, etorkizunari begira jarri...
Iazko "Encuentros" lehiaketa irabazi ostean, bide berriak zabaldu zaizkigu. Tuterako "Film Music" disketxeak hartu gaitu, bertako "Nabud" aretoaren inguruan sortu den zigilua da "Film Music". Bertan I?aki de Lucas-ekin, gure lehen lan luzea, gure lehen diska grabatuko dugu! Horren ostean, kontzertu asko emateko asmoa dugu, Nafarroatik atera eta herri ezberdinetan aritu, orainarte etxean soilik aritu baikara.