viernes, 24 de junio de 2005

Zirriborro bat da? Graffiti bat da? Ez... Grafedia da!


Euskal Herrian oraindik oso ezaguna ez den arren, New York, San Frantzisko edo Sidney bezalako hirietan arrakasta handia lortu duen ekimena da Grafedia. Ideia oso sinplea da: kaleko hormetan, autobus geltokietan eta abarretan idatzitako link fisikoak (hau da eskuz idatziak, ez ordenagailu batean) dira, sakeleko telefonotik lotura horretara e-mail bat bidali ondoren argazki bat, kantu bat edo bideo bat oparitzen diguna.


John Geracik sortutako ekimena da Grafedia. New Yorkeko Unibertsitateko Telekomunikazio Interaktiboen Programan lan egiten du Geracik eta han burututako proiektuetako bat da hau. Graffitigileek bezala, Grafediagileek ere kalea dute eremu naturala: edozein gainazal egokia da beren mezua idazteko. Baina gehiago sakondu aurretik, Grafediaren funtzionamendua azaldu beharrean gaude.


Nola egin naiteke Grafediagile?


Lehenik eta behin www.grafedia.net gunera sartu eta irudi bat, bideo bat edo dena delakoa igoko dugu, gako hitz bat emanez (nik adibidez argazki bat igo dut eta ?zelakoarupegia? gako hitza eman diot; Bigarrenik kaleko hormetan, autobus geltokietan, komunetako ateetan eta antzeko lekuetan loturak idatziko ditugu, kolore urdinez eta azpimarratuta (komun batean ?zelakoaurpegia? hitza ikusten baduzu ez zaitez larritu beraz, ez da ezer pertsonala); komunean irakurtzen duenak bere sakeleko telefonotik e-posta bidez mezu bat bidaliko du hitz hori erabiliz (gure kasuan ?zelakoaurpegia@grafedia.net? helbidera); azkenik mezua bidali duenak bere sakelekoan irudi, bideo edo kantu bat jasoko du, kalean aurkitu duen link horri dagokiona hain zuzen ere (?zelakoaurpegia? bidaliz gero, argazki bitxi bat jasoko duzue beraz).


Eta honek zertarako balio du?


Asmakizun berriekin gertatzen den moduan, erabilera bat baino gehiago izan dezake Grafediak: Artista gazteek beren obra zabaltzeko erabili dezakete, izan argazkiak, koadroak, abestiak edo bideoak; aldarrikapenerako ere balio du nahi izanez gero; lagun bati opari berezi eta pertsonal bat egin nahi? Grafediak aukera hori ere ematen du. Elkartrukean dago gakoa, misterio puntu batekin gainera, ezin baitaitezakezu jakin autobus geltokian irakurri duzun gako hitza erabiltzean zer iritsiko den zure sakelekora. Botilan bidalitako mezua bezala, Grafediagileek ez dakite nori zuzentzen dizkieten beraien loturak.


Gainera, telekomunikazioen inguruan diharduten konpainia handiei aurre egiteko balio du. Izan ere, gaur egun korporazio erraldoiak dira nagusi komunikazio interaktiboaren munduan eta herritar xumeak parte hartzeko dituen aukerak oso mugatuak dira. Horren aurrean Geracik zera dio: ?Grafedia tipo txikien aukera da, elkarrizketan sartu ahal izateko?.


Proiektu arrakastatsua


2004ko abenduan abiatu zen ekimen hau eta geroztik 2000 artxibotik gora igo dituzte erabiltzaileek www.grafedia.net gunera. Kalean egindako link hauen galeria txiki bat eskaintzen du guneak eta bertan Seattle, Brooklyn, San Frantzisko eta abarretan topatutako loturak daude. Ea laster Euskal Herrian ere zirriborro urdinak azaltzen hasten diren...

jueves, 23 de junio de 2005

Eta Konfederatuek irabazi izan balute?


EREMU LAUAKen hitz egin genuen Harkaitz Canoren ?Belarraren ahoa? eleberriaz. Bertan, irakurleak jakingo duenez, II. Mundu Gerrak izan zezakeen amaiera hipotetiko bat azaldu zitzaigun: Europan gerra irabazi eta New Yorken konkistara abiatzen zen Hitler nobela hartan, Charles Chaplin komediantea torturatzen zuen bitartean. Tira, ba badirudi Lasarteko idazlearen bidetik abiatu dela Estatu Batuetan Kevin Willmott zinema zuzendaria ?CSA: Confederated States of America? filmean.


2004ko Sundance Film Festivalean estreinaturiko filme honek AEBko Sezesio Gerraren bestelako amaiera proposatzen digu: Imaginatu, kasu honetan, AEBko sezesio gerra konfederatuek irabazi zutela. Imaginatu Lincolnek Kanadara ihes egin behar izan zuela. Imaginatu esklabismoak gaur arte iraun izan balu eta Interneten esklabu beltzak erostea zilegi balitz. Ongi etorriak ?CSA: Confederated States of America? filmera.


Michael Mooren antzera ironia eta salaketa jorratu ditu filme honetan Kevin Willmottek, Estatu Batuen bihozgabekeria eta pentsamendu bakarra salatzeko. Horretarako fake (edo gezurrezko dokumentala) egin du, Amerikako Estatu Konfederatuen (CSA ingelesez) historia kontatuz. Arrazakeria eta esklabotzaren aldekoak nagusitu ostean bere bidea egingo du CSAk, baina apurka apurka Bush aita semeak, Nixon edo Reaganen Estatu Batuetatik gertuago egongo da herrialde konfederatua. Horren erakusle Hego Amerikako herrialdeetako diktadurei emandako babesa, gerra guztiak irabazi dituen herrialde baten harrokeria eta kapitalismoaren agintaritza mugagabea.


Ironia eta txisteak garraztasunarekin nahastuz protesta egin nahi izan du Willmottek. Emaitza: gezurrezko dokumental bat, errealitatearekin antz handiegia duena. Ideia probokatzailea dudarik gabe, probokatzioetara ohitua ez dagoen herrialde batean.

Dantza garaikideak Bilbo hartuko du datorren astean


Datorren astean izango dute zita dantza garaikidearen maitaleek. Bilboko Abandoibarran izanen da zehazki Lekuz-Leku jaialdia, datorren asteko ostegun, ostiral eta larubatean. Jaialdiaren ideia nagusia dantza eta hiri ingurua uztartzea da, dantza eta arkitekturak bat egiteko, eta pasealariak hiria berraurkitzeko.


La Fundici?n areto bilbotarrak aurrera eramandako jaialdian burutuko diren dantza erakustaldiak hiriko elementuez baliatuko dira, hala nola Guggenheim museoko ?Armiarma?, Euskalduna Jauregia, markesina bat edo kale-argi bat... Beste batzuk graffiti-a edo gastronomia izango dute lagungarri gisa. Umeentzako jolasak ere izango dira Guggenheim museoko jolasparkean jaialdiak irauten duen hiru arratsaldeetan zehar.


Parte hartuko dutenen artean Matxalen Bilbao, Blanca Arrieta, Eider Rodr?guez izango dira. Gainera, aipatutako Lekuz-Leku jaialdiak bideo-kreazio txapelketa antolatu du, sormen materiala dantza konposaketak izango direlarik.

domingo, 19 de junio de 2005

Kontzertu interesgarriak aurtengo Sanferminetan


Bai badakigu, Sanferminak ez direla kontzertuetara joateko festarik onenak, jaiak beste gauzetan duela oinarri: kaleko giroa, pe?ak, tabernak,...Bainan aurten kontzertu bereziak antolatu dira Burgos-eko enparantzan. Batzuen artean: Delorean, Big Menber, Kea, The Basque Country Paharaons?


Los Burgos Rock 05 izena jarri diote kontzertu sorta honi antolatzaileek. Egunero arratsaldeko 20.00etatik hasita, musika estilo ezberdinetaz gozatzeko aukera izanen da. Eskenatokia estalia izango da, Sanferminetan euria izaten baita urtero, horretaz gain edaria eta bokadiloak salduko dituen txozna ere jarriko da Burgos-eko plazan. Kanpotik bazatozte Sanfeminetara, jakin ezazue Burgos-eko enparantza, udaletxe atzean dagoen plaza dela.


Kontzertuak arratsaldeko 20.00etan hasiko dira, musika ezberdina jarriko duten hainbat DJ-ren sesioekin. 23.30ak aldera lehen taldearen kontzertua izanen da eta haren atzetik beste aldeak igoko dira eskenatoki gainera. Azkenik gaueko 02.00an DJ-ak berriz ere izanen dira protagonista.


Kartela

Uztailaren 6a

Big Menber + Delorean + Dj


Uztailaren 7a

S?k + Punto Cr?tico + Dj


Uztailaren 8a

Half Foot Outside + Hedtrip + Dj



Uztailaren 9a

Los Ni?os de los Ojos Rojos + Gualitxo + Dj


Uztailaren 10a

Adriana Olmedo + La Orquesta del Gato Cabez?n + Dj


Uztailaren 11a

Smoking Kills + The Basque Country Pharaons +Dj



Uztailaren12a

Kea + Khamul + Dj


Uztailaren 13a

Malankadaluma + Mr.Moshing + Dj

jueves, 16 de junio de 2005

Uztail poetikoa Ean


Poesiari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte uztailaren 15, 16 eta 17an Ean. Herrijeri Emon Arnasa kultur taldearen, Larrabetzuko Literatura Eskolaren eta Eako Udalaren eskutik ospatuko dira ?Poesia mailu bat da?? izeneko jardunaldiak eta bertan besteak bese Aresti, Lauaxeta edo Miranderen poesia aztertuko dute, errezitaldiak egongo dira eta baita gazteei zuzendutako poesia tailerrak ere. Parte hartuko dutenen artean Bernardo Atxaga, Edorta Jimenez, Txomin Peillen, Urtzi Urrutikoetxea, Jon Benito, Juan Luis Zabala, Xabi Borda, Igor Estankona, Gotzon Barandiaran edo Miren Agur Meabe, beste askoren artean.


Hona hemen egitarau osoa:


Uztailaren 15a, ostirala:

Mahai-ingurua: ?Lauaxeta, poesia eta nortasun nazionala?. Hizlariak Juan Luis Zabala, Igor Estankona eta Pako Sudupe. Moderatzailea Xabier Mendiguren. 19:00 Beletxen



?Poesia gaztea? tailerra
. 21:00 Beletxen.


Kantaldia: Bide Ertzean eta Arean. 23:00 moilan.


Uztailaren 16a, larunbata:

Mahai ingurua: ?Arestiren mailua?. Hizlariak: Jerardo Elorza eta Bernardo Atxaga. Moderatzailea: Karmelo Landa. 10:30 Beletxen.


Bazkaria: 14:30 Bedaronan.


Kafe-tertulia: ?Arestiren Etxean / En la casa de Aresti?. Hizlariak: Edorta Jimenez eta Jose Fernandez de la Sota. 17:00 Bedaronan.


Poesia irakurraldia: 19:30 Bedaronan.


?Poesia gaztea? tailerra. 21:00 Beletxen.


Errezitaldiak: Igor Aranbarri, Xabi Borda, Jon Benito, JL Otamendi, Kepa Urbieta, Ondarru eta Arantxi. 23:00 moilan.


*Egunean zehar polikiroldegian Alex Mendizabalen ?Meaberen begiak? performancea.


Uztailaren 17a, igandea:

Mahai ingurua: ?Jon Mirande eta nazionalismo ortodoxoa: Euskaldun zintzoen balada?. Hizlariak: Xabier Olarra, Txomin Peillen, Txeman Larrea. 10:30 Beletxen.


Bazkaria 14:30 Natxituko Bolatokian.


Kafe-tertulia: ?Aberriaren galera 1975-2005?. Hizlariak: Urtzi Urrutikoetxea, Jon Benito. Moderatzailea: Gotzon Barandiaran. 17:00 Natxitun.


Poesia irakurtaldia: 19:30 Natxituko Bolatokian.


Errezitaldiak: Mikelazulo / Icarus Jazz Trio, Juanra Madariaga, Miren Agur Meabe. Moilan.



miércoles, 15 de junio de 2005

Eremulauak.com gero eta interaktiboago


Ikusiko zenutenez, azkenaldian eremulauak.com webguneak berrikuntza nabariak izan ditu: alde batetik RSS teknologia gehitu dugu, gainera WAP bidez ere konekta zaitezke webgunera, eta azkenik komentarioak idazteko aukera duzu artikulu bakoitzean.


RSS teknologiari esker, zure ordenagailuan abisua jaso dezakezu eremulauak.com-en artikulu berri bat gehitzen den bakoitzean, horrela momentuan irakurri ahal izango duzu, eta ez duzu artikulu berrien bila ibili beharrik. Teknologia hau erabilgarria izateko programa bat jaitsi behar da, erabiliena feedreader da (www.feedreader.com, norbaitek beste eraginkorrago bat ezagutzen du komentarioa jarri dezala behean).


Bestalde, WAP teknologiak eremulauak.com zure mugikorretik jasotzeko aukera emango dizu. (wap.eremulauak.com)


Eta azkenik komentarioak gehitzeko aukera gaineratu diogu webguneari. Interaktibitatean urrats berri bat eman da horrela, edonork (kolaboratzaile izanda edo ez izanda) webgunean eskegitzen diren komentario, testu, kritika edo berriak komentatu ditzakeelarik. Parte hartzera animatzen zaituztegu. Gainera, kolaborazioak onartzen direla gogoratzen dizuegu, onartu baino, kolaborazioak behar-beharrezkoak zaizkigu webgunea aurrera ateratzeko, zuen partehartzea ezinbestekoa da. Esandakoa, eremulauak.com-en jorratzen diren gaiak interesatzen bazaizkizu, edo beste gairen bati buruz idaztea gustatuko balitzaizuke, esatea baino ez daukazu: eremulauak@eremulauak.com helbidera idatziguzu!


Kopyleft 2005: Sormena elkarbanatzen defendatzen da!

2003tik aurrera, Madrilen, Bartzelonan eta Malagan, Copyleft-aren eta jabetza intelektualari egindako kritikaren inguruan antolaturiko topaketak egin ondoren, datozen ekainaren 24an, 25ean eta 26an KOPYLEFT 2005 JARDUNALDIAK egingo dira Artelekun, Donostian.Besteak beste, honako ekimenak antolatu dira: SGAErekiko eztabaida, hitzaldiak, tailerrak, mahainguruak eta kontzertua, non azaldutakoek kontzertuaren zuzeneko grabazioa eskuratuko baitute. Bertan, gainera, material Kopyleft elkartrukerako esparrua jarriko da. Azken urteotan egindako lanatik abiatuta helburu hauek planteatu dira: dauden talde-sareak indartzea, euren funtzionamendua ezagutaraztea, eta, guztiok batera, eredu juridikoak eta teknikoak garatzea ekoizpen kulturala eta zirkulazio librea defendatzeko eta bultzatzeko asmoz. Horretarako, partaidetza-tailerrak gauzatzea izango da metodologia nagusia, non sormenaren hainbat alorretako zalantzak eta arazoak bidera daitezkeen, softwarrean, musikan, ikus-artean, bideosormenean eta argitaletxetan, hain zuzen ere. Jakintzen, zalantzen eta proiektuen bateratze-lan hau, geroago, copyleft gidaliburu praktikoan jasoko da. Honek edozeini bere sormena askatzeko eta komunaren elkartrukerako sareetan zirkulazioan jartzeko baliabideak emango dizkio.


KOPYLEFT 2005 ekitaldi irekia eta doakoa da, non edonork parte har dezakeen. Gonbidatuen artean, Jimbo Wales (Wikipediaren, munduko alegiazko entziklopediarik handienaren sortzailea), Pedro Farr? (SGAEren kidea), Carlos S?nchez Almeida, (jabetza intelektualean eta ziber-eskubideetan aditua), Nacho Escolar (musikaria eta kazetaria) eta Mireia Garreta (Creative Commons) izango dira. Garretak CC lintzentzien garapena aurkeztuko du eta, aldi berean, euskarazko bertsioaren egoera ere nola dagoen aztertuko da. Halaber, sormena librearekin, kopyleft sareekin, aktibismo digitalarekin, autogestio kulturalarekin edota software librearekin erlazionaturiko hainbat lagun ere hurbilduko dira jardunaldietara.
Copyright murriztailetik haratago bizitza dago...1

Naiz eta SGAE, BSA eta RIAA bezalakoek etengabe botatzen dituzten meatzuak eta mezu apokaliptikoak. Erakunde hauek gizakiaren burutazioak merkatugai biurtzen dituzte eta guztionak diren ondasun oparoekin etekin zikinak ateratzen dabiltza. Era horretan pentsamenduen lehortea eragiten dute, baina hala ere, ugaritasun printzak badira ekoizpen intelektualaren alorrean behintzat. Eta behar den indarra egin ezkero, lortuko dugu arrakala digitala apurtzea, ezagutza elkarbanatzea, etsa baita kultura eta arte ere; egun daukagun industria eraldatuz. Eta guzti hori, biztanleriaren oinarrizko eskubideak zapaldu gabe, kode penala gogortu gabe eta jakintza elkartrukatzea zigortu gabe noski.

Kopia-eskubidea murriztearekin mozkinak ateratzen dituztenak egia estali nahian badabiltza ere, jabego amankomunaren esparruan, beti izan dira sormen adierazpenak herriko kulturan. Eta kultura mota hau bizi-bizi dago gaur egun kultura digital eran. Globalizatuz doan ekonomia hontan, salgaiak gero eta maizago dira ukiezinak, eta hori eztabaida publikoaren lapikora eraman beharra dago hanbat arinen. Izan ere, izaera aldaketa honek kolokan jartzen ditu azken bi mendeetan erabilitako copyright eta patenteen legeak. Orain, trukatzen diren eduki kultural eta artistikoak ukiezinak dira eta ez dituzte ohiko fisikaren arauak jarraitzen. Mundu materialarentzako egindako sistema legala ziberespazioan nola edo hala mantentzea ez da bide zuzena. Zeregin horri burugogor eustea zekulako hankasartzea da, eta itsukeria horren ondorioak guztiok ordaintzen ditugu: enpresen gehiegikeriak, lege bidegabeak, bistanleriaren kriminalizazioa non denok ?pirata? potentzialak garen, etab. Patenteak dauzkatenei boterea ematen dien politika murriztaileekin ez da sormena bultzatzen, ezta gutxiago ere, elkarbizitza pozoitu besterik ez da egiten, berrikuntzaren iturriak lehortuz eta berrikuntza bera geldotuz. Baina hori bai, bidegabekeria guzti hauek jasaten ditugun bitartean korporazioek eta beraien abokatuek poltsikoak lasai lasai betetzen dituzte.


?Jabego intelektuala? dituen ezaugarriek besteak salgai arruntetatik desberdintzen dute. Alde batetik, iraunkortasun historikoa ematen dion komunitate baten beharra du, eta horrek ematen dio zentzua eta balioa obrari berari. Eta bestetik, ideiak beste gauzak salgai biurtzen dituen murriztasun printzipiotik at daudelako. Nolatan murriztu daitezke abesti, algoritmo, testu, software programa, etab. bezalako ?ondasun mugagabeak? ezin badira ?gastatu? ez agortu? copyright-a eta patenteak justifikatzen dituen kontratu soziala apurtu ondoren, lan intelektualen kopiak egiteari murrizketak ezartzea indarrez egiten da, eta lehiatze horrek arazo mordoak dakartza: mehatxuak, auziak, isunak, zigorrak, etab. Liburuen eta disken multinazionalek, eta orokorrean publikoaren eskubideak moztea defendatzen duten guztiek, denbora gelditu ahal izango balitz bezala jokatzen dute, murrizketa fisikoen aroa luzatu beharra egongo balitz bezala egiten dute, orainarteko eredu industrial eta kulturala gordetzeko. Baina gero eta eraginkortasun txikiagoa dauka bizi dugun ereduak; gero eta bidegabeagoa biurtzen ari da. Eta bitartean, orain eskura dauzkagun aukerei uko egin behar diegula suposatzen da, esparru inmaterialean behintzat handitzen doan oparotasunari eta askatasunari muzin eginez. Ugaltze honen primerako adibidea software librea dugu: bost kontinenteetan zehar barreiaturiko burmuin langileek elkarlanean dabiltza eta kalitaterik oneneko puskak askatzen dituzte, sekulako obra moldakor eta mugagabe bat burutuz. Bururik gabeko elkarlan hau eta beste edozein, ezinezkoak izango lirateke lehen aipatutako eredu jabedunak sormenaren lurralde guztietara helduko balira.