Ikusi : www.eibar.org/blogak/volga
martes, 5 de septiembre de 2006
Durangoko Azokako nobedadeen berri, inon baino lehen Volgan
Ikusi : www.eibar.org/blogak/volga
martes, 15 de agosto de 2006
Dias azules....soinu banda hutsa
Ivan Ferreiroren "Dias Azules" abestiarekin geratu naiz, izenburu bereko pelikula ikusi ta gero. Bai, soinu bandarekin. Bestelakoa, pelikularen trama alegia, funtsik gabekoa eta nahiko hutsa iruditu zait. Istorioa interesgarria da, bainan kontatzeko modua agian ez da izan aproposena. Uneoro, pelikularen sarreran nengoela ematen zuen, oraindikan traman sartu gabe, eta konturatu orduko akabo filmea.
Aita hil dela eta, azkeneko aldiz elkartzen dira hiru anaiak Galiziako kostaldean duten etxean. Hemendik aurrera bakoitzak bere bidea jarraituko du, ikasketak, bidaiak eta familiak sortzea dute aurrean. Azken gaua ospatuko dute, parranda handia botaz. Bainan ezbeharra gurutzatuko da haien bidean. Etxerako bidean, auto istripua izanen dute, anaietako baten neskalaguna hiltzen delarik. Ordutik aurrera, hiruen bizitza aldatu eginen da, markaturiko bideetatik aldenduz eta beste norabide batzuk hartuaz. Urteak pasata berriz elkartuko dira Galiziako etxe txikian...
Istorioaren idea ez zen txarra, eta interesatua jo nuen zinemara. Bainan zuzendariak, Miguel Santesmasesek, ez du asmatu kontatzerako orduan. Dias Azules pelikula nahiko hutsik geratu da, plano bat bestearen atzetik enkadenatuta inolako emotibotasunik helarazi gabe, traman sartzea lortzen ez duelarik. Aktoreak ere ez dira oso fin ibili, batez ere anai txikiaren papera egiten duen Javier Pereirak, antzezpen oso eskasa egiten du (adjetibo gogorragoak irakurri ditut beste kritiketan) pelikula osoan zehar, bainan batez ere bigarren partean, bere pertsonaia sinesgarria egitea baitu lortzen. Tu vida en 65 minutos filmean, lan hobeagoa egin dezakeela erakusten du Pereirak, ikustea pena merezi duen filme bikain batean.
Aktore plantillak, Oscar Jaenada, Goya batekin saritutakoa du buru. Haren pertsonaia, anai handi parranderoa, komiko eta atormentatuaren artean aurkeztu nahi digu zuzendariak, bainan azkenenan Castelfa-ko Nen bat izatea besterik ez du lortu. Behintzat, barre egiteko momentu batzuk uzten dizkigu Jaenadak. Ezkorki azpimarratzekoa ere, urteak pasa direla erakusteko egindako karakterizazio lan eskasa. Jaenadak, filme bukaeran 40urte dituela erran nahi digute, bainan eman dioten itxurarengatik 20urteak justu justu pasa dituen gaztea ematen du. Anai txikiena ere, 35urte omen ditu bukaeran, bainan filme hasiera duen nerabe aupegia berbera erakusten digute, hori bai gaztetako bakero eroriak kendu ta gizon helduaren traje elegantez jantzita. Nere ikastolako antzerkietan berdina egiten genuen haundiarena egin nahi genuenean.
Filmeak noski baditu aspektu positibo batzuk. Azpimarragarriena nere ustez, soinu banda bikaina. Ivan Ferreiroren "Dias Azules" kantu bikainaz gain, Sexy Sadie, Deluxe edo ta Mastretta taldeen lanak entzun daitezke filme guztian zehar. Bestetik, Galiziako paisaikekin, lan bikaina egiten du Alfonso Parra argazki arduradunak. Suteak eta petroli marrek belztutako parajeen parean, Galiza berde ikusgarri bat dagoela erakusten digu.
Bazkalostean ematen dituzten filmeetako bat besterik ez da izanen Dias Azules. Traszendentziarik izanen ez duen pelikula. Istorioan sartzerik lortzen ez duen filmea. Bainan behintzat musika bikainaz gozatzea eskeintzen digun pelikula.
sábado, 12 de agosto de 2006
Wu Ming
Luther Blisset Project zapatistekin sortzen da 1994an eta Seattle-go erreboltarekin amaitzen da 1999an eta erresistentzia globaleko borrokarako erreferentzia nagusietako bat izatera iritsi da. Wu Ming-ek ere bide berari jarraitu dio (esaterako Genovako protestetan parte hartuz) eta urte hauetan zehar makina bat testu politiko-literario eta bi nobela arrakastatsu (Q eta 54) plazaratu du.
Gaurkoan ekarri dugun testua, Acuarela argitaletxeak argitaraturiko Esta Revolución No Tiene Rostro liburutik atera dugu. Liburu honek, 2000-2002 urteetan zehar Wu Ming-ek idatzitako testuak biltzen ditu.
Informazio gehiago: http://www.wumingfoundation.com/
Sarrera
Nor da narratzailea eta zeintzuk dira bere betebehar eta eskubideak?
Narratzailea istorioak kontatu eta mitoak (komunitate baten erreferentzia sinbolikoen multzo partekatua) birmoldatzen dituena da.
Istorioak kontatzea funtsezkoa da edozein komunitaterentzat. Denok kontatzen ditugu istorioak, istoriorik gabe ez ginateke iraganaren ez eta hurkoaren erlazioen jakitun. Ez litzake bizi ederra izango. Baina narratzailearentzat istorioak kontatzea da bere eginkizun nagusia, bere "espezialitatea"; brikolajerako hobbyaren eta arotzaren lanaren arteko ezberdintasuna bezala da.
Narratzaileak Afrikako herrixketako griot-aren, kultura zeltako bardoaren edo Grezia klasikoko aedo-aren gizarte funtzioaren antzekoa betetzen du (edo beharko luke).
Istorioak kontatzea zeregin berezia da, burutzen duenarentzako onurak ekar diezazkiokeena, baina lan bat edonola ere, komunitatearen bizitzan suhiltzaileena, nekazariena edota medikuena bezain barneratua dagoena.
Beste hitz batzuetan, narratzailea ez da artista bat, narrazioaren artisaua baizik.
Betebeharrak
Narratzaileak lagun hurkoa lakoa dela pentsatu behar du. Narratzailea izanaren dimentsio goragokoekin lotura duen (nahiz eta banaltasunak idatzi) izaki sentikorrago lez ulertzen duen irudi idealista eta erromantiko zaharkitua ez da zilegi.
Azken batean, idazlearen ogibidearen alderdi irrigarrienak ere artistaren mitoaren ikuspegi degradatuan oinarritzen dira. Idazlea divo bihurtzen da, gainontzeko hilkorrak baino goragoko gizakitzat (ez hain zekena, interesgarri eta zintzoago, eta nolabaiteko zentzu heroikoarekin) baitu bere burua.
Artista mortifikatu eta tormentatuaren estereotipoak medioen arreta erakartzen duela eta bere iritziak hobi septikoak garbitzen dituenaren iritzia baino gehiago balio duela ikustearekin batera ohartzen gara zeinen desitxuratua dagoen egungo balio eskala.
Narratzaileak autobiografismo gehiegirekin eta handikeria nartzisistekin alegiak ez nahasteko betebeharra du, hori da bere zeregin nagusia. Jarrera hauek baztertuta momentuaren bakantasuna salba daiteke, narratzaileak bizitzeko bizi bat eduki dezake, bortxaz pertsonaia bat interpretatu beharrean.
Eskubideak
Arestian aipaturiko estereotipoak ezeztatzen dituen narratzaileak, berauek bultzatzeari esker bizi direnengandik (gizarte kronistak, paparazzi kulturalak, etab.) bakea edukitzeko eskubidea du. Inolako sarkinkeriren aurreko defentsa bere logika ez jarraitzean oinarritu behar da. Azken batean, divoarena egin nahi duenak, argazki-saio txepeletan edo edozelako gaien gaineko galderei erantzuten, ez dauka sarkinkeriengatik kexatzeko eskubiderik.
Narratzaileak komunikabideetan ez agertzeko eskubidea du. Iturgin batek ez azaltzea erabakitzen badu, inork ez dio deus leporatzen ez eta snobismogatik salatzen.
Narratzaileak, saloiko animalia etxekotu batean edo gossip literario batean ez bihurtzeko eskubidea du.
Narratzaileak pertinenteak iruditzen ez zaizkion gaien gainean ez erantzuteko eskubidea du (norbanakoaren bizitza, zaletasun sexualak eta gastronomikoak, ohiturak, etab.).
Narratzaileak inolako gaian aditua dela itxurak ez egiteko eskubidea du.
Narratzaileak desobedientzia zibilaren bitartez bere eskubideen kontrako erasoen aurrean (editoreak barne) defendatzeko eskubidea du.
Wu Ming
2000ko uda
viernes, 11 de agosto de 2006
Dena prest Azkena Rock Festival-erako
Elkargune paregabea beraz rockaren zaletu ororentzako.
viernes, 21 de julio de 2006
Garzon vs. Garzon
Erabakia, beraien esanetan, ez da Espainiako justizian duten konfiantza faltarengatik -"Garzon epailea izateak eta O.J. Simpsonek baino abokatu gehiago edukitzeak ez du ezer esan nahi"- denborak emandako "epaiarengatik" baizik.
Informazio gehiago: www.superjuez.com
miércoles, 12 de julio de 2006
John Reed harrapatu dut arratsalde osoan atzetik ibili ondoren
Komunista hauek ondo ikasitakoak dira gero! Hanka jokoan, gezurretan eta izkutaketan maisuak bilakatu dira, borroka klandestinoan hamarkadaz-hamarkada aritzearen ondorioz. Eta Reed zikin hau! Alua! Bera denetan okerrena! Zaila harrapatzen tipoa, bai horixe.
"Alferrik ari haiz, Reed ez duk horrelako hiri-postaletan ibiltzen" esan didate galdetu dudan lehendabiziko zorri-zuloan. Momentu batez erotu ote naizen ere galdetu diot nire buruari, "Reed Donostian bilatzen hastea ere!".
Baina, ez dakit ba, batzuetan hankek pentsatzen dute eta buruak ez hainbeste. "Nahi baldin baduzu oharra pasako diot". Nire hurrengo geltokian ere kale. "Igual du, ez da garrantzitsua". Ez da, baina bada, bestela ez zenuke beste txoko pare batean galdetuko bazkaldu aurretik. Haietan ere, finegiak ez izateko, kaka gogorra.
Bazkaldu bitartean ez dut beste ezer eduki buruan: John Reed, John Reed, John Reed. Eta kafeak mingaina erre dit azkarregi edan dudalako, baina ez dio axola izan bila jarraitu behar nuelako eta ez zara ba damatxoen moduan ibiliko kafea xurrupadaka edaten ezta? Eta gainera kale kantoiean kapelu batek nire jakinmina piztu du.
Bai, bera da.
"Mister Reed! Stop there m**** f***er!!!"
Baina ez dit kasu egin nahi izan. Korrika egin behar. Zer esango dizuet lasterkaldiaz: kafea Sagueseko terraza batean utzi dut eta gorri alu hori harrapatu dudanerako Artzai Onaren parera iritsiak ginen. Zorionez, beti dago 13 urteko mukizu bat patinetearekin gurutzatu eta gauzak errazteko prest. Golkotik heldu eta ia arrastaka eraman dut Koldo Mitxelenaren atzekaldera.
"Emaidak liburua!"
"I don't understand you..."
(Noski, ez dago euskaraz)
"Que me des el libro!"
"¿Cuál?"
"Diez días que estremecieron el mundo"
"But it's the only edition I have! And the book is mine! You can't do that!"
Popatik. Gabardina miatu eta aurkitu dut. Liburu txikia da. Zerbait gehiago espero nuen. Baina hori da bai, azalean argi jartzen du: Diez días que estremecieron el mundo. Azkenean kendu dizut! Azkenean neurea da!
Eta liburu dendatik atera naiz, Koldo Mitxelenaren inguruan miraria bailitzan topatu berri dudan liburudendatik, hori bai, apalen artean liburuxka bilatu eta adeitsuki eskura eman didan emakumeari eskerrak eman ondoren.
Zaila baita, Donostian (probatu beste hirietan ere) zenbait liburu aurkitzea.
PS: Eta eskerrak Hiru argitaletxearen edizioari!
viernes, 7 de julio de 2006
ETB1, ikusgarria benetan
08:05: Egaztea (Errepikapena)
08:20: Tik-Tak Circus (azken hau ere errepikapena, egunkarian hori jartzen ez duen arren)
08:50: Betizu
- Doraemon, katu kosmikoa (ze arraro)
- Vicky bikingoa
- Muka-Muka
- Kiteretsu, Nobitaren lehengusu azkarra (Nobita, Doraemonen laguna?)
- Vicky bikingoa (berriro)
- Doremiren magia
- Kiteretsu, Nobitaren lehengusu azkarra (berriro)
- Rudi, txerri azkarra (marrazki bizidun filmea)
- Doraemon, katu kosmikoa (berriro. Baina ez daude beste marrazkirik botatzeko?)
- Vitaminix
- Kalimero (20 urteren ostean Kalimero berriro botatzeko gogoak geratu zaie?)
- Sakura, kartak zakura
- Martin Mystery
Orotara, 5 ordu eta hamar minutuz marrazki bizidunak etengabean.
14:00: Gaur Egun
14:45: Eguraldia
Behintzat, 45 minutuz informazioari tartea ireki diote. Hori bai, Postdata saio interesgarria oporretara joan da, pena dudarik gabe.
14:50: Betizu (ohhh bai, berriro ere marrazki orgia)
- Benetako mamuak
- Pippi kaltzaluze
- Dinosauroak
- Rocket Power
16:30: Trikitraka Trikitron (Errepikapena)
Marrazki bizidunak beste 2 ordu eta 50 minutuz.
17:40: Egaztea (marrazkiak ez diren edukiak!! Hori bai, bost bideoklip bata bestearen atzetik jarri eta aurrera: beste hogei minutu bete ditugu ia esfortzurik gabe).
18:00: Iparraldearen Orena
18:05: Bidaide
Mundu berri harrigarria. Bi atal: "Amerikako Serengeti" eta "Mamutak Manhatanen"
Hemen ere bi dokumental jarraian bota eta beste bi ordu gutxiago eguna bukatzeko.
19:45: Kamera ezkutua (dios!!!!!!! Zergatik jasan behar ditugu horrelako saioak urteko 365 egunetan zehar?. Kamera ezkutua ez bada, Gag Gag, Kuxkuxeroak, Ero eta Bero, MR. Bean, Burusoiltxo...)
20:00: Gaur Egun (eskerrak!)
20:50: Eguraldia
20:55: Maite Kuttuna (haurrentzako telenobela bat. Ezin nazkagarriagoa)
21:45: Egaztea: Dragoi Bola Z (hau zer da, tortura metodo berria?)
Haurrentzako programazioa umeentzat bereziak diren ordutegietatik kanpo ere. Beste ordu bat eta 15 minutu.
22:10: Wazemank (azkenaldian ETB1ek sortu duen saiorik hoberenetariko bat, hori bai, udan errepikamenak botatzen dituzte).
23:00: Diktaduraren azken biktimak. Dokumentala (Detaile ona)
23:50: Dokugune (Errepikapena)
00:50: Barne barnetik. "Lemoiz" (Errepikamena, nik behintzat birritan ikusi dut atal hau)
01:10: Bakarrik edo... (...edo ez, bakarrik)
Eta bukatzeko, 03:10etatik goizeko zazpiak arte saioen errepikapenak: Kantuz bizi, Euskal Herritik, Teilatupean, E-klipse@, Elkartasunaren bideak, Osabideak, Esanak Esan, Amama sukaldari eta Ikusgela.
Ondorioz:
Marrazki bizidunak eta haurrentzako saioak: 9 ordu eta 10 minutu
Errepikapenak: 7 ordu eta 15 minutu (!!!)
Saio ez errepikatuak, baina lata modukoak: 2 ordu
Zuzeneko saioak eta berezko saio ez errepikatuak: 4 ordu eta 35 minutu
Ez dut uste hitz gehiago merezi duenik euskaraz dugun kate bakarraren programazioak. Azkenean, Jaiak eta Goenkale faltan botako ditugu. En fin.