viernes, 10 de junio de 2005

Sonic Youth ere Santander Summer Festival-en egongo da


Aurten lehenengo aldia izango du Santander Summer Festival-ek, eta kartel ezinhobearekin gainera. Sonic Youth izango da bertara hurbilduko den taldeetako bat, uztailak 9an hain zuzen ere. Uztailaren bigarren asteburuan burutuko da jaialdia Santander hiriburuko inguruetan, lau eskenatoki nagusi izango direlarik.


?Escenario Santander 250? delakoak kontzertu nagusiak izango ditu bere baitan: arestian aipatutako Sonic Youth-ez gain, The Chemical Brothers, Ocean Color Scene, Morcheeba, Los Planetas, Rinocerose, eta Manta Ray izango dira besteak beste.


Doinu elektronikoek ere bere lekua izango dute SSF-en DJ Hell, Oscar Mulero edo Felix Da Housecat bezalakoekin. Pop doinuak El Columpio Asesino nafarrek, Sterlin eta The Fever-ek jarriko dituzte. Eskenatoki honetan bertan kantauriako bi talde aukeratuek joko dute: Fresh eta Hacia Donde. Dirudienez, kartela itxita dago jada.


Heineken eskenatokian bestelako doinuak izango ditugu Marc Houle, The Penelopes edo Smoking DeLuxe-ekin besteak beste. Kontzertu gunearen inguruetan kanpatzeko tokia egongo da, dohainik sarrerakin.


Bi egunetarako bonoak 70 ¤tan daude salgai, eta 75 ¤tan bertan.


Info +: www.santandersummerfestival.com

jueves, 9 de junio de 2005

FESTIMAD 2005: Hautsa, atzerapenak, azpiegitura txarrak... kontzertuak ahaztu al ditugu?


Seguraski entzunda izango dituzue festimad-en gertatutakoak. Atzerapenak larunbateko kontzertuetan, honen ondoriozko istiluak... guk hemen, bertan ikusitako kontzertuak aipatuko ditugu. Kontzertuak ere izan baitziren , eta ez edonolakoak gaitera.


Ostirala, 26:


12ak aldera iritsi ginen Madrilera. Dendak muntatu, bazkaldu ta kontzertuak ikustera. Ez zeukaten itxura txarrik egun hartakoek, are gutxiago larunbatekoek.


Kontzertu-gunera abiatu eta Legen Beltza euskaldunak ikusi genituen. Eskenatoki handian jotzen zuten, eta soinua ez zen izan zitekeen bezain ona, baina kontzertu nahiko ona eskeini zuten, heavi metal indartsua. Hau eta gero, inguruko dendatxo eta bestelakoak ikusten eman genuen denbora pixka bat (kontzertu-gunea zen mundu berri hori ezagutzeko) eta guretzako ezezagun ziren Estirpe ikusi genituen, beren kontzertuaren azken bi kantak jotzen. Itxura polita zuen, pena osorik ez ikusi izana.


Dena den, penak gutxi iraun zigun, Rip KC baitzetozen ondoren. Biluz-biluzik atera ziren madrildarrak: ?algunos se visten de heavys, otros de metaleros... nosotros...?. izugarrizko kontzertua. Rock-aren sustraien bila habitasen dira, 70 eta 60. hamarkadatara, eta era dotorean gaurkotu.


Hauek aho zabalik utzi bagintuzten, danbatekoa izan zen The Dillinger Scape Plan ikustea. Hardcore eta Noisecore-a, Converge-ren ikasle finak. Erritmo apurtuak, gitarra indartsu eta eroak, intentsitatea? ikusi beharrekoa.


Eta horrelaxe, ia konturatu gabe, iritsi zen The Hives en ordua. Hantxe agertu zitzaizkigun, beren traje txuriekin. Bata bestearen ondotik Tyranossaurus Hives diska bikaineko kantak jo zituzten, eta baita aurretikoak ere (Hate to say I told you so...). beren musika definitzeko onena, beren abeslari irrifartsu eta dantzalariak esandakoa: ?hasemos punk-rock, dos minutos!?.


The Hives-ek auzkeztu zizkiguten ondoren gainera zetozkigunak: Turbonegro. Beren mozorroekin (marineltxoa, homo-soldaduak?) eta beren punk-rock hereserkiekin. Gozagarria benetan, batez ere The age of pamparius eta Get it on kantuak. Oihuka kantatu zituen bertan bildutako ikuslegoak.


Kontzertua bukatu eta presaka abiatu ginen eskenatoki handietatik karpara, bertan jotzekoak baitziren Mastodon-eko mutilak. Diska (Leviathan, 2004) oso ona iruditu zitzaidan eta benetako gogoak nituen taldea zuzenean ikusteko. Eta diska ezer ez zela konturatu nintzen, zuzeneko itzela dute mutil hauek. Riff metaliko zorrotzak, ahots indartsuak eta batez ere bateria, inoiz ere gelditzen ez den bateria bat. Mastodon-en kontzertu bat ekaitza da, baina ekaitza eta gero sekulako bakea gelditzen zaizu barrenean. Froga eazue ahal izanez gero?


Ekaitzaren ondorengo barehaldia barrenean genuela, beste ekaitzaldi bat hasi zen: Slayer. Seguraski ez geunden horrelako beste jipoi bat entzuteko pretaturik... baina gauza da luze egin zitzaigula kontzertua, monokromoa. Taldearen fan sutsuek disfrutatuko zuten, baina guk egia esan, ez.


Eta gauaren bukaera iritsi zen, jada neka-neka eginda geundela: Marilyn Manson jauna. Ez dakit zehazki zer espero nuen beregandik, baina dakidana da ikusi nuena baino gehiago espero nuela. Estatu Batuarrak kontzertu zuzena eskeini zuen, ez dut ukatuko, baina antzoki batean ikusteko moduko emanaldia izan zela uste dut. Etengabeko arropa aldaketak, truko piroteknikoren bat... baina indarrik ez. Bolumena baju zegoen, taldeak diskan bezala sonatzen zuen, garbiegi, ongiegi, eta horrek guztiak freskotasuna kentzen zien. Gainera Marilyn inoiz baino lodiago ikusi genuen, ongi kantatzen, baina iragan denboretako erotasun punto hura gabe. Honi ere iritsi zaio heldu izateko garaia, hantza.




Larunbata, 27



Larunbatean jeiki eta dutxatzera abiatu ginen, baina ezinezkoa zen. Sekulako itxaron-lerroak. Iturrietan (hauetan ere itxaron beharra zegoen) burua garbitu eta besapeak freskatu eta zerbait bazkaldu ondoren, kontzertuak ikustera.


Hamlet-en emanaldira joan ginen, eguzki izugarri baten azpian. Soinu nahiko txarra izan zuten, eta ez zitzaien gustoregi ikusi, baina Festimadean ginen, eta euren klasikoak gogo onez jaso genituen.


Beroari aurka egiteko freskatu baten ondoren, Biok euskaldunak ikustera abiatu ginen. Karpan jotzen zuten eta bertako lehenengo lerroetan bildu ginen festimad-era animaturiko euskaldun gehienak. Giro ezinobea, beraz. Beren metal danbatekoak eskeini zizkiguten Biok-eko mutilek, nahiz eta gitarra batekin nahiko arazo izan. Ederki pasatu genuen.


Karpan jarraitu genuen ondoren ere, kanpoko eguzkitik babesturik. Bertan ikusi genituen NDNo Zaragozarrak eta euren rap-metala eta baita Hedtrip-en emo-core-a ere, jarraian. Kontzertu ederrak.


Baina hauek eta gero eskenatoki handian itxoiten genituenak rock-aren izen handi bat ziren: Hermano. Bertan dago kantari lanetan Kyuss talde mitikoko John Garcia. Kontzertu oso ona eskeini zuten, beren stoner-rock kantuak ederki joaz, gure gozamenerako. Azpimarragarria, batez ere, gitarristaren lana. Azkeneko bis-etan, gainera, Nick Oliveri taularatu zen, Kyuss-en Garcia-rekin batera aritutakoa eta orain dela gutxi arte Queens of the Stone Age taldeko bajista izan dena. Biek batera abestu zuten Kyuss-en Green machine kantua, Festimad-eko momentu onenetariko bat eskeiniz.


Dena den, ez zen hor bukatu stoner-rock erakustaldia, ondoko eskenatokian esperoan baikenituen Fu-Manchu taldeko mutilak. Soinu bikainarekin eta gogoz ekin zioten. Pena, ondoko eskenatokian gertatzen ari ziren arazo teknikoak zirela-eta, bertan behera utzi behar izana.


Hemen hasi zen, beraz, 2005eko Festimad-eko zatirik txarrena. Arazoak izan zituzten haizea zela eta (haizea ez zen beste munduko ezer... baina...) eskenatoki batekin. Ondorioa: kontzertuak atzeratu beharra, lau ordu inguru. Antolakuntzako jendearen komunikatua irakurtzeko www.festimad.es orrira sartzea duzue, tamalgarria, dena den.


Horrelaxe hasi zen, bada, Incubus-en emanaldia; 4 orduko atzerapenarekin. Jendea haserre zegoen ordurako eta californiarrek ere ez zuten duten onena eman. Besterik gabe, egokitu zitzaien kontzertu kaskar hura ahalik eta hoberen betetzen saiatu ziren, beren hit ezagunenak joaz. Kontzertu zuzena, besterik gabe.


Ordua iritsi zitzaien gero System of a Down-eko mutilei. Diska berria kaleratu berria zuten armeniar-amerikarrek eta, talde bezala, beren momenturik gorenenean daudela erakutsi zuten. Soinu bikaina, ahots joko zoragarriak, metala, funk-a, heavy-a, eromena... dena nahasten dute tipo hauek. Festimad honetan gehien espero zen kontzertua, eta kontzertu onenetarikoa.


Honenbestez, egun guztian zehar gelditu gabe egon ondoren, leher eginda geundela eta goizeko bostetan, hasi zen Prodigy-ren emanaldia. Askok pentsako dute erotuta nagoela, edo ez dudala lotsarik, baina, egia esan, ez nuen kontzertu osoa ikusi. Errua ez zen britaniarrena izan, ezta gutxiago ere, kontzertu oso ona eskeintzen ari baitziren. Baina nire gorputzak ezin zuen gehiago eta hurrengo egunean goizeko 8etan jeiki behar ginela jakinda, nahiago izan nuen ordutxo bat gutxienez lo egitea. Pena. Berez izan behar lukeen orduan jo izan balute (1:30) gauzak zeharo aldatuko lirateke, baina, dena ezin da.


Esperientzia nekagarria, baina zoragarria aldi berean. Nik behintzat umetxo batek bezala disfrutatu nuen (zer nahiz, bada, azken finean?) eta errepikatzeko intentzioa daukat datorren urtean. Iru?akoek esaten dugun bezala: ?Ya falta menos, ya falta menos...?


Eremulauak.com, parte hartu!


Jadanik urte erdi pasa da www.eremulauak.com web gunea sortu zenetik. Denbora horretan lan asko egin egin da atariaren lehen pausu hauetan laguntzen. Kolaboratzaileak dira web gune honen oinarriak, haiek ematen baitiote sustengua www.eremulauak.com web gunearen proiektuari.


Horrexegatik kolaboratzaileen beharra beste behin ere azpimarratu nahi da. Gaur egun gure inguruan ditugun arte zein kultur adierazpen ezberdinen zaleak eta interesatuak animatu nahi dira proiektuan parte hartzera. www.eremulauak.com atariaren eskaintza zabala da, literatura, musika, ikusentzunezkoak, arte adierazpen desberdinak...jorratzen baitira bertan. www.eremulauak.com ataria, egungo kultura zein arte garaikidearen erakusleiho zein sustatzaile izateaz aparte, arte zein kultur zaletuen topalekua izan nahi du ere.


Kolaboratu edo ta iradokizunen bat bidali nahi izanez gero eremulauak@eremulauak.com helbidearen bitartez kontaktua egin daiteke.


Animatu parte hartzera!

 

martes, 7 de junio de 2005

HAMLET-EN KONTZERTUAN IZAN GINEN, IRU?EKO ARTSAIA ARETOAN.


Pasa den ekainaren 3an Hamlet-ek Iru?an eman zuen beren birako kontzertuetariko bat, Materia euskaldunek telonero lanak egin zituztelarik.


Gaua ederki hasi zen, Materiako mutilek gogotsu ekin diotela ematen du hamletekin batera egin beharreko bira honi, jende ugariren aurrean ezagutzera emateko aukera itzelezkoa dela kontziente izanik. Formazio atipikoa dute oso, bajistaren faltagatik. Hiru dira hortaz, bi gitarrista eta bateria. Baina ez pentsa bajuaren falta hori gehiegi nabaritzen denik, ederki betetzen dute hutsunea gitarrek sortutako atmosfera dentso eta riff indartsuek. Beren azken laneko kantuak eskeinei zizkiguten batez ere (Forget the Music, Oihuka) eta esan genezake jendearen artean nahiko jarrera ona nabaritu zela euren musikarekiko. Estiloa definitzeko Ordu?a, esango nuke Refused-en fan sutsuak direla (euren bertsio bat ere jo zuten) eta Snapcase bezalako taldeak ere burura ekarriko dizkigute seguraski. Hurbiletik jarraitzeko moduko taldea, beraz.


Eta honenbestez hasi zen gaueko protagonisten emanaldia. Gogoak zeuden Hamlet taula gainean ikusteko. Madrildarren azken lanak iritzi kontrajarriak eragin ditu euren jarraitzaileen artean. Aurten argitaraturiko Syberia diskak melodiekiko jarrera irekiagoa erakusten du, batez ere ahotsetan, eta kantu ederrak sortu dituztela esan daiteke. Dena den, aldaketa melodiko horrek, euren fan metaleroenengan ez du onarpen handirik izan. Nola eutsiko zieten kanta hauei, bada, taulagainean? Nola erreakzionatuko zuen publikoak? Beste atentzio puntu bat bajista berria izango zen, ibilbide luzea eta gero, betiko bajistak bere postua utzi baitu. Kontzertu morbosoa beraz, ikustera gindoazena.


Boskoteak, ordea, duda guztiak argituz hasi zuen emanaldia: diska berriko hiru kanta joaz. Gogotsu, beren buruetaz seguru eta entzulego entregatu baten aurrean. Pikutara, beraz, duda-muda guztiak. Hamlet bizirik daude, inoiz baino biziago.


Hortik aurrerakoa gozamen hutsa izan zen. Beren klasikoak jo zituzten (Irracional, J.F., El color de los pa?uelos, Tortura-visi?n, Dementes cobardes, Denuncio a di?s...) eta baita beren diska berriko kanta gehienak ere (izugarria para toda una vida abestia, jendeak ere kantatu zuelarik).


Bajista berriari dagokionez, egoki bete zuen bere papera. Dena den, talde honetan begirada guztiak eta indar guztia bereganatzen dituztenak Molly eta Luis Tarrega dira, Augusto Sanchez-en bateriaren laguntzaz. Molly-k oso ongi bete zuen bere front-man papera, jendea berotuz eta ederki kantatuz. Luis, berriz, denbora guztian gelditu gabe, bere gitarra alde guztietara mugituz, saltoka. Energia hutsa taula gainean.


Honenbestez barrura sartu ziren, Artsaian bildu ginen guztiek ?beste bat!? eskatzen genien bitartean. Eta beste hiru eskeini zizkiguten, Antes y despu?s, no me arrepientoA, gauari amaiera ezin hobea emateko Lim?tate.


Haundiak dira Hamlet, edo hori sinestarazi zidaten behintzat, kontzertuak iraun zuen ordu eta erdian.

lunes, 6 de junio de 2005

Half Foot Outside: Iru?eatik (gezurra badirudi ere)


Half Foot Outside taldea Iru?ean sortu zen 1995 urte aldera. 10 urte pasa dira jada, eta disko mordoa. Edu Ugarte, taldeko bateriajolearekin aritu gara solasean, messengerr-ak ere horrelako kontuak errazten baititu:


Bostgarren diskorako lanean zaudete orain, zer aldatu da hamar urte hauetan?

Ba gauza asko, eta gutxi: Alde batetik ezer ez da aldatu, ilusio eta gogo aldetik, batez ere hainbeste denbora igaro ondoren egitasmoarekin jarraitzen dugula ikusita. Aldi berean gehien gustatzen zaiguna da, eta aurreko diskoetatik atera dugun esperientzia izugarria izan da, ez genuke inoiz imajinatuko horrela joango zenik kontua.

Bestalde, hasierako bi taldekide gaude bakarrik, baina denbora asko da batera gaudela eta ez da hain ezberdina. Orain ez ditugu gauzak hain itsuki egiten, azkar eta eraginkor izaten jakin dugu denborarekin, eta hori denboraren poderioz jakin dugu kontrolatzen.


Orain behintzat Carlos %100 duzue taldean, hobeto lan egiten al duzue Half Foot Outside-ekin buru-belarri arituz? Bete proiekturen bat al duzue?

Carlos Standstill-ekin zegoenean gauzak motelago joaten ziren, ez dago zalantzarik, baina oso ongi antolatzen ginen talde moduan jarraitzeko. Carlos Bartzelonan bizi da orain dela 6 urtetik hona eta Brian Madrilen bizi da, baina Bilbo eta Bartzelonan ere bizi izan da HFO-n zegoen bitartean. Muga geografiko hauek dira taldearentzat oztoporik handiena, baina urte t?erdi eta bi urtero diska kaleratu dugu eta astebururo aritu gara zuzenean jotzen. Gogoak badaude horrela egin daiteke, eta guk gogo asko ditugu. Brian Kidsgofree-n ere aritzen da eta diska bi urtero ateratzen dute ere, baina antolakuntza kontua da, esan bezala.

Suposatzen dut hobeto joango zitzaigula gurea egoera normala izango balitz, baina bakoitza leku ezberdinean bizi garenez oso zaila da gauza batetan kontzentrazioa mantentzea. Ongi doakigu horrela, Half Foot-en diska berria 8 hilabetero edukiko genuke hiri berdinean biziko bagina, astean birritan entsaiatuz. Ez dakidana da hori ona edo txarra izango litzatekeen, kar-kar-kar...


... Eta zergatik Bcore-n?

Hirugarren diska ateratzerakoan suertatu zitzaigun. Jordi oso tipo atsegina da, eta zigilua oso lagungarri suertatu da taldea ezagutarazteko. Talde batek bere kabuz biziraun behar duenaren sentsazioa daukagu, gero eta gehiago, zigilua bitartekoa baino ez delarik. Zigilu guztiek bezala gauza on eta txar asko ditu Bcore-k: leku batzutan bertan egoteagatik sartzen zara eta bestetan horrexegatik ez zara sartuko. Gu Half Foot Outside gara, gauza on eta txar guztiekin...


Kaki Arkarazo eta Hans Kruger izango dira grabaketaren arduradun, zer espero duzue haiengandik? Noiz izango dugu diska entzungai?

Asko espero dugu disko honekin eta noski, baita diska grabatuko duten bi maisuez eta nahasketak egingo dituen hirugarrenaz. Kakik esperientzia luzea du eta horrek konbentzitu gintuen. Estudio zoragarria du eta material oso ona, berarengana joateak beharrezkoa ikusten genuen soinu aldaketa handia ekarriko baitigu. Bestalde, Hans Kruger Half Foot-eko bostgarren kidea da. Taldean aritu zen hasieran, beste gauza batzuekin hastea pentsatu zuen arte, baina beti egon da hor, itzaletan, eta izugarria iruditzen zaigu berarekin grabatzea. Berak badaki zer nahi dugun eta lagun mina izatea oso onuragarria izan daitekeela uste dut. Produktore eta soinu teknikari moduan nahiko ezaguna egiten ari da, merezi duelako.

Azkenik, diskoari ukitu berezia emango diona John Agnello izanen da: oso handia da tipo hau. Musikalki gure influentzia nagusien artean dago, produktore moduan. New Jersey-tik ekarriko dugu diskaren nahasketak egiteko. Bostgarren diska honetarako handienekin grabatu nahi genuen.


Aurreko diskoan Start Acting Mean kantuaren bideoklip-a egin zenuten, honekin ere berdina egingo al duzue?

Bi bideoklip egitea pentsatuta daukagu. Bat ekainean bertan grabatuko dugu eta bestea aurrerago. Ideia asko daude bideoarentzat, argi dago modu ezin hobea dela taldearen lana osatzeko.


Nola definituko zenuke kantu sorta berria?

Ez nuke jakingo adjektibo bakar batekin definitzen, motz geldituko nintzateke. Aurreko diskoetan baino hobeto antolatu ditugu kantuak oraingo honetan, ez dakit, landuago daudenaren sentsazioa daukat. Baina nik esaten dizuedana motz geldituko da, hoberena entzutea izango da...


Eta gainera Underhill Record-en buru bezala zabiltza, zein da zure lana bertan? Zein ezaugarri daukate bertako taldeek amankomunean?

Bertako taldeetatik ezaugarri bat aipatuko nuke: lan egiteko gogoa. Musikalki definitzen oso zailak dira taldeok, asko gustatzen zaizkigun taldeak dira, eta jende zoragarria gainera. Hori da guzti honen ideia nagusia. Gure lana besteak beste taldeen lanak argitaratu, promo-a egin, eta birak antolatu da. Suposatzen da taldea arlo musikalaz arduratu beharko litzatekeela, beste guztia manager-aren edo zigiluaren lana da.


Zeintzuk izango dira zigiluaren hurrengo argitarapenak?

Moksha (Bartzelona) eta Kidsgofree-ren (Santander) diskak argitaratu berri ditugu. Eta oraintxe La Celula Durmiente (Bartzelona), Beewax (Norbegia), Ipanema (London) eta Arkanoid-en lanak aterako ditugu. Hau da aurten argitaratuko duguna, nahikoa lan izango dugu!



Pop-emo-rockaren inguruko mugimendua ikusten al duzu Iru?ean? Zein talde interesgarri ikusten dituzu zuen hirian?


Ez dago inolako mugimendurik! Ez nik dakidala behintzat... Badaude taldeak noski, eta entsegu lokalak ere bai, jende mordoa dabil lokalean ordu mordoa sartzen, baina jendeari eszenatokiak beldurra ematen diolako edo, kostatzen zaie taulagainera salto egitea.

Iru?ean El Columpio Asesino, Doubtful, Qwer, Souvenir, Leestones, Max Power daude, oso interesgarriak dira guztiak. Baina esan dizudan bezala, gutxi batzuk bakarrik ikusten dute argia.


Amaitzeko, norbait gurekin kontaktuan jarri nahi izan ezkero hemen kontaktua:


Hfo/Underhill Records

p.o. box 4220

31080 pamplona


Info +: www.underhillrcs.com

www.bcoredisc.com

jueves, 2 de junio de 2005

Argazki erakusketa interesgarria Getxon


Algortako Satistegi tabernan izango da gozagarri: Skatearen inguruko erakusketa fotografikoa. SK8UKN (Skate Uribe Kostan) izena eman diote, izan ere, UK aldizkariak antolatutako erakusketa dugu hau.


Carlos Terrero argazkilariak egindako irudiak ditugu gozagarri esan bezala uztailaren 18rarte Getxon. Egilea skate-argazkilari trebeenetarikoa da, hainbat aldizkari berezitutan argazkiak argitaratzen baititu sarri. Algortako San Nikolas enparantzan eta Arrigunaga hondartza inguruko ?La Kantera? skate-parkean ateratako argazkiak ditugu guztiak. Dozena bat, hain zuzen ere.


Dirudienez, argazkitan ageri diren skater-ak herriko profesional enblematikoak dira. Kirolak herrian, nahiz eskualde osoan aspaldidanik izan duen oihartzuna azaldu nahi da esposaketa honekin.

miércoles, 1 de junio de 2005

?Zaharregia, txikiegia agian? azken emanaldia larunbatean


Larunbatean izango da Bilboko Kafe Antzokian ?Zaharregia, Txikiegia Agian? proiektuaren azken emanaldia, 22:00etatik aurrera. Kirmen Uribe, Rafa Rueda, Bingen Mendizabal, Mikel Urdangarin eta Mikel Valverderen proiektuak agur esango digu hortaz bi urte luze hauek eskenatokiz-eskenatoki aritu ondoren. Ibon Saez de Olazagoitiaren laguntza izango dute azken emanaldi berezi honetarako, Bideo-DJ lanak hartuko dituelarik.


New York-en jaiotako proiektuak oihartzun handia izan du iparramerikan, iazko hamar audio-poesia diskarik onenen artean sailkatuz, BobHolman eta Margery Snyder idazle eta kritikari amerikarren aburuz. Gainera, Irlanda, Alemania, eta AEB-tan aritu dira taulagainean.


Azken emanaldia eta gero, taldekide bakoitzak bere bideari ekingo dio. Mikel Urdangarinek disko berria prestatzendirau eta Kirmen Uribe bere lehen eleberriaren idazketa-prozesuan murgilduta dabil. Bingen Mendizabalek, Rafa Ruedak eta Mikel Valverdek ere hainbat egitasmo dituzte aurrerantzean.


Boskotearen lana ez da hor amaitzen ordea, Arkaitz Basterra zinemagilea egitasmoaren inguruko dokumentala prestatzen ari baita.


Info +: http://www.hotsak.com/A/Zaharregia_txikiegia_agian