martes, 18 de octubre de 2005

Kike Turmix: ?Bost axola zer pentsatzen duzuen nitaz?


Hau da Kike Turmix-ek (Bilbo, 1957ko ekainaren 24---- Madril, 2005eko urriaren 16) bere epitafioa izatea nahi zuena. Amaierararte xelebre. Gibel kantzerrak eraman du, baina askorentzat beti izango da hor, potroak ikutzen eta rock and roll ona gomendatzen.


Inoiz ez zuen inorekin konpromezurik hartu, beti bere munduan bizi zen, eta ROCK AND ROLL jaungoikoaren aurrean bakarrik erantzuten zuen. Bere bizitzan zehar lagunak eta arerioak irabazi zituen, jende askok oso begiko zuen, beste batzuk gorroto. Hurbil zutenek esaten dute beti halaxe izan zela. Kike Turmix (benetako abizena ez dugu hemen esango) herrialde honetako (eta hain hurbil dugun horretako) rock and roll-aren historian ezinbestesteko pertsonaia izan zen. Nacional 634 taldearekin abiatu zen Madril aldera, eta haien punk bortitzarekin klon moduan zebiltzan ?mobida?ko guztiak aztoratu zituen. N634-en aurretik beste proiektu batzutan ibilia zen, ?Kike y los Pasapures? kasu, baina Madrilen izan zen jendeari potroak ikutzen hasi zenean.


Hamarkadaren erdialdean 3 kanpotar ezagutu zituen, berak bezain aurpegi handia zutenak, eta rock and roll-aren makina handi eta eder bat muntatu zuen: The Pleasure Fuckers. Areto askotan lurra zuloz beteta utzi zuten Kike-ren sabelarekin egindako jokuengatik, baina horrez gain 3 edo 4 diskatako legatua utzi zuten, abiada biziz egindako punk-rockez hornituta. Norah eta Mike Sobieskiren kitarrak eta Barnabyren baxuak gure lagun potoloaren garrasiak lagunduta.


Europa eta AEB mailako birak egin zituzten, eta bertan oso ezagunak egin ziren. Orduan promotore moduan lan egiten hasi zen, eta Safety Pin Record & Tours sortu zuen. Berari esker Gluecifer, Hellacopter, Flaming Sideburns, Nomads edo Turbonegro ikusi ahal izan genituen. Talde guzti hauek familiarekin kontaktuan jarri dira bere heriotzaren berria heldu zaienean. Malasa?a inguruko taberna askotan disko jartzaile modura aritu zen azkenaldian, eta beti esaten zuen moduan, ?ez eskatu ezer hippy-rik?.


Nik ez nuen gehiegi ezagutzen, baina oso momentu onak pasatu nituen berarekin. Berarekin barreak ziurtatuta zeuden beti. Kapullo zoragarria zen egia esan, nahiz eta beti adarra jo, eta ni beti erortzen nintzen bere probokazio guztietan.


Agur Kike, faltan botako zaitugu. Azkarregi bizi izan zara kabroi hori...

jueves, 13 de octubre de 2005

Denok dugu Berlin bat gure baitan


Denok dugu Berlin bat gure baitan, bere mintzaira ulertezinekin, bere lurpeko pasadizo abandonatuekin. Denok dugu Berlin bat gure baitan, bere harresi eraitsiekin, erosotasunera eramaten gaituztenak, mediokritatea saltzen digutenak; bere harresi zatitzaileekin, tristezia eta oinaze aieneak isilarazten dituztenak, paternalista egiten gaituztenak.


Denok dugu Berlin bat gure baitan, bere bele beltzekin, jakina. Nork ez dauka bere ekialdea, bere mendebala? Nork ez du desiratzen ekimendebala? Bonbardaketa guztiek ere ez dute gure baitako Berlin hori suntsituko, ez dizkigute gure utopiak zapuztuko, gure Tacheles partikularrak desjabetuko. Denok dugu Berlin bat gure baitan, bai, bere emakume eder eta maitagarriekin, garelarik ohartzen instanteko maitemina dela maitemin berdadero bakarra. Instantekoa den bezala agurra, instantekoak diren bezala, zergatik uka, oroitzapenak. Denok dugu Berlin bat gure baitan, Berlin bat eta ez askoz gehiago, gure berreraikitze planekin, gure trazu guztietako biktimekin eta kabitu ere egiten ez zaizkigun hauen omenezko monumentuekin. Denok dugu Berlin bat gure baitan, aixkide, denok baitugu kontzentrazio-esparru bat gure baitan, denok dugu-eta judutar bat gure baitan, eta turkiar bat, eta errusiar bat, eta deskuidoan euskaldun bat ere, jakintzazu. Denok dugu Berlin bat gure baitan, amigo, U-Bahn, S-Bahn, bitte Friedrichstrasse, bitte. Denok dugula Berlin bat gure baitan, eta batzuek Berlin bat eta pare bat ipuin eta aitzakia, baina batzuek bakarrik amigo, batzuek bakarrik.

martes, 11 de octubre de 2005

Kontzertuak, Kontzertuak eta Kontzertuak


Kontzertu andana asteburu honetan Euskal Herri osoan, batez ere Bizkaia aldean. Gipuzkoan ere kontzertuak izango dira, eta baita Hendaian ere, Sorkun-en kontzertua izango baita Kanttu tabernan.


Nafarroan Nafarroa Oinez izango da igandean, eta beti bezala, kontzertu asko izango dira: Urgabe, Sagarroi, Karidadeko Benta, Mal de Ojo, Arima Beltza, etab. Bestalde, Mutriku herrian jazz kontzertua izango da Miren Aramburu Ensenble taldearekin: Kultur Etxean izango da, larunbatean, Debajazz jaialdiaren barruan.


Ostiralean Bcore disketxe kataluniarrak kontzertua eskainiko du Durangon 15 urteurrena ospatzeko. Bertan Half Foot Outside iru?earrak, Xmilk bartzelonarrak eta Nueva Vulcano izango dira. Plateruena Kafe Antzokian izango da kontzertua, ostiralean. Baina Durangotik atera gabe, hurrengo egunean, Metak disketxeko talde askok kontzertua eskainiko dute Landako gunean: Biok, Sorkun, Kuraia pi L.T eta Betagarri izango dira. Gero Dropez Frames kolektiboak musika eta irudiak uztartuz ikuskizuna eskainiko du, gaueko ordu luzeak bitartean.


Bilbon Wintercase jaialdiaren lehen eguna izango da larunbata: Adam Green estatubatuarra eta Jeffrey Lewis Band izango dira Kafe Antzokian. Igandean, leku berdinean, Massive Attack taldeko dj den Daddy G izango da.


Asteburu musikala hortaz, zalantza izpirik gabe. Badaukazu non aukeratu, ez dago aitzakiarik!

lunes, 3 de octubre de 2005

Lau talde lehian asteburu honetan, Debajazz jaialdiko talde berrien lehiaketan


Elgetako Espaloia Kafe Antzokiak aste honetan jasoko du Debajazz jaialdiak talde berriei eskaini dien lehiaketako finala. Larunbatean, urriak 8, El Eje Quintet donostiarrak eta High Grooving Estatu Batuarrak arituko dira. Igandean berriz, Zafari Project madrildarrak eta Karion kataluniarrak izango dira lehian.


Musikeneko artistek osatzen dute El Eje taldea, Carlos Bernal gitarristak, Jose Gallardo saxoak, Ivan San Miguel kontrabaxuak, Alejandro-Satxa Soriazu pianoak eta Francisco Gazol bateriak. 2002. urtean Donostiako altxerrin estreinaldia egin zutenetik gelditu gabe ibili dira eszenatokiz-eszenatoki beren dohainak erakusten. Besteak beste aipatzekoak dira taldeak 2004. urtean Zaragozako jazz jaialdian emandako kontzertua edo aurtengo Donostiako Jazzaldian eskaini zutena.


High Grooving taldea Estatu Batuetatik dator eta Gabriel Riesco (gitarra), Dennis Frehse (bateria), Alex Gordeev (saxoa), Demian Gabaud (kontrabaxua) eta Leo Genovese (pianoa) dira taldeko partaideak.


Igandean ariko diren taldeei dagokionean, Zafari Project talde madrildarra Marta Sanchez pianoak, Julio Botti saxoak eta Francisco Lopez kontrabaxuak osatzen dute eta besteak beste azpimarragarria da 2004. urtean Ibizako Injuve jaialdian Solid! taldearekin batera eskaini zuten kontzertua. Igandeko bigarren taldeari buruz, Karion taldeari buruz hain zuzen ere, esan Bartzelonatik datozela eta Marc Cuevas kontrabaxuak, Sergi Sirvent pianoak eta Ramon Prats bateriak osatzen dutela.

domingo, 2 de octubre de 2005

Aupa Etxebeste!


Asier Altuna eta Telmo Esnal-en eskutik, ETBren laguntzarekin, Aupa Etxebeste! Filma datorkigu, euskara hutsean grabaturiko lehen luzemetraia, hots bertsio originala euskaraz duen lehen filma.


Etxebestetarrak, Marbellara oporretan joateko asmoa duen txapela ekoizle familia , bidaiari ekitear zeudela jakinen dute zuten diru guztia galdu egin dutela. Jendeaurrean duten irudia zaintzeko asmoz, familia etxean izkutatuta egon beharko da hilabete luzez, haien herritarren artean susmorik zabaldu gabe.


Argumento horrekin, farrak ziurtatuta daude. Istorio xume eta arrunta, konplikazio askorik gabe, metraiaren 97minutuak originaltasuna eta kolpe eraginkorrekin betetzen dira.


Familia berezi hau, ETBko ikusleentzat ezagunak diren aurpegiek osatzen dute: Ramon Aguirra (aita), Elena Irurita (Ama), Paco Sagarzazu (Aitona) eta Iban Garate (Semea). Pertsonai nagusiez gain, beste hainbat aurpegi ezagun ikus ditzazkegu ere, hala nola Anjel Alkain, aktore eta humorista ezaguna. Honekin, ikusle euskaldunengan gertutasun sentsazio handia sortzen du.


Filme hau, Donostiako Zinemaldian estreinatua, kritikaren harrera beroa izan du, gogoz txalotu baitzuten filmaren estreinako emanaldia. Aupa Etxebeste! Euskal zinemaren egunean, IBAIA saria jaso zuen, urteko ekoizpen arriskatu eta berritzaileena delako.

sábado, 1 de octubre de 2005

Sorkun: Duna


Sorkun Sorkun da, eta ez besterik. Jada ez da bakarrik Kashbad taldeko abeslari ohia, edo Fermin Muguruzaren korista. Pertsonalitate propioa hartu duen ahotsa da, eta inoiz baino bakarlariago datorkigu bigarren disko honetan. Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu zuen.


?Duna? deitzen da, stoner ikutu nabaria baitauka. Ezin da beste modu batera izan, Neubat-eko lagunak ondoan edukita. Elektronikarekin jolastuz, eta honek eman ditzakeen ?abardura guztiak aprobetxatuz konposatu du oreretarrak disko berri hau.


Sekulako ikusmira sortu zuen Bilboko Kafe Antzokiko aurkezpen kontzertuak, bete-beteta baitzegoen, osteguna izan arren. Lehenengo single-arekin hasi zuten kontzertua, ikutu stoner nabaria duen ?Heldu Nazazu? horrekin. Gutxinaka-gutxinaka, eta jendetza berotzen hasi zen heinean, ?Onna? diskoko hainbat kantu jo zituzten, azken honetakoak baino indar handiagokoak, eta kitarraren presentzia handiagoarekin.


Kolaborazioen tartea hasteko Potemkin taldeko Tzutzi igo zen taulagainera ?Non Zaude?? kantuan koroak egiteko, diskoan egin bezala. Gero Aritz Lazkano izan genuen, Izaera taldekoa, Kashbad-en ?Zuen Eskaparateetan? kantuaren bertsio azeleratua egiteko.


Saxoak ikutu ezberdina ematen die kantu askori, bai ezagutzen genituenei eta baita berriei ere. Zuzenean elementu elektronikoen ezak hutsunea sortu lezake, baina ez da hala, baxuaren presentzia sekulakoa baita.


Konturatzerako kontzertua amaitu zen, eta etxera bueltatu ginen ahoan irribarrea genuela. Sorkun eskenatokia betetzen duen abeslari horietakoa da. Eta Euskal Herrian esku bakarreko hatzekin zenbatu ditzazkegu horrelakoak. Bira luzea izango dute. Aprobetxatu zure herritik pasatzen badira.

sábado, 24 de septiembre de 2005

Zinemaldiko Egunkaria: 2005eko Irailak 22


Frantzia eta Belgikaren artean egindako Entre ses mains (Bere esku artean) filmeak ireki du Sail Nagusiko goiza. Albaitari bakarti bat eta aseguru etxe batean lan egiten duen emakume ezkondu batek duten halamoduzko harremana erabili du Anne Fontaine zuzendariak misterio eta intrigazko istorio hau kontatzeko. Pantailan amaierako kredituak azaldu direnean, txaloak eta kontrako oihuak nahastu dira eta aretoa ziztu bizian utzi dugu, protagonisten (Beno?t Poelvoorde eta Isabelle Carr?) interpretazioak zuzenak direla pentsatzen, baina baita ikusi berri dugun zintak ez digula inolako arrastorik utziko.


Miranda July artista ipar-amerikarrak komedia gazi-gozo bat proposatu zigun ondoren, berak zuzendu eta antzeztua. Me and you and everyone we know (Zu eta ni eta ezagutzen ditugun guztiak) sortzaile gazte baten bizitzan murgiltzen da. Honek bere lana arte garaikideko museo batean zintzilik ikusi nahi du, baina bitartean agureak zaintzen irabazten du bizimodua. Beste alde batetik Richard dago, banandu berria den aita gaztea, maitemindu egingo dena. Berarekin batera bere bi semeak, Interneteko txat erotikoetara lotuta bizi direnak. Auzoa eta bizilagunen artean sortuko diren harreman arraroak dira Miranda Julyren debut distiratsuaren oinarria. Kritika ez zuen kontrako izan.


Ezin gauza bera esan Bang Bang Orangutan izeneko produkzioaz. Suezia eta Danimarkaren artean egindako lan hau Simon Sthaok zuzendu du eta bere seme txikia istripuz hiltzen duen negozio gizon baten gainbehera kontatzen du. Debaldeko errekurtso eta karrankekin filme gutxik lortzen dutena egin zuen: ikusleen erdiak filmeak ordu bete eskas bete baino lehenago aretoa uztea.


Bang Bang Orangutanen efektuak guztiz gainetik kendu gabe, (azken minuturaino ikusi baikenuen filmea, produktua justifikatuko zuen amaierako aldaketa handia itxaroten, koittaduen moduan) merezitako deskantsua hartzea erabaki genuen. Ez oso luzea hala ere. Pintxo pare bat eta berriro ere Antzoki Zaharrera Asier Altuna eta Telmo Esnalen Aupa Etxebeste! ikustera. Euskaraz goitik behera grabatutako lehen filme luzea Euskal Herriko herri txiki batean girotutako komedia da. Entretenitu eta erlaxatu egin gintuen, gaueko ordu horietan behar genuen hain zuzen ere.