domingo, 11 de diciembre de 2005

Badoa Durangoko Azoka


Gaur bukatuko da aurtengo Durangoko azoka. Antolatzaile, argitaletxe eta disketxeen datu ofizialik ezagutu gabe, jada esan daiteke espero zena bainon jende gutxiago hurreratu dela aurtengoan Landako Erakustazoka?ra. Hala eta guztiz ere, atzokoan postuetan lanean dihardutenen iritzia entzun nahi izan genuen gure erosketak egiten genituen bitartean.


?Ezin gara kexatu, leku guztietan irten gara eta hori zen gure helburua, gure burua ezagutzera eman nahi baikenuen? komentatzen digu Nabarra aldizkariko Mikel Lizasok, eta ez da gutxigorako. Karikaturetan oinarrituriko promoa egin du hilabetekariak, eta horrek ikusmin handia sortu du erakustazokako bisitarien artean. Hala ere nekaturik daudela aitortu du, lantalde txikia izanik egunero izan baitira jardunean Barrenkale-ko postuan. Nabarrakoen lekutik oso gertu Entzun! Aldizkariko jendearekin topo egiten dugu. 10urte betetzen ditu aurten aldizkariak eta ale berezia atera dute Durangoko azokan. ?Harpidedun berriak bilatzen ditugu gure postuarekin, eta momentuz gauza ongi dihoa, nahiz eta aurrekoetan bainon jende gutxiago dagoen? komentatzen digute. Aurten ere euskal bideoklipen bilduma DVD-a kaleratu du Entzun!-ek Durangorako, irakurleak bereganatu nahiean, aurtengoan Surfin Kaos, Half Foot Outside edo ta Split77ren lanak ikusgai jarri dituztela.


Gaztesareko txokoa ere ez dago hutsik, eta jende piloa gerturatzen da bertakoak ikusi eta erostera. Iaz ?Gazte Matxinada? liburua izan zen haien apusturik indartsuena, aurten ?Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Gida?-rekin, txoko ezberdinetako gazteak gerturatzen ditu, honetaz gain musika ez da falta haien postuan, gazte talde ugariren lehen maketak biltzen baitituzte, baita ?Okupazioaren aldeko ohiuak? bezalako musika bildumak.


Aldizkari eta musika postuetatik aldentzen gara, argitaletxeen kaleetan sartzeko. Nabaritzen dugu, jende gutxiago dagoela aurreko urteekin alderatuta, ?duela bi urteko agobioarekin konparatuz gaur inor ez dagoela ematen du, jakin izan banu motxila ta guzti etorriko nintzateke erositakoa gordetzeko?, komentatzen dit nirekin batera etorri den lagunak. Eta egia da, azokako kaleetatik mugitzeko erraztasuna dagoela. Momentu horretan Pamielan Bernardo Atxaga liburuak sinatzen dagoenez, beste argitaletxeetako guneak lasai bisitatzeko astia dugu. Txalapartako txokoan, Jon Maia izaten ari da azokako errege, hori behintzat komentatzen digute bertakoek. Nik, etxera begira jarri eta Floren Aoiz-en ?El Jarr?n Roto, La Transici?n en Navarra una cuesti?n de estado? erosten dut (bai badakit gaztelaniaz dela, bainan interesa handia neukan horrekin). Nere laguna ere ez doa hurrunago eta Patxi Larrainzar-en ?Diario Suburbano de Pamplona? erosten du. Zapi gorria eta Iru?eako txorizoa eskuetan dugula, Kirola Euskaraz-eko postuan gelditzen gara atetik atera aurretik, bakarrik baitaude momentu honetan. Entrenamendu eta ariketa fisikoa egiteko txosten eta liburuak euskaraz egin dituzte talde honetakoek, bazen garaia! Txirrindularitza entrenamendu gida bat erosten dut, nere kadetetxoak izerditan jartzeko hamaika trikimailurekin, koittaduak. Honekin listo, bagoaz etxera.


Egilearen oharra:Hurrengo paragrafoak, prentsa arrosaren itxura har dezake, arren barkatu bainan komentatu beharrekoa iruditzen zait:

Durangoko Azokak ere, gure inguruko pertsona ezagunak parez parez ikusteko aukera ematen digu. Atzo arrastian ez ziren gutxi izan Landako Erakustazokan izan zirenak. Txalapartako postuan geundela, nire alboan ahots irrifartsu eta ezaguna entzuten dut, begibista liburuetatik aldendu eta albora begiratuz Arnaldo Otegi ikusten dut nere parean, gaurkoan erosle moduan, osteguneko ?masa bainua?-ren ostean. Stand-etan saltzen dauden artista eta idazle ezberdinez aparte, betse batzuek erosle moduan gerturatzen dira Durangora. Gari, edizio zaharren artean ikusten dugu. Anje Duhalde, gaueko kontzertuaren aurretik, azokatik bueltaxka ematen. Patxi Huarte ?Zaldi Eroa?-rekin ere topatzen gara, Nabarra aldizkariaren txokoan. Bestalde, eta esan bezala, postuetan hamaika artista dago, beren lanak sinatzen. Atzokoan, Jon Maia, Bernardo Atxaga, Eraso taldekoak eta Asgarth taldekoak ikusi genituen (bai, azken hauek itzuli dira...).


 

Abesti hau 'Ikasten' deitzen da eta riffa-k honela dio...


Aparta benetan Iru?eko Artsaia aretoan ikusteko aukera izan genuena. Berri Txarrak, estatu batuetatik berriki iritsiak, beren ?jaio, musika, hil? diskaren aurkezpena egitera etorri ziren artsaiara, Dubet taldea ondoan izan zutela.


Gauari hasiera emateko Dubet izan genuen. Sakanako laukoteak berriki grabaturiko lehenengo lana aurkeztu zigun eta giroa berotzen joan ziren beren punk-rockarekin. Gazte talde honen emankizunan bertsioetarako lekua izan zen, Blink 182 eta Negu Gorriak jadanik bertsionatu zuen Delirum Tremens-en Kaixo kantarekin ausartu zirelarik. Aipatzekoa ere Jon, Stupenda Jones-eko kitarra eta ahotsa, igo zenean Dubetekin abestera.


Jendea irrikiz itxaroten ari zena iritsi zen eta Berri Txarrak taula gainera igo zen bere azkeneko lana aurkeztera. Aipatzekoa Gorka Urbizuren anpliaren pantailan irakur zitekeena, ?UPN? siglak baitziren, alderantziz idatziak. Beti bezala lekunberriko hirukoteak, jadanik eroso asko ibiltzen delarik hiru izanik, gogotsu hasi zuen zuzeneko ikuskizuna, indar handia emanez eta soinu ikaragarriarekin. Aipatzekoa Gorkaren kitarra berria, Fender famatuetako bat baitzuen esku artean. Kontzertua ez zen azkeneko diskako emanaldi hutsa izan, baizik eta beraien ibilbide musikalaren errepaso zabala. Azkeneko diska aurkeztu ziguten eta aurreko lanetako abesti esanguratsuenak ere jo zituzten, honela aspaldi ahaztuak genituen kantak entzuteko aukera izan genuen, batez ere lehen diskatik ateratakoak. Nahiz bost diskatako abestiak jo zituzten bertsioetarako lekua ere egin zuten eta han egon ginenok Sistem of a Down-en Mezmerize diskako Intro Soldierside-kin gozatzeko aukera izan genuen. Kurt Covain ere gogoan izan zuten eta kitarrarekin soilik Nirvanaren ?Come as you are? abestiaren hasierako zatia jo zuten han bildu ginenon zoramenerako.


Zuzenekoari indar handia eman zioten argiak hartu zuten lekua, batez ere eszenatokiko bi alboetan lurretik ateratzen zirenak, ikuskizun handia izan baitzen Gorka eta Rubio argi hauen gainean jotzen ikusteak. Azken partean, argiek susto itzela eman zioten gure parean lanean zebilen teknikoari, momentu batean danak itzali baizitzaikion, estutasun batzuen ostean arazoa konpondu zuen, ederra bere lana!

 

Berriren zuzenekoa bi zati izan zituen eta pixkat luzeegia egin zen, bi orduetara hurbildu baitzen. Hala ere artsaian bildutako jendearentzat nahiko ez zela ematen zuen eta Berri Txarrak txalo artean eszenatokitik alde egin zuten.

martes, 6 de diciembre de 2005

?Vredaman? eleberriari buruzko zenbait kontu (nahiko nahaspilatuta jarriak)


Irrikaz itxaron dugu azkenengo bi urteetan Unai Elorriagaren nobela berria, eta joan den azaroaren 18an ?Vredaman? hau eskuartean izan genuenean, sekulako gosez irakurri genuen. Gosez, baina ez azkar, ez baitira bizpairu ordutan irakurri eta apalean uzteko liburuak izaten Elorriagarenak eta hau ere, ez dugu horietakoa.


Tomas izeneko ume baten ahotsa da liburuan azaltzen zaigun lehenengoa, eta haren eskutik ezagutuko ditugu hasieran nobelako beste protagonistak (umearen osaba eta errugbi zale amorratua den Simon, bere aitonaren bizitza ezagutu nahiean dabilen Mateo eta garai batean arkitekto ezagun baten andregaia izan zen emakume bat, Piedad izenekoa). Lau istorio beraz, linealak (denborarekin jokoren bat badago ere) eta sinpleak itxuraz. Itxuraz bakarrik, esaten denaren atzean mundu bat baitago.


Tomasen kontakizuna da eleberriaren pisua eramaten duena. Umearen begi xaloen bidez jakingo dugu bere aita ospitalean dagoela, eta horregatik eraman duela amak izekoren etxera. Momentu batzuetan Bernardo Atxagaren ?Gauero aterako nintzateke paseatzera? hartako umearen traza hartu diogu Tomasi, agian zorigaitzaren aurrean dramatikotasunik gabeko begirada eskaini digulako. Ia konturatu gabe egiten du jauzi Tomasek gai batetik bestera, eta horri esker, eleberriko beste istorioak josi egiten ditu (josi, imanarekin biltzen dituen orratz galduak bezala) istorio bakar bat osatzeraino.


Liburuko beste hiru kontakizunetan errealismo magikoaren eta surrealismoaren artean mugitzen da Elorriaga. Istorio bitxiak eta pertsonaje are bitxiagoak biltzen dituzte osaba Simon, Piedad eta Mateoren kontakizunek: errugbi zelai bat eraikitzeko lan klandestinoan ikusiko dugu osaba Simon, Gur izeneko lagunarekin batera; urteetan bere senargaia izandako arkitekto famatua ahaztu ezinda bizi den Piedaden sekretua ezagutu nahiean pasako dugu nobela erdia; Tomasen lehengusu Mateok bere aitonaren (Europako ebanistarik onenetarikoa) inguruko gauza gehiago jakiteko egingo dituen galdeketa saioak ikusiko ditugu.


Eleberriak irakurlearengan eragin dezakeen zalantzetako bat pertsonajeen sinesgarritasunaren ingurukoa da agian: Gur edo Aitite Julian bezalako jendea eguneroko bizimoduan aurkitzea zaila dela petnsa lezake norbaitek. Guk hala ere, ez dugu bat egingo kritika horrekin, iruditzen baitzaigu Aitite Julianen 16 misterioak sinesgarriak ez badira, ez direla sinesgarriak Oteitzaren 14 apostoluak ere. Gur izeneko pertsonajeari dagokionean, Xabier Mendigurenen blogean eginiko elkarrizketan Elorriagak berak azaltzen duenez, ?pertsonaia honen gauzarik ederrena da benetan existitzen dela: Algortako lagun bat da Gur. Herrian ?Guzur? esaten diote, atera kontuak hortik?.


Azkenik, ezin dugu alde batera utzi libelula urdina harrapatzearen kontua. I?es lehengusinak Tomasi esandakoaren arabera libelula urdina harrapatzen duena izango da munduko pertsonarik inteligenteena. Eta Tomasek harrapatuko du bai, libelula urdina eta orduan konturatuko da inguruan duenaren benetako dimentsioaz. Inteligentziarekin batera heriotza zer den jakingo du Tomas haurrak, nobelako momenturik hunkigarrienean.


Zer gehiago esango dizuegu... Hasiera batean umearen ahotsak ez gintuela konbentzitzen, ez genuela ikusten kontakizunaren norabidea, baina lehenengo irakurketa amaitzerako gure aurreiritziak gainditu dituela Elorriagak. Nobela ona. Benetan ona, lagunok.


(Mila kontu airean utzi ditugula konturatu gara testua bukatzean. Agian beste batean hitz egin beharko dugu luzeago eta sakonago liburu honetaz, Elorriagaz eta bere beste lanez. Izan ere, geu ere libelula urdinaren bila ari gara, eta ez digu denbora libre asko uzten)

sábado, 3 de diciembre de 2005

"Eta guk zer egiten dugu 16.000pertsonen aurrean musika jotzen?"


Iru?eatik datorkigu Se?or Ram?n taldea, Jarauta kalearen hasiera bajera txiki batetatik hain zuzen ere. ?El Chavo del Ocho? tele saio mitikoaren pertsonai batengatik jarri zioten izena taldeari, belaunaldi bateko sinbolo moduan. Ia ia kasualitatez daude musika munduan, bainan ezin uka orainarte gauzak ongi atera zaizkiela, Encuentros 2005 Nafarroako musika lehiaketa irabazita, eskenatoki handienetan hamaika kontzertu emateko aukera baitute orain Se?or Ramon taldekoak, M-Clan, Orishas edo ta Coti izan dituztelarik kartel lagun orainarte, musika ibilbideari ekiteko ez da makala!


Taldeko bi kitarrekin, Felipe eta Edmundorekin, solasteko aukera izan genuen. Jarraian, garagardo artean izan genuen hizketalditxoa.



Eremulauak. Arestian erran bezala, ia ia kasualitatez sartu zarete honetan ezta? Taldea nahiko berria dela esan genezake...


Edmundo.Ba bai hala da, duela bi urte eskas hasi ginela elkarrekin jotzen. Beno, egia esan, duela bi urte eskas hasi ginela instrumentoak jotzen. Haseran ez genekien ezta kitarra jotzen ere. Nire lagun bat, bateria klaseetan hasi zen, ta ni kitarra klaseetan eta horrela gutxinaka gutxinaka musika egiten interesatu ginen. Betiere nahiko modu xumean, norbaitek utzitako kitarrakin, ez dakit noren lagun baten anpliakin... Kuadrilako bat, kantatzera animatu zen, eta horrexegatik esaten dugu, lagun talde bat besterik ez garela, ez baitugu bilatu musika taldea osatzea leku ezberdinetatik etorritako musikariekin. Denak ikastetxe berberean ikasi genuen, beraz betiko lagun kuadrila gara.


Felipe.Beno zu txikitan nazka pisko bat ere ematen zenigun (farrak)


Edmundo.Bai beno jajajaja, ni hauek bainon urte bat zaharragoa naiz eta eskolan ez ginen oso ongi eramaten. Eskerrak gauzak aldatu diren. Jejejeje.


Felipe. Gauzak gutxinaka gutxinaka mugituz joan ginen, gehien bat gure bateria oso oso burugogorra zelako eta taldea sortzearekin tematu zelako. Hasera batean, kuadrilako bajeran hasi ginen entsaiatzen bainan oso gutxi iraun genuen auzolagunen denuntziarik jaso gabe. Horregatik Bara?aingo kultur etxeko lokaletara joan ginen entsaiatzera eta bertatik Artsaiara saltoa eman genuen.



Eremulauak. Musika xumea, erraza bainan dantzagarria da zuena, non dago zuen gakoa?



Edmundo. Esan dugun bezala, erabat amateurrak gara honetan. Instrumentoak jotzen badakigu, bainan ez gara birtuoso batzuk...ez dakit, jendeari gustatzen omen zaio zuzenean egiten ditugun tontakeriak, zenta bestela ez dut ulertzen.


Felipe. Egiten dugun musika estiloa ez da oso emankorra apaingarri eta zailtasunei dagokionez. Diskoko lehen bost kantak, hiru akorderekin egin ditugu, beraz...ia ia punkiak ematen dugu, azken finean rock doinua duten pop abestiak.


Edmundo. Oraindik ez diogu gure musikari etiketarik jarri, ateratzen zaiguna egiten dugulako. Kontua da, denak oinarri beretik irtetzen direla, rollo ona helarazteaz...nahiz eta azken aldian tristeziaren bidean gehiegi sartu naizen...bainan beti abestietan buelta ematen diogu horri, ondo pasatzeko helburuarekin.



Eremulauak. Oso xumeak oso apalak, bainan hau serio dihoa, behin Artsaian entsaiatzen egonda...


Felipe. Hau serio dihoa, musikarengatik kuadrilakoen artean eztabaidatzen hasi ginetetik, orduantxe jabetu ginen Se?or Ram?n aurrera zihoala.


Edmundo. Egia esan, inoiz ez dugu hartu ezta ere broma moduan. Zuzenekoetara dena ematera irtetzen gara, eta horrek jada seriotasun apur bat ere eskatzen digu. Gainera orain 'Encuentros'-a irabaztearekin, konpromezu piloa irten zaizkigu beraz serio harzteko modua da.


Felipe. Kontutan hartu, Coti edo ta M-Clan bezalako taldeekin jo behar dugula, beraz horrek jada eskatzen dizu 100%a ematea. Hala ere, kontzertu mordo honekin bukatzean, denbora tarte bat hartuko dugu, pisko bat lasaitzeko eta berriz gogoekin hasteko.


Edmundo. Bai, nekatu aurretik atseden hartuz ez gara erreko, eta orainarte bezain gustora arituko gara.



Eremulauak. Artsaia musika eskola eta entsaio gunea erreferente garrantzitsua da Nafarroako musika eszenan. Hasi berriak diren taldeei zer eskeintzen die Artsaian entsaiatzeak?




Edmundo.
Gure kasuan gauzak nola egin behar diren ikasteak suposatu digu. Artsaiak gauza on eta txarrak ditu, bainan ezin uka langile bikainak dituela. Musika taldeez arduratzen direnak modu bikainean egiten dute beren lana. Hasieratik, nola entsaiatu, abestiak nola egin edo ta kontzertuak nola egituratu erakusten dizute. Josu-k (Artsaiako musika teknikaria) kontzertuen egituraketaz arduratu denetik, aldaketa nabaria somatu dugu, askotan abestiak bata bestearen atzetik jozearekin ez baita nahikoa. Gu oso pozik gaude Artsaian.



Eremulauak. Encuentros 2005 komentatu duzue, Nafarroan talde txikiendako erakuslehio bikaina, zer suposatu du zuentzat garaile irtetzeak?



Edmundo. Garaipen honek batez ere, aurrerapauso bat ematea suposatzen digu. Manager bat bilatzen ari gara, kontzertuak lotu eta musika ez den guztiaz arduratzeko.


Felipe. Produktore bat ere bilatu nahi dugu, musikaren ekoizpenean ere laguntza izateko. Gainera nola ez, Encuentros 2005 irabazita, kontzertu piloa irten zaizkigu, bai hemen Nafarroan baita kanpoan ere, Madrileraino joan baikinen.


Edmundo. Ematen du, sari honen ostean, diskoa kaleratzeko aukera handiak izanen ditugula...bainan hori ikusteke dago oraindik, guk ez dugu agobiatu nahi.


Eremualauak. Maketa bat behintzat baduzue, Sonido XXIn grabatuta. Behin eta berriz entzun dut eta behin ta berriz Pereza taldea datorkit burura, zer iruditzen zaizue? Nola ikusten duzue Pop-rock honen ?Boom?-ak?


Felipe. Eskertzen da konparazioa! Ba bai, agian zedozer antzeko dugu, pop-rock-a gai informalak bainan era berean unibertsalak...olatu horretan sartu gaitezke bai. Agian horretan dago gure gakoa ez? Egunerokotasunean gertatzen direnak modu horretan kontatzeak, melankolia kendu eta beste kutsu bat ematen dio. Funtsean hortxe dago gure oinarria: pozik bizi eta beti berre egin.



Eremulauak. ?Pais Tropikal? abestiarekin irekitzen duzue maketa, Iru?eako ipar haizeaz ihes egin nahiean edo?




Felipe.
Ez ez ez, ez gera kexatzen gure ipar haizeaz ezta gutxiago ere. Irla bakarti batean zein gustora ibil zaitezkeen kontatzen du abestiak, inoren molestiarik gabe...eta gero zein gogorra den bizitza normalera buelatzeak.


Eremulauak. Deigarria benetan iruditu zait Smalville abestia, teletubiak, telekupoia, mandoaren errege...nondik jo nahi duzue abesti honekin? Hain teleadiktoak al gara egungo gazteak?


Felipe. Telepasiboak hobeto. Kike Gonzalez-ek elkarrizketa batean erraten zuen Play Station-a ezagutu izan balu ez zuela abestirik konposatuko. Bi jarrera nabari daitezke, edo pasiboa zara eta ez diozu ezer ematen zure inguruari, edo kontrakoa, lan egiten duzu eta zure tokea ematen diozu munduari. Jende gehiegi dabil konsolen aurrean denbora galtzen, Smalville-en esaten duguna da: esnatu zaitez, munduan gauza asko dago, martzianitoak hiltzen denbora galtzen ibiltzeko.


Eremulauak. Maketaren azken abestian, Lo, lo lo,...koro bereziak sartzen dituzue. Zuen forofismoari aterabidea topatu nahian?


Felipe. Jajajaja, ba egia esan abesti hori egin genuenetik Osasuna paregabe dabil jolasten! Gainera gure kontzertu guztietara datorren jendearentzako eginiko kanta da, haiek ere gure festan murgil daitezen.


Eremulauak. Arestian, zuen zuzenekoetan zedozer berezia ematen duzutela aipatu duzu, nik ikusitakoaren arabera dinamismoa eta zuen musikaren antzera festa nahia nabaria da. Zer eskeini nahi diozue zuen kontzertuetara joaten denari?


Edmundo. Garrantzitsua da zuzeneko on bat ematea. Gaizki jo dezakezu bainan oso jende gutxi ohartuko da,espreski horri atentu ez baldin badago behintzat. Aldiz, eskenatokia betetzen ez baduzu, ez bazara mugitzen, jendea ohartuko da, musika entzuteraz gain beste zedozer gehio ikustera etorri direlako.


Felipe. Musika entzuteko etxean gera zaitezke, soinu hobeagoa eta agobio gutxiago eukiko baituzu. Zuzenekoari gehio eskatzen dio ikusleak.


Edmundo. Encuentros-a irabazi dugu, batez ere zuzeneko ona dugulako. Honetan garrantzia dute, Donostiako lagun batek eman zizkigun interpretazio klase txikiek, berak erakutsi zigun esate baterako bakoitzak eskenatokian duen lekua benetan betetzera.


Felipe. Gainera gure oinarria ondo pasatzea denez, ez ditugu ezta ere gauza geldoak egiten. Ez dugu norbanakoaren luzimendua bilatzen, punteo batekin edo, gure helburua taldeak rollo ona helaraztea da.


Edmundo. Hala ere, gelditu nahi dugu, zenta badaramagu denboralditxo bat kontzertuz kontzertu gabiltzala eta danak nahiko potenteak izan direla. NUPeko Karpan 16.000pertsona zeuden eta gu haien aurrean jotzen!


Felipe. U2 ematen genuen!


Edmundo. Kontua da ez dugula jendea nekatu nahi. Horrexegatik atsedena hartzen dugunean, abesti berriak ere eginen ditugu, behintzat kontzertuetara datozenak zedozer berria entzun dezaten.




jueves, 1 de diciembre de 2005

British Pop


Oraindik aukera baduzu, Bilboko Arte Eder Museoan Britainia Handiko Pop arteari buruz Marco Livingstone-k prestatu duen erakusketaz gozatzeko. Marco Livingstone, estatubatuarra bada ere, Ingalaterrako artearekin oso loturik dugun eminentzia da, Oxford-ko arte modernoko museoaren zuzendari izatera iritsi zen. Egun, erakusketa antolatzaile eta sortzaile moduan dabil mundu osoan zehar, londresen, Madrilen edo ta Montrealen besteak beste egin dituela British Pop artearen inguruko erakusketak.


Marco Livingstonen solasaldiak argi uzten digu, British Pop-a, geroago nagusitu eta zabaldu den Pop Art estatubatuarraren aintzindari izan zela. Behin eta berriz errepikatzen digu ?amerikarrak bere artearekin protekzionistak izateaz gain, esklusiboak direla ere uste dute?. Eta arrazoia du Livingstonek, honela behintzat erakusten digu. Richard Hamilton autoreak, Warhol baino 5urte lehenago komikiaren erreferentziak erabiltzen zituen bere lanetan, harekin jaio zen British Pop artea, eta zergatik ez, mundu osoko tendentzia ere. Hamiltonek berak sortu zuen, Pop artearen inguruko lehen artista taldea eta baita eskola ere. Garaiko informalismotik aldenduz, haien nerabezaroan oinarrituriko lanak ekoizten hasiko dira, langile klase xumekoak izaki objektu arruntak izanen dira haien lanen oinarri...jaio da Pop artea.



?Ez zen mugimendu isolatu bat izan"
, azaltzen digu Marco Livingstone-k ?garaiko gazte mugimenduekin oso loturik joan zen Pop artea, horrexegatik ohikoak dira Mod ikurrak edo ta garaiko musika taldeen erreferentziak nonnnahi topatzea lan hauetan?. Peter Philips izan zen ikonografia berezi hau gehien eraili zuena. Pete Blake-k ostera musikariak bere lanetan islatuko dituen lehenengoa izango zen, bere lanetan Elvis Presley eta Beatles taldearen inguruko irudiak nagusi izan zirelarik.


Ez zen bakarrik gizonezkoen mugimendua izan British Por artearena. ?Pauline Boty eta Jan Haworth-en lanek oihartzun handia izan zuten, eta gerore estilo bereziak markatu zituzten? azaltzen digu Livingstone-k. Haworth-en lanak erakartzen du bereziki gure atentzioa, ?fan? mugimenduaren hastapenetan, izarra eta fan-aren arteko harremanak islatu baitzituen bere lanetan.


Artista guztiek ere, bat egin zuten oinarri berberean, bizitza arruntean erabiltzen diren gauzak islatu nahi zituzten, bainan estilo bereziarekin, diseinu zaindu eta goi mailakoarekin. ?Garaiko artistak, beren doaiak nahita ez zituzten erabiltzen? azaltzen digu Livingstonek artelanen sinpletasunaz galdetzen diogunean, ?Simpleak ematen badute ere, oinarria eta atzean dutena begiratuta antzemango duzu ez direla batere sinpleak? gaineratzen du.


60.hamarkadarekin batera, grabatuen moda hasi zen, eta horrekin batera Pop artearen zabalkuntza, ?horretan izan zuten estatubatuarrek tentu gehien, erraz asko jakin baitzuten arte moda berri hori publiko zabalera salduz? azaltzen du Marco Livingstonek.


Bilboko Arte Eder Museoan prestatutako erakusketan, artista aunitzen lanak jarri ditu Livingstonek ikusgai. Allen Jones, Richard Hamilton, Joe Tilson, Derek Brasier edo ta Peter Philips artisten lanik esanguratsuenak jarri ditu publikoaren begietara, ez aukerarik galdu.


Bada ez; Atxagak ez gaitu plagiatu


Bernardo Atxagaren lan berriak Lekuak izena izango zuela jakitean, asteasuarrak Eremulauak-en ideietako bat plagiatu zuelako hipotesia otu zitzaigun. Izan ere, jakingo duzuenez, Lekuak izena du web gune honetako ataletako batek; leku bat oinarri harturik ukitu literarioko narrazio motzak agertzen zaizkigun atala hain justu. Hori zen hori web gune hau promozionatzeko aukera ederra ?pentsatu genuen?; baina onartu beharra dugu, tamalez, Atxagak plagiatzekotan izenburua baino ez digula plagiatu (eta ez kontzeptua), eta hori ez zela taxuzko plagio bat. Nago, ezin izango dugula, honenbestez, izen handiko idazle hau salatu? oraindik.


Lan berri hau, Pamiela argitaletxeko Kontagintza sailean argitara eman den arren, saiakeratik gertu dagoen liburu bat dugula esan dezakegu; bertakoak, ?nire gogoeten memoriak? baitira Atxagaren hitzetan. Idazleak berak aitortu duen moduan, liburu hau ez zatekeen posible izango bera idazle profesional izateko jauzia eman izan ez balu eta denboraren poderioz bihurtu den pertsonaia publikoa izatera ailegatu izan ez balitz. Bada, honen ondorioz, hamaika lekutan eman dituen hitzaldi eta enparauen ondotik, hainbat gairen inguruan pentsatu eta (bereziki) idatzi behar izan du, eta beste hamaika idazki horien arteko sailkatze, atontze eta berridazte lanaren ondorio da Lekuak hau. Gogoeta hauek, antza denez, lekuekin loturik bururatu omen zaizkio gehienetan, kasualitate-edo, bere fikziozko lanetan (Etiopia, Ziutateaz, Obabakoak?) gertatu izan zaion antzera.


Gai askoren inguruko gogoetak aurkituko ditugu, honenbestez, liburu honetan, baina denak ere tratamendu serio eta soil batekin, testu gehienak galbahe anitzetatik (hitzaldiak eta bertako, erreakzio, galdera, kritikak eta abarrak) iragandakoak baitira. Ez dira, beraz, boteprontoan idatziriko testuak honako hauek, makina bat hausnarketa eta zuzenketa jasandakoak baizik. Aurkibideari begira ohartzen gara liburu honetan, besteak beste; tradizioari, nazioari, Miguel ?ngel Blancoren erahilketari edota Egunkaria auziari buruzko gogoetak topatuko ditugula. Aipatu beharra dago, azkenik, testu hauek guztiak ikuspuntu partikular batetik eginak daudena, hau da, idazlea gaion gainean abstraktuki teorizatzeko tentaldi oro ekiditen saiatu dela. Liburu honetan izango duzue, hortaz, Atxagak orain arte idatzi dituen ?testuen azpian zegoena?, idazlearen background ideologikoa, alegia.


Bidenabar, Bernardo Atxagak bere lan berria izango denaren berri eman du aurkezpenean. Hamabi etxe Frantzian izenburua izango duen fikziozko lan berria datorren urterako argitaratzea espero duela adierazi du asteasuarrak.

miércoles, 30 de noviembre de 2005

Erraldoiak... eta geroz eta handiagoak


Coldplay-ek Donostiako Belodromoan eman zuen kontzertuan izan ginen. Eurek esan bezala, Euskal Herrian lehen aldiz izan ziren iragan ostiralean. Goldfrapp taldeak ireki zuen kontzertua.


20:45ak ziren, Goldfrapp talde britaniarra jotzen hasteko ordua zen, baina horren ordez Chris Martin bera atera zen eskenatokira, mundu guztiaren zoramenerako: ?talde oso on batek joko du orain, gustatzea espero dut? esan eta alde egin zuen.


Orduantxe atera ziren Goldfrapp-eko neska-mutilak. Elegantzia handiz eskeini zituzten beren kantu elektronikoak, momentu batzuetan ikuslegoaren erantzun ona lortuz, beren diska berriko lehen single-a jo zutenean kasu.


Baina jendea Coldplay ikusteko irrikitan zegoen (sarrera guztiak hilabete bat arinago salduak ziren). Indartsu hasi ziren britaniarrak eta ?Politik? kantuarekin jende saltoka jarri zuten. X & Y diskako kanta gehienak eskeini zituzten, eta izugarri gozatu genuen ?White shadows?, ?Talk? edo ?Speed of sound? bezalako kantuekin. Kantu lasaiagoak ere ederki jo zituzten, Chris Martin pianoan zela. Hala nola, ?Swalowed in the sea? edo ?The scientist?.


Kantu hauekin han bildu ginenon erantzuna ona bazen, irudika daiteke zer gertatu zen beraien hit-ak jotzen hasi zirenean. ?Yellow? abestia publiko guztiak kantatu zuen Chris Martin-ekin batera, puxika hori erraldoi batzuk belodromoaren goialdetik erortzen ziren bitartean. ?Clocks? entzulegoak gehien itxarondakoa izan zen again. Baina azken txanpa ederra izan zen, ?In my place? (Chris jendartera sartu zen hau kantatzeko) eta ?Fix you? kantuekin itxi baitzuten emanaldia.


Aurretik set akustiko bat ere eskeinia zuten, eskenatoki aurrean lau musikariak bildurik eta Johnny Cash zenari eskainitako ?Till kingdom come?.


Aipatzekoa ere, alde batetik, Chris Martin-en frontman lan bikaina, etengabe mugimenduan eta euskara eta gazteleraz hitzak botaz, eta bestetik, argien joko ikusgarria eta atzeko pantailako proiekzio landuak.

Coldplay-ek hiru diskarekin oso talde handia izatea lortu du eta ez da harritzekoa, horrelako zuzeneko ikusgarriak eskainita. Distantzia musikalak albo batera utzita, hurrengo U2-en aurrean gaudela esan liteke. Denborak izango du azken hitza?