Eremulauak: Noiz hasi zinen idazten?Beñat Sarasola (1): Literatura esan nahi duzu?
Eremulauak: Bai… (zalantza egiten du) hori da, literatura; hau da, noiz hasi zinen sormen lanean?B.S (1): Ez naiz gogoratzen.
Beñat Sarasola (2): Hamabost urterekin-edo, ikastolako euskarako irakasleak Urruzuno literatur lehiaketan lanen bat aurkezten bagenuen puntu erdia igoko zigula esan zigunean. Ez dut zinikoa izan nahi. Ez dut aurkitzen literaturan hasteko hori baino modu baztergarriagorik, makurragorik. Benetan diot.
Eremulauak: Zertarako idatzi?B.S (1): Galdera ona.
Eremulauak: Zergatik poesia?B.S (1): Garai batean poesiak iraultza burutzeko balio zuela uste zen. Beranduago, poesiak ezertarako balio ez zuela esaten zen. Gaur egun, poesia idaztea ekintza subertsibo bat da, ilegala ia, ñoñoa, lotsarazteko modukoa. Ezkerrekoak eta eskumakoak, abertzaleak eta munduko herritarrak (barkatuko didate baina euskaraz herritar esan behar omen da hiritar beharrean) ados daude horretan. Molotof koktel bat jaurtitzea sistemak arazo gabe jasan dezakeen ekintza burges-txikia da poesia idaztearen alboan.
B.S (2): Poesia arte espresio gorena da. Sari literario guztiak prosazko lanei ematen dizkiotena da horren froga garbiena.
Eremulauak: Sariei buruz diharduzula aprobetxatuz…B.S (2); Ez, mesedez, ez; galdetu beste zerbait.
Eremulauak: (entzun ez duenarena eginez) zer iruditzen zaizu Euskadi Sarien inguruan sortu den eztabaida?B.S (2): (…)
B.S (1): Funtsean, epaimahaikideak aldatu behar dira. Nire proposamena: epamahai permanente bat. Arnaldo Otegi, Patxi López, Begoña Errazti, Aintzane Ezenarro, Javier Madrazo, Maria San Gil eta Koldo Ordozgoiti. Epaimahaiburua, Ordozgoiti jauna, jakina (berdinketa egonez gero kalitatezko botoa bere esku).
Beñat Sarasola (3): Ondo legoke “
Utikan”ekoek euren sari propio eta alternatiboa sortzea. Xakean urtetan egon den egoera edukiko genuke horrela, bi irabazlerekin, baina aldi berean, benetako irabazlerik gabe. Oraingo egoera baino askoz ere sanoagoa dudarik gabe.
Beñat Sarasola (4): Ez nago bat ere ados.
Eremulauak: Bon, bon, bon, alda dezagun gaia. Zeintzuk dira zure influentzia literarioak?B.S (1): Ez dut influentzia garbirik.
B.S (2): Agha Shahid Ali, Anna Ajmátova, James Schuyer, Langston Hughes, Ágnes Gergely, Anselm Hollo eta Reiner Kunze baita ere apur bat, batez ere bere
auf eigene hoffnung liburuan.
B.S. (4): Homero, Biblia, Virgilio, Petrarca, Dante, Shakespeare, Góngora, Goethe, Baudelaire, Mallarmé, Breton, Eliot, Montale eta Ashbery.
B.S (5): Telésforo Monzón eta Joseba Sarrionandia.
Eremulauak: Eta zergatik Kaxa Huts Bat?B.S (1): Izenburu erredundantea da, egia esan.
B.S (2): Oteizaren omenez.
B.S (4): Harenak metafisikoak zituan, ez hutsak.
B.S (2): Horrexegatik, bere ideia jaso dut hutsaren beste ideia oteiztarrarekin konbinatuz urrunago joateko.
Eremulauak: Baina Marxek esan zuen bezala, historiako gertaerak bi bider jazotzen dira: tragedia gisa eta fartsa gisa.B.S (1, 3, 4, 5 eta batez ere 2): (…)
Eremulauak: Zenbat du autobiografikotik liburu honek?B.S (1): Asko, asko. Barru-barrutik ateratako liburua da honako hau, nire sentimenduak hitz bihurtzen, biluzten, saiatu naiz liburu honetan. Poetak, oroz gain, zintzoak eta egiatiak izan behar dira.
B.S (4): Hau da, bere penak kontatu behar ditu.
Eremulauak: Asko kosta al zaizu publikatzea?B.S (4): Jende guztiak daki zeinen erraza den euskaraz publikatzea.
B.S (1): Bai. Urteak eman ditut literatur lehiaketetara lanak bidaltzen baina ezer ere ez. Ez didate kontsolaziozko sari ziztrin bat eman, ezta Txoritokietako Haiku Lehiaketan ere (errespetu guztia Txoritokietari, esan gabe doa). Editorial guztietan ate joka ibili naiz baina denek bidali naute antzarrak ferratzera (baita hain moderno, berritzaile eta irekiak ei diren Eremulauakeko horiek ere, ez omen zen bideragarria ekonomikoki). Susakoek hasieran esan zidaten ezetz, nire poemek ez zutela deus balio baina nahi banuen Spot bat egin nezakeela. Azkenean, ordea, pena emango nien eta publikatzea onartu zuten. Hori bai, ez dakit esan beharko nukeen baina egundokoa izan da editorearen lana.
Eremulauak: Zer iritzi duzu euskal gatazkaz?B.S (4): Nola?
Eremulauak: Euskal gatazka, el conflicto vasco. B.S (4): (…)
B.S (1): Orain ohartu naiz Euskadi Sarietako balizko mahai horrek normalizazio politikorako mahai gisa balio dezakeela ere… agian.
B.S (2): Ez zait politika interesatzen.
B.S: (5): Kontua erraza da. Eragile ezberdinen konpromiso errealen eta bakoitzaren erantzukizun politikoaren kudeaketaren araberakoa da Prozesuaren bideragarritasuna.
B.S (3): Ni Egibarren aldekoa naiz.
Eremulauak: Eta aurrerantzean idazten jarraitzeko asmorik?B.S (1): Nobela bat dut amaiturik baina orain arte joan naizen editorialetan ez didate publikatu nahi.
B.S (2): Beka bat eman didate AEBetako MITen poesia posmodernoaren inguruan ikertzeko.
B.S (4): Ez dut berriro ezer idazteko asmorik.
Eremulauak: Bukatzeko…B.S (2): Inpresioa dut ez duzula liburua irakurri.
Eremulauak: (gaiztakeriak egiten harrapatu duten umearen aurpegia jarriz) belaunaldi berri baten parte zarela uste al duzu?B.S (1, 2, 3, 4 eta 5): Kontxo, gutxi garelakoan ala?