lunes, 29 de enero de 2007

Mazedoniako eguzkia Skopjen dago

Atzo gauez iritsi nintzen hotelaren funtzioak egiten dituen etxe pribatu honetara. Bertako andrearen ingeles eta alemanaren arteko dialekto berrian prezioa adostu ostean, leher eginda nire gorpua ohera erortzen utzi nuen. Egunsentiarekin batera begiak ireki eta arretaz begiratu dut logela. Goodbye Lenin! filmetik ateratako dekoratua nire begien aurrean azaldu da. Pareta horituetan Tito burkidearen argazkia bilatzen saiatu naizen arren ez dut topatu: lastima Iker itxaron egin beharko duzu!
Portaleko atea ireki eta denboraren tunela pasa dut. Kalean berriz ere XXI. mende gordinarekin tupus egin dut, edo hori iruditu zait kaleko umeak ikusi ditudanean. Mazedoniako Jugoslaviar Errepublika Ohiaren plazan musika jo eta tarteka kola esnifatzen dute haur ijito batzuek. Postalak atsekabetu egin nau eta alboko merkatal gunean sartzen diren pertsonak gorrotatu ditut une batez. Nire burua gorrotatu behar al nuen ba?

Kale eta elizetan barrena egin dut eta gaur egungo Mazedonia independientea Jugoslaviaz ahazteko prest ez dagoela konturatu naiz. Behintzat hori pentsa daiteke kaleko izenei erreparatuta; Karl Marx edo Maxim Gorki kaleak, Proletarioen bulebarra, Partisanoen etorbidea... eta Tito?

Astiro baina ohartu gabe igaro dut Vardar ibai gainetik pasatzen den zubi zaharra. Berriz ere, salto batean paisaia guztiz aldatu da eta auzo turkiar zaharreko kale estuetatik sigi-saga ibili naiz. Meskiten otoitzek ez dute denda txiki ugarien zarata isilarazi. Ni ordea mututu egin naute. Kale bazter batean jendearen joan etorriari so geratu naiz. Segidan hiri zaharra dagoen muinora igo naiz aberria irudikatzen duen emakumearen estatua ikusteko: bere alboan Mazedoniako bandera eta bandera gorria daude. Orduan konturatu naiz Mazedoniak bi eguzki dituela eta horietako bat Skopjen dagoela.          

Harresi zaharra inguratu eta jaisterakoan, Tito Brozen kalea aurkitu dut (azkenean!). Josip Broz hil zen eta berarekin Jugoslavia batuaren ametsa, horretaz jabetu naiz bere izena daraman kalean Kalkultako Ama Teresaren omenezko estatua bat dagoela ikusi dudanean. Barreari eutsi ezinik burura etorri zait: zer arraio egiten ote du Santu izendatutakoaren estatuak deskomuniatutako lider komunistaren kalean? Ez nuen gutxiago espero mazedonia bat den hiriburutik. 

Poesia ondo plagiatzeko metodoaren azalpen laburra, eta adibide bat

Berriro ere plagio kontuekin gatoz, eta bai, berriro ere Atxagarekin. Ez dugu deus bere kontra, garbi geratu zen aurrekoan ere, alderantziz, gure xumetasunean, berak irekitako bidea osatzera gatoz. Izan ere, jakina da bere Obabakoak liburuan, Atxagak “Ondo plajiatzeko metodoaren azalpen laburra” eman zigula, adibide batez ilustraturik eman ere. Metodo hau, ordea, testuan zuzenean adierazten ez zaigun arren, garbi dago prosari begira eginiko metodoa dela. Ez da baliagarri poesiarako. Ikus bestela lehenengo araua: “Plagiatzaile batek argumentu garbiko testuak aukeratu behar ditu”. Argumentua, bada, prosari dagokion kategoria da, ez da baliagarria poesia analizatzeko. Hirugarren arauarekin ere, beste horrenbeste: “Nobela edo ipuinek nonbait eta noizbait gertatutako istorioak kontatzen dituzte. Plagiatzailearen lana izango litzateke ereduaren bi xehetasun horiek aldatzea” Ez du komentariorik beharrik.
Honek guztiak galdera batera garamatza: zergatik ez zuen Atxagak  poesia sartu bere metodoaren barruan? Zer dauka poesiaren kontra? Erantzun estandarrak horrelako zerbait esango luke: Prosa plagiatzea, tira, ez da erabat grabea; baina poesia, mesedez, poesiarekin ez da jolasten. Poesia originaltasunaren eremu behinena da, genioaren leku naturalena, eta ez dago munduan metodorik poesia plagiatzeko balio duenik. Baina ez gaitezen utzi engainatzen, Atxagak lehenagotik bazuen poesia plagiatzeko metodoa, kontua da ez zuela publikatu; hori egin beharrean, praktikara eraman zuen bere poema-liburuetan. Ziutateaz edo Etiopia, bada, poesia ondo plagiatzeko bere metodo ezkutuaren emaitza baino ez dira. Metodo honen berri, honenbestez, ez digu mamu misteriotsu batek eman (demagun Lizardiren espektroak), Atxagaren poemen irakurketa adi eta konparatu batek baizik. Horrela dio metodoak:

Lehenengo araua: Etsai poetiko bat hautatu. Ahal bada, poetika instituzionalaren kontra egin. Gaztea zara eta ausartzat hartuko zaituzte medioek, “belaunaldi berri” eta horrelakoen buru jarriko zaituzte. Jakina, gero zuk ukatu egingo duzu belaunaldi baten parte zarena, zu munduan bakarra baitzara, errepika ezina. Jakina, plajiatu nahi duzun poetaren etsai bera ez hautatu, nabariegia litzateke.

Bigarren araua: Plagiatu nahi duzun poemen teknika jasotzen saiatu. Demagun, beste hizkuntzetako esaldiak txertatzeko joera, pop elementuak, testu publizitarioen eta horrelakoen erabilera…

Hirugarren araua: Sekula ez aipatu plagiatu behar duzun poeta, hura ez da zuretzat existitu ere egiten. Honen ordez, poeta honek maisutzat dituen poeta ilustreak zure egin, inork ez dizu poeta handi baten jarraitzaile zarela leporatuko.

Laugarren araua: Garrantzitsuena, eta prosarako metodoaren azkeneko araua dena halaber. Alegia, literatur teoria garaikidean jantzia egotea, metaliteraturaz, intertestualtasunaz-eta hitz aspertuak emateko gai izatea. Jakina da, kritika eta iruzkinek poemak baino gehiago balio dute.

Adibide bat:

Ikus dezagun Atxagak nola burutu zuen metodo hau, maisuki, dena esan beharra dago, bere liburuetan.

Lehenengo araua: Plagiatu nahi den poetaren etsai poetikoa: gerraondoko poesia sozial espainiarra (Gabriel Celaya, Victoriano Cremer eta horrelakoak). Atxagaren etsai poetikoa: euskal poesia soziala, bereziki, Gabriel Aresti. Hautsi da anphora, mila zatitan multiplikatu da; hautsi da harria, harea bilakatu da. 

Bigarren araua: Atxagaren ereduak idazten du: “del amor fox y sobre todo trot”, bada, Atxagak zera idazten du: “mila liburu erregalatu zituzten bankuek ora eta bereziki labora lemapean”. Atxagaren ereduak Conchita Piquer, Blas de Otero, Yvonne de Carlo, Superman edo Scott Fitzgerald aipatzen dituela, Atxagak Otis Redding, Jon Mirande, Humphrey Bogart, King Kong edo Cravan. Poeta plagiatuak manual batetako lerroak imitatzen ditu, Atxagak telegrama batetakoak. Ereduak “my dear” idazten badu, gure Atxagak “my darling”, hark “venden sentido común”, honek “zoriona gramoka saltzeari ekin zioten”, hark “San Lukács evangelista” bezalako hitz-jokoak, honek “klitxeak beti klitxeak, edo txikleak zapore guztitan”, “pippermint” eta “yougurt fantastikoak” “Palm Beach” eta “Canadako basoak” etcétera, etcétera eta abar.

Hirugarren araua: Atxagaren ereduak Pound eta Eliot aipatzen ditu bere “collage” estiloaren erreferentziatzat. Gogora ditzagun Pott aldizkariko zenbait artikulu: “T.S. Eliot gaurkotasunaz zenbait ohar”, Eliot beraren poemen itzulpenak edo “Barkatu, Cravan” poemako Ezra zaharra.

Laugarren araua: Elemental Mister Watson.

viernes, 26 de enero de 2007

The Who Euskal Herrian izanen da

Maiatzaren 19an izanen da, Barakaldoko BEC-en. Pete Townshend eta Roger Daltrey taldekideak soilik geratzen dira jatorrizko bandatik, bainan hauekin aski izanen da 60.hamarkadan jaiotako talde arrakastatsuaren zale andana biltzeko. Europan barna bira egiten ari dira The Who-koek, Endless Wire disko berria aurkezten, eta gaur konfirmatu egin denez Euskal Herrian ere izanen ditugu ikusgai.
24 urte zeraman taldeak estudioko diskorik atera gabe, bainan 2006.urteaz geroztik Townshend eta Daltrey berriz elkartu ziren, banda moduan, bira eta kontzertuetara itzultzeko.

Ez da izanen Euskal Herrian talde eta musikari klasikoekin gozatzeko izango dugun kontzertu bakarra. Hain zuzen ere, astelehen honetan, rock-aren aita den Chuck Berry izanen baita Bilbon.

jueves, 25 de enero de 2007

Rage Against The Machine bueltan da.

Talde estatu batuarra eskenatokietara bueltatuko da 2007 honetan, Lehenengo agerraldia Kalifornia-ko Coachella jaialdi erraldoiean aginen dutelarik.

Oraingoz argitu gabe geratzen diren duda aunitz sortzen du berri honek, izan ere Audioslave-en (R.A.T.M-eko musikariek Soundgarden-eko Chris Cornell-ekin batera zuten proiektua) geroari buruz ez dute ezer ere argitu oraingoz, ezta kontzertu data gehiagorik eman ere. Adi egon beharko dugu beraz!

domingo, 21 de enero de 2007

Nor arraio da Willis Drummond?

Ez galdetu nola iritsi zen diskoa nire poltsikora. Nik ere ez dakit oso ondo. Anthology. Willis Drummond. Besterik ez du jartzen letra beltzez azal horian. Atzealdealdean zortzi kanten izenak, www.willisdrummond.net helbidea eta kontakturako telefono bat. CD-ak ez dauka kaxarik ere, plastiko berde batean bilduta dago. Eta promo-orri bat dauka, honela dioena:
Kurt Cobain, Malcolm Young, Rory Gallagher... beraien gitarraren soinua eta Willis Drummonden harmonikaren artean lotura aitortzen dutenak asko dira. Zirkunstantzia trajikotan desagertu zenetik 4 urte pasa ondoren 8 abestiko album hau iristen zaigu. Gaur egun ezagun diren grabaketa bakar hauek biltzen, ederki berriztatzen eta CD formatoari erabat moldatzen hutsune hau betetzen da, azkenean. Drummond-en obraren ardatza den bukaeraren gaiaren inguruan bere sorgikeria ospetsu horiekin tarteka ebakitako tentsio sexual hutsa 3 ordu laurdenetan. Tira, entzun beharko da ba.

(45 minutu beranduago)

Eta ez dago batere gaizki. Grunge ukitua nabari zaie diskoa osatzen duten 8 kantei. Batzuetan Nirvanaren musikara hurbiltzen dira, baina 90. hamarkadaren hasiera hartako beste talde batzuei muzin egin gabe (Alice In Chains datorkit, baita Pixies eta Soundgarden ere) batez ere ahotsen melodiari dagokionean.

Hala ere ez dira grungean geratzen, eta beste zenbait eragin ere nabaritzen zaizkio disko honi. Behin argian ezarrita kantaren bukaerak Lisabören eta Bidasoa aldeko beste zenbait talderen uretatik edan duela dirudi. Berriz ere, diskoko seigarren kanta bizia da, zuzena. Usain epelak azkenaren ideiarekin jokatzen du eta nik neuk 70etako soinua somatu diot. Izan nahi nuen bainan... kantak berriz Queens Of The Stone Age-en No one knows-en itxura du entzule honen ustez.

Misterioa argitu nahian edo...

Igande honetako alferkeriari muzin egin eta Interneten begira hasi naiz. Ez zait gehiegi kostatu Garan talde honi buruzko kontu gehiago aurkitzea. Hasteko, Willis Drummond, taldea baita eta ez nik titularrean jarri bezala pertsona bakarra. Skunk, Los Cojonudos eta Berri Beltzak taldeetan ibilitako musikariek osatu dute eta diskoa azken hiru urteetan egindako lanaren ondorio da. Amanita Estudioetan grabatu zituzten zortzi abesti hauek eta datozen hilabeteetan kontzertuak eskainiko dituzte aurkezpen modura.

Baina, nork arraio sartu zidan disko hau poltsikoan? Ai, larunbat gauak...

www.willisdrummond.net

Primavera Sound jaialdiak lehenengo konfirmazioak aireratu ditu

Bartzelonako Primavera Sound jaialdiaren baitan kokatzen dugun All Tomorrows Parties deritzon eszenatokiak baditu lehenengo konfirmazioak. Batzuk ezagutzen ditugu, besteak ordea ez. Euskal Herriko jaialdiek oraindik ez dute ezer konfirmatu, noski.Band of Horses, Brightblack Morning Light, Built to Spill, Comets on Fire, Death Vessel, Dirty Three, The Durutti Column, Grizzly Bear, Isis, Low, Modest Mouse, Oakley Hall, Pelican eta Slint. Horra momentuz konfirmatu diren taldeen izenak. Eta esan bezala, All Tomorrows Parties eszenatiokikoak dira bakarrik, auskalo zer etorriko zaigun gainontzeko eszenatokiekin.

Izango duzue gainontzeko konfirmazioen berri webgune honetan. Sarrerak jaialdiaren webgunean erosi daitezke.

info +: www.primaverasound.com

jueves, 11 de enero de 2007

Ttan Ttakun Irrati Libreak 5. jaia ospatuko du larunbatean

Azken bost urteotan egin izan duten bezala Ttan Ttakun Irrati Libreak jaia ospatuko du larunbat honetan Egiako Gazteszena aretoan. Sarrera doakoa izanen da eta bi areto ezberdin izango dira, bi giro ezberdinekin (edo agian ez ezberdinekin)Alde batetik Punk-Rock Aretoa izango da, Hot Dogs, The Hop LA!, Sfinters eta Dune Buggy taldeen kontzertua izango delarik, DJ Kuolemaren aurretik. DJ Aretoan, ordea, Aritz Sound System, 12 Tribu taldearen kontzertua, Revolutionary Brothers Sound System eta Mr Snoiz eta Putxero izango dira. Gainera, Imanol Costas eta Anna Valentinaren bideo proiekzioak izango dira.

Antolatzaileek hiru taberna ezberdin izango direla gogoratu nahi digute, denen gustura, eta baita arropa gordetzeko tokia ere.