Basque-Eusk izeneko eskaintza atzerritarrei zuzendua dago. Euskara eta euskal kultura ezagutzen laguntzeko eta euskal jatorriko jendeari beren sustraiak aurkitzeko aukera eskaintzen du. Horretarako, besteak beste, Euskal Herriko idazleekin, ikus-entzunezko munduko jendearekin eta abarrekin elkarrizketatzeko aukera emango zaie bidaiariei.
Azkenik, Literatur Bideak eskaintza dago. Gabriel Arestiren Bilbo, Hemingway eta Urdaibai, Pasaia eta Victor Hugo, Axular eta Sarako eskola eta Satrustegiren herri ipuinetan oinarritutako ibilbide gidatuak. Euskal Herritik mugitu gabe, bestelako ikuspegiak izateko aukera paregabea.
Propaganda lotsabako honekin bukatzen joateko, web guneaz ere hitz egingo dugu: baten batek Bideak.info ikusi eta flashean eginda dagoelako eztena sartu nahiko dio nonbaitetik. Horren inguruko eztabaidak gorabehera, niri izugarri gustatu zait diseinua, baita edukiak ere: laburrak eta zehatzak.
Ideia freskoa dela ezin uka. Arazo bakarra ikusten dut: artikulu hau argitaratu ondoren agentzian izango dituzten deiak eta eskaerak erabat neurriz kanpokoak izango direla kontuan hartuta, guretzako lekurik geratuko ote den.