martes, 22 de marzo de 2005

Bakartasunaz bi hitz


Dudarik ez, gurea gizarte bisuala da. Las Vegas-eko argiak eta telebistako eguneroko irudi eskerga inoiz baino gureago dira. Dudarik ez, gurea espektakularitatearen gizartea da, superbowl-arena. Bisuala bai, handia bai, baina horrek ez du esan nahi entzutea ahaztu zaigunik, gauza txikiez entzutea ahaztu zaigunik. Hona Filipe Bidart-en ?Bakartasunaz bi hitz?, hona bere zutabeak.


Bada Literatura hizki larriz idazterik baina bada ere literatura hizki xehez idazterik. Bigarrenaren gisakoa da Filipe Bidartena. Hurbila, humanoa, xehea. Handinahirik gabe idatzitako segurasko. Eskertzekoa agian, denok telebista, literatura edota musika izarrak izan nahi dugun garaiotan. Tituluak iradokitzen duen bezala bakartasuna da gai nagusia. Bakartasuna bai, baina ez modu abstraktuan, baizik eta konkretuan, modu hurbilean. Ez da gizakiaz mintzo orokorrean, pertsonaz baizik, gertutik, konkretuan.


Lehen harria: hurbiltasuna. ?Bakartasunaz bi hitz? ez da ari gizakiaren bakartasun abstraktuaz, inolaz ere. Filipe-z ari da, bere buruaz, pertsonaz konkretuan, hitz xehez, eta bakartasunaz ere era guztiz konkretuan, letra larriak alde batera utzita. Zelda batean hogeita bost hilabetez bakarturik izatea bezain gauza konkertuez. Oraindik ere, nahiz eta berez kanpoan behar lukeen, preso da Filipe. Liburuan ordea, ez zaigu bere presontzaz mintzo baizik eta kartzelaratu zuten lehen garaiaz, bakartuta pasa zituen hilabeteez hain zuzen. Egoera beltza zinez. Halere lekukotza bizia eskeintzen digu eta humorez betea. Humorea baita preso honen arma errutina (zeldako leihatila ere ezin du nahi duenetan ireki) eta bakardade behartuei aurre egiteko, isolamendua den tortura zuriari aurre egiteko. Humorea erresistentziarako bide, horra hor libururako bigarren harria.

Hirugarrena: entzumena. Iluntasuna da nagusi bakartuentzako zeldetan eta halabeharrez entzumena zorroztu behar. Horregatik, onomatopeiaz josten du irakurlea egileak: Klaska!, klunka! eta kliska!. Ezberdinak oso iluntasunean, zinez garrantzitsuak kanpoaz jakin behar horretan. Hurbiletik hitz egiten ari zaigun sentsazioa areagotzen du horrek eta areago oraindik erabiltzen duen hizkerak. Hurbiletik hurbilekoentzat. Baigorrieraz ari zaigu eta oso era errazean gainera, biziki, lagun batekin dabilenak bezala, lotsarik gabe, handi nahirik gabe.

Hiru zutabeak sendoak. Erraz irakurtzen da, azkar asko gainera eta esan bezala gertutik, irakurlea ere hurbileko senti araziz. Filipe Bidartek kontatuta, pertsonak kontatuta, pertsonari, irakurleari. Liburuaren formatua ere apain askoa da, Exprai-k eginiko ilustrazioez atondua. Filipe bera ageri zaigu marrazkiotan, berriz ere hurbila, irri barrez gehienetan, zirikatzaile beti. Ez da hitz larriz idazteko literatura, argi dago, baina ez du halakorik bilatzen ere, humiltasunetik dago idatzita. Urteko nobela, ?nobela izarra? bilatzea beste zereginik ez dutenei aurrez esango diegu ez dutela halakorik topatuko hemen, baina sorpresaren bat jaso dezakete agian, pertsonak soilik eman ditzeketen sorpresa horietako bat.

Zein? + Split 77

SPlit 77 + Zein?: Bi talde bilbotar, biak etxean jokatzen. Eta biak goleadaz irabazten.Kafe Antzokira sartu eta eskenatoki gainean kokaturiko bi bolek deitu zuten nire arreta. Diskoteketan egoten diren horietako bi bola erraldoi zeuden eskegita, baina ez nituen denbora gehiegi begiratu, Zein? taldeak eskatzen baitzidan bere arreta. Nabaritzen zen beraientzako ere kontzertu berezia zela Bizkaiko hiriburukoa. Leku magikoa da Kafe Antzokia Bilbo inguruetako talde askorentzat, gau hartako bi protagonistak haien artean. Lagunak begira zituzten ezkerraldekoek eta baita Juan Ortiz ere, orain arte baxulanetan ibilitakoa, eta arrazoi pertsonalak direla medio taldea uztea erabaki duena berriki. Berarentzako eskainia gaueko abestirik hunkigarriena. Kontzertu zuzena eraman zuten aurrera Zein?-eko taldekideek, kontzertua aurrera zihoan heinean, emozionaltasunean galduz eta eragingarritasunean irabaziz. Kitarra riff izugarriek bideratutako kantuek azken diskoan iragarritako bideari jarraitu zioten, Photograma deiturikoa. Beraien hitzetan, berau aurkezteaz gain baxularia estreinatzera ere bazetozen. Ni noizean behin diskoteka batetik lapurtutako bi bola horiei so egiten jarraitzen nuen, haien eginkizuna oso ondo ulertu gabe (?etorri nintzen aurreko aldian ez zeudela esango nuke ba nik...!?). Kristoren intentsitatearekin burututako kontzertua ikusi ahal izan genuen bertan bildutakook, argiekin maisuki lagundutako ikuskizuna.


Orduan, eta tresna aldaketa pisutsu baten ostean, Split 77 azaldu zen taulagainera. New Order gogorarazten die askori deustuar laukote honek, eta ez zaie arrazoirik falta. Glamour ukitua eman zioten, oso zainduriko estetikaren itzalpean. Zeruari begira eta teilatutik eskegitako bi kristaldun bola horiek aztoraturik ninduten, gaueko momentua heldu zenerarte: ISOLATION, Joy Division-en bertsioa. Kafe Antzokian iluntasun osoa, eta odola dantzetan zuen publikoak eromen kolektiboari eman zion bidea. Iluntasunak momentu batean kristalezko bi bolei zuzendutako bi fokuri eman zioten pasu, eta Kafe Antzokitik ?The Factory?ra bidaiatu genuen bertara hurbildutakook. 80. hamarkadako Manchesterrera. Izugarria argi-jokua. Eta izugarria Isolation. Diskoan ez bezalako bertsio dantzagarrian, baina originala baino askoz dantzagarriago: Kafe Antzokiak ez zuen besterik espero. Gau magikoa bai taldeentzako eta baita bertara hurbildutakoontzako.

domingo, 6 de marzo de 2005

Hamabost modu esan ezin diren gauza horiek esplikatzeko

Autoan doazen bitartean eztabaida bizian ari den bikote bat, apunteak ikasi ezinda leihotik bikote bat zelatatzen ari den ikaslea edota etxetik ihes egin duen neska gaztea: horiexek dira, besteak beste, Karmele Jaiok (Gasteiz, 1970) Hamabost zauri bere lehen liburura ekarri dituen pertsonaiak. Lehen liburua du, baina aurretik ere izan genuen bere berri, hainbat literatur lehiaketa, 2004. urteko Igartza saria besteak beste, irabazi baititu.Hamabost istorio bildu ditu guztira, hamabost bizitza zati, hamabost zauri; batzuk gupidarik gabe irekiak eta odoletan (Izen hauskorrak narrazioan adibidez); itxiko ote diren galdetzen digutenak besteak (Zauri kronikoak). Badira bakardadeak sortutako zauriei buruz ari diren istorioak (Lainoa sartu da) eta errutinaren labankadak agerian uzten dituztenak (Zuk nahi duzuna).


Horien guztien atzean aitortu gabeko sekretuak, bete gabeko gurariak eta egunerokotasunaren premiekin derrigortuta bizi diren pertsonak ipini ditu Jaiok. Giza harremanek sortutako minari buruz idatzi du egileak, eta errutinak sotutako tragedia txikien benetako dimentsioa azpimarratu du lehen obra honetan. Narrazio hauetako protagonistak, edozein hiritako pertsona anonimoak izan litezke, baina bakoitzak badu harrapatzen gaituen zerbait, aspalditik ezagutuko bagenitu bezala. Istorio intimistak dira, kanpoko itxurak alde batera utzita pertsonen muinera zuzen zuzenean doazenak, eta hori dela eta, irakurleak bere izakeraren alderdiren bat topa dezake narrazio hauetako pertsonaietan.


Kritikaren bat egitekotan, agian ukitzen dituen gai sakonak direla eta, narrazioek luzeagoak izan beharko luketela esan beharko genuke. Batzuetan gehiago sakontzea eskatzen dutela istorioek.Gehiago irakurtzeko gogoz geratu garela azken finean. Baina lasai, Igartza saria irabazi duen Amaren eskuak eleberria bidean da eta. Bitartean zain egongo gara. Orain artekoak merezi izan du.

Handitasuna ulertzeko moduak

Adolf Hitlerri buruz dena esana zegoela uste genuen. Oker geunden. Ezin da inoiz zerbaiti buruz dena esan: hala erakutsi digu Harkaitz Canoren (Lasarte-Oria, 1975) Belarraren ahoa nobela berriak. Historia berridatzi eta diktadore handia (Gizon Txikia izena jaso du eleberrian) AEBren konkistara bidean irudikatu du Canok, Wagnerren musika eta guzti. Hori gutxi balitz, diktadoreak preso darama bere barku handian Charles Chaplin, Hitlerren lepotik barre egin zuen komediantea. Beste plano batean Olivier Legrand zamaketariak XIX. mendearen amaieran amerikara bizimodu hobearen bila egindako bidaia ("Askatasun anderea" daraman barkuan polizoi moduan egindakoa) kontatu digu lasartearrak. Legrand zamaketaria eta Hitler diktadorea. Zuria eta beltza. Bien artean zubi lana egingo du Chaplin komedianteak. Komedianteari emandako tratuan ikusiko da zenbateraino den batena handitasuna eta bestearena miseria. Izan ere, liburuan esaten den moduan belar artetik begiratzean hutsaren parekoa dirudi heroiaren estatuak eta erraldoia aldiz segalariaren lan xumeak. Ideia horrek eskaintzen dituen aukerak erabili ditu Canok eleberri original honetan.


Historia filme posible guztien artean bat baino ez dela erakutsi digu gainera. Chaplinek liburuaren hasieran argitzen duen bezala, "Beti daude bi film: egin zena, eta bidean geratu zena. Bigarrena izaten da onena , ia beti". Ideia horri helduta bigarren filme hori lapurtu dio iraganari. Baina iragana esaten den lekuan etorkizuna ere esan daiteke, eta zentzu horretan liburu honek amets egiteko aukera guztiak zabaltzen dizkigu. Originala, irakurterraza eta mami handikoa.

miércoles, 2 de marzo de 2005

SEXMETRAIA lehiaketa martxan jarri da

Arrasateko Udalaren menpeko Sexologia Zerbitzuak SEXMETRAIA 2005 laburmetraien lehiaketa jarri du martxan. Maiatzaren 25a baino leen daude lanak aurkezteko epea, bi kategoria nagusi izango direlarik: zineman egindako film laburrak eta bideoan egindako film laburrak. www.sexologiazerbitzua.com/sexmetraia helbidean aurkitutzen dira lehiaketaren inguruko xehetasunak, eta baita bertan parte hartzeko inskripzio orria ere. Lehiaketa honek izango duen berezitasunik aipagarriena gaia bera da hain zuzen ere: sexualitatea. Sariak, besteak beste, hauexek izanen dira: 1500 ? irabazlearentzat, 600 ? sexolog?a sari bezala, eta azkenik 300 ? euskarazko laburmetrai onenari.


Lanak, euskera edo gaztelania ez den beste hizkuntza bat erabiltzen badu subtituluak erabili beharko ditu. Lanak helbide honetara bidali beharko dira Ekainaren 10a baino lehen:


SEXMETRAIA 2005
Sexologia Zerbitzua
Bitteri 3
Arrasate 20500
Guip?zcoa


Infomazio gehiago honako telefonoan: 943 798010 edo helbide elektroniko honetan: sexologia-zerbitzua@arrasate-mondragon.net