lunes, 28 de enero de 2008

A las cinco en el Buenpas

(R.M eta T.M Buen Pastorreko elizako eskaileretan eserita. 5 p.m)

-Ea, momentu bat, hemen alkandorako lepoa tolestuta duzula… orain hobeto.

-Gustatzen zaizu?

-Zer baina?

-Alkandora berria.

-Kendu jertsea ondo ikus dezadan ba.
(R.M-k koadrodun jertsea kentzen du)

-Ederra, arrosa asko eramaten da aurten.

-Horregatik (…) ekatzu pipa zorroa, arren.

(T.M-k pipa zorroa ematen dio R.M-ri, eta honek eskukada bat hartzen du)

-Eta orduan Teledonostin aterako zarela bihar?

-Bai, goizean galdera bat egin didate kalean Titoren programakoek: harrobia bai? ez?

-Eta, zer erantzun diezu?

-Baietz, etxekoekin jokatu behar dela; gero pare bat atzerritar diferentzia markatzeko eta hori.

-Arrazoi duzu. (…) Espainolak atzerritarrak dira?

- (…) tira, esan nahi nuen harrobikoak ez direnak, edonongoak direla ere.

-Ah, noski

-Niri politikak bost axola

-Niri ere bai.

(…)

-Eta zu atzo Diario Vascon eh!

-Bai, gustatu zitzaizun?

-Ados nago, motorrentzako aparkalekuak falta dira; azkenean beti espaloian jarri behar izaten dut.

-Eta gero multa.

-Eta gero multa, eskerrak Héctor laguna dugun.

-Bai.

-Ah! Eta lortu ditut Bruce Springsteen-erako sarrerak.

-Nola? Honezkero agortuta daudela entzun dut-eta.

-Badakizu… Get In-ekoa ezagutzen dut.

-Ah bai, ahaztua nuen.

-Baina zuk entzun al duzu Springsteen horren musika?

-Bai, gizona, “We are the champions!” famatu hori berea da.

-Arrastorik ere ez.

-Gainera, uste dut Ubagok bertsio bat egin zuela.

-We are the champions horrena?

-Ez ez, beste abesti batena, no se que de la libertad.

(…)

-Portzierto, burtsa zer moduz doa?

-Erdipurdi.

-Down Jones-a?

-Egonkor.

-Pozten naiz.

-Ni ere.

-Aizu, hemen wifia hartzen al da?

-Uste dut baietz, zertarako behar duzu ba?

-Autobusen ordutegia begiratzeko.

-Ah.

(R.M-k ordenagailua pizten du)

-Bai, hartzen da.

-Primeran.

(R.M-k ordenagailua ixten du ordutegia begiratu ondoren)

-Pontxoak non gorde dituzula esan duzu?

-Bata-n.

-Ordua da ezta?

(T.M-k ordularia begiratzen du)

-Bai, aurrera.

-Alza Buenavista edo Itxaurrondo Sur?

-Intxaurrondo Sur.

-Egurra.

miércoles, 10 de octubre de 2007

(Radioheaden ondoren...) Nine Inch Nails ere bere kontutik ariko da

Nine Inch Nails taldeak bere web gunean adierazi duenez, bere kabuz ariko dira hemendik aurrera, euren lanak diskoetxe batekin kaleratu beharrean. Cleveland-eko (AEB) taldeko abeslari Trent Reznor-ek honela azaldu du erabakia: "18 urte pasa ditut grabazio kontratuen bidez lanean eta negozioa erabat mutatzen ikusi dut modu batetik, erabat desberdina den beste batera; eta plazer handia ematen dit entzulegoarekin harreman zuzena edukitzeak, nik ikusten dudan modu egoki eta komenigarrienean".
Eremulauak-en aipatu genuen Radiohead taldeak ere antzeko erabakia hartua duela, eta bere disko berria www.inrainbows.com helbidetik doan deskargatzen ahal dela dagoeneko. Sustatun aipatu dutenez, blog batzuetan dagoeneko ari dira esaten Interneteko musikaren alorrean une garrantzitsua bizitzen ari garela. Ikusi beharko da zer ematen duen. Dena dela, eta Reznorren hitzak erabiliz, esan dezakegu garai "benetan zirraragarriak" datozela.

Info+: www.nin.com

martes, 9 de octubre de 2007

Kontuz iPod-arekin, zure galtzak erre ditzake!

Lehenago ere abisua pasa genizuen eta ez diguzue kasurik egin: iPod-ak eta mp3-ak entzuteko bestelako aparailuak biziki arriskutsuak dira. Atlantatik (AEB) dator oraingoan albistea: gizon batek salatu duenez bere iPod nanoa su ta gar hasi zen bere poltsikoan (eta ez musika heavya entzuten ari zelako preseski). 15 bat segundu iraun omen zuen suak eta golkoraino iritsi zitzaion.
Info + (ingelesez): http://www.networkworld.com

viernes, 5 de octubre de 2007

Zero 7 taldeko kideen egitasmo paraleloa Bilbon

Agian zuetako gehienontzat ezezaguna den talde baten kontzertua aurkeztera gatoz oraingoan: Zero 7. Beno, hauen proiektu instrumentala hobeto esanda. Zero 7 talde oso ezaguna da Erresuma Batuan, Massive Attack edo Portishead bezalako taldeek eztanda egin zutenean, trip-hoparen urrezko garaian hain zuzen ere, aipatu taldeak milioi kopia inguru saldu zituen. Ai, formatu fisikoari garrantzia ematen zitzaionean...!Asteartean, hilaren 9an izango da Ingrid Etoren kontzertua, Bilboko Kafe Antzokian. 2006an “The Garden” hirugarren diskoa kaleratu zuten, momentuz argitaratu duten azkenengoa. Bertan Sia Furler edo Jose Gonzales bezalakoen laguntza izan zuten ahotsak grabatzerako orduan. Orain Ingrid Eto talde paraleloarekin datoz, esan bezala. Doinu instrumentalak eskaintzen dituzte eta taldearen arrakasta handienak nahiz argitaratu gabeko doinuak eskaintzen dituzte. Azkenengo hamarkadan dowm tempoak izan duen erreferentzi nagusienetariko baten aurrean gaude.

Youtube-rako esteka batzuk:

hemen, hemen, eta hemen.

Eta myspace esteka batzuk ere:

hemen eta hemen

Esandakoa, datorren asteartean Bilboko Kafe Antzokian, Matti nafarrekin batera. Hemen hauen inguruko informazio piskat bat.

PS: Bai, estekak egiten ikasi dut...

martes, 2 de octubre de 2007

Radioheaden berriak "IN Rainbows" izena hartuko du

Radiohead taldeak badu prest bere disko berria, 2003an "Hail To the Thief" kaleratu zutenetik isilean aritu ostean. Beno, Thom Yorke abeslariak bakarlari gisa diskoa argitaratu zuen, baina talde bezala geldirik zeuden ordutik. "In Rainbows" da diskoaren izena, eta oraindik eskuratu ezin daitekeen arren, xehetasun batzuk eman dituzte:Binilo, konpakto eta deskarga digital formatuan eskuratu daiteke (urriaren 10ean eskuragarri azken hau). Biniloa abenduaren 3an kaleratuko dute, eta konpaktua bezala, bi disko izango dira. Deskarga digitalari dagokionean jada eskuratu daiteke, baina bakarrik lehenengo diskoari dagokiona, hau da, lehenengo diskoa Internet bidez deskargatu ahal izango da, baina bigarrena bakarrik KD edo binilo formatuan. Hori bai, nahi duzuna ordaindu ahal izango duzu Internet bidezko erosketan, 0 libratik nahi duzunerarte.

Hau da "In Rainbows" disko berriaren track-lista:

CD 1: (digital download and discbox)
"15 Step"
"Bodysnatchers"
"Nude"
"Weird Fishes/arpeggi"
"All I Need"
"Faust Arp"
"Reckoner"
"House of Cards"
"Jigsaw Falling Into Place" (also known as "Open Pick")
"Videotape"


CD 2: (discbox only)
"Mk 1"
"Down is the new up"
"Go Slowly"
"MK 2"
"Last Flowers"
"Up On The Ladder"
"Bangers and Mash"
"4 Minute Warning"

lunes, 1 de octubre de 2007

Latzen berriro elkartuko da

Danbaka.com-en aurreratu zaizkigu albistea eman eta gogoeta egiten. Badirudi aurtengoan 1990eko hamarkadako taldeen itzulera masiboa datorrela: Deabruak Teilatuetan izan zen aurrena, Kashbad gero eta orain Latzen. Nostalgikoentzat urte aproposa beraz (edonola, izan al liteke inor nostalgiko aurreko hamarkadarekin?) Txintxarri managementak jakitera eman duenez, Latzeneko kideek bihar eguerdiko 12:00etan prentsaurrekoa eskainiko dute Donostiako FNAC-en xehetasun gehiago emateko.

domingo, 30 de septiembre de 2007

NOFX Bilbon: prestatu zuen patineteak

Bilboko Etxetxu pabilioian (barka garbizaletasun edo keria, La Casillaz ari naiz, ulertu ez duenarentzat) joko du NOFX talde kaliforniarrak azaroaren 15ean. Hardcore melodiko deitu zitzaion mugimenduko talde garrantzitsuenetakoa da NOFX. 1982an hasi zuten beren ibilbidea, eta ia hamabi urte beranduago, 1994an, kaleratu zuten mundu osoan ezagun egin zituen Punk in Drublic diskoa. Skater-ek bereziki gurtzen duten taldea da Fat Mike eta konpainiarena. 10 disko luze, 15 EP eta single ugari argitaratu dituzte eta sei milioi disko baino gehiago saldu dituzte mundu osoan.

viernes, 28 de septiembre de 2007

Zinemaldira joan nintzen eta ez naiz damutzen

Hau ez da zinema aditu baten testu bat, honek road-movie baten itxura handiagoa hartuko duelakoan nago. Asuntua da Zinemaldian egon ginela, gure lehenaldia, bataioa genuen Donostiako urteko ekitaldi sozialik garrantzitsuenean. Eta hasiberriei gertatu ohi zaien bezala, guk ere ordaindu genuen.Ostirala, Bilbo inguruko ospe handiko eskola batetik abiatzen gara, Donostiarako bidean. Sarrerak Internet delako lanabes zoragarriaren bitartez eskuratu ditugu. "Ez fisikoki", esan nion lagunari. "Nola ez fisikoki?". "Joder, ba erosi-erosi ditudala, baino sarrerak oraindik ez ditudala" "eta ezin izan dituzu hartu, fisikoki edukitzeko?" "Ba dirudienez Kutxan jaso behar dira. Bi minutu dira bakarrik!". "Espainol bi?" "Ez zegoen ia sarrerarik, zer nahi duzu?"Denboraz larri gabiltza, egia da, eta gainera A8 marabillosoak bere ilara famatu horietako batekin agurtzen gaitu, Itziarreko gasolindegiaren parean. Hori bai, Zarautzeko parean "7,10" azaltzen digu langile euskaldun itxurako batek. "Baina nola, bi ordu Bilbotik Donostiara eta gainera ordaindu behar?", hau pentsatzen dut, ez dut esan. Ez dut lotsagabea iruditu nahi.

Beno, ba heldu gara Donostiara azkenean, Pasai Antxoko etxetik pasatu gabe. Jatekoa ustelduko zaigulakoan gaude, baino zer egingo diogu... Aparkalekuagatik ere ordaindu beharko dugu, baina urtean behin da hau, ze demontre!

"La Linea Recta" deitzen zen ostiraleko filmea. Principe aretoetan. Espainola, bai, zer gertatzen da? Aurretik aipatu dut sarrera oso gutxi gelditzen zirela, film interesgarri gehienak (bai, bazeuden) agortuta zeuden. Filmak esperimentazio zantzu batzuk azaltzen zituen, komunikazioaren inguruko hausnarketa bat zela esan zigun zuzendariak. Beno, hori sekulako ilara bat egin ostean.

Filma ez zen txarra. Baina ez zen sekulakoa. Ez zegoen istoriorik. Noelia deituriko gaztea zen protagonista. Gasolindegi batetan egiten du lan gauetan. Filme osoan monosilaboak baino ez ditu esaten (bai, ez, ez dakit), suposatzen da gizartetik at sentitzen dela. Sagar bati azala kentzen badio, zuzendariarentzat ez da nahikoa planoa 5 segundutan uztea, ezta 10 segundutan ezta ere. Sagar OSOAri azala kendu ostean (eta ezer esan gabe, bi minutu inguru) jaten hasten da. Zatika-zatika, eta inolako estutasunik gabe. Isiltasun momentu gehiegi. Gainera, ez-ahozko komunikazioak ez zigun gehiegirik esaten, interpretazioa erdipurdikoa zen. Ez ginen pasearen osteko hitzaldi-kolokiora gelditu. Ia guztiak joan ginen, elkarri begira. Edo ez dugu ezer ulertu edo zuzendariak ez digu nahi zuena transmititu. Bigarrenarekin aukerari jarri genion "tick".

Hurrengo egunean beste film espainiar bat ikusi genuen. Honek bazuen istorioa, baina mila aldiz ikusi duguna. Familia baten arteko komunikazio arazoak, sexua, desleialtasuna, hiltzen diren familiartekoak eta horrek sortzen duen etsipena... Nancho Novo zen protagonistetako bat, baina bere ohiko erregistrotik urruti. Hori eskertzekoa behintzat.

Ez dakigu zer gehiago esan... azkenengo egunean, larunbatean, Richard Gere ikusi genuen. Beno, gezurra da. Urumearen beste aldetik flashak ikusi genituen, hori da guztia. Baina Zinemaldiaren hesteak ikusi genituen: Kursaal inguruan duten lokalean egon ginen, bobinak albo batetik bestera eramaten dituzten (eta muntatzen dituzten) lokalean hain zuzen ere.

Beno, hori eta euria egin zuen. Eta Donostian sekulako hotza egiten duela. Gauetan batez ere. Eta parranda eskasa dagoela, alde zaharrean tabernetara joateko flyerrak ingelesez eman zizkiguten. "2X1" unibertsala edo "Realaren partidak botatzen ditugu pantaila erraldoiean" non gelditu dira?


Oraindik uste dut badagoela zeozer ikusteko aukera. Bihar amaitzen da glamourrarekin zita.

viernes, 21 de septiembre de 2007

Rock the Kashbad!

Oreretarrak bueltan dira. Web gune honetako forotik dator notizia, eta Entzun! aldizkariaren web gunean berretsi dute: Kashbad taldea bi kontzertu eskaintzeko batu da. Horietako bat Bilboko Kafe Antzokian izango da.
Zer gehiago esango dugu... Deabruak Teilatuetan-en itzulera poz handia izan zela, eta hau ez dela txikiagoa. Zer arraio: Rock the Kashbad!

miércoles, 19 de septiembre de 2007

Lost in the superbookmarket

Nire maniak ditut liburuekin, mundu guztiak bezala. Grabea? Ez, ez gehiegi, baina tira. Eguraldi aldaketak eragiten dit antza, batez ere irailean, eta azken urteetan beti gauza bera gertatzen zait: edozein liburu hartu, begiratu, lardaskatu, utzi, ostera hartu eta azkenerako, zarakatua eta maiztua itzultzen dut atzera apalera. Ezin irakurri. Idazle batenak salbu: Pio Baroja. Bera da hilabete osoan lasai hartu dezakedan bakarra. Klimaren kilimak.
Zorionez, on Piok bibliografia zabala utzi zuen eta beharko ditut beste hamaika irail, eskribitu zituen guztiak irakurri nahi baditut.

Edo ez. Lehenago aurkitu egin behar.

2007. urte honetarako Barojaren zein liburu irakurriko pentsatzen aritu naiz azken asteotan. Txalaparta argitaletxeak duela hilabete batzuk berrargitaratu zuen El País Vasco irakurtzeko deliberoa hartua nuen, besteak beste Alberto Barandiaranek duela hilabete batzuk Berrian idatzitako artikulu batek animatuta (beste baterako utziko dugu interes politikoak tarteko liburuak zikiratzen dituzten argitaletxeena).

Joan naiz bada Bilintxera... barka, Elkarrera... Megadendara... Beno, Donostiako Fermin Calbetonen dagoen liburu dendara (jabetzen ote dira horrelako izen aldaketek sortzen duten psikosiaz? Horretaz ere beste batean ariko gara again, agian).

Joan naizela, joan naizenez eta bila hasi. Aldatua aurkitu dut superbookmarketa. Liburuak, lehen argitaletxeka antolatuak, orain ordenalfabetix-ean zeuden. Ez zait gaizki iruditu.

Hasieran.

Nobela, poesia, saiakera... eta literatur genero berri bat: Euskal Gaia. Hau da, gaztelaniaz kaleratutako argitaletxeen liburu guztiak generoka eta ordena alfabetikoan aurkitu ditut, eta beste atal batean, ardurazko distantzia mantenduz, euskarazko liburuak gehi Euskal Herriko argitaletxeenak.

Aizkorakada horretatik bi ezpal eta zotz batzuk:

1- Galdera: Non sailkatu Euskal Herriaz erdaraz aritu diren idazleak? Barojaren bila hasi eta beste edizioak erraz aurkitu baditut ere (Cátedra, Espasa eta abar, tartean Zalacain el aventurero, "Euskal Gaia" inondik ere) ezinezkoa izan zait Txalapartakoa aurkitzea eta atzera eta aurrera ibili behar izan dut, "Nobela" sailetik "Euskal Gaiak"-era, "Euskal Gaiak"-etik "Nobela"-ra. Horrela ixteko ordura arte, bidean hilabete honetan irakurri ezingo ditudan (gogoratu mania) bi liburu hartuz. Ondorioak:
a) Ez da praktikoa.
b) Supermerkatuetako kutxen ondoan txikleak jartzearena da hau. Bueltaka-bueltaka azkenean behar ez dena ere erosi egiten da.

2- Literatura ereduaz, kanonaz eta bestelako hitz totem eta tabuez hainbeste ari garen honetanotu zait liburu denden politikaz ere berba egitea ez legokeela gaizki. Euskal argitaletxeetako arduradunei galdetzea, adibidez, zer iruditzen zaien kaleratzen duten guztia "Euskal Gaiak" atalean bai ala bai sailkatu behar hori, izan zientzia fikziozko nobela, poesia pornografikoa ala mahai herrenaren luzapen ortopediko izateko sortutako hiztegia. Hizkuntzarengatik bakarrik edo hemen argitaratuak izateagatik bakarrik. Ze Atxagaren nobelak, espainolera itzulita, "Nobela" atalean aurkitu ditut.

Baina euskaraz bada, beti da "Euskal Gaia".

Jar gaitezen orain erosle arruntaren lekuan. Liburu bat gomendatu diote, demagun Paul Austerren azkena edo Woody Allenena. Demagun biak (New Yorkek merezi duelako, zer arraio). Joan da dendara eta hara non aurkitu dituen: Viajes por el scriptorium mendebaldean, Dans le scriptorium ekialdean; Anagrama mendebaldean, Actes Sud ekialdean; eta bigarrena: Pura anarquía, Tusquets, mendebaldean; L'erreur est humaine, Flammarion, ekialdean. Erosi eta etxera abiatu da.

Alfer alferrik aritu al dira kasu horietan Alberdania eta Meettok euskarazko itzulpenak erdaretakoekin batera kaleratzeko eginahaletan? Euskal irakurleak derrigorrez militantea izan behar al du, eta badaezpada "Euskal Gaiak" atalera joan, itzulpenik ba ote dagoen ikusteko? Ez al litzateke logikoagoa nobela atalera joan eta bi liburuak, erdarazkoa eta euskarazkoa batera aurkitzea?

Ez bakarrik argitaratu berri diren itzulpenekin. Zergatik Hernani eta Les Misérables-en ondoan ez dut Idi orgaren karranka aurkitu behar? Nola jakingo dut Graham Green-en The third man euskaraz aurki dezakedala?

Hori itzulpenen kasuan. Zer esanik ez jatorriz euskaraz idazten direnekin. Zer gaitz dute euskal idazleek bada, beste hizkuntzetakoekin ez nahasteko? Zergatik ezin dut aurkitu Updike-ren alboan Urrutikoetxea? Horrek euskarazko literaturari fabore arola egiten diolakoan nago. Ikustezin egiten du, edo behintzat desberdin.

Arraro.

Ez-normal.

Ez al zaizue iruditzen?

martes, 18 de septiembre de 2007

Woody Allen-en "Anarkia hutsa" euskaraz

Donostiako Meettok argitaletxeak euskaraz kaleratu du Woody Allen-en azken liburua. Anarkia hutsa izenburupean ikusi du argia ipuin bilduma berriak, ingelesezko jatorrizko edizioa argitaratu zenetik hiru hilabete besterik pasa ez direnean.
Bere-berezkoak dituen umore eta ironiaz beteriko 18 narraziok osatzen dute Anarkia hutsa. Hogeita bost urte pasa dira Woody Allenek bere azken umorezko antologia kaleratu zuenetik, eta albiste hau idazten ari dena oker ez badago, orain arte inoiz ez zen bere libururik euskarara itzuli. Zorionekoak gu, beraz.

jueves, 30 de agosto de 2007

Deabruak Teilatuetan berriz ere taula gainean

Abenduaren 29an, Bonberenean igoko da eskenatokira Tolosako laukotea. 9 urte dira, azkeneko aldiz elkarrekin ikusi ahal izan genituela. Eta ez hori bakarrik, disko berri baten prestaketan dihardute egunotan Deabruak Teilatuetan. 1973 jarri diote izenburutzat, haiek jaio ziren urte bera hain zuzen ere.

Askok ez genituen zuzenean ikusteko aukerarik izan, bainan haien diskoekin ederki gozatu genuen. Itsumutugor eta Zein da zein bezalako diskoak jada, Euskal Herriko rockaren historiako ezinbesteko izenburu bihurtu ziren. Punky-ak eta Heavy-ak nagusi ziren garaietan, zedozer ezberdina egiten saiatu ziren Deabruak Teilatuetan taldeko kideek. Melodia gehio, xuabeago agian...kontua da zaletu piloa lortu zutela. 1998an utzi zioten jotzeari, ikasketak zirela eta ezinezkoa baizitzaien taldeko erritmoari jarraitzea. Orain, jada 30urte bainon gehio dutela berriz ere bueltan dira. Bonberenean eta Anoetako Gaztetxean aritu dira entsaiatzen. Presiorik gabe, helburu handirik markatu gabe...soilik ongi pasatzeko eta elkarrekin aritzeko ilusioarekin. Azaroan karrikaratuko dute diska (Durangon badakigu jadanik zer erosiko dugun beraz) eta abendutik aurrera herriz herri ibiliko dira haien doinu berriak erakusten.


 


Informazio gehio: Berria


 

lunes, 20 de agosto de 2007

Akatu eta Nun lehendabidebizikoz elkarrekin eszenatoki gainean

Gure ediziogunearen parte diren bi taldeek eszenatokia konpartituko dute lehen aldiz Bilbon, bertako Aste Nagusian, bihar bertan. Triangune deritzon eszenatokian izango da, Mekauen eta Sin Kuartel txoznen alboan, Bilboko Areatzan. Gaueko 21.30etatik aurrera izango da, horrela, Akatu su artifizialen aurretik arituko da eta Nun hauen ostean. 23:00 aldera.Gogoratu bakarrik Akatuk "Utopiaren Indarra" diskoa aurkezten ari dela Euskal Herrian barna eta Nunek "Collage" diskoaren abestiak taularatuko ditu, eta baita kantu berri batzuk ere, prestatzen ari diren grabaketa berrira begira konposatu dituztenak.

Esandakoa, Eremulauak saio berezia bihar bertan Bilboko Areatzan, 21.30etatik aurrera.

Info +: www.myspace.com/nunsarean
          www.myspace.com/akatu

lunes, 6 de agosto de 2007

Etxekaltek estilo orotako sesioak antolatu ditu Aste Nagusirako

Donostiak gero eta jarduera gehiago biltzen ditu Aste Nagusian zehar. Piratek antolatutakoez gain, Etxekalte bezalako tabernek antolatutako ekitaldiak goraipatu behar dira. Sesio guztiak gaueko hamabi t'erdietatik aurrera izango dira, eta goizeko seiak arte luzatuko dira. Hona hemen kartela, abuztuaren 12tik 18ra luzatuko dena:Igandea 12: Revolutionary Dub Brothers
Astelehena 13: Maikol
Asteartea 14: El Nota
Asteazkena 15: Fribotik
Ostirala 17: K**O
Larunbata 18: Marek

Halere, guri ez zaizkigu Aste Nagusian burutuko diren sesio-ekitaldi-kontzertu ez-instituzionalen zerrenda osoa heltzen, hortaz, gomendagarriak iruditzen zaizun zerbaiten inguruan hitzegin nahi badiguzu, hementxe duzu aukera:

viernes, 3 de agosto de 2007

Poesia -vs- maitasuna...

...edo soneto apológico batzuk bete arrazoi irakurlea autobusean doala eskuartean poesia liburuak izan ditzan (ez dago zertan irakurri) nobela, ipuina eta genitalen kaltean, negarraren ederra!
Autobusa, oh autobusa! Hori bai leku salbaia, ederra, humanoa! Han daude jakintsuetan jakintsuenak liburutegietan baino maizago. Martinez de Lezea, Agatha Cristie, Aingeru Epalza ere, tarteka, Los Pilares de La Tierra, Sherlock Holmes, Da Vinci kodea, denak batera. Oh, autobusa zuk duzu zuk kupela!
    Baina bat batean argia hedatu da 32. eserleku inguruan –oh! 32. eserleku ingurua, hori bai ingurua, zabala, epela, emankorra, minigonadun begirada panpoxez betea– poesia liburu bat ireki du bidaiariak –oh La Unioneko profetak–, eta nola Jesusi denek begiratzen zioten, adi-adi, admirazioz, begiratzen dute bera ere. Poesiak badu zeraren zera hori.

I

Narratiba irakurrita normala
Poesiarekin interesgarri,
Eder, jakintsu, hain eredugarri!
Autobuseko intelektuala.

Hor, denbora etorri eta badoala,
Tenpus fugit, eres tú!, herria harri.
Hamaika topiko, oro aberasgarri,
Erdi-jainko edota jainko totala

Begirada eskapatzen zaie larri
–ohartu haiz minigona daukala!? –
bidaiakide gazte eta zaharri.

Hitz gutxi eta zurialde zabala
Olerkiak hain dira irakurgarri.
Ulertu ez duzula ez dadila igarri!

II

Hara horko horri, zer dabil irakurtzen?
“Catorce versos dicen que es un soneto”
ez al dira izango hamabost hobeto?
Aitor dut, ez dut poesia ulertzen.

Ez al nau bada atzemango begiratzen,
“y estoy a la mitad del cuarteto”,
sortzen dute nahikoa errespeto
poema idazten dutenek asmatzen.

“Por el primer terceto voy entrando”,
Zaldia irudi, baina ez ote mando?
jauregi irudi, baina ez ote etxetxo?

Fiatzerik ez da hemen poetekin
“Contad si son catorce, y está hecho”,
hain zaila ere ez baita instrukzioekin!


III

Ez zaio bada izoztu irrifarra?
Bidai luzeak, edo nik neronik
–Neskekin ez da igarriko duenik–,
itzali dugu neskatsaren garra?

Niganantza  begira dut izarra
Liburu xixtrinari ziurrenik,
Horregatik, ez du argirik jadanik,
Hain da iluna Lope Vegatarra!

Hau da hau poeton patu zantarra!
Arrotz zait honez gero lehen zena
Minigonadun Venus hain hurbila

Hau da mina, hau atsekabea , hau pena;
Zein handia ezintasuna, zein handi...
Zein txiki poesiaren indarra!


IV

Esana didate, beti negarrez,
Hala dabiltza munduan poetak,
Bailiran desertuetan profetak
Beti gaixo inspirazio sukarrez.

Albokoa ere, nahiko letra baldarrez,
Bailiran medikuen errezetak,
Kaiera atera du, utzi irakurketak,
izkiriatu beharraren beharrez.

“poesiarekin interesgarri”,
Hasia du bere kreazioa,
Poema bat da, Ez narrazioa!

Hau da dardara, hau da emozioa!
“Poesiarekin interesgarri”
Negartia? Ez bada, bai maitagarri!

V

Erraz da hastea, baina nola segi?
“Tenpus fugit, eres tú!, herria harri.
Hamaika topiko, oro aberasgarri”.
Nesketan, baina, hastea ere zailegi!

Poeta, argi dago, ez da abilegi,
“begirada eskapatzen zaie larri,
bidaiakide gazte eta zaharri”
bihurtu behar du gezurra egi.

 “–ohartu haiz minigona daukala!? –”
bistaz ez, ausardiz da makala!
Ikusi bai, baina hitzak ezin erditu

Mutu, ezinez, eskuak izerditu,
autobus hura hartu ez balu hobeto!
Beraz, hona bost malko, bost soneto.

jueves, 2 de agosto de 2007

Blas, bizikleta eta bloga: itzulera baten historia

Azken urte honetan Iker Blas hernaniarraren artikuluak irakurtzeko aukera izan dute eremulauak-en atal honetara hurbildu direnek. Errumaniako paraje ederrenen berri eman du Blasek bere kroniketan, eta senez bidaiaria izaki, ez du ekialdeko beste hainbat txoko bisitatu eta haien inguruan idazteko aukera ere galdu. Orain itzultzeko ordua iritsi zaio.
Baina aireportuak... amuarraina ere lokartzen da aireportu batean. Aspergarriak dira. Horregatik, eta bere bizi-zaletasuna erakusteko, bizikletaz itzuliko da Iker Errumaniatik.

Dagoeneko abiatua da azkeneko sei hilabeteetan bizileku izan duen Cluj-Napocatik. Distantzia handia denik ezin uka, eta horrek kezka handia sortu du senide, lagun eta noski (batez ere?), eremu-lautarron artean (Iker izan da azken denboraldiko gure fitxaketa izarra, atzerriko korrespontsal eta nazioarteko gaietan aditu izateaz gain). Kezka hori baretzeko, eta bide batez bidaiaren nondik norakoak kontatzeko, eguneroko bat atondu du sarean Blasek, http://www.transylvania2007.blogspot.com/ helbidean.

Eta bidaiarekin famatzen hasia ere bada. Ez duzuela sinesten? Begira Clujeanul izeneko egunkarian berari buruz idatzi dutena: http://www.clujeanul.ro.

Bidaia ona opa diogu Ikerri. Eta zuei bloga irakurtzeko gomendatzen dizuegu, Goran Bregovic ala Emir Kusturicaren musika (biak batera ere bai, zergatik ez) pixka bat apal entzuten duzuen bitartean. Ekialdeak eskatzen du. Udarako primerako irakurketa duzue, freskoa, road-movie tankerakoa, baina ukitu zingaro batekin. Gogoratu: http://www.transylvania2007.blogspot.com/

Iraultza akustikoa

Hamalau urte baino ez ditu behar izan Andy Mckee-k (Kansas, 1979) musika zale izatetik, bere atzetik, milioika zale izateraino. Hamairu urterekin, 1992an, hartu zuen lehenbizikoz gitarra bat esku artean; eta 2006an, YouTubeko musika bideorik ikusiena eskegi zuen: Drifting (Noraezean).

Candyrat Records diskoetxearen ideia izan zen Mckee iragartzeko YouTube erabiltzea, eta negozio ona egin zuten: bideoak 5 milioi ikustaldi izan ostean hirutan hustu baitzen diskoetxeko stocka. Aukeratutako grabazioa ez zen edozein izan. Drifting, bere abesti entzutetsuena, maisu gaztearen estilo xelebre eta ikusgarria agerien uzten duena da.


Driftingen arrakastaren ostean, beste bi kanta jarri zituen YouTube-n diskoetxe estatubatuarrak: Rylynn eta Africa. Biek ala biek lortu zuten bideo ikusienaren marka, eta aurtengo ekaina aldera, aipatu hiru kantak zeuden bideo-atariaren musika-clip ikusienen Top 3an. Rylynnek McKee-ren konposaketen alde xamurrena erakusten du, hasiera goxo eta melodia atsegin batekin. Africarekin, bestalde, bere gazte aroko garaiak berreskuratzen ditu, Toto talde estatubatuarraren kantaren bertsio ondo egokitu batekin.


Bere hitzetan, bera "interneten, kristoren arrakasta izan duen Kansasko tipo bat baino ez" da. Eta kristoren hori ez da gutxiagorako ere, YouTube-ko bideoen ondorioz, Andrew White Guitars enpresak bere irudia erabiltzen hasi baitzen ?beste musikari batzuenaren artean? gitarrak saltzeko. Hala ere, ez dira berak erabilitako A.W. gitarrak atentzio gehien ematen dutenak; Stephen Bennett-i erositako Harpa-Gitarra baizik. Into the Ocean (Ozeanoan barrena) eta The friend I never met (Inoiz ezagutu ez nuen laguna) kantetan erabiltzen du instrumentuen nahastura hau. Baina, zintzo eta umiltasun osoz, egiten duen ekarpena baino ikusgarritasun handiagoa du instrumentuak.


Hainbeste xelebrekeriaren artean, estilo klasikoaren edertasunak ere merezi du tartetxo bat. Art of Motion (Mugimenduaren artea) abesti ultra-erritmikoan, McKee-k, melodia ederrak eta erritmo oso biziak batzen ditu, bere kanta onenetariko bat osatuz.


Badira YouTube-n beste zenbait kanta entzungai, eta askoz gehiago dagoeneko kaleratu dituen hiru diskoetan: Nocturne (Nokturno), Dreamcatcher (Ametsen harraparia) eta Art of Motion. Zinez gomendagarriak. Benetako iraultza akustikoa.

viernes, 27 de julio de 2007

Burlata Blues

Jazz jaialdi eta emanaldiak nagusi dira udara sasoi honetan. Nafarroa ezberdina da horretan, hemen Blues-az gozatzeko aukera dugu terraza eta garagardo fresko egun hauetan. Burlata izanen da musikazale guzion topagune gaur eta hurrengo ostiralean. Eskenatoki gainean banda lokalak eta nazioarteko Blues-aren erakusle diren talde mitikoak.


 

Epi Blues Band talde lokalak zabalduko du gaur gauean ziklo hau, taula gainean Bo Weavil frantziako banda mitikoa izanen du lagun, Udaletxeak eta Euskalherria Peñak antolaturiko ziklo honen lehen emanaldian. Paristik datoz Bo Weavil-ekoak, 3diska eta 11urteko ibilbidearen ostean, egungo europako Blues banda handienetarikoa da. Gaua borobiltzeko Slackwater Jack taldeaz gozatuko dute, Burlatako Kultur Etxearen aurrean jarritako eskenatokira urreratzen direnak. Estatu Batuetatik datorren talde honek (nahiz eta bateria euskalduna duten) Blues elektronikotik hasi soinu ilunetaraino eramango ditu musikazaleak gaueko saioan.


Hurrengo ostiralean, guztion ezagunak diren musikariak izanen ditugu taula gainean. Esquadron Buck Dharma, Green Manalishi eta Electric Riders taldeetan aritzen diren blues zaleak, Automatic Hand Dryer bandan elkartu dira, 70.hamarkadaren kutsu handia duen kontzertu oso rockeroa eskeintzeko. Haiekin batera Pariseko beste talde bat izanen da Burlatan, Big Dez. Musika azeleratua eta abesteko modu benetan berezia. Ikusi nahi izatekoan Burlatako Kultur Etxearen aurrean, dohainik eta nola ez edateko barra eta guzti!


Aurtengo ziklo hau proba moduan antolatu dute udaletxe eta Euskalherria Peñatik. Gauza ongi badihoa, datorren udaran zabaltzeko asmoa erakutsi dute Burlatatik. Zorte On!

viernes, 20 de julio de 2007

Summercasera joan ginenekoa (II)

Hurrengo egunean, nahi baino gutxiago lo eginda, modernoarenak egiten jarraitu genuen Bartzelonan, Summercase jaialdian.Arratsaldez heldu ginen, 19.30ak inguruan. Orduan The Sunday Driversen kontzertua amaitzen ari zen. Bi abesti inguru gelditu ginen, eta soinu oso polita atera zioten eszenatoki handiari. Aukeratu beharra zegoen, eta Miqui Puigekin gelditu ginen. Bai, Factor X programa nazkagarriko epaileetako bat da, baina kondaira bat da, edo hobeto, Los Sencillos kondaira bat izan ziren, eta Miqui Puig zen Los Sencillosen arima.

Baina gau hartan masak adoretzen zituen maniki bat baino ez zirudien, jendearen mirespenean itota. Ez gara kritika hutsekin hasiko: soilik esango dugu tipo honek gure errespetu guztia merezi zuela kontzertua ikusi aurretik.

Soulsaversen ordua zen, Mark Lanegan handiarekin (Screaming Trees taldekoa, beste hainbat proiektuetaz gain) diskoa grabatu eta zuzenekoetara ere ekarri zutelarik. Lehenengo abestia amaitzerakoan igo zen hau eszenatoki gainera, eta jendearen txalo, oihu eta neurtu ezinezko emozioaz jabetu gabe, esku batekin mikrofonoaren oina hartu, bestearekin mikroa bera, eta abesten hasi zen, bere kasuan ohikoa den tonu monokorde, ozen eta batere intentsitaterik gabekoa. Edo batzuen ustez, sentimendu gehiegi jartzen omen dio Laneganek, eta bere ahots urratuak barruak nahasten omen dizkio jendearik. Niri ez.

DJ Shadow ikustera joan ginen anfiteatrora. Nahiko nekatuak geunden jada, eta agian horregaitik edo agian horrelako sesioetara ohituta ez gaudela, aipatutako DJ-aren sesioa aspergarria iruditu zitzaigun. Hip-hop dosi handiak izan zituen, baina baita funk eta soula. Dibertigarria ere DJa mahai luzearen albo batetik bestera joaten ikustea. Halere, ez genion ordu erdia ere eskaini, izan ere Jarvis Cocker handiak emanaldia hasia zuen jada karpa-krematorioan. Sufrimendu gehiegi barrurarte sartzeko. Lastima beranduegi heldu ginela, eta azkenengo abestia entzuteko aukera izan genuen soilik, baina hori bai, jaialdiko momento gogoangarrienetarikoa izan zen: Eye of Tiger! Survivorren abesti mitikoa, Rocky sagako abesti ezagunena Pulp taldeko abeslariaren ahotsean! Sekulakoa…

Jada ez zeukan zentzu handirik albo batetik bestera ibiltzen egotea, oinek ez baitziguten erantzuten. Azkenak ematera The Gossip taldea ikusten gelditu ginen krematorioan, eta eskerrak. Ikusi hemen nola hasi zen kontzertua, nola amaitu zen imajinatu beharko duzu. Izugarria abeslariaren botere bokala, eta izugarria ere bere inplikazioa showarekiko. Ez zen gelditu! Eta jendeak eskertu zuen, noski. Gero OMDren kontzertua zetorren, batzuen ustez jaialdiko kontzertu interesgarrienetarikoa. Ezjakintasuna zer den: galdu egin genuen. Electralanen kontzertuan sartzen ere saiatu ginen, baina ezinezkoa izan zen, karpa txikian ezinezkoa zen jada.

Air frantsesen emanaldia ikustera joan ginen, behar baino espektatiba gehiagorekin. Daf Punk edo antzeko talde frantsesen antzeko zeozer espero genuen, dantzagarria. Baina ez zen horrelakorik egon, funky-dance doinu lasaiak, nahiko aspergarriak. Edo ez behintzat horrelako jaialdi batetarako aproposak. The Jesus and Mary Chain galdu genuen, hobeto, jakinda Scarlett Johansson handik zebilela eta eszenatokietara igotzea gustatzen zaiola jakinda.

Baina Kaiser Chiefs ezin genuen galdu, nahiz eta gorputza lo genuen jada. Last Minuteko lagunek (gure lagunak baino Javier Sardaren lagunak direla esango nuke nik) jarritako sofa handi batzuetan egon ginen lasai asko, kontzertua urrutitik entzuten, baina gustora. “Everything is Average Nowadays” eta hit guztiak azkarregi erre zituztelaren sentsazio handiarekin, baina pozik, kontzertu kitarrero bat ikusteko gogoa baikenuen.

Gaua Chemical Brothersekin amaitu zen, baina hiru abesti edo iraun genuen (justu momentu hau heldu arte). Proiekzioak? Sekulakoak. Muntaia? Espektakularra. Hit-ak? Asko. Baina hortik aparte, ezer kontatzeko.

Nekatuegiak geunden jarraitzeko, eta gaztelaniaz esaten den bezala, garaiz egindako atzeraldia garaipen bat izan daiteke. Bi ordu gelditzen zitzaizkigun, Bartzelonako beste puntan zegoen hostalerarte.

Datorren urtean ikusiko dugu: Madril edo Bartzelona? Mmmmmmm…..



Oharra: youtube-n jaialdiko kontzertu gehienen bideoak daude, kuriositatea badaukazu badakizu.

jueves, 19 de julio de 2007

Gaur bertan hasiko da Euskal Encounter

Gaur bertan hasiko diren jardunaldietan gure edizioguneko partaide den Nun taldeak hitzaldia burutuko du, larunbatean, Creative Commons lizentziek Interneten promozionatzeko ematen duten aukera ezberdinei buruzkoa hain zuzen ere.Goizeko lehenengo orduetatik mundu guztiko ordenagailuen munduko zaletuak hurbildu dira Barakaldoko BEC espaziora: Euskal Encounter hasi da. Aurten gainera, hitzaldi mordoa antolatu dituzte: Second Life deritzon mundu birtualaren ingurukotik hasita, Retroeuskal deituriko hitzaldiraino. Igandean, hilak 22, amaituko da guztia, eta han egongo garenez, argazkiren bat zeuenganatuko ahal izango dugu ziurrenik, Euskal Herrian egiten den informatikaren inguruko topaldi garrantzitsuenean ezin baikinen falta.

Esan bezala, Nun taldeak hitzaldia eskainiko du larunbatean, arratsaldeko 17:00etatik hasita. Gainera, 21:00 inguruetan, kontzertu akustiko berezi eta bakarra (hau da, printzipioz ez dute formatu murriztuko emanaldi gehiago eskainiko) izango da entzungai BECen.

Euskal Encounter jardunaldien inguruko informazio gehiago hemen topatu ahal izango duzu