martes, 26 de julio de 2005

?Telezaborra? bloga: Zabor kultura ez zen inoiz hain erakargarria izan


Zabor kultura ez du ia inork hizpide izan euskaraz. Hala ere, badira salbuespenak. Telezaborra izeneko bloga (http://blogs.ya.com/telezaborra/) da horren lekuko.


Irakurlea harrituta geratuko da Telzaborrako unibertsoarekin. Telebistari buruz beti esan nahi izan duzuna, baina hitzik aurkitu ezinda purrustada hutsean geratu dena aurkituko du. Bizitzaren gauza txiki horietaz hitz egingo dizu Telezaborrak: Pizza Huten produktuei kritika egingo die, ETB1 kateari buruzko testu satirikoak idatziko ditu, El Canto del Locoren mezua deskodetuko du... Baina dena ez da kritika izango. Blogaren egileak Operacion Triunfora engantxatuko dela aitortzen du uztailean igotako testu batean adibidez.


Hori guztia euskara errazean. Garbizaletasun gehiegirik gabe, konplexu gutxirekin. Ez dakigu nork eduki duen blog hau sortzeko ideia. Ez dakigu noiztik dagoen sarean. Ez dio axola. Zaborrak batzen gaituelako, Telezaborra.

jueves, 21 de julio de 2005

Musika eta eskultura batzen dituen ekitaldia burutuko Hondarribian


?Harresihautsi? deitzen da ekimena, eta ostiralean burutuko da Hondarribiako Juanjo Arangurenen ?Atalaya de Sancho III El Mayor? deritzon eskulturaren inguruan. Kontzertu inprobisatua izango da, eskultura eta musika batuko dituena, arratsaldeko 7etan izango da. Esan beharrik ere ez dago: dohainik!


Juanjo Aranguren artista eta pentsalariaren "Romper el muro" eskulturaren inguruan (berak hala deitu zuen eskultura) bilduko dira guztiak, bakoitza bere instrumentuekin(ordenagailuak, gitarra, bajua, tronpeta, beraiek asmatutako instrumentu bereziak...), eta saio inprobisatu kolektiboa eskainiko dute, alegia, guztia momentuan bertan sortuko da, lekuak, momentu jakin horrek, eskulturak, eta gainontzeko musikarien soinuek iradokitzen dutenaren arabera. Esan daiteke ez dela kontzertu ohiko bat, beste motako bateko esperientzia sonoroa baizik. Perfomance ere deitu geniezaioke...


Kanpoaldean denez, euria egitea posible da. Hala izatekotan, hurrengo egunerako atzeratuko litzateke. Bestalde, bertara nola heltzea azaltzea komeni litzateke: Hondarribian gaudela, Higuer-eko farorantz hartuko dugu, faroa dioten kartelak jarraituz(dezente daude). Farora iritsi baino lehentxeago, hormigoizko bide dago errepidearen ezkerretara (inolako seinalizaziorik gabe). Bertan sartu eta berehala iritsiko gara Juanjo Arangurenen ""Atalaya de Sancho III el Mayor"" eskulturara.


Amaitzeko, hauek dira parte hartuko duten musikariak:


  • Alex Mendizabal (Erroma)
  • Marcelo Liberato(Erroma)
  • Iban Urizar(Elgoibar)
  • I?igo Telletxea(Bera)
  • Edorta Izarzuzaga(Bermeo)
  • Xabier Erkizia(Bera)
  • Ilios(Athenas)
  • Oier Iruretagoiena "T?s?ri"(Errenteria-Orereta)
  • ...


miércoles, 20 de julio de 2005

Spielberg eta Cruiseren koloretako puxika


Normalean ez genuke webgune honetan ?War of the Worlds? bezalako filmeetaz hitz egin beharko. Hala ere, behingoagatik superprodukzioek gugan eragiten duten alergia alde batera utzi eta Tom Cruise eta Steven Spielbergen lan honi buruz ariko gara hurrengo lerroetan.


Jainkoak salba gaitzala


Filmearen hasierak harritu egingo du ikuslea. Cruise, langile-klaseko aita arduragabea da ?War of the Worlds?-en. Emaztearengandik bananduta bizi da New Yorken eta seme-alaben ardura utziko dio behinola bere bikotea izan zenak. Filmearen lehen fotogrametan seme zaharrenarekin duen harremana, bakarrik bizitzeko dituen zailtasunak eta estralurtarren erasoaren hasiera modu nahiko egokian nahasten dira kamera mugimendu interesgarriekin eta uste genuena baino sakonagoa izan daitekeen filmaren promesa ematen digu. Cruise, bere paperean ondo sartuta, nahiko arduragabeki ariko da lehenengo une hauetan: semeak ihes egingo dio, bere bizia arriskuan jarriko du... Bere pertsonaiak eskatzen duena egingo du: edozein pertsona arruntek egin ditzakeen akatsak. Gizaki gizarajoek ez dute zer eginik izango lehen momentu hauetan, eta ihesari ekingo diote.


?We can be heroes?


Tamalez, Tommy zintzoak ezin du bere burua pertsonaia baten atzean ezkutatu. Tamalez, estralurtarren inbasio bati buruz ari den filme yankee batek zor gehiegi ditu hasieratik. Honela, apurka apurka gizakia zena superman bihurtuko da, heroi anonimoaren topikoa enegarren aldiz berreskuratuz, eta estralurtarren herio-faktoriatik ihesean oztopo guztiak gaindituko ditu Cruisek. Bere semeak armadarekin bat egingo du ikaragarrizko sakrifizio pertsonala eginez (zein ausartak diren soldadu amerikarrak!) gizakia edo bere antza duen edozer ia desagertzear dagoenean. Filmaren bigarren zati hau zerbaitek salbatzen badu, noizean behin istorioarekin tartekatzen diren suntsipenezko paisaiak dira. Bestela ihesa, ihesa, ihesa eta ezkutatu beharra. Azken honek filmaren tentsioa antzarrak ferratzera bidaltzen du gainera.


Hain tontoak ere ez gara


Ez dakit irakurleak ?Evolution? izeneko ordu eta erdiko zerbait (ez naiz ausartzen horri pelikula izena ematera) ikusia izango duen. Ez badu ikusi hobe. Kontua da aipaturiko produktu horretan ere espazioko alien batzuen erasoa gertatzen zela eta azkenean, txanpu marka ezagun bati esker lortzen zuten Bilboren tamaina zuen zomorro bat akabatzea. Pitokeria galanta, ezta? Tira, egia da ?War of the Worlds? kalitate handiagoko zientzia-fikzioa dela ?Evolution?-ekin alderatzen badugu, baina bukaera ikusita gehiegi nabaritzen da urteko zein sasoitan atera duten (uda, produkzio erraldoien sasoia) eta zein publiko banderazaleri zuzenduta dagoen. Bestela ezin da ulertu nola ustez Lurra erraustear zeuden alienigenek mikrobioen erasoa ezin duten jasan. Gauza hoberik ez al zuten bukatzeko? Hain tontoak ere ez gara. Eta jainkoaren mirariei buruz hitz eginez off ahotsarekin bukatzearena? Mesedez!


Koloretako puxika da ?War of the Worlds?, hasieran deigarria, denbora aurrera joan ahala gogaikarria bilakatzen dena.

jueves, 7 de julio de 2005

Koblakariaren ihesaz bi hitz


Joseba Sarrionandia poeta Harry Houdinik berak amestu ere egingo ez zuen moduan desagertu zen Martuteneko gartzelatik 1985eko San Fermin egunean. Imanol kantariaren bafleetako batean gordeta atera zen presondegitik eta inor ez zen konturatu ordu batzuk pasa eta presoen errekuentoa egin zuten arte. Josu Landa eta Imanol bera atxilotu egin zituzten, ihesarekin zerikusia zutelakoan. Mikel Antzaren bila ere aritu ziren, baina hau ere ihes egina zen, klandestinitatera. Landak ipini zion epilogoa eskapisten historia honi Argian, kalera irten ondoren eskainitako elkarrizketan. Titularrarekin bakarrik, nahikoa gaurkoz: ?Ihesketa honek ametsak posible direla frogatu du?.


Geroztik Sarriren bizilekua enigma bat da. 20 urte joan zaizkigu eta berari buruz ezer gutxi daki ihesaldia egin zuen garaian jaio zen telebelaunaldiak. Kanta bat iritsi zaigu, ihesaldi hura kontatzen duena, baina jendeari larunbat gaueko mezetan dantza eragiteaz gain, ezer gutxirako balio du. Izan ere, ez da posible, atzerriratua izan gabe, hogei urtez itzuli nahi eta ezinaren labirintoa nolakoa izan daitekeen imaginatzea. ?Martin Larralde? poemak ematen du sufrimendu horren lekukotasun biziena (poema bera http://www.musikametak.com/sites/ordorika/hitzak/dabilenharria.pdf helbidean irakurri daiteke, mami guztia ateratzeko hau http://www.armiarma.com/zubi/aipa/har/00271.htm irakurtzea ere gomendagarria da ordea). Poema horretan, Martin Larralde ?Bordaxuri? koblakariaren figura erabiliz deserriratuak ahaztu dituen herriaren erretratu gordina egiten du Sarrionandiak.


Deserria da hain zuzen Sarrionandiaren gai nagusienetako bat. Poema ugari ditu behartutako atzerria erdigune dutenak, baita ?Lagun izoztua? eleberria ere (eta neurri apalagoan ?Kolosala izango da? ipuin luzea ere bai, nahiz eta azken honetan norbere herria bihurtzen den atzerria). Sufrimendu hori etsipenez eta samurtasunez darabil Sarrik, intentsitate eta malenkonia handiarekin hitz egiten digu bere lanetan.


Baina deserriaz ari garela, edozein nobela, poema edo bestelako idatzien gainetik, Sarriren kasuan, galderak gailentzen dira. Non dago testu horien aita? Zer pentsatzen du Josebak (horrela, abizenik gabe) astegun buruzuri batean esnatzen denean? Zertan egiten du lan? Pako Aristik galdetu bezala, bizi al da benetan? Nolakoa da bere idazgela? Zein da eguneroko gauzak egiteko erabiltzen duen hizkuntza? Azken finean, nolakoa da idazlearen atzean gordeta dagoen pertsona? Eta gartzelatik ihes egin zuenetik 20 urte bete diren honetan galdera horien objetua den pertsona da agian garrantzitsuena (Joseba eta ez Sarrionandia), literatura oso ondo baitago, etxerik gabe, izenik gabe, maskara jantzita hainbeste urtean ibili ondoren ordea, ez da inola ere garrantzitsuena.


Azkenik, ezin dugu beste hau isildu: gereziak azaldu bitartean, batzuok koblakariak behar ditugu, beste ezer baino gehiago.

lunes, 4 de julio de 2005

Argazkiko herriaren bila

Ez dut zehazki gogoratzen. Goiz batetan otu zitzaidala uste dut baina ez nago ziur. Jaiki orduko zerbait berria egiteko irrika euki nuen eta aurrera eraman nuen neure gutizia. Agian, ikusitako argazkia izan zen edo urtero telebistan agertzen den festaren giroa, ez dakit, baina herri horren itsasoaren zaporea lehen eskutik usaintzeko beharra sentitu nuen.Argazkiko herriaren bila

Ez dut zehazki gogoratzen. Goiz batetan otu zitzaidala uste dut baina ez nago ziur. Jaiki orduko zerbait berria egiteko irrika euki nuen eta aurrera eraman nuen neure gutizia. Agian, ikusitako argazkia izan zen edo urtero telebistan agertzen den festaren giroa, ez dakit, baina herri horren itsasoaren zaporea lehen eskutik usaintzeko beharra sentitu nuen.

Sarritan izan ohi ditugu horrelako desirak baina oso gutxitan eramaten ditugu aurrera. Horregatik joan nintzen, ez nuelako hori nire kasua izaterik nahi. Hortaz, argazkia hartu eta kalera atera nintzen herri horren izena norbaitek jakingo zuelako esperantzarekin. Lehenengo emakume gazte bati galdetu nion baina alferrik, ez nuen ezer lortu. Horrela, goiz osoa eman nuen mundu guztiari galdezka baina? deus ez. Esperantza galtzear nengoela portuari begira zegoen aitton zahar bati galdetzea erabaki nuen:


-Egunon jauna, begira, badakit galdera arraro samarra dela baina, ba al dakizu argazki honetan dagoen herriaren izena zein den?
-A! zu ere herri horrekin maitemindu zara, ezta?
-Zer?
-Bai lasai, badakit zer sentitzen duzun, argazki horren edertasunak herria ezagutzera bultzatzen zaitu. Argazkia ikustean, olatuen soinua eta itsasoaren usain gazia datorkizu burura, ezta?. Argazkia ikustean, mendien kolore berdea dastatu dezakezu, ezta? klorofila eta eukalipto zaporea dute mendixka horiek. Argazkia ikustean, zeure zentzumen guztiek bertara joateko eskatzen dizute, ezta? baita zehazteke dagoen seigarren zentzumenak ere.
-Baina esango al didazu behingoz zein den herriaren izena?
-Ez, hori zuk aurkitu behar duzu, baina bertara heltzeko bidea zein den azalduko dizut.


Aittonak bidea zein zen zehaztu zidan eta nik itsu- itsuan bere argibideak jarraitu nituen. Kostaldetik abiatu behar nintzen, Bilbo zeharkatu eta gure Gernika historikora ailegatu ostean, kostako bidearekin jarraitu behar nuen. ?Bihurgunez betetako errepidea zeharkatu bezain pronto, zure ametsetako herrian egongo zara?, esan zidan aittonak. Horregatik, bihurguneen amaierara heldu nintzenean pozaren pozaz izen bat jartzen zuen kartela ikusi nuen: ?Lekeitio?, azkenean nire desirak egi bilakatu ziren eta kostaldeko herri lirain horretara heltzea lortu nuen.

We are Mods!


Power Pop musika, jantzi dotoreak, 60musikari geroz eta gehiago begiratzea...zedozer aldatzen ari da gure inguruan. Azken urteotan, gutxinaka gutxinaka berpizten ari den fenomenoa da Mod mugimendua, bainan zertan oinarritzen da mugimendu hau? SkinHead, Punk edo Heavya bezalako kale taldeekin alderatuz, ezezagunak ditugu Mods-ak.


Mod mugimendua Ingalaterran sortu zen 50.hamarkadaren amaieran. Londongo Soho aldeko klubetan, ongi jantzitako gazteak agertzen hasi ziren. Klase ertaineko gazteak ziren, langileak. Modernistak ziren, Moderm Jazz-aren zaletu sutsuak, hortik etortzen da Mods izena hartu izana. Ez ziren politikoak, nahiko indibidualistak ziren, musika baitzen haientzako garrantzi handiena zeukana. Jamaikako etorkinekin bizikide izatearen ondorioz, Ska eta Rhythm and Blues musikak ere sartu ziren garaiko Mod-en esparruan, Jamaikar Rude Boys-ekin batera festarako kide berriak bilatu zituzten, baita haien janzkeratik zenbait gai hartu ere, hala nola Pork Pie txanoa txikia.


Parkak, gorbatak, scooter motorrak, Ben Sherman alkandorak, Fred Perry poloak...gailendu ziren 60ko hamarkadan. Mods-ak jai basatiak egiten zituzten, All Nighters bezala ezagutuak, non musika entzun eta dantzan aritzen ziren gau guztian zehar, hurrengo egunean lanera joan beharrak, anfetaminak kontsumitzera bultzatu zituen garaiko gazteei.


Musikalki, eta hori da gehien interesatzen zaiguna, mugimendu emankorra izan zen Mods-ena. Small Faces, The Action, The Creations edo John's Children izan ziren lehen Mod taldeak, haien atzetik etorriko ziren Small Faces, The Kinks eta nola ez The Who talde handia, garaiko gazteen ikur bihurtu zena. Talde honek, Mods-en inguruko filmerik garrantzitsuena ekoiztu zuen Quadrophenia filma hain zuzen ere.


Mod mugimendua banatzen eta desintegratzen joan zen 60.hamarkadaren amaieran. Gazte gehienak SkinHead eta Hippye-n kulturan sartzen hasi ziren. Brighton eta Hastings aldean Mods-ak eta Rocker-ak sorturiko istilu larriek, mugimenduaren irudia zikintzea ekarri zuten eta horrek ere lagundu zuen haien bukaeran. 70.hamarkadaren bukaeran, berpizte bat izan zuten, The Who taldearen Quadrophenia filma kaleratu zenean, orduantxe The Jam taldearen power pop-ari jarraituz, Mod talde berriak sortuko ziren hala nola, The Chords edo ta Secret Affair bezalakoak.


Azken urteotan eman da berriz ere Mod fenomenoaren berpiztea. Power pop-a gailentzen ari da, eta baita Retro deritzon estetika edo janzkera. The Killers edo The Hives bezalako talde handiak dira honen erakusle. Hirigune nagusietan Sound-Club ak sortzen ari dira, non garai bateko musika beltza entzuteaz gain, egungo taldeen musikaz goza daitekeen. Euskal Herrian, Bilbon batez ere topa daitezke horrelako guneak, Iru?ean ere sortzen ari da Mod giroa gutxinaka gutxinaka. Azken urteotan iristen ari diren etorkinek ere, badaukate zer esana guzti honetan, musika oinarri zabala izanik, haien doinuetatik aunitz ikasi dezakegu, Moderm Jazz, Ska eta Rhythm and Blues doinuetan maisu baitira.


Mod-ei buruz gehio jakin nahi izanez gero: www.modculture.com atarian, gaur egungo Mod kulturaren inguruko informazioa topatuko duzue. www.modrevival.net-en berriz garai bateko Mod muimenduaren gaineko informazioa.

viernes, 1 de julio de 2005

Uztaila da. Jazza dator


Aurten ere uztaileko jazz agenda lodi eta mardul dator Getxo, Gasteiz, Baiona, Donibane Lohizune, Donostia eta Zaurauzko ekitaldiekin. Hilabete bakarrean Chick Corea, Cassandra Wilson, Archie Shepp, Maceo Parker, Al Foster, Van Morrison eta beste hainbat izen garrantzitsu pasako dira Euskal Herritik.


Gaur hasita hilaren 5a bitartean Getxora hurbiltzen den orok jazz musikaz gozatu ahalko du, Jazz Jaialdiaren 29. edizioari esker. Bi gune prestatu dituzte horretarako:Alde batetik Bihotz Alai enparantzan kontzertu nagusiak ospatuko dituzte 21:30etatik aurrera (gaur David Doruzka Trio eta Maria Joao Group izango dira; bihar, hilak 2 No Limit eta John Scofield Quartet; etzi, hilak 3 Frank Woste Trio eta Baldo Martinez Proyecto Mino; uztailaren 4ean Felix Fromm Sextett eta Pirineos Jazz Orchestra eta uztailaren 5ean Richard Galliano Trio eta taldeen lehiaketako irabazlea. Bestalde, ?Hirugarren milurtekoa? izenarekin bataiatu duten atalean bost kontzertu iragarri dituzte eta 19:30etatik aurrera izango dira ikusgai Getxo Antzokiko Plazan. Gaur Galiziako Fourejazz taldeak joko du, bihar, hilak 2, Norvegiako Listen! taldea izango da entzungai eta uztailaren 3, 4 eta 5ean hurrenez hurren Contreras & Tutusaus Qt. Kataluniarrak, Teresa Zabalza 5et Carme Canelarekin batera eta Ester Andujar Group arituko dira.


Ondoren, uztailaren 10ean hasi eta 16a bitartean Gasteizen izango dute zita jazzaren zaletuek. Bertan arituko direnen artean Chick Corea & Touchtone, Cassandra Wilson edo Jamie Cullum bezalako izenek beren kabuz hitz egiten dute, Arabako lautadatik datorren Ortophonk taldea ahaztu gabe. Aipagarria, era berean, Coco Taylor & Her Blues Machine taldeak Europa osoan eskainiko duen kontzertu bakarra izango dela Gasteizkoa. Hala ere, programa osoa ikusi nahi duenak www.jazzvitoria.com gunean begiratzea besterik ez du.


Uztailaren 15etik 17ra berriz Baionan ospatuko da ?La ru?e au jazz? jaialdia. Kartel buruak Archie Shepp (John Coltranerekin batera ?Ascension? diska grabatu zuen musikaria) eta Mina Agossi, Laurent de Wilde, Didier Conchon eta Emile Parisien dira eta etxean ariko direnen artean azpimarratzekoa da Miren Aranburuk uztailaren 16an eskainiko duen kontzertua. Gainera jaialdi honek musikaz gain antzerkia, erakusketak, zinema eta abar ere baditu bere programan. (Info.+ www.larueeaujazz.net gunean).


Baionakoarekin batera, uztailaren 15etik 17ra bitartean Donibane Lohizunen ere ?Rythmes en Luz? jaialdia ospatuko dute. Bertan izango direnen artean Take 3, Pirineos Jazz Orchestra eta Viktoria Tolstoy dira azpimarragarrienak.


Azkenik ezin aipatu gabe utzi Donostiako Jazzaldia (uztailaren 22tik 27ra) eta Zarauzko Mintegia (uztailaren 25etik 30era). Lehenengoa beti bezain indartsu dator aurten ere, Kenny Barron, Phil Woods, Martin, Medeski & Wood, Maceo Parker, Joe Cocker, Van Morrison, Bebo Valdes edo Gilberto Gil bezalako musikariekin, Benny Golson, Dave Holland edo Amos Lee alde batera utzi gabe (ikusi www.jazzaldia.com programa osoa ikusi eta kontzertuetarako sarrerak erosi ahal izateko). Zarauzko zitari dagokionez, I?aki Salvadorrek musikarientzako zuzentzen duen ikastaro sortan Al Foster bateria jotzailearen presentzia nabarmendu behar da. Urteetan Miles Davisekin batera ibili ondoren bere laukotearekin hurbilduko da Euskal Herrira.