miércoles, 28 de febrero de 2007

Xabi Strubell edo etengabeko aurrera begirada

Emailak gauza hauek ditu: gaztetatik mirestu eta jarraitu duzun pertsona bat kasualitatez ezagutu eta ez dakizu nola, elkarrizketa batetan murgildu zara. Zintzotasun maila itzela lortu daiteke, gezurra badirudi ere, emailez egindako elkarrizketa batetan. Eta nabaritzen da, noski nabaritzen dela emailez egin dela. Gainera, zein erosoa den. Bakoitza bere etxean, denborazko edo lekuzko mugarik gabe. Hotza eta intimoa, bapatekoa eta presarik gabekoa.Dut taldeko kitarra-jotzaile izandakoak blog bat sareratu du (http://euskalpoesiablagabloga.blogspot.com/), poesiara irekia, maila guztietara. Irekia eta partehartzailea, nahiz eta oraindik inor ez den parte hartzera animatu.

Blog bat, euskaraz eta poesiari buruzkoa... ez dirudi ezer berritzailerik

Berezia printzipioz deus ez, nire jardun poetikoaren zabaltzeko gunea da nolabait, baina nahiko nuke jendeak parte-hartzea eta eztabaida pixkat sortzea. Falta somatzen dut horren inguruan. Badira oso erreferente onak eta serioak lanean ari direnak euskal poesia zabaltzeko baina ez dute gune irekirik eztabaidarako.

Poesia laburraren alde egiten duzu, edozeinek idatzi al dezake poesia?

Nik uste baietz. Abestea bezela da, okerrago edo hobeto egin dezakezu, senideekin bazkalostean, lagunartean edo grammy bat eskuratzeko, baina beti izango duzu zer esan eta zure hizkuntza propioa aurkitzeko aukera.

Blog irekia da edo zure testuak bakarrik agertzen dira?

Oraingoz ez da inor animatu zeozer bidaltzera baina gonbita egina dago. Email bat zabaltzear nago jendearen parte-hartzea bideratzeko.

Oraingoan ere, esperimentazioa da aukeratu duzun bidea. Ohikeriekin nekatuta? hau da, bizitza ohikoegia al da?

Kontrakoa uste dut. Bizitza ez-ohikoegia da gertatzen diren gauza guztiak espresatzeko modu berriak ez bilatzeko. Esperimentaziora jotzea beharrezkoa ikusten dut. Dagoenetik abiatuta molde berriak bilatzea.

Ez dut uste testu triste edo goibelak direnik, baina gordintasunak protagonismo handia du

Bai, gordinik daude poemak. Batzuk badute denbora bat eta besteak egunean egun egiten ditut baina joera bai dela gordin azaltzeko gaiak. Hautatutako bidea da, estilo kontua agian. Norbaitek esan du alaitasuna ez dagoela modan euskal literaturan.

Zura hil egin da? aspaldi ez dugula proiektuaren inguruko ezer entzuten... zertan zabiltza lanean orain?

Ez ba. Lanean gaude disko berri bat egiten, baina uda partean utzi genion kontzertuak emateari, besteak beste Sideral dj-aren omenezko diskoan parte-hartu baitugu. Orain hasi gara berriz martxan eta gogo haundiz gaude Zura-k jarraitzen duela esateko, baina besapean disko batekin bada hobe. 

Aintzinako garaiak pisu handia dute zure istorian. Dut faltan botatzen duzu? errepidea, diskoak...

Bai eta ez. Estilo berrietara irekitzeko beharra sentitu nuen eta hortan nago. Orain sound system bat antolatzen nabil eta egongo da errepidera itzultzeko aukera.

martes, 27 de febrero de 2007

Baditugu udako jaialdien lehenengo izenak

Bai lagunok, uda gero eta hurbilago dugu, eta beroarekin batera jaialdiak azaltzen hasiko dira. Aurten Euskal Herriko jaialdien artean izen potente bat nabarmendu dezakegu, Red Hot Chili Peppers Bilbao Live jaialdian izanen baitira. Gainera, Bilboko ekitaldia ekainean izango da, 21 eta 23 bitartean.Bestalde, udako jaialdi garrantzitsuenek talde askoren presentzia konfirmatu dute jada. Horrela Primavera Sounden, aurretik aipatu genuenez gain, Smashing Pumpkins, Wilco, The Good, the Bad & The Queen, Lisabö, Los Planetas eta Mäximo Park izan dira. Maiatzaren 31an eta ekainaren 1 eta 2an izango da, eta sarrerak 85 euro balio ditu. informazio gehiago: www.primaverasound.com

Bestalde, Madril eta Bartzelonan aldi berean egiten den Summercase jaialdian !!!, Arcade Fire, The Chemical Brothers, The Flaming Lips, PJ Harvey, Kaiser Chiefs eta LCD Soundsystem izango dira besteak beste. Apirilaren 15erarte, jaialdi honen prezioa 85 eurokoa izango da. Informazio gehiago: www.summercase.com

Benicassimen ere jaialdi erraldoia izango dute aurten (Euskal Herriko kostaldean horren erreplika izango dugunaren zurrumurruak albo batera utzita, hori baino ez direlako, zurrumurruak). !!!, Animal Collective, Artic Monkeys, Iggy &  The Stooges, Cansei de Ser Sexy eta The Hives daude konfirmatutako taldeen artean. Informazio gehiago: www.fiberfib.com

Ikusten duzuenez badago non aukeratu! Gomendatzeko moduko jaialdi gehiago okurritzen bazaizue, badakizue, webgune honek erantzuteko aukera ematen du!

sábado, 24 de febrero de 2007

"Iturrino handia" nobelari buruzko analisi ez-kualifikatua

Ez da ohikoena izaten liburu bat aurkeztu eta ondorengo egunean berau aztergai (edo) izatea. Izango da, seguruena, liburu batek denbora asko behar duelako iritzi landuaren eskanerretik pasatzeko. Izango da gure literatur munduan, txikia izanda ere, ez delako jende burutsu eta kualifikatua falta, eta horientzat fribolitate handia da liburu baten lehen irakurketaren ondoren kritika egiten hastea. Hemen badakigu fribolitateaz zerbait, eta egia aitortze aldera mekanografo hau ez da inolaz ere iritzi kualifikatu eta burutsuaren jabe (argibide gehiagorako irakurri nik egindako zenbait kritika). Baina (horreur!) mekanografoak irakurri, irakurtzen du. Eta atzo aurkeztu zuten Hasier Etxeberriaren Iturrino Handia nobela aztertzera (edo) ausartuko da.
Eta hasi, oinarrizkoenetik hasiko da. Tabernan lagunak egin dion itaunari emandako erantzunetik alegia. "121 orrialde, arratsalde bakarrean irakurtzeko modukoa". Eta jarraitu, sinplekeria manikeo samar batekin jarraituko du, lagunak hirugarren garagardoaren ondoren kale bazterrean pixa egin bitartean egin dion bigarren galderaren erantzunarekin, alegia. "Ondo dago".

Eta tragoekin aurrera jarraitu ahala, mingaina ere askatuz doanez, azalpen gehiagotan sartu da mekanografoa: nobelan ahots bakarra dela protagonista eta kontalari, Cosme Iturrino, Iturrino handia magoa hain zuzen ere. Bigarren protagonista bat ere badela, Hasier Etxeberriaren alter ego nobelatua den kazetaria, liburu osoan hitz egiten ez duena, eta bien arteko elkarrizketari Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako obran azaltzen zen berritsu haren tankera hartu diola. Horrek bertigo apur bat sortu diola hasieran, "ea inora ez daramaten diskisizio filosofikotan galduko ote zen liburua, gainera ia ulerkaitzak diren egitura gramatikalak baliatuz" horrelaxe esango dio lagunari, Kelerra eskuan. "Baina ke ba", jarraitu du, "tonua hasierako kolokialismotik apur bat urruntzen da (gehiegi ere ez, beharrezkoa dena) lehen pertsonako narratzaile estandarrago baten tankera hartuz, betiere azken horien antza handiegia ez izateko tentuz ibiliz". (Harrigarriak goizeko ordu txikietan izaten ditugun baliabide erretorikoak).

Lagunak gehiago jakin nahi du. Lagunak Iturrino delako horrek zer duen kontatzeko, nor den, zertara datorren mago bati buruzko liburua... laguna mozkorra dago eta galdera gehiegi egiten ditu. Baina mekanografoak, baretu guran, erantzun batzuk eman dizkio, bera ere mugimendu pendularrak egiten ari dela konturatzearekin batera. Iturrino pertsonaia zelebrea dela azaldu dio. Hitzaren bi zentzuetan zelebrea: grazioso eta bitxia batetik, eta ezaguna, "famosua" bestetik. Besteak beste, Orson Welles eta John Hustonen adiskide izandakoa dela, zirkuan lan egindakoa, Anne eta Belle, bi buruko emakumearekin maitemindu zela... Ez sinesteko moduko bizitza eduki duela. Eta horrek ere dudak sortu dizkiola azaldu du mekanografoak. Irudipena daukala, Etxeberriak beti elkarrizketatu nahi izan duen pertsonaia ez ote duen asmatu. Ideal bat. Edozein kazetarik elkarrizketatu nahiko lukeen horixe.

Baina mekanografoa liburuaren aurkezpenean izan da. Eta sinesgarritasun falta hori buruan zuela joan da hara. Eta Etxeberria sartzen ikusi du eta jendearekin hizketan. Eta lagun bati Cosme Iturrino aurkeztu dio. Eta Cosme Iturrino existitzen da. Eta han egon da. Eta magikoa da. Berarekin bi hitz eginda konturatzen da bat horretaz. Liburukoa bera baino magikoagoa agian? Hori ez daki. Eta orduan, bi gauza etorri zaizkio burura. Lehena topiko erraldoi bat da, kontuz beraz: errealitateak fikzioa gainditzen duela beti (abisatu dizuet topikoa zetorrela, niri ez eskatu orain argibiderik). Bigarrena, galdera parea: errealitatean jazotako gertaera nola-hala "irrealek" justifikatzen al dute fikziozko lan baten egiantzekotasuna hain argia ez izatea? Hau da, fikziozko lanek errealitatearen antza izateko bidea hartu dutenean eta errealitateak (paradoxikoki) fikzioaren antza izateko bidea hartu duenean, non kokatu behar du nobelak?

Mekanografoak ez du erantzunik aurkitzen. Etxeberriaren liburua berriz irakurri beharrean da Cosme Iturrino erreala ezagutu eta gero. Berriro kokatu behar du bere burua errealitate eta fikzioaren arteko muga lausoetan. Lagunarekin egiten ari den parranda honi ere geroz eta irrealagoa deritzo. Etxera doa.

Ateari bultzatzen ari dela lagunak liburuaren izenarengatik galdetu dio berriz, Herriko Tabernako barratik burua altxata, Rosario Floresen kanta bat jarri duten momentuan. "Iturrino handia" erantzun dio. "Irakurri ezazu bihar eta ea zer iruditzen zaizun!".

jueves, 15 de febrero de 2007

Transilvaniako negua Cluj-Napocan

Egunak dira termometroak zero graduak gainditzen ez dituela. Ur putzuak izoztu dira eta txolarreak bainua hartu ezinik saltoka dabiltza espaloietatik. Atzokoan hodeiek elurra mara-mara nola botatzen zuten ikusi nuen nire logelako leihotik. Gaur neguko hiri grisa txuri ageri da. Kalera buelta bat ematera irten behar dudala erabaki dut, ea bide batez pasa den ostiralean edandako Tuicaren ajea leuntzerik dudan.   
Etxetik irten baino lehen erritu bilakatu den prozesuari ekin diot, alegia, txanoa, bufanda, eskularruak eta berokia jantzi ditut. Manastur sobietar estiloko auzoko etxe blokeetatik irristaka igaro naiz Somes ibai ondotik doan bidea topatu dudan arte. Bidean eraikitzen ari diren eliza bateko eliztarrekin gurutzatu naiz. Dirudienez eraikuntza altxatzen duten bitartean mezak estalkirik gabeko oholtza baten gainean ospatuko dituzte. Fedeak nahikoa berotuko ote ditu?

Tranbiaren errailei jarraituz Parcul Centralera iritsi naiz. Gaur paseatzen dabilen jendea inoiz baino alaiago dagoela sentitu eta ikusi dut. Ez da harritzekoa, izan ere elurraren distira koloretsuek neguan ilun dagoen parkea zipriztindu dute. Aiton-amona bikoteak elkarri eskuak emanda dabiltza orekari eusteko, umeek han-hemenka elur bolak jaurtitzen dituzte trebetasun handiz.

Izoztutako parkea atzean utzi dut eta erdigunerako ibilbideari ekin diot. Ohiko moduan erresistenzia antikomunistaren aldeko monumentu aurrean geratu naiz, eta Errumaniako demokrazian egunero biziraun behar duten milaka pertsonen aldeko monumentua noiz eraikiko duten pentsatu dut segundu eskas batez. Bigarren segundurako nire senak pasa den eguneko parranda lekuetako batera eraman nau zuzenean. Unirii plaza ederraren izkinetako batean dago. Tabernak Insomnia du izena. Nik ordea ez dut insomniorik.Lo egiteko beharra bai. Zerbitzaria nigana gerturatu eta ideia-asoziazio batean edo, Ursus garagardo botila bat eskatu diot. Errumanieraz hartzari ursus esaten zaio. Neguan gaude, eta gure inguruko mendietan dauden hartzak ziur aski hibernatzen egongo direla etorri zait burura.

Edo agian ez? baliteke hori aldaketa klimatikoa baino lehenago gertatzen ziren gauzetako bat izatea. Udaberriari itxarongo diot zalantza argitzeko.

sábado, 10 de febrero de 2007

Euskadi Sariak eta Ordozgoiti jaunaren ateraldiak

Zenbaitetan harrigarria ere bada, miresgarria, politikariek izaten dituzten une argigarri horiek. Ez dakit euren joera antropologikoki demokratikoaren edo euren lezio-emaile bokazioaren kausaz den, baina eskertzekoa da gauza hain konplikatuak hain argi lagatzea batzuetan populuari.
Oraingo honetan, Jon Alonsoren Argiako artikuluaren ajeek ekarri digute Koldo Ordozgoitiren esaldi antologiko bat. Jon Alonsoren artikulua ipuin bat dela. Hori esan du. Jende guztia hura iritzi-artikulu bat zelakoan, Euskadi Sarietako hainbat gauza salatzen zituen artikulua hain zuzen, baina bai zera! ipuin bat omen. Ipuin bat, hau da, kontakizun entretenigarri, denbora pasarako egoki, nahiko hutsal eta, batez ere, faltsu bat. Ipuinak asmakeria hutsak direla eta ez dutela mundu errealarekin erlaziorik, bada. Ordea, pentsatu nahiko nuke Eusko jaurlaritzako Kultura Sailean lan egitera iristen den norbaitek ez duela horrelako ikuspuntu zaharkitu eta topikoa ipuinen inguruan. Eta fede onez pentsatzen dut, Oleguerrek bezalaxe. Eta orduan imajinatzen dut Ordozgoiti jaunak beste zerbait esan nahi duela esaldi horrekin. Eta benetan, pentsatzen dut Ordozgoiti jauna XX. mendeko ipuin gorenen irakurle amorratua dena, goitik behera irakurri dituela Jorge Luis Borgesen ipuin liburuak, esaterako. Eta orduan aski ongi ikasi duela zeinen lausoa den errealitatearen eta fikzioaren arteko muga, literatur generoen artekoa, eta adibidez, saiakera bat egon daitekeela ipuin itxurako testu baten atzean, edo alderantziz. Eta honenbestez, Alonsoren artikulua, iritzi-artikulu itxurakoa bada ere, sakonean, eta orain arte inor konturatu ez den arren, ipuin bat dela. XX. mendeko ipuingintza tradizio onenetako bati jarraitzen dion ipuina, izan ere. Eta ez hori bakarrik, Ordozgoiti jauna, literatura irakurle amorratua izateaz gain, eta lan munduan geroz eta gehiago exijitzen den "birziklatze" politikei jarraiki, pentsamendu eta kultur arloko azkeneko ideien jakitun da. Eta irakurri du, horrela, Slavoj Zizek-en "gainidentifikazioaren" teoria, eta punta-puntako arte garaikideko lanak interpretatzeko erabiltzen den teoria hau Alonsoren artikuluan aplikatu duela; eta horrela, Alonsoren artikulua egungo abangoardia artistikoan kokatu duela. Pentsa, agian ipuinaren itzulpena egiteko subentzio bat (lehiaketa bat, esan nahi baita) kaleratzea pentsatu du eta guzti. Adi daude EIZIE eta itzultzaileak.

jueves, 8 de febrero de 2007

Bidebieta Irratiak 10 urte bete ditu

Bidebieta Irratiak, bere burua Euskal Herriko lehen irrati independiente bezala definitzen duenak, hamar urte beteko ditu hurrengo hilabeteetan. Ospatzeko jai potentea prestatu dute martxo ingururako.Bi data jarri behar dituzu gorriz egutegian, martxoan biak: 16a eta 31a. Lehenengoan Standard talde getxotarra Felix Daniel eta Lourdes Madow-rekin batera arituko dira. Standard "3000 w-40000w" diskoa prestatzen ari da hilabeteotan, Holanda eta Alemania bezalako herrialdeak ere bisitatu dituztelarik.

Bestalde, martxoaren 31an Anari eta Lisabören kontzertua aurkeztuko digute, irratiko kolaboratzaile den Optigan 1 Djarekin batera. Askotan hitzegin da atari honetan Lisabören itzulerari buruz, eta orduan izango dugu ikusteko aukera: Bilboko Kafe Antzokian, martxoaren azken egunean hain zuzen ere.

Irratiaren inguruko informazio gehiago (eta baita zinez gomendatzen dugun on-line emankizuna ere): www.bidebietairratia.com

martes, 6 de febrero de 2007

Hamlet, edo disko bakoitzarekin nola eguneratu

Talde madrildarrak disko berria du kalean, “Pura vida” izenpean argitaratua. Euren ibilbideko bederatzigarrena da eta taldearen aurkezpen birako kontzertuetariko batera hurbildu ginen, Aizoaingo Artsaia aretoan eskeini zutena hain zuzen ere, taldearen zuzenekoa berrikusteko.Hamleten zerbait bada azpimarratzekoa euren aldatzeko borondatea eta abilezia da, industriaren aurretik batzutan eta garaiaren araberakoa askotan. Dena den, aurreko “Syberia” lanetik honetara ez da aldaketa gehiegirik eman, hartan erabilitako formula erabili dute honetan ere, baina kanta biziagoak bildu dituzte, seguru aski buelta gutxiago emaniko konposizioen aurrean gaude, naturalagoak.

Vortex talde barañaindarrak ireki zuen gau metaleroa. Nu-metalaren apologia argia egiten du seikote nafarrak, riff astunak, teklatu eta scratch-ak eta rapeotik oihura eta oihutik estribilloetako melodiara doan ahotsa. Hamlet eta Ill Niño gogorrenen ikasle finak.

Ondoren irakasleen txanda iritsi zen. Pura vida lan berriko kantak jo zituzten lehen txanpan, baina argi geratu zen publikoaren gehiengoak ez zuela oraindik diskoa entzun eta hasiera motela izan zen. Dena den Molly eta gainerako taldekideak (Luis-ek emo talde berriren batetik aterea ematen zuen) saiatu ziren nola hala ikuslegoa berotzen.

Abeslariaren erakustaldi (bokala eta fisikoa, kamiseta gabe kantatu baitzuen azken hau) eta guzti bukatu zuten disko berriari errepasoa eta klasiko batzuekin jarraitu zuten, han ginenon gozamenerako.

Bisetarako gorde zituzten Irracional eta JF klasikoak, azken finean gau hartan jendearen gehiengo handi bat entzutera joan ziren kantuak. Sentsazio hori utzi baitzidan kontzertuak; zera, taldeak modan jarraitzeko duen nahi edo gogo hori ez duela euren entzulegoak berdin sentitzen, eta gau hartan Artsaiak jende kopuru eder bat jaso bazuen ez zela azken bi diskoetako melodiarantzako aldaketagatik  izan, Insomnio, Revolución... edo El Inferno bezalako diskoengatik baizik.

Pura vida edo Pura renta?