martes, 31 de enero de 2006

Bilbao Live 06 jaialdia izango da uztailean

Bilbo edo Bilbao esan behar den eztabaida antzuan murgilduta gauden honetan, Bilbao Live 06 aurkeztu dute. Uztailaren 13, 14 eta 15ean burutuko den jaialdia izango da, Bilboko Kobetamendi gunean, Basurtu inguruan.Bilbao Live Festival izena hartu duen jaialdiak 40 talde eta bakarlari inguru bilduko ditu Bilbon. Gehienak nazioarte mailakoak diren arren, Euskal Herriko taldeek protagonismo handia izango dutela adierazi dute antolatzaileek, hurrengo egunotan lehenengo konfirmazioak izango direlarik.

Kontzertu guneak 70.000 metro karratu izango ditu, eta alboan 40.000 m2 gunea izango da, bertaratzen direnek kanpatu dezaten.

Bi eskenatoki erraldoi izango ditu Bilbao Live jaialdiak, eta hiru karpa izango ditu: bi techno musikari eskainita, eta bestea pop musikari eskainia. Gainera, aisialdirako gunea izango da, diskoen merkatua, eta jatekoa eta edatekoa ziurtatuko duten sei gune ere bai.

Kontzertuak arratsaldeko bostetan hasiko dira, eta goizeko ordubatetan amaituko, gero protagonismoa dj-ek hartuko dutelarik, goizeko zazpiak arte.

Sarrerak bono baten bitartez erosi ahal izango dira, hiru egunetarako, edo egun bakarrerako sarrera erosi daiteke ere, nahiz eta oraindik salneurria ez den ofizial egin. Esan beharrik ere ez dago, sarrerarekin batera kanpatzeko eskubidea ere badago.

Jaialdiko antolatzailea den Last Tour Internationalek garraio publikoak izango duen garrantzia goraipatu zuen, Bilboko udalak Kobetamendi gunera hurbiltzeko zerbitzu berezia jarriko duelarik.

lunes, 30 de enero de 2006

Half Foot Outside taldearen aurrerapena sarean

Half Foot Outside talde iruindarrak zigilu aldaketa burutu du Perfect From The Distance lan berria argitaratzeko. Oraindik argia ikusi ez duen arren, myspace delakoan entzun dezakegu aurrerapen bat, The ABC of love deituriko kanta hain zuzen ere.

Bcore-tik Astro diskoetxera egindako saltoa ofiziala egin denean jakin dugu Perfect From the distance diskoaren aurrerapen kantua www.myspace.com/halffootoutside helbidean dagoela. The ABC of love deitzen da, eta beste kanta inedito bat entzun daiteke aurreko diskoko In/out eta Start Acting Mean-ez gain, The Cure taldeari egindako omenaldian sartutako abestia: Why Can't I Be you.


Ziurrenik biran izango ditugu, eta Euskal Herrian arituko direlakoan gaude. Momentuz Madrilen eginen dute diskoaren aurkezpena, El Grito aretoan.

sábado, 28 de enero de 2006

Ez da posible...

Ezin dut sinistu, ez da posible, ezin liteke. Telebista piztu eta kate guztietan gauza bera aurkitzen duzu. Berdin da gosaltzen egotea, siesta botatzen edota gaueko ordu txikietan egiten dituzun gauza pertsonal eta gustagarriak modu xamurrean egiten egotea. Ez zara libratuko. Telenobelak modan daude. Eta modan dagoen guztia bezala, gorrotagarriak bihurtu dira. Zure eguneroko bizitzan dituzun arazoak gutxi balira, orain Juan Tobias, Valeria, Abigail, Rodrigo, Tatiana edota Marcos Aurelioren arazoak pairatzen egon behar gara. Localia eta antzerako telebista lokalak alde batera utzita, hamaika dira gaur egun emititzen ari diren telenobelak. Eskerrak "Pasion de Gavilanes" bukatu diren jada.

TVEk duela 16 urte bota zuen estreinekoz telenobela bat eta ordutik bi edo hiru botatzen ditu batera. Orain “La Tormenta” telesail berria jarri du martxan arratsaldeko lauetan eta ondoren, “Amar en tiempos revueltos”. 36ko gerraosteko garaian dago girotuta eta hori da okerrena. Garai ilunak eta zailak izan ziren, baina telenobela hau ematen hasi zirenetik, garai haiek are ilunagoak iruditzen zaizkit. “Los Plateados” telesaila oso audientzia baxua du, %14koa normalean. Baina, telenobelak modan daudenez, bere emisioa mantentzen dugu, orain larunbat goizetan, eguerdiko hamabietan.


 


Antena 3 edo Basura 3 kateak ere gogor ekin dio mota honetako sailak emititzeari, “Pasion de Gavilanes” telenobelaren arrakastaren ostean, “La Mujer en el espejo”ren bi atal ikus ditzakegu goizez eta arratsaldez “El Cuerpo del deseo” eta “Rubi”, orain berri estreinatuta. Hori gutxi balitz, Michel Brown “gavilana” katean geratu da, arratsaldeko “Estoy por ti” saio lotsagarria aurkezten. Fisikoki oso erakargarria izango da tipoa, baina aurkezten ikaragarri txarra eta nekagarria. Mesedez, sar dezatela kartzelan. “Gavilanak” Antena 3en ezezik gainontzeko kateetan ere ikus ditzakegu, Corte Ingleseko beherapenen publizitatearen protagonistak direlako. En fin.


 


Telecircok (Telecinco da, baina izena aldatu beharko luke), beste bat pantailaratu du, “Amor en custodia” argentinarra. Hiru egun besterik ez du iraun. %8ko audientzia egin ostean, telebistatik desagertu da. Eskerrik asko.


 


Ezin dugu ahaztu, herri kirolak, bertsolariak, pilota eta panderoaren telebista kateak (ETB1) ere bere telenobela duela, “Goenkale”. Hamaika urte luze eta 2000 ataletik gora. Ez al da iritsi telesaila bukatzeko garaia? Ez jauna. Orain prime timean botatzen dute, gaueko hamarretatik hamaiketara astelehen eta astearteetan. Gainera istorioak errepikatzen ari dira, Maria Luisa berriro bere jabetzak lapurtuko dizkion gaiztoarekin enrollatzeko zorian baitago. Penagarria.


 


Baina benetan kezkagarriena aste honetatik aurrera jasan beharko duguna da: Haurrentzako telenobelak. TVE1k “Floricienta” eta ETB1k “Maite Kuttuna” telesailak ematen hasi dira. Honi “kantera” egitea deitzen zaio. Badakizue, harrobia oso garrantzitsua da, gero helduen sailak ikustera pasatzeko. “Floricienta” ez dut ikusi, baina “Mite Kuttuna”ren bigarren atala osorik ikusi nuen eta Doraemon, Son Goku eta Heidiren ahotsak berriro entzutea ez zen oso xamurra izan. Gainera, Matilda filmearen antz ikaragarria ikusten diot.


 


Eta azkeneko traka: aste honetatik aurrera La2 katean ere telenobela bat botatzen hasiko dira, “Luna Negra”. Eskerrak gaueko 3,30etan hasiko den. “Telebista Programazio Duin baten aldeko Plataforma” sortu beharko genuke horrelakoak berriro ez gertatzeko (broma da).

Gaztelupetik hots berriak datoz

Keuren eta Sexty Sexersen disko berriak eta Mugaldekoak liburu-diska kaleratuko ditu Gaztelupeko Hotsak disketxeak.

Keu aurkezpenik behar ez duen musikaria da: Etsaiak taldean eman zuen bere burua ezagutzera, Psycophony eta Fjord taldeetan aritu da eta geroztik bakarka ere hiru disko instrumental egina da. Oraingoan berrikuntza nabarmenekin datorkigu, talde berria osatzeaz gain (Mikel Arakistain baxuan eta Jon Gurrutxaga baterian direla) disko berria ez baita instrumentala izango. Andoaingo Garate estudioetan egin dituzte grabaketa lanak eta otsailean ikusiko du argia disko berriak.


Sexty Sexers beratarren diskoa ere otsailean kaleratuko da. 2001ean sortu zen taldea, hasieran Ameba izenarekin. 'RockNRoll Samurai' eta 'Otsoa izan naiteke' kantak grabatu eta single moduan kaleratu zituzten. Ondoren, 2004ean maketa bat kaleratu zuten, baina 2006. urte hau izango da beraien lehen lan luzea ekarriko diguna. Diskoan zer? Punk eta hard-rockaren artean dabilen talde baten indarra.


Eta hilabeterik poetikoena apirila den arren, martxoan ikusiko du argia Mugaldekoak liburu-diskak. Edu Zelaietaren izen bereko poema liburua (Susa,2004) du abiapuntua lan honek. Idazleak, Beñardo Goeienetxe eta Raul Garcia musikariekin batera hainbat emanaldi egin zituzten Euskal Herri osoan. Orain gainera Jordi Serra kataluniarra hurbildu da muga aldera beraiekin aritzera.

Eremulauak...telebista zale!

Telebista begira jarriko da hemendik aurrera Eremulauak.com eta kanpa?a instituzionalek esaten duten moduan ez dugu bakarrik eginen, heldu batez lagunduak egingo dugu. Hemendik aurrera Unai Lako telebistan aditua den kazetariak plazaratuko dizkigu kajatonta-ren inguruan gertatzen diren gora behera guztiak kutsu pertsonal eta ironikoaz horniturik.

Ikuspegi berri honekin ezberdin begiratuko al diogu hemendik aurrera telebistari? nik egia esan ez dakit Mr Bean eta Kuxkuxeroak saioak ikusteari utziko diodan.


Adi Ikus Entzun atalari!

miércoles, 25 de enero de 2006

Txamankizuna (III eta IV)

3-

martitzena esan dugu, ezta? lehenako martitzenean makats bat hartu genuen. ulertu bedi mozorrotu egin ginela, azpiko dendara jeitsi, eta makats bat hartu genuela. “zenbat da?”, “27 zentimo”. ulertu bedi erlatiboki merkea dela makats bat hartzea; ez dagoela zertan kuadrilla ofizialarekin 20 euroko boterik ipini beharrik. batzutan kuadrillak itxulapiko itxiak lakoak dira. eta makats bat hartzeko ez dago zertan egun baten zain egon, kristolako plana egin. ikusi duzue, ez da hain zaila: mozorrotu eta azpiko dendara jeitsi. besterik ez. edozein martitzenetan adibidez.

 

4-

ez dago dantzan egiten dakien jendea. dago: dantzan egiten duen jendea eta dantzan egiten ez duen jendea. ez dago dantzan-ondo, ez dago dantzan-soltean edo binaka, ez dago dantza-modernoa edo tradizionala. dago dantza; dantzan egitea.

ulertu bedi jendea egoten dela itxarrik, edo lo, baina jendea ez da trebea itxarrik egoten, edo modernoa lo egoten.

ulertu bedi hemen ez dela dantzan askorik egiten.

bengaaaa!!!


(guri ere gustatzen zaigu, ikaragarri gustatzen zaigu, narrutan egitea).

martes, 24 de enero de 2006

Xabier Olarrarekin hitz egin eta aberasteko planak egin ditugu

Houdiniri ezin zitzaion bizkarra eman. Inor ez zen hura metalezko kutxa batean sartu, mila katez lotu eta ibaira bota ondoren bokadilo bat jatera joateko bezain inozoa. Gertutik segitu behar zitzaion hari, bestela edozein lekutatik aterako baitzizaizun.

Xabier Olarrari ezin zaio bizkarra eman. Gu hala ere, elkarrizketa hau e-postaz egiteko bezain inozoak izan gara. Oilarra ezin izan dugu beraz kate motzean lotu. KONTUZ! Hemendik aurrera irakurriko duzunak konspirazio baten traza hartzen du batzuetan, negozio bilera ematen du besteetan eta kantaldi surrealista baten tankera ere badu bukaera aldean.

Olarrak itzuli berri duen Raymond Queneauren Estilo Ariketak liburuaz hitz egin digu. Herri honetako bizilagunek literaturarekin duten neurrigabeko interesaren erruz tontamentean nola aberasten ari garen ere izan dugu hizpide, kafe birtual bat tarteko. Hona hemen elkarrizketa osoa, ia zentsurarik gabe (ez galdu bukaerako ODA!):
[Eremu Lauak] Raymond Queneauren Estilo ariketak itzuli berri duzu. Nola sortu zen liburu hau euskaratzeko ideia?

Bururatu askori bururatu izan zaigu. Eta nik ere hantxe neukan, agian noizbait itzuliko ditudan/dizkidaten/dizkiguten/diren liburuentzako apal batean. Baina, liburuaren hitzaurrean argi adierazi dut (erosi liburua eta enteratuko zarete) zergatik hasi nintzen 2004ko udan berriki argitaratu den liburu hau euskaratzen (edo jo www.igela.com helbidera eta bertan badira esteka pare bat hori eta gehiago argitzen dutenak).  Laburbilduz honako hau esaten da bertan: KM kulturuneak omenaldi bat egin nahi ziola Queneauri 2003an, baina ez ziren garaiz iritsi ezer prestatzera, eta berandu bada ere zerbait egitea hobe zela pentsatu zuten, eta niri 2004ko apirilean proposatu zidaten lan hori egitea. Eta nik, pentsatuz lehen Deabruaren hiztegia itzultzeak zer-nolako lanak eman zizkidan, bi aldiz pentsatu nuen, eta gero beste behin, eta azkenean baiezkoa eman nien.

[Eremu Lauak] Liburua deskribatzerako orduan adjetibo arruntak motz geratzen direla dirudi. Eskuartean duguna "bitxia" baino gehiago da. Nola deskribatuko zenuke zeuk?

Bitxia ez da aski, ez. 99 buruko bidutzia dela esan dut hitzaurrean, Queneau bera bezala. Nik Queneauri elkarrizketa bat egiteko aukera izango banu, honela esango nioke. Hi, bi bidutzi bat haiz, "Quiyo, tú ereh un monhtruo!".

[Eremu Lauak] Konbentzionalismo guztietatik urrun dago liburua bera, baina hori baino gehiago ere bai: azal gogorreko edizio elebidun batek gutxitan izaten du hain prezio baxua (15 euro). Literaturatik dirua ateratzearen ideiari erabat bizkarra emanda bizi zarete?

Edonork daki Igela argitaletxea EZ dela Irabazi asmorik gabeko erakundea (nahiz eta gure anagrama Irabazi Gutxi eta Lan Asko izan daitekeen), baizik ipuinetik bizi nahi lukeen koadrilla. Beraz, oraingo hau estrategia komertzial hutsa da. Begira, liburu hau merkea da, eta horrela inor Elkar MEGADENDA edo EROSKI edo EL CORTE INGLES (edo berdin, liburudenda txikiren bat non edo han gelditzen bada oraindik zabalik) eta antzekoetara libururen baten bila joaten bada eta zer erosi ez dakiela baldin badabil, liburu saltzaileak berak esango dio berehala, "No lo dude, llévese el último de Ijela, es el libro más vendido después del Código da Vinci, creo que es una novela de misterio de lo más interesante". Ez da izango euskal argitaletxerik konpetentziarik egiterik lortuko duenik, uste dut nik. Esan genuen liburuaren aurkezpenean: negu gorrian UDABERRIA DA DAGOENEKO GORTE INGELESEAN, NAFARROAKO ERREINUAN ETA GIPUZKOAKO PROBINTZIAN, amen.

[Eremu Lauak] Asko gozatu dugu liburua irakurtzen, baina nolako lana den ikusita, itzulpenak ekarriko zizkizun buruhausteak ere ez ziren nolanahikoak izango ezta?

Bai, ikusten duzue nolako erantzunak ematen ditudan galdera serioak egiten dizkidazuenean. Burua hautsi ez, baina pixkaren bat pitzatu, bai...

[Eremu Lauak] Eta lan hori guztia hartu ondoren meritua Queneaurentzat izango da. Ez al da patu tristea itzultzailearena?

Ez da hainbesterako ere. Heldu iezaiozu gaiari beste ikuspegi batetik: Queneauk 1976tik aurrera alferrik ditu meritu eta gainerako guztiak, nik, berriz, lehengo egunean sentsazio berri bat sentitu nuen, orain arte sekula probatu gabea: liburu bat aurkeztu eta entzuleek TXALO egin zidaten (beno, kontuan hartu erdiak adiskideak eta best erdiak lagunak zirela KM kulturunera agertu zirenak). Baina, pentsa, adin honetan, bila ibili gabe sentsazio berriak izateko aukera ez da ahuntzaren gauerdiko eztula...

[Eremu Lauak] Queneauren bi obra nagusienak baditugu euskaraz azkenean. Zein da zure ustez oraindik euskaraz topatu ezin den eta derrigorrez itzuli beharko litzatekeen  idazlea edo obra?

Derrigorrez ez dago ezer itzuli beharrik, nire uste apalean. Baina, komeni, mordo bat dago komeni litzatekeena. Askok pentsatuko dute orain esatera noana txantxetan esaten dudala, baina BENE-BENETAN esaten dut. Komeni litzateke, eta lehenbailehen, EHUNEN BAT HILKETA-NOBELA (WHODONIT eta HARDBOILED, enigma eta beltza) euskaraturik edukitzea. Eta beste horrenbesteko sail bat edukitzea nobela historiko eta best-sellerrez osatua. Literaturzaleon ikuspegi hertsitik ez da, ez beharrezkoa, ez ezer. Baina irakurle balizko arruntaren ikuspegitik, bai. Etorkizunera begira, hori ere behar litzateke.

[Eremu Lauak] Aurretik itzuli dituzun lanen artean William Faulknerren Santutegia, Truman Capoteren Odol Hotzean edo Dashiell Hametten Maltako belatza aurkitzen ditugu besteak beste, polizia-nobelatik gertu daudenak nonbait sailkatzekotan. Queneauren lan hau berriz oso bestelakoa da. Aldendu egin al da Xabier Olarra nobela poliziakotik?

Ez Xabier Olarra ez da aldendu nobela poliziakotik, baina Xabier Olarra pertsona bakarra da, eta ezin ditu lan klase guztiak batera egin. Dena dela, Santutegia edo Odol Hotzean, "nobela poliziako" baino gehixeago ere badira, nik uste.

[Eremu Lauak] Egia da bai, badakizu, bekaduna naiz eta galderak prestatuta eman dizkidate. Begira ze fundamentu duten web honetako arduradunek... Gaiez erabat aldatuz, 2006 honetako udazkenean Igelak 18 urte beteko ditu. Zer moduz darama argitaletxeak adin nagusitasuna?

Zapaburu izatea ez dago gaizki: burua eta buztana, biak dituzu. Zapaburu helduak igel bihurtzen direnean buztana galtzen dute (nik zientzia naturalak ikasi nituenean anuroen artean sailkatzen zituzten (buztangabeak, alegia). Burua ere ari zaigu pixkanaka joaten. Beraz,  buztanik gabe gelditzen bagara, EZ BURU ETA EZ BUZTAN, patu gaiztoa emankortasunaren sinboloa den animaliatxo gaixo honentzat ...

[Eremu Lauak] Zein izango da Igela argitaletxeak emango digun hurrengo sorpresa?

The Curious Incident of the Dog in the Nigh-time/Txakurrak gauean izandako istripu bitxia, Mark Haddon britainiarrarena ari naiz itzultzen. Sorpresatxo bat izango da zenbaitentzat. Baina, dagoeneko zuei kontatzen badizuet, nola izango da sorpresa? Beste alde batetik, aberats bihurtzeko gure helburu betidanikora hurbiltzeko, beste zerbait ere pentsatu dugu, ESKLUSIBAK SALTZEA, baina oraindik ez dakigu zerenak, beharbada zuek horretan laguntza ematen ahal diguzue. Gure ekonomia desastrosoa hobetzeko beste zenbait ideia ere bururatu zaizkit zuek egindako galdera sorta honi erantzuten ari nintzela. Zergatik ez genuke,  beste britainiar fitxaje horrek bezala, pixelka gure orria alokatuko? Zenbat mila libra irabazi behar ditu egunean? Edo, esate baterako, Estilo-ariketak itzultzean, honegatik edo hargatik, bazterrean gelditutako zenbait ariketa-saio ere sarean jarri (zuen webgunean edo gurean) eta sarreragatik kanon bat jarri.

Lehenbizikoa erregalatu egingo dizuet: ODAren lehen bertsioa.

Zoritxarrez, euskaldunen 100eko 99ari galdetuko bagenio zeren PARODIA den hori, ez lukete jakingo. Eta beste horrenbeste gertatuko litzateke euskal irakurleen portzentaje handi bati galdetuko bagenio. Baina, hala ere, JO TA KE segituko dugu. Si l'on ne peut pas être la crême de la crême, on peut quand-même arriver à être la crôte de la crôte. Hausnarketarako balioko digu/zuelakoan. Ongi izan.

ODA

(RAYMOND QUENEAU/ESTILO ARIKETAK, bertsio baztertua)

Oi bus, oi bus,
Oi eSe bus,
Nerea
Hats eta putz
Ez hoa huts,
enea.

Oi bus, oi bus,
Oi ene bus,
eSea
Oi huts, oi huts
Oi ene huts
Emea.

Hats eta putz,
Ez hoa huts,
Maitea,
Oi bus, oi bus,
Oi eSe bus
enea.

Putz eta hats
Hor hoa atx!
Enea.
Oi bus, oi bus
Oi ene bus
Ernea.

Hats eta putz
Indar hartuz
Atzera,
Min-espantuz
Ta hatsantuz
Atera.

Lepaluze
Bat daramak
Etxera
Kapel luze
Bat zeramak
Gainera.

Kapeluan
Txirikorda
Du bueltan
Bus zaluan
Berriz hor da,
Hor bertan.

Mutil luze,
lepaluze
ernea
da haserre,
ipurterre
xinglea.

Oin-zapalka,
berriz talka,
ordea.
"Hau duk marka!"
"Aizu, barka!"
"Bordea!"


Presa latza
Dute antza.
Gaixoak!
Hau triskantza!
Zein balantza
zozoak!

Oi bus, oi bus,
Oi eSe bus,
Naroa
Hats eta putz
Gaur ere huts
Ez hoa.

Aulki bigun
Huts batetik
Nik dakust
Ez hain urrun
egitetik
han tupust.

Ai kinkirrin
Ai kunkurrun
Oi kanta
Ihes  hurrin
Mutur-zurrun
Joan da.

Ni nindoan
Aulki bigun
Hartatik
Ia doan
Eman zigun
Atzetik.

Ni poeta
Gai naiz eta
Astiro
Berriketa
Ta ariketa
Ai niro!

Oi bus, oi bus,
Oi eSe bus,
Nerea
Hats eta putz
Ez hoa huts,
enea.

Oi bus, oi bus,
Oi ene bus,
eSea
Oi huts, oi huts
Oi ene huts
Emea.

Geroago
Ikusi dut
mutila
San Lazaro
Aurrean zut
Isila.

Aholkuka
Ari zaio
Dandya.
Ezin uka
Hitz-darraio
Handia.

Hats-estuka
Hitz eta pitz
Dario
Ezin buka
Inoiz bere hitz-
Jario.

Eta atsegin
Ez bazaizu
Ixtorio.
Arin egin
Beste batzu,
eta adio.



[Eremu Lauak] Eta hemen begiak bigarrenez plater eginda geratu zaizkigu... Barkatuko diguzu azken hitza lapurtzea, baina eskerrik asko Xabier, opariarengatik (Atxagak plagioa egin digu bere azken liburuaren tituluarekin eta salaketa horretatik ateratako diruaren zati bat helduko zaizu itzulpenarengatik, tartean Benito sartzen ez bada behintzat). Bitartean, au revoir et n'oublie pas que nous aimerons toujours les temps des grenouilles (la crôte de la crôte, eremulauak.com)

lunes, 23 de enero de 2006

Lagun artean

Horrela bukatu zuen Ben Leek joan den larunbatean (hilak 14) emandako kontzertua, lagunen artean. Aspaldiko kantak entzun genituen Arrasateko Amaia udal antzokian izan ginenok, baita azken diskokoak ere.
Creedence-en bertsio berezi bat eta bukatzeko, Ben Lee eskenatokitik jeitsi zen bere kitarra akustikoarekin eta kanta bat eskeini zigun gure ondoan. Gero, kitarra hartuta sarrerara abiatu zen eta han gelditu ginen publiko guztia: antzokiko eskaileretan gure Ben lagun berriari entzuten. Eta irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duenez, hortxe argazkia!

Txamankizuna (I eta II)

sinestea bizi daitekeela honela
sinestea bizi daitekeela honela
sinestea “honela” ez dela urtarrilak 7rako idatzitako testu bat; sinestea “honela” ez dela urrutiko pelikula bat, ez dela poema eskuraezin bat; sinestea “honela” ez dela fikzioa.
lartxo sinestea norbaitentzat igual, baina,
sinestea, gu, honela bizi garela.
eta sinestea bizi daitekeela honela


(II)


sinestea lur honengan;
lur honengan eta bere gainean imajinatutako guztiengan.
sinestea badagoela lur honi begiratzeko beti beste era bat;
ez derrigorrez egunkari, telebista, kuadrilla, eusko-tren; ez derrigorrez kotxetik, albotik, hotz, komenientziaz.
bai igual txakolin, olatu, ohean edo naranja; bai igual martitzena, zeldara, ume bat edo kolorez.
beste eguzki bat behar du herri honek, hurbilago egoteko, sinesteko; eta hotz puta hau desegiteko ere bai.

viernes, 20 de enero de 2006

Buenos Aires da

Buenos Aires da, ez dago zertan hiperbolerik erabili beharrik, ez da hainbeste, ez da dena, da Buenos Aires.

Argentinan.

Jainkoa leku guztietan omen dago baina Buenos Airesen dauka bulegoa, esaten dute Buenos Airesekoek, hau da, porte?oek. Eta Argentinako luze-zabalean ez dago oso ondo ikusita porte?oa. Baina berdin dio, porte?oak Buenos Aires dauka. Ura alboan. Eta Montevideo Rio de La Plataren beste aldean. Eta hegoalderantz La Pampa eta hegoalderantzago Patagonia, eta mendebaldean Andeak eta haratago Txile, eta horrelako datu geografikoak badakizkigu, edo ez, baina berdin digu.
    Zilarrezko errekaren ertzean etzanda sortu zen Buenos Aires, batzuk diote euskaldun batek sortu zuela hiria. Buenos Aires unibertsoa lakoa da, oso handia, luzea eta zabala. Autoa hartuz gero ezin daiteke hain errez irten, bi ordu behar dira gutxi gora behera Buenos Airesetik irteteko eta etxe bako lautadak ikusteko. Eta autobusez berdin. Lehenengo zentroa dago eta gero auzoak, eta ondoren auzo gehiago, eta urrutiago auzo pobreak, eta gero auzo pobreagoak eta gero igual belarra ikus daiteke, baina belar eremu oso mugatuak eta ez oso berdeak. Retiron hartzen dira autobusak. Alde guztietara daude autobusak Retiron. Ia leku guztietara. Bertan har dezakezu autobusa eta umeak ikusiko dituzu asfaltoan futbolean jolasten, belar kolorea ez duen belarrean futbolean jolasten, imajina ezinak diren lekuetan futbolera jolasten. Eta umeak ikusiko dituzu semaforoetan malabarak egiten: pilotekin, suarekin, sokekin...beti semaforoetan, beti autoentzako semaforoa gorri dagoenean. Eta autobus barnean filma bat ematen hasiko dira, baina zuk kanpora begiratzen jarraituko duzu, Buenos Airesen filmak ez direlako grabatzen ezta ikusten, Buenos Airesen filmak bizi egiten dira. Gehienetan Buenos Airesen filmak sufritu egiten dira, batez ere porteñoa bazara.

    Buenos Aires gogorra da, zikina. Antagonikoa da Buenos Aires. Horregatik da polita eta magikoa.

    Eta denetik egiteko dago Buenos Airesen, baina denetara heltzeko ezintasuna sortzen du baita ere. Nik ez dut ulertzen Buenos Aires, A eta B ditu Buenos Airesek. Plus eta minus. Antagonikoa da, batez ere hori. Eta jendea isilik doa beti kolektiboan: zentroan, San Telmon, Recoletan...beti isilik, eta ia beti bakarrik. Postmodernitatearen leihoa, eta gu bertatik begiratzen, Buenos Airesera begiratzen. Jendea mugikorretan ezkutatzen da ez pentsatzeko, jendeak musika entzuten du kalean eta kolektiboan ez pentsatzeko, jendea izoztu egiten da metroan eta kolektiboetan ez pentsatzeko. Ze ez da erreza hainbeste pentsatzea. Behin entzun nuen pentsatzea ona dela, asko pentsatzea arriskutsua eta gehiegi pentsatzeak hil egiten duela. Eta Buenos Airesen asko pentsatzeak hil egin zaitzake. Eta horregatik jendeak ez du hainbeste pentsatzen. Eta iluntzean denak doaz etxera isilik.

    Eta iluntzean denak isilik etxera doazenean hiri osoko kale kantoi guztietako zaborrak jendez betetzen dira. Karrodun pertsonak ikusiko dituzu alde batetik bestera, kartoiarekin, paperekin, aparatu arraroekin...eta umeak egongo dira, zaborrak zabaldu eta burua barrura sartzen, eguneko ogia eman diezaiokeen zerbait bilatzen. Hilabete amaierara ondo heltzen den jendeak behar ez duen eta zaborretara botatzen duen edozer da hilabete amaierara heltzen ez diren pertsonentzat baliotsua. Eta ondotik gorbatadun pertsonak pasatuko dira, eta gorbata bakoak baina hilabete amaierara ondo heltzen direnak, eta okinak, eta pizzeriaren baten lan egiten duen ikaslea, eta edizio luzeetan kristalak garbitzen dituen gaztea, eta Boliviatik aukera bila etorri zen familiako anai zaharrena nostalgiaz beterik...eta umeak hor jarraituko dute, zaborretan aurpegia sartuta, txikitan, Lekeitio edo  Lagako edo Zarautzeko hondartzan, ur azpian zer dagoen ikusteko burua sartzen genuen bezala, baina ez uretan zer dagoen ikusteko, baizik eta zaborretan sartzen dute umeek Buenos Airesen burua. Eta lehenengo egunean oso gogorra egingo zaizu hori ikustea eta mina sentituko duzu, zerbait ondo ez doan sentsazioa, eta bigarren egunean ohartuko zara inork ez diela kale kantoiko zaborretan dauden pertsonei begiratzen, beste alde batera begiratzen dutela, eta zu haserretu egingo zara, eta hirugarren egunean erdi ohitu egingo zara kale kantoi guztietako zaborretan pertsonak ikustera eta orduan beldurtu egingo zara, deshumanizatzen hasi zarelako, hiriak irabazi egin zaituelako, 2-1, eta gizateria madarikatuko duzu, edo bestela pizza bat eskatu, delivery.

    Eta aurrera jarraitzean ohartuko zara "kuadra" batean 12 ciber daudela, eta denak jendez betetan daudela eta kalean zarata itzela dagoela denok isilik joan arren eta ez duzu ezer ulertuko. Ze orain inork ez ditu gutunak eskuz idazten eta erromantizismotik kanpo, pena ematen dit ze postariak lan gabe geratu dira, edo aurki geratuko dira, eta pena ematen dit ze nik txikitan postaria izan nahi nuen nire herrian, eta karrotik tiratu, goizetan. Hori guztia nahi nuen txikitan eta Buenos Airesen ezin daiteke horrelakorik amestu eta ohartuko zara postariak betetzen dituztela tabernak, paroan, alkohola.

    Eta paroan daudenak zelan kexatzen dira? Galdetuko dizu geroago piketeroak, eta zuk, ba ez dakit, ba paroan daudenak ezin dezakete grebarik egin, esango dizu, greba egiteko lan egin behar delako, eta orduan zer egin, galdetuko dizu berriz ere piketeroak eta zu isilik, eta esango dizu paroan dagoenak bere errebindikazioak egiteko bide bakarra bideak moztea dela, sistema hau kolokan jartzea, eta kolokan jartzeko bide bakarra kapitalismoa moztea dela, eta kapitalismoa mozteko, sistema neoliberal basati hau moztu behar dela, eta produkzio basati hau mozteko lehengaia moztu behar dela eta horretarako zer egin?, galdetuko dizu piketeroak, ba bideak moztu, bidetik heltzen direlako enpresa kapitalistetara lehengaiak, eta horregatik piketeroak mozten ditugu bideak, gure eskubideen aldarrikapena egiteko bide bakarra hori delako, bideak moztea, eta ez ditugu bideak mozten pertsona txarrak eta alperrak garelako, gorbatadun jendeak dioen bezala. Hori dena esango dizu. Gu piketeroak gara, langile sozialak.

    Eta kaka, kea. Eta bizia, bizioa. Eta kultura. Eta pagina 12 egunkaria zabaldu eta burua labadora bezala, bueltaka eta 10 antzezlan daude gaur, eta 9 filma interesgarri ikusteko. Eta kaka, zer egin, zalantza sortuko zaizu, gauza gehiegi daude egiteko Buenos Airesen  eta ezin leku guztietara joan. Eta liburu denda itzelak daude, berriak, bi pisutakoak, magikoak, bigarren eskukoak...gehienak "Corrientes" kalean, "Oveliscotik" gertu, munduko kale zabalena da "Oveliscoren" kalea, eta zer, pentsatuko duzu, ze absurdoa den munduko kale zabalena izatea, ez du ezertarako balio, batez ere dena kotxez beteta dagoelako, baina beno, harro, munduko kale zabalena dago Buenos Airesen. Eta orduan zer egingo duzu, galdetzen diozu zure buruari, aukera larregi, denetarik kulturan, denetarik denetan. Ehunka kolektibo enpresa, ehunka konpetentzia. Eta kapitalismo bakarra. Eta estatua ez da existitzen, eta existitzen bada korruptoa da, oso, asko. Eta inork ez daki deus ere ez. Eta zerbait dakienak lagunen bat du politikoa dena. Eta zure semeak postu ona izan dezake orduan. Eta ostegunetan oraindik "Madres de la Plaza de Mayokoak" batzen jarraitzen dute, Plaza de Mayon, eta orain seme-alabak ere batzen dira, eta aitite eta amamak ere bai. Eta guzti horren erantzuleak kalean daude, Menen presidente ohiak kalean utzi zituelako, Menen presidente ohiak, Argentina, bere herria, saldu zuen pertsona berberak. Eta denek madarikatuko dute Menen. UUuhhhh. Ze Menenek hil zuen Argentina, ze lehen "uno a uno" zeuden, dolarra 1, pesoa 1 eta denak ondo bizi ziren eta 2001etaik hona ez hain ondo, ze 2001ean Argentina hil egin zen, baina orain jaiotzen ari da Argentina eta niri jaiotzak gustatzen zaizkit. Eta jendeak berba egiten daki, eta matea hartzen daki. Eta bi ordutako gosariak egiten daki. Eta plazera da guzti hori. Plazera da ikustea gehiago behar ez dutela zoriontsuak izateko lurrotan. Horregatik. Pertsonengatik. Paisaiak googlen daudelako, pertsonak ez. Laster arte Argentina. Hurrengorarte

jueves, 19 de enero de 2006

Urtarrilaren 7ko jaiko kronika bat egitea baino hobeto...

Askok eta askok eskatu duzue azken aldian urtarrrilaren 7an gertatutakoaren kronika. Hori eskatzen baduzue, han egon ez zinetelako izango da seguruena, eta guk ez du jakin nahi gose hori asetuko. Halere, bertan Txamankizuna ikuskizunekoek irakurritako (antzeztutako) testua duzue irakurgai. Hemen duzue sarrera momentuz, hurrengo egunotan atalka igoko dugu, ikus-entzun atalean...

eremu lauetan xaboi ponpak urrutiago heltzen direlako
pellotea intimoagoa delako


eremu lauetan ez dagoelako mugarik
hodeiertza delako lehenengo horma


eremu lauetan sherifak benetakoak direlako
eta tren estazioak abandonatuak diruditelako


eremu lauetan bideak bide direlako,   luzeak
eta eguzkia astiroago desagertzen delako


eremu lauetan haizeak pertsonalitate gehiago duelako
eta soinuak urrundik heltzen direlako


eremu lauetan oraindik ere komunitate nomadak bizi direlako
eremu lauetan eremuak infinitoak direlako


eremu lauetan txamanetan sinisten delako


eremu lauetan gu geu garelako eremu lau


gabon eta gaur urtarrilak 7 omen
gaur eremu lauak-en lehen urteurrena ospatzen dogu
gabon
gaur eremu lauak bostak eta seiak 7 omen
7 eremu txamandu
lery leroyk badaki, 7a gure bila dabil
gaur, 7 txaman-eremu sinesgarri

martes, 17 de enero de 2006

Eraso!, Surfin Kaos eta Gose: hirurak batera, hirurak desberdin

Aizoain-eko Artsaia aretoan izan ginen Hontza management-ek antolaturiko jaialdian.
Nahiz eta kartela anitza eta kalitatezkoa izan, ez zen jende gehiegi hurbildu Artsaiara. Gosek ireki zuen jaialdia, han geundenontzat ezezagunenak zirenak. Egia esan, ordurarte ez nuen talde honen musika entzun eta bitxia behintzat egin zitzaidan, trikitixa, samplerrak eta gitarrak nahasten baitituzte. Goldfrapp, Prodigy edo Rammstein bezalako taldeak etorri zitzaizkidan burura emanaldian zehar. Surfin Kaos hirukoa igo zen ondoren taulagainera, euren punk rock-az gaua berotzen hasiz. Emanaldi polita eskaini ziguten Koldo Soret eta bere mutilek “Bizzionbizzi” diskoko kantuak, baina baita maketakoak ere joaz.

Hala bada, Eraso!-ri egokitu zitzaion azkeneko kontzertua ematea, eta ezin zen bestela izan. Jendea batez ere Eraso! ikustera hurbildu zela nahiko argi geratu zen. Indartsua izan zen kontzertua, beren kantu metalikoak era bortitzean joz. Azpimarratzekoa Sergioren ahotsa, izugarria, eta bateriaren lana, taldeari bidea markatzen. Izugarri ongi sartu zitzaizkigun “Kontra” disko berriko kantuak, zuzenean ez baitute indarrik galtzen, kontrakoa esanen nuke nik.

Gero kexatuko gara, eta esango dugu kontzertuak ez direla egiten etab., baina kontzertu hartan ez ginen 50 pertsona baino gehiago. Eraso! erreferentzia da euskal metalaren barruan eta Surfin Kaos ikusgarriak eta gustagarriak dira, baina hala ere… ematen du jendeak nahiko duela urtean behin Hatortxurock eta halakoetara joatearekin. Pena da.




Lor: ?Gure helburua aurreko diskoa gainditzea izan da??



Lor-eko mutilak itzuli dira, disko berria besapean dutela. Bakoitzari berea jarri diote izena buruan iltzatuko zaizkizun kantuz beteriko lan berriari. Lander abeslari eta gitarristak erantzun zizkigun galderak.


-[Eremu Lauak] Aurreko diskoarekin alderatuta, kanta hobeak dituela ikusten dugu, estilo propio eta definitu batekin. Ados honekin?

[Lander Irazola] Izan daiteke,hala ere, gure helburua aurreko diska gainditzea izan da, eta alde hortatik  ados gaude akenengo emaitzarekin. Abestiak asko landu ditugu , esan beharra dago Beñat Agirre produkzio lanetan  aritu izan dela eta laguntza hau nabaritu izan dela diskoaren abesti guztietan. Bakoitzari berea nortasun handiko diska bat da nire ustetan.

-[EL]Ahots-melodiei garrantzi handia ematen diezue. Hau kontutan izanda, nola izaten da abestien egituratze prozesua? Nondik hasita garatzen dituzue kantuak?

[L] Etxean dudan akustikaren laguntzaz abestiaren doinu nagusiak ateratzen joaten naiz. Abestiaren ideia nagusi bat dudanean, lokalera eraman eta denon artean hobetzen saiatzen gara proposamenak eginez. Abestiaren musika konposatu ondoren ahotsak sartzen saiatzen gara eta geroago hitzak idazten ditugu. Normalean abestien egituratze prozesua hau izaten da, baina ez beti.

-[EL]Diskoan hamaika kanturekin topatzen gara. Horietako bat “Sofa erosoak”-en bertsio elektronikoa, eta bestea “Hotziturik”-en bertsio distortsinatua. Biak ere aurreko diskoan agertu zirenak. Nolatan sortu zaizue bai bata eta bai bestea egiteko ideia?

[L] Hotziturik: Kanta hau  betidanik gustatu izan zaigu eta asko gainera. Kontzertuetan jendeak gehien abesten zuen kanta zela ikusita bertsio akustikotik elektrikora pasatzeko ideia sortu zitzaigun eta hortik aurrera… Hala ere, aurrekoa diskoan oharkabeturik pasa zen kantua izan da eta guretzat abesti oso berezia da.

S.E. remix: Grabatzen ari ginela Mutedeko Christophek remix bat egiteko proposamen bat egin zigun eta hasiera batean katxondeo modura hartu genuen.  Baina, azkenean animatu eta diskari ikutu berezi bat ematen dion kanta bat sortu zen.

-[EL] Bi bertsio horiek kenduz gero bederatzi kanturekin gelditzen da diska. Ideia faltagatik izan da edo beste arrazoien batengatik?

[L] Ez dago inolako arrazoirik. Kanta gehiago izan ditugu eta azkenean alde batera utzi izan ditugu.

-[EL] Grabazio prozesua nahiko mugitua izan dela jakin ahal izan dugu.  Azalduko al zeniguke nola burutu duzuen lana?

[L] Gure ideia hasiera batetik grabazio prozesua patxadaz egitea zen. Hau da, Elorrixoko Berriozabalbeitia baserrian hil bat grabatzen egotea. Azkenean grabazio prozesua luzatu egin zaigu, hainbat lekutan burutuz. Hau izan da prozesua:

-Elkar estudioak: Bateria (Jean Phocas, Beñat Agirre)
-Berriozabalbeitia baserria: gitarra eta baxua (Beñat Agirre)
-Muted taldearen lokalean: Ahotsak (Beñat Agirre)
-Lorentzo Records: Nahasketak (Beñat Agirre)

Esan beharra dago Beñat Agirre produkzio lanetan aritu dela gurekin gau eta egun eta azkenik taldearen bosgarren partaide bihurtu dela (barre eginez). Emaitzarekin oso pozik gaude, abestiak oso ondo landuak izan dira eta horren emaitza diskan islatu da. Soinu aldetik ere, bikain gelditu da gure ustetan.

-[EL] Abesti nahiko poperoak egiten dituzue, melodia eta egiturei dagokionean behintzat. Baina gero metal edo hardcore influentziak eta bestelako detaile asko gehitzen dizkiozue zuen musikari, pixka bat gogortuz. Alde honetatik hain modan dagoen “emo”-arenganako hurbilketa bat dagoela esango dezakegu. Zer deritzozue? Zeintzuk dira zuen influentziak?

[L] Denetarik entzuten dugu Lor-en, eta hori diska hontan isladatzen da. Gustatzen zaigun musika jotzen dugu, ez naiz ausartzen gure musika estilo finko batekin identifikatzen. Nere ustetan  Lor musika estilo askoren  fusioa da. Eraginen aldetik badira talde asko: Nickelback, Nirvana, Foo Fighters , slipnot, U2, Coldplay, Beatles… Ehundaka talde aipatuko nituzke. Oso zaila egiten zait taldea musika estilo moduan identifikatzen.

-[EL] Nola ikusten duzue eszena Euskal Herrian? Hemengo zein talde dituzue gustokoen?

[L] Azken urteetan kontzertuetara gero eta jende gutxiago joaten dela ikusi da EH-n. Hala ere, osasuntsu ikusten dut musika panorama eta gainera eskaintza ugaria dela uste dut. Talde oso onak daude Euskal Herrian. Eszenatokira igotzeko gogo asko dago eta hori da garrantzitsuena. Talderik gustokoenak: Pi l t, Zea mays, Sen, Berri, Suta…

-[EL] Aurkezpen kontzertuak emateari ere ekin diozue dagoeneko. Nola ari dira joaten? Jendeak nolako erantzuna du kanta berrien aurrean?

[L] Egia esanda, oso pozik gaude jendearen erantzunarekin. Gero eta jende gehiago hurbiltzen da kontzertuetara eta jendeak abestiak abesten ditu. Nere ustetan, hori da musikagile batentzat pozgarriena. Beraz, alde horretatik ezin gara kexatu. Hala eta guztiz ere, oraindik ez ditugu kontzertu asko jo. Baina, esan bezala, oraingoz oso pozik gaude erantzunarekin.




Atom Rhumba eta Josetxo Anitua elkarrekin taula gainean...ikusteko modukoa

Urtarrilaren 7an Durangon ospatu genuen jaialdian frogatu genuen, egungo musika panoraman Atom Rhumbak du zuzenekorik potenteena. Musikari bikainak, dinamismoa, ka?a eta publikoarekiko jarrera bikaina du talde bilbotarrak. Orain gure etxean, haien kontzertuetako indarrez gozatzeko aukera dugu, "JOSETXO ANITUA & ATOM RHUMBA. LIVE!" izenburua daraman zuzeneko DVD-arekin.
Joan den urteko maiatzean, Bilboko Kafe Anzokian emandako kontzertua eskeintzen digute DVD honetan. Egun hartan, eta eremulauak web guneak sarean lehen urtea ospatzeko egin zuen moduan, Ruta 66 aldizkariak 20.urteurrena ospatzen zuen, Rhumberoen emanaldiarekin. Josetxo Anitua saxofoilaria aritu zen egun hartan taula gainean. Hainbat urte eskenatokietatik urrun, gustora aritu zen Anitua Atom Rhumbarekin batera. Cancer Moon taldearekin ibilbidea amaitu ostean, hainbat talderekin aritu da Josetxo Anitua, bainan zuzeneko zirrara berriz probatu gabe,

Gau berezia eta zirraragarria izan zen Kafe ANtzokikoa. Sarrera guztiak bukatuta, Euskal Herritik eta kanpotik etorritako jendea...Egon ez bazinen badakizu... "JOSETXO ANITUA & ATOM RHUMBA. LIVE!" jada salgai.

Egino Proyect: musika eta umorea Karabie gaztetxeko sutearen urteurrenean

2000. urtean Lemoako Karabie gaztetxe zaharrak su hartu zuenetik, urtero ospatu izan dute ekitaldi bat herriko gazteek. Aurten ere ez dute zita ahaztu eta ostiralean, urtarrilak 20, egun berezia prestatu dute, memoria apur bat egin, etorkizunaz hitz egin eta ondo pasatzeko. Horretarako 17:15etan Karabi zaharrera igoko dira, 20:00etan asanblada egingo dute gaztetxean iraganaz, orainaz eta geroaz hitz egiteko eta ondoren afari-merienda egingo dute. Azkenik 22:00etan Egino Proyect egitasmoa aurkeztuko dute, musika eta umorea uztartzen dituen proiektua.
Gaztetxeko kideek gogoratu nahi izan dute Karabie gaztetxeak herrian izan zuen garrantzia, "herriko gazte mugimenduaren sorrera" ekarri zuelako eta mugimendu horrek "bizi bizirik" jarraitzen duelako.

lunes, 16 de enero de 2006

Behin aireportu batean lo egin nuen (ni ere aireportuen inguruan, Gorkaren baimenarekin)

Nekatuak iritsi gara Bergamoko aireportura. Gaueko hamaikak dira eta 6ak arte bertan lo egitea zen gure plana...koittaduak. Iritsi bezain pronto, aireportu fantasmaren itxura hartu diogu lekuari, hainbat gune jada itxita eta argiak itzalita, kafetegiak hutsik, barraren atzean inor ez. Bankuak gure antzera, jende gaztez beterik daude, baita itxura elegantea duen adineko bikotea. Batzuk zein besteek, egin dute jada, lokuluxka botatzeko tokia...azkenekoak gara. Motxiletatik toallak atera eta maindire moduan erabiliko ditugu, pare bat jertse batu eta hortxe burukia...Itxura polita du gure oheak. Polita bai, bainan desorosoa zeharo. Aluminiozko bankuak hotzak dira, hotzak eta deserosoak, eserita egoteko desatseginak badira, imaginatu zer den bertan etzanda lo egiten saiatzea.

Nere bi lagunek segidan hartu diote hariari ametsari...gozatzen daudela ematen du (badakit norekin ari zareten amets egiten...nik ere gustora hartuko nuke berriz ere garagardo bat bertan).Helmugen atearen parean jarri gara...gurea bai inteligentzia. Antza, eskola bateko umeak ailegatuko dira aurki, etengabe hizketan dauden gurasoz josita baitago gune hau...leku deserosoa, jendea hizketan, lorik ezin egin.

 

Iritsi dira umeak, futbol talde batekoak dira. Ordu erdiz, gurasoen besarkadak eta muxuak pairatzen egon ostean, badihoaz denak etxera...isiltasuna azkenean.Hurrengo hegaldia 4etan helduko da Bergamora. Orain ez daukat lorik ez hartzeko aitzakirik...kaguenla. Paseo bat ematera nihoa...ze txikia den aireportu hau...5minututan buelta guztia eman diot.

 

Lagunetako bat esnatu da, bera ere lorik hartu ezinik dabilela esaten dit. Kalera goaz..aparkalekua hutsik. Maletak eramateko karritoak topatzen ditugu, eta barruan dugun nerabe-hooligana atera zaigu bapatean. Bergamoko AIreportuko lehen goitibera txapelketa antolatzen dugu aparkalekuan...ups...caravinieriak...akabo jolasa...berriz barrura.

 

Ze luzea den gau bat, zer eginik ez dagoenean. Genoan hartutako fanzinea hamaika aldiz irakurrita, memoriaz errezita dezaket jada...eta gure laguna lotan goxo goxo. Zerbait mugitzen da. Kafetegi bat irekitzen da. Bokadillo (garestiegi) bat erosten dugu, ez dugu goserik bainan denbora pasatzeko aitzakia dugu.

 

6ak dira. Gure hegazkina aurki irtengo da. Bagoaz aireportu honetatik. Ilaran gaudela, gure lagun esnatu berriak Zaragozako aireportuan gosaria hartuko dugun galdetzen digu. Ez mesedez, nahiago autopistako atseden gune batean, bainan aireportuan ez.

jueves, 12 de enero de 2006

Que no? Queneau? Horixe baietz!

Euskaraz ere estiloa edukitzea geroz eta gauza garrantzitsuagoa bihurtzen ari da eta horregatik zen beharrezkoa Raymond Queneau-ren Exercices de style liburua euskaratzea (Estilo Ariketak, Igela argitaletxearen eskutik). Gaur arratsaldean aurkeztu dute liburua Donostiako Koldo Mitxelenan, aretoa beteta zegoela. Eguneroko bizitzako gertakari bat hartu eta 99 modu desberdinetan kontatu zuen Queneauk liburu hau osatze aldera. Bidean hizkuntzarekin mila jolas egin zituen, etengabeko ahalegin literarioan.
Eta ahalegina aipatuta ezin ahaztu Xabier Olarra obraren itzultzaileak egindako lan bikoitza: liburua itzuli du, "nor da Queneau hori?" edo "Aaa" guztien gainetik eta gaurkoa bezalako aurkezpena egin du, inongo eskuliburutan tokirik izango ez lukeena eta lerrook idazten ari dena begiak plater eginda utzi duena (Noizko "Liburu baten aurkezpenerako estilo ariketak"?)(bide batez eta gai honekin lotuta, gogoratzen al duzue hau? Ai zein gazteak ginen!).

Hala ere, informazio gehiagoren gose (afalordua ere gerturatzen ari da) bazarete, www.igela.com bisitatu. Eta informazio barik liburua nahi baduzue ba... Dena esan behar al zaizue? Erosi!


miércoles, 11 de enero de 2006

James Frey idazlearen obra auzitan

James Freyk alkohola, droga eta gartzelarekin izan zituen arazoen memoria liburu bilakatu zuen A million little pieces izeneko lanean. Liburuak 3,5 milioi ale saldu ditu mundu osoan, eta fenomeno soziala izatera iritsi da (Opra Winfrey telebista aurkezle famatuak "lehenago inoiz horrelako zerbait irakurri gabea" zela esan zuen bere programan). Hala ere, atzoko The Independent eta Times egunkarien edizioetan irakurri daitekeen moduan, benetako gertakariak bailiran kontatutakoak gezur hutsa izan daitezke.
The Smoking Gun atariak hainbat hilabetez ikertzen aritu ondoren kaleratutako artikuluarekin hasi zen eztabaida. Bertan irakurri dezakegunez, idazleak liburuan kontatzen dituen zenbait gertakari erabat asmatu egin zituen, edo bestela nabarmen itxuraldatu. Idazleak bere aldetik adierazi du bere izen onaren kontrako azken saiakera dela hau. Freyren anaiak bere aldetik, liburuko pasarte askok interpretazio zabala eskaintzen dutela azaldu du. "Jendea kale berean gertatutako auto istripu beraren lekuko izan daiteke eta gero bat ez datozen azalpenak  eman".

Gure blogosferan ere idatzi izan da literatura eta errealitatearen inguruan, hemen adibidez. Eztabaida interesgarria suerta daiteke



Death Cab For Cutie Donostian izango da

Death Cab For Cutie talde estatubatuarra Donostian izango da dirudienez, Rock Star Aretoan, otsailaren 25ean. Hala iragarri dute beraien webgunean, www.deathcabforcutie.com

Laukote estatubatuarra Donostian izango da azkenik, Europa mailako biran Euskal Herrian eskainiko duten kontzertu bakarrean. Hasiera batetan Madril eta Bartzelonako kontzertuak konfirmatuta zeuden, eta baita Parisekoa ere, hauek zirelarik Euskal Herritik hurbilen eskainiko zuten kontzertuak. Orain ordea beste kontzertu hau iragarri dute, eta oraindik ez dakigu non lortu daitezkeen sarrerak. Datu hau jakin ahala hemen bertan jakinaraziko dizuegu.


Death Cab For Cutie taldeak kritika on asko jaso zituen aurreko diskoa dela eta, Transatlanticism deiturikoa. Orain ordea, Plans izenekoa aurkeztera datoz. Honen kantu guztiak stream formatuan entzun daitezke beraien webgunean.

martes, 10 de enero de 2006

Aireportuen inguruan

Bada nik aireportuak maite ditut dioen jendea. Destino ezezagunen izen distiratsuak, leku guztietako jendea hara eta hona, etxera itzultzen den jendea... gogoko ditut, esaten dute batzuek. Bai badira horrelakoak. Normalean automobila erabiltzen dute bidaiatzeko, baina kosmopolitismo itxura oso modan dago aurten udazken-neguko denboraldi bete-betean gaudenean, eta distantzia laburrak aldiz, nola esan, hain daude out.
Egiaz inork ez ditu aireportuak maite. Zuk baietz? Bizi zaitez zu aireportuan. Leku tristeak dira aireportuak. Tabakorik gabeko eremu idor eta diskretuak. Lurrin merke eta uniforme aseptikoz jantziriko azafaten baselinazko irribarre behartuak. Oteizaren eskultura izan nahiko luketen erabili-eta-botako bibelotak. Neo-nazi itxurako turista ingeles bat can you give me an euro to call home? Sorry I don't speak english. Bozgorailuetako mezu errepikakorra azken deia 0429 hegaldiko bidaiarientzat.

Dena madarikatu nahi duzu (hegazkinak, konpainiak eta kafetegiko zerbitzariaren paaaa...txaaaa...daaaa; maletak, lehiatilak eta taxiak; geratu eta batez ere joaten direnak) eta zure burua bertan lehertu, baina ez litzateke politikoki zuzena izango eta ez dago ondo atentzioa deitzea. Arnasa sakon hartu, hori bai, horregatik ez dizu inork arraro begiratuko.

Jendeari negar zikin eta ergela jaio zaio hesteetan, gora egin dio begietara eta laster itzuli zaitez diote, erantzuna panazea merkea izango dela jakinda.

Hegazkinak aireratu eta lur hartzen. Argiak, destino ezezagunen izen distiratsuak, leku guztietako jendea hara eta hona. Gernu koloreko hegazkin batek kutsatu egin du zeru nahasia pasaeran. Atzean utzi du aireportua, atzean ur zikinak gainezka egiten dion jende negarti ergela. Airportuak oso leku triste eta patetikoak dira.
 

Atarrabiako Rock taldeen lehiaketa

Iritsi da berriz Atarrabian antolatzen den musika taldeentzako lehiaketa. Iazko sarituei erreparatuz aurten adi adi jarraitu beharko zaio txapelketa honi, harri bitxi ugari topatuko ditugu eta! Joan den urtean Basque Country Pharaons taldea izan zen garaile...Atarrabian kalitatea dagoela argi dago.

Herriko kultur patronatuak antolatzen du aurten ere Atarrabiako Rock taldeen lehiaketa. Eskertzen da behingoz, alor publikotik horrelako egitasmoak martxan jartzea, orainarteko musika lehiaketa gehienak (salbuespenak badaudela badakigu) eremu pribatutik eratorriak baitira. "Kultur adierazpen guztiak bultzatu behar dira erakunde publikoetatik. Ematen du askotan gazteen inguruko adierazpenak maila alternatiboan landu behar direla soilik, bainan gure kultur patronatotik uste dugu gure partetik ere zedozer gehitu dezakegula gure gazte eszenan", azpimarratu du Atarrabiako Kultur zinegotzia den Jose Luis Uriz-ek.


Lehiaketa honetan parte hartu nahi duten taldeek, 3kantu propio  gutxienez dituen maketa bidali beharko dute, Atarrabiako Kultur Etxera (Kale Nagusia 67). Sariek, parte ekonomikoa izan arren, zuzenekoari erreparatzen diote gehienbat, eta ez da ideia txarra, talde berriak baloratzeko eta ezagutzera emateko kontzertuak baitira biderik aproposenak. Honela irabazleek, herriko Totem aretoak antolatuko dituen hurrengo kontzertu handietan telonero gisa aritzeko aukera izanen dute.


Arestian aipatu bezala zuzenekoak garrantzi handia dute sariketa honetan, izan ere taldeak baloratzeko orduan kontzertuetan erakusten den maila ere baloratuko da. Aurkeztutako maketen artean, epaimahaiak zortzi aurkeratuko ditu, Totem aretoan eginen den finalean parte hartzeko. Otsailaren 16an eta 23an eta martxoaren 2an eta 9an publiko aurrean jo beharko dute talde hauek. Martxoaren 17an jakinen da zeinek irabazten duen aurtengo Atarrabiako Rock taldeen lehiaketa.


Izena emateko epea, urtarrilaren 20an itxiko da.Informazio gehiago, Atarrabiako udaletxearen web gunean: http://www.villava.es

lunes, 9 de enero de 2006

Truman Capoteren inguruko filmea izan da urteko onena AEBko kritikarien ustez

Filme Kritikarien Elkarte Nazionalak urteko filmerik onenaren saria eman dio Bennet Miller zuzendariak gidaturiko Capote lanari. Bertan Truman Capote idazleak Odol hotzean ez-fikziozko eleberria nola idatzi zuen kontatzen zaio ikusleari. New York Times egunkariko orrialdeetan Kansaseko herri txiki batean izandako hilketa baten berri izan ondoren, idazleak aukera ikusiko du ez-fikzioa, fikzioa bezala eleberri batean biltzeko eta informazioa biltzen arituko da hilketa gertatu zen herrian.
Filmaren inguruko informazio gehiago: www.sonyclassics.com/capote/#

Axi Olanok kaleko zenbakietan oinarritutako erakusketa ikusgai Elgetako Espaloia Kafe Antzokian

Axi Olano argazkilariaren erakusketa ikusgai dago gaurtik Elgetako Espaloia Kafe Antzokian. Beasainen jaiotako argazkilariak kaleko zenbakien irudiak hartu ditu (etxeetako portaletakoak, estoldetakoak...) eta haien esanahiari erreparatu dio. Gasteizko kaleetan harturiko zenbaki hauek, esanahi estetikoaz gain, bizi propioa dute, hiri baten eta bere bizilagunen bizimodua nolakoa den erakusten dute. Badira gainetik margotuta ere berriro azalera ateratzen diren zenbakiak, badira ia estalita, agonian dauden zenbakiak: eskizofrenia, metamorfosia, inperfekzioa.
Informazio gehiago: Espaloian edo Nontzeberrin

domingo, 8 de enero de 2006

ESKERRIK ASKO!

Kostata baina esnatu gara. Oraindik hunkiturik gaude. Durangoko Plateruena Kafe Antzokia beteta, giro ederra, kontzertu bikainak, lagunak, mozkorrak, espontaneoak. Goiza argitu arte han izan ginen zuekin batera. Nola adierazi. Mila esker. Mila esker Plateruenakoei azken orduko txapuzak (gureak) konpontzeagatik (zuek). Mila esker Atom Rhumba, Zea Mays eta Split 77 taldeei, kontzertuaren intentsitateagatik. Mila esker Txamankizunari Laugarren Eremutik. Mila esker DJ Tequierocomoamigori (zure galtzak topatu genituen azkenean). Mila esker Lihom, Followill, Fumut, Thebiglieoflove, Emokumea, Ametsak Akatzen, Fotoborja eta hurbildu zineten beste eremuzale guztiei (baita hurbiltzerik izan ez zenutenei ere). Mila (1000) esker Gorka eta Albertori, gure takikardia baretzeagatik.
(Heineken enpresa pozik egongo da berriro ere horrelako jai bat antolatzen badugu. Eremu Berdeak izena jarriko genioke webguneari, baina ez dakit atzoko keak oso ekologikoak ziren.)

Hemendik aurrera ere, Laugarren Eremuan, Eremu Lau honetan, elkar ikusten jarraituko dugulakoan, adio eta jakin ezazue San Franzisko kalean mandarinak 1,50 eurotan saltzen dituztela goiz aldean (Euskal Herriko semeak: erosi fruta merkea amari)

viernes, 6 de enero de 2006

Gure belaunaldi* zikin hau (*erabili dezakegu hitz hau eguneko ordu hauetan?)

...nire belaunaldiak tregoa bat behar du. Algodoiak agindu zizkiguten eta badirudi generen bat dugula, ideologia gabeak, biolentoak, errespetu gabeak, bizitzari aurre egiteko ahulak... egiten gaituena’. Uxue Apaolazaren hitzak dira. Berria egunkarian idazten dituen zutabeengatik ezagutzen genuen eta amaitu berri den 2005aren azken hondarrean kaleratu zuen Umeek gezurra esaten dutenetik izeneko ipuin-liburua.


Durangoko Azokak idazle guztiei mesederik ez diela egiten uste dut. Badira Durangora begira kaleratzen diren liburuak eta agian urteko beste sasoi batean argia ikustea mereziko luketenak. Hau horien artean dagoela uste dut, ez baitu merezi beste milaka libururen tapa lodi erraldoien itzalean geratzea.


 


18 ipuin eta ehun orri baino gutxiago ditu Umeek gezurra esaten dutenetik honek eta hala ere azken aldiko nobedadeen artean interesgarrienen artean jarriko genuke ezbairik gabe Apaolazaren lehen liburua. Gogor hasten da, edo, Iban Zalduak kontrazalean azpimarratzen duen moduan, lodi. Bueltak izeneko ipuinak euskaraz inoiz irakurri ez genituen moduko perlak gordetzen ditu («...eta ama oraindik ere etxera sartzen denean alaba maitea ikusten duenean eta pentsatu zein ona den bere alaba eta zu sofan eserita zaude pijamaren azpitik hatza ipurdian sartzera zoazela atzoko zakilkadek diametroa handitu dizutela iruditzen zaizulako»); ondorengo ipuinetan suizidioa, heroina, bakardadea, abortoa, sexu inpertsonala.


 


Denek gordetzen dute barruan halako tonu gordin bat, irakurle puritanoa (edo horrelakoetara ohitua ez dagoena behintzat) sofa erosoko berotasunetik liburua bukatu arteko hotzikara moralera eramango duena. Dena dela, ez bilatu hemen fatalismorik, ez duzu aurkituko eta. Hau ez da «Ai-ama-gizarajoak-joe-ze-pena!» esatera eramaten zaituen liburu bat («inozentzia gorrotagarria da» irakurri dugu Erreferentzia izeneko ipuinean).


 


Tartean badira bestelako ipuin batzuk ere (Noiz, Progresoa, Beldurrezko nobela amerikanoa idatzi nahi nuen datozkit gogora) jolasetik gertuago daudenak, umore fina erabiliz.


 



Laburbiltzeko (laburbildu ote daiteke ipuin liburu bat?): liburu honetan ez dugula betikoaren antza duen ia ezer topatuko. Gordintasuna ez da dohanekoa, umoreak ez du algara bilatzen irribarre sotila baizik, egiantzekotasuna oso zaindua dago eta batez ere oso tonu berezia lortzen du zenbait ipuinetan. Belaunaldi baten hasiera ote?


miércoles, 4 de enero de 2006

Eremulauak Jaia: geroz eta gutxiago falta da!!!


Gaur aurkeztu dugu prentsaurrean Eremulauak.com web gunearen lehen urteurren jaia. Atom Rhumba, Zea Mays, Split 77, Txamankizuna eta Dj Tequierocomoamigo izanen dira larunbat honetarako prestatu dugun menuaren osagaiak. Badator badator!!


Gaur goizean Gorka Bereziartua eta Unai Lako izan dira Eremulauak.com web gunearen ahots eta aurpegi. Larunbat honetan, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian ospatuko dugun jaia aurkezteaz gain, web guneak egindako urtebeteko ibilbidea ere errepasatu egin dute. Balorazioa ezin hobeagoa izan, urtebetean, kultur elkartea, web gunea eta kolaboratzaile sarea sortzeaz gain, hainbat eta hainbat ekitaldietan izan gara orrian haren berri emateko. Etorkizunari begira...nork daki, momentuz goza dezagun larunbateko festaz, bainan argi dagoena, ez garela geldirik geratuko.


La Bolsa-ko prentsaurrekora hurbildu diren medioez gain, hainbat hedabideek eremulauak.com web guneraren berri eman dute azken egunotan.


Miren Aranburu: ?¤?Euskararen mundua ghetto baten moduan ikusten dut?¤?


Dudarik gabe euskararen alor estetiko berriak jorratzerako orduan proposamen ausartenetarikoak egin dituen pertsonen artean kokatu beharko genuke Miren Aranburu: bikoztailea, abeslaria, margolaria... gauza batengatik edo bestearengatik guztiok ezagutzen dugu bere lana. Aizu! aldizkarian elkarrizketa egin diote eta beste zenbait konturen inguruan aritzeaz gainera, euskarazko bikoizketez esandakoek badute bere mamia. Hona hemen elkarrizketaren pasarte bat:


?¤?Oraingo bikoiztaileen mailak ez du zerikusirik ordukoarekin, asko ikasi dugu. Baina euskara aldetik garai haietako freskura galdu egin dugu, zeren eta erabiltzen genuen hizkerak kalekoarekin zerikusi handiagoa baitzuen. Esaterako, epaile batek eta kale gorrian botata dagoen gizagaixo batek ez lukete hizkuntza era berean erabili beharko. Gaur zorroztasun handia dago. Konturatzen al zara nolako zalantzaz erabiltzen dugun gure ama hizkuntza??¤?.


Hain zuzen ere, Aranburuk Aizu!-n esandakoek Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresuan Joxerra Gartziak euskara komunikatiboaren inguruan azaldutakoak ekarri dizkigu gogora: zuzentasuna, ontasuna eta hortik aurrerako unibertsoa. Eztabaida gaia mahai gainean dago.

Kontuz zure mp3-arekin, gor geratu zaitezke!


Pete Townshend, The Who taldeko kitarristak, Ipod eta bestelakoen gehiegizko erabilerak entzumen arazoak sortzen dituela esan du. Oharra bidali die egungo gazteei ?gor geratu nahi ez baduzue, tentuz erabili zuen erreproduktoreen bolumena?.


60urte ditu jada Pete Townshend-ek, The Who taldeko kide honek aitortu duenez, hainbat grabazio sesio bertan behar utzi behar izan ditu, entzumen arazoak zituelako. Haren ustez, arazoak ez datoz urte guzti hautean jo duen musika ozenagatik, grabazio aretoetan eta erreproduktoreetan erabiltzen diren kasko-engatik baizik. ?Egungo gazteek erabiltzen dituzten mp3 apairailuen kaskoek etorkizunean arazoak sortuko dituztela ziur nago?, aipatu du kitar apurtzaile ospetsuak.


Grabazio prozesuan sartuta zeuden Roger Doltrey eta Pete Townshend, The Who taldearen itzulera prestatzen. Azken 25 urtetan disko berririk plazaratu gabe, Mod mugimendaren ikur den talde honen itzulera gehiago atzeratuko da, Townshend-en entzumen arazoen ostean.

martes, 3 de enero de 2006

RootMagazine


Fabricio eta Diego deituriko bi gaztek, hogei urte ingurukoak biak, e-zine berria sortu dute, beraien webgunetik doan jaitsi daitekeena. Rootmagazine aldizkari multimedia bat da, beste e-zine eta webzine guztiek ez dutena jorratzen duena; 360 gradutan egindako egitasmoa da, Internet-en potentzialitate guztia ustiatzen duelarik.


Aldizkarian diseinatzaile grafiko, idazle, kale-artista, ilustratzaile eta beste hainbaten lana ikusi daiteke, eta baita bideoren bat ere. Musika ere aurkitu daiteke bertan, lagun italiar hauen ezagunek sortua, aldizkaria ekoizkin multimedia bezala ulertu daitekeelarik.

Berrikuntza itzela da, eduki multimedia interesgarria eskaintzen baitu, audio eta bideoa sartzeko aukera alde batera utzi gabe. Artistei eskainitako ataletan link-a topatu dezakegu, bere webgune pertsonalera, horrela gehien interesatzen zaizkigun proiektuak hurbilagotik ezagutzeko.

Gazte hauek webzine asko bisitatzen dituzte, eta askotan kritikatzen aritzen ziren, beraiek nola egingo zuten beraien buruari galdetu arte. Magazine oso-osoa egin dute horrela, beraien benetako eginbeharra den diseinatzaile grafiko lanarekin jarraitzen duten bitartean.

Hasierako xedea Rootmagazine erreferentzi puntu izatea nahi zuten, beraien burua kreatibotzat hartzen dutenentzat bederen, eta nolabait espresio eta sormenaren munduan interesaturik daudenei munduan egiten dena erakustea. Ni interesaturik nago, eta italiar hauen arrastoa jarraitzeko asmoa dut. Beraien bigarren asmoa artista ezagun nahiz ezezagunei ahotsa ematea litzateke. Proiektuak kalitatearen arabera sailkatzen dituzte, ez jatorriaren arabera; horrela, ezagutzen ez duten norbaiten egitasmoa jasotzen dutenean, artista ezagunei eskaintzen dieten espazio berdina ematen diete. Eta hau aldizkarian ikusi daiteke, ez dago aurkibidean begiratzea baino.

Ordu asko eskaintzen dizkiote egitasmoari, eta noski, ez dute horren trukean inolako irabazi ekonomikorik jasotzen, baina bai bestelakorik, akaso garrantzitsuagoak. Orain arte diru gutxi xahutu dute, noizean behin publizitate apur batetan, propagandarik onena ahoz-aho doana baita hauentzat. Lehenengo alearekin konpaktoa argitaratu zuten, partehartzaileen artean banatzeko. Geroago 500 ale banatu zituzten, lagun eta merkatarien artean banatzeko, gehienbat atzerrian. Hau, pegatina batzuk, eta webgunearen domeinua izan dira orain arteko gastu guztiak.

Benetan neketsua izan dena hainbeste orduko lana izan da, egiten dutenarekiko poztasuna dute ordaina, ordea. Baina egitasmo honek mundu osoko pertsona interesgarri asko ezagutzea ahalbidetu die. Momentuz ez dute inolako sponsor, banner edo bestelakorik, baina guztiz irekita daude horrelakoetara eskaintza interesgarriren bat jasotzekotan. Oso aukera ona da, izan ere, bi alerekin 32.000 deskarga izan dituzte, eta nazioarteko presentzia dute zaletuen artean.

Produktu kulturala da hortaz, eta ez enpresariala. Rootmagazinek lanabes informatikoak erabiltzen ditu, baina batez ere gizatiarra da. Sarea sortzea bilatzen dute, kontaktu eta kolaboratzaile sarea, antzeko sektoreetan lan egiten duen jendea, egunen batetan jaiak, erakusketak, etab. sortzeko kapaz izango direnaren esperantzaz. Oraingoz poztasun pertsonala baino ez dute jaso, eta ez da gutxi. Beraiek artisten bultzatzaileak dira, eta Root erakuslehioa. Era berean, artisten webgunean RootMagazineren link-a ezartzen da. Aberastasun kiribila da, baina ez ekonomikoa, noski, bere burua elikatzen duena. Webgunea bisita ezazue eta momentuz argitaratu diren bi aleak jaitsi, pena merezi du eta.


Info+: www.rootmagazine.org

domingo, 1 de enero de 2006

Urtea ondo hasteko, Pop Rock San Adrian


Urtarrilaren 2an hasiko da Nafarroan ospatzen den talde berrien lehiaketarik garrantzitsuena. 6egun luzez, sariketan parte hartuko duten taldeez gain, luxuzko kartela osatuko duten hamaika talde gonbidatu ere egonen dira, Sidonie, L-Kan edo ta Pastora izango direlarik bertan besteak beste.




11urte betetzen ditu jada San Adriango pop-rock lehiaketak. Herriko zenbait gazteen arteko sariketa moduan hasi zena, Gaztediaren Astea-ren jardueren barruan, Euskal Herri mailan eta baita estatu mailan lehiaketen artean erreferente bat izaten bukatu da. Aurten aldaketa nabariak izanen dira, urtarrilaren 1eko ajearekin hasi beharrean aurten egun bat atzeratu baitute lehiaketaren lehen jardunaldia (iazko edizioa Se?or Ram?n taldeak zabaldu behar izan zuen eta aipatu zutenez hagitz gogorra egin zitzaien egun horretan jotzea), hala eta guztiz ere urtarrilaren 1an L-Kan taldearen kontzertu-ikuskizunarekin eginen da lehiaketaren harrera ekitaldia.


350taldek aurkeztu dute haien maketa aurtengo edizioan, guztien artean 10lan hautatzen dira, 5pop kategorian eta beste 5ak rock sailean. Finalista hauek, bihar, urtarrilaren 2an hasiko den lehiaketaren jaialdian jo beharko dute publiko aurrean, urtarrilaren 6an emanen delarik irabazleen berri. Sariak ere, lehiaketaren moduan, ez dira txikiak, izan ere lehiaketan gailentzen diren bi taldeek (bat kategoria bakoitzeko) musika ekiporako 2400euroko saria jasoko baitute. Publikoaren saria jasotzen dutenek berriz 1800euroko saria jasoko dute. Iazko irabazleak, All Loved Up eta Balboa taldeak izan ziren.


Lehian dabiltzan taldeez gain, talde gonbidatu piloa izanen da San Adriango Luyber aretoko eskenatokian. Honatx katela:


Urtarrilaren 1an: Harrera ekitaldian, aurreko edizioen bideo emanaldia eta L-Kan

Urtarrilaren 2an: Talde finalistak: Fistfuck Supershow eta Los Tronchapenkas

Talde Gonbidatua: La excepci?n

Urtarrilaren 3an: Talde Finalistak: Malice eta Glycerine

Talde gonbidatua: Skizoo

Urtarrilaren 4an: Talde Finalistak: Y.nboca eta Marti-K

Talde Gonbidatua: Astrud

Urtarrilaren 5ean: Talde Finalistak: La Pena Negra eta The Freewheelin Tornados

Talde Gonbidatua: Pastora

Urtarrilaren 6an: Talde Finalistak: La La Love You eta Lila Jane

Talde Gonbidatua: Sidonie


Egunero gaueko 22.30etan hasiko dira kontzertuak San Adriango Luyber aretoan.