martes, 15 de agosto de 2006

Dias azules....soinu banda hutsa

Ivan Ferreiroren "Dias Azules" abestiarekin geratu naiz, izenburu bereko pelikula ikusi ta gero. Bai, soinu bandarekin. Bestelakoa, pelikularen trama alegia, funtsik gabekoa eta nahiko hutsa iruditu zait. Istorioa interesgarria da, bainan kontatzeko modua agian ez da izan aproposena. Uneoro, pelikularen sarreran nengoela ematen zuen, oraindikan traman sartu gabe, eta konturatu orduko akabo filmea.

Aita hil dela eta, azkeneko aldiz elkartzen dira hiru anaiak Galiziako kostaldean duten etxean. Hemendik aurrera bakoitzak bere bidea jarraituko du, ikasketak, bidaiak eta familiak sortzea dute aurrean. Azken gaua ospatuko dute, parranda handia botaz. Bainan ezbeharra gurutzatuko da haien bidean. Etxerako bidean, auto istripua izanen dute, anaietako baten neskalaguna hiltzen delarik. Ordutik aurrera, hiruen bizitza aldatu eginen da, markaturiko bideetatik aldenduz eta beste norabide batzuk hartuaz. Urteak pasata berriz elkartuko dira Galiziako etxe txikian...


Istorioaren idea ez zen txarra, eta interesatua jo nuen zinemara. Bainan zuzendariak, Miguel Santesmasesek, ez du asmatu kontatzerako orduan. Dias Azules pelikula nahiko hutsik geratu da, plano bat bestearen atzetik enkadenatuta inolako emotibotasunik helarazi gabe, traman sartzea lortzen ez duelarik. Aktoreak ere ez dira oso fin ibili, batez ere anai txikiaren papera egiten duen Javier Pereirak, antzezpen oso eskasa egiten du (adjetibo gogorragoak irakurri ditut beste kritiketan) pelikula osoan zehar, bainan batez ere bigarren partean, bere pertsonaia sinesgarria egitea baitu lortzen. Tu vida en 65 minutos filmean, lan hobeagoa egin dezakeela erakusten du Pereirak, ikustea pena merezi duen filme bikain batean.


Aktore plantillak, Oscar Jaenada, Goya batekin saritutakoa du buru. Haren pertsonaia, anai handi parranderoa, komiko eta atormentatuaren artean aurkeztu nahi digu zuzendariak, bainan azkenenan Castelfa-ko Nen bat izatea besterik ez du lortu. Behintzat, barre egiteko momentu batzuk uzten dizkigu Jaenadak. Ezkorki azpimarratzekoa ere, urteak pasa direla erakusteko egindako karakterizazio lan eskasa. Jaenadak, filme bukaeran 40urte dituela erran nahi digute, bainan eman dioten itxurarengatik 20urteak justu justu pasa dituen gaztea ematen du. Anai txikiena ere, 35urte omen ditu bukaeran, bainan filme hasiera duen nerabe aupegia berbera erakusten digute, hori bai gaztetako bakero eroriak kendu ta gizon helduaren traje elegantez jantzita. Nere ikastolako antzerkietan berdina egiten genuen haundiarena egin nahi genuenean.


Filmeak noski baditu aspektu positibo batzuk. Azpimarragarriena nere ustez, soinu banda bikaina. Ivan Ferreiroren "Dias Azules" kantu bikainaz gain, Sexy Sadie, Deluxe edo ta Mastretta taldeen lanak entzun daitezke filme guztian zehar. Bestetik, Galiziako paisaikekin, lan bikaina egiten du Alfonso Parra argazki arduradunak. Suteak eta petroli marrek belztutako parajeen parean, Galiza berde ikusgarri bat dagoela erakusten digu.


Bazkalostean ematen dituzten filmeetako bat besterik ez da izanen Dias Azules. Traszendentziarik izanen ez duen pelikula. Istorioan sartzerik lortzen ez duen filmea. Bainan behintzat musika bikainaz gozatzea eskeintzen digun pelikula.

sábado, 12 de agosto de 2006

Wu Ming

Wu Ming ("anonimo" txineraz) taldeko bost kideak 90. hamarkada hasieratik ibili ziren Italiako mugimendu literario, politiko eta libertarioetan lanean. Luther Blisset egitasmoaren zutabe boloñatarra osatu zuten, sormen kolektiboaren aldeko aldarriak eginez eta "izpirituaren" kapitalismoari aurre egin nahian (copyleftaren bultzatzaile, besteak beste).

Luther Blisset Project zapatistekin sortzen da 1994an eta Seattle-go erreboltarekin amaitzen da 1999an eta erresistentzia globaleko borrokarako erreferentzia nagusietako bat izatera iritsi da. Wu Ming-ek ere bide berari jarraitu dio (esaterako Genovako protestetan parte hartuz) eta urte hauetan zehar makina bat testu politiko-literario eta bi nobela arrakastatsu (Q eta 54) plazaratu du.

Gaurkoan ekarri dugun testua, Acuarela argitaletxeak argitaraturiko Esta Revolución No Tiene Rostro liburutik atera dugu. Liburu honek, 2000-2002 urteetan zehar Wu Ming-ek idatzitako testuak biltzen ditu.

Informazio gehiago: http://www.wumingfoundation.com/

NARRATZAILEAREN ESKUBIDE (ETA BETEBEHARREN) AITORMENERAKO ZENBAIT OHAR


Sarrera

Nor da narratzailea eta zeintzuk dira bere betebehar eta eskubideak?

Narratzailea istorioak kontatu eta mitoak (komunitate baten erreferentzia sinbolikoen multzo partekatua) birmoldatzen dituena da.

Istorioak kontatzea funtsezkoa da edozein komunitaterentzat. Denok kontatzen ditugu istorioak, istoriorik gabe ez ginateke iraganaren ez eta hurkoaren erlazioen jakitun. Ez litzake bizi ederra izango. Baina narratzailearentzat istorioak kontatzea da bere eginkizun nagusia, bere "espezialitatea"; brikolajerako hobbyaren eta arotzaren lanaren arteko ezberdintasuna bezala da.

Narratzaileak Afrikako herrixketako griot-aren, kultura zeltako bardoaren edo Grezia klasikoko aedo-aren gizarte funtzioaren antzekoa betetzen du (edo beharko luke).

Istorioak kontatzea zeregin berezia da, burutzen duenarentzako onurak ekar diezazkiokeena, baina lan bat edonola ere, komunitatearen bizitzan suhiltzaileena, nekazariena edota medikuena bezain barneratua dagoena.

Beste hitz batzuetan, narratzailea ez da artista bat, narrazioaren artisaua baizik.

Betebeharrak

Narratzaileak lagun hurkoa lakoa dela pentsatu behar du. Narratzailea izanaren dimentsio goragokoekin lotura duen (nahiz eta banaltasunak idatzi) izaki sentikorrago lez ulertzen duen irudi idealista eta erromantiko zaharkitua ez da zilegi.

Azken batean, idazlearen ogibidearen alderdi irrigarrienak ere artistaren mitoaren ikuspegi degradatuan oinarritzen dira. Idazlea divo bihurtzen da, gainontzeko hilkorrak baino goragoko gizakitzat (ez hain zekena, interesgarri eta zintzoago, eta nolabaiteko zentzu heroikoarekin) baitu bere burua.

Artista mortifikatu eta tormentatuaren estereotipoak medioen arreta erakartzen duela eta bere iritziak hobi septikoak garbitzen dituenaren iritzia baino gehiago balio duela ikustearekin batera ohartzen gara zeinen desitxuratua dagoen egungo balio eskala.

Narratzaileak autobiografismo gehiegirekin eta handikeria nartzisistekin alegiak ez nahasteko betebeharra du, hori da bere zeregin nagusia. Jarrera hauek baztertuta momentuaren bakantasuna salba daiteke, narratzaileak bizitzeko bizi bat eduki dezake, bortxaz pertsonaia bat interpretatu beharrean.

Eskubideak

Arestian aipaturiko estereotipoak ezeztatzen dituen narratzaileak, berauek bultzatzeari esker bizi direnengandik (gizarte kronistak, paparazzi kulturalak, etab.) bakea edukitzeko eskubidea du. Inolako sarkinkeriren aurreko defentsa bere logika ez jarraitzean oinarritu behar da. Azken batean, divoarena egin nahi duenak, argazki-saio txepeletan edo edozelako gaien gaineko galderei erantzuten, ez dauka sarkinkeriengatik kexatzeko eskubiderik.

Narratzaileak komunikabideetan ez agertzeko eskubidea du. Iturgin batek ez azaltzea erabakitzen badu, inork ez dio deus leporatzen ez eta snobismogatik salatzen.

Narratzaileak, saloiko animalia etxekotu batean edo gossip literario batean ez bihurtzeko eskubidea du.

Narratzaileak pertinenteak iruditzen ez zaizkion gaien gainean ez erantzuteko eskubidea du (norbanakoaren bizitza, zaletasun sexualak eta gastronomikoak, ohiturak, etab.).

Narratzaileak inolako gaian aditua dela itxurak ez egiteko eskubidea du.

Narratzaileak desobedientzia zibilaren bitartez bere eskubideen kontrako erasoen aurrean (editoreak barne) defendatzeko eskubidea du.

Wu Ming
2000ko uda

viernes, 11 de agosto de 2006

Dena prest Azkena Rock Festival-erako

Urtero bezala Gasteizko jaialdi rockeroa ospatuko da aurten ere, abuztuaren 31n eta Irailaren 1 eta 2an. Aurten Iggy & The Stooges eta Pearl Jam dira Mendizabalako gunetik igaroko diren izarrik handienak. Iggy eta Saeton anaiak 30 urte eta gero diska berria prestatzen ari diren momentuan datoz. Seguraski kanta berriak entzuteko parada ezin hobea izanen da beraz. Seattle-ekoak berriz azken diskoarekin sustraietara bueltatu direla ematen duenean heltzen dira.
Dena den ezin ditugu ahaztu jaialdi honetarako dauden beste kontzertu erakargarri asko. Hala nola Buckcherry, azken aldian gero eta indar gehiago hartzen ari diren Wolfmother edo Nick Olivery eta Josh Home berriz ere Azkenan elkartzea, Mondo Generator eta Eagles of Death Metal taldeekin.

Elkargune paregabea beraz rockaren zaletu ororentzako.