miércoles, 30 de noviembre de 2005

Erraldoiak... eta geroz eta handiagoak


Coldplay-ek Donostiako Belodromoan eman zuen kontzertuan izan ginen. Eurek esan bezala, Euskal Herrian lehen aldiz izan ziren iragan ostiralean. Goldfrapp taldeak ireki zuen kontzertua.


20:45ak ziren, Goldfrapp talde britaniarra jotzen hasteko ordua zen, baina horren ordez Chris Martin bera atera zen eskenatokira, mundu guztiaren zoramenerako: ?talde oso on batek joko du orain, gustatzea espero dut? esan eta alde egin zuen.


Orduantxe atera ziren Goldfrapp-eko neska-mutilak. Elegantzia handiz eskeini zituzten beren kantu elektronikoak, momentu batzuetan ikuslegoaren erantzun ona lortuz, beren diska berriko lehen single-a jo zutenean kasu.


Baina jendea Coldplay ikusteko irrikitan zegoen (sarrera guztiak hilabete bat arinago salduak ziren). Indartsu hasi ziren britaniarrak eta ?Politik? kantuarekin jende saltoka jarri zuten. X & Y diskako kanta gehienak eskeini zituzten, eta izugarri gozatu genuen ?White shadows?, ?Talk? edo ?Speed of sound? bezalako kantuekin. Kantu lasaiagoak ere ederki jo zituzten, Chris Martin pianoan zela. Hala nola, ?Swalowed in the sea? edo ?The scientist?.


Kantu hauekin han bildu ginenon erantzuna ona bazen, irudika daiteke zer gertatu zen beraien hit-ak jotzen hasi zirenean. ?Yellow? abestia publiko guztiak kantatu zuen Chris Martin-ekin batera, puxika hori erraldoi batzuk belodromoaren goialdetik erortzen ziren bitartean. ?Clocks? entzulegoak gehien itxarondakoa izan zen again. Baina azken txanpa ederra izan zen, ?In my place? (Chris jendartera sartu zen hau kantatzeko) eta ?Fix you? kantuekin itxi baitzuten emanaldia.


Aurretik set akustiko bat ere eskeinia zuten, eskenatoki aurrean lau musikariak bildurik eta Johnny Cash zenari eskainitako ?Till kingdom come?.


Aipatzekoa ere, alde batetik, Chris Martin-en frontman lan bikaina, etengabe mugimenduan eta euskara eta gazteleraz hitzak botaz, eta bestetik, argien joko ikusgarria eta atzeko pantailako proiekzio landuak.

Coldplay-ek hiru diskarekin oso talde handia izatea lortu du eta ez da harritzekoa, horrelako zuzeneko ikusgarriak eskainita. Distantzia musikalak albo batera utzita, hurrengo U2-en aurrean gaudela esan liteke. Denborak izango du azken hitza?

Laboa, kaiolan sartu ezin den txoria


Bilboko Carlton hotelean aurkeztu du Mikel Laboak ?Xoriek 17? izeneko diskoa, lagunez eta kazetariz inguratuta. 1996. urtetik aurrera egindako kantuak bildu ditu lan berri honetan. Prentsaren aurrean egindako agerraldian zuzenekoetara itzultzeko gogoa duela azaldu du kantariak.


2001ean sortu zitzaion diskoa osatzeko ideia, Bernardo Atxagak txoriak gai moduan hartuta lan bat egin zezala esan zionean. Hiru zatitan dago banatua lan berri hau eta txoriak gai moduan hartuta egindakoez gain In Memoriam atala (James Joyce, Jexux Artze, Billie Holiday, Jaques Brel, Atahualpa Yupanqui, Vicente Ameztoy eta Agustin Salinasen omenduz egindakoa) eta beste lau kantu solte topatuko ditugu ?Xoriek 17? honetan. Parte hartu duten musikari eta kolaboratzaileen artean berriz, oso izen ezagunak: Ruper Ordorika, Xabier Montoia, Aida Torres, Bernardo Atxaga, Haritz Harreguy, Jose Luis Zumeta... Azken honek diskoaren azala egin du, kantariaren irudia oinarri hartuta.


Laboak aurkezpenean azaldu duenez, momentu txarrak pasa dituzte disko honen ekoizpen prozesuan (ia urtebetez luzatu da grabaketa), baina orokorrean lan giro polita izan dutela azpimarratu du. Gainera, kantariak adierazi du diskoan parte hartu duten musikariekin lan egitea ?luxu bat? izan dela.


Aurkezpenean Laboaren ondoan izan dira I?aki Salvador eta Bernardo Atxaga. Lehenengoa disko berriaren musika zuzendaritzan aritu da eta kantari beteranoak zailena erraz eta errazena zail egiteko duen gaitasuna azpimarratu du. Gainera grabaketan izan duten giro ?ez oso profesionala? eskertu nahi izan du Salvadorrek, horrela musikariek presiorik gabe lan egin ahal izan dutelako.


Bernardo Atxagak bere aldetik, testu bat irakurri du, XX. mende hasierako artista abangoardistak oroituz. Mikel Laboa ?hitzezko kaiola? batean sartzea ezinezkoa dela azaldu du, behin kaiola eginda barrura begiratu eta ihes egiten baitu kantariak. ?XXI. mende hasiera honetan ere krisian bizi den jende askoren laguna? dela azaldu du Asteasuko idazleak.

sábado, 26 de noviembre de 2005

Gauza berdina sentiarazteko mila bide: Anari


Anarik lan berria dakar besapean, Zebra. Aurreko lanetan kitarra akustikoak eta txeloak ezinbesteko protagonismoa bazeukan, oraingoan bigarrena ez da ageri. Lehenengoa ia ezta ere, kitarra elektrikoak hartu baitu bere lekua. Agian zerikusia izan dezake Inoren Ero Ni taldeko Borja Iglesiasek sei sokak astintzea oraingoan, Xabier Strubell-en ordez.


Bakarlariak eta rock taldeak bat egin dute inoiz baino gehiago, diskoaren bigarren ?Naufragoak?en adibidez. Doinu countryak nabari dira disko osoan zehar, baita americana deritzonetik jasotako estrukturaren bat ere. Ahotsaren tratamendua deigarri egin zaigu oso, aurrekoetan baino dramatikotasun gutxiago eskainiz alderdi honi. Halere, transmititzen dituen sentimenduak, aurrekoetan egin bezala, desesperazioa eta frustrazioa litezke, baina oraingo honetan badago argirako tarterik ere. Hortik ?Zebra?, mundua zuria eta beltza baita Anarirentzat, eta ez derrigorrez grisa.


Aipagarria kolaborazioen tartea, nahiz eta bakoitzak zein abestitan jakin ez. Bakarrik dakigu Rober! Atom Rhumbako liderrak (?) diskoa ixten duen ?Gu? kantuan abesten duela, euskaraz, seguruena intentsitate gehien transmititzen duen kantuan. Gero, Aurdience taldeko Hanot eta Gaizkak parte hartzen dute, eta baita Jabi Amodiok eta Xabi Erkiziak ere.


Aurretik Anari ezagutzen ez zutenei, edo denboraren poderioz bakarlaria ahaztu dutenei bereziki gustatuko zaien diskoa. Anari berreskuratzeko disko perfektua, alegia.

viernes, 25 de noviembre de 2005

begizta.net: a ze argazkiak!


Patxi Gaztelumendiren blogaren bitartez heldu gara begizta.net atarira. A ze sorpresa! Barakaldo, Bilbo, Gasteiz eta beste hainbat leku ezaguni egindako erretratuak sareratu ditu Axier Lopez gazteak, baita Irlanda, Portugal edo Venezuela bezalako herrialdeetakoak ere, eta nola gainera!


Lehen momentutik inpaktua sortzen duten irudiak bildu ditu ?makarralde?-ko gazteak. Koloretsuak, deigarriak. Gainera, argazki bakoitzarekin argibide teknikoak azaldu ditu Lopezek blog honetan (erabilitako kamera, irekidura, abiadura...) baita irudian azaltzen duenaren iruzkin labur bat ere.


Azpimarratzekoa iruditu zaigu Irlandako argazkietan lortutakoa: sarritan ilun eta euritsua begitantzen zaigun herrialdea bere argitasun guztiarekin azaldu digu Lopezek blog honi esker: Derry eta Belfasteko muralak, Dublingo Customs House... inoiz ikusi ez genituen bezala.


Beste atal batzuetan, Barakaldoko gaztetxearen argazkiak, postaletan erakusten ez duten Bilbo horretakoak (?Eguzkitan? izenekoa oso originala iruditu zaigu) eta Euskal Herriko zenbait paisajeren argazki ederrak ikusi ditzakegu begizta.net-en.


Webgunean azaltzen duenez, bere burua ?argazkigintzaren mundutik larregi urruntzen ez uzteko asmoz eginda dago? gune hau. Ez du ematen momentuz asko urrundu denik behintzat. Baina zer egiten duzu oraindik artikulu hau irakurtzen? Zoaz segituan begizta.net-era!

miércoles, 23 de noviembre de 2005

Mutuaren Hitzak


Damian Arrutik, Eulien Bazkako protagonistak, eztarriko tumore bat kentzeko operazio bat pairatu ondoren, bere lagun artistaren (Leon Karrika) etxera joatea deliberatzen du bake apur bat lortzeko asmoz. Abiadura Handiko garaiak alde batera utzi nahi ditu Baztan alde horretan, Abiadura Geldoko garai berri eta lasai bati ekiteko. Gajo hori. Baztanera pattal samar iritsi bazen, are pattalago alde egingo du handik. Izan ere, aldrebeskeria ororen zentroa izango da Damian; heriotza estra?o bat, Karrikaren zoro haizeak, Lakoizketaren botanika-bilduma aberatsaren patu garratza, Lupe eta bere artekoak?


Hasier Etxeberria nobela beltz kutsuko lan berri batekin datorkigu oraingoan, heriotza argitu gabe baten inguruan eraikitako Mutuaren Hitzak nobela honekin. Heriotza hori, baina, aitzakia bat baino ez da azken batean, MacGuffin-a Hitchcock-ek esango lukeen moduan, Damian Arrutiren tormentuzko mundu hori irudikatzeko. Nobela ez oso luzea izan arren, esan behar da Damianen mundu hori oso ondo eraikia dagoela (jakina, aurreko nobelak ere laguntzen du horretan), ertz anitzeko pertsonaia batekin topo egiten dugu, bere hausnarketekin, bere zalantzekin, bere lagun eta zaletasun berriekin? Damianen bizitza aldaketa hori hain ondo irudikatzeko hiru narratzaileetaz baliatzen da Etxeberria. Hirugarren pertsona orojakilea, lehen pertsona (Damianen idazten dituenak) eta batez ere, bigarren pertsona ziztatzaile hori, Damianen barne ahotsaren rola betetzen duena, beti ?kontzientzia-ona? ozpintzeko prest. Heriotzaren inguruko korapiloari nobela erdia igarota heltzen dio idazleak, beranduegi agian. Izan ere, nobelak interes handiagoa lortuko lukeela uste dugu, Damianen mundu horren irudikapenarekin batera, aldi berean, heriotzaren inguruko kontuak azalduko balira, hauek nobelaren amaierarako laga beharrean. Edonola ere, esan behar da argumentua, aitzakia izanagatik, ez dela batere arrunt eta erraza. Damianek heriotzaren inguruko misterioak ebatzita dituela uste duenean, bere teoria koherente guztia amiltzen zaio bere oinetara, eta beste ikerketa-bide batzuei heldu beharko dizkio, nobelaren korapiloak ezusteko biraketa bat jasaten duelarik. Oso elegantea, bestalde, Etxeberriak darabilen euskara. Eskertzekoa da idazleak egin duen lana euskara xarmant hori idazteko, baita Lakoizketaren testu apokrifo hori sortzeko ere. Azken buruan, ongi idatziriko nobela baten aurrean gaude-eta, ongi eginiko lan baten aurrean (zentzu onenean), eta ez da harritzekoa idazleak, nobela bukatu ondorengo nekeak eraginda, Damian Arrutiri buruzko nobela berri bat idazteko asmorik ez duela aitortu izana. Berrehun orrialde eskas eduki arren asko hausnartutako testu zaindua baita Mutuaren Hitzak hau. Amaierak, haatik, nobela berri bat idazteko aukera irekirik uzten du, Abiadura Berriko edo Abiadura Larriko garai bati ekiteko prest agertzen baitzaigu Damian. Seguru, izatekotan, Abiadura Larrikoa izango dela.

martes, 22 de noviembre de 2005

?Metamorfosis? Doctor Deseoren zuzenekoa


Joan den urtarrilaren 18an Bilboko Arriaga Antzokian emandako kontzertua jasotzen du talde beteranoak gaur aurkeztu duen CD-DVD berriak. 25 abesti ezagun biltzen ditu, Bilboko taldearen diskografia guztia errepasatuz. Diskaren izenburak, Metamorfosis, 2005ean Doctor Deseok egin duen kontzertu birari erreferentzia egiten dio, Iru?eako Gayarre, Donostiako Principal eta Bilboko Arriaga Antzokiak bisitatu zituen sortari hain zuzen ere. Kontzertu horietan ez ziren bakarrik egon Doctor Deseo taldekoak, haiekin batera Zea Mays taldeko Aiora Renteria, Ander Lipus antzerkigilea eta Mikel Piris saxojole eta flautajolea izan baitziren. DVD-aren ekoizpen lanetan bestalde Mikel Klemente produktorea ibili da.


Momentuz kontzerturik ez dute emango diska berria aurkezteko, Francis, taldeko abeslaria, Lauaxetaren homenezko ikuskizunean murgildurik baitdabil.

sábado, 19 de noviembre de 2005

Unai Elorriagaren nobela berria kalean da


Unai Elorriagaren liburu berria kalean da dagoeneko. ?Vredaman? izena eman dio eta Bilboko Bidebarrieta liburutegian aurkeztu zuen atzo. Algortako idazleak azaldu zuenez inteligentzia eta heriotzaren arteko harremanaren inguruan dago osatua lan berria. Hirugarren eleberria du Elorriagak eta oraingoan elkarrekin harremana duten lau istorio papereratu ditu.


Tomas izeneko ume batena da liburuko istorio nagusia. Ume horren mundua ikusteko ezohiko modua ekarri du nobelara Elorriagak. Idazlearen esanetan bere aurreko eleberrietan ere antzeko zerbait egin izan du (?SPrako Tranbia?-ko Lukasen kasuan adibidez) eta oraingoan ere munduaren ikuspegi desberdinak topatuko ditu irakurleak lan honetan.


Tomasen osaba bat, lehengusu bat eta Piedad izeneko emakume zahar bat dira beste protagonistak. Horien eskutik ezagutuko ditu irakurleak bestelako istorioak ere: Munduko ebanistarik onena izandakoarena, Piedaden mutil-laguna izandako arkitekto famatuarena... Ahots asko bildu nahi izan ditu algortarrak hirugarren liburu honetan. Idazleak azaldu zuenez, istorioak linealak eta errazak dira, baina horien barruan ?ematen duena baino gehiago? ezkutatzen da.


Liburuaren izenburuari dagokionez, Faulknerren eleberri bateko Vardaman izeneko pertsonaia eta Vredeman de Brie margolariaren izenak elkartuta osatu du Elorriagak. Izen hori ez da eleberri osoan azaltzen hala ere. Aita-semeen inguruan liburuan esaten denarekin lotu behar da izenburua (Elorriagak azaldu zuenez, Vredeman de Brie-k ez zuen inoiz margo originalik egin, aitarenak kopiatu baizik).


Aurkezpenaren hasieran apur bat harrituta geratu ziren bertara inguratutako kazetariak: Elorriagarekin batera Xabier Mendiguren editorea eta Olatz Garcia ikerlaria aritu ziren. Azken honek ingeles bikainean ekin zion aurkezpenari, denen harridurarako. Izan ere, sarritan gertatzen den moduan, atzo ere bazen argibideak gaztelaniaz eskatu zuen kazetaririk eta aurkezleek europatik gertuago egon nahi izan zuten ?Vredaman? plazaratzerako orduan. Hala ere azkenean, gaztelaniaz ere mintzatu behar izan zen Elorriaga.

jueves, 17 de noviembre de 2005

Eremulauak.com bueltan da!

Eremulauak.com webguneko lankideok barkamena eskatzen dizuegu
bihotz-bihotzez azken egunotan izandako arazoengatik. Lanean ari gara
webgunearen zerbitzua hobetzeko, eta horrelakoak berriro ez gertatzeko.Eskerrak eman nahi dizkiegu ere sync.es-eko lagunei, beraien zerbitzuan
izandako eraginkortasun eta azkartasunagatik, beti laguntzeko prest (azken
komentario hau guztiz ironikoa da).

Suizidioa irtenbide bakarra denean*


Obra: Au revoir, triunfadoreak!

Taldea: Antzerkiola imaginarioa

Data: 2005ekoAzaroaren 9a

Lekua: Leioako kanpuseko Areto Nagusia


Ez gaude betiko eskemak apurtzen dituzten proposamenak ikustera oso ohituta. Zer egingo zaio, ohitura maite duen animalia da gizakia. Hala ere noizean behin beharrezkoa izaten da eskemak apurtzea. Klasetik ihes egin genuen mundu guztiak ahotan zuen teatro obra hura ikusteko: Antzerkiola Imaginarioaren ?Au revoir, triunfadoreak?. Ez genuen horrelako zerbait espero.


Proposamen ausarta da ?Au revoir, trinfadoreak!?. Madame Faneka, Gazte Nihilista, eta Bala Gizonak suizidiorako bidea nola egiten duten azaltzen zaigu obran. Nahiago dute bide hori hartu, ?hipopotamo bihurtu? baino. Animalia geldo, patxadazale eta pisutsua beren baitan jaiotzen ikusten duten neurrian ezinegona areagotuz doa eta pertsonaia bakoitzaren baitan borroka dialektikoan ikusiko ditugu bi izate horiek. Araua vs. askatasuna: Piskanaka arauak, nork bere buruari egindako errepresioak lekua irabaziko du. Piskanaka Banijuk (Ainhoa Jauregi) Madame Faneka torturatuko du (?Bruselas? goiburu duen gurutze batean iltzatuta azalduko zaigu pertsonaia hori, adierazkortasun itzela lortuz). Gazte Nihilistak (Na Gomes eta Terri Floridok antzeztutako pertsonaia) bazterrean utziko du bere izatearen erdia, beti galdezka eta dudatan ari zaiona (ez al gara askotan ?Santadonedonedone-aiamatxomaitia?-ka aritzen gu ere?). Bala Gizonaren (Alex Gerediaga) kasuan, ilusiorik ezak eramaten du bere buruaz beste egitera.


?Garai berrietako komedia triste? moduan aurkeztu zuten antzezlan hau duela bost bat hilabete. Horrexek berak definitzen du ezerk baino hobeto teatro lan harrigarri hau. Barre egin genuen obraren zenbait pasartetan (Gabriel Ocinak antzeztutako Madame Fanekarekin ederki pasa genuen), beste batzuetan, itota sentitzeraino larritu ginen (Banijuk tiro egiten duenean, edo eszenatokian bakarrik eta isiltasunean oso ongi ikusi ez genuen zerbait mastekatzen geratzen denean, besteak beste). Lan berritzailea ezbairik gabe. Pena bakarra geratu zitzaigun: gure antzerkiarako ohitura falta dela eta agian ez ginela obraren mailan egon; ez geniola zeukan zuku guztia atera. Berriro ikusiko genuke.


*Edo nola ulertu duen teatro obra abangoardista bat inolaz ere aditua ez den sasi-kazetari batek.

?Nire barneko konfliktoak eta iraultza txikiak dira literaturan babes hartzen dutenak?


Uxue Alberdi Estibaritz. 21 urteko elgoibartarra. 2005eko Igartza Sariaren irabazlea. Ikusi, ikasi eta idatzi. Suedian erasmus ikasle ibili ondoren bertako bizipenak bildu ditu ?Aulki bat elurretan? ipuin sortan. Kazetaritza, literatura, bertsolaritza? ditu pasio, besteak beste. Hitzen maitale, hitzekin jolasean gozatu eta gozaraztea du helburu.


Eremu Lauak. Suedian emandako urtebetea emankorra izan zaizu, ezbairik gabe. Sarritan jartzen al zara iparraldera begira?


Uxue Alberdi.Saiatzen naiz begiak eta burua hankak dauzkadan lekuan mantentzen, eta ez dut beti lortzen... Tarteka oroitzen naiz Suediaz eta bertan bizitakoaz, bai. Zoriontsu izan nintzen han. Han ere bai.


E.L. Zer aurkituko du irakurleak ?Aulki bat elurretan? ipuin sortan? Zer duzu hizpide?


U.A.Ipuin sortak era askotako istorioak biltzen ditu. Usain suediarra izan dezakete ipuin askok, saiatu bainaiz han izan nituen sentsazioak paperera biltzen, baina, batez ere, zerbait atsegina sortzea izan da nire helburua, nik neuk gozatzea eta, ahal den neurrian, irakurleren bat ere gozaraztea.



E.L. Suediarren erretratua egiten duzu orriotan, zeurea begirada kritikoa da ordea: kontsumismoa, etorkinen egoera? Iraultza txikiak egiteko baliatzen al duzu literatura?



U.A.Horretarako gai izatea ederra litzateke, baina ez dut uste horrenbeste egiten dudanik. Literatura, arma baino gehiago, makulu da niretzat: izatekotan nire barneko konfliktoak eta iraultza txikiak dira literaturan babes hartzen dutenak. Nire korapiloak dira askatzen direnak, zentzu horretan nahiko egoistaki idazten dudala esan daiteke?dena den, gerta liteke nire korapiloak jende gehiagok ere konpartitzea eta, agian, hori besterik ez da iraultza.




E.L. Elurra, hotza, zuria? asko errepikatzen diren elementuak dira. Zerk ematen dio kolorea, bizitasuna liburuari?


U.A.Hainbat estilo eta erritmotako ipuinak tartekatzen saiatu naiz. Egia da elementu horiek asko azaltzen direla, Suedian egunerokoak baitira; baina, ahalegindu naiz elurra eta hotzaren azpiko gauzak ere azalera ateratzen, ironia eta umorea erabiltzen. Esaldi motzak eta hizkera sinplea erabiltzen saiatu naiz eta, batez ere, detaileetan fijatzen, gauza txikiei protagonismoa ematen.


E.L. Igartza sariari esker proiektua borobiltzeko, osatzeko, urtebeteko epea duzu orain. Data bat markatuta izateak baldintzatzen al zaitu? Zein eratan?


U.A.Edozertarako data bat finkatuta izateak bere alde onak eta txarrak ditu. Baina, alde horretatik nahiko lasai nago. Nirea ipuin liburu baterako proiektua izan beharrean eleberri bat idaztekoa balitz gehiago kezkatuko nintzateke. Izan ere, gerta liteke hasierako 50 orriak mundialak izan eta hurrengo 100etan eleberria goitik behera desmadratzea?Horrek beldurra eman behar du. Baina ipuinak banaka eta independenteki sortzen diren piezak dira, eta urte honetan ahalik eta gehien disfrutatzea da nire helburua.


E.L. Literatura afizio zenuen eta bat-batean ofizio bilakatu zaizu. Bertigoa ematen al du jauzi horrek?


U.A.Ez nuke esango ofizio bihurtu zaidanik! Literatura dudan afizio maiteenetakoa da, eta bertigoa ez, alderantziz, gozatzen jarraitzeko gogoa ematen dit honek guztiak. Idazten dudan bitartean gero eta hobeto pasatzen dut.



E.L. Idazleak irakurlerik finenak omen dira. Zeintzuk dira erreferente dituzun idazleak?



U.A.Oraindik asko geratzen zait irakurtzeko, baina baditut asko maite ditudan idazleak: Julio Cortazar, Stefan Zweig, Milan Kundera? eta euskaldunen artean, Harkaitz Cano, Joseba Sarrionandia, Bernardo Atxaga, Julen Gabiria?


E.L. Aurrera begira, beste proiekturik ba al duzu eskuartean?


U.A.Hau ondo bukatzearekin konformatuko nintzateke! Baina idazten jarraitzeko asmoa dut, eta gauza berriak egiteko gogoa. Sortzeak bete egiten nau, eta horretan jarraitu nahi nuke.


E.L. Munduko beste bazterren batekin gozarazteko aukera emango al diguzu?


U.A.Asko gustatuko litzaidake. Bidaiatzea da dudan beste pasioetako bat, aukera izan orduko ihes egiten dut beti?




E.L. Denbora aski ongi aprobetxatzen duzu: bertsotan aritu, ipuinak idatzi, irrati- kolaborazioak? parranda egiteko astia ere izaten duzu gainera. Zure egunak ez al ditu 24 ordu?



U.A.Baietz uste dut, eta batzutan motz geratzen zaizkit, baina aipatu dituzun gauza guztiak oso gustuko ditut, eta ez naute nekatzen. Mugitu beharra daukat, gaizki sentitzen naiz bestela. Arazo bat da?



E.L. Bukatzeko, ausartuko al zinateke Igartza saria irabazteak suposatu dizuna bertso batean adierazten?



U.A.Hura izan da arkua eta

nik izan nahi nuke lantza

nahiz ta okertu ta bazterrak jo

doana dianarantza,

eta diana ez da gailurra

zabalagoa da, antza;

izan liteke bizimodu bat

eta tintazko bi mantxa,

pixkat zikinduz rutinak izan

dezan ipuin baten antza.