miércoles, 31 de agosto de 2005

Karate taldeak jotzeari utzi dio


2005eko otsailaren 19an Bilboko Azkena aretoan zuzenean aritu ziren eta orain, sei hilabete besterik pasa ez direnean Karate taldeak jotzeari utziko diola iragarri du. Albisteak sekulako eztanda eragin du mundu osoan musika alternatiboaren inguruan mugitzen diren aldizkari eta webguneetan.


Uztailaren amaieran iragarri zuen Geoff Farina taldeko abeslari eta gitarjoleak Karateren heriotza bere interneteko atarian (www.geofffarina.com). ?RIP Karate 1993-2005? titulu lakonikoaren azpian idatzitako testuan azaltzen duenez, urteak zeramatzan entzumen arazoekin. Horrelako arazoetan adituak ziren zenbait mediku bisitatu ostean, Farinak argi ikusi zuen ezinezkoa izango zela Karatek eskatzen zion bolumenean jotzen jarraitzea.


Hala ere, bestelako proiektuetan lan egiten jarraituko dute taldekideek eta orain artean izandako harrera ona opa die taldeko kantari ohiak Karateko lagunei. Iritzi bera erakutsi du taldearen disko guztiak kaleratu dituen Southern Recordsen izenean hitz egin duen Danielle Sotok: ?Musikariak dira bizi guztirako, ez diote jotzeari utziko?. Ez dute ordea batera joko.


12 urteko ibilbide oparoa amaitzen da Farinaren iragarpenarekin. Bidean sei disko eta kontzertu pila utzi dute. Taldearen azken kontzertua Erroman, aurtengo uztailaren 10ean eskainitakoa izan zen. Goian Bego Karate.

martes, 30 de agosto de 2005

Korn Gernikan


Talde estatubatuarra Metalway jaialdiaren barruan etorri zen Euskal Herrira. Nahikoa arraro egin zen hasieratik metal-berriaren guraso diren hauek horrelako kontzertu bat eskeintzea. Alde batetik, beren barne-arazoengatik, izan ere, ez da denbora asko gitarra-joletako batek taldea utzi duela, arrazoi erlijiosoak direla medio. Honi, aurkezteko diska berririk ez zutela gehitu behar zaio.


Dena den, eskeini zuten beren kontzertua eta bertan izan ginen. Hasteko, esan behar nuke seguraski ez naizela batere objektiboa izango, nire "pubertaroko taldea" baita Korn. Hasiera bortitza izan zen, "Here to stay" kantuarekin (Untouchables diskatik jo zuten bakarra). Hortik aurrera beren kantu ezagunenak jo zituzten, entzulegoaren gozamenerako ("freak on a leash", "adidas", "faget", "blind", "did my time"...).


Horretaz aparte, bi bertsio oparitu zizkiguten, Pink Floyd-en "another brick in the wall" eta Metallica-ren "one". gainera kantu berri bat ere jo zuten. interesgarria azken hau, ikutu funky-ak zituena eta niri behintat System of a Down burura ekarri zidana.


Aparteko komentario bat merezi du Head gitarrista joan izana konpontzeko hartu duten erabakia. Izan ere, ez dira gitarra bakar batekin gelditu, ez, beste gitarrista bat dute, baina izkutuan jotzen. Nahiko triste iruditu zitzaidan azken hau. Nahiko tristea ere Jonathan Davis abeslariaren egoera fisikoa, gaixoa kantu bakoitzaren ondoren joaten bait zen eskenatoki atzera maskarila batekin seguraski oxigenoa izanen zen zerbaita hartzera. Justu dabilela ematen du...


Guzti horiek albo batera utzita, emozionatu ninduen kontzertuak, Jonathan Davis bere mugimenduak egiten (adidas-en gona eskoziarra eta guzti!) Fieldy eta Munky gogotsu eta David Silveria bateria gogor astinduz (a zer giharrak gizon honenak...). Uste nuen jada ez nituela inoiz ikusiko eta gutxien espero nuenean iritsi zitzaidan aukera, baita aprobetxatu ere. Agian gutxiegirekin konformatzen naiz, baiana, zoriontxu egin ninduten gau hartan, zer gehiago eska dakioke zuzeneko bati?

lunes, 29 de agosto de 2005

Auzoak


Hiru poesia liburu argitaratu ostean, bere lehen eleberriarekin datorkigu Urtzi Urrutikoetxea bilbotarra; 25 kontakizun labur Bilbo hiria ardatz hartuta. Kontakizunak eguzkia ekialdetik ateratzen saiatzen denean (Bilbon gauza zaila baita eguzki distiratsua zeru urdin baten erdian ikustea) hasten dira eta eguna aurrera joan ahala hiri gris honen bizipenak azaltzen dizkigu idazleak.


Baina liburu honetan ez dugu gida turistikoetan agertzen den Bilbo hura ezagutuko. Kontakizunak ez dira Guggenheim, Euskalduna Jauregia, Corte Ingles edota Moyua bezalako lekuetan kokatzen. Otxarkoaga, Bolueta, Santutxu, Irala edo Zorrotzako kaleak eta hormak dira aurkezten zaizkigun paisaiak. Paisaiak eta protagonistak era berean.Ez dugu BBVAko bulegoetan lan egiten dutenen bizitzaren inguruan irakurriko, ezta Gran Viako dendetan senarraren soldata xahutzen duten emakumeena. Liburu honetan, goizeko 6etan kafetegia irekitzen duen emakumearen bizitza ezagutuko dugu, edota fabrikara burua makurturik eta bizitzaz nekatuta sartzen den langilearena. Gorbatadun exekutiboak ez dira agertzen; bai ordea ikasleak, ijitoak, autobus gidariak?


Zerua grisetik beltzera pasatzean eta argi artifizialak hiriaz jabetzean iristen gara amaierara. Hala ere, goizeko ordu txikietan girotutako istorioak eskaintzen dizkigu idazleak, hiri honek ez baitu lorik egiten. Protagonistak nortzuk eta prostitutak, tabernariak, poliziak, taxistak, terrorismo poetikoa praktikatzen duten gazteak eta, oraingoan bai, enpresa gizon garrantzitsuak dauzkagu. Modu xehe batean idatzita dagoen liburua dugu hau, irakurterreza eta hasieratik bukaeraraino harrapatuko zaituena. Idazleak Bilbo extraofizialaren erretratu ezin hobea egiten digu. Era berean, liburua aldarrikapen bat da: ahantzirik utzi nahi duten Bilbo horren bizi oihua, zabor eta ke artean ahantzirik utzi nahi duten Bilbo, turistentzako eraiki nahi duten hiru dimentsiotako postaletik kanpo geratzen den Bilbo. Leku askotan gertatzen ari dena gertatzen da Bilbon, leku bakoitzean bere berezitasunekin noski. Ortuondok eman zion hasiera Bilboren erreforma zoro honi. Metalgintzak ez zituen jada jeltzaleen poltsikoak betetzen eta turismoa etorkizuna izan litzatekeela ikusi zuten. Baina Bilbo gris eta industriala ez zen inolaz ere erakargarria eta orduan eman zioten hasiera oraindik bukatu ez den itxura aldaketari. Atzean utzi behar ziren Otxarkoagako ijitoak, San Francisco eta Baileneko prostituta eta yonkiak, Euskaldunako gatazka? Eta hor hasi ziren hiria apaintzen, hiri berri bat eraikitzen, bilbotarrei bizkarra emanaz.


Garraio moderno eta museo futuristetaz ulertzen ez duen Bilbo honetatik paseatzea gomendatzen dizuet.

jueves, 25 de agosto de 2005

Billy Corganen lehenengoa?


Beti esan izan da Smashing Pumpkins taldearen ?Mellon Collie & The Infinit Sadness? diska Billy Corganen bakarkako lehenengoa izan zela, berak egin zuela grabazioa alegia, beste taldekideen ezkutuan. Gainera, askok galdetu zuten bere garaian zerk zeukan Zwanek taldetik, izan ere, kantu guztiak Corganek sinatzen zituen, baita ekoizpena ere. Orain bere lehen bakarkako diska ofizialarekin dator.


?The Future Embrace? deitzen da, eta lanik pertsonalena dela esaten du berak. Pertsonala baino puntu eta aparte bat dela esan genezake, aurreko egitasmoekin egindako musikarekin zerikusirik ez duena jorratzen du oraingoan. Perkusiboa eta iluna, honela definitu genezake bere lana. Gozoa eta krudela, horrela baita Corganen ahotsa, edozein ahots femeninoren gozotasuna ekarri ahal digu gogora. Kontradiktorioa batzutan, bestetan ernegatuta dirudi, munduak gainezka egingo diola dirudi eta ezinegonak zoratu egingo duela. Baina beti burusoilari darion iluntasun horretan. Inoiz baino ilunago, inoiz baino harrigarriago.


Ez dakit pertsonalagoa den, baina bai pertsonalitate handiagokoa. Disko honetako kantuak, Walking Shade singlea kasu, Bristol iluneko taberna cool batetan edo Sopela hondartzako rave batetan pintxatu daitezke, esentzia galdu gabe. New Order-en garai hobeak gogorarazten dizkio askori, eta baita lerrook idazten dituenari ere. Sintetizadoreak eta bonboak aldiberean gustuko dutenentzat, kitarrekin lagunduta, eta baxu lerro sendo batekin. Euskal Herri mailan Split 77k Mentura diskan egindakoarekin antzekotasun ugari gordetzen ditu diska honek, lerro horretatik behintzat badoa. Benetan gomendagarria. Entzunaldi bat baino gehiago merezi duen diska horietako bat.

Berri Txarrak taldearen diska berria prest!




Berri Txarrak hirukoteak prestatua dauka bere bostgarren lana izango dena. JAIO.MUSIKA.HIL izenpean kaleratuko da urriaren hasierarekin batera. Diska Ed Rose-k nahastu du eta Mike Fogsemkemper ari da egun hauetan New York hirian masterizatzen. Gorka eta bereak, bestalde, Mexiko eta Nikaraguan zehar eramango dituen bira batetan murgilduta daude. Nahiko berotuta etorriko dira, beraz, diskaren argitarapenarekin batera hasiko den euskal herrian eta estatuan zehar egingo duten birarako.


Hurrengo egunetan albiste hau luzatuko dugu.

Innocence: haurtzaroari buruzko metafora ederra


Gure begiaurrean 24fotograma segunduko abiadan pasatzen den margolan sinbolista da Innocence. Errealitate eta fantasi dosi berdinak erabili ditu Lucile Hadzihalilovic zuzendariak bere bigarrengo lan honetan, haurtzaroaren metafora pertsonal hau ekoizteko. Lan honekin, iazko Donostiako Nazioarteko Zinemaldian errealizadore hasiberrien saria jaso egin zuen.



Hizkera barrokoa erabiliaz, filme honetan Hadzihalilovicek, haurtzarotik nerabezarorako bidea bere ikuspegi bereziarekin islatu nahi izan du. Horretarako, eskola misteriotsu batean sarturik dauden zazpi-hamabi urte bitarteko neskatila talde baten gertaerak gertutik jarraitzen ditu. Bizi diren barnetegian, kanpoko mundutik harresi batez bereizturik, arau gogorrez kudeatuta, ez da heldurik bizitzen, bi irakasle gazte kenduta; ezta gizonezkorik sartzen ere. Gehiegi babesten dituen bunkerra, non kanpoko bizitzaren isla gutxi sartzen den, eta tentsio sexuala aditzera ematen den, handiagotzen den tentsioa aipatua ez den neurrian.


Istorioaren amets giroa indartzeko, alegoria eta errealitatearen arteko dantza honetan, frantziako zuzendariak testuinguru atenporal bat sortzen du, Rene Magritteren paisaietan oinarrituta, gainera Technicolorera hurreratzen gaituen kolore paleta bizia erabiltzen du, publizitatearen estetika gogora ekartzen duena. Filmeko neskatilen jokamoldea ere ez da guztiz erreala, hala ematen badu ere. Hadzihalilovicek oso modu berezian lortu du efektu hau, neskatilen irudia azken muturreraino estereotipatuz, minigona zuriak, ileko lazoak...Innocence filmeko pertsonaiak ez dira neskatilak, haurtzaroa dira; Justizia begiak itxirik dituen emakume bat den bezala.


Sinbolo guzti hauen batuketaren emaitza, ohikoa ez den lana da. Interesantea eta ausarta, erreflexiorako gonbitea luzatzen diguna, bainan agian harropuzkerian erortzen dena. Frank Wedekind-en Minehaha, or the Corporal Eucation of Young Girls lanean oinarrituta, luzemetraia beharrean formatu laburrago batean arrakasta handiago izanen zuen, izan ere askotan luzatua izan dela nabaritzen zaio, argumentuaz gain irudian edertasunean gehiegi jolasten duelako, dena den aitortu beharra dago irudiak benetan ikusgarriak direla.



INNOCENCE

Donostiako Nazioarteko Zinemaldian errealizadore hasiberrien saria

Zuzendaritza eta gidoia: Lucile Hadzihalilovic

Aktoreak: Zo? Auclair, B?rang?re Haubruge, Marion Cotillard, H?l?ne de Fougerolles

Frantzia/B?lgica/Britainia Handia. 2004





Zinemaldiko Sail Ofiziala erabat zehaztua dago jadanik


Aurtengo Donostiako Zinemaldiko sail ofizialean lehiatuko diren filmak ezagutuz goaz azken aldian. 53.edizio honetan, urtero moduan, aniztasuna izanen da nagusi, herri, formatu eta estilo ezberdinetako pelikulak izanen dira ikusgai. Gustu guztietarako Zinemaldia!


Michael Winterbottom britainiarrak, sail ofizialean ohikoa den egilea eta iazko edizioan argazki saria jaso zuela Nine Songs filmarekin, A Cock and Bull Story lana aurkeztuko du aurtengoan, The Life and Opinions Of Tristam Shandy eleberri britainiarraren adaptazioa. Winterbottom-ek komedia berezia aurkeztu digu, bizitzeak suposatzen duen kaosean oinarrituta, eta seguruenik aurtengo sariketan faboritoenen artean egonen da.


Britainia Handitik ere etorriko da Terry Gilliam, jaialdi honetan duela bi urte ezagutua izan zena. Monty Python & the Quest for the Holy Grail filma eta azken aldian 12 monos pelikulen zuzendaria, Donostiara itzultzen da Tideland filmarekin, Jeff Bridges eta Jennifer Tilly-k protagonista dituen komedia, drama eta fantasiaren arteko nahasketa berezia.


Sail honetan ohikoak diren beste bi herrialde, Danimarka eta Frantzia, aurten ere bertan izanen dira. Peter Fly daniarrak, gizarte klaseei buruz ekoizten ari duen trilogiaren hirugarren atala aurkeztuko du aurtengoan. 2003an gidoi onenaren saria jaso zuen Fly-k Harven lanarengatik, aipaturiko trilogiaren bigarren zatia, burgesiari buruzkoa. Darbet lanarekin itxiko du ziklo hau, klase ertainari zuzenduriko lanarekin hain zuzen ere, militante politiko eta irakasle heldu baten arteko maitasun istorio batean girotuta.


Ekoizpena espainiar estatuan egina bada ere Euskal Herriak, Montxo Armendarizen Obaba filmean izanen du ordezkaritza. Estatu Espainiarrak bestalde Chema de la Pe?a eta Gabriel Velasquez-en Sud Express, Manuel Mart?n Cuencaren Malas Temporadas eta Alberto Rodriguezen Siete Virgenes filmak izanen ditu Urrezko Maskorra lortzeko lehian. Hiru ekoizpenak, zinemagile gazteek egindakoak dira, Zinemaldi honetan arrakastarako azken saltoa emateko asmoarekin jarriko dituztela ikusgai. Hiru filmen artean Sud Express lana azpimarratzea merezi du, behintzat zedozer desberdina proposatzen duelako Salamancako bikoteak: Lisboa eta Paris arteko tren bidai batean, istorio eta pertsonai ezberdinak azaldu elkargurutzatuko dira, istoria handi bat sortuz denen artean.


Europako eskaintzak, Alemania, Txekiar Errepublika eta Esloveniako filmek osatzen dute, Sommer Vorm balkon, Stesty eta Odgrobadogroba filmeekin besteak beste.


Kontinente zaharraren mugez haratago, Zahng Yang txinatarraren Xiang ri kui lanak aurtengo zinemaldian arrakasta lortzeko aukera asko ditu. Zinegile honek 1999ko edizioan zuzendari onenaren saria jaso zuen Xizhao lanarekin. Aurten aurkezten duen pelikulan, bere herriko historiari erreparatu dio, Iraultza kulturaletik gaur egun arte eman den epeari hain zuzen ere.


Ekialdetik ere dator aurtengo beste apustu gogorrenetarikoa, Hur Jin-ho hegokorearraren April Snow filmarekin. Jaialdi honetan estreinatuko da oinazean oinarri duen maitasun istorio bereziarekin.


Argentina eta Maroko, estatu espainiarrean ekoiztutako filmeekin sartuko dira lehian, El Aura eta La Vida perra de Juanita Narboni pelikulekin besteak beste. Argentinak gainera, Tristan Bauer errealizadorearen Iluminados por el fuego filma aurkeztuko du sail ofizial honetan, Malbinetako gudan oinarritua dagoen lana.


miércoles, 24 de agosto de 2005

Biolentzia, pasioa, heriotza


Kontzeptu horien inguruan aritu da Kepa Garraza (Berango, 1979) artista gaztea ?Imagenes de Violencia, Pasion y Muerte? (Biolentzia, Pasio eta Heriotzezko irudiak) izeneko bere azken erakusketan. Hiru koadro hiper errealista eta sei argazkik osatzen dute Bilboko Rekalde aretoan (Errekalde zumarkalea 30) ikusgai dagoen obra. Hurbiltzen denak inpaktu izugarria sortzen duten irudiak ikusiko ditu: irudi odoltsuak, baina hurbilak hala ere.


Lehen kolpean irabazten dute ikuslearen arreta Garrazaren lanek. Erakusketa honetako koadro batean adibidez hiru mutil gazte ageri dira: horietako biri odola darie ahotik eta burutik; besteak pistola ahoan sartuta burua lehertu berri du. Koadro eta argazki hauen indarra gogortasunean dago, baina baita hurbiltasunean eta ironiaren erabileran ere. Emaitza benetan ikusgarria da eta pentsarazi egingo du ikuslea, biolentziak gure gizartean masa hedabideen bidez hartu duen presentziaren inguruan.


Gaztea izanda Kepa Garraza ez da hasiberri bat mundu honetan. Arte ederretan lizentziatu zenetik hainbat erakusketatan hartu du parte Berangoarrak, besteak beste 2003ko Art Lisboan, L?Oreal sarien XIX. edizioan, Getxoarte 2002 eta 2003n eta Ertibil erakusketa ibiltarian. Irabazitako sarien artean berriz, 2004ko Ertibil saria, Iberdrola-UEX Pintura lehiaketakoa edo EHUk 2001ean emandakoa azpimarratu behar dira.

viernes, 12 de agosto de 2005

Montxo Armendarizen Obaba ?k zabalduko du Zinemaldiaren 53.edizioa


Aurtengo Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren edizioa, irailaren 15etik 24ra izanen da. Aurten berriz ere, hamar egunez luzatuko da jaialdia, eta ez aurreko urteetan bezala 9egunetako luzera izan zuela. Aurten Canal +en babesik ezean, TVE katearen laguntza izanen du Zinemaldiak, horrek aurrekontu handiagoa izatea suposatu duelarik.

p align="justify">
Alfred Hitchcocken heriotzaren 25.urteurrena ospatzeko, aurtengo jaialdiaren kartela hari eskeini nahi izan diote antolatzaileek. Zuzendariaren irudi eta silueta, aurtengo erreferentzia grafiko nagusia izanen da. Honetaz gain, aipatu beharra dago, bitxikeri moduan, Hitchcock-ek 53 pelikula grabatu zituela bere ibilbide guztian zehar, hain zuzen ere aurtengo zinemaldiaren edizioaren zenbakia.


Sail ofizialari dagokionez, jaialdiaren sailik lodiena, gutxi dakigu oraindik. Badakiguna Obaba filma, Montxo Armendarizek zuzendua, izanen dela aurtengo edizioa zabalduko duen pelikula. Pilar L?pez de Ayala, Juan Diego Botto eta Mercedes Sampietro aktoreek parte hartzen duten filma hau, Bernardo Atxagaren Obabakoak idazlanean oinarritua dago. Herri giroan girotutako pelikula honekin, Nafarroako zuzendariak sail honetako Urrezko Maskorra irabazi nahi du, jaialdiaren saririk preziatuena. (Montxo Armendariz Zinemaldian ohikoa den zuzendaria dugu, Urrezko Maskorra 1990ean eskuratu zuen Cartas de Alou filmarekin, 1986an ere Zilarrezko Maskorra zuzendari onenari jaso egin zuen)


Zinemaldi honetan ere, zinemagile ezberdinen ibilbidea ezaguzteko parada emanen digu. Aurten, autore klasikoen sailean, Robert Wise zuzendari eta ekoizlearen filmografia errepasatuko da, West Side Story edo ta The sound of music ("Sonrisas y lagrimas" bezala ezagutu genuen) filma ezagunak egonen direla haien artean. Egile modernoei eskeinitako tartean, aurtengo zinemaldian, Abel Ferrara autore errebeldearen ibilbidea emanen da ezagutzera, El Rey de Nueva York, El Funeral edo ta Teniente corrupto filmen egilea. Bestalde Errebelde eta Intsumisoa izenburupean, sail berezia antolatu duten aurtengo zinemaldirako, non zinemagintzaren historian zehar egon diren emakume errebeldeenen retrospektiba ikusteko eta ezaguzteko aukera izanen den.



jueves, 11 de agosto de 2005

BOLLYWOOD: indiar ametsak


1948.urtean, bere ibilbide zinematografikoari ekin bainon lehen, Satyajit Ray-k erreflexiorako bidea ireki zuen saiakera idatzi zuen. Abiapuntu garbia hartu zuen, zer dago gaizki Indiako zinemagintzan? Lan honetan gonbitea luzatzen zien Indiako errealizadoreei, indiar estilo bat lantzeko, non nortasun bereziaz hornituko zituzten filmak, hizkuntza eta ikonografia indiarrarekin. Garai haietan, noraezean zebilen zinemagintza hau, estilo ezberdinen nahasketetan oinarritzen zen, kolore asko eta agian zapore gehiegirekin.


Urteak pasata, Ray-k azaltzen zituen akats horiek, markatu dute zinemagintza mugimendu honen norabidea. Zinema herrikoi eta popular baten aurrean aurkitzen gara, koreografia ikusgarrietaz eta erromantizismo sutsuaz harro sentitzen dena.


Garai bateko kolore eta norabide ugaritasun hori, 70.hamarkadan muturreraino eraman zena, mendebaldeko zinemagintzaren ezinbesteko elementu bihurtu da azken urteotan, punta puntako produktu bezala edo beste modu batean esanda produktu kistch bezala (Terry Zwigoff-en Ghost world pelikularen protagonistek, Indiako zinema kontsumitzen zuten dotoreziaren isla moduan). Beraz, Bollywood, urrunetik etorritako xelebrekeria izatetik, egungo gizarte snobistaren modazko produktua izatera pasa da.


Mugimendu honek izurritea ematen du. Bombay bezalako hiri batetara joatea besterik ez dago honetaz jabetzako, non hamaika neoizko argidun kartel azken estreinaldien berri ematen diote oinezko bisitariari, edo ta bestela London-ko West End-etik bueltatxoa ematea, non ohikoa da Bombay Dreams(musika, eszenografia eta aktore indiarrak dituen musikala, Ingalaterran ikaragarrizko arrakasta izaten ari duena) bezalako Indiako estiloan oinarritutako musikalak ikustea. Herrialde honetatik etorritako filmak, egun Britainia Handian ikusienak diren 10filmen artean sartzea lortu dute, beraz ez litzateke harritzekoa urte gutxitan gure inguruan ere hauek nagusi izatea. Londresen, abangoardiazko kulturaren gune nagusian, nonahi zabaltzen ari dira, zinema areto, video-club eta Indiako zinemagintzarekin zerikusia duten hamaika negozio, kurryaren herrialdera begira jartzen gaituztenak.


domingo, 7 de agosto de 2005

Mundurat definitzeko batzarra!!

Mundurat-en gaur egungo egoera aztertu eta etorkizunera begira emango
diren urratsak eztabaidatzeko, hurrengo asteartean, abuztuak 9, batzar
irekia burutuko da Koska Irratiak Algortako (Getxo) Amezti kalean dituen
lokaletan arratsaldeko 16:00etan.


Deialdia, Mundurateko erabiltzaileoi zein gure proiektuan interesatuta
zaudetenoi zuzenduta doa; izan ere, denon ideia eta indarrekin
eraberrituko baitugu Mundurat.


GAI ORDENA



  • Aurkezpena: Munduraten hasiera
    - Nola, zer, zergatik


  • Egungo egoera:
    - Dauden baliabideak
    - Dauden proiektuak
    - Dauden laguntzaileak


  • Etorkizuna:
    - Proiektua ongi definitu

    • Barne antolakuntza:
      ? Kanpo komunikazioa
      ? Proiektuen arteko komunikazioa
      ? Mundurat barneko (laguntzaileak) komunikazioa


    • Dirua:
      ? Finantzaketa
      ? Diru-laguntzak
      ? Ekimenak


    • Webgunea:
      ? Newswire
      ? Agenda
      ? Foroa
      ? IRC
      ? Zozketak


    • Arauak

    • Proiektuak onartzeko irizpideak

    • Zerbitzu berriak:
      ? Blog
      ? Fotolog


    • CD bilduma



miércoles, 3 de agosto de 2005

Karonte


Asel Luzarragaren bigarren liburuak gure letretan oso ohikoak ez diren hainbat ezaugarri biltzen ditu: Zientzia fikzioa, teknologia berriak, Japonia, manga komikiak etab. Horregatik, gogotsu ekiten zaio liburu honen irakurketari, proposamen original eta interesgarri bat izan daitekeelakoan. Euskal literaturan haize berriak (Japoniaren eskutik, Lost in translation filmari jarraiki, esaterako) sartzeko parada ezin egokiagoa zitzaigun honako hau.


Hala ere, liburua irakurri ondoren itxaropen horiek zapuzturik geratzen dira, erraz asko ohartzen baikara elementu berri horiek guztiak kontakizun konbentzional eta estereotipatu baten apaingarri baino ez direla. Ez eskatu liburu honi, beraz, munduaren, giza erlazioen edo gertakizunen prisma berezi bat eman dezala, alderantziz, liburura kontsumo-literatura deitzen zaion horretatik gertuagoa egon daiteke. Amets Olazarri, urtebete koman egon ostean, bizitzara itzuli eta gauza estra?oak gertatzen hasten zaizkio. Bere lehengusina Naroaren laguntzaz Ametsen burmuina teknologia berriei esker ?kanpoko? pertsona batzuk kontrolatzen dutela jabetzen dira. Ametsen izaera berreskuratzeko borroka horretan Japoniara bidaia egitera iritsiko dira, nahiz eta bertan ere gauza arraroak jazotzen jarraituko duten. Horrela, bi narrazio plano ditugu liburuan zehar: batetik, Amets eta ingurukoen gertakizunak kontatzen dituena; eta bigarrenik, Ametsen burmuina kontrolatzen duten pertsona misteriotsuena. Azken hauek nobelako gaizto-gaiztoak ditugu, eta nola ez, espainiarrek (gaiztoak, inozoak eta traketsak), israeldarrek, ingelesek eta estatubatuarrek osatzen dute konspiratzaileen multzo hau. Gai ugari jorratzen dira liburuan, baina denak ere, zoritxarrez, ukitu arin eta topikoekin. Karikatura politikoa, nostalgia kultural-musikala (jada ez da ikusten punkirik Barrenkalen), soziologia eta psikologia arin pixka bat?


Estilo aldetik, liburua astun xamarra da zenbaitetan. Parte batzuk akzio ugarikoak dira (buruz-buruko borrokak, ihesaldiak?) eta horrenbeste kontatzen da (batzutan filme batetarako gidoi detallatua dirudi) ezen irakurlea galdu egiten baita horrenbeste deskribapen eta xehetasunekin. Bestalde, deigarria egiten da metaforen erabilera gehiegizkoa, askotan narrazioa kurtsikerian erortzen delarik, bereziki metafora sexualekin. Izan ere, sexuak garrantzia handia du nobelan, baina ezin esan daiteke, oro har, idazleak gaia tratatzeko moduan asmatu duenik. Hemen ere sobera kontatzen dela eta gutxiegi iradokitzen dela iruditzen zaigu, ?ez amaitu oraindik, ni hasi gabe nago eta? esaldia lekuko. Liburuan agertzen diren bi gai interesgarrienak, zientzia eta identitate arazoarenak dira. Argumentuak bidea ematen du zientzia, boterea eta gizartearen arteko harremanen gainean hausnartzeko, alde batetik, eta burmuin aldaketa medio identitate pertsonalaren gaia jorratzeko, bestetik. Nobelaren azken orrialdeetan gai hauek zertxobait lantzen diren arren, ideiok gehiago garatzea egokia izango zatekeela uste dugu.