sábado, 26 de mayo de 2007

Oporretarako planik nahi? Bideak.info!

Ekaina gainean dugu eta ni bezala oporrak azken ordura arte planeatu gabe utzi badituzue, ondorengo lerroak irakurtzea gomendatzen dizuet (betiko estilo astun eta pedantean idatzita badaude ere). Bideak.info ezagutu berri dut, eta ezin izan dut pasatzen utzi lerro batzuk eskaini gabe. "Bidaiatzeko beste era bat" proposatuko dizute web gune horretatik. Horrela, euskaraz. Lehenengo gola sartu didate niri behintzat. Ea zer gehiago eskaintzen duten...
Hiru eskaintza desberdin ditu Bideak agentziak: Udarako bidaiak izenekoan, New York, Idaho, Quebec, Maroko, Polonia... etab. ezagutzeko aukera ematen da, herrialde bakoitzeko kulturan murgilduz (New Yorkeko eskaintzan gospel musikarekin girotutako meza batera joateko aukera dago, adibidez).

Basque-Eusk
izeneko eskaintza atzerritarrei zuzendua dago. Euskara eta euskal kultura ezagutzen laguntzeko eta euskal jatorriko jendeari beren sustraiak aurkitzeko aukera eskaintzen du. Horretarako, besteak beste, Euskal Herriko idazleekin, ikus-entzunezko munduko jendearekin eta abarrekin elkarrizketatzeko aukera emango zaie bidaiariei.

Azkenik, Literatur Bideak eskaintza dago. Gabriel Arestiren Bilbo, Hemingway eta Urdaibai, Pasaia eta Victor Hugo, Axular eta Sarako eskola eta Satrustegiren herri ipuinetan oinarritutako ibilbide gidatuak. Euskal Herritik mugitu gabe, bestelako ikuspegiak izateko aukera paregabea.

Propaganda lotsabako honekin bukatzen joateko, web guneaz ere hitz egingo dugu: baten batek Bideak.info ikusi eta flashean eginda dagoelako eztena sartu nahiko dio nonbaitetik. Horren inguruko eztabaidak gorabehera, niri izugarri gustatu zait diseinua, baita edukiak ere: laburrak eta zehatzak.

Ideia freskoa dela ezin uka. Arazo bakarra ikusten dut: artikulu hau argitaratu ondoren agentzian izango dituzten deiak eta eskaerak erabat neurriz kanpokoak izango direla kontuan hartuta, guretzako lekurik geratuko ote den.



viernes, 25 de mayo de 2007

Copy Shop, film labur on bat

Fotokopia denda batean lan egiten duen morroi batek bere burua kopiatzen du. Eta bere kopia bera bezalaxe ohetik jaiki, aurpegia garbitu, orraztu eta lanera doa. Eta bere burua fotokopiatzen du. Hirugarren kopia ohetik jaiki, aurpegia garbitu, orraztu eta lanera doa. Eta honek ere bere burua fotokopiatzen du... Jarraituko dut? Ez, nik uste ulertu duzuela gutxi gora behera zein den Copy Shop film laburrak kontatzen duen istorioa.
Virgil Widrich zuzendariak zuri beltzean egindako pelikulak badu gainera, filmak berak kontatzen duenaz gain, beste zenbait kontu kurioso ere. Besteak beste egileak filmak duen textura bitxia lortzeko egin zuena: bideo digitalean errodatu ondoren, material guztia (18.000 fotograma inguru) inprimatu egin zituen, fotokopiatu, eta 35 mm-ko kamera batekin grabatu zituen berriro. Eta 8 hilabete "besterik" ez zituen behar izan horretarako. Emaitza, 12 minutuko maisulan txikia.

Interpretazio askorako ematen du filmak; errutinaz, lanpostu aspergarriez eta jende masak tipo arrunt bati eragin diezaiokeen itolarriaz pentsatzeko besteak beste. Estetika aldetik, zuri beltzezko film mutuek beti Chaplin gogorarazten diote idazten ari den honi, baina ez dago ziur hori jarri beharko lukeen.

Gehiago nahi?

Filma ikusi Google Videon
Zuzendariaren web gunea, bere beste lan batzuekin.

Gernikan egingo dute Euskal Herriko IV. Graffiti Lehiaketa

Aurreko edizioen arrakasta ikusita, laugarren aldiz antolatu dute Euskal Herriko Graffiti lehiaketa. Gernikan izango da aurten, eta datorren asteartean zabalduko da izen emateko epea. Hain zuzen ere, datorren asteartean, hilak 29, aurkeztuko dute lehiaketa. Bilbon izango da, Kalderapeko gunean.
Iaz Tolosan antolatu zuten lehiaketan parte-hartzaile ugari izan ziren, eta kalitate handiko lanak ikusteko aukera egon zen.

Info +: www.topagunea.org

miércoles, 23 de mayo de 2007

Vermut musikalak Atarrabian

Ekaineko igande guztietan, Atarrabiako Sanchi VI Azkarra plazan, hitzordua dute musikazale guztiek. Asteburu eguerdiko vermut-a eta pintxoa musika doinuez lagundu nahi dute bertan. Swing Party, Lumidla Trio eta Duplex taldeak izanen dira protagonista, herri eta gizarte komunikazioa eta erlazioa bultzatu nahi duten ekitaldi hauetan.

Swing, Rythmin Blues eta Jazz doinuen laguntzaz, eguerdian pintxo eta vermouta daztatzea horixe proposatzen dute, Artsaia Eventos-etik, ekitaldi hauek antolatu dituzten enpresatik hain zuzen ere. "Jendea kalera atera nahi dugu, erlaziona dadin komunikatu dadin, eta horretarako musikaren doinuez deituko ditut" komentatzen du Jose Luis Uriz arduradunak. "Musika aditzeko ohiturak aldatzen ari dira" gaineratzen digu Urizek "orain oso ziala zaigu areto ed auditorio bat betetzea, horrexegatik kalera aterako dugu musika."


Eta ordua ezin aproposagoa, vermut-a, gure iganderoko elkarrizketa, kritika, txutxumutxu edo orain hain modan dagoen sinergia unea.


 


Ekainaren 3an: Swing Party Kataluniatik, 40 eta 50.hamardakado doinuak ekarriko dituzte


Ekainaren 10ean: Lumidla Trio Jazz eta Kubako erritmoak, karibetik zuzenean


Ekainaren 17an: Duplex talde nafarraren rock abesti klasikoenak.

martes, 22 de mayo de 2007

Bilbao BBK Livek kartela itxi du

Nebula, Bullet For My Valentine, New York Dolls, Zico Chain, Laia, The Ellas, I Love UFO eta The (International) Noise Conspiracy dira Bilbao BBK Live jaialdiaren bigarren edizioaren kartela itxi dutenak. Hortaz, 34 talderen kontzertuekin gozatu ahal izango da Bilboko Kobetamendin, ekainaren 21etik 29ra.Aurretik aipatu genuenez, lau egun (ekainaren 21 eta 22, eta hile berdineko 28 eta 29) izango dira aurten Bilboko jaialdia, eta Metallica, Iron Maiden, Red Hot Chili Peppers izango dira buru. Halere, bigarren mailako talde interesgarri asko ikusteko aukera izango da, The (International) Noise Conspiracy, Juliette & The Licks, Mastodon edo Maceo Parker kasu. Gainera, aurten talde euskaldunen bat ikusteko aukera ere izango da: Berri Txarrak, Fermin Muguruza & Afro-Basque Fire Brigade, Idi Bihotz, Biok, Nun...

Sarrerak salgai daude honako helbidean: www.bilbaobbklive.com.  Lau egunetarako bonoak 180 euro balio ditu, eta egun bakoitzekoak 65 eta 35 euro bitartean daude.

sábado, 19 de mayo de 2007

Agur, Eva

Eva Foresten heriotzaren berri izango zuen mundu guztiak honezkero, baina eremulauak-en ere horren berri emateko beharra sentitu dut. Heriotzak bizi izandakoa gogoratzeko balio beharko lukeenez, hona Eva Foresten bizitza eta obra hobeto ezagutzeko lagundu dezaketen lotura batzuk:


 Erreferentzia gutxi batzuk besterik ez dira. Eskertuko nuke behean, erantzunen tartean, aurkitzen dituzuen lotura gehiago jartzea.

viernes, 18 de mayo de 2007

Mad Caddies: Ska baino urrunago

Mad Caddies Santa Barbarako musika taldeak ska musika baino urrunago doala erakutsi digu beste behin ere Keep It Going disko berriarekin. Kaliforniarrak sailkaezinak dira estilo aldetik; ska-core talde gisa definitzea izango da errazena eta zuzenena.
Duela hamar urte Duck and Cover disko miragarriak irakatsi bezala, ska-core etiketak ska eta punk melodien nagusitasuna azpimarratu nahi du. Ameriketako boskoteak skatik abiatuz hainbat musika estilo jorratzeko gai direla erakutsi dute ordea, beren bosgarren lanean. Punka, hardcorea, popa, rocka, dixiea, jazza, countrya, swinga, reggaea, rockabillia, polka edota mexikar musikaren tankerako erritmoak topatu ditzakegu euren diskografian.

Fat Wreck Chords disketxe independientearen atzean ezkutatzen diren mutilak maiatzaren 1ean bueltatu ziren. Jamaikar doinuek pisua duten lan hau Live from Toronto zuzenekoaren ondotik dator. Chuck (ahotsa), Sascha (kitarra), Keith (tronpeta eta koroak), Eduardo (tronboia) eta Brian-ek (bateriajolea) ia lau urte pasa dituzte kanta berriak taxutzen eta oraingoan ere lan txukuna burutu dute. 14 abestiz osatua dago eta ekoizpenerako Grammyko Wayne Jobsonen (Toots & the Maytals, Gregory Isaacs, No Doubt) laguntza eduki dute. 

Keep It Going
lanean Jamaika eta Kaliforniako kostaldeetako doinu gozo eta alaiak aurki ditzakegu State of Mind  kantuak erakusten digun moduan. Nahiz eta, diskoa aurrekoekin alderatuta nabarmen lasaia den, hezurrak mugitzeko moduko punk eta dixiearen artean diren kantuak ere prest ditu, esaterako Tired bones.

Horrez gain karibeko haizeaz bustitako lanak ekarpen berri bi dakartza. Alde batetik Duckie Simpson Black Uhuru reggae talde mitikoko partaideak bere ahotsa tartetakatzen du Delroy Wilsonen "Riding For a Fall" kantaren moldaketan eta bestetik Mad Caddiesen lehendabiziko abesti akustikoa Whatcha Gonna Do aurki dezakegu, country doinuez babestua.

Bestalde, Just One More aurreko lanean bezala gazteleraz mintzo direnentzat keinu bat egiten dute Coyote mexikar eta punk doinudun kantuan. Abesti sorta tentagarri hau espero zitekeenaren kontra reggae edo skarekin zerikusi gutxiko disko azal batekin dator apaindua. Beste behin Mad Caddiesek dixie munduaren aldeko apostua egiten dute euren lan berriko azala aukeratzerakoan. Benetan interesgarria beste behin Santa Barbarako mutilek proposatutako soinu bidaia.

Guggemheim gauean ikusteko aukera asteburu honetan

Miss Le Bomb eta DJ Mauri izango dira etzi Bilboko Guggenheim museoan musika "pintxatzen", doinu elektronikoz zipriztinduz museoaren atrioa. Gaueko hamarretatik aurrera, eta MEM jaialdiaren laguntzarekin, Bilboko museo arrakastatsuaren ateak irekiko dira, eta edonork ikusi ahal izango du bertako erakusketa, bai modu iraunkorrean dagoena eta baita momentu honetan "izarra" den Anselm Kieferren maisulana ere.Esan bezala, abangoardiako arte eta musikak bat eginen dute asteburu honetan Guggenheim museoan, 10 euroko sarreraren truke (5 Museoko lagunentzat). Miss Le Bomb Eskoziatik dator eta electro-pop freskagarria lantzen du, betiere elektronikari lotua. Bestalde, DJ Mauri ekoizlea besteak beste Sonar, MEM edo Betofar jaialdietan izan da.

Gainera, museoak argiztapen eta giro berezia izango omen du gau berezi honetan.

Info +: www.guggenheim-bilbao.es/

Free Week 07: Kultura librea aztergai UPV/EHUn

Maiatzaren 21, 22 eta 23an, Euskal Herriko Unibertsitatean kultura libreari buruzko jardunaldiak ospatuko dira. Bertan, teknologia digitalek eta sare telematikoek ekoizpen kulturalean duten eragina aztertuko da eta baita kultura librearen munduak dauzkan agerbide eta baliabideak.

Egitarauaren barruan elkartrukearekin lotutako tailerrak egonen dira, jabetza intelektualari buruzko hitzaldi bat, bideo emanaldi bat, eztabaidak, GNU/Linux instalazio festa bat, lizentzia libreekin lan egiten duen musika talde bat, eta abar.

Antolatzaileek, jardunaldi hauek urtero ospatzea espero dute. Lehenengo urtea da honakoaUPV/EHUko Bizkaiko kanpuseko Arte Ederretako fakultatean ospatuko dira jardunaldiok, "FreeWeek 07" izenpean. Besteak beste Maria PTQK, Reciclanet, Metabolik Biohacklab, Itsas, Edu Hurtado, Natxo Rodriguez, Mundurat Sarea, Alain M. Urrutia, Copyright 2.0 eta Brundel-Mosca proiektuak hartuko dute parte. Hona hemen egitaraua:

Maiatzak 21



  • 11:00: Aurkezpena: kultura ¿librea? Maria Ptqk

  • 12:30: Truke party: Ekarri zure disko gogorrak, CDak, USBak eta abarrak elkartrukatzeko, oso ona baita.

  • 15:30: Linux install session Metabolik, Itsas eta Reciclanet taldeekin


Maiatzak 22



  • 11:00: Literatura kolektiboari buruzko tailerra. Eduardo Hurtado Lamas

  • 15:30: Copyright delakoaren alternatibarik al daude? Natxo Rodriguez

  • 16:15: Copyright 2.0: proiekzioa eta eztabaida


Maiatzak 23



  • 11:00: Do it yourself! fanzine tailerra

  • 13:00: Brundel-mosca proiektua: musika eta copyleft


Infomazio gehiago nahi izatekotan, sakatu hemen

jueves, 17 de mayo de 2007

Budapest: magiarren metropolia

Bigarrenez Budapestera iritsi naiz eta oraingoan ere gauak egin dit ongi etorria. Berriz ere eguneko lehendabiziko orduetan hiri honek duen mugimendu azeleratuak txunditua utzi nau. Argi dago azken urteetan gauzak ez direla nabarmen aldatu. Kale ertz guztiak okupatuta dauzkate etxerik gabekoek osatutako ejertzito ilun eta isilek. Magiarren metropolian zerbaitek oker funtzionatzen duela erakusten digute eskaleen aurpegi goibelek. Hauetariko askok gainera alkoholismo arazo larriak dituzte. Egunez lurrundu egiten diren pertsonak alkohola darabilte errealitate batetik bestera salto egiteko. Hungariako erregimen komunistak duela 18 urte errealitatetik salto egiteko erabakia hartu zuen. Erregimenaren deseraikuntza 1999-2004 urte bitartean gauzatu zen: lehenik NATO eta ondoren Europako Batasunaren sarrerarekin. "Askatasun demokratikoen aroa" zabaldu zen.
Hugo eta Joserekin goizeko hamarretan dut hitzordua, hortaz sei ordu luze inguru hirian literalki noraezan bakarrik ibiltzeko. Ibilbide jakinik gabe zuzen segi dut Bela Bartok kalea. Behin Danubio ibai mitikoaren gainean Kossuthl Rakoczi kalearekin topo egin eta oraingoan helburu argiarekin poliki eragin diet hankei. Astiro iritsi naiz Keleti Pu tren geltokira. Nekeak eta egunari altxatzeko falta zaizkion orduak lo kuluxka bat botazeko aitzakia bihurtu dira. Txarteldegiko izkin batean zakua zabaldu eta ametsetan murgildu naiz trenak iragartzen duen ahots baxu baina biziaren marmaraz. 

Ametsetatik goseak esnatu nauen arren ametsetan jarraitu dudala iruditu zait. Begiak zabaldu eta berriki argitutako Budapest koloretsuaren usainak gordetako begiak itsutu dizkit. Euro apur batzuk florintetan bertako txaponarengatik trukatu eta gosea asetzeko ogitarteko bat erosi dut.
 
Inperio Habsburgotarraren buru izandako hiri historikoa da Budapest. Eraikinen handitasuna nonahi aurkitzen da. Baliteke Danubio ibaiaren handitasunaren eraginez Buda erregeen gaztelua, Szechenyi Chain burnizko zubia, beldurra ematen duen parlamentua edota desagertutako heroien aldeko monumentua eraiki izana. Handitasun hori hiria ezagutu ahala izango duzu bidailagun beti. Hala ere, ikaratu beharrean maitemindu egingo zaitu zentzumenentzako egina dirudien ikuskizunak. Bikotekideaz paseatzeko museo-hiriak, gaur Estatu magiarraren sinbolo bilakatu da. Dena dela, ezin ahaztu ditugu beste kulturek hiriari egindako ekarpen-iposaketak, besteak beste: zelta, erromatar, otomandar, eslaviar edo alemanak. Kultur aberastasun honek Europa zentraleko hiri paradigmatikoa marrazten du.  

Hugo eta Joserekin batu naiz eta zuzenean lasaitasun bila Margaret irlaruntz abiatu gara. Danubioren erdian kokatutako lur zati berde honek modu magikoan batzen ditu Buda eta Pesteko ibaiertzeak. Bi herri zaharrak elkartzen dituen sinbolo honetan zemeztuzko oihana ahaztuko duzu. Patxadak ia ito egin gaitu eta denboraz urri gabiltzala konturatu gara.

Zementuzko ohianera bueltan, munduan zaharrenetakoa den metroan irten ezinik ikusi dugu geure burua. Azkenean lortu dugu Hungaria eta Europako bihotzetik urrun eramango gaituen garraiora igotzea. Koszonom! (eskerrik asko).

viernes, 11 de mayo de 2007

Kanonaz

Pozgarria izan da Joseba Gabilondoren itzulera laburra Euskal Herrira, berarekin eztabaidagai interesgarri askoak ekarri baititu. Tamalez, ni ere euskal diasporaren parte naizenez (bost xentimoko diaspora, hori bai), ezin izan dut bere hitzaldietan bertatik bertara parte hartu. Hala ere, Berrian azaldutako elkarrizketarekin, Testuketan saioan esandakoarekin eta blogetan irakurritakoarekin iruditzen zait nahikoa zaidala bere ideia nagusiak zeintzuk diren ikusteko. Eta horrela, testu honetan, batez ere, kanonaren gaira lerratuko naiz.
"Modernitatea joan da" izan da bere ideia garrantzitsuetako bat, eta "Kanona baztertu behar dugu" zuzenean esan ez duen arren (nik irakurrikoetan, bederen) ideia horretatik oso urruti ez dagoen zerbait proposatzen duela dirudi. "Euskal literaturaren historia guztiak kanonetik kanonera idatzi dira, kanona bera zalantzan jarri gabe." Hau da, ez duela merezi kanonen arteko borrokan jardutea, kanona bera da auzitan jarri eta ukatu behar dena, ideia modernoa den heinean. Apustu indartsua da berak proposatutakoa, modernitate-postmodernitate eztabaidaren (demode?) testuinguruan kokaturikoa. Esan behar da, halaber, Europa eta Euskal Herrian ideia iraultzailetzat har genitzakeen hauek, AEBetako intelligentsiaren diskurtso nagusietako bat dena. Horrek sortzen dituen paradoxa guztiekin: diskurtso iraultzaile eta ofiziala aldi berean, unibertsitateko katedradunek babesten dituzten ideia erradikalak etab. Baina utz dezagun alde batera bide hau. Izan ere, postmodernitatearen militante sutsuenak sarritan modernitatearen erredukzionismoan erortzen diren bezalaxe, badirudi kanonaren inguruan ere gauza bera gertatzen dela. Esan nahi baita, kanona ulertzen badugu adituen komite konspiratzaile batek erabakitzen duen idazle eta obren zerrenda gisa, orduan seguruenik bai, kanona bera zalantzan jarri beharko genuke. Baina nago kanona hori baino konplexuagoa dena. Ez dakit Josebak, baina nik ez dut ezagutzen kanon gabeko literaturarik eta nekez imajina dezaket etorkizunerako halako hipotesirik. Kanona halabeharrezkoa ez ote den susmoa dut, eta ondorioz, berau baztertu baino, unean-uneko kanon ofiziala kritikoki eztabaidatzea egokitzen zaigula.

Bigarren aukera honen aldeko argudio indartsuena, alabaina, eraginkortasunarena dela uste dut. Intelektual buruargiek kanona bai/ez eztabaidatzen duten bitartean, eguneroko bizitzan erabakiak hartu behar dira: eskola eta unibertsitateetako programak diseinatu, derrigorrezko irakurketak erabaki, testu liburuetan azalduko diren idazleak zeintzuk izango diren ebatzi, antologiak osatu, medioetan zein idazleri eskainiko zaion arreta deliberatu... Muinean kanonaren ideia duten erabakiak denak ere. Horregatik, eraginkorragoa iruditzen zait gaur egungo kanona kritikatzea eta kanon berriak proposatzea, kanona beraren bazterketaren alde egitea baino; itxura guztien arabera, datozen urteotan, arestian aipatutako erabakien lako hamaika erabaki hartu beharko dira-eta. Kanona etengabe irekitzearen alde egingo nuke, ahalik eta idazle nahiz obra gehien kanonean txertatzearen alde. Kanon zabal eta aberats baten alde, azken batean. Gainera, euskal literaturako adibidea interesgarria da, egun indarrean den kanona erabat itxi eta esklusibista delako. Interesgarria izan daiteke "literatura txikietan" kanonaren dinamikak nola burutzen diren aztertzea, eta kasu honetan ikus daiteke Bernardo Atxaga buru den kanon ia unipertsonal bat dugula. Hau dela eta, nire aburuz, funtsezko erronka da Atxagaren alboan geroz eta idazle gehiago gaineratzen joatea. Azken urteotan, badirudi gainera, ildo horretan lan egiten ari dela jende ugari. Atxaga bera ere arazo honen jakitun azaldu da behin baino gehiagotan eta azken boladako emakume idazle batzuen aldarrikapenak ere zentzu honetan eginikoak dira.

Baina Joseba Gabilondok esandakoetatik gehien harritu nauen kontuetako bat Euskadi Sariei buruz esandakoak izan dira. Kanona baztertu behar dela esan ondotik pentsatzekoa zen berak ere Euskadi Sariei utikan esango ziela. Euskadi Sariak, horretan denak ados egongo garen moduan, euskal literaturako elementu kanonizatzaile indartsuenetako bat baitira. Baina hori egin beharrean Euskadi Sarietan aldaketa batzuk egitearen alde agertu da. Berak egindako proposamenak prozedurazkoak izan dira (sariak idazleen artean erabakitzea, Oscarren gisara-edo), baina aldaketa hauek ez lukete Euskadi Sarien indar kanonizatzailea alde batera utziko. Bi adibide emate aldera: Oscarren prozedura nonbait demokratikoak ez dio sariari bere izaera kanonizatzailea kentzen; eta literaturarekin lotuta, gauza bera gertatzen da Raymond Queneauren Bibliothèque idéale harekin. Ehunka idazleri egindako inkesta batzuen bidez literatura unibertsaleko ehun titulu "behinenak" zehaztu nahi izan zituen. Prozedura nahi beste demokratikoa izango zen baina emaitza erabat kontserbadore eta frankofiloa.

martes, 8 de mayo de 2007

Donostiak Kafe Antzokia izango du

Hainbat urtetako zurrumurruen ostean, Donostiak Kafe Antzokia izango du, Ondarroak, Elgetak, Bilbok eta Durangok duten bezala. Halere, aipatutakoengandik independientea izango da, Donostiako euskal giroa sustatzeko asmo bakarrarekin.Donostiako Antiguo auzoan kokatuko da, garai batetan Kandela taberna zegoen lekuan hain zuzen ere. 300 metro karratu izango ditu eta bultzatzaileen arabera, maiatzaren amaieran izango da inaugurazioa. Behintzat, badakigu Chico Boom taldea izango dela ostiral honetan, baina ez da inauguraziorako data zehatzik jarri momentuz. Oholtzari dagokionez, ez da horrelako lekuetan izan ohi diren eszenatoki handia izango, ezta dekorazioa ere. Guztiz berritzailea izango da hortaz Donostiakoa Kafe Antzokia, DoKa.

info + (laister): http://www.doka-antzokia.com/

lunes, 7 de mayo de 2007

Entzun! aldizkariak jaia ospatuko du ostiralean

Entzun! musika aldizkariak jaia ospatuko du Mofo fanxinearekin batera ostiral honetan, Gorlizeko Xurrut aretoan. Le Jonathan Reilly Valentziako hirukotea eta Mostros Balear Irletako laukotea izango dira.Biek ala biek hardcore-punk doinuak lantzen dituzte, bigarrenek 80 hamarkadako doinuak biltzen dituzte, eta lehenengoek esperimentaziorako joera handiagoa lantzen dute, bateria eta bi kitarrek osatzen dutelarik. Mostrosen ezaugarrietako bat Macky emakumezko abeslariaren presentzia eszenikoa da. Musika andanada honez gain, disko, aldizkari, fanxine eta antzekoak erosteko aukera ere izango da. Eta sarrerarekin batera, kontzerturako egin duten txapa esklusiboa opari.

Info +: www.entzun.com

jueves, 3 de mayo de 2007

Unai Elorriaga: "Nahita bilatzen dut sinpletasuna, baina batzuek sinplekeriarekin nahasten dute"

[ Jarraipena; elkarrizketaren lehenengo zatia hemen ]

Irudi literarioak mundu guztiarentzat idazten dituzula esan zenuen behin. Unibertsaltasuna bilatzen duzu?


Horixe da literatura: unibertsaltasuna bilatzea, gauza esentzialei buruz hitz egitea. Gauza esentzialak hemen eta Indian berdinak dira. Pertsona batentzat esentziala maitasuna izan daiteke, eta beste batentzat irakurtzea ala lo egitea. Gainontzeko guztia zirkunstantziala da. Esentzialei buruz egiten digu berba literaturak.


Hala ere euskaltasuna mantentzen saiatzen zara?


Horixe da guk egin ahal dugun ekarpena: gauza esentzialei buruz berba egin, baina gure ikuspuntutik. Faulknerrek eta Cortazarrek asko idatzi dute, baina beren ikuspuntutik. Sekula ere ez zuten imajinatuko euskaldun edo algortar baten ikuspuntua zein den. Hori nahasten denean sortzen da benetako talka eta ekarpena.


Zure idazkera neifa dela diote... eta errealismo magikoaren oinordekoa.


Ba! Niri etiketek barregura ematen didate. Etiketak jartzen dituenaren atzean beti dago literaturaz ez dakien norbait. Literatura ona da, ala txarra da.


Baina badaude liburu irakurterrazagoak beste batzuk baino, eta zureak di-da irakurtzen dira.


Nahita bilatzen dut sinpletasun hori, baina batzuek sinplekeriarekin nahasten dute. Esaldi korapilatsuak idaztea erraza da, baina ulertzen ez badira... txarto. Nire testuetan ideia sakonak daude, heriotza, erotasuna... eta horiek sinple idaztea gatxa da.


Euskal kultura ahozkoa izateak eraginik du horretan?


Bai. Ahozko literatura aprobetxatu behar da, eta horretan Sarrionandia eta Atxaga oso onak dira. Hori egiten saiatzen naiz ni ere. Gaztelaniazko prosa, eta frantsesa, oso luzeak dira, baina euskarak ahozko literaturan du irtenbidea.


Zelan ikusten duzu euskal literaturagintza?


Oso ondo. Asko idatzi eta asko irakurtzen da. Idazle gazte asko dago eta aspaldikoek ere hor jarraitzen dute. Gainera, beti esan dut, euskaldunak hain gutxi izanda ere, idazle euskaldun on gehiago dagoela espainiar baino. Agian izango da "txiki" izateak ematen duen kemenagatik. Kazetari italiar batek esan zidan gatxa dela bere hizkuntzarekin hain harreman estua duen beste herri bat topatzea: korrika dela, ibilaldia dela... bertso eskola bezain indartsua den mugimendurik ere ez dago inon.


Idazten zauden nobela berriari buruz zeozer...


Nahiko kuriosoa da liburua. Teilatu baten gainean gertatzen da dena. Herriko jendea kaleetatik ibili beharrean teilatuetatik ibiltzen da, eta 17. teilatuan dauden lagun batzuen inguruan zentratzen da istorioa, neska baten zain dauden lagun batzuen inguruan.


Noizko egongo da amaituta?


2008ko amaierarako gutxi gora-behera.


Eta ordura arte, irakurtzeko beste gomendiorik?


Hiruzpalau liburu irakurri ohi ditut batera, baina orain esku artean ditudanetatik Flannery O'connorren Cuentos completos (Lumen, 2005) aukeratuko nuke. Idazle nahiko ezezaguna baita gure artean, baina oso interesgarria.


Eskerrik asko eta hurrengora arte!


Eskerrak zuri!

miércoles, 2 de mayo de 2007

Bobo eta Totoren abenturak

Gezurra badirudi ere hamar urte luze igaro dira John Kricfalusi Ren eta Stimpyren sortzailea flash erako animazioak Interneten zabaltzen hasi zenetik. Kanadiarrak ehunka animaziori ireki zizkien ateak eta gaur egun sarean topa ditzakegunetatik batzuek ageriko arrakasta eskuratu dute: adibidez estatu espainiarrean azken aldian Calico Electronico delako anti-heroia aipatu genezake.
Calicorekin zerikusi gutxi dute Bobo eta Toto izenen atzean ezkutatzen diren panda hartzaren eta oilar xelebre eta xarmantaren abenturek. BoBo&ToTo Txina garaikidearen ikurretako bat bihurtu da. Amaigabeak dira bere irudiak daramatzaten produktuen zerrenda: edalontziak, kamisetak, jokoak... Bi pertsonaia karismatiko hauek B&T Estudio txinatarretan jaio ziren 2005eko martxoan.

Bi urte besterik ez dira pasa lehendabiziko atala kaleratu zutenetik. Ordutik marrazki hauen bilakaera teknikoa miresgarria izan da. Pasarteek freskotasuna, bizitasuna eta oro har kalitatea hobetu dute landutako grafiko eta musika berriei esker.

Txina garaikidearen ikur izatetik sarean aurki ditzakegun flash animazio hoberenetakoa izatera pasa da. Lan horien emaitzak Swallowtail Butterfly (Enara-isats Tximeleta) delako atal sorta berrian ikus genitzake. Zorigaiztoko gertaera baten ondorioz Toto gaixotu egingo da eta Bobok, ausardiaz beterik, bidaiari ekingo dio sendagai baten bila.

Azken kapitulu hauetan Bobo eta Totoren munduko izaki gehiago ezagutzeko parada daukagu era zehatzagoan eta beti ere bereizten dituen xamurtasun eta umore zertzeladekin.