martes, 22 de marzo de 2005

Bakartasunaz bi hitz


Dudarik ez, gurea gizarte bisuala da. Las Vegas-eko argiak eta telebistako eguneroko irudi eskerga inoiz baino gureago dira. Dudarik ez, gurea espektakularitatearen gizartea da, superbowl-arena. Bisuala bai, handia bai, baina horrek ez du esan nahi entzutea ahaztu zaigunik, gauza txikiez entzutea ahaztu zaigunik. Hona Filipe Bidart-en ?Bakartasunaz bi hitz?, hona bere zutabeak.


Bada Literatura hizki larriz idazterik baina bada ere literatura hizki xehez idazterik. Bigarrenaren gisakoa da Filipe Bidartena. Hurbila, humanoa, xehea. Handinahirik gabe idatzitako segurasko. Eskertzekoa agian, denok telebista, literatura edota musika izarrak izan nahi dugun garaiotan. Tituluak iradokitzen duen bezala bakartasuna da gai nagusia. Bakartasuna bai, baina ez modu abstraktuan, baizik eta konkretuan, modu hurbilean. Ez da gizakiaz mintzo orokorrean, pertsonaz baizik, gertutik, konkretuan.


Lehen harria: hurbiltasuna. ?Bakartasunaz bi hitz? ez da ari gizakiaren bakartasun abstraktuaz, inolaz ere. Filipe-z ari da, bere buruaz, pertsonaz konkretuan, hitz xehez, eta bakartasunaz ere era guztiz konkretuan, letra larriak alde batera utzita. Zelda batean hogeita bost hilabetez bakarturik izatea bezain gauza konkertuez. Oraindik ere, nahiz eta berez kanpoan behar lukeen, preso da Filipe. Liburuan ordea, ez zaigu bere presontzaz mintzo baizik eta kartzelaratu zuten lehen garaiaz, bakartuta pasa zituen hilabeteez hain zuzen. Egoera beltza zinez. Halere lekukotza bizia eskeintzen digu eta humorez betea. Humorea baita preso honen arma errutina (zeldako leihatila ere ezin du nahi duenetan ireki) eta bakardade behartuei aurre egiteko, isolamendua den tortura zuriari aurre egiteko. Humorea erresistentziarako bide, horra hor libururako bigarren harria.

Hirugarrena: entzumena. Iluntasuna da nagusi bakartuentzako zeldetan eta halabeharrez entzumena zorroztu behar. Horregatik, onomatopeiaz josten du irakurlea egileak: Klaska!, klunka! eta kliska!. Ezberdinak oso iluntasunean, zinez garrantzitsuak kanpoaz jakin behar horretan. Hurbiletik hitz egiten ari zaigun sentsazioa areagotzen du horrek eta areago oraindik erabiltzen duen hizkerak. Hurbiletik hurbilekoentzat. Baigorrieraz ari zaigu eta oso era errazean gainera, biziki, lagun batekin dabilenak bezala, lotsarik gabe, handi nahirik gabe.

Hiru zutabeak sendoak. Erraz irakurtzen da, azkar asko gainera eta esan bezala gertutik, irakurlea ere hurbileko senti araziz. Filipe Bidartek kontatuta, pertsonak kontatuta, pertsonari, irakurleari. Liburuaren formatua ere apain askoa da, Exprai-k eginiko ilustrazioez atondua. Filipe bera ageri zaigu marrazkiotan, berriz ere hurbila, irri barrez gehienetan, zirikatzaile beti. Ez da hitz larriz idazteko literatura, argi dago, baina ez du halakorik bilatzen ere, humiltasunetik dago idatzita. Urteko nobela, ?nobela izarra? bilatzea beste zereginik ez dutenei aurrez esango diegu ez dutela halakorik topatuko hemen, baina sorpresaren bat jaso dezakete agian, pertsonak soilik eman ditzeketen sorpresa horietako bat.

No hay comentarios:

Publicar un comentario