sábado, 13 de noviembre de 2004

Behin egon nintzen Bilb(a)o deituriko leku batean.

Behin egon nintzen Bilb(a)o deituriko leku batean. Asteburu pasa joan nintzen, baina nire txokoa bertan topatu nuela pentsatuz denboraldi batez geratu nintzen azkenean. Gaztea nintzen oso, eta ez dut ondo gogoratzen. Itogarria zela gogoratzen dut baina. Etxeak edonon ikusten ziren, edozein momentutan zure gainera erori behar zutela ziruditen. Eta bazegoen ere beste hiri batzuetan binaka egin izan diren eraikinen antzeko bat, bakarra berau, agian hiri honek historikoki izan duen gutxiagotasun konplexuagatik. Hala ere, hiriaren edozein puntutik ikusteko modukoa zen berau. Hori ondo gogoratzen dut.Bertan, Bilb(a)o hirian nahi dut esan, bazegoen euskara deituriko lengoaia zahar bat erabiltzen zutenak oraindik. Zaharrak ziren oso, nik gaur egun dudan adina edukiko zuten seguruena, baina oso zaharrak ziruditen niretzako garai hartan. Kontua da lengoaia horrek bazuela bere xarma. Misteriotsua zen, eta ez bakarrik jatorri ezezagunak ezartzen zion kutsu horregatik. Bidaikideak esan zidanez, euskaraz amets egiten nuen nik gauero. Berak hala ulertzen zidan.

Zahar horiei ulertu nienez, egon zen garai bat non beraiek "industralizazioa" deitzen zuten garai bati esker, hiri hark oparotasuna ezagutu zuen. Baina ez ekonomikoa. Gero gainbehera etorri zen. Soziala hau ere. Gazteak gozoki maltzur batez kutsatuak izan ziren, eta askok ezin izan zuten biziraun.

"- Gogoratzen al haiz Manoliren semeaz?
- Jexux... hori aspaldi erori zuan, motel. Erreka bazterrean aurkitu zuten itota bere neskalagunarekin. Kaka bat eginda zegoen gaixoa, ez zian hori merezi..."

Auskalo zer izango den zahar haietaz. Triste hilko ziren seguruena, ez baitago semea lurperatzea baino gauza tristeagorik. Orain, nire zahartasunean, dena ulertzen dut...

No hay comentarios:

Publicar un comentario