martes, 16 de noviembre de 2004

Karmele Jaio:"Gaur eguneko hainbat emakumeren bizitza ikusi eta ez zait burura "aske" hitza etortzen"

Igartza saria eskuratzearekin batera ezagutu dugu askok Karmele Jaio. Idazle gaztea, askoren iritziz euskal literaturan bide oparoa izango duen ibilbidea hasi du Amaren eskuak proiektu sarituarekin eta argitaratu berri duen Hamabost zauri ipuin liburuarekin. Idazle gazteentzako Igartza saria eskuratu duzu. Nola sentitzen zara?




Oso pozik nago epaimahaiak nire proiektua aukeratu duelako noski, baina aitortu beharra daukat pozarekin batera, arduraren pisua sentitu dudala lepo gainean, ez delako berdin bukatutako lan batekin sari bat irabaztea edo oraindik arestian dagoen proiektu batekin egitea. Dena den, uste dut ardura horrek lagunduko didala nobela idazten. Hori espero dut.


Sari hau irabazi dutenen artean gerora oso irakurriak izan diren nobelak aurki ditzakegu. Zer nolako harrera espero duzu Amaren eskuakentzako?



Egia da orain arte Igartza saria eskuratu duten lanek oso harrera ona izan dutela eta oso lan onak atera direla. Honek lehen aipatu dudan arduraren pisua oraindik gehiago handitzen du. Ez dakit zer nolako lana aterako den, baina nik ziurtatu dezakedan gauza bakarra da ahalik eta lan txukunena egiten saiatuko naizela.



Zure nobela-proiektuan emakume moderno eta tradizionalaren arteko talka ageri da. Zertan desberdintzen da zure ustez gaur egungo emakumea garai bateko emakumetik?



Nik nobelan erakutsi nahi ditudan emakumeak bi testuinguru ezberdinetan daude kokatuta eta bereziki azpimarratu nahi dudana da bi gizarte, garai eta testuinguru horien arteko ezberdintasuna, baina erakutsi nahi dut ere, azken finean zein berdintsuak garen gizakiak, kasu honetan emakumeak, garai batean zein bestean. Orain dela 50 urteko emakume gazteek ez zuten izan guk orain ditugun hainbat gauza eta aukera. Askotan atzera begiratu eta esaten dugu asko aurreratu dela emakumeen egoera eskubide eta askatasunari dagokionez. Baina nik gaur eguneko hainbat emakumeren bizitza ikusi eta ez zait burura "aske" hitz hori etortzen. Bereziki lan munduan sartuta eta seme-alabak dituzten emakumeen kasuan. Heroiak dira. Gure amak ere heroiak izan ziren, garai latzak bizi behar izan zituztelako eta abar, baina hauek ere heroiak direla ez daukat zalantzarik. Ez dakit nola egiten duten.


Nerea, protagonista, zu zeu bezala kazetaria da. Nobelaren zati bat autobiografikoa dela esan liteke?


Ez. Protagonista kazetaria izateak arrazoi nagusi bat du. Ezagutzen ditudan gauzez idatzi nahi dut eta nik emakume kazetari baten mundua ezagutzen dut eta aprobetxatu nahi dut esperientzia hori. Nerea erizaina izango balitz, niretzat zailagoa izango litzateke azaltzea erizain baten eguneroko jarduna. Oso garrantzitsua da niretzat ezagutzen ditudan gauzez idaztea.

Epaimahaiak "sentiberatasuna eta xehetasunekiko ardura" azpimarratu ditu saria ematerakoan. Nobela intimista al da Amaren eskuak?


Sentimentuetan oinarritutako lana da. Edozein istoriak aurrera egiteko behar duen intriga eta trama du, baina sentimentuetan dago oinarrituta. Eta gai unibertsalak ditu zutabe: bizitza, heriotza, maitasuna...

Igartza saria irabazteaz gain aurki kaleratuko da Hamabost zauri zure lehenengo liburua. Kontaiguzu, zer aurkituko dugu liburu honetan?


Hamabost ipuinek osatzen dute liburua eta guztietan agertzen da zauriren bat, bizitzak protagonistei egin dien zauri bat. Gehienetan gizakien arteko inkomunikazioa agertzen da eta kasu askotan gure barnean esan gabe geratzen diren gauza horiek eragiten duten zauriak azaltzen dira. Askotan bikoteak dira protagonistak, baina ez da nik bilatu dudan gauza bat. Gertatu zaidana izan da inkomunikazio arazoei dagokienez bikoteetan aurkitu dula harrobi emankor bat. Sentimentuak irudi bihurtzeko saiakera egin dut ipuin hauetan.

Hamabost ipuin eta hamabost zauri. Ipuinen amaieran zauriek irekita jarraitzen dute?

Hasieran baino nabariago agertzen dira bukaeran. Baina horrek ez du esan nahi orbain bihurtu ez daitezkeenik denborarekin.

1 comentario: