sábado, 12 de agosto de 2006

Wu Ming

Wu Ming ("anonimo" txineraz) taldeko bost kideak 90. hamarkada hasieratik ibili ziren Italiako mugimendu literario, politiko eta libertarioetan lanean. Luther Blisset egitasmoaren zutabe boloñatarra osatu zuten, sormen kolektiboaren aldeko aldarriak eginez eta "izpirituaren" kapitalismoari aurre egin nahian (copyleftaren bultzatzaile, besteak beste).

Luther Blisset Project zapatistekin sortzen da 1994an eta Seattle-go erreboltarekin amaitzen da 1999an eta erresistentzia globaleko borrokarako erreferentzia nagusietako bat izatera iritsi da. Wu Ming-ek ere bide berari jarraitu dio (esaterako Genovako protestetan parte hartuz) eta urte hauetan zehar makina bat testu politiko-literario eta bi nobela arrakastatsu (Q eta 54) plazaratu du.

Gaurkoan ekarri dugun testua, Acuarela argitaletxeak argitaraturiko Esta Revolución No Tiene Rostro liburutik atera dugu. Liburu honek, 2000-2002 urteetan zehar Wu Ming-ek idatzitako testuak biltzen ditu.

Informazio gehiago: http://www.wumingfoundation.com/

NARRATZAILEAREN ESKUBIDE (ETA BETEBEHARREN) AITORMENERAKO ZENBAIT OHAR


Sarrera

Nor da narratzailea eta zeintzuk dira bere betebehar eta eskubideak?

Narratzailea istorioak kontatu eta mitoak (komunitate baten erreferentzia sinbolikoen multzo partekatua) birmoldatzen dituena da.

Istorioak kontatzea funtsezkoa da edozein komunitaterentzat. Denok kontatzen ditugu istorioak, istoriorik gabe ez ginateke iraganaren ez eta hurkoaren erlazioen jakitun. Ez litzake bizi ederra izango. Baina narratzailearentzat istorioak kontatzea da bere eginkizun nagusia, bere "espezialitatea"; brikolajerako hobbyaren eta arotzaren lanaren arteko ezberdintasuna bezala da.

Narratzaileak Afrikako herrixketako griot-aren, kultura zeltako bardoaren edo Grezia klasikoko aedo-aren gizarte funtzioaren antzekoa betetzen du (edo beharko luke).

Istorioak kontatzea zeregin berezia da, burutzen duenarentzako onurak ekar diezazkiokeena, baina lan bat edonola ere, komunitatearen bizitzan suhiltzaileena, nekazariena edota medikuena bezain barneratua dagoena.

Beste hitz batzuetan, narratzailea ez da artista bat, narrazioaren artisaua baizik.

Betebeharrak

Narratzaileak lagun hurkoa lakoa dela pentsatu behar du. Narratzailea izanaren dimentsio goragokoekin lotura duen (nahiz eta banaltasunak idatzi) izaki sentikorrago lez ulertzen duen irudi idealista eta erromantiko zaharkitua ez da zilegi.

Azken batean, idazlearen ogibidearen alderdi irrigarrienak ere artistaren mitoaren ikuspegi degradatuan oinarritzen dira. Idazlea divo bihurtzen da, gainontzeko hilkorrak baino goragoko gizakitzat (ez hain zekena, interesgarri eta zintzoago, eta nolabaiteko zentzu heroikoarekin) baitu bere burua.

Artista mortifikatu eta tormentatuaren estereotipoak medioen arreta erakartzen duela eta bere iritziak hobi septikoak garbitzen dituenaren iritzia baino gehiago balio duela ikustearekin batera ohartzen gara zeinen desitxuratua dagoen egungo balio eskala.

Narratzaileak autobiografismo gehiegirekin eta handikeria nartzisistekin alegiak ez nahasteko betebeharra du, hori da bere zeregin nagusia. Jarrera hauek baztertuta momentuaren bakantasuna salba daiteke, narratzaileak bizitzeko bizi bat eduki dezake, bortxaz pertsonaia bat interpretatu beharrean.

Eskubideak

Arestian aipaturiko estereotipoak ezeztatzen dituen narratzaileak, berauek bultzatzeari esker bizi direnengandik (gizarte kronistak, paparazzi kulturalak, etab.) bakea edukitzeko eskubidea du. Inolako sarkinkeriren aurreko defentsa bere logika ez jarraitzean oinarritu behar da. Azken batean, divoarena egin nahi duenak, argazki-saio txepeletan edo edozelako gaien gaineko galderei erantzuten, ez dauka sarkinkeriengatik kexatzeko eskubiderik.

Narratzaileak komunikabideetan ez agertzeko eskubidea du. Iturgin batek ez azaltzea erabakitzen badu, inork ez dio deus leporatzen ez eta snobismogatik salatzen.

Narratzaileak, saloiko animalia etxekotu batean edo gossip literario batean ez bihurtzeko eskubidea du.

Narratzaileak pertinenteak iruditzen ez zaizkion gaien gainean ez erantzuteko eskubidea du (norbanakoaren bizitza, zaletasun sexualak eta gastronomikoak, ohiturak, etab.).

Narratzaileak inolako gaian aditua dela itxurak ez egiteko eskubidea du.

Narratzaileak desobedientzia zibilaren bitartez bere eskubideen kontrako erasoen aurrean (editoreak barne) defendatzeko eskubidea du.

Wu Ming
2000ko uda

No hay comentarios:

Publicar un comentario