jueves, 6 de enero de 2005

Laukote izatetik hirukote izatera

Aito Orejak, gitarra joleak, Berri Txarrak utziko du. Halere, taldeak aurrera egiteko asmoa du hirukote gisa bada ere. Formatu berriarekin kontzertua eskaini zuen taldeak Txantreako Akelarre tabernan eta hantxe izan ginen gu ere.Duela gutxira arte zurrumurrua besterik ez zena ofiziala egin da: Berri Txarrak taldeko Aitor Oreja kitarrajoleak taldea utziko du. Taldea sortu zela hamar urte direnean hartu du erabakia. Aitorrek azaldu duenez taldearen erritmoa ?inoiz baino biziagoa da? eta ?zaila? egiten zaio oso hau bere bizimoduarekin lotzea. Hala bada, Berri Txarrak-ek laukote izateari utzi eta hirukote izatera pasa da. Izan ere, gainontzeko taldekideek hausnarketa sakon baten ostean taldearekin aurrera jotzea erabaki dute. Udan grabatzekotan diren diskorako kantak prestatzen hasiak omen dira gainera eta Txantreako Akelarre tabernan sorpresazko kontzertu bat ere eman zuten formatu berri honekin.

Hantxe izan ginen gu. Gu, eta baita jende piloa ere. Taberna baino gehiago fakirren hiltzez betetako taula horietako bat zirudien hark. Nahita ere esertzerik edo besoak luzatzerik ez. Burua mugitu eta abesteko lekua juxtu juxtu. Ulergarria bestalde, sorpresaz ematen diren kontzertuek izaten duten arrakasta ikusirik. Are gehiago Berri Txarrak-i buruz ari bagara, eta haien lehen kontzertuaz hirukote gisa. Zurrumurruek ez dutela ezertarako balio esango dute gero!

Gitarra bakarrarekin jo zituzten kantak bada eta hutsunea igerri igertzen bazen ere, kontzertu polita eta indartsua eskeini zuten. Bi gitarrarekin egindako detailetxoak alde batera utzi eta efektibotasunaren alde egiten asmatu zutela esan behar da. Gehienbat biran zehar jo dituzten kantak jo zituzten. Halere, Nirvana-ren bertsio bat ere izan genuen entzungai besteak beste. Lagunarteko giroa zen nagusi eta hala aurpegi ezagun bat baino gehiago igo zen eskenatokira Gorka laguntzera, Leihotikan-eko abeslaria haien artean.

Lagunarteko giro hark bultzatuta, kontzertua amaitutzat emanda ere bitan igo behar izan zuten berriz ere Berri Txarrak-ekoek eskenatokira. Jada jotako kantak berriz ere jotzea besterik ez zuten izan. Gorkak esan zuen bezala ?talde maketeroak bezala kar kar. Kanta gabe geratu gara. Jotako kantaren bat jo beharko dugu?.

Hirukote gisa ematen zuten lehen kontzertua izateko benetan kontzertu txukuna eskaini zuten eta erakutsi formatu horretan ere badutela zer esana. Ikusi egin beharko da hemendik aurrera nola ekiten dioten kanta berriak egiteari eta Aitor-en hutsak zer eragin izaten duen bosgarren diska izango denean. Kontzertuan eskeinitakoa baldin bada Berri Txarrak berri honek hemendik aurrera eskeiniko duena, beldurrik ez.

No hay comentarios:

Publicar un comentario