jueves, 27 de enero de 2005

PI L.T: Game Over

Nahiko garai nahasiak ari dira Mungiako taldeko mutilak bizitzen. Diska prestatzen hasi eta aste batzuetara Aitor Abio teklatujoleak taldea utziko zuela esan zien. Halere, Rafa Rueda (ahotsa, gitarra), David Gonzalez (baxua) eta Xampe-k (bateria) aurrera jarraitzea erabaki zuten.
Horrela bada, Game Over diska hau hirukote moduan konposatua izan da, nahiz eta grabazioan Aitorrek bere teklatuak gehitu. Gainera, hemendik aurrera hirukote moduan jarraituko dutela adierazi du taldeak.


Diska honetan, 3-n jorratutako melodiarekiko gustu hori inoiz baino indartuagoa agertzen zaigu, agian Rafa Rueda-ren bakarkako lan "popero"-aren ondorioz, (Erreparatzen, Gaixoa). Minus diskako egitura luze eta landuak Kontu Okerra bezalako kantuan aurki genitzake (diskako hoberena?), baina salbuespen hau albo batera utzita, abestietan kontzentratu dira, kantu zuzenak sortuz. Hori da agian diska hau hoberen definitzen duen hitza, "zuzena".


Baina kantuek ez dute beren puntu esperimentala galdu, ezta gutxiago ere, denetariko ikutuak nabari dira. Stoner-a burura ekarriko diguten riff astunak edonon daude eta teklatuak beste diska batzuetako epikotasuna agian pixka bat galduz, Faith No More bezalako talde bat berehala ekarriko digute burura (Hamaika Banana, Lapurra).


Hitzei dagokienez, Minus-en egin zutenetik aldendu dira eta diska hartan hitz guztiak taldetik kanpoko jendearenak baziren, oraingo honetan Rafa Rueda-k hartu du lana, nahiko emaitza onarekin gainera.


Diska honetako zerbait kritikatzekotan, laburtasuna aipatuko nuke, entsaio lokalerako oso ongi dauden baina disko batean grabatzea txorakeria den improbisazio horiek kenduta, bederatzi kantutan gelditzen baitzaigu albuma.


Pi L.T.-ren etapa bat itxi da Game Over disko honekin, baina beraiek diskan bertan aipatzen duten bezala: insert coin?, nik behintzat, gustura sartuko nituzke beste txanpon batzuk...

No hay comentarios:

Publicar un comentario