lunes, 10 de enero de 2005

Tony Garnier: hiri industriala


XX. mendeko hasierara egingo dugu salto, eta Lyon-era hurbilduko gara, non Tony Garnierrekin egingo dezakegun topo. Ez da oso arkitekto ezaguna gure garaietan, baina oso garrantzitsua arkitektura eta hirigintza garaikidean, baita hiria bere osotasunean (hutsetik) sortzearen ideia ulertzeko ere. Hau egitate ia utopikoa dela esan genezake, historian ia inoiz ez baita horrelakorik suertatu: jaiotzetik hiria osorik sortzea. Kasu gutxi hauek porrot egin zutela esan daiteke.


Kasu honetan, garrantzitsuena ez da hiria ez dela solidatuko, hiri bateratuaren kontzeptua ezagutzea baizik, hau bere osotasunean proiektaturiko egitura izatea. Eta hori oso argi zuen Tony Garnierrek. Bizitza osoa bere ikasketa kutunari eskaini zion: hiri industriala; izan ere, industrializazioaren pean aldaketa bortitzak jasaten ari zen gizartean bete-betean bizitzea egokitu zitzaion, eta garaian sortutako hiri gehienen jatorria industri interesen araberakoa izan zen.


Hiria asmatu zuen, hutsetik hasita: 35000 biztanle ingurukoa, kokapen asmatua baina ezaugarri jakin batzuekin (ibai batek igarotzen duen lautada, inguru malkartsuagoekin). Elementu bakoitza (fabrika, hiria, osasun-zerbitzuak, etab.) besteengandik bereizi behar zuen, beharrezkoa izatekotan gehikuntza bati aurre egiteko. Honek Garnierrek etorkizunera begirako hirigintzaz zuen ikuskera adierazten du, iraultza industrialaz geroztik eman diren hazkunde desordenatuen modukoak ekidinez.


Betiere hiri txukun eta ongi proiektatua du buruan, bai urbanistikoki eta baita higienikoki ere, gizabanakoaren behar material eta moralak asetu nahian. Aro Berriko Mugimenduaren hasieran amankomunak izango diren kontzeptu batzuk izenpetu zituen: faktore higienikoen ezaugarri arauemailea, etxegintza irekia, oinezko eta ibilgailuen arteko ibilbideen independentzia, lorategi-hiria (loruria), etab. Hiria ordenaturiko irazkia da, baina lurra mugatu dezaketen horma edo itxitura ezak, hiriaren lurrazala parke handi baten modura hartzea onartzen du, edozein norabidetan gurutzatu daitekeena. Gogoratu behar da halere, hiri hau utopia hutsa dela, gutxienez garai hartako gizartean (eta baita gaur egun ere): Garnierrek asmatu zuen hiria osoki sozialistatzat hartu daiteke, jabego pribaturik gabe, ez gartzelarik, elizarik, polizia edota epaitegirik. Egileak uste zuen zintzoki gizarte berria hark ez zuela honelako beharrik izanen. Eta hau guztitik oso urruti dagoela iruditzen zait...


Bere ezagutzak errealitatean aplikatzeko aukera izan zuen, E. Herriot ahaldun erradikalarekin, zein Lyon hiriko alkate izatera iritsi zen 1904ean, mantentzen zuen adiskidetasun eta afinitate politikoak zirela eta. Bere ideiak aro berriko hirien behar konkretuen pean jarri zituen. Bere obra, behin eraikia, ikerlan eta aurrekontuak berresten zituen. Hori da egileak Aro Berriko Mugimenduari egindako ekarpena: teoria eta praktikaren arteko lotura.


Garnierrentzat, eraikin baten bizitza eta etorkizuneko erabilpenaren araberako faktore guztiak present egon behar dute proiektua prestatzerakoan, eta hirian izango duen integrazioa kalkulatua du aurretik. Horregatik bere obrak funtzionamenduan darraiten organoak bailiran diraute Lyonen. Baina benetan interesgarri suertatzen zaiguna zera da: Garnierrek hiria eraikin handi bat bezala gauzatu zuen, bere osotasunean proiektatu eta errepresentatu daitekeena. Ez du inoiz eraikinean pentsatzen elementu isolatu baten moduan, alderantziz, jakin bazekien edozein esku-hartzeren emaitza hiria bera zela eta eraikinak zentzua hartzen duela bakarrik hiriaren bizitzari ekarpen bezala.


Esan beharra dago ere ikuspegi orokorrak ez digula egitasmo arautzaile garaikide bat gogorarazten, aukera ezberdinak gradu eta eskala ezberdinetan banatzearen ideia falta delako; substantzialki herri lan proiektu desberdinen bateraketa markoa dugu. Teorikoki hutsunea jasaten du errealitate dinamikoan, hiria kasu, antolatze egonkorren pean erregulatua geratu daitekeelarik; baina praktikan proiektuaren exijentzien bitartez, izaera dinamiko honetan esperimentatzera derrigortuta dago eta murrizketa teorikoak gainditzera.


Ziurrena osotasun marrazki hau behin eta berriz zuzendua izatea Lyongo udaletxeko bulegoetan, lanak aurrera eramaten ziren heinean, eta horrela, egitasmo arkitektoniko bakoitzean hazten ari den hiriarekin nahita nahiezko lotura somatu daiteke.

No hay comentarios:

Publicar un comentario