jueves, 5 de julio de 2007

Bilbao BBK Live lehenengo pertsonan

Ziurrenik jakingo duzuenez, Nun taldea Bilbao BBK Live jaialdiaren bigarren edizioan aritu zen zuzenean. Ekainaren 28an izan zen hain zuzen ere, Maceo Parker, Fito & Fitipaldis, The Ellas, Muchachito Bombo Infierno edo I Love UFO bezalako taldeekin batera. Hau da gutxi gorabehera gertatu zen, taldekideetako baten hitzetanEguerdiko hamabietan gelditu gara Kobetamendin bertan. Javik, Claudioren lagun batek, lagunduko gaitu furgonetarekin. Hamaika t’erdietan Mikel Santosekin (gure teknikariarekin) nago geldituta Bilboko Termibusen, kotxez igotzeko (artistek horrelako probilegioak dituzte). Hamabietan, ezohikoa zaigun puntualtasunarekin, heltzen dira besteak baina denboraz oso ondo gabiltza eta bueltatxo bat emateko aprobetxatzen dugu. Fitoren soinu-frogarekin beldurtu, mahaiari begiradatxo bat eman eta kamerinoetara gauzak uztera joan gara. Osteguna da, Fito & Fitipaldis da eguneko kartel-burua eta ez du ematen inolako eskakizun inozorik egin duenik. Karpa batean, kamerino batzuk beraientzako, beste batzuk besteentzako, bat guretzako. Edariz (San Miguelaz, uraz, laranja zukuaz eta Coca-Colaz) betetako hozkailua, mahaia, aulki batzuk eta listo. Nahikoa guretzako. Kamerinoen karpa barruan dauden sofatan iazko Azkenako Iggy Popen kontzertua jartzen digute plasma pantaila erraldoi batetan. Barre batzuk eta gauzak eszenatokira igotzeko ordua heldu da. Fitok amaitu du. 13:30ak dira eta gure emanaldia 16:30etarako dago antolatua. Kirioak dantzan hasi dira.

Javik furgoneta hurbiltzen du eta ekarri ditugun gauzak igotzen ditugu. Jaialdia irekitzearen alde ona da: gauzak igo, frogatu eta hor gelditzen dira. Eszenatoki gainean oso liatuta daude: monitoreak eta argiak aldatu behar dituzte. Backlinea (uzten dizkiguten anplifikagailuak) ekartzen digute, aukeratzeko. DW bateria eta Ampeg baxu-anplifikagailua uzten digute. Izugarria. Komentatzen digute eszenatokia libre uzteko 15 minutuz, argiak eta monitoreak jartzeko. Bazkaltzera. Zeozer, pasatu gabe.

14:30etan soinua frogatzera. Baxuak zarata apur bat egiten du, baina bestela dena ondo. 15:30etan eszenatokitik jaitsi eta kamerinora, nerbioak elkarrekin pasatzera. Lauretan deitu gaituzte.

Eszenatokira igo eta lau t’erdietan, puntuan, hasi gara: “Lehio Irekia”, “Gu Gara Hiltzaileak”… eta konturatu orduko “Urrun Noa”, eta kontzertua amaitzen da, Eneko eta Xabiren oihu zaparradarekin batera. Listo, amaitu da. 40 minutu baino zertxobait gutxiago. Horren urruti ikusten genuen momentua pasatu da dagoeneko. Kontzertu hasieran 50 pertsona inguru zeuden, baina amaitu genuenean 100 baino gehiago egongo zen ziurrenik. Lagun batzuk, ezezagun asko eta handik pasatzen zen (eta ezaxola aurpegiarekin begiratzen zigun) jende pilo bat. Denak gustora, batez ere gu. Akatsez betetako kontzertua, baina pozik.

Jendeak oso soinu ona atera diogula (Mikelek soinu ona atera diola, alegia) diosku. Gauzak eszenatokitik ateratzen laguntzen digute bertako langileek. Furgoneta esparrutik kanpo utzi eta aldageletara. Erropaz aldatu eta lehenengo San Miguelarekin topa. 18:30etan kamerinoa utzi behar dugu, Pinkertones DJak orduan helduko baitira. Baina guk nahiago dugu kanpora joan zuzenean, oholtza jarri baitute artisten gunean, hauek kontzertuak eroso ikus dezaten. Gainera, eguzkia irten da. Oholtza alboko barran trago luze bana hartu eta bertan esertzen gara. I Love UFO amaitu da (psikodelia dosi handiegia guretzako horrelako egoera batetan) eta Los Ronaldos ikusteko aukera dugu, Coque Malla mitikoaren zuzendaritzapean. “Koño! Luis Tosar!”. Aitziber eta besteak gorritzen hasi gara. Muchachito Bombo Infiernoren ordua heldu da, behera jeisten gara, bakoitzak garagardo bat eskuan duela. Ez genuen dantza gehiegi egin, baina kontzertu bikaina izan zen, abiadura bizikoa eta erritmoak berebiziko garrantzia izan zuena.

Zenbat garagardo edan genituen ordurako? Muchachito amaitu, artisten barrara bueltatu eta oholtzara igo ginen Maceo Parkerren kontzertua ikusteko. Lehenengo filan gaude eserita, eta Fito eta konpainia zutik, gure atzean. Ia bi orduko kontzertua, azkenean nahiko aspergarria. Edaten jarraitzeko aprobetxatzen dugu. Barre, barre eta barre. Afaldu, horretarako jarri duten karpan. Ondo gainera. Fito eta Fitipaldiak hasten dira, soinu bikainarekin. “Soldadito Marinero” eta enparauekin nahiko hotz gelditzen gara, eta giro (eguraldia, alegia) hozten hasi da ere. Pentsatzen dugu hoberena “jende guzti hau” jetsi aurretik autobusa hartzea dela, eta Bilborako bidea hartzen dugu. Pozik eta barrez.

Hor amaitzen da gutxi-gorabehera “Artista” jartzen zuen karteltxo bat eramateko aukera izan genuen eguna. Sexua, drogak eta rock ‘n rolla, denetarik izan genuen. Beno, rock ‘n roll asko izan genuen, garagardoa droga bezala ikusten badugu ere asko egon zen eta sexua… beno, hau Euskal Herria da.


PS: youtubera emanaldiaren bideoren bat igoko dugu hurrengo egunetan, hortaz argi ibili.

3 comentarios:

  1. Kronika polita benetan, eta oso ez-ohikoa.... jende gitxik dauka horrelakorik bizitzeko aukerarik. Imaginazio pixka batekin, zine kamara baten antzera pasa zintezke NUNen kamerinoatik (nerbioak elkarrekin pasatzen), oholtza gainean (Lehio Irekiatik, Urrun Noararte), artistentzako gunetik (Fitipaldisen parean)... kronika polita, bai horixe!

    ResponderEliminar
  2. kronika ona bainan...Vaya semanita bukaera hori...tira...en euzkadi no se folla...nahiko erreta dago

    ResponderEliminar
  3. kronika ona bainan...Vaya semanita bukaera hori...tira...en euzkadi no se folla...nahiko erreta dago

    ResponderEliminar