martes, 17 de julio de 2007

Summercasera joan ginenekoa (I)

Bartzelonan jaialdi erraldoia izan da orain dela gutxi, ez dakit jakingo duzuen. Summercase izena jarri diote, eta bigarren edizioa izan da aurtengoa. Madrilen eta Bartzelonan izan da aldi berean (ostiralean Bartzelonan jotzen zuten taldeek larunbatean egiten zuten Madrilen, eta alderantziz). Gu Katalunian izan ginen.Ostirala. Arratsaldeko 19:30ak. Irakurleari interesatzen ez zaizkion kasualitate batzuk direla medio, espainiar Estatu mailako musika aldizkari ezagun baten erredaktore-buruaren laguntzarekin Parc del Forum delakora heldu ginen. Jendetza dago atean, eskumuturrekoa jartzeko zain. Eremu berdinean Primavera Sound jaialdia egiten da, eta aipatutako kazetariak ez omen du inoiz horrenbesterako jendetza ikusi ordu hauetan.  Ilara luzea, baina azkar egiten dugu. Eszenatoki handian (Terminal O deitzen diote) Editors taldea ari da, eta asko gustatzen zaizkigun arren ezin izan genion merezi duen atentzioa eskaini, nahikoa lana baitugu jaialdiaren esparruan geure burua kokatzen. Interpol eta Joy Division taldeen influentzia argipean, “Munich” edota “All Sparks” bezalako hit-ak entzun genituen barratik. Barraz ari garenez, erreibindikazio bat datorren urteko ediziorako: non ikusi da jaialdi bat katxirik gabe? Kaña tamainua ez da nahikoa guretzat!

Terminal E delakora abiatu ginen orduan, Lily Allen hastear baitzegoen. Espero baino hobeto, egia esan: soul, funk eta hip-hop doinuak uztartzen ditu bakarlarik, luxuzko taldea atzean duelarik. Ingalaterratik etorritako publikoari eskainitako taldea izan zen, eta bakarlaria ere konturatu zen (“Ba Espainiar Estatuan ez ditut horrenbeste disko saldu… zer egin duzue, Internetetik jeitsi ala? Niri berdin zait!”), lehenengo lerrotakoak ez baitira Barcelonetan bizi. Izugarria kanpotarren kopurua, oso merke ateratzen omen zaizkie Europa hegoaldeko zaizkie hemengo jaialdiak, geroago Klaxons taldeko abeslariaren itxura zeukan kopeta-iledun ingeles batek azaldu zigun bezala.

PJ Harveyren kontzertura abiatu ginen. Terminal S (esan beharra dago 1500 pertsona ingururentzat lekua zegoela bakarrik aipatutako karpan) txiki gelditu zen. Pertsona bakar batek eszenatokia bete dezakeela argi gelditu zen, kitarra edo programazioak erabilita. Agian momentu batzutan diskurtsoa hutsik gelditzen zen, instrumentazio falta dela eta.

Flaming Lipsen momentua heldu zen orduan. Jende asko Arcade Firen kontzerturako tokia hartzen zegoen, eta horregatik agian ez zegoen merezi zuten beste jende. Inoiz lerrook idazten ari denak ikusi duen kontzertu hasierarik izugarriena izan zen hura. Honatx adibidea. Lagun batzuek kontatu baziguten ere, ez sinestekoa zen hura: 20 pertsona eszenatoki gainean, Santa Claus, eta mila gauza ezberdinetaz mozorrotutako figuranteek Wayne Coyne handiari egin zioten ongietorria, burbuila erraldoi baten barruan azaltzen dena, eta jende tartera salto egin. Gero konfeti euritza etorri zen. Liluratuta, beste barik.

Orduan heldu zen jaialdiko momentu antologikoa: ARCADE FIRE. Horrela, letra larriz. Aurretik PJ Harveyren kasuan aipatutako gabezia bertute bihurtzen dute kanadiarrek. 10 pertsona eszenatoki gainean, bakoitza instrumentu bakoitzarekin, elkarrekin aldatuz (orain esku-soinua jotzen dut, orain bateria, orain kitarra, orain mandolina…) eta guztiari doinu izugarria ateraz. “Keep the Car Running” abestiarekin hasi eta “Wake Up” epikoarekin amaitu. Honek guk baino perspektiba hobea zuen. Guztiok elkar besarkatzen eta sekulako energiaz beteta amaitu genuen. Pozik, liluratuta. Ziurrenik inoiz ikusi dudan kontzerturik ikusgarriena izan zen uste osoarekin.

Gero LCD Soundsystem deituriko sauna batetan sartu ginen, Bloc Party sakrifikatu behar izan genuen, nahiz eta Banquet urrutitik entzutearekin nahikoa izan genuen. Lehen aipatu dugun karpa nazkagarri horietako batetan izan zen James Murphy eta konpainiaren kontzertua, eta denborarekin joan ginenez, nahiko aurrean izan ginen. Izerdia beroagatik eta etengabe dantzan izan ginelako. Hit handi bat dauka talde honek: “North American Scum”, orduan izan zen zoramena. Halere, aurreko diskoko hainbat abestirekin ere (“Daft Punk is Playin’ in my House”) dexente dantza egin genuen, nahiz eta Murphy jaunak desafinatu eta kitarra-jotzaileak “behar beste glamour” ez izan.

Orduan amaitu zen gure lehenengo jardunaldia, izerditan blai eta taxi bat ezin harturik. Nekatuegi geunden horrela jarraitzeko. Hurrengoan bigarren jardunaldia, baina jada interesgarriena gertatu zen jada.

1 comentario:

  1. OHHHHHHHHHHH!!!! DELOREANEN KONTZERTUA AIPATZEA AHAZTEA ERE!!!!!!

    Brutala izan zen (nahiz eta arcade firen kontzerturako lekua hartzera joan ginen segituan)

    ResponderEliminar